Telegram etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Telegram etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/09/15

Zer egin Luberri instalatu ondoren

 Gaur, Luberri 25.1 instalatu ondoren, erabiltzeko prestatu behar dut, eta urratsak deskribatuko ditut. Ordena ez da betebeharrekoa eta, ez eta urrats guztiak betetzea ere.

Urratsak bitan sailkatuko ditut: lehenengo hiruak exekutatzeko administratzailea izan behar duzu, gainerakoak erabiltzaile arrunt gisa ere burutu ditzakezu.

1. Eguneratzea

Sistema eta aplikazioak eguneratzeko terminala ireki (Ctrl+Alt+T) eta agindu hauek exekutatuko ditugu:

sudo apt update (software biltegietan bertsio berriak begiratzeko)

sudo apt upgrade (daudenak instalatzeko)

2. Beste erabiltzaileei alta eman. 

 Oinarrizkoa da erabiltzaile bakoitzak bere kontua izatea, hartara pertsonalizatu ahal izango ditu bere kontuak (posta, Telegram, Nextcloud...), aplikazioak bere gustura konfiguratu eta dokumentuen pribatutasuna eta segurtasuna mantentzeko.

 Ordenagailua elkarte edo erakunde baten sarean badago haren domeinuan integratzeko aukera egon daiteke, hartara erabiltzaileei ez zaie alta eman behar, domeinuan identifikatuko ditu. EAEko ikastetxe publikoen kasuan Luberrik badu script bat integrazioa egiten laguntzeko (Aplikazioak > Sistemaren konfigurazioa > Domeinuan sartu).

Etxerako, edo domeinurik gabeko elkarte baterako bada, eskuz sortuko ditugu erabiltzaileak (goiko paneleko eskuinean dagoen zure izena klikatu > Sistemaren ezarpenak >  Administrazioa > Erabiltzaileak eta taldeak). Erabiltzaileak sortzean bereiziko ditugu administratzaileak diren edo erabiltzaile arruntak. Administratzaileak sistema kudeatu, eguneratu, aplikazioak instalatu, erabiltzaileak sortu eta maila horretako beste eskumenak ditu. Erabiltzaile berriei pasahitza jartzen ahal diegu (egokia adin txikikoen kasuan) edo gabe utzita haiei eskatuko die.

3. Telegram-desktop instalatu. 

Luberrin ez dugu Telegram-desktop instalatu, izan ere preparatuta dago ikasleek erabiltzeko eta Telegram erabiltzeko gutxieneko adina 14 (Es) -15 (Fr) da eta ikastetxeetan ez da oso erabilgarria. Hori esanda, gutxieneko adina baduzu Telegram-desktop komunikazio tresna baliotsua da, neurri batean, bere bat-batekotasuna eta erraztasunagatik zenbait kasutan posta-elektronikoa ordeztu du. 
Instalatzeko bi era daude: Flatpak erabili gabe edo erabilita. Bigarrena errazagoa da: Aplikazioak > Sistemaren-konfigurazioa > Software-kudeatzailea > Telegram bilatu eta instalatu.
Behin instalatuta mugikorrarekin eskaneatu beharko duzu zure kontua erregistratzeko.
 
 

Ataza orokorrak eginda, orain ordenagailua nor bere gustura eta zerbitzura hurbiltzeko lanari ekingo diogu: 

4. Mahaigainekoaren pertsonalizazioa.

 Lehen esan bezala, erabiltzaileak bereizteak bide ematen du, besteak beste, mahaigainekoa eta aplikazioak pertsonalizatzeko.

Mahaigainekoa, edo harrerako pantaila,  zein interfaze orokorra pertsonalizatzeko Luberrik aukera aunitz ematen ditu. Gutxi batzuk aipatuko ditut:

  • Mahaigaineko irudia aldatzeko arakatzailean (Lekuak) gogoko irudi bat bilatu, eskuin klik egin eta  Ezarri atzeko plano gisa...
  • Panel nagusia behera mugitu nahi baduzu (Windowsen bezala) panelean bertan eskuin klik: Aldatu lekuz eta beheko aldean klikatu.
  • Panelaren erdiko aplikazioak. Dock gisa funtzionatzen du, hau da, gehien erabiltzen duzun aplikazioak erakusten ditu -irekita daudenekin batera-. Pertsonalizatzeko kentzen ahal duzu gutxi erabiltzen duzunak: eskuin klik > Askatu paneletik eta gogokoak jarri. Horretarako ireki aplikazioa eta bere ikonoan eskuin klik egin > Finkatu panelean.  Nire panelean Firefox, Thunderbird, Zim Wiki, Search, Ksnip eta Telegram.
  • Gai argia nahiago? Luberri gai ilun batez konfiguratuta dago (hori ikusteko aski da arakatzailea irekin eta ikusiko duzu atzeko plano beltzean testu zuriak) Gai ilunek gozoagoak dira erretinekin, batez ere gauez. Argia nahiago baduzu panel nagusiko eskuinean dagoen zure izena klikatu > Sistemaren ezarpenak > Itxura > Gaia eta bertan Mint-Y_Dark-en ordez argi bat hautatu. Edozein kasutan...
  • Gaueko koloreak egokitu. Luberrik aukera ematen du gaueko orduetan era automatikoan distira jaitsi eta kolore zuri-urdinen ordez melatonina sortzea galarazten ez duten tonu gorriztak hartzea (Sistemaren ezarpenak > Hobespenak > Gaueko argia. Aktibatu eta aukeratu gaueko tonua eta ordutegia.
  • Sistemaren letra tamaina egokitu. Adin batetik gora presbiziak bere lana egin du eta letra txikiak ikusgaitzak bihurtu zaizkit. Berdin gertatzen bazaizu: Sistemaren ezarpenak >  Itxura > Letra-tipoen hautapena: bertan nik 15 jarri dut kasu guztietan.

5. Aplikazioen pertsonalizazioa: Firefox 

 Edozein aplikazioa erabiltzen dugun lehenengo aldian Hobespenak, konfigurazioa alegia, errepasatzea komeni da gure gustu eta beharretara egokitzeko. Interneteko nabigatzailean, Firefox kasu honetan, hori funtsezkoa da. 

  • Identifikatu. Firefox-i esan nor zaren, hartara, besteak beste, pasahitzak eta laster-markak sinkronizatu ahal izango duzu erabiltzen ohi dituzun ordenagailuko Firefoxetan. Nola? Firefox ireki eta helbidearen paneleko eskuinean agertzen den sandwich-menu ikonoa klikatu > Sinkronizatu zure gailu guztiak > Hasi saioa. Aurretik beste gailuren batean identifikatu bazara, sartu erabiltzailea eta pasahitza; orain arte erabili ez baduzu eman erabiltzaile kontua eta pasahitza. Behin kontua identifikatuta, zure izenean klikatu eta Sinkronizazio ezarpenak zehaztu. Nik hauek ditut sinkronizatuta: 
    • Laster-marken tresna barra. Barra hau helbidearen barraren azpian ager daiteke eta niretzat funtsezkoa da nabigaziorako zuzen joateko ohiko helbideetara. Barra hori ez dago lehenetsita, beraz, erabili nahi baduzu aktibatu behar duzu: Menu > Tresna gehiago > Pertsonalizatu tresna barra, fitxaren beheko aldean Tresna barrak > Laster-marken tresna-barra > Erakutsi beti markatu eta beheko panelean Egina klikatu. Laster-marken tresna-barra erabiltzen duzun lehenengo aldia bada, dauden elementuetan eskuin-klik eta ezabatu eta erabiltzen ohi dituzun helbideak poliki-poliki gehitu helbidearen ezkerrean agertzen den giltzarrapoa barrara arrastatuta. Izena luzea badu edita dezakezu laburtzeko. Laster-marka asko baduzu karpetak sortzen ahal dituzu multzokatzeko.
    • Pasahitzak gogoratzea onartzen duzunean Firefoxeko menutik ikusi eta editatzen ahal dituzu.
     
  • Bilatzailea ezarri.  Finantziazio kontuengatik Firefoxek Googlen bilatzailea lehenesten du. Ez dut zalantzan jarriko bilaketen kalitatea. Argi dudana da erabiltzailearen datuak zurrupatzen dituela. Nik erabiltzen dudana SearXNG metabilatzailea da -hau da, hainbat bilatzaile erabiltzen ditu-. haren konfigurazioan euskarazko bilaketak lehenesten ahal dira eta erabiltzen dituen bilatzaileen artean Google mantentzen baduzu bilaketen kalitatea bermatzen duzu Googlek zure datuak zurrupatu gabe eta babestutako emaitzak edo iragakiak ez dira agertzen. SearXNG hornitzaile edo instantzien artean nahi duzuna aukeratu, helbidean eskuin klik eginda gehitu zure gogoko bilatzaileetara, eta Firefoxen Ezarpenak > Bilaketa > Bilaketa-motor lehenetsian SearXNG aukeratu.

     
  • Gehigarriak (edo hedapenak) nabigatzailearen funtzioak osatzen dituzten gehigarriak dira. Ez du komeni asko instalatzea nabigatzailea ez moteltzeko. Horregatik, nik soilik lau instalatzen ditut:
    • Adblock Plus: propagandaren blokeatzailea. 
    • Dark Reader: web orri gehienek atzeko plano zuria letra beltzak dituzte. Gehigarri honek atzeko plano beltzean letra zuriak jartzen die irakurketan begiek ez sufritzeko.  Bietan salbuespenak ezar daitezke.
    • Euskalbar: euskara-euskara eta erdara-euskara hiztegiak. 
    • Lehen hitza euskaraz: webgune eleaniztunetan euskara lehenesten du.  

6. Thunderbird konfiguratu.

 Posta elektronikoa erabiltzeko bi era nagusi daude: webmail (posta hornitzailearen web-orria) edo postarako aplikazio edo bezero bat. Kontu bakarra izanez gero webmaila nahikoa izan daiteke baina kontu bat baino gehiago badugu posta bezeroa ezinbestekoa da mezu guztiak ekartzeko eta kontaktuak kontuen artean partekatzeko besteak beste. Daudenen artean Thunderbird nabarmentzen da ondo dabilelako eta oso egutegi praktikoa duelako.

Thunderbird ordenagailu batean aurreneko aldiz irekitzen dugunean gure kontuen berri eman behar diogu. Normalean topatuko du eta zure mezuak ekarriko ditu.

Behin lehenengo kontua erregistratuta hurrengoekin hasiko gara: Kontu ezarpenak > Gehitu kontua.

Eskerreko barran agertzen dira Helbide-liburua eta Egutegia. Lehenengoaren kasuan beste thunderbird batetik edo webmailetik kontaktuak esportatu eta bertara inportatzen ahal ditugu. Egutegiaren kasuan praktikoagoa da sareko gure egutegia ezarri (Disroot, Google...) lokal bat erabiltzea baino. Sarekoa ezartzeko:  ezkerrean behean Egutegi berria > Sarekoa ... 

 

7. Nextcloud

 Nextcloud Europako hodei bat da, software librekoa. Haren bidez zenbait fitxategi zerbitzari batera igo dezakegu edozein gailutik nabigatzailearen bidez deskargatu ahal izateko. 

Luberrik Nextcloud Desktop aplikazioa du instalatuta. Aplikazio honen bidez sinkronizatu daiteke hodeia eta karpeta lokal bat. Edozein fitxategi karpeta horretan sartuta automatikoki sortzen du kopia bat hodeian, hartara karpeta hori sinkronizatuta eduki daiteke hainbat ordenagailutan. Mugikorrerako aplikazio baten bidez fitxategiak jaitsi edo igo daitezke.

Bada jende eta erakundeak bere zerbitzaria muntatzen dutenak, beste batzuk zerbitzu hori kontratatzen dute. Zure ikastetxe edo erakundeak Nextcloud eskaintzen badizu edo zerbitzua kontratatu baduzu (hornitzaile batzuk doako GB batzuk eskaintzen dituzte) zure saioan erregistratu behar duzu. Horretarako Aplikazioak > Gehigarriak > Nextcloud...   


 Hiru aukera agertzen dira: zure zerbitzarian saioa hasi, doako hornitzaile batean erregistratu edo zure zerbitzari lokal propioaren helbidea eman.

 

Behin saioa hasita sinkronizatuko den karpeta proposatuko digu (Nextcloud) eta hodeian dugun fitxategi guztiak edo batzuk sinkronizatzeko aukera emango digu. Konektatuko dugu: sortuko du karpeta eta hodeian duguna ekarriko du.

 

8. Zim oharrak.

Produktibitateari begira inportantea da ohar koaderno on bat edukitzea, hala nola Zim Wiki. Koaderno bat sortuko dugu edo dugun batekin sinkronizatuko dugu. Gure oharrak erabili ohi dugun ordenagailuetan sinkronizatuta edukitzeko, koadernoa Nextcloud karpetan egon behar du. Aplikazioak > Bulegoa > Zim Wiki...


 Eskatzen digu koadernoaren izena eta gordeko dugun karpeta. Sinkronizatu nahi badugu karpeta Nextcloud karpeta barruan sortuko dugu.

 

Zazpi urrats hauekin funtsezko aplikazioak konfiguratuta, eta behar den kasuetan, sinkronizatuta edukiko dugu. 

Pertsonalizazio hauek egiteko, lehen aipatu bezala, garrantzitsua da ordenagailua erregularki erabiliko duten pertsonek bere erabiltzaile propioa edukitzea, eta ez etxe askotan ohikoa den bezala denak erabiltzaile berarekin funtzionatzea. Etxean inportantea bada lantegi eta elkarteetan zeresanik ez.

Denbora bat ematen du baina aldea handia da. 

2023/11/01

Luberri Linux Telegram taldea

 Luberri inguruko foroa orain arte luberri@framalistes.org posta zerrendaren inguruan garatu da non ehundik gora partaidek berriak jaso eta zalantzak eta iradokizunak plazaratu dituzte. Posta zerrendak ondo funtzionatu du, eskerrik asko Framasoft taldeari, baina funtzio horiek betetzeko aspaldi honetan txat aplikazioak eraginkorragoak bihurtu dira.

Hori dela eta jende gehiagorengana iristeko eta, batez ere, jende gehiagoren ekarpenak jasotzeko posta zerrenda gelditu eta Telegramen talde bat sortu dugu: 

LuberriLinux taldea

Taldea mugikorrerako edo ordenagailuko aplikazioetatik erabili daiteke, bai eta web orritik ere.

Luberri Linuxen berritasun, deialdi, asmoen berri jaso nahi baduzu eta, batez ere, haren inguruko laguntza eskatu, zure esperientzia zabaldu, iradokizunak egin nahi baduzu sartu taldean eta parte hartu.

2021/08/18

Nola pasa mugikorreko argazkiak eta bideoak ordenagailura Telegram aplikazioaren bidez

Mugikorrean egindako argazkiak, bideoak eta bestelako fitxategiak mugikorretik ordenagailura Telegram aplikazioaren bidez aplikazioa eduki behar dugu bai mugikorrean bai ordenagailuan (Telegram Desktop).

Bat edo gutxi badira aski dugu mugikorreko galeriatik-edo aukeratzea eta partekatu edo bidaltzea Telegram bidez (1) gure buruari Gordetako mezuak (2) kontaktuaren bidez.

 


 
Berak proposatzen du konprimatuta bidaltzea, jatorrizkoa baino gutxienez 10 aldiz arinagoa, baina jatorrizkoa bidali nahi badugu kalitate osoa mantentzeko konprimitzearen aukera desmarkatu behar dugu.
 

Behin ordenagailuan jasota, Gordetako mezuak kontuan begiratu eta fitxategiaren gainean eskuin klik egin eta nahi duzun karpetan gorde.

Honen arazoa da fitxategiak banan bana gorde behar direla. Baina bada multzoka transferitzeko modu erraz bat: fitxategi asko transferitzeko galeriatik-edo hautatuko ditugu intereseko batean klik luzea egin eta borobiltxoak agertzen direnean interesatzen zaizkigun gainerakoak aukeratuko ditugu, edo egun horretako guztiak aukeratuko ditugu.

 


Aurrekoan bezala bidaliko ditugu Telegram bidez gure buruari Gordetako mezuak kontaktuaren bidez. Oraingoan ordea egun horretan bidalitako guztiak multzo batez gordeko ditugu. Horretarako ordenagailuko Telegramen Gordetako mezuak kontuan gaudela menua zabalduko dugu hiru puntuetan klikatu eta Esportatu txat historiala klikatuko dugu.

 

eta esportazioaren aukerak zehaztuko ditugu:

  • fitxategi motak
  • fitxategiaren gehienezko tamaina
  • bidea, alegia nora deskargatu. Deskargak/Telegram Desktop dator lehenetsita baina alda dezakegu.
  • eta bidalitako zein egunetik zein egunera. Gaur bidalitakoak esportatzeko egutegian zehaztuko dugu Hemendik: gaur, hona: gaur.


eta zehaztutako baldintzak bidalitako fitxategi guztiak zehaztutako karpetan gordeko dira.

2020/12/05

Pavel Durov: Gutxiago kontsumitu. Sortu gehiago. Dibertigarriagoa da.

Atzo Pavel Durov Telegram sarearen sortzaile eta garatzaileak hazkundearari eta desazkundeari buruzko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen: Consume Less. Create More. It’s More Fun. 

Wikimedia

 

Hona hemen haren itzulpena (automatikoa eta gainetik zuzenduta):

 

Gutxiago kontsumitu. Sortu gehiago. Dibertigarriagoa da.

Pavel Durov, 2020ko abenduaren 04a


Korporazio handiek marketina erabiltzen dute gure arazo guztiei irtenbidea beraien gauza gehiago erostean datzala pentsarazteko.


Benetako irtenbidea guztiz kontrakoa izan ohi da: gutxiago kontsumitzean datza, ez gehiago. Gehienetan, gure arazoak gehiegizko kontsumoak eragiten ditu.


Adibidez, gehiegizko pisua baduzu, gimnasiorako harpidetzak edo janari osagarriak jasotzeko iragarkiak bonbardatuko zaituzte. Pisua galtzeko gakoa gutxiago jatea da, ez zapata berriak eta proteina hautsa.


Edo, buruko minekin eta estresarekin borrokatzen baduzu, buruko mina pilulak eta antidepresiboak saltzen saiatuko dira. Baina estresa benetan murrizteko, lo egiten eta gehiago ibiltzen hasi beharko zenuke entretenimendu produktuak kontsumitu beharrean eta sare sozialetan gauez arakatu beharrean. Pilulak ez dira inoiz konponbide iraunkor izateko diseinatu: denborarekin indarra galtzen dute eta, aldi berean, pilula gehiago beharko dituzten bigarren mailako efektuak eragiten dituzte. Kontsumoaren amaierako bidaiari ekin ondoren, miserableak eta korporazioak zoriontsu izan daitezen diseinatutako tranpa batean sartuko zara.


Eboluzioaren bidez, Ama Naturak baliabideen defizitak modu eraginkorrean aurre egiteko ekipatu gaitu, baina ez gaitu sekula prestatu bizitzarako orain dugun ugaritasun erlatiboan. Gaur egun, jende gehiago hiltzen da gizentasunagatik goseak baino, eta jende gehiagok sufritzen du informazio gainkargak eragindako antsietatea albiste faltak baino.


Giza DNA, gure hardwarea, zaharkituta dago. Duela 10.000-20.000 urte inguru eboluzionatzeari utzi zion oraindik ehiztari-biltzaile komunitate txikietan bizi ginenean. Orduan, ziztada goxo eta informazio bakoitza oso baliotsua zen. Orain hiri handietan bizi gara, tona azukre merkez inguratuta, baina gure DNAk ez daki hori. Gure gorputzak oraindik ere gehiegizko gantza pilatzen du inoiz etortzen ez diren negu gose gogorrak prestatzeko. Gure adimena inoiz gauzatzen ez diren mehatxuak kontatzen dizkiguten albiste kezkagarri guztietara atxikitzen da.


Paradoxa biologiko hori okerragotu egiten du gure sistema ekonomikoak, BPGaren hazkundea eta enpresen mozkinak maximizatzen dituena. Gobernuek eta korporazioek jendea kontsumoa handitzera animatzen dute. Ez da kasualitatea AEB, XX. mendean hazkunde ekonomikoan nabarmendu zen herrialdea, munduko herrialde garatuen gizentasun maila handiena izatea ere.


Merkatuak bultzatutako gizartea eraginkorregia bihurtu zen bere onerako. Sistema hau gizakientzat kaltegarria izateaz gain, epe luzean jasanezina da. Enpresa goseak ez bezala, gure planetako baliabideak finituak dira. Espezie gisa, oso eraginkorrak bihurtu ginen behar ez ditugun gauzak egiten eta saltzen, baina planeta da faktura ordaintzen duena. Gure gorputzak oraindik ere espero du duela 10.000-20.000 urte bizi ginen ingurune bikainean bizitzea, baso berdez eta laku garbiz betea. Hazkunde ekonomikoaren etengabeko bilaketan gure habitata suntsitzen jarraitzen dugunez, kutsadurak eragindako gaixotasunen kopuruak gora egiten jarraitzen du.


Zorte handia izan nuen aberastu nintzenean. 22 urte nituenerako, milioi bat dolar nuen nire bankuko kontuan, 25 , 28 , ehunka milioi. Baina horrek ez nau inoiz zoriontsu egin.


Nire benetako zortea nahiko goiz konturatu nintzen lanbide aberasgarriena gauzak sortzea dela, ez kontsumitzea. Beraz, yateak, hegazkinak eta ondasun higiezin garestiak erosi beharrean, gehien gustatu zitzaidanari erreparatu nion: gizateriari onura ekarriko dioten plataforma sozialak sortu (zorionez). Nire fondo pertsonal gehienak Telegram-en gastatu ditut jendeak perfekzioa lortzeko ahalegintzen den doako zerbitzuaz gozatzeko.


Besteei gauzak sortzeko gaitasuna iruditzen zait baliotsuena... eta nirea berreskuratzea. Uste dut aberastu egin nintzela maite dudana egiteko... dirua ez delako inoiz helburu garrantzitsua izan niretzat.


Ikaslea nintzenean, jolasak eta webguneak eraikitzea gustatzen zitzaidan. Orduan, frikientzako lanbidetzat hartzen zen. Etorkizun handiko ikasleei zuzenbidea praktikatzea edo negozio kasuak ebaztea espero zen. Baina inoiz ez zitzaidan axola besteek nola definitzen zuten arrakasta. Niretzat arrakasta gustatu zitzaidan gauzak sortzen denbora pasatzeko gaitasunean zegoen.


Ez naiz damutzen jende aberatsak bere burua inguratzea nahi duen gauza garestia ez erosteaz. Dudan damu bakarra gauzak sortzeko denbora gehiago ez izatea da.


Giza sormenerako aukerak amaigabeak diren garaian bizi gara. Robotak asmatu, geneak editatu, mundu birtualak diseinatu ... Hainbeste inguru ezezagun zirraragarri esploratu daitezke. Espero dut jende gehiagok besteentzako gauzak sortzearen gozamena ezagutzea. Espero dut egunen batean, gu, espezie gisa, amaierarik gabeko kontsumoaren bide autosuntsitzailetik urruntzea guretzat eta ingurukoentzat mundu hobea sortzeko bidaia betetzera.

 


2020/03/23

Telegram desktop: nola desaktibatu zuzentzaile ortografikoa.

Telegram Desktop, alegia mahaigaineko Telegram asmakizun handia da. Telegram ordenagailuan erabili nahi baduzu, telefonoa aldean eduki beharrik gabe, mezu honetan duzu Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko jarraibideak. Windows eta Mac-erako jarraibideak erraz topatuko dituzu Interneten.

Kontua da azken bertsioak, 1.9.21, zuzentzaile ortografikoa daukala eta berrogeita lau hizkuntza inguruan funtzionatzen duela baina euskaraz ez (ea jakintsuren batek aztertzen duen nola egin). Bitartean, euskaraz zuzentzen ez duen bitartean alegia, bertsio hori edo goragoko bat baduzu komeni da desaktibatzea zuzentzaile ortografikoa zeren eta euskarazko hitz guztiak gorriz azpimarratuko digu.

Zuzentzaile ortografikoak desaktibatzeko Telegrameko  menuan sakatu Advanded (bai, euskarazko itzulpenak oraindik baditu gauza batzuk euskaratzeko eta, gainera, itzulpena ez dago eguneratua) eta bilatu Spell cheker atala (zuzentzaile ortografikoa) eta desaktibatu.






2017/10/12

Nola jakinarazi zure kokapena Telegram bidez

Telegram mezularitza aplikazioak 4.4 ekarri duen berritasunen interesgarri bat kontaktu bati edo talde oso bati kokapena jakinaraztea da .
Ikus dezagun nola egin daitekeen:


1. Telefonoan kokapena gaitu.

2. Telegram ireki, aukeratu kontaktua edo taldea eta mezuaren tiran eranskinaren ikonoa (klipa) sakatu.


3. Agertzen diren aukeren artean kokapena sakatu.


4. Pantailan uneko kokapena agertzen da eta bi aukera: uneko kokapena bidali edo hainbat denboraz kokapena jakinarazi.

Ezkerrean kokapena eta aukerak. Eskuinean kokapena zenbat denboraz partekatzeko aukera.


Unekoa interesgarria da kontaktuak edo taldeak jakiteko momentu honetan non zauden eta bigarrena erabili daiteke mendira joatean, bizikletaz...

2017/05/21

Nola instalatu mahaigaineko Telegram Luberrin

(2025/9/7an eguneratua)



Telegram Desktop mezularitza aplikazioaren ordenagailurako bertsioa da. Bere ezaugarrien artean hauek nabarmendu daitezke:
  • Whatsapp-ena ez bezala aplikazio natiboa da. Nabigatzailea martxan jarri gabe ibiltzen da, are gehiago, konektatzeko telefono mugikorraren zenbakia eskatzen du, baina erabiltzeko ez du mugikorra aldean edo piztua behar.
  • Audio deiak egin daitezke ordenagailutik mugikorrera eta alderantziz edo ordenagailutik ordenagailura. 
  • Linux, Windows eta Mac-erako bertsioak daude, Android eta IOS gain jakina.
  • Aplikazioa zerbitzariaren aldetik ez da librea, bezeroen aldetik bai.
  • Oraindik ez du euskara hizkuntza integratzen baina euskaratuta dago eta erraz jartzen da euskaraz bai mugikorren bai mahaigainean. 

Instalazioa Ubuntu eta deribatuetan.

Hainbat modu daude instalatzeko. Nik hau proposatzen dizut.

1- Joan Telegram Desktopen  webgunera eta klikatu Get Telegram for x64 konprimatutako fitxategia deskargatzeko.

2- Joan deskargatu duzun tokira eta tsetup fitxategia ireki eta bertan erauzi. Telegram izeneko karpeta ageriko da.

3- Administratzaile rolarekin karpeta hori /opt/ karpetara kopiatuko dugu. Karpeta horretatik. Bertsio berritzea bada aurretik zaharra ezabatuko dugu:

sudo rm -R /opt/Telegram

edozein kasutan, kopiari ekingo diogu:

sudo cp -r Telegram/ /opt/

4-  Abiarazlea sortuko dugu. Horretarako ireki testu-editorea eta hau kopiatu

[Desktop Entry]
Name=Telegram Desktop
GenericName=Telegram mahaigainean
Exec= /opt/Telegram/Telegram %F
Type=Application
Icon=
Categories=Network;
Keywords[eu]=komunikazioa
Terminal=false
 

Gorde telegram.desktop izenarekin eta kopiatu lasterbideen karpetara

sudo cp telegram.desktop /usr/share/applications/

Denbora baduzu  bilatu dezakezu Telegramen ikonoa, gorde eta aurreko  fitxategian zehaztu non jarri duzun ikonoa Icon= lerroan.


Telefonoarekin qr bat eskaneatzea edo  mugikorraren zenbakia eskatuko dizu eta bertara bidaliko dizu kode bat. Kode hori idatzi eta horrela egiaztatuko duzu identitatea.
Erabiltzeko prest dago.


Idatzi zure buruari: gordetako mezuak 
  • Oso aukera interesgarria da zure buruari mezuak bidaltzeko:
  •  ohar bloka moduan
  • fitxategien biltegia edo hodeitxo moduan
  • argazkiak eta bestelako dokumentuak mugikorretik ordenagailura edo alderantziz pasatzeko.
Aukera honetaz baliatzeko  goiko bilatzailean zure izena jarri eta Gordetako mezuak agertuko zaizkizu. Hortik bidali behar diozu mezuak zure buruari.



Telegram euskaraz jartzeko
kopiatu ondoko esteka, zure buruari bidali eta ondoren klik egin gainean eta baimena eskatuko dizu aplikazioa euskaraz (beta) jartzeko:

https://t.me/setlanguage/eu-beta


Ezarpenak

Menuan klikatu eta Ezarpenetan konfigura dezakezu aplikazioa zure gustura, itxuraz zein funtzionamenduaz:

Egunerokoan erabili behar baduzu baloratu ezarpenetan konfigurazio hauek aktibatzea:
  • aktibatzea mezuak bidaltzean Ktrl+Sartu bidez (edo gezi urdina) puntu eta aparteak egin ahal izateko.
  • Aurreratuetan, aktibatu Bistaratu ikonoa erretiluan. Abiarazi sistema hasten denean.
  • Desaktibatu Erabili zuzentzaile ortografikoa (oraindik ez baitago prest euskararako eta aktibatuta badago hitzak azpimarratuak agertuko dira).

Kanalak eta taldeak
Whatsapp-en aldean Telegramek kanalak ditu. Kanalak informazioa norabide bakarrekoak dira, informazioa bidaltzeko erabiltzen ahal dira informatzailea badira eta, gehienetan, informazioa jasotzeko erabiltzen dira. Kanalak bilatzeko aski duzu Telegrameko bilatzailean bere izena jartzea eta onartzea.
  • ARGIA
  • BERRIA egunkaria
Taldeetan ordea parte har daiteke. Software librearen zalea bazara bi talde hauek interesatzen ahal zaizkizu:
  • Librezale
  • Hezkuntzan ere Librezale