bideo-konferentzia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
bideo-konferentzia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/22

BigBlueButton-en aurrerapenak

 Bideo-konferentziak egiteko aplikazio libreen artean Jitsi eta BigBlueButton dira ezagunenak. Lehenengoa sinple eta arina, bigarrena eskolak emateko funtzionalitatez hobeto hornitua.

BigBlueButton mezu hau idazteko unean 2.5-alpha bertsioan badago ere martxan ikus daitezkeen aurrerapenak 2.4 bertsioarenak dira. Horien artean hauek nabarmendu daitezke:

  • Azpitaldeen gelei sortu ahala ematen ahal zaie izena.
  • Kudeatzaileak martxan dauden azpitaldeen gelen iraupena luzatu dezake.
  • Pantaila partekatzean murriztu da ispilu-efektua.

 

  • ikusleentzat partekatutako kanpoko bideoen ikuspegia hobetu da.
  • Grabaketaren txat publikoak inkesten emaitzak eta partekatutako bideoen estekak biltzen ditu.
  • Txat publikoan moderatzailearen mezuak nabarmenduak ikusten dira.
  • Erabiltzaileren bat irteten denean alerta bat ikusten da.
  • Kudeatzaileak bere ezarpenetan zehaztu dezake ikasleen pantailaren diseinua.

 

  •  Erabiltzaileek euren web-kameren atzeko planoa lausotu dezakete edo atzeko plano birtual bat ezar dezakete.

Atzeko plano lausotu daiteke edo birtual bat ezarri.
  • Saio hasita ere edozein unean aldatzen ahal dira mikrofonoak (kaskoena, web kamerarena...) edo bozgorailuak.


 

Informazio gehiago ingelesez azken bertsioei buruz:

2.4 

2.5 

2020/05/23

Nola erabili daitekeen mugikorra web-kamera moduan Linuxen

Telelaneko garai hauetan zenbaiti bideo-konferentzia egin behar eta web kamerarik ez eta dendetan agortuta.

Mezu honetan ikusiko dugu Linuxen nola erabili daitekeen telefono mugikorra web-kamera moduan.

Horretarako behar da ordenagailua eta mugikorra sare berean egotea, hau da mugikorra wifian konektatuta egon behar du.

Mugikorrean Android Play Storetik edo IOSean AppStoretik Dev47App aplikazioa instalatu behar da.

Ordenagailuan bezero aplikazioa instalatu behar dugu: http://www.dev47apps.com/ orrira joan eta ordenagailuan duzun sistemari dagokion esteka sakatu, Linuxen kasuan Download Linux Client sakatu eta, ondoren, Install sakatu. Terminala ireki  (Ctrl+Alt+T) eta bigarren puntuko agindua itsatsi.
Gcc edo make ez baduzu instalatu sudo apt install gcc edo sudo apt install make sartuta. Hirugarren puntuko hiru aginduak hurrenez hurren exekutatu eta laugarren puntuko agindua sartuta egiaztatu instalazioa ondo joan dela. v4l2loopback_dc agertu behar da.
Prest erabiltzeko.

Nola erabili:
Mugikorrean ikonoa duen Droidcam bilatu eta sakatu. Horrelako pantaila bat irekiko zaizu:


Kokatu mugikorraren atzeko kamera zuri begira.

Ordenagailuan, terminalean idatzi:

droidcam-cli <IP> <ataka>

Irudiko kasuan izango zen:
droidcam-cli 192.168.1.173 4747 

Hori eginda ordenagailuak zure mugikorraren kameraren bideo-irudiak hartzen hasten da.
Sartu Jitsi.org edo nahi duzun bideo-konferentzian eta eskatuko dizu baimena zure kamera erabiltzeko. Kameraren izena Droidcam izango da. Onartu eta kito.



Droidcam-cli komandoa eta parametroak ez gogoratu behar izateko Aplikazioen menuan sortzen ahal duzu lasterbide bat komando horrekin. Are gehiago zure ordenagailuko erabiltzaile guztiek erabili behar badute sortzen ahal duzu lasterbide bat denentzat. Horretarako terminalean itsatsi:
sudo gedit /usr/share/appications/droidcam.desktop
eta irekitzen den fitxategian itsatsi azpiko testua <ip> eta <ataka> testuen ordez zure mugikorrak emandako datuak sartuta.


[Desktop Entry]
Version=1.0
Type=Application
Terminal=false
Name=DroidCam
Exec=droidcam-cli <IP> <ataka>
Comment=Erabili zure mugikorra haririk gabeko web kamera moduan!
Icon=droidcam
Categories=GNOME;GTK;Video;
Bideo konferentzian erabiltzeaz gain VLCrekin ere erabiltzen ahal duzu. Horretarako egin Multimedia > Ireki kaptura gailua eta bertan bideo-gailuaren izenan aukeratu /dev/video0 eta Erreproduzitu.

2020/04/15

Xournal++ bideo-tutorialak, bideo-konferentziak eta PDFak editatzeko aplikazioa

Xournal++  C++ eta GTK3 bidez idatzitako irudiak editatzeko aplikazio libre eta multiplataforma (GNU/Linux, Windows, MacOS). Xournal zaharra baino dezente hobeto funtzionatzen du.
Irekitzen dugunean antzinako koaderno baten itxura duen interfaze bat ikusiko dugu. Baina horrek ez gaitu tronpatu behar. Xournal++ ikasleentzat baino irakasleentzako tresna da.

Zein dira, nire ustez, bere funtzionalitate nagusiak:
  • Bideo-tutorialak eta bideo-eskolak ematea.
  • PDF dokumentuen gaineko edizioa, batez ere argazki motako PDFen kasuan (EAEko Hezkuntzak hainbeste maite dituenak).
Erabilera desberdinak direnez, bakoitzak bere aldetik komentatuko dut.
Lehenengo kasuan Xounal++ erabili daiteke arbela zuri moduan haren gainean idazteko arkatzez edo forma geometrikoen bidez. Erabilera hau, nire ustean, bereziki interesgarria da matematika, fisika, kimika teknologia arloetan non aritmetika, formulak, grafikoen zirriborroak... asko erabiltzen diren.





Orri zuria gehien bat bideo-tutorialak edo ikasleekin bideo-konferentziak egiteko erabiliko dugu. Bideo-tutorialak egiteko aplikazioak eta bideo-konferentzia gehienek ez dute arbelik baina pantaila erakusteko edo partekatzeko aukera ematen dute. Offline aplikazioa denez online arbelek baino azkarrago eta arazo gutxiago emango digu.

Horretarako aplikazioak hainbat atzeko plano ditu: zuri hutsa, lerroduna, karratuduna, sareta, pentagrama...



eta hainbat tresna: arkatza, ezabagailua, nabarmengailua, irudiak eta testua txertatzeko tresnak.

Tex notazioa (Tex aplikazio bat instalatzea eskatzen du) erabili daiteke formulak idazteko (Ikus Tex notazioa Wikipedian).



Horrelakoetan ondo etortzen da tableta grafikoa arkatza saguaren bidez baino hobeto mugitzen baitu (animazioa sagua erabiliz egin du, bistan da).



Bigarren funtzionalitate da orri zuria editatu beharrean irudi bat edo PDF baten gainean editatzea.


Irudi baten gainean editatzeko orri zurian irudia txertatuko dugu eta PDF baten gainean editatzeko egingo dugu: Fitxategia > PDF oharpena eta PDF fitxategia kargatuko dugu, haren gainean nabarmentzeak, oharrak eta abar egin eta gero oharrak dituen PDFa esportatuko dugu. Hau bereziki praktikoa da argazki moduko PDFetan.

Txertatutako irudi baten gaineko edizioa

Irudi motako PDF baten gaineko edizioa

 

Instalazioa

Azaleko deskripzio honek interesa ireki badizu kontuan izan GNU/Linux, Windows eta Mac bertsioak daudela eta aplikazioaren Github-orrian azaltzen da nola instalatu edo deskargatu.

1.1 bertsioa euskaraz dago baina aurrekoa instalatu baduzu  bada jar dezakezu euskaraz jar dezakezu xournalpp.mo fitxategia deskargatuta eta, Linuxen, fitxategia dagoen karpetan terminalean hau jarrita:

sudo cp xournalpp.mo /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES



Oharrak:

  • Multiclass monitor interaktiboarekin erabili nahi badugu ezarpenetan parametro bat aldatu behar dugu ondo funtzionatzeko. Editatu > Hobespenak > Sarreren sistema eta bertan Touch Devide detektatzen du eta proposatzen du ukipen-pantaila moduan erabiltzea eta aukeratu behar da sagua moduan.

Bestetik kontuan izan behar dugu Multiclassen Xournal++eko azpi-menuek ez dutela funtzionatzen ukitzean. Sagua erabili behar dugu.


Mezu honetan aplikazioaren itxuraren gaineko iradokizun batzuk, batez ere interfaze iluna erabiltzen duzuenontzat.


  • 2020ko apirilaren 20tik euskaraz dago Librezale elkarteari esker.


Beste aplikazio interesgarriak GNU/Linuxerako

2019/04/14

BigBlueButton: ikasteko eta bilerak egiteko bideo-konferentzia Moodle plataforman.

BigBlueButton (BBB) software libreko web-konferentzia sistema da. Web bidez funtzionatzen du eta euskaraz badaki (nabigatzailea euskaraz konfiguratuta baduzu horrela agertuko zaizu).


2007an sortu zuten Kanadako Carleton unibertsitatean eta bi lagunen arteko bideo-konferentzietan erabili badaiteke ere bere funtzionalitateek bereziki interesgarria egin dute bileretarako eta klase zein aurkezpen publikoetarako.




BigBluebutton-en funtzionalitateak

Hiru rol daude BBBn: moderatzailea, aurkezlea eta ikuslea. 

Moderatzailea saioa sortzen duen erabiltzailea da -usu irakaslea-. Saioa sortzean moderatzaileak aurkezle rola du baina -tarte baterako- aurkezle rol hori beste parte hartzaile bati -adibidez ikasle bati- uzten ahal dio.

Moderatzaileak zer egin dezake?
Moderatzaile gisa:

  • partaideak onartu (banaka, denak batera edo pasahitzaren bidez).
  • denak zein banaka isilarazi
  • partaide bat, behar izanez gero, bileratik egotzi.
  • partaideen zerrenda deskargatu.
  • partaide bati moderatzaile rola eman.
  • testu partekatua hainbat formatutan deskargatu.
  • azpitituluak jarri.
  • banatze azpitaldeak sortu.
  • bilera bukatu 
  • saioa grabatu, osorik edo parte bat.

Moderatzaileak, berez, aurkezle rola du eta aurkezle gisa:

  • Arbel zurian idatzi eta partekatu
  • Aurkezpenak edo bestelako pdf dokumentuak kargatu, erakutsi, haien gainean marraztu edo idatzi eta beste partaideekin dokumentua partekatu.
  • Bere pantaila partekatu: mahaigain osoa edo aplikazio zehatz bat.
  • Unean bertan erantzuteko inkestak diseinatu eta aktibatu.

Ikusleak zer egin dezake? Ikuslearen lana izan daiteke pasiboa edo guztiz parte-hartzailea bere jarrera eta moderatzaileak ematen dizkion baimenen arabera posible du:

  • Azalpenak ikusi eta entzun, aplikazioaren leihoak kontrolatuz. Hau da erabiltzaile bakoitzak kontrolatzen du zein leiho eta zein tamainan ikusi.
  • Txatean parte hartu: publikoa zein pribatua irakaslearekin edo beste ikasleekin.
  • Bere egoera adierazi ikonoen bidez, esate baterako eskua altxatu parte hartzea eskatzeko.
  • Ohar partekatuetan idatzi.
  • Inkestetan bozkatu.
  • Moderatzaileak aurkezle rola ematen badio aurkezlearen funtzio guztiak erabiltzen ahal ditu. 
 Konferentzia baten kasuan moderatzaileak konferentzia emaileari aurkezle rola eman diezaioke hizlariari eta moderazio lanaz arduratu: partaideak onartu, txatari zein partaideen ikonoei arreta eman, mikrofono irekiak isilarazi, dokumentu partekatuan akta egin, azpitituluak jarri, partaideen zerrenda deskargatu, grabazioa martxan jarri eta kontrolatu...
 



Moodle URL moduan gehitu daiteke ikastaro batean baina plugin moduan integratzen ahal da. Kasu horretan komeni da berariazko zerbitzari bat jartzea edo kontratatzea zeren eta pluginak probako zerbitzu mugatua eskaintzen du. Moodlen plugin bidez integratuz gero ikusleak -ikasleak- ez dira identifikatu behar zeren eta Moodlek identifikatzen ditu.

Nola sortu bilera-gela bat Moodle plataforman

Ohiko bideo-konferentzia sistemetan jendea elkartzeko deitu egin behar zaio edo URL bat bidali jendea bilerara sartzeko. Moodlen, ordea, BigBlueButton plugina instalatuta baduzu -EAEko Hezkuntza Saileko Moodlen tamalez ez dago- bilera-gela sortzen ahal dugu eta nahi dugun guztietan erabili. Bilera gela sortzen den ikastaroak markatuko du zein diren irakasle eta ikasleak edota ikastaroan bisitariak sar daitezkeen.


Zeregina prestatzean jartzen ahal diogu eguna eta ordu zehatz bat  edo zehaztu gabe utzi behar den unean erabili ahal izateko. Bestetik, definitzen ahal ditugu erabiltzaileen rolak.

Nola sortu bilera edo konferentzia gela Moodlen:



 Emanaldiak grabatzeko ezarpenetan aktibatu behar duzu grabazioa. Grabazioa emanaldian bertan martxan jarri eta gelditu (aukera dago etenak egiteko). Bukatzean ez da ezer egin behar. Minutu batzuk pasata grabazioa ikusteko aukera agertuko da BigBlueButton duzun toki berean.


 Hori bai komeni da probatzea serio hasi aurretik konprobatzeko diapositibaz gain mahaigainaren grabazioa, arbelaren oharrak, webkamera...grabatzen ote dituen. OBS Studio, Vokoscreen-NG edo bestelako pantailaren bideo-grabazioa egiten duen aplikazioa izan daiteke B plana.

BigBlueButton zerbitzariak

EAEko ikastetxe publiko batean lan egiten baduzu edo BigBlueButton plugina ez duen beste Moodle batean aritzen bazara zure erakundetik kanpoko zerbitzari batean dagoen BBB erabiltzen ahal duzu. Partaide asko batera erabili behar badute komeni da pagoko zerbitzu bat kontratatzea baina doako hainbat zerbitzari daude oro har nahiko ondo funtzionatzen dutenak. Librezale taldeak komunikazio eta elkarlanerako tresnak izeneko orrian hauek aipatzen ditu: demo.bigbluebutton.org, bbb.jitsi.rocks, bbb.nzoss.nz, edu.cisti.org, meet.nixnet.services, senfcall.de, demo.meet.coop, bbb-1.wsweet.cloud, bbb-2.wsweet.cloud, bbb-3.wsweet.cloud.
Zerbitzu hauek erabiltzeko erregistratu egin behar da, batzuetan iraupena edo parte-hartzaile kopurua mugatua dute edota saioak ezin dira grabatu.
Horrelako zerbitzuek erregistratzen denari gela bat edo gehiago esleitzen diote. Moodle erabiltzen baduzu aski duzu gela horri URL bidez eskaintzea.