Hau da instalatu berria Calibre -liburu digitalak kudeatzeko aplikazioak- duen itxura:
Itxura horrek arazo bat dauka: menuan hamaika elementu ikusten dira eta, berez, hamalau dira. Hau da, hiru elementu ezkutuan geratzen dira eskuin aldean ikonoen azpiko testuaren luzeragatik.
Nola konpondu?
Hobespenetara jo behar dugu baina, hain zuzen, hobespenak pantailatik kanpo geratzen dira. Ikusi ahal izateko trukotxo bat erabili behar dugu: Alt tekla+ eskuin klika sakatuta leihoa herrestan eraman ezkerrera pantailaren muga gaindituta (hori da Alt teklaren zeregina) harik eta ezkutuan dauden menuko hiru elementuak agerian geratu arte.
Orain agerian dugula, sakatu Hobespenak > Interfazea > Begiratu eta ukitu atalean Use two lines for the text under the icons (need restart) aktibatu. Horrek menuko ikonoen azpiko testuak bi lerrotan banatzen ditu, hartara menuko ikono guztiak ikusiko ditugu. Aplikatu eta berrabiarazi Calibre.
Berrabiarazita maximizatuko dugu leihoa eta menuko elementu guztiak ikusiko ditugu.
Badira hainbat kasu noiz dokumentu bat entzuteak praktikoa izan daiteken:
autobusean. Batez ere zorabiatzen garenontzat.
autoan gidatzen goazela.
paseoan -soilik ezinbestekoa bada, mesedez-.
...
Eta, zer esanik ez, irakurtzeko zailtasun dituzten pertsonentzat: itsuak edo ikusteko zailtasunak dituzten pertsonak, dislexikoak eta abar. Zentzu honetan hezkuntza baliabideetan IDU aplikatzeko modu bat izan daiteke.
Horrelako kasuetan interesgarria da dokumentuak ikusteko Librera Reader Androidentzako aplikazio librea. Aplikazio hau gai da testu dokumentu arruntak irekitzeko: pdf, epub eta beste liburu elektronikoak, odt, docx...
Librera Reader F-droidetik edo beste dendetatik instala edo deskarga daiteke.
Aplikazio honek irakurtzeko funtzionalitate asko izateaz gain aukera ematen du dokumentuak entzuteko.
Testuak entzuteko baina, TTS (Test To Speach) edo testuak ahoskatzeko aplikazioa instalatuta edukitzeak eskatzen du. AhoTTS aplikazio librea instalatuta eta ondoren azalduko dudan bezala mugikorrean konfiguratuta testuak ahoskatzeko aukera izango dugu.
AhoTTS Google Playtik instala daiteke eta, instalatu ondoren, Android ezarpenetan > Ezarpen osagarriak > Hizkuntza eta idazketa > Testua-Hizketara outputa > Motor hobetsia"ren gainean -erne- bertan eta ez ezkerreko
engranajean AhoTTS aukeratu.
Hor, AhoTTS aukeratu
(baliteke funtzionatzeko mugikorra berrabiarazi behar izatea)
Bi aplikazioak instalatuta -eta Androiden TTSa konfiguratuta- aski dugu nahi dugun liburu, pdf, dokumentuan klikatu, Librera Readerrekin ireki eta pantailan klikatu aukerak ikusteko eta beheko aldean dokumentua entzuteko ikonoa klikatu.
Entzuteko aukerak konfiguratu dezakegu eta hasteko botoia klikatuko dugu.
Bideo txiki honetan ikus daiteke -behin aplikazioak instalatu eta konfiguratuta- nola aktibatu daitekeen dokumentu baten ahoskatzea:
Mariano Mendigatxa
Louis-Lucien Bonaparte printzearen laguntzailea izan zen
Erronkariko Uskararen ikerketan. Bidankozen jaioa eta nekazaria
ogibidez, hizkuntzarekiko berezko trebezia zuen. Herriko
eskolarena bestelako formakuntzarik ez izan arren, oso ongi hitz
egiten zuen uskaraz eta idazteko eta bere ama-hizkuntzera
itzulpenak egiteko erraztasuna zuen. Horrela egin zuen “Salmo quincuagésimo“rekin eta “Orreaga”
baladarekin. Azken hau Arturo Kanpionentzat itzuli zuen eta
1878an Euskara Aldizkarian argitaratu zen ( 74. eta 75.
orrialdeak).
25 urte zituenean Bonaparte
ezagutu zuen, euskararen lurraldera honek egin zuen 3. bidaian
Bidankozera iritsi zenean. 1867am, printzeak gerora bere
laguntzaile izango zirenei deitu zien Donibane Lohitzunera. Hara
joan zen Mendigatxa mando baten gainean. Bonaparte hil ondoren,
bidankoztarrak Resurreccion Maria Azkue ikerlariarekin jarri zen
harremanetan, eta berarekin lanean ibili ze 1902tik 1916ra,
garai horretan hainbat eskutitza helaraziz, non beste kontuen
artean, hainbat ipuin, esaera-zahar eta abesti aurki ditzakegu,
balio kalkulaezineko lekukotasunak izanik. Eskutitzetan Bidankozeko
bizimodu, istorio, legenda eta ohituren berri ematen du.
Fontes Linguae Vasconum-en loturan gutunak PDF formatuan daude. Liburu digitalean hobeto irakurri ahal izateko EPUB formatura bihurtu ditut. Deskargatzeko:
Foliate Linux sistemarako liburu elektronikoen irakurtzeko aplikazioa da. Aurreko mezu batean deskribatu nituen bere ezaugarri nagusiak, erabilera, ezarpenetako oinarrizko aukerak eta instalazioa.
Gaur bere posibilitateetan sakonduko dut ikusteko zailtasunak dituzten ikasleei begira (eta ikusmen nekatua dugun irakasleei begira).
Ikusteko zailtasunak dituzten pertsonek bere saioan Foliaten konfigurazioaren aukerak ezagutzea komeni da. Nik aukera batzuk komentatuko ditut baina ez norberak ebaluatu behar du zein komeni zaion. Menuan ditugu aukera guztiak:
Letra motaeta tamaina. Orokorrean letra txikia denean serif letrek, alegia bukaeretan dekorazioa dutenak, errazago irakurtzen omen dira. San serif -dekorazio gabeak- garbiagoak dira baina tamaina batetik aurrera komeni dira.
San serif eta serif
Irakurgarritasunari begira propio diseinatutako letra mota bat dago: Atkinson Hyperlegible. Mezu honetan azaldu nuen nola instalatu. Horrela ezarri eta ikusten da Foliaten:
Kaptura honetan ikusten da letra mota eta tamainaz gain pantailaren distira, lerroartea, marjinak eta zabalerak ere kontrola daitezke.
Unai Elorriagaren hitzak Atkinson Hiperlegible letran.
Itxura edo gaia. Irakurgarritasunari begira kontraste handiko itxurak erabiltzea komeni da.
Argia eta Negatiboa dira, berez kontraste handiena dutenak. Nire ustez atzeko plano iluna dutenek bista gutxiago nekatzen dute.
Menuko aurreratuetan ere erabaki dezakegu bi zutabeetan edo bakarrean ikustea. Eta ez luzatzeko, azkenik beste parametro garrantzitsu bat aztertuko dugu:
Testutik-hizketara. Ikusmen arazo larrietan eta ahoskatzea lantzeko ordenagailuari eskatzen ahal diogu testu irakurtzeko (TTS text-to-speach).
Baina horretarako TTS aplikazio bat gutxienez instalatu beharko dugu.
Bi TTS aplikazioak probatu ditut eta eSpeak NG da hoberen funtzionatzen duena euskara eta gazteleraren kasuan, nahiz eta ahotsa oso metalikoa izan. Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko terminalean agindu hau itsatsi:
sudo apt install espeak-ng
Ingelesezko testuak, ordea, hobeto irakurtzen ditu, nire ustez, Festival aplikazioa. Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko:
sudo apt install festival
Behin aplikazioa(k) instalatuta eta Foliateko hobespenetan hautatuta, erabiltzeko bi era daude: saguarekin pasarte bat hautatu, eskuin klik egin eta kaskoen ikonoan klikatua pasartea irakurriko du edo letra bat edo batzuk hautatu eta Irakurri ozen hemendik klikatu eta irakurriko du harik eta guk, beheko panelean, kaskoen ikonoan klikatu arte.
Etxeko itxialdiak harrapatu bazaitu paperezko literaturarik gabe eta ez baduzu ebook-liburu elektroniko edo tabletarik ordenagailua erabiltzen ahal duzu
Epub eta beste formatuko liburu digitalak ordenagailuan irakurtzeko hainbat aplikazio daude. Nire gustukoena Foliate da GNU/Linux aplikazio libre eta arina.
Ezaugarriak:
.epub, .mobi, .azw eta .azw3 formatuak irakurtzen ditu.
orri bateko edo biko ikuspegia eta orriak pasatzeko hainbat aukera.
hainbat itxura: argia, sepia, iluna, alderantzizkoa, solarizatuak...
Ikusteko arazoak dituzten pertsonentzat Foliateren konfigurazioek aukera interesgarriak eskaintzen ditu testua argiago irakurri ahal izateko edo, behar izanez gero, ordenagailuak berak testua ahotsa bihurtzeko. Azalpenak mezu honetan.
Aspalditik posible zen LibreOfficeren bidez pdf formatura esportatzea baina formatu hori liburu irakurgailuan irakurtzeko ez da oso egokia, besteak beste, orria ez delako egokitzen pantailara.
LibreOfficeren 6. bertsioak aurrerapen interesgarri bat ekarri du. Testuak epub formatura esportatzea. Haren bidez guk sortutako zein interneteko edo beste iturritako testua LibreOfficera itsatsi eta epub formatura pasatuta liburu digitala edo e-booka bihurtzen ahal dugu. Ondoren liburu irakurgailura pasa eta hor nahi dugun letra tamainan irakurriko dugu.
Adibidez ikusiko dugu Koldo Izagirrek prestatu eta atzo aurkeztu zuen ipuina.eus web orri berrian eskaintzen dituen edozein ipuina nola pasa liburu irakurgailura:
testua duen web orrira joan eta testua kopiatu
LibreOffice Writter ireki eta bertan kopiatutako testua itsatsi
Fitxategia > Esportatu honela > Esportatu EPUB gisa
liburu irakurgailua USBan konektatu eta epub fitxategia liburura kopiatu
Internetetik LibreOfficera eta EPUB esportatuta liburu irakurgailura
OHARRA:
Esportatzeko sistema honek ez omen ditu irudirik onartzen. Irudiak dituen testua esportatzeko LibreOfficeren Writter2ePub gehigarria instalatu behar da.
Behin instalatuta menuko Gehitu liburuak botoiaren bidez hautatu zure epub liburuak. Liburua irakurri, editatu, bihurtu ahal izango duzu, eta orain 3.0 bertsioarekin konpartitzen ahal duzu zure sare lokaleko beste ordenagailu, tablet, mugikorrekin. Horrek ematen dio, esate baterako, irakasleari ikasleekin bere liburutegia, edo liburu bakar bat, konpartitzeko eta ikasleek Interneteko nabigatzailearen bidez, aplikaziorik instalatu gabe, epub liburua irakurtzeko.
Horretarako:
1- Calibre duen ekipoan liburutegia konpartitu behar duzu: Konektatu/Konpartitu > Start Content Server
Ordenagailu horretan bertan probatzeko nabigatzailean idatzi helbide hau: localhost:8080 eta Calibre liburutegia ireki ahal izango duzu:
2- Beste ekipoetatik zure Calibreko liburutegia ikusteko sare lokal berean konektatuta egon behar dute kablez edo wifiz.
Calibrea duen ekipoarekin konektatzeko Calibrea duen ekipoaren IPa jakin behar dugu. Horretarako ekipo horren sistemaren erretiluko konexioaren ikonoan klikatu eta konexioaren informazioa eskatuko diogu eta IP helbidea begiratuko dugu:
Konektatu nahi duten ekipoetan (mahaigaineko, portatila, tableta, mugikorrean) Interneteko nabigatzailea ireki eta helbidearen leihatilan idatzi xx.xx.xx.xx:8080 non xx.xx.xx.xx Calibrea konpartitzen ari den ekipoaren IPa den. Horrela ekipo horren liburutegia ikusi eta nahi den liburua irakurri edo deskargatu daiteke.
Epub eta bestelako formatuko liburu digitalak irakurtzeko ebook gailua, tableta, smartphone handia edo ordenagailua erabil ditzakegu.Gailu eta sistema eragile guztietarako irakurgailuak badira.
Gaur komentatu nahi dudana, Calibre hain zuzen ere, ordenagailuetan erabiltzen da hainbat formatuko liburu digitalak irakurtzeko eta liburuen bilduma kudeatzeko, formatuak aldatzeko, editatzeko eta bestelako zereginetarako.
Calibre Linux, Windows eta Mac bertsioak ditu. Aurrerago azalduko dut nola instala daitekeen Linuxen.
Calibrearen berezitasuna liburuen kudeaketa da baian gaur lanak aparte lagata irakurgailuari (E-book viewer-ari) erreparatuko diot...
... eta, bereziki, bere hitzak hiztegian kontsultatzeko aukerari.
Testuan hitz bat ulertzen ez badugu aukera dugu -Internetera konektatuta bagaude- hitz horren lema -hitzaren erroa, deklinaziorik gabeko zatia- hautatu eta eskuin klik eginda hiztegian kontsultatzeko.
Kontsulta hori funtziona dezan Calibreri esan behar diogu zein hiztegi erabili. Ingeleserako Wordnik.com konfiguratuta du eta gaztelera eta euskararako wiktionary. Wiktionary Wikipediaren motore eta filosofia bera erabiltzen duen hiztegia da. Euskarazko bertsioak aurrera egiten ari da baina oraindik berde xamar dago. Alde horretatik une honetan funtzionalitate handia duen euskara-euskara online hiztegia bakarra (?) dugu: Harluxet hiztegi entziklopedikoa.
Nola lehenetsi Harluxet gure hiztegi bilaketetan.
1- Calibre irakurgailuaren ezarpenak ireki. Ezker aldeko ikonoen artean gurpil
horzdunak dituena.
2. Ezarpenetan Dictionaries fitxara joko dugu. Bertan web orri bat gehitzeko esango diogu: Add website. Bertan hizkuntzen artean euskara hautatuko dugu eta URL edo helbide hau itsatsiko dugu:
Aurrekoa eginda aski dugu testuan ulertzen ez dugun hitzaren lema hautatu, alegia hitzaren erroa deklinazioa hautatu gabe, eskuin klik egin eta agertzen diren aukeren artean Bilatu hiztegian klikatu edo zuzenean Ktrl+L egin eta Harluxetera joko du esanahi eta adibide bila azpiko irudian ikus daitekeenez.
Harluxet hiztegi entziklopedikoa denez hitza arruntez gain toki edo pertsonai famatuez ere egin dezakegu galde.
Calibre liburu digitalen gestorea Ubuntu eta antzeko GNU/Linuxetan instalatzeko software zentroan bilatuta egingo dugu edo terminalean hau itsatsita:
sudo apt install calibre
OHARRAK:
Harluxeten ordez nahiago baduzu Elhuyarren Zientzia eta Teknika Hiztegi Entziklopedikoa hau da jarri behar duzun helbidea:
https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/eu/{word}
Aholaben ahots sintesian oinarriturik Elhuyar-ek testuak irakurtzen dituen bi plugin garatu ditu Berritzegune Nagusiarentzat: bat Firefoxentzat eta bestea LibreOffice Writer-entzat. Biak erabili daitezke Linux, Mac zein Windows sistema duten ordenagailuetan -mugikor eta tabletetan ez-. Irisgarritasunari begira urrats handi bat, dudarik gabe.
Hauen helburua da ordenagailuan azaltzen eta prozesatzen diren ahalik eta testu gehienak irakurtzea.
Zer dira:
Firefox nabigatzailearentzat eta LibreOffice Writer testu prozesadorearentzat gehigarri edo hedapen bana dira. Hain zuzen testua esaldiz esaldi hartu Elhuyarren zerbitzari batera bidali eta horrek, ahots sintesiaren bidez sortutako audio fitxategia jaso eta erreproduzitzen dute. Horrela izanik, internetera konektatuta egon behar gara irakurleak bere lana egin dezan. Ahots sintesiaren teknologia TTS edo Text To Speech izenez ezagutzen da.
Norentzat:
Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, hala nola itsuak, gutxi ikusten dutenak, dislexikoak, gidariak...
Zer irakurtzen dute:
Firefoxen gehigarriak irakurtzen ditu, besteak beste:
web orriak, htlm formatuko dokumentuak alegia.
pdf dokumentuak (haren bidez irekita, noski)
LibreOffice Writer-en gehigarriak irakurtzen ditu, odt, doc, docx, rtf... eta beste hainbat testu formatu.
Liburu elektronikoak irakurtzeko hainbat aukera daude: bat da epub (edo dena delako) formatua duen fitxategia deskonprimatzea eta barruko html-ak Firefoxen bidez irakurtzea; beste aukera bat da https://cloudconvert.com moduko web baten bidez epub fitxategia txt edo pdf formatura bihurtzea.
Firefox eta LibreOffice software libreko aplikazioak dira, doakoak, eta Linux, Windows eta Mac OSen funtzionatzen dutenez hiru sistemetan erabil daiteke.
Nola deskargatzen dira:
Formulario honen bidez konpromisorik gabe eskatu eta postaz bidaliko dizkizute doan.
Nola instalatzen dira:
Bi fitxategi dira, bata xpi formatua duena Firefoxekin irekitzeko eta bestea, oxt formatua duena, LibreOfficerekin (niri 4. bertsioarekin ez dit funtzionatu, 5.rekin, ordea, bai). Zuzenean instalatzen ez badira begiratu web honetako pdf dokumentuan edo bideo-tutorialetan Joxik azaltzen dituen instalazio alternatiboak.
Firefoxen kontuan eduki behar dugu Irakurle digitala barra bat dela eta instalatu ondoren Firefoxi agindu behar diogula barra hori erakusteko. Horretarako helbide barraren ezker muturrean dagoen menura sartu (1) eta -ikusi beheko irudia- Pertsonalizatu sakatuko dugu (2), ondoren ikusteko barrak (3) eta EusTTS aukeratuko dugu (4).
Nola erabiltzen dira:
Hona hemen adibide bat LibreOfficen:
Azpiko irudian Firefoxen duen itxura:
Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu dutenei, bereziki Antigua-Luberri institutuko Maite Montero irakasleari ideia izan eta, temati, lortzeko bidea jarri duelako eta Elhuyarreko Igor Leturiari bere lana eta laguntzagatik.
Elhuyar-eko Saroi Jauregik Info7 irratian irakurle digitalaren berri eman du (entzun). Beste gehigarri interesgarriak Firefoxentzat. Beste gehigarri interesgarriak LibreOfficerentzat.
Badira gutxienez bi modu LibreOffice Writter testu prozesadoreko dokumentuak liburu elektronikoan (e-book) irakurtzeko: epub formatuan edo pdf formatuan.
Zertarako? dokumentu luzeak ordenagailuko pantailan irakurri beharrean hobeto irakurtzen dira liburu elektronikoan itzalean dagoen parkeko bankuan.
epub formatura.
Hau da modurik egokiena. Liburu elektronikorako formatua da eta aukera ematen digu letra handitu, txikitu, bertikalean edo horizontalean jartzeko. Testua pantailara egokitzen da beti.
Odt fitxategia bihurtzeko LibreOfficerako Writer2epub gehigarria edo hedapena instalatuko dugu LibreOfficen. Estekan klikatu eta LibreOffice-rekin irekitzeko esango diogu. Instalatu ondoren LibreOffice itxi eta bihurtu nahi dugun dokumentua irekiko dugu. Testu prozesadorearen barra estandarraren ezkerreko aldean gehigarriaren botoiak ikusiko ditugu.
Lehenengoa klikatu eta dokumentuaren fitxa beteko dugu. Bertan titulua, egilea, hizkuntza... jarriko dugu eta lehenengo orri bezala irudiren bat jarri nahi badugu eskuin aldean hautatu dezakegu. Ok sakatu eta...
jatorrizko dokumentua dagoen tokian agertuko da epub formatukoa. Ordenagailuan ikusi nahi badugu Firefoxentzako EPUBReader erabil dezakegu.
Liburu elektronikora kopiatu eta parkera irakurtzera.
Bihurketa bukatuta puska batean erabili behar ez baduzu menuko Tresnak > Hedapenen kudeatzailean desgaitu dezakezu gehigarria barra estandarretik kentzeko.
Irudiak mantentzen dira. Taulak ez dira ondo ikusten eta dokumentua oso konplexua bada edota hainbat prozesadoretan egindako puskak baditu baliteke ez funtzionatzea.
Horrelako kasuetan B plana izan daiteke...
pdf formatura.
Ez da hain egokia zeren eta formatua ezin da egokitu liburu elektronikoaren pantailara. Baina abantaila bezala kontsidera daiteke irudiak, taulak eta abar eta formatuak ordenagailuko modu berean ikusiko dugula.
Ordenagailua eta liburu elektronikoaren pantailen aldeak kontuan izanda, pdf bihurtu baino lehen dokumentua egokituko dugu liburuaren pantaila txikira. Horretarako LibreOfficen jarriko dugu (balioak indikatiboak dira):
Orrialde formatuan:
Formatua > Orrialdea DIN A5
Kendu goi-buruak eta orri-oinak
Ezker-eskuin marjinak 0,5 cm Paragrafo formatuan
Lerroartea 1
Letra tamaina 18
Hainbat liburu saltzaile liburu elektronikoak DRM sistemaz ixteko aukera hartu dute. Internetez erostean ascm formatuko deskargatzen da eta fitxategi hori, Adobez itxitakoa, Adobe Digital Editions (ADE) aplikazioarekin ireki behar da epub fitxategia deskargatzeko.
ADE aplikazio hori bakarrik Windows eta Mac-erako funtzionatzen du. Zuk Linux, Android, Chrome OS edo beste sistema bat erabiltzen baduzu ba izorra hadi!, erosketa ederra egin duzu!.
Tira. Linuxen Wine-k, Windows-en aplikazioak exekutatu ahal izateko programak, lagun gaitzake txapuza konpontzen. Nola:
Instalatu Wine terminalean hau idatzita (kontuan izan Wineren instalazioak Google Earth desintalatzen duela, baina Wine instalatu ondoren instaladezakezu Google Earth ostera ere): sudo apt-get install wine
Eta segi bideotutorial honen jarribideak: https://www.youtube.com/watch?v=oJoRCAbUhms
Lortu baduzu epub fitxategia kontuan izan ezin diozula pasa inori, paperezko liburuarekin egiten zenuen bezala, zeren bakarrik konektatuta zenuen ebook-ean irakurri daiteke.
Eta horrelako erosketa bat egin baino lehen pentsatu liburuaren torrent edo magnet esteka jaitsita minutu batean deskarga dezakezula liburua dohainik, edo liburuak ixten ez dituzten argitaletxeak daudela, Susa bezala
Etxean egunkaria jasotzerik ez baduzu edo etxeko norbaitek eramaten badu ondoko bideo-tutorialean ikus dezakezu Berria-ren albisteak (edo beste egunkari batekoak) eta blogetako eguneko mezuak nola deskargatu eta liburu elektronikora pasa bertatik irakurtzeko.
1. zatia: Calibre erabiliaz albisteak eta blogetako mezuak nola eskuratu.
Programaketa behin bakarrik egiten da eta goizero egin behar duguna da programatutakoa deskargatu.
2. zatia: sortutako fitxategia liburu elektronikora pasatzen.
Calibrek Linux, Windows zein OS X bertsioak ditu deskargatzeko. Ubuntun instalatzeko aski dugu software-zentrotik deskargatzea edo terminal batean hau itsastea:
Ordenagailua ez da gailurik egokiena liburu elektronikoak irakurtzeko, netbook-en kasuan ere gailuaren pisua eta argitasuna ez da egokiena baina gauzatxo batzuk kontuan hartua ezin da baztertu aukera erabilera intentsiboa ez bada.
Linuxen badira aplikazioak epub eta antzeko formatuak dituzten liburu edo dokumentuak irakurtzeko, besteak beste FBReader baina aplikaziorik instalatu gabe Firefox gehigarri baten bidez epub-ak irakurtzek aukera ematen digu: EpubReader.
Gehigarria instalatzeko egin klik hemen. Berrabiarazi eta prest. Hemendik aurrera web batek epub liburu bat deskargatzeko aukera ematen badizu EpubReaderrek irekiko du eta dagoeneko deskargatuta baduzu egin Fitxategia > Ireki fitxategia eta arakatu delako fitxategia. Liburu bat irekitzen denean katalogora sartzen du. Katalogoa ikusteko egin Tresnak > Epub Catalogo:
Liburu bat irekitzean ezkerreko panelean kapitulu edo atalak ageri dira eta eskuinean testua. Alboko panela ezkuta daiteke. Beheko barra batean ageri dira besteak beste konfiguratu, nabigatu eta ikusteko aukerak.
Kasu honetan nik atzeko planoa beltza eta letra zuria jarri dut. Kontuan izan behar dugu liburua edo dokumentua pdf formatuan baino hobeto irakurtzen dela epub formatuan zeren eta letra handitzeko aukera ematen du -pdf formatuan dokumentu osoa handitu behar da-. Pdf formatutik Epub formatura pasatzeko Calibre aplikazioa erabil dezakegu.
Hobeto ikusteko F11 sakatzea komeni da pantaila osoan ikusteko.