arbel digitala etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
arbel digitala etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/25

Xournal++: nola kopiatu Tex formula edo ekuazioak

Xournal++ arbela aplikazioan formula matematikoak edo kimikoak arkatza tresnaren bidez idazten ohi dira.

Dena den, formulak argiago ikusteko Tex tresna erabili ahal dugu horretarako behar den softwarea gehituz gero*. 

 Formula edo ekuazioak idazteko TeX notazioa erabili behar da. Wikipediako Tex orria kontsultatu daiteke.


Harira!. Kontua da ebazpenetan ohikoa dela ekuazioak urratsez urrats ebaztea eta horretarako inportantea dela jakitea ekuazioa nola kopiatu berriro dena idatzi behar ez izateko: behin ekuazioa idatzita Ados egingo dugu onartzeko. Ondoren tamaina eta kokapena egokituko dugu (ekuazioa hautatuta ez badago, erakusle forma duen objektua hautatu tresnaren bidez hautatuko dugu) eta eskuin klik eginda kopiatuko da. Ondoren, aski da kopia behar den tokira arrastatu eta klik bikoitza ekuazioa aldatzea.

Ikus dezagun Peek bidez grabatutako animazio honetan:




* Linux-en administratzaile gisa terminala ireki hau itsatsi:  

sudo apt-get install texlive-latex-extra

2022/02/13

Excalidraw.com lineako arbela funtzionala, ederra, librea, partekagarria eta orain euskaraz.

 

Nola jarri martxan:

https://excalidraw.com/

Nola ipini interfazea euskaraz: ezkerreko beheko iskinean hautatu daiteke

Lizentzia librea: MIT license

Funtzionalitateak

  • marrazteko tresnak

    Giltzarrapoa markatuta tresna gogoratzen du. 
Tresnak bektorialak dira, beraz, kurtsorearekin dimentsioa eta tokia alda daitezke. Era berean, planoan aurrera eta atzera eraman daitezke.
Tresna bakoitzak zenbaki bat du asoziatua eta laster-tekla gisa funtzionatzen du, sinez praktikoa.
 
  • oihalaren aukerak

 
Atzeko plano edo oihalaren kolorea ezar daiteke eta, ilargian klikatuz gero, gai ilunera alda daiteke.



  • tresnen aukerak




    Marraren kolorea

    Atzeko planoaren kolorea

Atzeko planoaren testura.

Marren estiloak eta lodierak.

Ertzen estiloa.

Opakutasuna.

Planoko posizioa.
Bikoiztu, ezabatu, estekatu URLa.

  • ikonoak edo formak inportatu eta irudiak txertatu


Githuben gordetako ikono eta formak inportatu daitezke edota irudia, mapak eta abar fitxategi bidez txertatu.





  • gorde, esportatu

     Arbela gorde daiteke lokalean ondoren berriro editatzeko edo png zein svg formatuko irudi gisa. Ordainduz gero hodeia eskaintzen da.

  • elkarlanean aritu


    Arbela URL bidez parteka daiteke.


    Erabilera

     
  •  arbel digitala
  •  diagramak
  •  bideo-konferentziako arbela
  •  ideia jasak 

Mahaigainerako

Lineako hainbat arbel probatuta Excalidraw da, nire ustez, interesgarriena funtzionalitate, estetika eta hizkuntzagatik. Diagramak egiteko ere Draw.io baino errazago. Luberri eta Linux Mint-en webgunea aplikazioen antza ematen ahal zaio (Aplikazioak > Internet > Web aplikazioak eta bertan URLa jarri).

Edozein modutan, ahal izanez gero, offline Xournal++ hobesten dut, izan ere, arbela moduan antzeko funtzionalitateak ditu baina PDFak editatzeko aukera era badu.

Nola sortu lasterbide Androiden

  1. Mugikorrean edo tabletan Excalidraw-ri lasterbide bat egiteko urratsak:
  2. Play Storen instalatu Shortcut Creator app-a.
  3. Ireki Firefox eta bertan excalidraw.com
  4. Excalidraw-ren menua ireki (sandwicha beheko ezker aldean), jarri Hizkuntza: euskara eta klikatu menua ixteko. 
  5. Firefoxen menua ireki (hiru puntutxoak), bidaltzeko ikonoa klikatu:

 


eta hautatu Shortcut-en ikonoa:  Ondoren Excalidraw-ren logoa hautatu eta + (plus) sakatu lasterbidea sortzeko.
 
 
 Androiden erabiltzean kontuan eduki behar da menuak eta tresnen aukerak zabaltzean hauek marrazteko zona hartzen dutela, behin aukera eginda, berriz sakatu behar da menua edo paleta (tresnen aukerak) hauek minimizatzeko.



2021/04/22

Nola konektatu ordenagailuaren DVI-D irteera eta VGA sarrera duen pantaila edo arbel bat

 Ikastetxeetan dauden monitore eta arbela gehienek bideo sarrera bakarra dute eta VGA tankerakoa da.

VGA emea konektorea (in Wikipedia)

 Dorre motako ikastetxeko hainbat ordenagailutan bi bideo irteera daude VGA eta DVI-D.


Zenbait ikastetxetan multiplexadore baten bidez bikoizten dute VGA konektoretik ateratzen den seinalea baina niri iruditzen zait egokiagoa dela aprobetxatzea bi irteerak. Horretarako DVI-D > VGA egokigailu edo adaptadore bat beharko dugu.

Puntu honetan bi gauza kontuan izan behar dugu:

  • DVI oinarrizko bi konektore mota daude: 
    • DVI-I: beheko irtengunearen inguruan lau pin dituena. Konexio mota honek seinale analogikoa eta digitala bidaltzen du. 
    • DVI-D: ohikoa ikastetxeetan, irtengunea inguruan pin-ik ez duena. Konexio mota honek soilik seinale digitala bidaltzen du.

Goitik hasita laugarrena da ohiko DVI-D 
(in Wikipedia)

 

  • DVI-D > VGA  bi konektore mota daude:
 
    • DVI-D > VGA egokigailu pasiboa
       Pasiboa. Ez du seinale digitala analogikoa bihurtzen. Mota hau oso merkea da baina ez digu balio. Ez du funtzionatzen.
 
    • Aktiboa. Seinale digitala analogikoa bihurtzen du. Hori da VGA hargailuak hartzen duena. Pixka bat garestiagoak dira (9€ inguru) baina horiek dira funtzionatzen dutenak. 

 

Erreferentzia bat ematearren nik UGREEN markakoa probatu dut eta primeran funtzionatu du.

UGREEN markako DVI-D VGA egokigailu aktiboa

Egokigailuaren USB elikadura
Konektore bat proiektagailu batera badoa badirudi hobe dela DVI-D konexioa proiektagailuari ematea eta jatorrizko VGA uztea monitorerako. Ikastetxe bateko proba batean proiektagailua jatorrizko VGAra konektatuta 640x480 bereizmena baino handiagoa ezin izan zuen eman. DVI-Dra konektatuta proiektagailuaren Full HD erabili ahal izan da, eta pantailarena ere bai.

Egokigailuaren atzeko aldean mikro-USB hargailu bat du, izan ere, hainbat kasutan bihurketa egiteko energia gehigarria behar du. Kasu horietan USB ataka batean konektatu beharko genuke. Nik egin dudan proban ez da beharrezkoa izan.

 

Ordenagailuaren bi bideo-irteera erabilita bi pantailak detektatuko ditu eta modu ispilatua erabili ahal izango dugu edo bakoitza bere aldetik.


2021/04/16

Nola instalatu Promethean arbelen softwarea Luberri 20.04n

 Luberri 20.04 (zein Ubuntu 20.04 edo deribatua) duen ordenagailua


Promethean arbel interaktibo bati konektatuta baldin baduzu hauek dira eman behar diren pausuak arbelaren kontrolatzaileak, tresnak eta ActiveInspire aplikazioa instalatzeko:

1- Joan google drive honetara: https://drive.google.com/drive/folders/1rImDYEevRXhjVXD9ORMN67u32OVXmG_q?usp=sharing

eta deskargatu bertako fitxategiak ordenagailuko karpeta batera (hainbat ordenagailutan egin behar baduzu agian komeni zaizu USB batera deskargatzea eta hortik pasatzea ordenagailuetara).

2- Deskarga egin duzun karpetan terminala ireki,(eskuin klik eta Ireki terminalean) eta installActivBoard.sh fitxategiari exekutatzeko baimena emango diogu: 

chmod +x installActivBoard.sh

eta, ondoren, scripta exekutatuko dugu:

sudo ./installActivBoard.sh

3- Behin instalazioa bukatzen duenean berrabiarazi ordenagailua. Arbelaren interaktibitatea funtzionatuko du. Ondo kalibratuta ez badago panelean agertzen zaizun Promethean ikonoan klikatu eta kalibratu.

4- Arbelean idazteko eta PDF editatzeko Xournal++ erabili dezakezu. Horren ordez Promethean-en  ActivInspire erabili ahal izateko, lehenengo aldia administratzaile gisa zaudela terminal batean exekutatu:

sudo activinspire

Lehengo abiatze honetan arbelaren serie zenbakia erregistratuko du. Hortik aurrera edozein erabiltzailek erabili ahal izango du menutik abiatuta.


Oharrak:

  • Instalazio hau ez da ofiziala, Didier Severin izeneko erabiltzaileak prestatu du.
  • Egin dudan proban dena joan da ongi salbuespen pare batekin: batetik zerbait hautatu ondoren laster-menua agertzeko (eskuin-klikaren parekoa) sakatuta mantendu behar omen da baina niri ez dit funtzionatu. LibreOfficeko menuak bai baina azpimenuek ez dute arbelarekin funtzionatzen (uste dut aurreko bertsioekin ere gertatzen zela).
  • Erabiltzaileentzat interesgarria izan daiteke Xounal++ eta Onboard teklatu birtuala aplikazioak panelera gehitzea azkarrago abiatzeko.
  • Probatu ondoren zerbait komentatu nahi baduzu idatzi bertan iruzkin bat edo mezu bat bidali luberri abildua framalistes.org helbidera.

2020/03/11

Openboard, nola grabatu zure klasea

Openboard arbel digitalerako aplikazioa da. Aplikazioa librea da eta euskaraz dago. Azalpen edo klase bat grabatzen ahal duzu arbelean edo zure ordenagailuan ikasleek azalpenaren bideoa nahi dutenean ikusteko. Instalazioa egin daiteke deskarga bidez. Ubuntu 18.04rako kontsultatu hemen.



Behin Openboard martxan, grabazioa aktibatzeko menu nagusian (1) Podcast aukeratuko dugu (2) eta leihatila txiki bat irekiko da (3) non grabazioaren ezarpenak, iraupena eta aktibatzeko eta gelditzeko botoia agertzen den. Audioa hartzeko komeni da mikrofono bat erabiltzea.



Grabatuko da erabiltzen duzun arbelaren area mp4 formatuan eta gordeko da mahaigainean. Hortik nahi dugun karpeta eraman dezakegu eta Moodle edo bestelako sistemaren bidez partekatzen ahal dugu.

Grabazioa egiteko ez duzu arbel digitalik behar, ordenagailuan bertan egin dezakegu. Kasu horretan, arbelean arkatza erabili behar baduzu interesgarria izan daiteke tableta digital bat erabiltzea.

Arkatzaren erabilera pantaila hutsean.


Gogoan izan Openboard-ek automatikoki gordetzen dituela pantailak eta menuko Dokumentuak klikatuta aukera dugu pdf dokumentuak eta irudiak kargatzea, esate baterako guk sortutako aurkezpenak behin pdf bihurtu ondoren. Kargatutako dokumentu hauetan arkatza, nabarmentzeko tresna eta abar erabili dezakegu.

PDF dokumentua inportatu, ireki eta haren gainean editatu




2019/10/21

Nola konektatu Luberri bat Multiclass monitore interaktiboan

(2020/2/4ean eguneratua)
 

Luberri duen ordenagailu bat Multiclass monitore interaktibo batean konektatzeko behar dugu:
  • VGA + audio edo HDMI kable bat
  • B motako USB kable bat (inprimagailu lokalak konektatzeko erabiltzen direnetako bat).
VGA eta HDMI sarrera bakoitzak bere bikotea den USB touch sarrera bat du. Kutxakoak parekatuta daude. Aldatuz gero probatu behar dugu zein den parekatzea.
Ubuntu 14.04rako kontrolatzaile bat instalatu behar da baina 16.04tik aurrera   ez da kontrolatzailerik instalatu behar. Badirudi Linuxen kernelean integratu dutela.

Oharrak:
  • Open Sankore arbel aplikazioan ukimena ez du funtzionatzen, bai ordea bere ondorengoa den OpenBoard-en.
  • Luberriren ohiko interfazea den Gnome Flashback-Metacityn menuak bai baina hainbat azpimenuk ez dio erantzuten ukimenari. Hori dela eta gomendatzen dut monitore hauetan Ubunturen ohiko interfazea den Gnome Shell erabiltzea. Interfaze honetan monitoreak hobe erantzuten du. Horretarako saioa hasteko pantailan izenaren ondoan dagoen Gnomeren ikurrean saguarekin (pantaila horretan touchpad-ak ez dabil ongi) klika eta aukeran dauden hiru interfazeen artean Ubuntu aukeratzea. Erabiltzaile guztiek hori egin behar ez izateko administratzaileak Lightdm-ren ezarpenak alda dezake terminalean hau idatzi:
sudo gedit /usr/share/lightdm/lightdm.conf.d/50-ubuntu.conf
Eta irekitzen den fitxategian user-session=gnome-flashback-metacity jartzen duen tokian user-session=ubuntu jarri eta gorde.
  • Ubuntu Shell interfazeari Luberri klasikoaren itxura eman nahi badiozu mezu honen jarraibideak segi. Instalazioak behin bakarrik egin behar dira baina erabiltzaile bakoitzak bere ezarpenak moldatu behar ditu.
Oharra: edozein interfazean dela LibreOfficeren menuak bai baina azpimenuek ez diote ukimenari erantzuten (Promethean arbeletan gauza bera gertatzen da).

Irungo Berritzegunean egindako instalazioa:


Jarri dugun ordenagailua Hidetec bat txartel grafika duena HDMIz konektatuta zeren eta HPak VGA bidez ez zuen ematen monitoreak duen 1920x1080 bereizmena.









Konektatzeko kable bat eraman dugu eta konektatu dugu bai ordenagailua bai monitorea kablez. Horretarako 1000Mbps-ko Tp-link switch bat jarri dugu.


Bukatzeko ukimen pantaila izan arren idazteko pantailako teklatua ez da erosoa eta, bestela ere, atzamarrez erabiltzeak, niri bederen pantailaren gertutasunagatik, zorabio pixka bat ematen dit. Horregatik haririk gabeko teklatua eta sagua jarri diot baztertuta genuen atril batean.


2019/07/08

Promethean arbelako kontrolatzaileak Ubuntu 18.04rako


Ekaina aldean Promethean enpresak arbelen Ubuntu 18.04rako  kontrolatzaileak, ActivDriver, eskuragarri jarri ditu. Bere web orrian bi modu deskribatzen ditu instalatzeko: terminalaren bidez eta Synaptic-en bidez. Nik terminalaren (Ctrl+Alt+T) bidezkoa  euskaratu dut:

Administratzaile bezala:
Editatu sources.list fitxategia:
sudo gedit /etc/apt/sources.list
Gedit-en ordez Xed, Nano edo bestelako testu editorea erabiltzen ahal duzu. Dokumentuaren bukaeran gehitu bere PPAren lerroa:
deb http://activsoftware.co.uk/linux/repos/driver/ubuntu bionic oss non-oss
Deskargatu autentifikazio gakoa:
cd Deskargak && wget http://activsoftware.co.uk/linux/repos/driver/PrometheanLtd.asc
Gehitu autentifikazio gakoa:
sudo apt-key add PrometheanLtd.asc
Eguneratu errepositorioak:
sudo apt update
Instalatu ActivDriver paketea:
sudo apt install activtools
Eskatzen badizu menpekotasunak instalatzeko erantzun baietz (B).

Berrabiarazi ordenagailua eta -azpiko oharrak kontuan hartuta- arbela aktiboa egongo da eta sistemaren erretiluan ActivDriveren ikonoa agertuko da

eta bertan ikusi ahal izango dugu kontrolatzailearen bertsioa, detektatutako arbela eta egin ahal izango duzu 9 puntuko kalibrazioa.

Oharrak:
  • Zerbitzu teknikoaren arabera Promethean-ek GNU/Linuxerako prestatu du kontrolatzailea Ubuntu 18.04rako eta, zehazki, bere lehenetsitako mahaigaina den Gnome Shell-erako. Horrek esan nahi du Ubunturen beste "koloreetan" agian ez duela ongi funtzionatuko. Hain zuzen ere, Luberrik erabiltzen duen Gnome Flashback-en azpi-menuek ez dute funtzionatzen. Beraz, nire gomendioa da arbeletan Ubuntu arruntaren mahaigaina erabiltzea. Horretarako, Luberrin, erabiltzailea sartzeko unean, gurpil horzdunean klik egin eta Gnome-Flasbak Metacityren ordez Ubuntu hautatu.
 
  • Arbelean marrazteko eta lanabes osagarriak erabiltzeko Prometheanen Activ Inspire instalatzen ahal duzu, edo arbela guztietan funtzionatzen duen software libreko Openboard (Luberrin instalatuta dago, bestela hemen dituzu instalatzeko jarraibideak) edo Xournal++. Azpiko animazioan ikusi nola finkatu atrakalekua edo dock-ean.

  • LibreOfficeko azpi-menuek ez dute funtzionatzen ez eta Ubunturen mahaigain arruntean (zerbitzu teknikoaren esanetan LibreOfficeren bug bat). 




2018/10/18

Openboard 1.4.1 Ubuntu 18.04rako euskaraz



Openboard proiektua arbel digitala eta tabletetan aritzeko Open-Sankore proiektuaren oinordekoa da.  Une honetan Suizako Genevako Hezkuntza Sailak du mantenuaren ardura baina baliabide faltagatik edo dena denagatik ardura ez da behar bezain bestekoa eta ez dute prestatu Ubuntu 18.04 eta deribatuentzako bertsioa. Madrilgo Hezkuntza Sailaren GNU/Linux distribuzioak, MAX izenekoak, egokitzapena egin du eta gainera euskaraz dago. Hemendik deskargatzen ahal duzu:




Ez dut lotura zuzena jarri Madrilgo errepositoriora hurrengo bertsioa euskaraz ez dagoelako.

Instalatzeko terminalean fitxategia dagoen karpetatik
sudo gdebi openboard_1.4.1-Omax1_amd4.deb
exekutatu edo, bestela, fitxategian klik bikoitza egin.

Oharrak:
Programa Hezkuntza (edo bestelakoak) kategorian agertzen da eta lau gauzatxo komeni da kontuan izatea:
  • Abiatzen den aldiro abisatzen du bertsio berria dagoela, ez kasurik egin.
  • Tresna barrako ikonoen azpiko testuak agertzen badira barra osoa ez ohi da pantailan sartzen. Hori konpontzeko ezarpenetan desmarkatuko dugu "Erakutsi testua botoiaren azpian"
  • Pintzelen kolorea ez dira ikusten borragomatan eta koloretan klikatu arte. 
  • Bestelakoetan kategorian agertzen bazaizu eta Hezkuntza kategorian nahiago baduzu, terminalean sudo gedit /usr/share/applications/openboard.desktop fitxategia ireki eta azken lerroan Education gehitu horrela utzita Categories=PDI;Education eta ondoren gorde eta itxi.

2016/09/23

Firefox 49k hobekuntzak ekarri ditu irakurtzeko ikuspegian

Eskuragarri dago Firefox 49 bertsioa.
Hainbat aldaketa ekarri ditu (ikusi denak) baina bat nabarmentzeko modukoa:
irakurtzeko ikuspegian hobekuntzak egin dituzte.

Irakurtzeko ikuspegia helbide barraren ezker aldean agertzen da, hainbat web orritan eta testuaren irakurketa errazten du:


Ondoko irudietan ikus ditzakegu orri baten ikuspegi arrunta eta orri beraren irakurtzeko ikuspegia, non zutabeak, irudiak eta irakurketa oztopatzen duten elementu guztiak ezkutatzen diren.

49 bertsioan irakurtzeko ikuspegiaren menuaren aukerak zabaldu dituzte. Orain fondo zuria edo beltza eta letraren tamainaz gain testu-zutabearen zabalera eta lerroarteko espazioa ere moldatzeko aukera izango dugu.
Horretaz gain testua entzuteko aukera gehitu diote. Bertan hizkuntza eta irakurketaren abiadura egokitu daitezke.

Irakurtzeko ikuspegiaren testu aukerak

Erabiltzen duen TTSa R2D2 errobota baino askoz argiagoa ez da eta euskara ez da ageri aukerako hizkuntzen artean baina atzerriko testuak irakurtzeko interesgarria izan daiteke, batez ere hizkuntzak ikasten dabilenarentzat.
Euskarazko testuak irakurtzeko ordea Irakurle digitala gehigarria erabiltzea dago aukeran,  web orri guztietan erabili daiteke eta TTSaren kalitatea Irakurtzeko ikuspegiarena baino askoz hobea da.

Irakurtzeko ikuspegiaren TTS aukerak
Irakurtzeko ikuspegi hau irakasleek kontuan hartzeko modukoa da bai eurek testuak irakurtzeko, arbel digitaletan erakusteko eta bai ikasleei gomendatzeko, izan ere Internet da gaur egun edukien iturri garrantzitsu bat gure ikasgeletan. Kontuan izan behar da ere irakurtzeko ikuspegi hau bereziki interesgarria dela ikusteko edo irakurtzeko zailtasunak -dislexia- dituzten ikasleentzat.

2015/09/30

Epoptes: gela kontrolatzeko aplikazioa.

Erne! bezeroak instalatzeko modua aldatu da. Mezu hau 2019/4/16an eguneratu dut modu berriarekin.

Ikasleak ordenagailuaren aurrean daudela irakaslea haien bizkarrean hobeto dago bere ordenagailuaren aurrean baino, hala ere, Epoptes probatu ondoren ez duzu erraz utziko. Ikasleen pantailak kontrolatu baino askoz gehiago egiten du eta.

Epoptes versus Italc
Software librearen unibertsoan Italc zen gelaren kontrolerako aplikazio nagusia baina, niri horrela gertatu izan zait behintzat, irakaslea denborarekin ikasleen kontaktua galtzen du. Epoptes-en kasuan hori ez omen da gertatzen. Epoptes, Italc ez bezala, soilik GNU/Linuxen funtzionatzen du, ez du Windows-eko ikasleak ikusten. Bestetik Epoptesen instalazioa errazagoa da.



Epoptes-en funtzionalitate nagusiak:
  • Ikaslearen ekipoa piztu, saioa amaitu, itzali edo berrabiarazi.
  • Ikasleen ekipoen pantailak ikusi, ikasle baten ekipoaren kontrola hartu. Proiektorea izanez gero irakaslearen pantailatik edozein ikasleren pantaila erakutsi daiteke. Horrela ikasleek euren lanak erakutsi edo atazaren bat nola egiten den erakustea dute.
  • Irakaslearen pantaila ikasle batzuen edo guztien pantailan erakutsi (bereziki interesgarria proiektorea ez badago).
  • Exekutatu aginduak ikasleen ekipoetan (baita root bezala ere). Gure ordenagailutik aplikazio bat instala dezakegu ikaslearen ekipoan. 
  • Ikasle baten edo guztien ekipoa mututu, blokeatu (esate baterako azalpen bat eman behar denean).
  • Ikaslearen ekipoaren informazioa (adib. IPa) ikusi.
  • Ikasle bati edo batzuei mezu bat bidali.

Instalazioa:
 

Irakaslearen ekipoan

Epoptes instalatuko dugu terminalean hau itsatsita:
sudo apt-get install epoptes

eta irakaslea(k) Epoptes taldean sartuko ditugu:
sudo gpasswd -a erabiltzaile_izena epoptes

non erabiltzaile_izenaren ordez irakaslearen erabiltzaile-izena jarri behar duzu. Bat baino gehiago bada bereiztu komen bidez.

Irakaslearen ekipoak IP finkoa eduki behar du. Ez badu jarriko diogu (ikusi nola). Bere IPa kontsultatuko dugu (goiko panelean: konexioa > konexioaren informazioa) eta apuntatu paper batean.

Berrabiarazi ekipoa.

Ikasleen ekipoetan

1- Aplikazioa instalatuko dugu. Administratzaile moduan Epoptes-en bezero aplikazioa instalatuko dugu terminalean hau itsatsita:
sudo apt-get install epoptes-client


2- Ikaslearen ordenagailua eta irakaslearen ordenagailuaren arteko lotura definituko dugu. Bi era erabili daitezke:

2.A- Zerbitzariak, alegia irakaslearen ordenagailuak, IP finkoa badu:
Bezeroaren terminalean hosts fitxategia editatuko dugu horrela:
sudo xed /etc/hosts  

(xed editorearen ordez gedit , nano edo bestelako testu-editorea  erabili dezakezu)

eta fitxategiaren bukaeran honelako lerro bat gehituko dugu:

xx.xx.xx.xx  server
non xx.xx.xx.xx-ren ordez irakaslearen ordenagailuko IP finkoa jarriko dugun. Ondoren gorde eta itxi fitxategia.

2.B- Zerbitzariak IP finkoa ez badu edo ez badakigu:
Irakaslearen ordenagailuaren host izena begiratuko dugu; horretarako haren terminalean idatziko dugu:
hostname
Demagun ematen duen izena dela "zerbitzaria". Ondoren, bezeroaren terminalean itsatsiko dugu:
ping zerbitzaria.local
Kontaktua ematen badu terminalean itsatsiko dugu:
sudo xed /etc/default/epoptes-client
(xed editoraren ordez gedit edo bestelakoa erabili ahal duzu) eta fitxategi hau editatuko dugu SERVER aurreko # traola ezabatuta eta zerbitzariaren izena jarrita:
SERVER=zerbitzaria.local
non "zerbitzaria"-ren ordez irakaslearen ordenagailuaren host izena jarriko dugu. Gorde fitxategia eta itxi.

3- Lotura ezarriko dugu.
Azkenik irakaslearen ekipoaren SSL egiaztagiriak eskuratuko ditugu ikaslearen ordenagailuan honako agindu hau exekutatuta:
sudo epoptes-client -c

Aginduaren mezua begiratu ikusteko konexioa lortu dela. Errorea ematen badu zerbait gaizki egin dugu. Done agertzen bada dena ondo.

Berrabiarazi ekipoa


Erabilera:

Irakaslearen ekipoan egin Aplikazioak > Internet > Epoptes eta aplikazioa abiatuko da. Ikasleek ekipoak piztu ahala ikusiko dira monitorean. Miniaturen tamaina alda daiteke eskuineko beheko aldeko kontrolarekin eta miniaturen azpian ekipoaren izena, erabiltzailearena edo biak ikustea kontrola daiteke menuko Etiketak elementutik.
Blokeoak, mezuak, itzalketak eta abar hautatutako monitoreen gainean funtzionatzen du. Bat baino gehiago hautatzeko sakatu Ctrl. Denak hautatzeko Ctrl+A,


Bukatzeko:
Epoptes greziar proiektu bat da (Epoptes-ek grekeraz begiralea esan nahi du) eta VNC teknologian oinarritzen da.
Renmina edo TeamViewer aplikazioetan ez bezala Epoptes-en ez da erabiltzailearen (ikaslearen) baimena behar bere ekipoa zelatatu edota kontrolatzeko.
Aplikazioa euskaraz dago 0.5.8 bertsiotik Juan Ezeizaren lanari esker.


Linuxeko beste aplikazioak
Software bilduma

2015/03/03

Ubuntu: nola instalatu Smart arbel digitala

Hau da Linuxerako Smart-ek atera duen azken bertsioa instalatzeko bidea:

Urratsak:

1- Linuxerako Smart 11SP2 deskargatu.

2- Deskargatutako fitxategian klik bikoitza eta erauzi edukia karpeta nagusian.

3- Terminala ireki eta banan bana exekutatu agindu hauek:

sudo apt-get update
sudo apt-get install libnspr4-0d
sudo apt-get install gdebi

sudo gdebi xf86-input-nextwindow-precise_0.3.4~precise1_i386.deb
sudo gdebi nwfermi-0.6.5.1_i386.deb
sudo gdebi smart-common_10.3.2171.1-1_i386.deb
sudo gdebi smart-gallerysetup_1.3.6235.1-1_i386.deb
sudo gdebi smart-hwr_11.3.2121.1-1_i386.deb
sudo gdebi smart-languagesetup_2.2.2060.4-1_i386.deb
sudo gdebi smart-activation_1.1.2066.1-1_i386.deb
sudo gdebi smart-notebook_11.0.7511.0-1_i386.deb
sudo gdebi smart-product-drivers_11.3.2121.1-1_i386.deb



Ekipoa berrabiarazi arbelari konektatuta eta arbela kalibratu.
Frogatua Ubuntu 14.04 bertsioan (SB68V, SB580P eta SB480 modeloetan) eta 16.04 bertsioan (SB68V eta SB580P modeloetan).


2014/09/22

Ubuntu 12.04: nola instalatu Promethean Activboard arbela



Ubuntu 12.04 sisteman, 32 bitekoan, Promethean markako Activboard arbel digital interaktiboa eta Activeinspire eta Activtools aplikazioak instalatzeko hurrats hauek segitu behar dira:

Lehenik eta behin dependentziak instalatuko ditugu. Horretarako terminalean ondoko agindua exekuta ezazu:

sudo apt-get install libjpeg62

Ondoren errepositorio edo software-biltegien zerrendan iturri bat gehituko dugu. Terminalean aginduko dutu sources.list fitxategia editatzeko:

sudo gedit /etc/apt/sources.list

eta fitxategiaren bukaeran lerro hau erantsiko dugu:

deb http://activsoftware.co.uk/linux/repos/precise oss non-oss

Gorde eta itxi fitxategia.
Ondore, terminalean ondoko agindu hauek exekutatu:

wget http://www.activsoftware.co.uk/linux/repos/Promethean.asc
sudo apt-key add Promethean.asc
sudo apt-get update
sudo apt-get install activinspire activtools activdriver

Instalazioa bukatzean arbelaren interaktibiatea gaituko da.



2014/06/29

Fritzing, zirkuitu-txartelen diseinu librea

Fritzing zirkuitu-txartel elektronikoak diseinatzeko software libreko aplikazioa da. Elektronika ikasteko tresna oso baliagarria, izan ere, era intuitibo batez batez txartelaren elementuak aplikazioaren biblioteketatik arrastratu, bere ezaugarriak definitu,lotu eta PCB (Printed Circuit Board)  edo zirkuitu-txartela diseinatu, dokumentatu eta ekoizpenerako prestatzeko aukera ematen du.



Fritzing proiektuak harware libreko Processing eta Arduino proiektuekin lotura estua du.

Proiektuak aplikazioaz gain komunitaterako webgune bat (http://fritzing.org) eskaintzen du non dokumentazioa eta tutorialez gain zure proiektuak partekatzeko eta besteenak deskargatzeko aukera ematen du.

Hona hemen aplikazioa ilustratzen duen bideo bat:


Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko terminalean exekutatu honako agundu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:ehbello/fritzing
sudo apt-get update
sudo apt-get install fritzing

Windows eta Mac-erako bertsioak hemendik deskarga daitezke.


Fritzing softwarea IDL (Interaction Desing Lab) laborategiak eta Postdamgo Fachhochscule unibertsitateak garatu dute.

2014/04/14

Arbelak

Arbel digitalaren instalazioa bukatzeko gelan sartu eta arbel tradizionalean eskema ederra ikusi nuen. Arbel berria probatzeko animalien erreinuaren eskema bat bilatu nuen sarean. Biak batera ikusita hainbat galdera etorri zitzaidan gogora...

Desagertuko dira klarionak ikastetxeetatik?
Zenbat denbora eman du irakasleak klarionazko eskema egiten?
Datozen irakasleek egingo al dituzte eskemak?
Datozen ikasleek marraztuko al dituzte miriapodoak? Idatziko al dute eskema? Komeni al zaie eskema idaztea? Komeni zaie eskema buruz jakitea?
...
Zer deritzozu...



Ezkerreko eskema hartuetaeman blogetik hartua.

2014/03/19

Smart ez dabil Ubuntu 12.04 eguneratu ondoren (konpondua)

Hainbat eskoletan erabiltzen den Smart arbel digitala Ubuntu 12.04 eguneratu ondoren ez dabil. Hori gerta daiteke baldin eta eguneratzean kernela ere eguneratzen bada.

Hori saihesteko bi era daude: lehena eguneratzeak ez egitea; bigarrena eguneratzea  eguneratzeen gestorearekin egin beharrean "sudo apt-get update"- "sudo apt-get upgrade" eginez. Baina dagoeneko berandu bada eta zure arbelak interaktibitatea galdu badu egin behar dena da nwfermi paketea berriz instalatzea.

Horretarako
1- Software-zentrora joan, nwfermi bilatu eta desinstalatu.
2- https://launchpad.net/nwfermi/trunk/0.6.5/+download/nwfermi-0.6.5.0_i386.deb orritik nwfermi-0.6.5.0_i386.deb fitxategia deskargatu karpetara nagusira eta terminalean honako hau itsatsi:
sudo dpkg -i nwfermi-0.6.5.0_i386.deb

3- Berrabiarazi eta oraindik ez badabil xf86-input-nextwindow desinstalatu beharko duzu (berarekin bateara nwfermi ere desinstalatzen da),
sudo apt-get purge xf86-input-nextwindow

eta berria instalatzeko jokatu behar duzu Wiki Linkat deskribatzen den bezala: Smarten softwarea orrian dagoen estekatik deskargatu, deskonprimitu eta, Smart dagoeneko instalatuta baduzu, aski duzu  Installació dels drivers específics per a la pissarra SB480 atalean deskribatzen dena hitzez hitz aplikatu. Oso argi azalduta dago.



Smart instalatuta ez baduzu jarraibideak hasieratik aplikatu behar dira. 

Eskerrik asko Kataluniako Generalitateari eskaintzen duen laguntzagatik.
Gràcies a la Generalitat de Catalunya per l'ajuda que ofereix.

2013/06/20

Open-Sankoré 2.1 euskaraz

Orain eskolak bukatuta garai egokia da hezkuntza-aplikazioak ikaslerik gabe probatzeko. Eta, zein hobe Open-Sankoré baino, azken bertsioan (2.1) euskaraz datorrena.
 

Open-Sankoré arbel digital interaktiboentzako aplikazioa da, Lausaneko unibertsitatean hasitako proiektua eta gaur egun Frantziako Groupement d’intérêt public pour l’éducation numérique en Afrique ardurapean dagoena, zeinak software librean lizentziatu du.

 Eskola 2.0-ko Smart tresnak eta Notebook-en parekoa da baina azkarrago irekitzen da, arinagoa eta ergonomikoagoa da, software-librea da eta formatu irekiak erabiltzen ditu. Biak batera egon daitezke instalatuta eta irakasle bakoitzak gogokoa duena erabiltzen ahal du. Smarten tresnak inork erabiliko ez balitu abioko aplikazioetatik ken daiteke baina Smart-en kontrolatzailea ezin da desinstalatu arbelaren interaktibitatea harekin funtzionatzen du-eta.

Aplikazioari gain-begirada bat emateko bideo-tutorial bat prestatu dut baina kontuan izan oso azalekoa dela eta ez dituela aplikazioaren funtzionalitate guztiak aztertzen, ez eta urrik eman ere. Bideoaren iraupena 7:40. Xehetasunak ikusteko pantaila osoan eta kalitate hoberenean (480p) ikustea komeni da.


Deskarga eta instalazioa

Open-Sankoré Linux, Windows eta Mac-en gainean funtzionatzen du eta bere web-orritik deskarga daiteke.
Behin deskargatuta klik bikoitza egin fitxategian eta instalazioa abiatuko da.


Beste aplikazioak Linuxen eta Software-bilduma.