softwarea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
softwarea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/04/29

Linux: Ktouch mekanografia ikasteko aplikazioa


Mekanografia ikastea inbertsio txiki bat da, ordu batzuetako inbertsio bat etekin handia ematen duena: denbora laster berreskuratuko duzu eta, batez ere, erosotasunean izango dugu irabazia: idaztea plazer bat izango da eta ez buru eta begi ariketa nekagarria.

Linuxen mekanografia ikasteko aplikaziorik hoberena, nire ustez, Ktouch da: Interfazea euskaraz eta argia, pantailako laguntza, mailaz automatikoki pasatzeko aukera, estatistikak...


Instalazioa egiteko Ubuntun software-biltegitik egin dezakezu edo terminalean ondokoa itsatsi eta exekutatuta:

sudo apt install ktouch


Behin instalatuta abiatzeko Aplikazioak > Hezkuntza atalera joko dugu Ktouch abiatzeko. Abiatu eta izena eskatuko digu, izan ere, saio berdina pertsona batzuk erabiltzen badute horrela identifikatuko du erabiltzailea eta dagokion ikasgaian hasiko da.


Ondoren ikasgaien hizkuntza zehaztuko dugu. Lehenengo ikasgaiak berdinak izaten dira baina hitzak agertzen direnean euskal hitzak agertuko dira.


Hurrengo urratsa izango da ezarpenak konfiguratzea.




Ondoko irudian agertzen da nik nola konfiguratu dudan trebakuntza. Hemen bakoitzak bere gustura. Nik desaktibatzen ditut estatistikak arreta desbideratu eta kontzentratzeko oztopatzen dutelako. Lerro bukaeretan Sartu tekla errealitatean hori erabili behar dugulako. Eta, bukatzeko maila gainditzeko gutxieneko abiadura eta zehaztasuna irudian agertzen diren zenbakietara jaisten ditut programak proposatzen dituenekin ez dagoela modurik ikasgaietan aurrera egiteko.



38 maila ditu ikastaroak. Lehenengo 15etan letrak lantzen dira eta gainerakoetan karaktere grafikoak eta zenbakiak abestirekin tartekatzen dira ikasketa gozatu eta hatzak arintzeko.


Eta ariketekin hasten garenean honelako pantaila agertuko da:




Animatzen bazara mekanografia egiten hona aholku batzuk:
  • Hasi eta buka egin behar da, beraz, hauta ezazu garai egokia hasteko kontuan izanda egunean ordu erdi egiten baduzu hiru edo lau aste inguru beharko duzula. 
  •  Kontzentrazio handia behar da eta teklatua ez begiratzeko determinazioa. Hautatu une egokiak eta aritzeko eta ezin baduzu begirada kontrolatu estali dezakezu teklak gometsen bidez, ahal dela kolorezkoak markatzeko hatz bakoitzari zein tekla esparru dagokio.

  • Atseden bat edo bi egitea komeni da eta horietan eskuak, besoak eta sorbalda luzatzeko ariketak egin. 
  • Akatsik ez egiteak du garrantzia, ez pikatzeko abiadura. Ktouch-ekin bukatu ondoren idatzi ahalik eta gehien: mezuak lagunei, txateatu, ... ikasitakoa finkatzeko.
Animo.


(Ktouch-en gaineko mezua 2010ean idatzi nuen eta 10 urteren ondoren berridatzi dut. Klasiko bat da.)

2020/02/16

Ksnip pantaila kapturatzailea eta editorea

HotShot eta Shutter proiektuak gelditu ondoren Flameshot aplikazioa aukeratu nuen pantaila argazkiak egin eta berauek editatzeko, baina orain lehenengoen funtzionalitateak eta arintasun handiz betetzen duen aplikazio baten berri izan dut: Ksnip.


Software librea da eta GNU/Linux, Windows eta MacOSen eskuragarri dago.
Ikus dezagun bere funtzionalitate nagusiak:

Aukerak:
  • Pantaila osoa, leihoa edo laukizuzena.
  • Atzeratzeko aukera.
  • Objektuak itzalarekin
  • Behin zona aukeratuta moztu daiteke edo eskala aldatu.
  • Kaptura egin gabe ere, edozein irudi edo argazkia igo daiteke editatzeko.
  • Aurrez zehaztu daiteke gordetzeko karpeta eta izen-formatu automatikoa. Nik PNGren ordez JPG jarri dut fitxategien tamaina txikia izan dadin.
Tresnak
  • Hautapen tresna. Objektuak edozein unean mugitu, birdimentsionatu edo ezabatu daitezke.
  • Arkatza, 30 kolore eta nahi duzun lodiera aukeran.
  • Zenbaki automatikoak (nahi den zenbakitik hasita).
  • Nabarmentzeko tresna.
  • Testua (nahi den kolore, tamaina eta markoarekin)
  • Gezia, norabide bakarrekoa (A) edo bikoitza (D)
  • Difuminatu edo lausotzeko tresna.
  • Formak: (R) laukizuzena (E) elipse-zirkulua
  • Ur-marka jar daiteke.
Deskarga eta instalazioa

Deskarga orrian Windows, Mac eta hainbat Linuxerako aukera daude.

Ubuntu eta deribatuetan PPA bidez instala daiteke agindu hauek terminalean exekutatuta (2021/10/10ean eguneratuta):

sudo add-apt-repository ppa:nemonein/ksnip
sudo apt update
sudo apt install ksnip 

Oharra: Ubuntu 21.04tik aurrera ez da PPArik behar, aski da hirugarren agindua.

2019/06/02

FreeFileSync erabilera eta instalazioa Ubuntun

FreeFileSync offline bolumenak sinkronizatzeko aplikazio libre sistema anitza da. Normalean bi bolumenen babeskopia sinplea egiteko erabiltzen da: USB memoria edo disko bat eta disko gogorreko karpeta bat gehienetan.

Funtzionamendua:
  1. Abiatu eta zehaztu berdindu nahi diren bi bolumen edo karpetak. Egin daiteke arrastatuta edo arakatuta (browse).
  2. Alderatu desberdintasunak ikusteko. Desberdintasunak antzeman eta sinkronizazio motaren arabera proposatuko du hainbat fitxategi batetik bestera kopiatzea, zaharberritzea edo ezabatzea. Inbutu itxura duen ikonoan klikatuta salbuetsi -edo zehaztu- daitezke fitxategiak edo azpikarpetak.
  3. Sinkronizatu (aurretik sinkronizazio mota zehaztuta).


Sinkronizazio motak:
  • Two way: batean zein bestean erantsitakoak bestera kopiatu, batean ezabatutakoak betean ezabatu eta dokumentu beraren bi bertsio badaude zaharra berritzen du.
  • Mirror; Ezkerreko karpeta eskuinean ispilatzen du. Hau da lehentasuna ematen dio ezkerrekoari. Bertan ez du ezer aldatuko eta eskuinekoa babeskopia bezala geratzen da.
  • Update: Ezkerreko fitxategi erantsiak eta berrituak eskuineko karpeta kopiatzen ditu.
  • Custom: sinkronizazio arauak pertsonalizatzen ditu.


Instalazioa Ubuntu eta deribatuetan

11.9 bertsiotik aurrera instalazioa erraztu da (2021/4/12 egunean eguneratua)

1- Deskargatu aplikazioa hemendik (Premian bazaude eta ez badizu uzten konektatzen etxean deskargatu eta USB batean gorde).
2- Deskonprimitu. FreeFileSync_11.9_Install.run instalazio fitxategia agertuko da.
3- Fitxategian klik bikoitza egin eta terminalean hasiko da instalazioa: erantzun y hasteko instalazioa eta onartu baldintzak.

2019/04/05

Nola instalatu Geogebra Classic Ubuntun


Geogebra erabili daiteke online Geogebra Web Start orritik edo offline Classic izeneko bertsioa ordenagailuan instalatuta, eta horrela besteak beste internet konexiorik gabe ondo funtzionatuko du.

Geogebraren deskarga orria hau da.

Ubuntu, Debian edo Mint-en instalatzeko deskargatu Linux (deb) 64biteko bertsioa (oso ordenagailu zaharra bada agian sistema 32 bitekoa duzu). Deskargatzean ireki software instalatzailearekin edo gorde eta egin klik bikoitza eta instalatuko da.

Instalatu ondoren euskaraz ikusteko goian eskuinean dagoen menua ireki Settings hautatu eta Language-ko zerrendatik Basque/Euskara hautatu.

2019/02/22

Flameshot GNU/Linuxerako pantaila-argazkiak


 
Flameshot pantaila argazkiak ateratzek aplikazio arin, interesgarri eta librea da.

Abiarazi eta zehaztu dezakezu pantailaren zein zonaren argazkia egin. Behin area zehaztuta edizio trenak ditu:


utzi

gorde

arbelera kopiatu

desegin

mugitu

arearen tamaina

difuminatu

testua

arkatza

elipsea

laukizuzen betea

laukizuzena

gezia

lerroa

arkatza



Marrazteko tresnen kolorea eta lodiera zehaztu daiteke eskuin klik eginez eta saguren gurpilaren bidez hurrenez hurren.
Kolore paleta zabalagoa nahi badugu Zuriunea tekla sakatu eta ezkerrean kolorea hautatzeko panel bat irekiko da (bertan color grab edo kolorea hautatzeko tanta kontagailua ere badago).


Martxan jarriz gero sistemaren erretiluan geratzen da ikonoa eta bertatik aukera dugu pantaila argazkia egiteko eta ezarpenak zehazteko. Ezarpenetan zehazten ahal dugu zeintzuk tresna nahi dugu aukeran izan eta aplikazio beraren kolorea. Inportantea da testua tresna aktibatzea.























Instalazioa (deb paketea)
Azken bertsioa deskargatzeko jo https://github.com/lupoDharkael/flameshot/releases web orrira eta deskargatu zure sistemari dagokion bertsioa. Ondoren bi klik egin deb paketean edo gdebi-ren bidez instalatu.

Aplikazioa hau Luberri_18.04 erremasterizazioan instalatuta dago.
GNU/Linuxerako beste aplikazioak


Atzerapena
Interfaze grafikoan oraindik ez dago aukerarik argazkiari atzerapena ezartzeko baina egin daiteke aplikazioa abiatu sistemaren erretiluan ager dadin eta orduan terminalean agindu hau eman:

flameshot gui -d 5000

non 5000 bost segundo diren, alegia denbora milisegundotan adierazi behar da.





2018/09/09

Gcolor2 Ubuntun pantailako edozein kolore hautatzeko tresna

Ekipoaren pantailan agertzen den edozein kolorea hautatzeko Linuxerako aplikazioa da Gcolor2.


Erabilera:
  • Pantailako kolore bat hautatu: Editore batean zure pantailako kolore bat erabili nahi baduzu aski duzu trena hautatzailea (tanta-kontagailua) hartu, ukitu kolorea, kopiatu kolorearen izen hamaseitarra eta behar duzun tokian itsatsi.

Peek aplikazioaren bidez egindako animazioa
  • Kolore bat sortu: RGB (gorria, berdea, urdina) koloreek 0-255 duten eskalak hautatu, tonua, saturazioa, argitasuna eta opakutasuna aukeratuta.

Instalazioa:
Ubuntu edo Debian oinarriko sistema batean instalatzeko  terminalean ondokoa exekutatu:
sudo apt install gcolor2

Ubuntu 18.04 bertsioan instalatzeko begiratu mezu hau.



Beste aplikazioak Linuxerako hemen
Beste aplikazioak orokorrean hemen



2018/08/17

Xmind 9 Zen bertsio berria dela eta

Xmind mapa mentalak egiteko aplikazioa da. Lizentzia pribatiboa du baina plataforma-anitza da: Windows, Mac, Linux, Android.

Software librean, iritzi bat da, ez dago aukera handirik kategoria honetan. Software pribatiboan, nire ustez, Xmind eta Mindomo Desktop dira Linuxen mapa mentalak eta antzeko eskemak egiteko dauden aplikaziorik interesgarrienak.

Xmind-en zentratuta, aspaldi honetan norabide aldaketa handia ematen ari da. Abiapuntu bezala 2016ko Xmind 7.5 bertsioa hartuta, Luberri sisteman instalatuta dagoena, oso bertsio egonkorra da eta deb instalatzailea du.
2017an Xmind 8 bertsioak argitaratu zuten. Bertsio honetan interfaze hobekuntzak daude baina ez dauka deb instalatzailerik. Deskargatu daiteke eta fitxategi exekutagarria klikatuta badabil baina, nik behintzat, ez dut asmatu fundamentuz instalatzen.
2018an Xmind 9 bertsioak, Zen izenekoak, ikusi du argia deb instalatzailearekin. Garatzaileen esanetan aplikazioa goitik behera berridatzi dute. Hona nire lehen inpresioak:

Aldekoak:
  • deb instalatzailea du.
  • interfazea sinplifikatu dute eta testuaren ordez gauza asko ikonoen bidez adierazten dira. Funtzionalitate berririk ez diot ikusi baina betikoak hobeto antolatuta daude.
  • Pasahitzez babestea jada ez da Pro. 
  • Nodoetan audio-oharrak jar daitezke.
  • Aurkezpen edo pantaila osoko modua (Zen modua).
Kontrakoak:
  • Zen bertsioaz egindako eskemak ezin dira ireki Xmind 8 3update aurreko bertsioekin. Software pribatiboan ez da berria.
  • Irudien esportazioak, aurreko bertsioetan ez bezala, ur-marka dauka.
  • Pdf esportazioa badu baina ur-markarekin ere.
  • Aplikazioaren itxura ez da sistemaren gaira egokitzen.
  • Eskema mugitzeko, aurreko bertsioetan saguaren gurpila sakatuta egiten zena, orain bakarrik mugitzen du eskema gurpilarekin nodo zentrala sakatuta.
  • Fitxen sistema ez dabil. Eskema berriak ez dira fitxa berrietan irekitzen.
  • Ezin da esportatu beste mapa aplikazio formatutara. Xmind 7.5ekin esportatu zitekeen Freemind-Libreplane eta Lighten.
Konklusioa:

Eskema zaharrak badituzu eta, batez ere, zure eskemak Xmind bertsio zaharren bidez ikusi edo editatu behar badira ez aldatu eta geratu Xmind zaharrean.
Xmind-ekin hasi behar bazara eta ur-markek ez badizute arazorik suposatzen emaiozu aukera bat, Xmind 9 Zen bertsioa instalatu deskarga orri honetatik.

Xmin9 Zen bertsioaren itxura


Ea software librea noiz den horrelakorik garatzeko.

2017/04/01

Openshot bueltatu da Luberri sistemara

Bideo editorearen 2.2 bertsioa Luberri sisteman ez zebilen -hobe esanda, ez zen ikusten- baina atera berri duten 2.3 bertsioa bai.

Gainera berritasun interesgarri batzuk ekarri ditu. Hona hemen, labur deskribatuta, deigarrienak:
  • Eraldatzeko tresna (Transform Tool): haren bidez klip batean eskuin klik eta "Eraldatu" hautatzean ikusteko leihoko fotograman nodoak agertzen dira eta klipa txikiagotu (Ctrl sakatuta proportzioa mantendu nahi baduzu) eta pantailaren edozein tokitan koka daiteke. Erreproduzitzeko markatzailea beste puntu batean kokatu eta bertan tokiz edo lekuz aldatzen baduzu bertan marka bat egiten du eta erreproduzitzean tamaina edota kokapena aldatuko du.
  • Hobekuntzak zoom tresnan: Orain denbora-eskala alda daiteke klipak hobe kontrolatzeko  Ctrl tekla eta saguaren gurpil aurrera (handiagotu) eta atzera (txikiagotu) eginez eta, hori egitean, fotograma aktiboa ez da galtzen eta zentratuta geratzen da.
  • Labana tresna (razor tool) edo klipak ebakitzeko artazia tresna barrara bueltatu da.
  • Hobekuntzak tituluetan: titulu motak orain koadro txikitan agertzen dira sareta batean eta tituluaren izena eta testuak fitxa bakarrean agertzen dira.

Bideo honetan ikus daiteke nobedade hauen demostrazio bat:


Beste berritasunak eta konpondutako akatsak ikusteko, eta aplikazioa deskargatzeko jo proiektuaren blogera.


Oharrak:
  • Probak egiten proiektua itxi da. Badirudi egonkortasuna aplikazio honen puntu ahula izaten segitzen duela, batez ere proiektua tamaina eta efektuak hartzen dituen neurrian. Hori kontutan izanda proiektu bat hastean egin behar dugun lehenengo gauza proiektua gordetzea eta izen bat ematea da. Horretaz gain sarri gordetzea komeni da edota hobespenetan gordetze automatikoa sarriago egitea agintzea -nik minutu bat jarri dut-.
  • Luberri 16.04.5 bertsioan, noski, Openshot-ek bere tokia edukiko du (Kdenlive-en ondoan).

Ubuntu eta deribatuetan PPA bidez instalatzeko irekin terminala (Crtl+Alt+t) eta azpiko aginduak banaka kopiatu eta terminalean exekuta itzazu:

sudo add-apt-repository ppa:openshot.developers/ppa
sudo apt update
sudo apt-get install openshot-qt

2016/11/17

Zim wikia oharrak hartu eta egitekoak kudeatzeko aplikazio librea

Aspalditik nenbilen laneko egitekoak antolatzeko eta ikusteko aplikazio baten bila eta prezio berean testu editore txol interesgarria topatu dut.

Zim testu editore sinplea bat da eta egitura hierarkikoa duten orriak biltzen ditu. Orriak karpeta batean gordetzen dira era automatikoan txt formatuan.

Funtzionalitatea:
  • Oharrak hartu, bileren aktak, ideiak jaso, klaseko apunteak, web-orrien eta fitxategien estekak bildu...
  • Egitekoen kudeaketa: lehentasunak, burututako zereginak...
  • Fitxak: liburuen, pertsonen, elkarteen datuak...

Formatu aldetik orriak pantaila osoa hartzen du -ez dago papererako diseinatua- eta testuari oinarrizko formatua ematen ahal zaio:  estiloak, letra lodia, etzana, marratua, nabarmendua, buletak, numerazioa, kontrol laukien zerrendak...
Horretaz gain formulak, taulak eta estekak erabili daitezke. Formatu hauek marka edo markup bidez gordetzen dira txt fitxategian.

Zim orria hainbat formaturekin
Formatuko markak teklatuaren bidez ere egin daitezke wiki formatuan: * ikurra buleta bihurtzen da, "1." idatzik gero zerrenda zenbakiduna hasten da eta "a." bidez zerrenda alfabetikoa, makoak edo kortxeteak [] kontrol laukia.

Abantailak:
Karpeta oso oso arina da.
Aplikazioa irekitzean orri guztiak irekitzen dira. Dokumentu mordo bat erabili beharrean Zim bidez hainbat dokumentu irekitzen di-da batean.
Zim utzitako orrian irekitzen da.

Desabantailak.
Ez dauka Android edo IOSerako bertsiorik. Aurrerago azaltzen dut nola erabili daitekeen mugikorrean.

Instalazioa:
Aplikazioak Linux-erako diseinatua badago Windowserako bertsioa badu ere -begiratu oharretan-.
Ubuntun PPA bidezko instalazioa egin daiteke. Horretarako terminalean exekutatu hurrenez hurren agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:jaap.karssenberg/zim
sudo apt update
sudo apt install zim

Behin instalazioa egina aplikazioa aurrenekoz abiatzen dugun unean eskatuko digu koadernoaren izena eta kokalekua. Koadernoa hainbat ordenagailutan sinkronizatu nahi badugu sinkronizatuta dugun karpeta batean kokatzea komeni da. Edozein modutan komeni da karpeta bat sortzea koadernoa kokatzeko.

Pluginak
Zimek dituen aukerak pluginen bidez zabaldu daitezke. Pluginak instalatzeko menuan Edit > Preferences > Plugins fitxa, eta bertan desmarkatu markatuta daudenak eta honako hauek markatzea proposatzen dizut:
  • Print to browser: Zimek ez du inprimatzen baina nabigatzaileak bai.
  • Table editor: taulak erabili nahi baduzu.
  • Task List: egitekoen zerrenda egiteko. Ezinbestekoa.

Egitekoen kudeaketa 
Egitekoak kontrol laukien bidez markatzen dira eta haien lehentasuna esaldiaren bukaerako harridura ikurren bidez markatzen da. Zenbat eta harridura ikur gehiago lehentasuna handiagoa.
Egitekoen ikonoa klikatuta orrietatik barreiatuta dauden egitekoak zerrendatzen dira lehentasunaren arabera.

Behin egiteko ataza burutzen denean ataza ezaba daiteke bere orritik edo, ataza bete denaren konstantzia utzi nahi badugu, kontrol laukia marka dezakegu -egina zein ukatua moduan- eta egitekoen zerrendatik desagertuko da.

Koadernoaren sinkronizazioa
Zim orriak hainbat ordenagailutan sinkronizatuta eduki nahi baduzu instalatuta eduki behar duzu hodeia biltegiratzeko bezero bat, hala nola Owncloud, Nextcloud, Drop Box, Mega...  eta Zimen karpeta nagusia sinkronizatutako karpetan gorde behar duzu. Bigarren ekipoa eta gainontzekoak instalatzean, koadernoaren izena eta kokalekua galdetzen duen unean, aski dugu Brouse-ri sakatuta konpartitutako karpetako koadernoaren kokalekua zehaztea eta jatorrizko koadernoa irekiko du; hartara ordenagailu guztietan sinkronizatuko da koadernoa.

Txantiloiak
Datu base txiki bat egin nahi baduzu aukera duzu orri batean fitxa baten diseinua egiteko eta orri hori koadernotik eraman .local/share/zim/templates/wiki karpetara -Linuxen- eta hortik aurrera txantiloi moduan erabili ahal izango duzu.

Ikasleen datuak biltzeko txantiloi baten adibidea

Koadernoa hainbat ekipotan sinkronizatuta badugu txantiloia ekipo bakoitzean
kokatu beharko dugu erabili izatekotan.

0.66 bertsiotik aurrera euskaraz

Mugikor edo tabletan erabiltzeko
Zim wikik ez dauka app-rik. Dena den ordenagailuan egindako oharrak Android-en kontsultatzea nahiko erraza da Zim wikia sinkronizatuta badugu. Android-en Nextcloud app-a instalatutu dut, irekitzean eskatzen du hodeiaren zerbitzariaren https helbidea (ez du zertan Nextcloud izan behar, Drop Box, Owncloud, Mega, Drive... izan daiteke) eta bertako pasahitza.Une horretan agertuko dira gure hodeiaren karpetak. Puntu horretan Zim-en karpeta hautatu eta menua sinkronizatzeko aginduko dugu. Hori eginda Zim-en txt orriak ikusiko ditugu.

Bi era probatu ditut:

  • Mezu honetan ikusten den irakurtzeko soilik den modu argi interesgarri bat.

  • Ikusteaz gain sortu edo editatu nahiko bagenu kontua pittin bat konplikatzen da. Testu soileko fitxategiak editatzeko app bat instalatu beharko dugu, hala nola Jota Text Editor, haren bidez txt orriak editatzen ahal ditugu eta ondoren gorde eta sinkronizatu egingo ditugu.










Oharrak
  • Zim wikia, noski, Luberri_sisteman dago.
  • Zim wikia Windows instalatzeko badago modu ez ofizial erraz bat web-orri honetatik 0.69.1 bertsioaren .exe fitxategia deskargatu eta instalatzea. Ez dago euskaraz.
  • Frank Donnely mezu honetan kontatzen du nola erabiltzen du Zim Wiki aipu eta laburpen akademikoetarako BibTex formatuan.
  • Zim wikia proiektuaren webgunea.

2016/07/03

OBS Studio software librea bideoen grabazio eta transmisiorako

 Open Broadcaster Software Studio audio eta bideoen grabazio eta transmisioa (streaming) egiteko software libreko aplikazioa da. Linux, Windows eta Mac-erako bertsioak ditu.


Oro har, aplikazioa erraza eta intuitiboa da. Dena den aukera asko ematen dituenez konplexutasun puntu bat du eta postprodukzioa ekidin nahi baduzu hobe duzu aurretik probak egitea.

Funtzionalitateak:
  • Bideo-tutorialen grabazioa.
  • Aurkezpen, hitzaldien eta bestelakoen transmisioa eta grabazioa.
  • Eskolako irratia edo telebista...

Instalazioa:

Aplikazioa plataforma-anitza da. Proiektuaren web orrian azaltzen da nola instalatu sistema bakoitzean.
Ubuntu eta Debian oinarrikoetan terminala ireki eta agindu hau itsatsi:

sudo apt install obs-studio


Ezarpenak:

Hasi baino lehen komeni da Fitxategia>Ezarpenak egin eta bertan begiratzea zein diren aukerak: Orokorretan aplikazioa euskaraz jar dezakegu -hala ireki ez bazaigu-, gai argia edo iluna aukeratu..., Irteeran helburu-karpeta, formatuak, bereizmenak, bit-ratioak zehaztu ditzakezu eta Laster tekletan jar dezakezu grabazioa eta transmisioa tekla konbinazio baten bidez abiatzea (nik Ktrl+G eta Ktrl+T jarri dut hurrenez hurren -argi ibili zeren eta momentuz ez du indikatzailerik-).

Funtzionamendua:

Grabazioa edo transmisioa hasi aurretik eszena(k) diseinatu behar d(it)ugu.

Eszenak

Eszenan zehazten dira ikusiko eta entzungo diren elementuak. Hainbat eszena diseina dezakegu eta grabazio-transmisioan batetik bestera pasa dezakegu.
Eszenetan erabili daitezkeen elementuak hauek dira:
- Bideoak:
  • pantailaren kaptura
  • leiho kaptura 
  • web-kamera
  • beste bideo kapturak
  • bideo fitxategia
- Irudia bat edo irudi segida bat,
- Testua
- Audioak:
  • Jack sarrera
  • mikrofonoa (kanpokoa, ekipokoa, web-kamerarena...)
  • audio irteera
  • audio fitxategia
Adibide honetan ikus dezakegu bi eszenaz sortutako grabazio bat.




Grabazioa eta transmisioa.

Aplikazio honen abantaila handi bat da postprodukzioa ekiditen duela. Ondo prestatuz gero eta bitartean istripurik eta hitztripurik gertatzen ez bada grabazioa bukatu eta editatu gabe kargatu edo erabil dezakegu.

Beste aukera bat, hitzaldi, urrutiko eta zuzeneko klaseak eta telebista saioetarako da zuzenean transmititzea (streaming). Horretarako hainbat aukera daude: aplikazioak zenbait transmisio zerbitzu eskaintzen ditu eta aparte zuk bestelako bat jar dezakezu.


Nik Youtube.com-en kanalak (bideo kudeatzailean) eskaintzen duena probatu dut eta oso ondo dabil. Kanalak transmisio gako bat ematen du eta OBSen jarri behar da, aplikazioak transmisioa ikusteko URL bat ematen du ikusleen artean zabaldu behar dena -web bidez esate baterako-. Arazo bat egon daiteke transmisio horretan erabat librea ez den musika jartzen badugu -nahiz atzeko planoan egon- Youtubek detektatu, abisatu eta transmisioa itxiko baitu.


Behin transmisioa bukatzen denean bideoa grabatuta geratzen da zure kanalean.
https://www.twitch.tv  zerbitzuak ere ondo funtzionatzen du.

Oharrak:
  • Juan Luis Fernández, Jenofonte, blogariak OBSren gainean hainbat bideo-tutorial oso interesgarriak prestatu ditu. Ikusteko bilatzailean jarri "unade25 OBS" 

Beste aplikazio interesgarriak Software-bilduman
Linuxeko hainbat aplikazio interesgarrien katalogoa.

2016/06/16

Hainbat proiektu mota eta tresna digital Plastika materian lantzeko

Errenteriako eskola batean galdetu didate ea nola landu daiteke Plastika tresna digitalen bidez.

Buelta pare bat eman diot eta eskematxo bat egin dut. Bertan materia horretan tresna digitalen bidez egin daitezke hainbat lanketa eta horiek egiteko erabili daitekeen softwarea jarri dut. Eskeman aipatzen diren aplikazioa gehienak offline motakoak dira, libreak eta Luberri distribuzioan daude. Horietaz aparte bi webgune jarri ditut (weebly.com eta canva.com) offline aplikazioetan parekorik topatu ez dudalako.

Hona hemen eskema:


Eskertuko nuke zuen ekarpenak komentarioetan eskema osatze edo zuzentze aldera.

Bestetik eskema baliatu nahi baduzue posible duzue hemendik deskargatzea Xmind bidez editatzeko: http://www.xmind.net/m/fR6i



2016/02/01

Pinguy Builder: Remastersys aplikazioaren oinordekoa

(Eguneratua 2016/4/25ean)

Remastersys aplikazioak aukera eman die Debian, Ubuntu, Linux Mint eta deribatuen erabiltzaileei euren erremasterizazio edo distribuzio propioa egiteko. Bere garatzaileak projektua bertan bera utzi zuen eta orain arte ibili bada ere orain Pinguy OS distribuzioaren arduradunek haren fork bat egin dute, Pinguy Builder, proiektua biziberritzeko.


Funtzionalitateak
Zure Debian-Ubuntu bertsio propioa sortzea eskolan, enpresan edo lagunen artean banatzeko.
Zure sistema osoaren segurtasun kopia sortzea.

Nola sortu erremasterizazioa:
Instalatu ondorena: Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa > Pinguy Builder.

Settings fitxan ISO fitxategiari izen bat jarriko diogu. Fitxa horretan azaltzen da
ISO fitxategia zein karpetan sortuko den (/home/PinguyBuilder).






Actions fitxara joan, Dist
sakatu eta onartu.










Behin ISO fitxategia sortuta instalaziorako DVDa edo USBa prestatuko dugu.
DVDa prestatzeko Brasero aplikazioa erabiltzen ahal dugu














USBa prestatzeko Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa
> Abio-disko-sortzailea erabiliko dugu. Horretarako sartuko diogu gutxienez 4 GBeko USB memoria huts bat eta (1) hautatuko dugu USB memoria (2) esango diogu zer ISO irudia instalatu nahi dugun eta (3) esango diogu USB hori ixteko, instalazioetarako soilik erabiliko dugula. Hamar bat minutu irauten du prestaketa eta, bukaeran, administratzailearen pasahitza eskatzen du.

Bai DVDa, bai USBa erabili ahal izango dugu erremasterizazioa instalatzeko edo liveCD moduan erremasterizazioa probatzeko instalatu aurretik.



Pinguy Builderren instalazioa:

Web orri honetatik http://sourceforge.net/projects/pinguy-os/files/ISO_Builder/ deskargatuko dugu deb fitxategia eta ondoren Ubuntu software aplikazioaren bidez instala dezakezu.
    Behin  komeni zaizun deb fitxategia deskargatuta haren gainean bi klik eginda software zentroa aplikazioak instalatuko du.


    Beste aplikazio interesgarriak software-bilduman eta Linux-aplikazioak

    2016/01/25

    rollapp.com : software libreko aplikazioak online

    rollapp.com   Google Docs, Microsoft Live eta antzeko plataformen antzera funtzionatzen du berezitasun handi batekin: software libreko aplikazioak eskaintzen ditu online. Alegia zure ekipoan instalatuta ez duzun software libreko aplikazio bat erabil dezakezu interneteko konexioa baldin baduzu.


    Zein dira erabil daitezkeen aplikazioak? 

     Denetarik. Goiko irudian ikusten den bezala LibreOffice gain, Gimp, Stellarium, LibreCAD, Inkscape... 62 bulego aplikazio, 46 grafiko, 89 gehigarri, hezkuntza arloko 57... Denak eskuragarri instalatu gabe.


    Zertarako erabili online aplikazioak?
    Demagun kanpoan zaudela eta erabili behar duzula Windows ekipo bat. Odt bat ireki behar duzu eta ez daukazula zerekin.
    Demagun etxean edo eskolan zaudela zure Ubunturekin eta instalatuta ez duzun aplikazio hauetako bat probatu nahi duzula. Probatzen al duzu online eta gustukoa baduzu instalatu.
    Chromebook batetik edo Android tableta edo smartphone  batekin zaudela eta LibreOffice, Inkscape edo bestelako software librea erabili nahi duzula.

    Agian ez dira ohiko egoerak baina gogoan edukitzeko helbidea da rollapp hau.


    Nola funtzionatzen du?
    1. Nabigatzailea ireki eta web orrian sartu: https://www.rollapp.com
    2. Erregistratu zaitez (sing up). Posible da erabiltzaile kontu bat sortzea edo Google, Dropbox edo Amazon kontu bat erabiltzea. Nik uste dut, salbuespen bezala, interesantea dela hodei biltegiratzea eskaintzen duen zerbitzu baten bidez sartzea, izan ere, fitxategiak irekitzeko eta gordetzeko hodeia erabiltzea komeni zaigu.
    3. Hobespenak ezarri. Gure izenaren azpiko menuan App Settings klikatuta aukera izango dugu pasahitza jartzeko, zehazteko gure hodei-biltegia eta hizkuntza aldatzeko (une honetan ingelesa, espainola edo errusoa).
    4. Hortik aurrera aukeratu nahi duzun app eta aritu.

    Oharrak
    • Androidetan bakarrik 4. bertsiotik aurrera eta  Chromeren bidez ibiltzen da.
    • Doako aplikazioa da eta badu ordainpeko Premium aldaera. Horren bidez, besteak beste, inprimatu daiteke eta Premium app-ak (Blender, Handbrake besteak beste) erabil daitezke.

    Beste web-aplikazio interesgarriak eskuineko paneleko Web-aplikazioak.

    2016/01/18

    AcetoneISO CD/DVDren irudiak sortu eta muntatzeko aplikazioa

    AcetoneISO Linuxerako aplikazioa da. Bere helburua da, batetik, CD eta DVDren edukiak fitxategi batean biltzea eta bestetik fitxategi horiek exekutatzean CD/DVD irakurgailu birtualak muntatzea.

    Ikastetxeetan eta etxeetan CD/DVDak sarri erabiltzen dira hezkuntza edukiak ikusteko, aplikazio eta jolasak ibiltzeko, filmak ikusteko... AcetoneISOei ezker disko horien irudia eginda aukera ematen digu eduki horiek disko gogorretik erabiltzeko. Oso erabilpen interesgarria da irudi horiek zerbitzariko IKASLEAK karpetan sartuta ikasleek erabili ahal izango dute saretik AcetoneISOk irudi horiek muntatzen dituelako CD/DVD moduan. Bereziki interesgarria da aukera hori ikasleen ordenagailuek CD/DVD irakurgailua ez duten kasuetan.

    Nola erabiltzen da? Erabilera asko baditu ere tipikoa da batetik CD/DVD baten ISO irudia sortzea eta ISO hori muntatzea erabiltzeko.

    1- ISO irudia sortzea:

    Sartu CD edo DVD diskoa irakurgailua, ireki AcetoneISO aplikazioa (Gehigarriak atalean dago) eta egin Image Conversion > Generate ISO from CD/DVD > a standard data CD/DVD edo bestelakoa, diskoaren arabera. Onartu proposatzen duen byte size eta gorde toki egokian; ikastetxean ISO fitxategia ikasleek ikusten duten karpeta partekatuan -IKASLEAK karpetan- gordetzea komeni da.

    CD/DVDtik ISO irudia sortzen
    2-ISO irudia muntatu

    Ikasleek euren ordenagailuetatik ireki ahal izango dute irudi horiek. Horretarako AcetoneISO irekiko dute > Muntatu eta arakatzailean ISO irudia aukeratu behar dute.

    ISO fitxategia muntatzen

    Instalazioa
    AcetoneISO Luberri banaketan instalatuta dago. Zuk instalatu behar baduzu egin dezakezu Software-zentrotik edo terminalean hau itsatsita.

    sudo apt-get install acetoneiso

    Oharrak
    • Gaur egun diskoak edozein sistematan erabiltzeko diseinatuta daude baina disko zahar batzuk soilik Windowsen ibiltzeko pentsatuta daude, hala nola Ttantto, Xango, Narigota... Mezu honetan azaltzen da Linuxen nola erabili daitekeen Wine-ren bidez.
    • AcetoneISOren baliokidea Windowen Daemon Tools aplikazioa da.
    Beste aplikazio interesgarriak Software-bilduman eta Linux-aplikazioak orrietan.

    2015/10/03

    Foxit Reader bertsio berria Linuxerako


    PDF fitxategiak editatzeko aukera ematen duen Foxit Reader aplikazioak 2009tik ez zuen bertsio berririk Linuxerako eta atera duena ez du funtzionalitate aurreraturik baina oinarrizkoak baditu eta oso interfaze sinple eta interesgarrian.

    Foxit Reader-en interfazea


    Funtzionalitateak:
    Edizioa
    • Nabarmentzeko  tresna (fosforitoa) testua aukeratzeko tresnekin (klik bikoitza eta hirukoitza, Ctrl+A...), azpimarra, gain-marra.
    • Arkatza eta borragoma.
    • Oharrak.
    • Testua ordezteko eta txertatzeko iradokizunak. 
    • Testu edizioa (letra mota, tamaina eta kolore aukerarekin).
    • Edizio guztiak bektorialak dira: aukeratu eta ezabatu, mugitu eta aldatu daitezke.

    Laster-markak, bilatzeko tresna eta abar.

    Foxit Reader versus Master PDF Editor


    Foxit-en abantailak Masterrekiko
    • Interfazea sinpleagoa, intuitiboagoa eta erabilgarriagoa.
    • Nabarmentzeko tresna testuarekin jokatzen du eta ez zonekin.
    • Inprimaketak aukera ematen du inprimatzeko dokumentua edizioekin edo
      gabe. Horrek suposatzen du ez direla zertan gorde behar jatorrizkoa eta editatutakoa.
    • Foxit-en oharrak Evincek erakusten ditu (Masterrenak ez)
    Masterren abantailak Foxit-ekiko
    • Erabiltzaile guztientzat instalatzen da.
    • Orriak txertatu, dokumentua zatitu, dokumentuak batu... 
    • Aukera gehiago ditu.



    Instalazioa

    Instalazioa fitxategi exekutagarri baten bidez egiten da eta aplikazioa edozein erabiltzailek egin dezake eta soilik berarentzako ibiliko da.
    Foxit Reader deskargatzeko orrira joan, aukeratu Foxit Reader > Free Download eta agertzen den fitxan sistema aukeratu (Luberriren kasuan Linux 32 bit) eta Download. Deskargatzean deskonprimituko dugu fitxategi kudeatzailearekin eta azalduko da FoxitReader.enu.setup.1.0.0.0909(r186903).run fitxategia; fitxategia exekutatu eta Aplikazioak > Grafikoak atalean agertuko da.


    Bukatzeko
    Software librean hutsune handia dago PDF fitxategien edizioan. Evince oso aplikazio pobrea da, arina baina edizio tresnarik ez du. Okular aplikazioak baditu edizio tresnak baina soilik Okular-en ikusten dira haren oharrak eta nabarmentzeak. Egoera horrela segitzen duen bitartean Master PDF Editor edo Foxit Reader bezalako software pribatiboa segitu beharko dugu.


    Beste Linux-eko aplikazioak
    Software bilduma

    2015/09/30

    Epoptes: gela kontrolatzeko aplikazioa.

    Erne! bezeroak instalatzeko modua aldatu da. Mezu hau 2019/4/16an eguneratu dut modu berriarekin.

    Ikasleak ordenagailuaren aurrean daudela irakaslea haien bizkarrean hobeto dago bere ordenagailuaren aurrean baino, hala ere, Epoptes probatu ondoren ez duzu erraz utziko. Ikasleen pantailak kontrolatu baino askoz gehiago egiten du eta.

    Epoptes versus Italc
    Software librearen unibertsoan Italc zen gelaren kontrolerako aplikazio nagusia baina, niri horrela gertatu izan zait behintzat, irakaslea denborarekin ikasleen kontaktua galtzen du. Epoptes-en kasuan hori ez omen da gertatzen. Epoptes, Italc ez bezala, soilik GNU/Linuxen funtzionatzen du, ez du Windows-eko ikasleak ikusten. Bestetik Epoptesen instalazioa errazagoa da.



    Epoptes-en funtzionalitate nagusiak:
    • Ikaslearen ekipoa piztu, saioa amaitu, itzali edo berrabiarazi.
    • Ikasleen ekipoen pantailak ikusi, ikasle baten ekipoaren kontrola hartu. Proiektorea izanez gero irakaslearen pantailatik edozein ikasleren pantaila erakutsi daiteke. Horrela ikasleek euren lanak erakutsi edo atazaren bat nola egiten den erakustea dute.
    • Irakaslearen pantaila ikasle batzuen edo guztien pantailan erakutsi (bereziki interesgarria proiektorea ez badago).
    • Exekutatu aginduak ikasleen ekipoetan (baita root bezala ere). Gure ordenagailutik aplikazio bat instala dezakegu ikaslearen ekipoan. 
    • Ikasle baten edo guztien ekipoa mututu, blokeatu (esate baterako azalpen bat eman behar denean).
    • Ikaslearen ekipoaren informazioa (adib. IPa) ikusi.
    • Ikasle bati edo batzuei mezu bat bidali.

    Instalazioa:
     

    Irakaslearen ekipoan

    Epoptes instalatuko dugu terminalean hau itsatsita:
    sudo apt-get install epoptes

    eta irakaslea(k) Epoptes taldean sartuko ditugu:
    sudo gpasswd -a erabiltzaile_izena epoptes

    non erabiltzaile_izenaren ordez irakaslearen erabiltzaile-izena jarri behar duzu. Bat baino gehiago bada bereiztu komen bidez.

    Irakaslearen ekipoak IP finkoa eduki behar du. Ez badu jarriko diogu (ikusi nola). Bere IPa kontsultatuko dugu (goiko panelean: konexioa > konexioaren informazioa) eta apuntatu paper batean.

    Berrabiarazi ekipoa.

    Ikasleen ekipoetan

    1- Aplikazioa instalatuko dugu. Administratzaile moduan Epoptes-en bezero aplikazioa instalatuko dugu terminalean hau itsatsita:
    sudo apt-get install epoptes-client


    2- Ikaslearen ordenagailua eta irakaslearen ordenagailuaren arteko lotura definituko dugu. Bi era erabili daitezke:

    2.A- Zerbitzariak, alegia irakaslearen ordenagailuak, IP finkoa badu:
    Bezeroaren terminalean hosts fitxategia editatuko dugu horrela:
    sudo xed /etc/hosts  

    (xed editorearen ordez gedit , nano edo bestelako testu-editorea  erabili dezakezu)

    eta fitxategiaren bukaeran honelako lerro bat gehituko dugu:

    xx.xx.xx.xx  server
    non xx.xx.xx.xx-ren ordez irakaslearen ordenagailuko IP finkoa jarriko dugun. Ondoren gorde eta itxi fitxategia.

    2.B- Zerbitzariak IP finkoa ez badu edo ez badakigu:
    Irakaslearen ordenagailuaren host izena begiratuko dugu; horretarako haren terminalean idatziko dugu:
    hostname
    Demagun ematen duen izena dela "zerbitzaria". Ondoren, bezeroaren terminalean itsatsiko dugu:
    ping zerbitzaria.local
    Kontaktua ematen badu terminalean itsatsiko dugu:
    sudo xed /etc/default/epoptes-client
    (xed editoraren ordez gedit edo bestelakoa erabili ahal duzu) eta fitxategi hau editatuko dugu SERVER aurreko # traola ezabatuta eta zerbitzariaren izena jarrita:
    SERVER=zerbitzaria.local
    non "zerbitzaria"-ren ordez irakaslearen ordenagailuaren host izena jarriko dugu. Gorde fitxategia eta itxi.

    3- Lotura ezarriko dugu.
    Azkenik irakaslearen ekipoaren SSL egiaztagiriak eskuratuko ditugu ikaslearen ordenagailuan honako agindu hau exekutatuta:
    sudo epoptes-client -c

    Aginduaren mezua begiratu ikusteko konexioa lortu dela. Errorea ematen badu zerbait gaizki egin dugu. Done agertzen bada dena ondo.

    Berrabiarazi ekipoa


    Erabilera:

    Irakaslearen ekipoan egin Aplikazioak > Internet > Epoptes eta aplikazioa abiatuko da. Ikasleek ekipoak piztu ahala ikusiko dira monitorean. Miniaturen tamaina alda daiteke eskuineko beheko aldeko kontrolarekin eta miniaturen azpian ekipoaren izena, erabiltzailearena edo biak ikustea kontrola daiteke menuko Etiketak elementutik.
    Blokeoak, mezuak, itzalketak eta abar hautatutako monitoreen gainean funtzionatzen du. Bat baino gehiago hautatzeko sakatu Ctrl. Denak hautatzeko Ctrl+A,


    Bukatzeko:
    Epoptes greziar proiektu bat da (Epoptes-ek grekeraz begiralea esan nahi du) eta VNC teknologian oinarritzen da.
    Renmina edo TeamViewer aplikazioetan ez bezala Epoptes-en ez da erabiltzailearen (ikaslearen) baimena behar bere ekipoa zelatatu edota kontrolatzeko.
    Aplikazioa euskaraz dago 0.5.8 bertsiotik Juan Ezeizaren lanari esker.


    Linuxeko beste aplikazioak
    Software bilduma

    2015/07/05

    Pdfbooklet: koadernotxoak egiteko aplikazioa

    Egia da. Paperaren garaia azkenetan da, baina tarteka eskoletan oraindik erabiltzen dira koadernotxoak. Oso praktikoak dira ordutegiak, arautegiak, telefono-gidak eta abarretarako.

    Koadernotxoak egiteko orriak ordena berezi batean jarri behar dira,
     
     
    inprimatu eta erditik grapatu.



    Pdfbooklet aplikazioak orriak ordenatzen lagunduko dizu. PDF fitxategia kargatu eta berak orriak txikitu eta ordenatuko dizu zuk bi aldetatik inprima ditzazun.

    Koadernotxo arrunta egiteaz gain (single booklet) beste hainbat aukera ditu aplikazioak eta horietan sakondu nahi baduzu interesatuko zaizu bere eskuliburua ingelesez irakurtzea.

    Aplikazioak Windows eta Linuxerako bertsioak ditu.
    Luberri, Mint, Ubuntu edo bestelako Debian bertsioan instalatzeko deskargatu deb fitxategia hemendik, deskargatu duzun tokian ireki terminala eta itsatsi agindu hau:

    sudo gdebi pdfbooklet_3.1.2-2_all.deb