PDF dokumentuak mugikorrean irakurtzea ez da lan erraza. Berez orriaren jatorrizko formatua mantentzen dutenez dokumentuaren ikuspegia handiagotu eta, ondoren, orria gora-behera eta ezker-eskuin mugitu behar izaten da irakurtzeko.
Bada, beste behin ere Androiderako Librera Reader aplikazio librea aipatu behar dut, izan ere, haren funtzionalitateen artean oso praktikoa den dokumentua orrira doitzeko aukera ematen du.
Ikus dezagun nola funtzionatzen duen:
Dokumentua sakatuko dugu tresna-barrak ager daitezen eta behekoan hiru puntutxoak sakatuko dugu menu osagarria ikusteko.
Bertan Doitu PDF testua sakatuko dugu.
Horri ezker, testua eta irudiak mugikorraren -edo tabletaren- pantailara egokituko da eta testua irakurtzeko tamainan jarriko da. Hurrengo orrira pasatzeko hatzez pantaila ezkerretara korrituko dugu animazio honetan ikus daitekeenez.
Animazioa Peek bidez egina
Oharra:
Suposatzen dut aukera hau ezingo dela argazki gisa gordetako pdf dokumentuekin.
Badira hainbat kasu noiz dokumentu bat entzuteak praktikoa izan daiteken:
autobusean. Batez ere zorabiatzen garenontzat.
autoan gidatzen goazela.
paseoan -soilik ezinbestekoa bada, mesedez-.
...
Eta, zer esanik ez, irakurtzeko zailtasun dituzten pertsonentzat: itsuak edo ikusteko zailtasunak dituzten pertsonak, dislexikoak eta abar. Zentzu honetan hezkuntza baliabideetan IDU aplikatzeko modu bat izan daiteke.
Horrelako kasuetan interesgarria da dokumentuak ikusteko Librera Reader Androidentzako aplikazio librea. Aplikazio hau gai da testu dokumentu arruntak irekitzeko: pdf, epub eta beste liburu elektronikoak, odt, docx...
Librera Reader F-droidetik edo beste dendetatik instala edo deskarga daiteke.
Aplikazio honek irakurtzeko funtzionalitate asko izateaz gain aukera ematen du dokumentuak entzuteko.
Testuak entzuteko baina, TTS (Test To Speach) edo testuak ahoskatzeko aplikazioa instalatuta edukitzeak eskatzen du. AhoTTS aplikazio librea instalatuta eta ondoren azalduko dudan bezala mugikorrean konfiguratuta testuak ahoskatzeko aukera izango dugu.
AhoTTS Google Playtik instala daiteke eta, instalatu ondoren, Android ezarpenetan > Ezarpen osagarriak > Hizkuntza eta idazketa > Testua-Hizketara outputa > Motor hobetsia"ren gainean -erne- bertan eta ez ezkerreko
engranajean AhoTTS aukeratu.
Hor, AhoTTS aukeratu
(baliteke funtzionatzeko mugikorra berrabiarazi behar izatea)
Bi aplikazioak instalatuta -eta Androiden TTSa konfiguratuta- aski dugu nahi dugun liburu, pdf, dokumentuan klikatu, Librera Readerrekin ireki eta pantailan klikatu aukerak ikusteko eta beheko aldean dokumentua entzuteko ikonoa klikatu.
Entzuteko aukerak konfiguratu dezakegu eta hasteko botoia klikatuko dugu.
Bideo txiki honetan ikus daiteke -behin aplikazioak instalatu eta konfiguratuta- nola aktibatu daitekeen dokumentu baten ahoskatzea:
Uztailan argitaratu dute PDF Arranger aplikazioaren 1.10.0-1bertsioa eta berritasun azpimarragarria dakar: euskaraz dago.
PDF Arranger python-gtk lengoaian garatutako aplikazio arin bat da, erabiltzaileari PDF dokumentuak batu edo zatitu eta orriak biratu, moztu eta berrantolatzen laguntzen diona, interfaze grafiko interaktibo eta intuitiboa erabiliz.
Aplikazioa Linux eta Windowsen funtzionatzen du, baina 1.10.0-1 bertsioa oraindik ezegonkor fasean dago eta linuxerako deb eta tar.xz eta Windows-erako dsc formatuan dago eskuragarri web honetan:
DIN A4 dokumentu batetik DIN A5 tamainako liburuxka bat sortu nahi baduzu (edo DIN A3tik DIN A4 liburuxka) PDF Arranger aplikazioa sinple egiteko aukera ematen du.
PDF Arranger aplikazio txiki bat da erabiltzaileari PDF dokumentuak batu edo zatitzen eta orriak biratu, moztu eta berrantolatzen laguntzen diona interfaze grafiko interaktibo eta intuitiboa erabiliz.
PDF Arranger aplikazioak 2023ko uztailean argitaratutako 1.10.0-1 bertsiotik aurrera euskaraz dago. Debian, Ubuntu edo Linux Minten instalatzeko pdfarranger_1.10.0-1_all.deb https://launchpad.net/ubuntu/+source/pdfarranger webgunetik deskargatu et instalatu daiteke. (Paragrafo hau 2023/8/18an gehitu da).
Liburuxka egiteko aukera du. Horretarako kargatu dokumentua PDF formatuan, hautatu liburuxka egiteko erabili nahi duzun orrialdeak eta panelaren eskuinean dagoen menuan Editatu > Sortu liburuxka egin.
Jatorrizko dokumentua mantentzeko liburuxkan Gorde honela egin eta beste izen bat eman.
Mezu hau idazteko unean aplikazioa oraindik ez dago euskaraz, laster egongo da baina bitartean zure ordenagailuan euskaraz eduki nahi baduzu deskargatzen ahal duzu pdfarranger.mo fitxategia eta, sudo-ren bidez, kopiatu /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES/ karpetan.
PDF Arranger aplikazioa Luberri Linux sisteman instalatuta dago.
Xournal++ erabilgarritasun handia duen aplikazio librea da:
ikasgelan, arbel digitalerako edo monitorerako, arbelaren funtzioa egiten du.
bulegoan pdf dokumentuen gainean editatzeko
tele-ikaskuntzan, bideo-tutoriala eta bideokonferentzietan arbelaren funtzioa betetzeko.
Funtzio horiek hobeto betetzeko interfazearen aukerak ezagutzea eta kontrolatzea merezi du. Ezarpenen bidez bere funtzionalitatea handitzeko hainbat parametro proposatzen dizut, jakinda ezarpena kontuak pertsonalak direla. Hauek dira, lehenetsitako interfazea, ondoko irudian agertzen dena,
Xournal++en ohiko interfazea
Hobetzeko proposamenak.
1- Ezarpenetan: Editatu > Hobespenak
Ikusi atalean: batetik gai iluna erabiltzen baduzu -Luberri 20.04n gertatzen den bezala- tresna batzuk beltzak beltzaren gainean gaizki ikusten dira. Kasu horretan markatu gai iluna eta trena horiek zuriak beltzaren gainean ikusiko dira. Ados sakatu eta aplikazioa itxi eta berriro irekitzean inplementatuko dira.
Bestetik, hainbatetan, ez dago argi kurtsore-punteroa non dagoen. Kurtsore handia -big pen icon- jartzea komeni da.
Lanerako bi ikuspegi erabiliko ditugu gehien bat: pantaila osoa ikuspegia arbel zuri eta pdf-en edizioan, eta aurkezpen modua forma etzaneko pdf aurkezpenetarako. Bietan, nire ustez, menu barra eta ezkerreko alboko panela soberan daude.
2- Menu nagusiko Ikusi atalean tresnak hobeto ikusteko ezkerrean eta bi barretan jarri ditut:
Ikusi > Tresna barrak > Right hand note taking
Era horretan azpiko irudian ikusten den bezala geratzen da interfazea eta bertan markatu dut non dauden pantaila osoa ikuspegia eta aurkezpen ikuspegia.
Irudi honetan ikusten da batetik tresnen aukerak nola ikusten diren hobeto Right hand not taking moduan, bestetik gai ilunean formak nola ikusten diren hobeto zuria beltzaren gaienean eta, azkenik, lanerako nola desagertu diren menua eta orrien miniatura erakusten dituen ezkerreko alboko panela.
Okular KDE proiektuko aplikazioa libre bat da PDF formatuko dokumentuak irakurtzeko. Luberri eta beste distribuzioetan ohiko dokumentu irakurtzailea den Evince-rekin alderatua oharrak, nabarmentzeak eta hainbat motako berrikuspenak egiteko aukera zabalagoa du.
Ohar eta berrikuspen hauek agertarazteko menuan Tresnak > Berrikuspenak klikatu behar da edo zuzenean F6.
Hauek dira dituen ohar eta berrikuspen motak:
Post-it oharra (pop-up)
Barne testu edo oharra
Eskuzko oharra
Nabarmentzea
Lerro zuzena
Poligonoa
Zigilua
Azpimarra
Elipsea
Goiko irudian tresnek erakusten dituzten koloreak eta marren zabalerak guztiz konfiguragarriak. Tresnen ezarpenak aldatzeko haren gainean eskuin-klik egin eta Configure annotations... sakatu behar da.
Jaurlaritzak PDF formularioak egiteko Adobe markako editorea erabiltzen ohi du eta horren bidez egindako formularioek ez dute formatu estandar irekia eta PDF irakurgailu gehienek ezin dituzte ireki, hala nola Chrome, Firefox, Evince, Foxit...
Jaurlaritzak beti pentsatu izan du hiritar guztiek erabili behar dugula berak erabiltzen aplikazioak dokumentazio publikoa kontsultatzeko edo formularioak betetzeko (online aplikazio batzuk erabiltzeko oraindik Internet Explorer erabili behar da).
GNU/Linux erabiltzen baduzu aipatu formularioak betetzeko Jaurlaritzaren Adobe instalatu nahi ez baduzu aukeran duzu Master PDF Editor, hau ere pribatiboa baina oso aplikazio interesgarria. Ur markarik ez duen 4. bertsioa hemendik deskarga dezakezu.
Hezkuntzan euskarazko Wikipedia (idazteko unean 308.693 artikulu) eta Lehen Hezkuntzarako egokitzapena den Txikipedia (idazteko unean 1430 artikulu) informazio iturri garrantzitsuak dira.
Wikipediatik Txikipediara eta alderantziz
Wikipediaren irakurketak abantaila handi bat du: hiperestekak. Haiei esker irakurketa linealaren ordez artikuluetatik nabigatzen ahal dugu uneko interesa edo beharraren arabera. Eta irakurketa lineala egiten badugu, klik egin gabe kurtsorea hiperesteka gainean jartzeak aukera ematen digu terminoen kontsulta txikia egiten hiztegia erabili beharrik gabe.
Wikipedia-Txikipediaren beste baliabide interesgarria PDF deskarga da.
Ulermenezko irakurketarako hiztegia -aurreko puntuan ikusi bezala- oinarrizko lanabesa da baina web orria motz geratzen da beste lanabes batzuk praktikatzeko, hala nola testuaren nabarmentzea eta testu ondoko oharrak. Horretarako PDF formatua oso funtzionala da zeren eta jatorrizko testua eta itxura gordeta haren gainean editatzea aukera ematen duten aplikazioak daude, besteak beste, Master PDF Editor, Foxit Reader eta LibreOffice Draw.
Neurri batean PDF dokumentuek fotokopiaren tokia hartzen ari dira. Fotokopietan lanketa nabarmentzeko trena, arkatza, boligrafoa, ohar itsaskor edota izkinen tolestearen bidez egiten dugu.
Aipatutako hiru aplikazioek testua lantzeko zerrendatutako tresnen parekoak dituzte: nabarmentzeak, arkatza, formak, oharrak, laster markak... eta paperean ez ditugun beste batzuk, hala nola bilaketa tresna (Ctrl+F), irudiak txertatzea -tanpoia-...
Aipatutako editoreetan lehenengo biak, Master PDF Editor eta Foxit Reader ordenagailuko hiru sistema nagusietarako bertsioa dute eta egokiak dira testu luzeetarako baina ez daude euskaraz eta Moodleren zuzentzailean ez dira oso ondo ikusten (nabarmendutako testua ez da ikusten). LibreOffice Draw marrazketa tresna izan arren PDFak irekitzen ditu eta editagarri bihurtzen ditu; euskaraz dago eta Moodleren zuzentzailean oso ondo ikusten da. PDF dokumentu luzeak irekitzea kosta egiten zaio ordea.
LibreOffice Draw bidez editatutako PDF dokumentu baten zuzenketa Moodlen. Ikus daiteke nola nabarmendutako testua ondo ikusten da zuzenketa tresnan.
Ulermenezko irakurketa lantzeko erabili daitezkeen beste hainbat tresna daude: laburpena, glosarioa, eskemak, kontzeptu mapak...
Master-pdf-editor PDF fitxategiak editatzeko GNU/Linuxerako dagoen aplikazio hoberenetarikoa da. Ez da librea baina bai doako bertsio ahaltsua du. Haren bidez nabarmendu daitezke testuak, laster-markak egin, oharrak, dokumentuak lotu, orriak atera, pdf irudiei OCR pasatzen ahal zaio, formularioak bete, bilaketa indartsua... eta beste hainbeste funtzio ditu.
Baina, erne, 5. bertsioarekin batera Linuxen aplikazioaren ur-marka jartzen du. Aurreko bertsioetan Windows eta Mac-en egiten zuen baina GNU/Linuxekin hobe portatzen zen. Hori, momentuz, bukatu da.
Aurkezpen bat offline aplikazio baten bidez prestatu badugu (Impress, Power Point...) komeni da gutxienez bi formatutan edukitzea: jatorrizkoa eta PDF, hartara batekin arazoren bat badugu -usu jatorrizko aplikazio falta- PDFa B plana izan daiteke (edo A).
Ubuntun PDFak erreproduzitzeko ohikoa den Evince aplikazioak badu aurkezpen-modua (Ikusi > Aurkezpena), bertan edukiak oso ondo ikusten dira, Interneteko estekak ondo funtzionatzen dute baina barne estekekin arazoak ditu, gailuko fitxategiak askotan ezin dira ireki. Lan horretan hobeto funtzionatzen du Master PDF Editor baina aurkezpena pantaila osoan aurkeztea ez da hain erraza. Master PDF Editor aplikazioan aurkezpenak pantaila osoan ikusteko egin behar dugu:
Behin aurkezpena hasita orri batetik bestera pasatzeko Av Pag eta Re Pag teklak erabiliko ditugu edo aurkezpenak ikusteko trepeta -eta ez geziak edo sagua-.
Master PDF Editor, pdf dokumentuak editatzeko Linux, Windows eta Mac-en dabilen aplikazioa da. Nire ustez, editore moduan Linuxerako dagoen hoberena.
Aplikazio honek 4. bertsioa estreinatu berri du eta, beste berritasunen artean -ikusi hemen denak-, dokumentuen OCR edo karaktereen ezagutze optikoa ekarri du. Horri esker irudi edo argazki moduko pdf dokumentu bat testu moduko pdf bihur dezakegu. Zer da irudi moduko pdf? hain zuzen inprimatu ondoren eskaneatu eta pdf formatuan gordetzen dena; dokumentua ikusten da baina testua ezin da hautatu, bilatu, nabarmendu, azpimarratu... zeren duguna testuaren argazki bat da. Eusko Jaurlaritzak hainbat ebazpen horrela publikatzen ditu -ez dakit segurtasun kontua edo ezjakintasun kontua den- eta, ondorioz, dokumentu horiekin irakurtzeaz gain ezin gauza handirik egin.
Gauza bera gerta dakiguke paperean soilik dugun dokumentu bat eskaneatzen dugunean gure eskanerra sinplea bada eta OCR funtzioa ez badu.
Dena den, pdf irudia pdf testua bihurtzeko hainbat aukera dago: bat izan daiteke dokumentua Google Drivera igotzea eta Docs-en bidez irekitzea eta orain badugu aukera dokumentua Master PDF Editor-en bidez irekitzea eta bere OCR-ren bidez pdf testua bihurtzea. Ikus dezagun nola.
Lehenik eta behin, jakina, Master PDF Editor deskargatu eta instalatuko dugu. Doakoa da erabilera ez komertzialarentzat eta Linuxen ez du ur-markarik ezartzen.
Aukeratu zure ekipoaren sistema eragilea eta sistema 32 edo 64 bitekoa den, deskargatu -Ubuntu eta Debian oinarritutako Linuxetarako deb formatukoa- eta Software instalatzailea edo Gdebi-ren bidez instalatu.
Behin instalatuta irudi tankerako pdf dokumentua irekiko dugu eta menu nagusian Document > OCR klikatuko dugu.
Eta menu hau agertuko zaigu. Bertan esango diogu zein orritako testua ezagutzea nahi dugu (orri guztiak, unekoa edo zehazten dizkiogunak),
zein hizkuntza erabili behar du hitzak ezagutzeko. Horretarako testuak duen edo dituen hizkuntzak instalatuko dizkiogu Install languages botoian sakatuta. Hizkuntzen artean euskara da Basque izenez. Eta aurrera OK.
Une baten ondoren -zehaztutako testu kopuruaren arabera- irudia zena testua bihurtzen da eta hortik aurrera bilatu, hautatu, nabarmendu eta behar dugun guztia egin ahal izango dugu.
Orain arte egin dudan probetan ezagupena %100eko da baina emaitza jaitsi daiteke jatorrizko dokumentuaren arabera edo eskaneatu ordez argazkia egiten badiogu.
EAEko administrazioak tarteka Acrobat bidez egindako formularioak bidaltzen ditu PDF formatuan eta, besteak beste, Linuxen ezin dira ireki.
Ikastetxeko ordenagailuren batean software pribatiboa den Adobe Acrobat Reader instalatu nahi baduzu hona hemen nik erabiltzen ditudan jarraibideak, labur.
Luberri 32 bitekoa bada (ez badakizu terminalean exekutatu uname -a) instalatu Linuxerako dagoen bertsio zahar zaharra baina formularioak betetzeko nahikoa dena Ask Ubuntuko mezu honetan zehazten den eran.
Luberri 64 bitekoa bada aurreko sistemarekin instalatzen da baina bakarrik administratzailearen saioan dabil. Topatu dudan irtenbide bakarra da PlayOnLinux instalatzea Ask Ubuntu dion bezala. Gero aplikazioa erabili behar duen erabiltzailearen saioan sartu, Jokoak ataletik PlayOnLinux abiatu, Adobe Reader DC bilatu eta instalatu. Erabiltzaileari lasterbide bat sortuko dio mahaigainean. Kontuan izan PDF bat irekitzeko arakatzailean bere karpeta nagusira joan beharko duela.
Ea Jaurlaritza noiz konturatzen den zerbitzua emateko dagoela eta ez hiritarrak haren zerbitzuan dantza arazteko.
MuseScore software libreko partituren editorearen garatzaileek partiturak paperatik MuseScorera inportatzeko modua ezarri dute; gutxi gora behera testurako OCR edo testuen errekonozimendu optikoaren parekoa; hau da, partituren errekonozimendu optikoa.
MuseScore taldeak partiturak hodeian gordetzeko eta partekatzeko musescore.com web orria sortu zuten eta bertan funtzionalitate berri hau jarri dute:PDF Converter.
Ikus dezagun zeintzuk diren prozesuaren urratsak:
1- Paperezko partitura eskaneatu eta PDF formatuan gorde. Nik proba egin dut argazkia aterata eta emaitza ez da ona izan.
2- Sartu musescore.com orrian; lehenengo aldia bada erregistratu zaitez (Sing in > Create new account) , eta sartu (log in).
4- Minutu baten inguruko prozesamenduaren ondoren deskargatzeko aukera emango digu mscz formatuarekin. Fitxategi hori entzun eta editatzeko MuseScore doako aplikazioa erabiliko dugu. Hemen duzu MuseScoreren gaineko informazioa.
Demagun PDF dokumentu baten orri bat aurkezpen batean sartu nahi duzula edo PDFak irakurtzeko aplikaziorik ez duen mugikor batera PDF tiketa bat bidali edo dena dela noizbait behar baduzu PDF dokumenturen bat edo haren orrialderen bat irudia bihurtu gutxienez bi aukera dituzu: lehenengoa haren pantaila kaptura egitea eta bestea JPG formatura bihurtzea. Bigarren hau bereziki interesgarria da baldin eta dokumentu asko badira.
Bihurketa bat egiteko terminaletik egingo dugu baina Imagemagick aplikazioa behar dugu instalatuta. Luberri sisteman instalatuta dago. Ubuntu eta Debian-en beste deribatuetan instalatzeko Software zentrotik egin edo terminalean (Ctrl+Alt+T) hau itsatsita:
sudo apt-get install imagemagick
Hemendik aurrera aski duzu cd komandoaren bidez PDFa dagoen karpetara joan eta hau idatzi:
convert sarrera.pdf irteera.jpg
non "sarrera" PDF dokumentuaren izena den eta "irteera" JPGerako nahi duzun izena. Egina. Karpeta ireki eta ikusi. PDF dokumentuak hainbat orri baditu beste horrenbeste JPG dokumentuak izango dituzu irteera-0.jpg, irteera-1.jpg...
Hainbat aldagai:
A- PDF dokumentuaren lehenengo orria bakarrik bihurtu nahi baduzu:
convert sarrera[0].pdf irteera.jpg
eta, horren arabera, nahi duzun orrialdea.
B- Karpeta bereko PDF guztiak batera bihurtzeko:
for i in `ls *.pdf`; do convert "$i" "$i".jpg; done
JPGak jatorrizko fitxategien izenarekin sortuko dira.
Hauek dira nire ustez aukera interesgarrienak. Convert aginduaren aukera guztiak kontsultatu nahi baduzu itsatsi:
Ikasleen azken birpasarako interesgarria izan daiteken web orria da sumnotes.net.
Pdf dokumentuetan testua nabarmentzeko eta oharrak egiteko hainbat aplikazio daude. Linuxerako pare bat gomendatu ditut blog honetan: MasterPdfEditor eta Foxit.
Sumnotes egiten duena da, behin erregistratu ondoren eta doako bertsioaren mugen barnean (50 orriko dokumentuak, 50 testu nabarmenduak, 50MB eta 5 irudi dokumentuko), pdf dokumentuan nabarmendu ditugun testuak eta egin ditugun oharrak erauzten ditu web orrira eta bertatik hainbat formatutan esporta daitezke.
Atzeko planoan pdf dokumentuan nabarmendutako testua, erdiko planoan
Sumnotes orria erauzketa egin ondoren eta aurreko planoan erauzitako
testua testu prozesadorean.
Azterketa aurreko orduetan dokumentuan nabarmendutakoa birpasatzeko interesgarria izan daiteke.
Hau eta beste web aplikazioak eskuin paneleko web-aplikazioak estekan
Aurreko mezu bateanMaster PDF Editor aplikazioa gomendatu nuen PDF dokumentu batean edizioak egiteko, bai nabarmentzeak, laster-markak... bai dokumentuak zatitu, elkartu, orriak biratu eta abar.
Dena den lantokian ohartuak ginen zenbait fitxategi ezin zituela ireki...
... baina gaur arte ez dugu asmatu zein fitxategi klasea zer errore ematen zuena. Gaur ohartu gara zerbitzarian konpartituta dauden fitxategiekin gertatzen dela. Ez dakigu zergatik gertatzen den baian soluzioa erraza da: zerbitzariko karpeta baten PDFa editatu behar baduzu egin kopia bat lokalera (ekipora edo USBra), ireki eta editatu Master PDF Editor-en bidez eta gorde (honela) ostera zerbitzariko karpetara.
Aholaben ahots sintesian oinarriturik Elhuyar-ek testuak irakurtzen dituen bi plugin garatu ditu Berritzegune Nagusiarentzat: bat Firefoxentzat eta bestea LibreOffice Writer-entzat. Biak erabili daitezke Linux, Mac zein Windows sistema duten ordenagailuetan -mugikor eta tabletetan ez-. Irisgarritasunari begira urrats handi bat, dudarik gabe.
Hauen helburua da ordenagailuan azaltzen eta prozesatzen diren ahalik eta testu gehienak irakurtzea.
Zer dira:
Firefox nabigatzailearentzat eta LibreOffice Writer testu prozesadorearentzat gehigarri edo hedapen bana dira. Hain zuzen testua esaldiz esaldi hartu Elhuyarren zerbitzari batera bidali eta horrek, ahots sintesiaren bidez sortutako audio fitxategia jaso eta erreproduzitzen dute. Horrela izanik, internetera konektatuta egon behar gara irakurleak bere lana egin dezan. Ahots sintesiaren teknologia TTS edo Text To Speech izenez ezagutzen da.
Norentzat:
Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, hala nola itsuak, gutxi ikusten dutenak, dislexikoak, gidariak...
Zer irakurtzen dute:
Firefoxen gehigarriak irakurtzen ditu, besteak beste:
web orriak, htlm formatuko dokumentuak alegia.
pdf dokumentuak (haren bidez irekita, noski)
LibreOffice Writer-en gehigarriak irakurtzen ditu, odt, doc, docx, rtf... eta beste hainbat testu formatu.
Liburu elektronikoak irakurtzeko hainbat aukera daude: bat da epub (edo dena delako) formatua duen fitxategia deskonprimatzea eta barruko html-ak Firefoxen bidez irakurtzea; beste aukera bat da https://cloudconvert.com moduko web baten bidez epub fitxategia txt edo pdf formatura bihurtzea.
Firefox eta LibreOffice software libreko aplikazioak dira, doakoak, eta Linux, Windows eta Mac OSen funtzionatzen dutenez hiru sistemetan erabil daiteke.
Nola deskargatzen dira:
Formulario honen bidez konpromisorik gabe eskatu eta postaz bidaliko dizkizute doan.
Nola instalatzen dira:
Bi fitxategi dira, bata xpi formatua duena Firefoxekin irekitzeko eta bestea, oxt formatua duena, LibreOfficerekin (niri 4. bertsioarekin ez dit funtzionatu, 5.rekin, ordea, bai). Zuzenean instalatzen ez badira begiratu web honetako pdf dokumentuan edo bideo-tutorialetan Joxik azaltzen dituen instalazio alternatiboak.
Firefoxen kontuan eduki behar dugu Irakurle digitala barra bat dela eta instalatu ondoren Firefoxi agindu behar diogula barra hori erakusteko. Horretarako helbide barraren ezker muturrean dagoen menura sartu (1) eta -ikusi beheko irudia- Pertsonalizatu sakatuko dugu (2), ondoren ikusteko barrak (3) eta EusTTS aukeratuko dugu (4).
Nola erabiltzen dira:
Hona hemen adibide bat LibreOfficen:
Azpiko irudian Firefoxen duen itxura:
Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu dutenei, bereziki Antigua-Luberri institutuko Maite Montero irakasleari ideia izan eta, temati, lortzeko bidea jarri duelako eta Elhuyarreko Igor Leturiari bere lana eta laguntzagatik.
Elhuyar-eko Saroi Jauregik Info7 irratian irakurle digitalaren berri eman du (entzun). Beste gehigarri interesgarriak Firefoxentzat. Beste gehigarri interesgarriak LibreOfficerentzat.
PDF fitxategiak editatzeko aukera ematen duen Foxit Reader aplikazioak 2009tik ez zuen bertsio berririk Linuxerako eta atera duena ez du funtzionalitate aurreraturik baina oinarrizkoak baditu eta oso interfaze sinple eta interesgarrian.
Foxit Reader-en interfazea
Funtzionalitateak: Edizioa
Nabarmentzeko tresna (fosforitoa) testua aukeratzeko tresnekin (klik bikoitza eta hirukoitza, Ctrl+A...), azpimarra, gain-marra.
Arkatza eta borragoma.
Oharrak.
Testua ordezteko eta txertatzeko iradokizunak.
Testu edizioa (letra mota, tamaina eta kolore aukerarekin).
Edizio guztiak bektorialak dira: aukeratu eta ezabatu, mugitu eta aldatu daitezke.
Laster-markak, bilatzeko tresna eta abar.
Foxit Reader versus Master PDF Editor
Foxit-en abantailak Masterrekiko
Interfazea sinpleagoa, intuitiboagoa eta erabilgarriagoa.
Nabarmentzeko tresna testuarekin jokatzen du eta ez zonekin.
Inprimaketak aukera ematen du inprimatzeko dokumentua edizioekin edo
gabe. Horrek suposatzen du ez direla zertan gorde behar jatorrizkoa eta editatutakoa.
Foxit-en oharrak Evincek erakusten ditu (Masterrenak ez)
Instalazioa fitxategi exekutagarri baten bidez egiten da eta aplikazioa edozein erabiltzailek egin dezake eta soilik berarentzako ibiliko da. Foxit Reader deskargatzeko orrira joan, aukeratu Foxit Reader > Free Download eta agertzen den fitxan sistema aukeratu (Luberriren kasuan Linux 32 bit) eta Download. Deskargatzean deskonprimituko dugu fitxategi kudeatzailearekin eta azalduko da FoxitReader.enu.setup.1.0.0.0909(r186903).run fitxategia; fitxategia exekutatu eta Aplikazioak > Grafikoak atalean agertuko da.
Bukatzeko
Software librean hutsune handia dago PDF fitxategien edizioan. Evince oso aplikazio pobrea da, arina baina edizio tresnarik ez du. Okular aplikazioak baditu edizio tresnak baina soilik Okular-en ikusten dira haren oharrak eta nabarmentzeak. Egoera horrela segitzen duen bitartean Master PDF Editor edo Foxit Reader bezalako software pribatiboa segitu beharko dugu.
Erne! bezeroak instalatzeko modua aldatu da. Mezu hau 2019/4/16an eguneratu dut modu berriarekin.
Ikasleak ordenagailuaren aurrean daudela irakaslea haien bizkarrean hobeto dago bere ordenagailuaren aurrean baino, hala ere, Epoptes probatu ondoren ez duzu erraz utziko. Ikasleen pantailak kontrolatu baino askoz gehiago egiten du eta.
Epoptes versus Italc
Software librearen unibertsoan Italc zen gelaren kontrolerako aplikazio nagusia baina, niri horrela gertatu izan zait behintzat, irakaslea denborarekin ikasleen kontaktua galtzen du. Epoptes-en kasuan hori ez omen da gertatzen. Epoptes, Italc ez bezala, soilik GNU/Linuxen funtzionatzen du, ez du Windows-eko ikasleak ikusten. Bestetik Epoptesen instalazioa errazagoa da.
Epoptes-en funtzionalitate nagusiak:
Ikaslearen ekipoa piztu, saioa amaitu, itzali edo berrabiarazi.
Ikasleen ekipoen pantailak ikusi, ikasle baten ekipoaren kontrola hartu. Proiektorea izanez gero irakaslearen pantailatik edozein ikasleren pantaila erakutsi daiteke. Horrela ikasleek euren lanak erakutsi edo atazaren bat nola egiten den erakustea dute.
Irakaslearen pantaila ikasle batzuen edo guztien pantailan erakutsi (bereziki interesgarria proiektorea ez badago).
Exekutatu aginduak ikasleen ekipoetan (baita root bezala ere). Gure ordenagailutik aplikazio bat instala dezakegu ikaslearen ekipoan.
Ikasle baten edo guztien ekipoa mututu, blokeatu (esate baterako azalpen bat eman behar denean).
Ikaslearen ekipoaren informazioa (adib. IPa) ikusi.
Ikasle bati edo batzuei mezu bat bidali.
Instalazioa:
Irakaslearen ekipoan
Epoptes instalatuko dugu terminalean hau itsatsita: sudo apt-get install epoptes
eta irakaslea(k) Epoptes taldean sartuko ditugu: sudo gpasswd -a erabiltzaile_izena epoptes
non erabiltzaile_izenaren ordez irakaslearen erabiltzaile-izena jarri behar duzu. Bat baino gehiago bada bereiztu komen bidez.
Irakaslearen ekipoak IP finkoa eduki behar du. Ez badu jarriko diogu (ikusi nola). Bere IPa kontsultatuko dugu (goiko panelean: konexioa > konexioaren informazioa) eta apuntatu paper batean.
Berrabiarazi ekipoa.
Ikasleen ekipoetan
1- Aplikazioa instalatuko dugu. Administratzaile moduan Epoptes-en bezero aplikazioa instalatuko dugu terminalean hau itsatsita: sudo apt-get install epoptes-client
2- Ikaslearen ordenagailua eta irakaslearen ordenagailuaren arteko lotura definituko dugu. Bi era erabili daitezke:
2.A- Zerbitzariak, alegia irakaslearen ordenagailuak, IP finkoa badu:
Bezeroaren terminalean hosts fitxategia editatuko dugu horrela: sudo xed /etc/hosts
(xed editorearen ordez gedit , nano edo bestelako testu-editorea erabili dezakezu)
eta fitxategiaren bukaeran honelako lerro bat gehituko dugu:
xx.xx.xx.xx server
non xx.xx.xx.xx-ren ordez irakaslearen ordenagailuko IP finkoa jarriko dugun. Ondoren gorde eta itxi fitxategia.
2.B- Zerbitzariak IP finkoa ez badu edo ez badakigu:
Irakaslearen ordenagailuaren host izena begiratuko dugu; horretarako haren terminalean idatziko dugu: hostname
Demagun ematen duen izena dela "zerbitzaria". Ondoren, bezeroaren terminalean itsatsiko dugu: ping zerbitzaria.local
Kontaktua ematen badu terminalean itsatsiko dugu: sudo xed /etc/default/epoptes-client (xed editoraren ordez gedit edo bestelakoa erabili ahal duzu) eta fitxategi hau editatuko dugu SERVER aurreko # traola ezabatuta eta zerbitzariaren izena jarrita: SERVER=zerbitzaria.local
non "zerbitzaria"-ren ordez irakaslearen ordenagailuaren host izena jarriko dugu. Gorde fitxategia eta itxi.
3- Lotura ezarriko dugu.
Azkenik irakaslearen ekipoaren SSL egiaztagiriak eskuratuko ditugu ikaslearen ordenagailuan honako agindu hau exekutatuta: sudo epoptes-client -c
Aginduaren mezua begiratu ikusteko konexioa lortu dela. Errorea ematen badu zerbait gaizki egin dugu. Done agertzen bada dena ondo.
Berrabiarazi ekipoa
Erabilera:
Irakaslearen ekipoan egin Aplikazioak > Internet > Epoptes eta aplikazioa abiatuko da. Ikasleek ekipoak piztu ahala ikusiko dira monitorean. Miniaturen tamaina alda daiteke eskuineko beheko aldeko kontrolarekin eta miniaturen azpian ekipoaren izena, erabiltzailearena edo biak ikustea kontrola daiteke menuko Etiketak elementutik.
Blokeoak, mezuak, itzalketak eta abar hautatutako monitoreen gainean funtzionatzen du. Bat baino gehiago hautatzeko sakatu Ctrl. Denak hautatzeko Ctrl+A,
Bukatzeko:
Epoptes greziar proiektu bat da (Epoptes-ek grekeraz begiralea esan nahi du) eta VNC teknologian oinarritzen da.
Renmina edo TeamViewer aplikazioetan ez bezala Epoptes-en ez da erabiltzailearen (ikaslearen) baimena behar bere ekipoa zelatatu edota kontrolatzeko.
Aplikazioa euskaraz dago 0.5.8 bertsiotik Juan Ezeizaren lanari esker.
Badira gutxienez bi modu LibreOffice Writter testu prozesadoreko dokumentuak liburu elektronikoan (e-book) irakurtzeko: epub formatuan edo pdf formatuan.
Zertarako? dokumentu luzeak ordenagailuko pantailan irakurri beharrean hobeto irakurtzen dira liburu elektronikoan itzalean dagoen parkeko bankuan.
epub formatura.
Hau da modurik egokiena. Liburu elektronikorako formatua da eta aukera ematen digu letra handitu, txikitu, bertikalean edo horizontalean jartzeko. Testua pantailara egokitzen da beti.
Odt fitxategia bihurtzeko LibreOfficerako Writer2epub gehigarria edo hedapena instalatuko dugu LibreOfficen. Estekan klikatu eta LibreOffice-rekin irekitzeko esango diogu. Instalatu ondoren LibreOffice itxi eta bihurtu nahi dugun dokumentua irekiko dugu. Testu prozesadorearen barra estandarraren ezkerreko aldean gehigarriaren botoiak ikusiko ditugu.
Lehenengoa klikatu eta dokumentuaren fitxa beteko dugu. Bertan titulua, egilea, hizkuntza... jarriko dugu eta lehenengo orri bezala irudiren bat jarri nahi badugu eskuin aldean hautatu dezakegu. Ok sakatu eta...
jatorrizko dokumentua dagoen tokian agertuko da epub formatukoa. Ordenagailuan ikusi nahi badugu Firefoxentzako EPUBReader erabil dezakegu.
Liburu elektronikora kopiatu eta parkera irakurtzera.
Bihurketa bukatuta puska batean erabili behar ez baduzu menuko Tresnak > Hedapenen kudeatzailean desgaitu dezakezu gehigarria barra estandarretik kentzeko.
Irudiak mantentzen dira. Taulak ez dira ondo ikusten eta dokumentua oso konplexua bada edota hainbat prozesadoretan egindako puskak baditu baliteke ez funtzionatzea.
Horrelako kasuetan B plana izan daiteke...
pdf formatura.
Ez da hain egokia zeren eta formatua ezin da egokitu liburu elektronikoaren pantailara. Baina abantaila bezala kontsidera daiteke irudiak, taulak eta abar eta formatuak ordenagailuko modu berean ikusiko dugula.
Ordenagailua eta liburu elektronikoaren pantailen aldeak kontuan izanda, pdf bihurtu baino lehen dokumentua egokituko dugu liburuaren pantaila txikira. Horretarako LibreOfficen jarriko dugu (balioak indikatiboak dira):
Orrialde formatuan:
Formatua > Orrialdea DIN A5
Kendu goi-buruak eta orri-oinak
Ezker-eskuin marjinak 0,5 cm Paragrafo formatuan
Lerroartea 1
Letra tamaina 18