irudi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
irudi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/01/05

Storyboarder: storyboard-ak egiteko aplikazioa

Baina, zer da storyboard bat? 

Wikipediak dioenez: irudi edo zirriborroen segida da; bere helburua animazio edo film bat egin aurretik horren egitura irudikatzea eta planoen ezaugarriak zehaztea da. Bineta bakoitzean plano baten irudikapena agertzen da eta kamera mugimendua badago geziz markatua agertzen da. 

Paperean egina komiki baten antza du. Zirriborroetan definitzen da plano mota, pertsonaien kokapena, kameren zein argien posizioa eta mugimendua.

Storyboard-a animazio, film eta edozein grabazioa zuzendu behar duenarentzat lan-eskema da.

Zer abantaila du storyboard-a digitala egiteak? Irudigintza digitalak dituen guztiak: tresnak, desegin-berregin, mugitu, kolore-paletak, modu digitalean gorde eta bidaltzea...

Storyboarder

Doako aplikazio multiplataforma (Linux, Mac, Windows) erraz eta intuitibo xamarra. Badirudi software libre lizentzia duela*


Ezaugarriak

Bi interfaze konbinagarriak ditu:

  • Esku hutsezko interfazea non pintzelak, koloreak, borragoma, mugitzeko eta berrenkoadratzeko aukera, fotogramak bikoiztu, ordenatu daitezke... Zirriborroaren azpian segida ikusi daiteke bere hartan edo animatzeko denbora-lerro moduan. Interfaze honetan aritzeko guztiz gomendagarria da tableta digitala erabiltzea.

https://github.com/wonderunit/storyboarder    
 


  • Open Shot Generator. Interfaze honetan 3D eszena batean pertsonaiak, objektu nagusiak, efektuak, kamerak, argiak... hautatu, kokatu, noranzkoak eskuz zein parametroen bidez zehaztu eta eszenaren argazkia egin eta aipatutako sekuentziaren interfazera gehituko dugu.

Ezkerreko panelean elementuen kokapena (pertsonaiak, kamera, argia) eta euren parametroak ikusten dira. Panel nagusian eszenaren ikuspegia eta pertsonaien gorputzak mugitzeko nodoak.

 

Hasieran hautatzen da fotogramen aspektu erlazioa.

Proiektu bakoitza karpeta batean gordetzen da era automatikoan. Bertan testu fitxategi batek biltzen ditu elementuen ezaugarriak eta irudiak eta bestelakoak azpikarpetetan gordetzen dira.

Irudien edizioa findu nahi bada zuzenean fotograma zuzenean ireki daiteke Gimp, Krita, Photoshop edo bestelako editorean.

Esportatu daiteke PDF gisako komiki antzeko dokumentu batean, GIF animatuan, bideoan, Premiere fitxategia...

 

Instalazioa

Esan bezala aplikazioa multiplataforma da eta Githubeko orri honetatik deskargatu daiteke.

Ubuntu, Linux Mint eta deribatuentzat nire gomendioa da .deb bertsioa deskargatzea eta klik bikoitza eginez instalatzea.


Oharrak

  • Badirudi MIT lizentzia duela. Informazio gehiago hemen.
  • Aplikazio honek prozesadore eta memoria dezente erabiltzen du. Ezarpenetan kalitatea murriztu daiteke aplikazioa arinago ibili dadin.

* Linuxerako nire aplikazioen bilduma hemen.

 


2021/07/23

Krita euskaraz

 Krita KDE inguruneko diseinu grafikoko aplikazioa da. Oso interesgarria eskaintzen dituen posibilitateengatik, haien artean azpimarratzeko modukoa da konbinatzen dituela raster edo bitmap geruzak eta geruza bektorialak.

 Aplikazioa Linux eta Windowserako bertsioak ditu. Ia erabat euskaratuta badago ere, Linuxen ohiko instalazioa nahiko bertsio zaharra instalatzen du eta termino gehienak ingelesez.  Ikus dezagun nola instalatu azkenetariko bertsioa eta goitik behera euskaraz.

Ubuntu, Linux Mint edo deribatuak erabiltzen baduzu ireki terminala (Ctrl+Alt+t) eta itsatsi eta sartu, hurrenez hurren, agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:kritalime/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install krita krita-l10n

Hori eginda, mezu hau idazteko unean Krita 4.4.3 instalatzen da. Ikusten baduzu programa erdizka ingelesez agertzen dela, horrek esan nahi du hizkuntza paketea zaharkituta dagoela. Pakete hori berritzeko ireki synaptic aplikazioa (instalatuta ez baduzu sudo apt install synaptic egin) eta krita-l10n hizkuntza paketea berritzeko eskatu:

hizkuntza paketea 1.4.2.9tik 3.4.4.3-2ra berritzen

2021/02/14

Sweet Home 3D euskaraz

Sweet Home 3D etxeak eta bestelako lokalak diseinatzeko aplikazio libre, plataforma anitza, sinple eta atsegina da.

Erabiltzeko modua oso erraza da. Gela edo etxea 2D plano batean diseinatzen da eta aplikazioak automatikoki 3D itxura erakusten du beheko leiho batean.


Ordena logikoa izaten da zorua marraztea, kontuan izanik saretaren karratu handiek metro bat dutela, ondoren hormak, gero ateak eta leihoak, eta bukatzeko berogailuak, altzariak, objektuak, argiak, landareak eta etxetik kanpokoak katalogotik hartu eta 2D planora arrastatuko ditugu.

Elementuak mugitu eta biratu daitezke, eta klik bikoitza eginda agertzen den koadroan bere neurriak, testurak, distirak eta abar zehaztu daitezke.

Etxeak solairu bat baino gehiago badu behar dituenak joango gara gehitzen eta osatzen.

Internetetik kargatu daitezke etxe modeloak eta altzari eta osagarrien bildumak.

Behin etxea prest dagoenean nahi dugun ikuspuntutik argazkiak ateratzen ahal ditugu edota bideoa grabatu markatu dezakegun ibilbide baten zehar.

Bideo honetan aplikazioaren hornitzaileak laburbiltzen du etxea osatzeko prozesua.


Aplikazioa Linux, Windows eta Mac-en erabili daitezke. Hemen dago deskargatzeko web orria: https://www.sweethome3d.com/download.jsp

Debian, Ubuntu eta deribatuetan instalatu daiteke terminalean agindu hau itsatsita:

sudo apt install sweethome3d

Instalatzean aplikazioa erdaraz agertuko da -ingelesez sistema euskaraz baduzu-. Euskaraz jartzeko urrats hauek eman behar dituzu:

S
  1. Joan aplikazioaren Itzulpenen orrira eta deskargatu "Other translation supported" atalean dagoen Euskara fitxategia (bertako estekan klik egiten baduzu deskargatuko da ere).


  2. Sistemak proposatuko dizu deskargatu berri duzun basque-6.4.sh3l fitxategia SweetHome3D aplikazioaren bidez irekitzea.

    Ados klikatu onartzeko eta aplikazioa hemendik aurrera euskaraz azalduko da.
 

 


Erabilera ikastetxeetan.

Aplikazioa hau oso interesgarria da lehen hezkuntzatik hasita, institutu eta unibertsitateraino. 

Hain da erraza ez dela ezagutza teknikorik behar. Gazte gaztetatik erabili daiteke. Esate baterako, ikasleei eskatzen ahal zaie bere logelako planoa paper koadrikulatuan marraztea -neurriak hartuta bada hainbat hobe- eta gero, irakaslearen laguntzaz, ordenagailuan diseinatu. Tresna ederra neurriak, eskalak eta matematika orokorrean lantzeko, baita kolorea, diseinua, testurak, argiak eta abar. 

Bereziki interesgarria da, behin oinarrizko erabilera kontrolatzen dutenean, haiek sortzea gogoko logelak, etxeak, lokalak, ikasgelak eta abar.

 

Sweet Home 3D Luberri sisteman integratuta dago eta haren hurrengo bertsioan, noski, euskaraz mintzatuko da. Baina zuk aplikazioa instalatuta baduzu ez duzu itxaron behar, hizkuntza-paketea deskargatu eta inplementatu.

Linuxeko beste aplikazioak kontsultatu ditzakezu.

2020/04/15

Xournal++ bideo-tutorialak, bideo-konferentziak eta PDFak editatzeko aplikazioa

Xournal++  C++ eta GTK3 bidez idatzitako irudiak editatzeko aplikazio libre eta multiplataforma (GNU/Linux, Windows, MacOS). Xournal zaharra baino dezente hobeto funtzionatzen du.
Irekitzen dugunean antzinako koaderno baten itxura duen interfaze bat ikusiko dugu. Baina horrek ez gaitu tronpatu behar. Xournal++ ikasleentzat baino irakasleentzako tresna da.

Zein dira, nire ustez, bere funtzionalitate nagusiak:
  • Bideo-tutorialak eta bideo-eskolak ematea.
  • PDF dokumentuen gaineko edizioa, batez ere argazki motako PDFen kasuan (EAEko Hezkuntzak hainbeste maite dituenak).
Erabilera desberdinak direnez, bakoitzak bere aldetik komentatuko dut.
Lehenengo kasuan Xounal++ erabili daiteke arbela zuri moduan haren gainean idazteko arkatzez edo forma geometrikoen bidez. Erabilera hau, nire ustean, bereziki interesgarria da matematika, fisika, kimika teknologia arloetan non aritmetika, formulak, grafikoen zirriborroak... asko erabiltzen diren.





Orri zuria gehien bat bideo-tutorialak edo ikasleekin bideo-konferentziak egiteko erabiliko dugu. Bideo-tutorialak egiteko aplikazioak eta bideo-konferentzia gehienek ez dute arbelik baina pantaila erakusteko edo partekatzeko aukera ematen dute. Offline aplikazioa denez online arbelek baino azkarrago eta arazo gutxiago emango digu.

Horretarako aplikazioak hainbat atzeko plano ditu: zuri hutsa, lerroduna, karratuduna, sareta, pentagrama...



eta hainbat tresna: arkatza, ezabagailua, nabarmengailua, irudiak eta testua txertatzeko tresnak.

Tex notazioa (Tex aplikazio bat instalatzea eskatzen du) erabili daiteke formulak idazteko (Ikus Tex notazioa Wikipedian).



Horrelakoetan ondo etortzen da tableta grafikoa arkatza saguaren bidez baino hobeto mugitzen baitu (animazioa sagua erabiliz egin du, bistan da).



Bigarren funtzionalitate da orri zuria editatu beharrean irudi bat edo PDF baten gainean editatzea.


Irudi baten gainean editatzeko orri zurian irudia txertatuko dugu eta PDF baten gainean editatzeko egingo dugu: Fitxategia > PDF oharpena eta PDF fitxategia kargatuko dugu, haren gainean nabarmentzeak, oharrak eta abar egin eta gero oharrak dituen PDFa esportatuko dugu. Hau bereziki praktikoa da argazki moduko PDFetan.

Txertatutako irudi baten gaineko edizioa

Irudi motako PDF baten gaineko edizioa

 

Instalazioa

Azaleko deskripzio honek interesa ireki badizu kontuan izan GNU/Linux, Windows eta Mac bertsioak daudela eta aplikazioaren Github-orrian azaltzen da nola instalatu edo deskargatu.

1.1 bertsioa euskaraz dago baina aurrekoa instalatu baduzu  bada jar dezakezu euskaraz jar dezakezu xournalpp.mo fitxategia deskargatuta eta, Linuxen, fitxategia dagoen karpetan terminalean hau jarrita:

sudo cp xournalpp.mo /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES



Oharrak:

  • Multiclass monitor interaktiboarekin erabili nahi badugu ezarpenetan parametro bat aldatu behar dugu ondo funtzionatzeko. Editatu > Hobespenak > Sarreren sistema eta bertan Touch Devide detektatzen du eta proposatzen du ukipen-pantaila moduan erabiltzea eta aukeratu behar da sagua moduan.

Bestetik kontuan izan behar dugu Multiclassen Xournal++eko azpi-menuek ez dutela funtzionatzen ukitzean. Sagua erabili behar dugu.


Mezu honetan aplikazioaren itxuraren gaineko iradokizun batzuk, batez ere interfaze iluna erabiltzen duzuenontzat.


  • 2020ko apirilaren 20tik euskaraz dago Librezale elkarteari esker.


Beste aplikazio interesgarriak GNU/Linuxerako

2020/02/16

Ksnip pantaila kapturatzailea eta editorea

HotShot eta Shutter proiektuak gelditu ondoren Flameshot aplikazioa aukeratu nuen pantaila argazkiak egin eta berauek editatzeko, baina orain lehenengoen funtzionalitateak eta arintasun handiz betetzen duen aplikazio baten berri izan dut: Ksnip.


Software librea da eta GNU/Linux, Windows eta MacOSen eskuragarri dago.
Ikus dezagun bere funtzionalitate nagusiak:

Aukerak:
  • Pantaila osoa, leihoa edo laukizuzena.
  • Atzeratzeko aukera.
  • Objektuak itzalarekin
  • Behin zona aukeratuta moztu daiteke edo eskala aldatu.
  • Kaptura egin gabe ere, edozein irudi edo argazkia igo daiteke editatzeko.
  • Aurrez zehaztu daiteke gordetzeko karpeta eta izen-formatu automatikoa. Nik PNGren ordez JPG jarri dut fitxategien tamaina txikia izan dadin.
Tresnak
  • Hautapen tresna. Objektuak edozein unean mugitu, birdimentsionatu edo ezabatu daitezke.
  • Arkatza, 30 kolore eta nahi duzun lodiera aukeran.
  • Zenbaki automatikoak (nahi den zenbakitik hasita).
  • Nabarmentzeko tresna.
  • Testua (nahi den kolore, tamaina eta markoarekin)
  • Gezia, norabide bakarrekoa (A) edo bikoitza (D)
  • Difuminatu edo lausotzeko tresna.
  • Formak: (R) laukizuzena (E) elipse-zirkulua
  • Ur-marka jar daiteke.
Deskarga eta instalazioa

Deskarga orrian Windows, Mac eta hainbat Linuxerako aukera daude.

Ubuntu eta deribatuetan PPA bidez instala daiteke agindu hauek terminalean exekutatuta (2021/10/10ean eguneratuta):

sudo add-apt-repository ppa:nemonein/ksnip
sudo apt update
sudo apt install ksnip 

Oharra: Ubuntu 21.04tik aurrera ez da PPArik behar, aski da hirugarren agindua.

2018/11/09

Nola instalatu HotShots pantaila kapturatzaile eta editorea Ubuntu 18.04n

HotShots GNU/Linuxeko pantaila kapturatzaile + editorerik hoberena da nire ustez. Tamalez haren garapena ematen du utzita dagoela. Dena den bada modu erraz samar bat Ubuntu 18.04 eta deribatuetan instalatzeko.


Lehenik eta behi deskargatu deb fitxategia azpiko estekan klikatuta:

hotshots_2.2.0-1dhor~xenial_amd64.deb (1009.4 KiB)

Programen artean agertzen ez bada abiarazlea sortuko diogu. Horretarako ireki Gedit edo nahi duzun testu editorea, azpiko testua itsatsi eta gorde izen honekin hotshots.desktop

[Desktop Entry]
Version=2.2.0
Name=HotShots
Comment=Screenshot manager
Type=Application
GenericName=Screenshot manager
TryExec=/usr/bin/hotshots
Exec=/usr/bin/hotshots
Categories=Utility;Application;
Icon=/usr/share/pixmaps/hotshots.png
MimeType=application/x-hot;

Gorde duzun karpetan terminala ireki eta kopiatu fitxategi hori abiarazleen karpetara:
sudo cp hotshots.desktop /usr/share/applications/


Hori eginda programen multzoan agertuko da.
Behin abiatzen dugunean haren parametroak zehaztuko ditugu:


Inportantea da azken parametroa, alegia behin argazkia eginda editorea abiaraztea baldin eta HotShots-en editorea erabili nahi badugu.

Programatik irtetean irekita geratzen da eta hainbat mahaigainetan sistemaren erretiluan geratzen da baina Ubunturen mahaigainean ez. Horrek problema bat suposatzen du zeren eta erretiluan ez egonik berriro abiarazten saiatuko gara baina berak esaten du dagoeneko irekita dagoela. Moldatzeko saiatu beharko dugu aplikazioa ez ixten eta, ohartu gabe, interfazea ixten badugu HotShots itxi beharko dugu terminalean hau idatzita:  killall hotshots.

2018/09/09

Gcolor2 Ubuntun pantailako edozein kolore hautatzeko tresna

Ekipoaren pantailan agertzen den edozein kolorea hautatzeko Linuxerako aplikazioa da Gcolor2.


Erabilera:
  • Pantailako kolore bat hautatu: Editore batean zure pantailako kolore bat erabili nahi baduzu aski duzu trena hautatzailea (tanta-kontagailua) hartu, ukitu kolorea, kopiatu kolorearen izen hamaseitarra eta behar duzun tokian itsatsi.

Peek aplikazioaren bidez egindako animazioa
  • Kolore bat sortu: RGB (gorria, berdea, urdina) koloreek 0-255 duten eskalak hautatu, tonua, saturazioa, argitasuna eta opakutasuna aukeratuta.

Instalazioa:
Ubuntu edo Debian oinarriko sistema batean instalatzeko  terminalean ondokoa exekutatu:
sudo apt install gcolor2

Ubuntu 18.04 bertsioan instalatzeko begiratu mezu hau.



Beste aplikazioak Linuxerako hemen
Beste aplikazioak orokorrean hemen



2017/04/14

Peek, pantailatik gif animatuak egiteko tresna erraza

Peek Linuxerako pantailaren bideo grabagailu sinple bat da. Ffmg eta Imageclik erabiltzen ditu grabazioak egiteko. Irudiak GIF animatu moduan grabatzen ditu edo, nahi izanez gero, soinurik gabeko Webm edo MP4 bideo formatutan.
Bideo grabazioak egiteko OBS edo bestelako aplikazio hobeak daude baina Peek bereziki interesgarria da gif animatuak egiteko bere erraztasun eta sinpletasunagatik.

Erabilera

Martxan jartzen dugunean leihatila garden bat agertzen zaigu, itxuraz menurik gabea, markoaren barrenean duena grabatzeko prest. Itxuraz esan dut zeren eta aplikazio barraren ezkerrean agertzen den P logoan klikatua menu txiki bat agertzen da hobespenak aldatzeko aukera ematen duena.

Peek-en hobespenak

Bertan, besteak beste, grabazioa GIF, WebM edo MP4 formatuan egiteko aukera ematen du (kontuan izan soinurik ez duela grabatzen). Behin hobespenak zehaztuta, grabatu nahi dugunaren gainean jarriko dugu.

Leihatilaren tamaina aldatu nahi badugu leihoaren izkin batera joko dugu izkinaren adierazlea agertu arte eta orduan saguan klikatuta arrastatuko dugu nahi dugun tamaina izan arte. Leihatilaren erdian agertzen da, pixeletan neurtua, haren zabalera eta altuera. Kontu izan leihatila oso handia jartzen  baduzu GIF fitxategia oso astuna bilakatu daitekeela -batez ere web batean jartzeko asmoa baduzu-.


Grabazioa hasten den momentuan leihatila ezin da tokiz aldatu.

Grabazioa gelditzean proposatuko ditu Bideoak karpetan gordetzea gif formatuarekin.


Grabatzen duzun bitartean teklatuarekin edo saguarekin zer egiten duzun ikustea nahi baduzu Key-mon aplikazioa erabil dezakezu haren paneltxoa grabazio leihatilan sartuta.


eta zertarako erabiltzen ahal dugu?

Idatzizko web-tutorialetan erakutsi nahi duguna laburra eta erraza den kasuetan.


 Bideoko  mikro-sekuentziak sentimenduak, ekintzak eta abar adierazteko




Istorioak animazioez ilustratzeko. Erakusten ahal dugu, HotShots aplikazioaren laguntzaz, Korrika 20ren azken kilometroen ibilbidea:


Istorioko pertsonaia Miarritzetik Erromara hegan egin zuela.


Erroman aipatuta, Google Earth-en laguntzaz, Coliseoan har dezakegu lurra.




Okurritzen al zaizkizu beste erabilpenak? Uzten ahal duzu zure ideiak iruzkinetan.


Instalazioa

Hasieran esan bezala aplikazioa Linux sisteman dabil bakarrik. Ubuntun PPA bidez instala daiteke terminalean honako hauek hurrenez hurren itsatsi eta exekutatuta:

sudo add-apt-repository ppa:peek-developers/stable
sudo apt update
sudo apt install peek

Proiektuaren gaineko informazio gehiago eta beste distribuzioetan instalatzeko erak azalduta daude Peek-ek Githuben duen orrian.



Hori bai Luberri erremasterizazioa erabiltzen baduzu kontuan izan 16.04.4 bertsiotik aurrera Peek aplikazio grafikoen atalean dagoela instalatuta.
Peek software librea da eta horri esker euskaraz dago 1.0 bertsiotik.


Beste aplikazio interesgarriak Software-bilduman eta Linux-aplikazioetan.

2016/12/11

stickpng.com PNG irudi gardenen bilatzailea

Demagun tailerreko lanabesen koadro bat egin behar duzula erreminten
irudia eta izenarekin, edo Xmind-en bidez animali moten eskema bat egin behar dugula adierazgarriak diren espezien irudiekin, edo irakaslea zarela eta irudiak behar dituzula Open-Sankore
bidez arbel digitalean erabiltzeko. Horrelako gauzetarako oso interesgarriak dira atzeko planorik gabeko argazkiak eta irudiak, gardentasuna duten PNG formatuko irudiak.

Hona hemen gardentasuna duten PNG irudien bilatzaile bat:


Bertan bila daiteke izenaren bidez, ingelesez (gogoan izan euskalbar) edo katalogoaren bidez.

Irudiak doanik deskarga daitezke eta egile edo lizentzia konturik ez du aipatzen.

Irudiak kalitate eta tamaina handikoak dira. Irudiak arintzeko deskargatu ondoren Gthumb edo antzeko aplikazioaren baten bidez ireki eta tamaina txikitu daiteke.

2016/12/08

Nola txikitu PNG irudien pisua Nautilus arakatzailetik

Web orrietan eta blogetan argitaratzen duen jendeak sarritan PNG formatuko irudiak erabiltzen ditu. El atareado blogean zabaldu dute modu bat PNG irudiak arintzeko oso modu errazean, Nautilus arakatzailetik bertatik. Web orrietan elementurik astunena irudiak eta bideoak izaten dira. Irudiak arinduta web orria azkarrago kargatuko da.

PNGak konprimitzeko pngcompress programa proposatzen du, kalitate galera txiki bat dakar baina konpresio ona eta azkarra egiten du. Hona hemen Linuxen nola instalatu, terminalean agindu hauek exekutatuko ditugu:

sudo add-apt-repository ppa:atareao/nautilus-extensions
sudo apt update
sudo apt install nautilus-pngcompress 
killall nautilus

martxan jartzeko Nautilusen gaudela arindu nahi dugun PNG irudi edo irudien gainean eskuin-klik egin eta Compress PNG file... klikatuko dugu.

Egiten duen konpresioa heren batekoa da gutxi gora behera. Goiko irudiaren tamaina ikus dezakezu konprimatu aurretik eta ondoren:

2016/11/03

Blogspot: nola estekatu irudi bat web batekin

Blogean irudi bat txertatzen dugunean automatikoki bere buruarekin estekatzen da, alegia irudian klikatzen badugu irudia ikusiko da, bere tamaina errealean.

Zenbaitetan, ordea, ez da hori interesatzen zaiguna. Hainbatetan interesatzen zaiguna da irudian klikatzean web bat irekitzea edo hodeian dagoen dokumentu bat ikustea. Nola egin?

Lehenik eta behin irudia txertatuko dugu blogaren mezuan eta html moduan ikusiko dugu.



Horrelako zerbait ikusiko dugu:

 Fondo laranjaz agertzen da irudiaren helbidea bitan. Lehenengo aldia da klikatzean irekiko dena eta bigarrena nondik hartu behar duen irudia. Lehenengoaren ordez estekatu nahi dugun web orria edo dokumentua jartzen badugu irudiaren gainean klikatzean hori irekiko da eta ez irudia bera.


Hona hemen adibide bat:








2016/04/18

LibreOffice Writer eta irudien aspektu-erlazioa

Duela gutxi arte (zehazki ez dakit zein bertsio arte) LibreOffice Writer edo Impress-en irudi bat txertatu ondoren bere tamaina aldatzeko izkinako nodoan klikatu eta proportzioa mantentzeko Shift edo maiuskula tekla sakatu behar zen nodoa arrastatzen genuen bitartean. Horrela eginda irudia txikitu ala handitu baina aspektu-erlazioa mantentzen zen.

Bada, orain alderantziz jokatzen du: maiuskula sakatu gabe arrastatzen badugu izkinako nodoa aspektu-erlazioa mantentzen da eta irudiaren proportzioak aldatu nahi baditugu maiuskula sakatu beharko dugu. Probatu eta horrela jokatzen ez badu agian LibreOfficeren bertsioa berritu behar duzu.

Irudia handitzen aspektu-erlazioa mantenduta

Aldaketa, nire ustez, onerako da, izan ere hemendik aurrera hitzaldietako aurkezpenetan irudiak deformatu nahi duenak kostata egingo du blog hau segitzen ez badu.

2015/12/17

LibreOffice Impress: nola txikitu aurkezpen baten pisua

Aurkezpenen batek pisu handia badu izaten da pisu handiko argazkiak erabili ditugulako bertan. Irudien tamaina txikituta fitxategiaren pisua nabarmen arinduko dugu.
Hori egiteko OpenOfficek erabiltzen zuen Presentation-Minimizer izeneko gehigarri bat. LibreOffice-k 3.3 bertsiotik aurrera programan barneratu zuen eta erabiltzeko ez da ezer instalatu behar.

Ikus dezagun nola funtzionatzen duen:

Aurkezpen batean argazki bat txertatzen dugunean haren gainean eskuin klik egin eta agertzen den menuan Konprimatu irudia klikatuko dugu.

Eta leihatila hau agertuko zaigu:

Ados egin eta irudiaren neurria era egokian txikituko du. Posible dugu aurretik Kalkulatu sakatuta ikustea zenbatean arinduko du pisua. Goiko adibidearen kasuan argazkia 2MB inguru pisatzen du (eta ondorioz pisu hori erantsiko zion aurkezpenari) eta proposatzen duen tamainara murriztuta 92KBra arinduko da.
Ideia bat egiteko proiektore arruntek 1024x756 pixeleko bereizmena dute, beraz, 994 pixeleko zabalerarekin irudi hori txikitu aurreko bereizmen berberarekin ikusiko da baina bere pisua hogeiren batera murriztu dugu.

Hori bai, aurkezpenaren irudi guztiekin egin behar dugu prozesua.

2013/12/02

Linux: nola lotu irudiak terminalen bidez

Irudiak terminalaren bidez elkartu edo lotzeko convert agindua erabiliko dugu. Convert bit-mapa irudiak manipulatzeko Image Magick paketearen partea da.

Hona hemen abiapuntuko bi irudiak

sagarra.png
madaria.png


Bata bestearen alboan jartzeko terminalean irudiak dauden karpetara joan eta idatziko dugu:

convert +append sagarra.png madaria.png frutak.png

Hau da emaitza:

frutak.png
Bata bestearen gainean jartzeko terminalean idatziko dugu:

convert -append sagarra.png madaria.png frutak.png

Hau da emaitza:

frutak.png
Convert aginduak askoz aukera gehiago ematen ditu. Aztertu nahi baduzu
terminalean jarri:

man convert

Irudiak openclipart.org web-orritik hartu ditut. Sagarra Chrisek eta madaria Raulek egin du.

2011/07/12

Nola inprimatu irudi bat hainbat orritan

Irudi batekin poster bat egin nahi baduzu inprimagailu arrunt batez, alegia dinA4 tamainako orriak erabiltzen duen inprimagailu batez, artisautzako lan fina egin beharko duzu edo Posterazor aplikazioa erabil dezakezu.

Aplikazio honek oso erabilera sinplea du: irudia kargatu, orientazioa hautatu eta zenbat orritan inprimatu nahi dugun zehaztu behar dugu. Aplikazioak pdf formatuko fitxategi bat sortuko du. Fitxategi honetan irudia orri beste zatitan dago eta zati hauek muntatzen dira zinta itsaskorrez edo kolaz itsasteko.

Irudi zatiak muntatzen dira eta kolatzeko espazioa dute.
Tamaina handian inprimatzean kalitatea mantentzeko irudia handia izatea komeni da, alegia pixel asko izan behar ditu.

Aplikazioa software librekoa da eta hiru sistema nagusietan instala daiteke: Ubuntun zuzenean software biltegitik instala daiteke edo terminalean ondokoa itsatsita:
sudo apt install posterazor


Beste sistemetarako eta Linuxeko beste banaketetarako proiektuaren web orritik deskarga daiteke.