web-zerbitzuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
web-zerbitzuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/01/05

Rallly.co bilerak, juntadizoak, txandak planifikatzeko webgune libre eta euskalduna

 Rallly.co -bai, hiru l-rekin- Doodle webguneak eskaintzen duen zerbitzu bera eskaintzen du, alegia hainbat pertsonen artean elkarretaratze batentzako data edota ordu egokia planifikatzea baina argiago eta euskaraz.

Nola funtzionatzen du:

Elkarretaratze bat: 

demagun bilera, kedada, afaria, edonolako juntadizoa antolatu nahi duzula eta jendeari noiz komeni zaion jakin nahi duzula. Frantsesez RSVP (répondez s'il vous plaît) esaten omen zaio. Webgunean sartu, gertaerari izena jarri, egun edota ordu posibleak jarri eta web-orriaren esteka jendeari bidali postaz, Telegram bidez edo nahi duzun bezala. Jendea sartu, identifikatu eta markatuko du posible edo gogoko dituenak. Webgunean joango dira agertzen jendearen aukerak. Komeni data topea jartzea. Horren arabera erabaki daiteke elkarretaratzea noiz egin.

Txandak hartu: 

demagun talde batek lan batean txandak bete behar dituela, esate baterako txosna batean. Guk larunbateko baratzeko saskiak egiteko txandak egiteko erabiltzen dugu. Kasu honetan antolatzaileak bete behar diren txanden egunak edota orduak zehaztu eta azalpenak eman daitezke, hala nola txandetan zenbat jende behar den eta abar; web-orriaren esteka bidali jendeari eta izena adierazita bere gogoko txandak hartuko dituzte.



Zerbitzua software librez eskaintzen da (GNU AFFERO GPL3). Horri ezker euskaraz dago eta erabiltzeko ez da erregistratu behar. Funtzionalitate aurreratuak nahi izanez gero Pro bertsioa du. Enpresa edo elkarteren batek asko erabili nahi badu, datuen pribatutasuna bereziki zaindu eta web zerbitzaria badu deskargatu eta Docker bidez instalatu dezake.


Beste web-zerbitzu interesgarriak


2023/05/01

Nola jakin web orri baten pisua

 Web orriak egiten badituzu kontuan izan behar duzu haien pisua zeren eta horrek markatuko du zenbat denbora ematen duen kargatzen, eta inori ez zaio gustatzen web orri baten karga luze jotzeak.

Badira hainbat tresna pisua jakiteko baina gustatu zaidan bat komentatuko dut: 

https://tools.pingdom.com

Web zerbitzu honetan pisua jakin nahi duzun orriaren URLa eman eta segundo gutxi batzuetan haren pisuaren azterketa ematen dizu: 

Batetik datu orokorrak: errendimendu-gradua, orriaren pisua, kargako denbora eta zenbat eskaera egiten duen.


Eta, ondoren, azterketa xehe bat jakiteko orriaren pisuak zerk eragiten duen: irudiak, scriptak, CSS eta abar eta zein domeinuei dagoen lotuta pisua, esate baterako bideoen ostatua.

Zure orriaren pisua arintzeko neurriak hartu ondoren: irudiak kendu edo txikiagotu, scripten ordez estekak jarri... azterketa berriro pasa eta ikus dezakezu neurrien emaitza.

2018/02/19

Tinkercad Circuits zirkuitu elektrikoak diseinatzeko eta simulatzeko tresna

Tinkercad.com Autodesk enpresak 3D diseinuak online egiteko tresna interesgarria da. Orain zirkuituak diseinatu eta probatzeko simulagailua eskaintzen du web orri honetatik:


Linuxerako bada Fritzing izeneko aplikazio offline zirkuitu elektronikoak diseinatzeko baina DBHko teknologiarako Tinkercad hau errazagoa iruditzen zait.

Ondoko bideoan zirkuitu txiki baten diseinua egin dut ideia bat egiteko nola funtzionatzen duen. Kontuan izanda letretakoa naizela eta ez dakidala entxufeak zein zentzuan sartu behar diren, nik lortu badut lehen hezkuntzarako ere egokia izan daiteke.



Hemen zirkuituaren lotura probatzeko, kopiatzeko, aldatzeko...

Lehenengo zuzenketa: etxeko DBHko ikasle batek esan dit bideoan etengailua izendatzen dudan maxina edo gailua kommutagailu (switch) irristagarria (slide) dela eta zirkuitua eteteko baino zirkuitua aldatzeko edo kommutatzeko erabiltzen dela, hurrengo irudian eta eskeman ikus daitekeenez.


2018/01/28

NASAren populazio-mapa

NASAren SEDAC zentroak



http://sedac.ciesin.columbia.edu/mapping/popest/gpw-v4/

eskaintzen du. Mapa horretan kolore iluntasunaren arabera adierazten da biztanleriaren dentsitatea.


Ezkerra aldean dauden tresnen artean nabarmentzeko modukoa da aukera dagoela marrazteko poligono bat eta aplikazioak kalkulatzen du zonaren azalera eta populazioa.


2017/12/25

Facilmap.org mapak ikusi, markatzaileak eta ibilbideak sortu eta partekatu


Facilmap.org  OpenStreetMap-en oinarritutako mapa zerbitzari librea da

https://facilmap.org


Abantailak openstreetmap.org berezko zerbitzuarekiko:
  • Lehenetsitako mapa estiloa (MapSurfer Road) oso argia da.
  • Informazio geruzak gainjar daitezke. Oso geruza interesgarriak ditu: erliebea, garraio publikoa eta ibilbide markatuak (GRak, Gipuzkoako PRak eta SLak), koordenatu geografikoen sareta...
  • Markatzaileak edota ibilbideak dituzten mapa propioak sortu eta parteka daitezke.

Erabilerak:

  • Arrunta, mapa sortu gabe. Besteak beste tokiak bilatu (1), nondik norakoa (2), geruzetako datuak aztertu (3), GPX edo KML markatzaileak eta ibilbideak ikusi (4).


  • Mapa sortu: mapa sortuko dugu markatzaileak edota ibilbideak jarri nahi badugu mapan. Mapa sortzeko Start colaborative map sakatuko dugu eta mapa izendatuko dugu. Mapa partekatzeko asmoa badugu kopiatuko dugu partekatzeko esteka (hiru aukera daude: ikusteko soilik eta editatzeko eta administratzeko baimena duena). Aukera hauek ikusgai daude Tools > Settings atalean. Mapa partekatzeko aski dugu maparen helbidea postaz, telegramez edo bestelako bidetik bidaltzea lagunei. Etherpad baten moduan funtzionatzen du: edozeinek egindako aldaketa unean bertan ikusiko dute beste guztiek.
    • Markatzaileak gehitzeko egingo dugu Add > Marker eta zehaztuko dugu markatzailearen izena, ezaugarriak eta deskripzioa. Partekatutako mapan -editatzeko baimenarekin zabaldu bada- edozeinek mugitu, ezabatu edo -sakelakoarekin- nabigatu dezake markatzailera.

    • Ibilbideak gehitzeko sakatuko dugu Add > Line eta bide puntuak markatuko ditugu.



Partekatutako mapek 50 puntuko topea dute. Ibilbidea luzea edo zehatza bada hobe dugu GPX formatuaren gordetzea eta Facilmap, Oruxmaps edo Wikiloc-ekin irekitzea sakelakoan.

Ibilbideak gordetzeko GPX formatua erabili daiteke edo, ibilbideak puntu gutxi baditu, nabigatzaileko laster-marka moduan.

Sakelakoan. Aktibatu daiteke kokapena eta segitu daiteke ibilbidea.

Maparen zati zehatz bat kapsulatu daiteke blog edo web batean. Kapsula egiteko jarraibideak hemen. Hona hemen Intxisu ikastola eta San Inazio institutuaren kokapena.




Erabilera didaktikoa:

Talde osoan edo talde txikietan mapak editatzeko moduan partekatu eta,  informazioa bilatu ondoren, ibilbideak prestatzea, herri baten interesgune historikoak, EHko gune industrialak, herri nagusiak, hezeguneak, mendi garaiak...Europako kapitalak, portu nagusiak... munduko sumendi aktiboak... markatzea.
Markatzaileen formak, koloreak eta ikonoak erabiltzea komeni da.
Irakasleari lana URL bidez edo GPX formatuko fitxategi baten bidez bidaltzen ahal zaio.



Oharrak:
  • Sakelakoan datuak jaten ditu baina GPX formatuan bidali eta Osmand aplikazioan erabili daiteke datuak gastatu gabe.
  • Kontuz ibilbideak egitean. Pistaz edo xendaz kanpo marraztutako ibilbideak segitzea arriskutsua izan daiteke. 
  • Proiektuaren garatzailea Candid Dauth da eta haren ezaugarriak https://github.com/FacilMap/facilmap2 orrian kontsulta daitezke.
  • Beste web-zerbitzuak Luberrin. Software bilduma.

2017/12/05

Canva.com orain euskaraz

Canva.com aldizkariak, aurkezpenak, posterrak, infografiak, gonbidapenak, menuak, logotipoak, bannerrak, portadak, diapositiba aurkezpenak eta abar diseinatzen laguntza  ematen duen web zerbitzua da.

Orain euskaraz jar daiteke interfazea. Ikus dezagun nola:

  1. Oraindik egin ez baduzu, erregistratu behar duzu. Bertsio arrunta doakoa da Bertsio-berritu botoia sakatzen baduzu 30 egunez probatzen ahal duzu pagoko bertsioa.
  2. Ezarpenak aldatzeko ezkerreko panelaren goiko aldean agertzen da erabiltzaile izena eta, haren ondoan, ezarpenak aldatzeko hiruki txikia.
  3. Ezarpenetan Language aukerak zabaldu eta Basque klikatu. Gorde ezarpenak (Save) eta segundo pare batean interfazea euskaraz izango dugu.
Hortik aurrera, jardunera. Fondoa izango da zure kezka, forma ez.


Diseinu-txantiloiak, argazkiak, irudiak, formak... letra mota ugari, atzeko planoak... eskaintzen ditu zuriaren gainean hasteko edo aurre-diseinatutako produktu bat aldatzeko.


Beste zerbitzu interesgarri bat euskaraz.

Hemen beste web-zerbitzu interesgarriak.

2016/05/30

Feedly RSS jarioen irakurlea

Egun berriak eskuratzeko moduetan sare sozialek pisua irabazi badute ere, nire ustez kalitateko informazioa zabaltzeko eta jasotzeko erarik hoberena blogak eta albistegiak dira.

Hori bai, informazio bila albistegietara eta blogetara jo beharrean hobe da horietan RSS bidez harpidetu eta informazioa guregana etor dadila RSS jario irakurleen bidez. Zergatik? Badira blog batzuk egunero zerbait argitaratzen dutenak, hala nola Sustatu edo Zuzeu, baina beste batzuk, hau adibidez, ez dute gaitasun hori. Gauzak horrela zure gogokoak diren blog eta albistegietara aldiro jo beharrean ea zerbait berri ote dagoen, hobe da horietan harpidetu eta zure gogoko blog guztien mezu berriak jario irakurlearen bidez jasotzea.

Harpidetzen edo RSS jarioen irakurleak hiru motakoak izan daitezke gutxienez: posta aplikazioak, jarioak irakurtzeko programak eta jarioak irakurtzeko web orriak eta app-ak.

Niri web orriak orriena iruditzen zait modurik praktikoena eta RSS jarioak irakurtzeko web orrien artean -asko dira- Feedly.com da nire gustukoena estetika eta funtzionalitatearen aldetik.

Nola ireki kontua eta harpidetzak egin:

1- Web orrira joan eta erregistra zaitez (horrelakoetan Google, Facebook edo horien bidez egin beharrean erregistroa orrian bertan egitea hobe, kasu honetan Feedlyn) kontu bat izateko.

2- Feedlyren ezarpenak konfiguratu. Ezkerreko paneleko beheko aldean aukera asko dago, inportanteenak dira More > Themes ezkerreko panelaren fondoko kolorea hautatzeko eta preferences-en barrenean: start page > today eta default view > magazine albistearen laburpena eta irudi bat ikusteko.

3- Orain ikusiko dugu nola harpidetu blog batean -hau esate baterako- RSS Atom-en) bidez. Blogen eskuin panelaren edota beheko aldean mezuetan edota komentarioetara RSS edo Atom-en bidez harpidetzeko aukera dago, bestela nabigatzailearen menuan beti agertzen da Harpidetu aukera.
Bi horietako edozein hautatuta Feedly-ra harpidetzeko aukera agertzen bada saka ezazu, bestela kopiatu URL helbidea, kasu honetan http://alexgabi.blogspot.com/feeds/posts/default?alt=rss, Feedly.com-era joan eta ezker paneleko Discover and follow atalean klikatu eta,



 bertan, (1) itsatsi blogaren harpidetzaren url-a eta (2) zerrendatik lehenengo aukera hautatu.
Ondoren harpidetza onartu Feedly + botoian sakatuta.

Horrela nahi duzun harpidetza guztiak egin ditzakezu.
Behin harpidetzak eginda -aurrerago nahi haina egingo dituzu- ikusiko dugu...


...nola irakurri jarioak

Hemendik aurrera Feedly.com irekitzen duzunean berau irakurri zenuen azkenengo unetik hona harpidetutako blogetan argitaratutako mezuak erakutsiko dizu horrelako itxura batez:


Mezuen irudi bat, titulua eta lehenengo hitzak ikusiko ditugu. Tituluan klikatuta (1) mezu osoa edo haren laburpena ikusiko dugu eta, bertan, berriro tituluan klikatuta jatorriko blogera joan gaitezke.
Irakurri ondoren irakurrita bezala markatuko dugu (2) eta hurrengoekin segituko dugu.

Kuxkuxean aritzen bazara hainbat aukera aurkituko duzu: eskuineko ikurretan esate baterako albistea beranduago irakurtzeko aukera edo blog horren harpidetza ezabatzekoa kasu.


Mugikorrerako app-a badago Androiderako eta IOSerako.


Hau eta beste web aplikazioak eskuin paneleko web-aplikazioak estekan


2016/05/28

Sumnotes.net pdf-etan nabarmendutako testuak eta oharrak erauzten dituen web orria

Ikasleen azken birpasarako interesgarria izan daiteken web orria da sumnotes.net.

Pdf dokumentuetan testua nabarmentzeko eta oharrak egiteko hainbat aplikazio daude. Linuxerako pare bat gomendatu ditut blog honetan: MasterPdfEditor eta Foxit.

Sumnotes egiten duena da, behin erregistratu ondoren eta doako bertsioaren mugen barnean (50 orriko dokumentuak, 50 testu nabarmenduak, 50MB eta 5 irudi dokumentuko), pdf dokumentuan nabarmendu ditugun testuak eta egin ditugun oharrak erauzten ditu web orrira eta bertatik hainbat formatutan esporta daitezke.

Atzeko planoan pdf dokumentuan nabarmendutako testua, erdiko planoan Sumnotes orria erauzketa egin ondoren eta aurreko planoan erauzitako testua testu prozesadorean.

Azterketa aurreko orduetan dokumentuan nabarmendutakoa birpasatzeko interesgarria izan daiteke.

Hau eta beste web aplikazioak eskuin paneleko web-aplikazioak estekan

2016/05/25

Mapchart.net mapa mutuak editatzeko web aplikazioa

Mapa mutuak editatzeko web aplikazio interesgarria da mapchart.net.
Erabilera errazekoa.


  1. Lehenik eta behin mundua, kontinente edo estatua aukeratu (estatu gutxi batzuk ditu erregioetako banaketarekin: Frantzia, Alemania, AEB, Txina, Grezia...).
  2. Ondoren koloreen legendak zehaztu eta estatuetan klik eginez koloreztatu.
  3. Azkenik  irudia png formatuan deskargatzeko aukera dago. Beste aukera bat da pantaila kapturatzaile batez (esate baterako HotShots edo Shutter-ez) mapa atzeman eta, nahi izanez gero testua eta gainerako edizio lanez osatu eta mapa gorde.

Azpiko mapan, esate baterako, HotShoten bidez maparen titulua jarri dut.

Europako estatuen hezkuntza gastua BPGren %tan (Iturria: Wikipedia)


Hau eta beste web-zerbitzu interesgarriak blogaren eskuineko paneleko Web-aplikazioak loturan daude.

2016/01/25

rollapp.com : software libreko aplikazioak online

rollapp.com   Google Docs, Microsoft Live eta antzeko plataformen antzera funtzionatzen du berezitasun handi batekin: software libreko aplikazioak eskaintzen ditu online. Alegia zure ekipoan instalatuta ez duzun software libreko aplikazio bat erabil dezakezu interneteko konexioa baldin baduzu.


Zein dira erabil daitezkeen aplikazioak? 

 Denetarik. Goiko irudian ikusten den bezala LibreOffice gain, Gimp, Stellarium, LibreCAD, Inkscape... 62 bulego aplikazio, 46 grafiko, 89 gehigarri, hezkuntza arloko 57... Denak eskuragarri instalatu gabe.


Zertarako erabili online aplikazioak?
Demagun kanpoan zaudela eta erabili behar duzula Windows ekipo bat. Odt bat ireki behar duzu eta ez daukazula zerekin.
Demagun etxean edo eskolan zaudela zure Ubunturekin eta instalatuta ez duzun aplikazio hauetako bat probatu nahi duzula. Probatzen al duzu online eta gustukoa baduzu instalatu.
Chromebook batetik edo Android tableta edo smartphone  batekin zaudela eta LibreOffice, Inkscape edo bestelako software librea erabili nahi duzula.

Agian ez dira ohiko egoerak baina gogoan edukitzeko helbidea da rollapp hau.


Nola funtzionatzen du?
  1. Nabigatzailea ireki eta web orrian sartu: https://www.rollapp.com
  2. Erregistratu zaitez (sing up). Posible da erabiltzaile kontu bat sortzea edo Google, Dropbox edo Amazon kontu bat erabiltzea. Nik uste dut, salbuespen bezala, interesantea dela hodei biltegiratzea eskaintzen duen zerbitzu baten bidez sartzea, izan ere, fitxategiak irekitzeko eta gordetzeko hodeia erabiltzea komeni zaigu.
  3. Hobespenak ezarri. Gure izenaren azpiko menuan App Settings klikatuta aukera izango dugu pasahitza jartzeko, zehazteko gure hodei-biltegia eta hizkuntza aldatzeko (une honetan ingelesa, espainola edo errusoa).
  4. Hortik aurrera aukeratu nahi duzun app eta aritu.

Oharrak
  • Androidetan bakarrik 4. bertsiotik aurrera eta  Chromeren bidez ibiltzen da.
  • Doako aplikazioa da eta badu ordainpeko Premium aldaera. Horren bidez, besteak beste, inprimatu daiteke eta Premium app-ak (Blender, Handbrake besteak beste) erabil daitezke.

Beste web-aplikazio interesgarriak eskuineko paneleko Web-aplikazioak.

2015/12/30

Androiden hurrengo bertsioak ez du Oracleren Java API pribatiboak erabiliko


Luberri 14.04.07 bertsioak Oracleren Java pribatiboak bazterrean utzi eta Java librearen alde, OpenJDKren alde egin zuen. Bi hilabete pasata Google enpresak Luberriren bideari jarraitu dio eta esan du Androiden hurrengo bertsioak ez duela Oracleren Java pribatiboa erabiliko librea baizik.

Hona albistea: http://venturebeat.com/2015/12/29/google-confirms-next-android-version-wont-use-oracles-proprietary-java-apis/

2015/12/15

Code.org euskaraz

Haurrak eta gazteak programatzen ikastea da code.org webgunearen helburua. Babesle boteretsu -Google eta Microsoft besteak beste- dituen proiektua orain euskaraz disfruta daiteke.

Teknikoki bikaina eta pedagogi ikuspuntutik oso landua. Bere helburua da era ludiko eta autonomo batean haur, ume eta gazteek programazioaren oinarrizko algoritmoak bereganatzea.
Programazio hizkuntza erabili beharrean Scratch-ek ezagutarazi dituen eta elkarri atrakatzen edo lotzen diren piezen sistema erabiltzen du. Komandoak, aldagaiak eta abar piezen bidez definitu eta kateatzen dira.

Aipatuaz gain ezaugarriak nagusiak hauek dira:

  • 4,6,8 eta 10 urtetik gorako ikasleentzako 20na orduko ikastaroak.
  • ikastaroek joko-ariketak, bideo azalpenak, ariketa artistikoak... dituzte.
  • area librea formak eta web-jolasak diseinatzeko.
Eskerrik asko proiektu hau euskaratzen lagundu duzuen guztioi, besteak beste azaroaren 7an UEUk eta EHUak antolatuta Donostian ospatu den code.org euskaratzek maratoian parte hartu duzuenoi.

2015/12/01

Nola deskargatu EITBko Nahieran tokiko bideoak

Irauten duen bitartean ETBko bideoak toki honetatik deskarga daitezke: 


http://www.descargavideos.tv/

Bideoak deskargatzeko Nahieraren web orrira joan http://www.eitb.tv/eu/
aukera ezazu nahi duzun bideoa eta kopiatu bere helbidea edo URLa, itsatsi helbidea descargavideos.tv-ren leihatilan eta sakatu lupa; bideoa topatzen duenean aukera ematen du deskargatzeko hainbat tamainatan, denak mp4 formatuan.

Tamaina aldatuta leiho batean bideoa agertuko da. Egin eskuin klik bideoaren gainean eta hautatu Gorde bideoa honela


Noiz arte iraungo du?

2015/08/14

Zikloideak marrazteko web orria

http://wheelof.com/sketch/  web orriak aukera ematen digu mota guztietako zikloideak marrazteko. Hainbat gurpil horzdun eta mugimendu ardatzak konbina daitezke formak sortzeko.

Pantailaren azpiko aldean badira hainbat kontrol: abiadura, gurpil konbinazioak, irudia erakutsi, ezabatu eta laguntza.


Eta teklatuaren bidez zenbait aldagai kontrola daitezke:
0-9 abiadura
a-g ezarpenak
Geziak: ardatzen kokalekua eta luzera
X    ezabatu
    aldatu kolorea
<> marraren lodiera
    alderantzikatu norabidea
-     jauzi

Aplikazioa software librekoa da eta github-etik deskarga daiteke aldatzeko.





2015/01/21

Programatzen ikasteko hainbat baliabide

Pil-pilean dagoen kontua da eskoletan programazio informatikoa ikasi behar ote den eta eduki horiek oinarrizkoak izan behar ote duten.

Garai batean bigarren hezkuntzan programatzen ikasten zen, gehien bat BASIC programazio hizkuntzan, neurri batean nork bere programak egin behar zituelako.  Egun edozein gauza egiteko programa mordo eta oso onak daude. Eta programazioa baztertu zen oinarrizko hezkuntzatik.

Penduluak norabidea aldatu du orain. Mendebaldeko hainbat gobernuk ohartu da softwarearen industriak gora egin arren informatikako graduatuen kopurua gelditu egin dela eta kezkatuta omen daude Europa ez ote den esparru horretan atzean geldituko. Zentzu horretan Estonian, Bretainia Handian, Frantzian eta Nafarroan bertan lehen hezkuntzako curriculum-tik hasi dira programazio edukiak sartzen Europako Batasuneko aholkuak jarraituz.

Programatzen ikasteak hainbat zehar lerro edo gaitasun lantzeko oso egokia bada ere, hala nola pentsamendu analitikoa, problemen ebazpena, talde lana eta abar, aditu batzuk, Linus Torvald tartean,  zalantza dute ikasle guztiek landu behar ote duten.

Eztabaidak eztabaida gaurkoan hona ekarri nahi dut programazioaren oinarrizko kontzeptuak Lehen Hezkuntzatik hasita ikasteko hainbat baliabide.


Code.org

Atzean besteak beste Microsoft eta Google dituen ekimen honek webgune oso interesgarria eskaintzen du: code.org, teknikoki bikaina eta pedagogi ikuspuntutik oso landua. Bere helburua da era ludiko eta autonomo batean haur, ume eta gazteek programazioaren oinarrizko algoritmoak bereganatzea.


Programazio hizkuntza erabili beharrean Scratch-ek ezagutarazi dituen eta elkarri atrakatzen edo lotzen diren piezen sistema erabiltzen du. Komandoak, aldagaiak eta abar piezen bidez definitu eta kateatzen dira.

Aipatuaz gain ezaugarriak nagusiak hauek dira:
  • 4,6,8 eta 10 urtetik gorako ikasleentzako 20na orduko ikastaroak.
  • ikastaroek joko-ariketak, bideo azalpenak, ariketa artistikoak... dituzte.
  • area librea formak eta web-jolasak diseinatzeko.
Eguneratzea 2015/12/15ean
Web orriaren hizkuntza aukeratu daiteke. Ez dago euskaraz eta ez du ematen egongo denik. Nire gomendioa da ingelesez egitea: batetik lexiko urria eta erraza erabiltzen du eta bideo-azalpenek azpitituluak dituzte, bestetik programatzen ikastearekin batera ingelesa ikasteko tresna bikaina da.
 
Fede gutxikoa ni. Euskaltzaleen komunitate bikainari esker eta 2015eko azaroaren 7an euskaratzeko maratoia antolatu zuten UEU eta EHU unibertsitatei esker tresna garrantzitsu hau euskaraz erabil dezakegu.


Scratch

MITek diseinatutako programazio aplikazio plataforma-anitza bat da. Piezen bidez istorioa eta jolas multimedia osa daitezke.



Algoritmoak eta aldagaiaz gain sorkuntza multimedia errazten duten pertsonaiak, soinuak, efektuak, sentsoreak, eszenatokiak...

Sortutako programak biltegi batera igo eta deskarga daitezke.
Haren didaktika aurrekoa baino konplexua da, izan ere, Scratch lanabesa da; irakasleak antolatu behar du nondik nora, erritmoa eta abar.

Aukera oso interesgarria da code.org-ekin hasi ikasteko eta Scratch proiektu bezala planteatzea.

Aplikazioaren 1.4 bertsioa  Ubuntun software-zentrotik instala daiteke. 2.0 bertsioa Linux (32bit), Windows eta Mac-erako hemendik deskarga daiteke. Beste modu bat 2.0 bertsioa erabiltzeko web aplikazioa da; ez da instalatu behar baina ikasgelan erabiltzeko konexio ona behar du.

Scratch-en erabilera hezkuntzarako robotikaren mundura zabaldu. Plaka elektroniko eta roboten proiektu nagusiek Scratch-en oinarritutako modulu-programak erabiltzen dituzte: mOway, Lego Wedo, Arduino, mBot...



KhanAcademy-ko "Intro to JS: Drawing & Animation" ikastaroa

Ikastaro hau (https://www.khanacademy.org/computing/computer-programming/programming) planteatu daiteke sekuentzia honetako hirugarren urratsa bezala. Bertan bai, programazio hizkuntza bat lantzen da, JavaScript hain zuzen, weberako eta kasu honetan html5 inguruneko irudia eta animazioari zuzenduta.

Antza handia du core.org webgunearekin: hau ere ikastaro bat da, ondo egituratua, urratsez urrats aurkeztu eta lantzen dira programazio algoritmoak eta irudi estatikotik animaziora pasatzen da. Kasu honetan ere bideo-tutorialak erabiltzen dira azalpenetarako eta ondoren ariketak. Baina ikastaro hau bigarren hezkuntzatik gora erabiltzeko.

2014/11/16

Talkwalker Alerts, zerbaiten gora beheren berri izateko

Enpresa, talde, pertsona, aplikazio edo zerbaiten berrien atezuan egon behar badugu Talkwalker Alerts gugatik egiten ahal du zaintza lana. Zaindu behar dugunaren izena eman eta harek bilduko du web-orri, blog, foro eta antzekoetan haren aipamenik egiten oten den eta posta kontura edo jario irakurtzailera bidaliko digu markatzen diogun maiztasunarekin.


Nola egiten da?

Lehenik eta behin alta eman behar dugu zerbitzuan. Dohako da eta web honetan egin daiteke:


Sakatu CREATE eta datuak eman.

Ondoren alerta edo alertak sortuko ditugu. Alerta sortzean, noski, zeren gainean egon behar du zehaztu behar dugu. Horretaz gain ezarriko dugu non bilatu behar duen, zein hizkuntzen orrietan, zenbatero eman behar digu horren berri, bilaketaren zorroztasuna eta zein kontura bidali behar digun bilaketaren emaitza.


Nahi haina terminoren bilaketak ezar daitezke eta bilaketaren ezaugarriak MANAGE atalean gelditu edo edita daitezke.

Ez da aplikazio egokia neurotikoentzat baina astean behin informea bidaltzea agintzen badiogu arakatze neketsuak kentzen laguntzen ahal digu.

2014/10/06

Munduko herrialdeen grafikoak Google Drive-en bidez

Google Drive-ren kalkulu orriak badu munduko herrialdeak eta kontinenteak erakusten duen grafiko mota bat eta oso interesgarria da herrialdeak eta euren datuak era grafiko batez ikusteko.

Ikus dezagun nola egiten diren grafikook eta, bide batez, lanabesak eskaintzen duen hainbat aukera:

1- Erakutsi herrialde baten kokapena munduan edo bere kontinentean.


GDrive-n kalkulu orri berri bat sortu, eta idatzi erakutsi nahi duzun herrialdearen izena ingelesez.
Egin Txertatu > Diagrama eta hautatu munduko maparen irudia duen geodiagrama.
Berak erakusten du herrialdea munduko mapan, zuk alda dezakezu kontinentera eta kolorea ere hauta dezakezu.



Emaitza horrelako zerbait izango da:

Baten beharrean herrialde batzuk erakutsi nahi badugu prozedura bera erabiliko dugu baina herrialdeak zerrenda batean jarrita.


2- Hainbat herrialde erakutsi eta bi edo hiru koloretan.

Herrialdeen zerrendaren eskuinean 1,2 edo 3 idatziko dugu zenbaki bera jarrita kolore bera erakutsi behar duten herrialdeetan.
Lehen bezala Txertatu > Diagrama > Esleitu > Munduko mapa

3
eta ondoren, Pertsonalizatu izeneko fitxan, zehaztu zein mapa eta 1,2 eta 3 kategorien koloreak.


Ariketa hauek egiteko lagungarria izan daiteke munduko herrialdeak euskaraz eta ingelesez duen fitxategia.


3- Sailkatu herrialdeak aldagai baten balioen arabera.

Mundu mailako aldagai edo indikadore datu base interesgarri bat du Munduko Bankua bere web-orrian (http://data.worldbank.org/indicator). Bertan, besteak beste nekazaritza, biztanleria, klima aldaketaren faktoreak, ekonomia, hezkuntza, energia, ingurugiroa, finantzak, osasuna, azpiegiturak, gizarte garapena eta lanari buruzko datuak daude.


Eskaintzen duen taula kopiatu (Ctrl+C), Google Drive ireki, sortu kalkulu orri bat, datuak itsatsi, soberan dauden zutabeak eta daturik ez duten errenkadak ezabatu eta txertatu > diagrama > diagramak > esleitu > geo-diagrama. Behin mapa sortzen duenean eskalaren koloreak aukeratzen ahal dugu.




Behin grafiko edo diagrama sortu ondoren kalkulu orrian txertatu egingo dugu, handia ikusteko grafikoaren eskuineko kontrolean Eraman nire orrira klikatuko dugu eta grafiko kalkulu orri oso bat hartuko dugu. Une honetan pantaila kaptura egingo dugu irudi formatura esportatzeko.



Kaptura egiteko HotShots edo editatzeko aukera duen beste edozein kapturatzailea erabiltzen badugu aukera izango dugu irudiaren gainean errotulazioak egiteko: izenak, geziak, urratsak...



Oharrak:
  • Mapa honetan estaturik ez duten hainbat herrialde agertzen badira ere (Hong Kong, Macau, Gibraltar...) beste batzuk oraindik ez, besteak beste Euskal Herria eta Katalunia.