Organic Maps etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Organic Maps etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024/04/21

Nola ezarri Organic Maps-en ahots argibideak euskaraz

 Organic Maps-ek, Google Maps-en lehiakide libreak (informazio gehiago eta toki ofiziala), euskaraz du interfazea baina ingelesez hitz egiten zuen eta ez nekien nabigazioan ahozko jarraibideak nola jarri euskaraz. 

Izan ere, Organic Maps-en ezarpenetan aukera dago nabigazioaren ahots argibideen hizkuntza aldatzeko...

 


 baina euskara ez da agertzen aukerako hizkuntzen artean Googleren n hizketa-hautematea eta sintesiak ez duelako euskararen TTS librerik.

Badago, ordea, soluzio erraz bat (eskerrik asko IƱigo Gebarari). Hona hemen urratsak:

1- Aholabek garatutako  AhoTTS aplikazioa mugikorrean apk fitxategia Aptoide-tik deskargatu eta instalatu edo Play Store-tik .


 2- Ahots argibidetan zaudela, sakatu "Sistemaren ahots-sintesiaren ezarpenak"...

... eta Android ezarpenetako Testua-Hizketara Ezarpenak pantailan egin klik "Motor hobetsia"ren gainean, erne, bertan eta ez ezkerreko engranajean.


Hor, AhoTTS aukeratu


3- Badirudi martxan jartzeko komeni dela aplikazioa berrabiaraztea. Egiaztatzeko dabilela eta zein den bere ahotsa eta abiadura, Organic Maps-en hizkuntza aukeretan euskara eta gaztelania Espainiakoa eta Mexikokoa agertuko dira eta euskara hautatuta probatzen ahal duzu.

Hemendik aurrera autoan, bizikletan, oinez... zoazela Organic Maps-en nabigazioa erabilita ahots argibideak euskaraz entzungo dituzu. Nik probatu dut autoan eta oinez -mugikorra sakelan eta belarriko entzungailuekin argibideak entzuten- eta oso ondo funtzionatzen du.


Oharrak:

  • Sistemaren ahots-sintesiaren ezarpenetan alda daitezke tonua eta hizketa tasa edo abiadura. Abiadura ez moteldu zeren eta autoz gidatzean argibideak azkar samar eman behar ditu.
  • Iphonean ez dut probatu baina ematen dit prozesua berdintsua izan behar duela.
  • AhoTTS aplikazioa instalatu behar da euskarak oraindik TTS librerik ez duelako. Ez dut gaia kontrolatzen, beraz, isil nadin, baina meloi hori noizbait ireki beharko zen.


2023/12/26

Organic Maps-ek mendiko bideak nabarmentzen ditu orain

 Organic Maps Interneteko konexiorik gabe funtzionatzen duen Google Maps-en lehiakideak abenduak 20ko bertsioan mendian oinez zein bizikletaz ibiltzeko hobekuntza nabarmen bat gehitu du: Mendi ibilaldiak.

Maparen ohiko ikusgarritasunari funtzionalitatea handitzeko Organic Maps-ek geruzak erabiltzen ditu. Momentuz hiru ditu: metroa, sestra-kurbak eta orain mendi ibilbideak.

Geruzak ikusteko trepeta pantailaren ezkerreko goiko aldean dago:


 Ohiko ikuspegia:

Sestra kurbaduna:


Mendi ibilbideak nabarmenduta:

Etxean nabarmentzea gehiegizkoa irudi dezake baina mendian, batez ere eguzkia badago, eskertzen da.

Geruzak, noski, bateragarriak dira. 

Organic Maps F-droid bidez instalatuta baduzu eguneratzeko F-droid aplikazioaren beheko barrako Egunerat botoian sakatu eta aplikazioak egunean daudela esan arren atzamarrarekin behera egin eta eguneraketak bilatuko ditu, ondoren eguneraketak instalatu.

Behin eguneratuta mapak ere eguneratzeko aukera izango duzu: Ezarpenak > Mapak deskargatu (hobe wifiarekin).


2023/11/04

Organic Maps: interesguneen informazioa

 Organic Maps OpenStreetMaps-eko informazioa erabiltzen duen geo-nabigatzaile librea da eta euskaraz hitz egiten du.


 Aurrekoan bere ezaugarri nagusiak aipatu nituen.

Gaur ezaugarri bat zabaltzeko idazten dut. Libre eta euskalduna izan eta ondo funtzionatzeaz gain duen indargune garrantzitsu bat da ez duela konexiorik behar funtzionatzeko. Informazioa deskargatzen diren mapetatik hartzen du. Mapa horiek etxeko wifian deskargatzea komeni da (SDan gorde daitezke) edo behintzat konexioa dagoen toki batean. Hori eginda konexiorik gabe funtzionatzen du eta inportantea da bi faktoreengatik:

  • Estaldurarik gabeko tokietan arazorik gabe funtzionatzen du.
  • Behar duen informazioa deskargatuta duenez oso azkar dabil eta ez du kontsumitzen.

Mapak deskargatzean informazio grafikoa deskargatzeaz gain POI edo interesgune, komertzio eta gainerako puntuen informazioa ere deskargatzen du: webgunea, posta elektronikoa, telefonoa, irekiera eta itxiera ordutegia... eta ingelesezko Wikipedian informazioa badu sarrera ere eskaintzen du eta "gehiago" sakatuta informazio osoa. Wikipediako informazioa ingelesez, euskarakoa lortu daiteke estekan sakatuta baina konexioa erabili behar du.

Bi bideotxo hauetan ikusten ahal da nola agertzen da informazioa beheko panela goratuz gero. Lehen  bideoan interesgunea Txillidaleku da, nonbait ingelesezko Wikipedian ez du artikulurik, baina ordutegiak eta bestelako informazio praktikoa ematen du.

 

 Bigarren bideoan Hondarribiko aireportuko informazioa ikusten da. Kasu honetan ingelesezko Wikipedian badu artikulua eta  informazioan ikus daiteke artikuluaren sarrera eta, azpian duen "gehiago" estekan klikatuta, artikulu osoa.



2023/06/08

Organic Maps aplikazioak orain GPX arrastoak onartzen ditu.

 Organic Maps Google Maps eta MapsMe-ren ordezko libre eta euskaldunak 2023ko ekainak 6ko eguneraketan GPX, arrastoak, bide-puntu eta interesguneak inportatzeko formatua onartzen du. Orain arte KML, KMZ soilik onartzen zituen.

GPX datuak inportatzeko  Internetetik deskargatzen badituzu Organic Maps-ekin irekitzeko aukera agertuko zaizu. Berdin GPX fitxategi batean mugikorrean klik egitean.


Argitalpen honetan beste aldaketa nabarmen batzuk:

• OpenStreetMap datu berriak 2023ko ekainaren 2tik aurrera
• GPX inportazio euskarria
• Laster-marken zerrendak desagertzen zirela konpondu zen karaktere okerrak laster-marken izenean edo deskribapenean gordetzen zirenean
• Autoen eta bizikletaren bideratzea hobetu

Android:
• OSM aldaketak kargatzea eragozten zuen akatsa konpondu da bateriarekin
• MRGS eta UTM koordenatuen laguntza (sakatu koordenatuak aldatzeko)
• Orain iparrorratzak giroskopiorik gabeko gailuetan funtzionatzen du
• Saihestu klikak nabigazio moduaren goiburuaren eta bideratze menuaren bidez
• Galdutako Wikipediako deskribapenak konpondu dira
• TTS (Text-To-Speech) ahotsaren abiadura murriztu da
• KML, KMZ eta GPX inportazio jakinarazpenak funtzionatzen ez duten jakinarazpenak konpondu ditu

iOS:
• Lan egiten ez duten portugesa (Brasil) eta gaztelania (Mexiko) ahots bidezko jarraibideen hizkuntzak konpondu dira
• KML, KMZ eta GPX inportazioen hutsegiteen konponketa
• Fitxategi beraren errepikatutako inportazioak konpondu dira

Estiloak:
• Funikularraren ikono finkoa
• Basamortuko kolorea aldatu da modu ilunean
• Gehitu da Fish Pass
• Parcel Locker ikono berria
• Iparraldeko Municheko metro geltokirako ikono finkoa

Itzulpenak:
• Ordutegi hautatzeko itzulpenak
Euskara, bielorrusiera, britainiarra, ingelesa eta ukrainerako itzulpenak zuzendu ditu

Aplikazioa instalatu edo eguneratu nahi baduzu hemen duzu Androiderako

ekaineko bertsioa

 

2023/05/16

Organic Maps kale, mendi eta errepidetako mapak euskaraz eta libre mugikorrean

 Organic Maps mugikorrean edo tabletan (Android, iOS...) OpenStreetMaps-en (OSM-en) mapak ikusteko eta erabiltzeko aplikazio libre eta euskaldun interesgarria da.

Ezaugarri orokorrak:

  • Interneteko konexiorik gabe funtzionatzen du. Mapak deskargatzen dira OSMtik doan eta mugarik gabe. Mapek ez dute askorik pisatzen eta, ezarpenetan zehaztuta, SD txartelean gorde daitezke. Arinak bai baina datuz ondo hornituak: interesguneetan klikatu, beheko barra goratu eta interesgunearen informazioa agertzen da: webgunea, telefonoa, ordutegiak eta Wikipedia informazioa ingelesez. Hau dena konexiorik gabe eta segituan.
  • Bilaketak ere konexiorik gabe egiten ditu, kale edo terminoaren bidez zein kategoriaren bidez: jatetxe, janari-denda, gasolindegia... 
  • Tokia zehaztuta handik edo horra joateko ibilbidea kalkulatzen du ibilgailuz, oinez zein bizikletaz, eta bidearen maldaren profila erakusten du. Tarteko hiru puntu edo geldiune zehaztu daitezke. Garraio publikoa oraindik ez du eskaintzen. Ahots argibideak ingelesez ematen ditu (euskarazko TTS erabiltzen ez dut asmatu). Metroen lineak erakusten ahal ditu geruza baten bidez.
  • Mendian oso ondo dabil. Oinez egiteko mendiko zidorrak proposatzen ditu (OSMri esker) eta mapari sestra kurbak erakusteko agintzen ahal zaio. Hori bai etengabe birkalkulatzen du bidea, beraz, ibilbide zehatz bat egin nahi badugu hobe Wikiloc edo antzeko gunetik deskargatu eta ireki KML edo GPX formatuan. Leku-markak sortu eta esportatu daitezke, arrastoak momentuz soilik iOSen.
  • Oso arina izanik ere, eraikinen 3Dtan eta perspektiban ikusten dira. Arina izanik oso bateria kontsumo txikia du.
  • Software librekoa da eta, horregatik, euskaraz funtzionatzen du.
  • Eta horregatik ere zaintzen du erabiltzailearen pribatutasuna. Ez da erregistratu behar, ez du daturik zurrupatzen eta ez du publizitaterik.
     

Hainbat pantaila argazki:

Toki bat sakatuta eskaintzen dituen aukerak

 
Ibilbideak kalkulatzeko aukerak. Tarteko puntuak ere markatu daitezke.




Ezarpenak: egokiak eta ondo azalduta

Mendiko ibilbideak kargatu daitezke. Sestra marrek malden informazioa ematen dute.

Metroaren ibilbideak eta geltokiak geruza gisa ikus daitezke.

Kategorien bidezko bilaketek turismo, iturriak eta bestelako interesguneak erakusten dituzte.

Instalazioa


Behin instalatuta munduko eta zauden komunitateko mapa deskargatzea proposatuko dizu. Baldin eta SD txartela baduzu, maparik deskargatu aurretik ezarpenetan mapak SD txartelean gordetzeko esatea komeni da. Toki bat bilatzeko edo harako bidea erakusteko bertako barrutiko mapa deskargatu behar duzu. Komeni da wifia edo konexio ona duzun toki batean egitea. Behin mapak deskargatuta funtzionatzeko ez du konexiorik behar.

Erabilpen oharrak:

  • Pantailaren beheko aldeko hiru botoiak zuriak ditu eta ez dira ondo ikusten baina egon badaude.
  • Euskarazko testuetan akatsik antzemanez gero mezu honen iruzkinetan jartzen ahal duzu abisua eta saiatuko naiz zuzentzen.

 

Konklusioa:

Aplikazio pribatiboen aldean (Organic Maps MapsMe-ren fork edo aldaera bat da) oso arina da eta ez du aztarnaririk ez publizitaterik. Osorik euskaraz dago.

Mapen aplikazio libre nagusia den OsmAnd-en aldean Organic Maps arinagoa da, interfazea atseginagoa du eta, funtzionalitate gutxiago izanik, nagusiak baditu eta errazagoa da erabiltzen.

Autoan erabiltzeko nik Waze pribatiboa segituko dut erabiltzen, besteak beste euskaraz ematen dituelako ahots argibideak. 


Aplikazioaren webgunea (euskaraz)

https://organicmaps.app/eu/ 

 

Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.