Software librea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Software librea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/10/13

Orain RadioDroid euskaraz

 RadioDroid munduko ehunka irrati-igorle Internet bidez entzuteko Androiderako aplikazio librea da.

Mugikorrean irratia entzuteko bi era daude: transistore modua zeinean kable bidezko entzungailua lotu behar dugu antena gisa erabiltzeko eta irrati uhinen bidez jasotzen da eta mugitzean gorabeherak edota frekuentzia aldaketak izaten ditu eta Internet bidezko irratia zeinean Internet konexioa badugu munduko beste puntako irrati-igorle bat entzuten ahal dugu antenarik gabe eta uhin gorabeherarik gabe.

Irratia entzuten ahal dugu mugikorrean bertan edo bluethooth bidez entzungailu batean edo autoko erreproduzigailuan.

Aplikazioak irrati-igorleak erakusten digu iragazita arrakastaren arabera, etiketa edo generoaren arabera, estatuaren arabera edo hizkuntzaren arabera.

15 irrati euskaraz Internet bidez

Euskaraz Internet bidez entzun daitezkeen igorleak hauek dira: Punk irratia, Euskadi irratia, Onda vasca, Onda vasca Gipuzkoa, Naiz irratia, Euskalerria irratia, EITB euskal kantak, Zintzilik irratia, Radio Siberia, Etzanda irratia, Gaztea irratia, Irulegiko irratia, Bizkaia irratia, Arraio irratia...

Irrati-igorlea hautatuta entzun daiteke eta gorde daiteke gogokoetan:

 

Nire gogoko batzuk

Tamalez banderatxoa estatuaren arabera jartzen dute eta ez hizkuntzaren arabera.

Ezarpenetan hainbat parametro konfigura daitezke, esate baterako lotarako tenporizadorea.

Instalatzeko:

F-Droid-etik edo Google Play-tik


Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.


2023/04/02

Taiga.io proiektuen kudeaketa kolaboratiboa linean, libre eta euskaraz.

 Proiektu batean hainbat jende koordinatu behar bada Taiga tresna interesgarria izan daiteke zereginak koordinatzeko eta kontrolatzeko, batez ere partaideak fisikoki gertu ez daudenean.

 

Funtzionalitateak

  • Proiektuaren zereginak Kanban ikuspegian (zutabeak dituen panela, ohikoagoa) edo Scrum ikuspegian (esprint edo lan-jario azkarrak) bistaratu daitezke. Modu batetik bestera pasatzeko aukera ere badu.
    Proiektu baten Kanban ikuspegia taiga.io webgunetik hartua

  • Parte hartzaileen altak, eta bakoitzaren baimenak eta zehaztasunez kudeatu daitezke.

  • Zereginak izendatu, etiketatu, deskribatu, dokumentazioa erantsi, epemuga jarri eta partaide bati edo batzuei esleitzen ahal zaie.

  • Zeregina da oinarrizko elementua. Dena den, proiektua konplexua bada,  eginkizunetan multzokatu daitezke eta atazetan banandu, esate baterako lan taldeak badaude. 

  • Proiektu edo produktuaren erabiltzaile edo bezeroek eta parte hartzaileek atzemandako erroreak,  hobekuntza iradokizunak Eskaerak (Issues) zerrenda batean bildu eta larritasun edo lehentasunen arabera etiketatu eta segimendua erraz ikus daiteke.
  • Beste partaide batek aldaketaren bat egiten duenean horren berri jaso daiteke automatikoki nahi izanez gero.
  • Osagarri gisa, lan kooperatiboa errazteko bi tresna baliagarri ditu:
    • Wikia: non proiektuaren dokumentazioa era kooperatiboan editatu daiteke.
    • Elkartu: bideo-konferentziak egiteko. Tresnan sakatuta Jitsi bidezko saio bat irekitzen du non proiektuko partaideek sar daitezkeen.
  • Taiga zerbitzarirako kode irekiko aplikazio librea da eta erabat euskaraz funtzionatzeko aukera ematen du.
  • Slack, GitHub, GitLab, Bitbucket, HipChat, Gogs, Hall eta beste zerbitzurekin integratu daiteke.
  • Proiektuak oso pertsonalizagarriak dira eta erabilera oso intuitiboa.

 

Erabilera

Esan bezala Taiga kode irekiko zerbitzariko aplikazioa da. Deskargatu eta instala daiteke zerbitzari batean datu oso baliotsuak erabiltzen badituzu. Bestela, erabiltzeko modurik errazena taiga.io webgunean erregistratzea eta proiektuak sortzea. Nahi haina proiektu sor daitezke doan, pribatu zein publiko. Taigaren webgunean eta partaideak ere mugagabeak dira. 

 

Beste hainbat web-aplikazio interesgarri

2021/02/14

Sweet Home 3D euskaraz

Sweet Home 3D etxeak eta bestelako lokalak diseinatzeko aplikazio libre, plataforma anitza, sinple eta atsegina da.

Erabiltzeko modua oso erraza da. Gela edo etxea 2D plano batean diseinatzen da eta aplikazioak automatikoki 3D itxura erakusten du beheko leiho batean.


Ordena logikoa izaten da zorua marraztea, kontuan izanik saretaren karratu handiek metro bat dutela, ondoren hormak, gero ateak eta leihoak, eta bukatzeko berogailuak, altzariak, objektuak, argiak, landareak eta etxetik kanpokoak katalogotik hartu eta 2D planora arrastatuko ditugu.

Elementuak mugitu eta biratu daitezke, eta klik bikoitza eginda agertzen den koadroan bere neurriak, testurak, distirak eta abar zehaztu daitezke.

Etxeak solairu bat baino gehiago badu behar dituenak joango gara gehitzen eta osatzen.

Internetetik kargatu daitezke etxe modeloak eta altzari eta osagarrien bildumak.

Behin etxea prest dagoenean nahi dugun ikuspuntutik argazkiak ateratzen ahal ditugu edota bideoa grabatu markatu dezakegun ibilbide baten zehar.

Bideo honetan aplikazioaren hornitzaileak laburbiltzen du etxea osatzeko prozesua.


Aplikazioa Linux, Windows eta Mac-en erabili daitezke. Hemen dago deskargatzeko web orria: https://www.sweethome3d.com/download.jsp

Debian, Ubuntu eta deribatuetan instalatu daiteke terminalean agindu hau itsatsita:

sudo apt install sweethome3d

Instalatzean aplikazioa erdaraz agertuko da -ingelesez sistema euskaraz baduzu-. Euskaraz jartzeko urrats hauek eman behar dituzu:

S
  1. Joan aplikazioaren Itzulpenen orrira eta deskargatu "Other translation supported" atalean dagoen Euskara fitxategia (bertako estekan klik egiten baduzu deskargatuko da ere).


  2. Sistemak proposatuko dizu deskargatu berri duzun basque-6.4.sh3l fitxategia SweetHome3D aplikazioaren bidez irekitzea.

    Ados klikatu onartzeko eta aplikazioa hemendik aurrera euskaraz azalduko da.
 

 


Erabilera ikastetxeetan.

Aplikazioa hau oso interesgarria da lehen hezkuntzatik hasita, institutu eta unibertsitateraino. 

Hain da erraza ez dela ezagutza teknikorik behar. Gazte gaztetatik erabili daiteke. Esate baterako, ikasleei eskatzen ahal zaie bere logelako planoa paper koadrikulatuan marraztea -neurriak hartuta bada hainbat hobe- eta gero, irakaslearen laguntzaz, ordenagailuan diseinatu. Tresna ederra neurriak, eskalak eta matematika orokorrean lantzeko, baita kolorea, diseinua, testurak, argiak eta abar. 

Bereziki interesgarria da, behin oinarrizko erabilera kontrolatzen dutenean, haiek sortzea gogoko logelak, etxeak, lokalak, ikasgelak eta abar.

 

Sweet Home 3D Luberri sisteman integratuta dago eta haren hurrengo bertsioan, noski, euskaraz mintzatuko da. Baina zuk aplikazioa instalatuta baduzu ez duzu itxaron behar, hizkuntza-paketea deskargatu eta inplementatu.

Linuxeko beste aplikazioak kontsultatu ditzakezu.

2020/06/20

Hezkuntzan Librezaleko ekaineko topaketen bideoak ikusgai

Hezkuntzan Librezalek ekainaren 11ean eta 18an lineako bi mahai-inguru edo topaketa antolatu ditu. Lehenengoaren izenburua "Zelan bizi izan du konfinamendua hezkuntza komunitateak" eta bigarrenarena "Burujabetza teknologikorako hezkuntza irudikatzen". Biak daude ikusgai Hezkuntzan Librezaleren web orrian.


2017/10/30

Monopolioen aurrean software librea

Microsoftek izan du urte luzetan softwarearen monopolioa gure inguruko ikastetxeetan baina bere moteltasuna eta sortzen dituen arazoak direla batetik eta EAEko administrazioak hezkuntza kudeaketarako baliabideen eskasia dela medio atea ireki zaio lehiakide duen Googlei, zeina  aurrena Google Suite-ren bidez eta orain Chromebook-en bidez bere ezarpena zabaltzen ari den.

Suiteren bidez erabiltzaileen kudeaketa, haientzako hodeia -Drive- eta Classroom bezalako aplikazioak eskaintzen ditu; Chromebook-en bidez offline aplikazioak erabiltzea galarazten du Internet-Google menpekotasuna lotzen du. Ekipo merkeak, errazak eta kontrolatuak diren neurrian ikastetxeentzat mantenu lan asko -instalazioak, antibirusak, eguneraketak...- kentzen ditu baina, neurri batean, ikasle sortzailearen ordez ikasle kontsumitzailea bultzatzen du.

Horren aurrean zer? Bi jarrera: multinazional horien artean bat hautatu eta mendean jarri edo software librearen bidez bide propio bat eraikitzea. Bide propio horretan ekipoak, haien instalazioak eta mantenua, eta kudeaketarako tresnak eskaini behar dira.

Irudia: educastur (cc-by-nc-sa)


Hausnarketa horretan hainbat ekimen daude, tartean ehun partaide dituen Linux eskolan posta zerrenda eta sortu berri den eta hamar egunean ehun kide baino gehiago duen Hezkuntzan ere librezale Telegram taldea.

Gaia pil pilean dago, Durangoko Azokaren Kabian izango da mintzagai eta Mikel Garciak Argia-n ere Google ikasgeletan? Hobe software librea artikulua plazaratu du.

Inoren aurka jarri gabe, hirugarren bidea hau jorratzeko gogo handia dagoela ez dago dudarik.

Bestetik zer ekipo eta aplikazioak erabiltzen diren funtsezko da ere  horiek zertarako eta zer metodologiaren bidez funtsezkoago. Ba zertaz aritu.

2017/04/30

Nafarroako administrazioaren lehenengo urratsak software librerantz

Nafarroako Parlamentuaren eskariz Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak administrazioan egun erabiltzen informazio sistema eta plataforma pribatiboen software librerako migrazio progresiboari hasiera emango dio. Horretarako laguntza teknikoko kontratu baterako deialdia zabaldu du.



Deialdiaren zehaztasunak hemen. PDFaren 7. orritik aurrera.

2016/10/02

Librezaleen urriko proiektua: Osmand Phrases

Librezale elkartean ekimen berria jaio da: hilabeteko proiektua.
Elkartearen helburu nagusia software euskaratzea eta euskarazko softwarearen erabilera bultzatzea, batez ere software librea (edo esan beharko nuke software librea bultzatzea, batez ere euskaraz?). Berdin du.
Partaideak aktibatzeko eta partaide berriak erakartzeko ekimen honen bidez hilabetero proiektu bat proposatuko da proiektu honi bultzada bat emateko.



Urriko proiektua Osmand Phrases da. Osmand mugikor eta tabletetan Open Street Maps-en oinarritutako informazioa eta nabigazioa eskaintzen duen aplikazioa euskaraz dago baina haren parte den Phrases atalean oraindik euskaratzeko lan mardula dago.

Parte hartzea erraza da. Informazio gehiago nahi baduzu mezu honetan dago, bai eta parte hartzeko modua eta aholkuak.

2016/09/11

Software librea nahi dugu ekimena




EAEko hauteskunde kanpaina une aproposa da Software librea nahi dugu manifestua irakurri eta sinatzeko.

2016/01/25

rollapp.com : software libreko aplikazioak online

rollapp.com   Google Docs, Microsoft Live eta antzeko plataformen antzera funtzionatzen du berezitasun handi batekin: software libreko aplikazioak eskaintzen ditu online. Alegia zure ekipoan instalatuta ez duzun software libreko aplikazio bat erabil dezakezu interneteko konexioa baldin baduzu.


Zein dira erabil daitezkeen aplikazioak? 

 Denetarik. Goiko irudian ikusten den bezala LibreOffice gain, Gimp, Stellarium, LibreCAD, Inkscape... 62 bulego aplikazio, 46 grafiko, 89 gehigarri, hezkuntza arloko 57... Denak eskuragarri instalatu gabe.


Zertarako erabili online aplikazioak?
Demagun kanpoan zaudela eta erabili behar duzula Windows ekipo bat. Odt bat ireki behar duzu eta ez daukazula zerekin.
Demagun etxean edo eskolan zaudela zure Ubunturekin eta instalatuta ez duzun aplikazio hauetako bat probatu nahi duzula. Probatzen al duzu online eta gustukoa baduzu instalatu.
Chromebook batetik edo Android tableta edo smartphone  batekin zaudela eta LibreOffice, Inkscape edo bestelako software librea erabili nahi duzula.

Agian ez dira ohiko egoerak baina gogoan edukitzeko helbidea da rollapp hau.


Nola funtzionatzen du?
  1. Nabigatzailea ireki eta web orrian sartu: https://www.rollapp.com
  2. Erregistratu zaitez (sing up). Posible da erabiltzaile kontu bat sortzea edo Google, Dropbox edo Amazon kontu bat erabiltzea. Nik uste dut, salbuespen bezala, interesantea dela hodei biltegiratzea eskaintzen duen zerbitzu baten bidez sartzea, izan ere, fitxategiak irekitzeko eta gordetzeko hodeia erabiltzea komeni zaigu.
  3. Hobespenak ezarri. Gure izenaren azpiko menuan App Settings klikatuta aukera izango dugu pasahitza jartzeko, zehazteko gure hodei-biltegia eta hizkuntza aldatzeko (une honetan ingelesa, espainola edo errusoa).
  4. Hortik aurrera aukeratu nahi duzun app eta aritu.

Oharrak
  • Androidetan bakarrik 4. bertsiotik aurrera eta  Chromeren bidez ibiltzen da.
  • Doako aplikazioa da eta badu ordainpeko Premium aldaera. Horren bidez, besteak beste, inprimatu daiteke eta Premium app-ak (Blender, Handbrake besteak beste) erabil daitezke.

Beste web-aplikazio interesgarriak eskuineko paneleko Web-aplikazioak.

2016/01/14

'Linux instalazioa eta administrazioa eskolan' ikastaroa

Irungo Berritzegunean 'Linux instalazioa eta administrazioa' izeneko ikastaroa
emango dut datozen asteetan.

Ikastaroa ikastetxetako IKT arduradunei zuzenduta dago eta helburua da hastea Linux  -zehazki Luberri erremasterizazioa-  instalatzeko, kudeatzeko eta erabilera zabaltzeko jarraibide, laguntza teknikoa eta irizpideak eskaintzea.


 Ikastaroa sei ordukoa da eta bi formatutan eskaintzen da:

Goizeko formatua: bina orduko hiru saio, urtarrilaren 20a eta otsailaren 10a eta 24a, goizeko 9etatik 11etara.
Arratsaldeko formatua: hiru orduko bi saio, otsailaren 24a eta martxoaren 2a, arratsaldeko 4etatik 7etara.

Tokia: Irungo Berritzeguneko informatika gela.

Programa:
  • Zertarako Linux. Software librearen abantailak.
  • Linuxen ezaugarri nagusiak.
  • Ubuntu: Mahaigaina, fitxategien arakatzailea, aplikazio nagusiak eta formatuen afera.
  • Luberri erremasterizazioaren ezaugarriak: Windowsen Active Directoryn integratu eta konpartitutako karpetak eta karpeta pertsonalak mapeatzea, erantsitako aplikazioak.
  • Ikastetxerako distribuzio propioa prestatu eta instalatu.
  • Ekipoen ezarpenak: wifia, inprimagailuak, IP finkoak... 
  • Ekipoen kudeaketa: softwarearen eguneratzeak, programen instalazioa...
  • Domeinuaren kudeaketa Linuxetik: Terminal Server Renminaren bidez.
  • Arbel digitala: Smart eta beste modeloen instalazioa eta kalibrazioa.
  • Instalazioen erritmoak eta irizpideak.
  • Laguntza teknikoa eskuratzeko bideak.
  • Linux eskolan posta-zerrenda.
Ikastaroa aurrez aurrekoa da eta laguntzako dokumentazioa Moodle honetan dago.
Ikastarora gutxienez 4GB duen USB memoria huts bat eraman behar da.
Plaza kopurua: 15 (eskaerak kopuru hau gainditzen badu lehentasuna izango dute IKT arduradunek eta Bidasoa-Oarsoaldeko ikastetxetako irakasleek).

Izena emateko Berritzeguneko web orritik egin daiteke, eskuineko atalean Prestakuntza ekintzak > Ekintza bilaketa > Izenburua Linux, edo zuzenean lotura hauetan klikatuta.

2015/07/03

Synfig Studio orain lehio bakarrarekin

Synfig Studio 2 dimentsioko animazioak egiteko aplikazio librea 0.64 bertsiotik 1.00 bertsiora pasa da eta berritasunik nabarmenena interfaze aldaketa da, izan ere, bertsio zaharra bost leiho zituen (Gimp-en antzera) eta berriak, ordea, leiho bakarrak integratzen du informazio guztia. Galaxia honetako erabiltzaileentzat abantaila handia.


Bertsio berri honek menu zabalagoa eta argiagoa dauka.
Bertsio berriaren beste berritasun nabarmenak aplikazioaren web orrian ikus daitezke: http://www.synfig.org/1.0/overview/

Aplikazioak Linux, Windows eta Mac OS X  bertsioak ditu. Linuxena instalatzeko terminalean honako agindu hau itsatsi behar duzu:
sudo apt-get install synfig synfigstudio

Aplikazio honen erabilera badu bere konplexutasuna. Proiektuaren web orrian bada manual bat wiki formatuan ingelesez: http://wiki.synfig.org/wiki/Category:Manual


Bestetik Juan Luis Fernandez "jen0f0nte" blogariak bideo tutorial argiak eta landuak ditu aplikazio honetaz. Bilatzailean "unade25 sinfig" jarrita agertuko zaizkizu. 

Aplikazioa %55ean euskaratuta dago Transifex zerbitzuan. Bultzada bat ongi etorriko zitzaion.

Hona hemen Synfig Studioz Ильдар Ахметгалеев-k egindako animazio txiki bat.


2015/06/18

Eusko Jaurlaritzak Telegram erabiliko dug herritarren zalantzak eta eskaerak artatzeko

Ekainaren 22tik, astelehenatik aurrera EAEko Herri Administrazioak aholkularitza eta orientazioa eskatzen duten herritarrei 688 67 12 34 telefonotik Telegram bidez erantzungo du.



EJ-k Telegram aukeratu du hiru arrazoiengatik: bere segurtasuna eta knfidentzialtasuna, API librea delako eta doakoa delako.

Hiru arrazoi sendu, dudarik gabe. Ea Hezkuntza departamentuan irizpide horiek noiz erabiltzen duten.

Albistea Irekian

2014/09/24

Linkat: azaleko azterketa


 


Linkat -bere web orritik euskaratzen dut- Kataluniako Generalitat-aren Hezkuntza Sailak sortu eta hezkuntz komunitateari eskaintzen dion GNU/Linux egokitutako banaketa da. Software libreko proiektua da ematen diona ikastetxeei, eta baita gizarte osoari ere, aukera eskuratzeko era legalean, doanik eta laguntza profesionalarekin aplikazio multzo zabal bat: hezkuntzakoak, bulegokoak, internet, multimedia...

Ubuntu euren behar eta gogoei egokitu eta Remastersys aplikazioaren bidez banaketa -erremasterizazioa da termino egokiagoa- propioak sortu dituzte.

Irailan Linkat edu 14.04 kaleratu zuten, 32 eta 64 biteko bertsioetan, eta ordenagailu batean instalatu dut bere ezaugarri nagusiak ikustearren. Hona hemen:

Sistema, aipatu bezala, Ubuntu banaketa hartzen du oinarri eta Gnome klasikoa Fallback mahai inguru lehenetsia. Gaia Radiance. Hizkuntza katalanera bai edo bai.

Gehitutako aplikazioak: Ubuntuk berez dakartzan aplikaziez gain katalanek hauek gehitu dizkiote:
  • Gehigarriak: PDF Mod 
  • Hezkuntza: Geogebra, JClick Autor, Kmplot, Marble, Scratch.
  • Grafikoak: Gimp, Inkscape, Gscan, ImageMagic, KolourPaint, Phatch, Scribus
  • Bulegoa: EbookReader, PdfSam.
  • Audio eta Bideoa: Audacity, Cheese, DeVeDe, Musescore, OpenShot, RecordMyDesktop, VLC, Winff.
  • Zientzia: Stellarium
  • Internet: Kompozer
  • Sistemaren tresnak: Sinaptic, Remastersys
  • Wine.

Oso erremasterizazio interesgarria: sistema eta ingurune bikaina eta aplikazioetan oso konpletoa. Aplikazio interesgarriak erantsi dizkiote nahiz eta nire ustez pare bat kasutan behintzat hautatu dituztenak baino hobeak egon.

Hemen duzu irudi galeria txiki bat:





2014/07/23

Erresuma Batuko gobernuak formatu irekiak erabiliko ditu

 
Francis Maudek, Kabineteko bulegoko ministroak eman zuen atzo berria gutxi gora behera hitz hauekin:

Erresuma Batuko gobernuaren organo guztiek formatu irekiak erabiliko dituzte aurrerantzean hiritarrek eta gobernurako lan egiten duten pertsonek bere beharretara hoberen egokitzen diren aplikazioak erabil ditzaten.

Formatu irekiak erabiltzean:
  • hiritarrek, enpresek zein bolondresek ez dute software espezializatua erabili behar gobernuko dokumentuak irekitzeko eta beraiekin lan egiteko.
  • gobernuan lan egiten duten pertsonek formatu bereko fitxategiekin lan egin eta partekatu ahal izango dute.
  • gobernuko erakundeek aplikazio egokienak eta kostu aldetik eraginkorrenak hautatu ahal izango dituzte.

Erabilera arrunterako hautatutako estandarrak hauek dira:
  • PDF eta HTML gobernuko dokumentuak ikusteko
  • Open Document Format (ODF) gobernuan fitxategiekin lan egiteko eta partekatzeko.
Noiz sartuko zaie hemengoei britanikoen sena?

Informazioaren iturria: https://www.gov.uk/government/news/open-document-formats-selected-to-meet-user-needs

2014/07/22

Suitzako Genevako eskolak software librerako migrazioa bukatzen ari dira

Suitzako Geneva kantoneko lehen hezkuntzako 170 eskoletan GNU/Linuxerako migrazioa burutu dute eta datorren ikasturtean bigarren hezkuntzako ikastetxeetan egingo dute.



Gelibredu proiektua Ubuntu 12.04 bertsioan oinarritu da eta hiru erabiltzaile mota bereizi ditu: administratzaile-irakaslea, 1. zikloko ikaslea (4-8) eta bigarren ziklokoa (8-12).

 Proiekturako web hau: http://icp.ge.ch/sem/gelibredu  prestatu dute eta bertan, frantsesez, azaltzatzen dute proiektuaren helburuak eta urratsak, hamar arrazoi hezkuntzan software librea erabiltzeko, proiektuaren dokumentu ofizialak, sistema librea eta formatu irekien azalpena, elkarlanerako proiektuak eta eduki libreen gaineko informazioa.

Proiektua oso ondo dokumentatuta dago. Abidibide moduan ikus daitezke:


Eredu falta ez dago Europan.

2014/03/04

Revolution OS dokumentalaren azpitituluak Azpitituluak.com-en



Azpitituluak.com webguneak software librearen hastapenak deskribatzen dituen Revolution OS 2001eko dokumentalaren euskarazko azpitituluak eskuragai jarri ditu.
J. T. S. Moore-k eginiko dokumentala zaharkitu samarra badago ere (garai horretan sortu edo garatu gabe zeuden Google-Android, Cannonical-Ubuntu, Firefox, OpenOffice.org) balio historiko handia du eta software libre eta irekiaren zutabeak, batez ere filosofikoak, oso argi azaltzen dituzte sortzaile nagusiek.

Informazio gehiago, dokumentalaren torrent-aren izena eta azpitituluen deskarga Azpitituluak.com webgunean.
Dokumentalaren sinopsia ingelesesko Wikipedian.

2013/12/15

Viking 1.5 euskaraz


Viking Linux, Windows eta Mac OS X sistemarako GPS datuak ikusi eta editatzeko mahaigaineko aplikazio librea. Interesgarria OpenStreetMaps.org eta OpenCycleMap.org mapak erabiltzen dituelako. Arrastoak, ibilbideak eta bide-puntuak inportatu, editatu eta esportatu egiten ditu.

Nola funtzionatzen duen ikasi nahi baduzu tutorial ireki bat duzu hemen: https://sites.google.com/view/viking-euskaraz/

1.5 bertsio berrian euskara hizkuntza sartu dute.

Viking Windows-en instalatzeko http://sourceforge.net/projects/viking/ orritik deskarga dezakezu. Debian, Ubuntu eta deribatuetan terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta hurrengo agindua itsatsi eta exekutatu:

sudo apt-get install viking

2013/01/24

Software bilduma berria



Software bilduma ostatu berrira eraman dut. Orain arte web orria offline editatu eta gero fitxategi berriak eta aldatutakoak Filezillarekin igotzen nituen eta orain online ediziora pasa naiz. Ez du enkantu berdina baina aldaketak errazago eta azkarrago egiten dira. Ea nabaritzen den eta sarriago eguneratzen dudan.

Hau da nire software bildumaren URL berria:

https://sites.google.com/site/softwarebilduma/

blogaren eskuineko panelean esteka finkoa dago.

2012/08/29

Lehenengo argazki-kamerak Androidekin

Telefonoak izan ziren argazki-kamera eta ondoren GPS eta internet integratu zutenak eta azken urrats horretan software pribatiboa e izan zen aitzindari Apple-en Iphone-rekin.

Oraingoan argazki-kamerak hasi dira GPS eta internet integratzen baina oraingoan software librean oinarritzen den Android izan aitzindaria Nikon eta Samsung-en eskutik.

Dudik gabe ekoizleentzat modu merke bat da argazkiak geolokalizatzeko eta internet bidez editatu eta partekatzeko.

Hona hemen komertzializatu diren lehenengo modeloak: Nikon Coolpix S800C eta Samsung  EK-GC100 Galaxy Camera.


2011/12/08

Mahaigaineko inkestaren emaitza

Lehenik eta behin eskerrik asko inkesta bete duzuen hamaika lagunei. Hamaika ez hizkuntz figura moduan baizik eta 11.
Hemen duzue ematza:

Laginak ez du ematen konklusio handirik ateratzeko. Argi ikusten dudan gauza bakarra da jendeak Linux eskaintzen duen askatasunaz baliatzen dela eta kolore guztietako interfazeak eta mahaigainak erabiltzen direla; susmoa dut Canonicalek
Unity atera zuenetik inoiz baino gehiago.

Zer iruditzen zaizu?