Luberri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Luberri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/12/20

Nola instalatu Linux eskoletako Onlife eramagarri txikietan

 Pandemia dela eta Next Generation Europako fondoak erabiliz Espainiako gobernuak hainbat Onlife markako 13 hazbeteko eramangarriak banatu zituen estatuko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta eskolak behartu zituen "evento" gogoratzeko plaka bat jartzen toki ikusgarrian.

Educa izeneko programaren publizitatea ordenagailuaren azpiko aldean.

Linux-en instalazioa galarazteko BIOSa pasahitzaz babestu zuen Madrilgo gobernuak. Bada, hau da BIOSa aldatu gabe Luberri edo bestelako Linux bat instalatzeko modua

Luberri 22.04 Onlife ordenagailu batean
 

Badira bi modu luzea eta laburra. Hemen luzea:

  • Piztu ordenagailua eta utzi Windowsekin abiatzen.
  • Mahaigaineko ezkerreko panelean Ezarpenen ikonoa klikatu
  • Windowsen konfigurazioaren leihoa irekiko da eta bertan "Actualizaciones y seguridad" klikatu. Agertuko den ezkerreko panelean "RecuperaciĆ³n" aukeratu eta paneleko "Inicio avanzado" sakatu.
  • "Elegir una opciĆ³n" dioen menua agertuko zaigu.
  • Sartu Luberriren instalazioko USBa.
  • Sakatu "Usar un dispositibo". Ordenagailua abiatuko da instalazioaren USBtik.



     

     Eta instalazio asko egin nahi baduzu eskertuko duzu modu laburra:

    •  Sartu Luberriren instalazioaren USBa
    • Windowsen zaudela Shift edo Mayuskula tekla zanpatuta sakatu Piztu/Itzaliko botoia.
    • Mantendu Shift sakatuta eta botoiaren gainean agertzen den menu txikian sakatu Reinicio eta "Elegir una opcion" menuan "Usar un dispositibo" sakatu.

Oharra

Irakasle batek ohartarazi du prozedura hori segituz Usar un dispositibo sakatzean Luberriren USBa ez dela agertzen, beste bat hautatu eta utzi Windowsa berrabiarazten eta prozedura errepikatuta Usar un dispositibo  bigarren aldiz saiatuta bai, orduan Luberriren USBa agertzen da. Hautatu eta berrabiaraztean Luberri arrankatzen du eta instalatu daiteke.

2023/11/02

Luberri_22.04.3 bertsioa prest dago

 Luberri Linux bertsio berria du. Luberri_22.04.3 mantenuko bertsioa da: berritasun askorik ez du baina sistema eta aplikazio gehienek bertsio berriak dituzte.

Deskargatu nahi baduzu blog honetako eskuineko paneleko Luberri instalatu atalean edo LuberriLinux.eus webguneko deskargen orrian sartu. 

Bertsio honen berritasun nabarmenenak hemen ikusten ahal dituzu.

2023/11/01

Luberri Linux Telegram taldea

 Luberri inguruko foroa orain arte luberri@framalistes.org posta zerrendaren inguruan garatu da non ehundik gora partaidek berriak jaso eta zalantzak eta iradokizunak plazaratu dituzte. Posta zerrendak ondo funtzionatu du, eskerrik asko Framasoft taldeari, baina funtzio horiek betetzeko aspaldi honetan txat aplikazioak eraginkorragoak bihurtu dira.

Hori dela eta jende gehiagorengana iristeko eta, batez ere, jende gehiagoren ekarpenak jasotzeko posta zerrenda gelditu eta Telegramen talde bat sortu dugu: 

LuberriLinux taldea

Taldea mugikorrerako edo ordenagailuko aplikazioetatik erabili daiteke, bai eta web orritik ere.

Luberri Linuxen berritasun, deialdi, asmoen berri jaso nahi baduzu eta, batez ere, haren inguruko laguntza eskatu, zure esperientzia zabaldu, iradokizunak egin nahi baduzu sartu taldean eta parte hartu.

2023/01/20

Nola sortu liburuxkak PDF Arranger aplikazioarekin

 DIN A4 dokumentu batetik DIN A5 tamainako liburuxka bat sortu nahi baduzu (edo DIN A3tik DIN A4 liburuxka) PDF Arranger aplikazioa sinple egiteko aukera ematen du.


PDF Arranger aplikazio txiki bat da erabiltzaileari PDF dokumentuak batu edo zatitzen eta orriak biratu, moztu eta berrantolatzen laguntzen diona interfaze grafiko interaktibo eta intuitiboa erabiliz.

PDF Arranger aplikazioak 2023ko uztailean argitaratutako 1.10.0-1 bertsiotik aurrera euskaraz dago. Debian, Ubuntu edo Linux Minten instalatzeko pdfarranger_1.10.0-1_all.deb https://launchpad.net/ubuntu/+source/pdfarranger webgunetik deskargatu et instalatu daiteke.  (Paragrafo hau 2023/8/18an gehitu da).

Liburuxka egiteko aukera du. Horretarako kargatu dokumentua PDF formatuan, hautatu liburuxka egiteko erabili nahi duzun orrialdeak eta panelaren eskuinean dagoen menuan Editatu > Sortu liburuxka egin.

 Jatorrizko dokumentua mantentzeko liburuxkan Gorde honela egin eta beste izen bat eman.

Mezu hau idazteko unean aplikazioa oraindik ez dago euskaraz, laster egongo da baina bitartean zure ordenagailuan euskaraz eduki nahi baduzu deskargatzen ahal duzu pdfarranger.mo fitxategia eta, sudo-ren bidez, kopiatu /usr/share/locale/eu/LC_MESSAGES/ karpetan.

PDF Arranger aplikazioa Luberri Linux sisteman instalatuta dago.

Linuxeko beste hainbat aplikazio interesgarri.

2022/12/22

luberri_22.04.1 bertsio berria prest dago eta berritasun interesgarriak ditu

 Luberri Linux hezkuntzarako distribuzioak bertsio berria kaleratu du gaur: 22.01.1 eta sistema eta aplikazioen eguneraketez gain berritasun interesagarriak ditu. Horren berri ematen du LuberriLinux.eus webgunearen blogak.

Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri instalazioan klikatu edo LuberriLinux.eus-en deskarga orrian.

2022/10/09

Luberri_22.04.0ren mahaigainaren bideo aurkezpena

 Eder Etxebarria Linuxtarrak Garelako kanalaren arduradunak sortua eta aurkeztu berri den peertube.eus zerbitzuan ostatu hartuta, bideo honetan Luberriren mahaingurutik paseotxo bat egiteko aukera ematen digu.


2022/10/05

Luberri_22.04.0.iso bertsioa prest dago luberrilinux.eus webgune berrian

 Luberri proiektuak gaur bi berrikuntza aurkezten ditu: batetik bost urteko sustengua izango duen luberri_22.04.0.iso bertsioa...

 

Luberri_20.04.0 bertsioaren mahaigainaren itxura
 

eta, bestetik, webgune propioa: 

https://luberrilinux.eus/


Luberri sistemak 2008tik bi urtean behin LTS edo sustengu luzeko bertsioa ateratzen du. Bertsio berri honek 2027arte eguneratu ahal izango da eta sistema eta aplikazioen biltegiak erabilgarri izango ditu.

Bere ezaugarri orokorrak kontsultatu daitezke, bai eta aurreko bertsioarekiko berritasunak ere.

Blog honek Luberri proiektuaren gaineko laguntza asko biltzen du eta IKT eta hezkuntzari buruzko informazio gehiago ere, horregatik bizirik segituko du baina Luberri proiektua webgune propioa merezi zuela iruditu zaigu, modernoago, sinple eta argia.

2022/04/04

Nola jarri Luberri sistema ukranieraz

(2022/5/20an zuzenduta)

 Ikastetxe batean eskatu didate erakustea nola jartzen den Luberri sistema ukraineraz eta hemen azalduko dut nola egin dugun.

Luberriren testu editorean karaktere zirilikoz idazten

 

Ezarpenen aldaketak ikaslearen mini-eramangarrian egin dugu. Horretarako:

1- Ikaslearentzat erabiltzaile lokal bat sortu.

Ikaslearentzat erabiltzaile lokal bat sortu dugu: administratzaileak Sistemaren ezarpenak > Erabiltzaileak eta taldeak > Gehitu erabiltzaile estandarra eta ikaslearen izena jarri.

Aukera dago pasahitza jartzeko erabiltzaile honi. Ez da ezinbestekoa.


 Administratzailearen saioan:

2 Ukrainera hizkuntza instalatu

Sistemaren ezarpenak > Hobespenak Hizkuntzak > Instalatu > Gehitu > Ukrainian, Ukraine

 

Ukrainera jarri ondoren haren hizkuntza-paketeak instalatzeko aginduko dugu:



 

Administratzailearen saiotik atera eta sortu berri dugun ikasle ukrainarraren saioa irekiko dugu. Bertan:

3- Ikaslearen teklatu zirilikoa jarri.

Ukrainan, Errusian eta Bielorrusian bezala, teklatu zirilikoa erabiltzen dute. Hori konfiguratzeko :

Sistemaren ezarpenak > Hardwarea > Teklatua > Diseinuak > + gehitzeko beste diseinu bat > Ukranian (typewriter).


 Eta zerrendatik Spanish kendu (hautatu eta - ), ez da nahikoa ukrainarra gainean jartzea. 

 

4- Ikaslearen hizkuntza ukrainera jarri.

Sistemaren ezarpenak > Hizkuntzak

Sakatu Basque/Spain gainean eta instalatuta dauden hizkuntzen artean Ukrainian/Ukraine hautatu. Eskualdea eta Ordu-forma ez aldatu.


 Saioa amaitu eta berri sartu ikasle ukrainarraren saioan.

Karpeta nagusien izenak euskaraz mantendu edo ukrainerara aldatzeko aukera emango digu. Nik aldatu ditut.


 


5- Gometxa zirilikoak jarri teklatu latinoaren gainean.

Teklatu zirilikoa da ikasleak erabiliko duena 

baina teklen izenak ez datoz bat zirilikoarekin. Hori konpontzeko eklatu zirilikorako gometxa edo pegatinak eros daitezke


eta latinoaren gainean jarri edo behin behinekoak egin gometxetan karaktereak tinta iraunkorreko errotulagailuaz margotuta.



2022/04/01

Luberri: Nola gehitu zerbitzariko NoBackup karpetaren mapeoa

 Luberri sistemari ikastetxeetan erabiltzen denean komeni zaio adieraztea ikastetxeko zerbitzariko hainbat karpeta partekatuta mapatzea. 


 Ikastetxeetan ohikoa da ADMINISTRAZIOA, IKASLEAK, IRAKASLEAK, OROKORRA eta PERTSONALA mapatzea. 

Premia zirkular batean eduki multimedia astunak NoBackup izeneko karpeta batera pasatzea gomendatu zuten eguneroko segurtasun kopiak arintzeko. 

Ikastetxe batzuetan irakasleek nahi dute NoBackup karpeta hori bere saioetan mapatzea ikasleei baliabide multimedia horiek erakutsi ahal izateko.

Luberri sistemaren orain arteko bertsioetan NoBackup hori ez da mapatzen baina erreza da mapeo hori, nahi izanez gero, gehitzea.

Mapeoa egitek /etc/security karpetan dagoen pam_mount.conf.xml fitxategia editatu behar da.

Mapeoak definitzen dituen fitxategia editatzeko, administradore gisa, hau itsatsiko dugu terminalean:

sudo xed /etc/security/pam_mount.conf.xml

Irekiko den fitxategian "volumenes montados por profesores y administradores" atala bilatuko dugu, IRAKASLEAK karpetaren mapeoa kopiatu, ondoren itsatsi eta IRAKASLEAK jartzen duen lehenengo tokian NOBACKUP jarri eta bigarrenean NoBackup. (Zure ikastxetxearen server edo zerbitzariaren IPa desberdina izango da,noski).

Gorde eta ordenagailua berrabiaraztean NOBACKUP karpeta mapatuta agertuko da goiko argazkiaren antzera.

 

Ordenagailu askotan egin nahi baduzu, behin konprobatuta mapatzea ondo egiten duela, egin dezakezu aldatutako /etc/security karpetako pam_mount.conf.xml fitxategi hori USB batera kopiatu eta beste ordenagailuetara kopiatu. Horretarako administratzaile gisa sartu, fitxategia USBtik karpeta nagusira kopiatu arrastatuta,  terminala ireki eta hau itsatsi:

sudo cp pam_mount.conf.xml /etc/security/

 



2022/03/23

Nola sinkronizatu ikasle.eus edo irakasle.eus Luberri edo beste Linuxetan

EAEko Hezkuntza Sailaren  ikasle.eus eta irakasle.eus kontuak Microsoft-O365 kontuak izateaz gain Google kontuak ere badira.

Luberri sisteman eta oro har Linux Mint eta Ubunturen gaineko beste sistemetan aukera dago hodeiko kontuekin sinkronizatzeko sistemaren ezarpenetan. Ikasle.eus eta irakasle.eus kontuen kasuan Microsoftek ez ditu errekonozitzen:

Microsoftek ez du irakasle.eus kontuak onartzen

Baina Google-k bai.


Nola aktibatu sinkronizazioa:

Sistemaren ezarpenetara joan...

eta  Hobespenak multzoan bilatu Lineako kontuak


Klikatu eta Gehitu kontua > Google
Idatzi zure ikasle.eus, irakasle.eus edo bestelako Google kontua eta pasahitza. Ezagutzen duenean sinkronizatu daitezkeen zerbitzuen zerrenda agertuko da (ikusi mezu honen bigarren irudia) eta zerbitzuren bat interesatzen ez bazaizu desaktibatu. Leiho horretan ez da ezer onartu behar, aski da leihoa ixtea.

Nola erabili sinkronizazioa

 Nemo, Nautilus edo erabiltzen duzun fitxategien arakatzaileko ezkerreko panelean Sarea atalean zure kontuaren izena duen unitate bat agertuko zaizu muntatuta.

 

Unitate horretan gordetzen duzuna zuzenean kargatuko da zure kontuko Google Drivera. Erne! ez da gordeko ordenagailuan lokal moduan, beraz interneteko konexiorik gabe ezingo duzu erabili. Sinkronizazioa ez da osoa Nextcloud Desktopekin gertatzen den bezala baizik eta mugikorreko Drivearen antzera hodeian dauden karpeta eta fitxategien zerrenda ikusten da baina soilik klikatzean deskargatzen da eta asoziatua duen aplikazioak irekitzen du. Horrela gordetako fitxategiak eta karpetak beste ordenagailu edo mugikor batetik drive.google.com gunean ikusi eta deskargatzen ahal dituzu.

Beste aukera bat da aplikazioetatik zuzenean Drivetik irekitzea (deskargatzea) edo bertara gordetzea (alegia Drivera kargatzea). Azpiko irudian ikus daiteke nola ireki daitekeen Driven gordetako dokumentu bat:


 Antzera egin dezakegu beste edozein aplikazioarekin bai irekitzeko bai gordetzeko, kontuan izaten ireki eta gorde egitean Drivetik deskargatu eta kargatu egingo dugula eta ordenagailuan ez dela fitxategi lokalik gordeko.

Posta eta egutegia. Thunderbird eta bere egutegia (Lightning) erabiltzen badugu arazorik gabe konfiguratzen ahal dugu posta kontua ikasle-irakasle.eus helbidetik jaso eta bidaltzeko eta egutegia sinkronizatzeko:


Balorazioa

irakasleek zein ikasleek Fitxategiak, posta, kontaktuak, egutegiak non nahi eta noiz nahi eskuragarri behar baditugu badira moduak egiteko seguru, pribatutasuna zainduz eta software librearen bidez, hala nola Nextcloud (ikastetxekoa zein pribatua -https://disroot.org kasu-), Moodle... eta ez hain seguru eta pribatutasuna zainduz enpresen software pribatiboaren bidez (Mega, Google...). Aipatuta bi horiek aukera interesgarria izan daitezke tresna irekiak eskura ez daukagunean.

 


2022/03/22

luberri_20.04.6 argitaratu berri da

 Luberri_20.04.6 bertsioa deskargatzeko moduan dago eskuineko panelean Luberri instalazioa klikatuta. 

Bertsio honetan ez dago aldaketa handirik, izan ere lau hilabete pasa dira aurreko bertsiotik eta eguneraketak biltzea ondo dator. Hau izan daiteke, gainera, 20.04ko azken bertsioa ekain alderako 22.04a etor daiteke eta.

luberri-20.04.6_Sb.iso bertsioan, alegia Systemback bidez instalatzen den bertsioan aldaketa bakarra da sistema eta aplikazioen eguneraketa. 

luberri_20.04.6_Ub.iso bertsioan, Ubiquity bidez instalatzen dena bi instalazio jaso ditu -Sb bertsioak bazituenak-:  Remmina eta TuxPaint.

Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2022/03/22, Kernela 5.4.0-104 Sb bertsioan eta 5.13.0-37 Ub bertsioan. 

2021/11/25

Luberri_20.04.5 bertsio berria eskuragarri dago

 Luberri Linux ikaskuntzara bideratutako distribuzioak bertsio berria du: Luberri_20.04.5 eta, aurrekoak bezala bi aldaerak ditu Ub Ubiquity instalatzailearekin eta Sb Systemback instalatzailearekin.

Hona hemen bertsioaren berritasunak:

Ubiquity bertsioan harrera-pantailaren (Lightdm-ren) sistemaren ezarpenetatik aldatzea galarazten zuen errorea konpondu da.

Aplikazioa berriak:

  • Scratux 1.4.0.6ren ordez Scratch Desktop 3.3.0 Internet erabili gabe Scratch-en azken bertsioa erabili ahal izateko. Euskaraz jartzeko panelean lurraren ikonoa klikatu behar da.
  • Kruler (Irudiak) pantailako objektuak pixeletan neurtzeko. Praktikoa webgintzan.
  • BackInTime (Sistemaren tresnak): seguritate kopiak egiteko aplikazioa. Hautatu daiteke zeren babeskopia egin eta non, esteka gogorrak erabiltzen dituenez dokumentuen bertsioak gordetzen ditu asko okupatu gabe. Ikastetxeetan zerbitzariak egiten ditu karpeta pertsonalen babeskopia baina bestelakoetarako interesgarria izan daiteke.
  • Tuxmath (Hezkuntza) oinarrizko eragiketa matematikoak jolasen bidez lantzeko. Momentuz ingelesez dago baina erraza da erabiltzen.
  • Sb bertsiotik kimikarako Avogadro eta Kalzium kendu behar izan ditut tokia egiteko. Ondoren instalatu daitezke.

Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2021/11/24 datan eguneratuta. Kernela 5.4.0-89 Sb bertsioan eta 5.11.40 Ub bertsioan.  

Deskargatu nahi baduzu eskuineko panelean Luberri instalazioa elementuan klikatu eta bertsioak eta instalatzeko jarraibideak topatuko dituzu bertan.

 

2021/11/23

Luberri Linux: nola ikusi eta erabili domeinuko zerbitzaria edozein ordenagailutik

 Mezu hau EAEko ikastetxe publikoen kasuan oinarrituta dago.

Luberri Linux instalatuta baduzu ikastetxeko ordenagailuren batean eta ordenagailu horretatik kontrolatu nahi baduzu domeinuko zerbitzaria (terminal server) hau da egin dezakezuna:

Abiatu Aplikazioak > Internet > Remmina

Mezua idazteko unean Luberrik Remmina 1.4.2 bertsioa darabil.

Urrutiko ordenagailuak kontrolatzeko hiru protokolo erabiltzen ditu:

  • RDP (Remote Desktop Protocol) Windowsak kontrolatzeko
  • VNC eta SSH Linuxak kontrolatzeko.

Kasu honetan ikastetxeko zerbitzaria Windows Server denez RDP protokoloa erabiliko dugu. 

Ordenagailu horretatik behin edo oso noizbehinka erabili nahi baduzu zuzenean RDPren ondoan idatzi zerbitzariaren IPa. 

 

Zerbitzariaren IPa gogoratzen ez baduzu kontsultatu dezakezu paneleko konexioaren ezaugarriak (ikastetxean zaudela, jakina):

DNS atalean bi helbide agertuko zaizkizu:

  • 8 zenbakiz bukatzen dena ZOR B izango da, Active Direktory kudeatzen duena (erabiltzaileak, taldeak, ordenagailuak...). H
  • 1 zenbakiz bukatzen dena ZOR A izango da, datuak gordetzen dituena. Bertatik esate baterako kontrola dezakezu karpeten baimenak.

Esan bezala, behin sartzeko aski duzu RDPren ondoan behar duzun zerbitzariaren IPa sartu eta, proposatzen duen zertifikazioa onartuta, eskatuko dizun erabiltzailearen izena eta pasahitza sartu eta domeinuaren izena zehaztea (minuskulaz eta luzapenarekin, adib. h000000.net).

Normalean erabiltzen duzun ordenagailuan bazaude komeni zaizu zerbitzarien datuak gordeta mantentzea. Horretarako goiko paneleko + sakatuko dugu.


Eta agertzen zaigun fitxa beteko dugu dagozkion datuekin:


Segundo batzuetan konexioa aktibatuko da. Komeni da 1- zerbitzariaren pantaila Remminaren leihora doitzea eta 2- Remmina maximizatu eta pantaila osora hedatzea.


Remminaren leihoa minimizatzeko goian agertzen den marra zuria klikatu menua zabaltzeko eta beheko irudian ikusten den ikurra sakatu.
 


 ZOR A konfiguratu dugun moduan egin dezakezu ZOR B ekipoarekin eta horrela geratuko da eskaintza behar duzunean erabiltzeko prest.


 

2021/10/29

Luberri_20.04.4 kalean dago. Gainera bi bertsiotan: Systemback eta Ubuquity.

 

(2021/11/12ean eguneratua)

Systemback izan da urteetan Luberri sortzeko -eta instalatzeko- erabili dugun aplikazioa. Bitxi bat. Haren bidez egina dago Luberri_20.04.4_Sb.iso berria eta ikastetxeko ekipo gehienetan orain arte bezala instalatu daiteke. Baina aspaldi honetan zenbait eramangarri berrietan (Lenovo Ideapad 3, BHko ikasleen Acer Travelmate berriak...) ezin izan du instalaziorik egin UEFI moduan prestatuta ere. 

Hori dela eta, bertsio honen aldaera bat prestatu dut Cubic aplikazioaren bidez: Luberri_20.04.4_Ub.iso.  Ubuntu eta Linux Minten instalatzailea den Ubiquity bidez instalatzen da. Instalatzailea desberdina bada ere behin instalatuta ia berdinak dira. Etxeko ordenagailuetarako ere hau da bertsiorik egokiena.

Gura duzun bertsioa deskargatzeko egin klik eskuineko paneleko Luberri instalazioan.

 


Ub (Ubiquity) bertsioaren berezitasunak eta instalatzeko bigarren hezkuntzako institutuetan instalatzeko aholkuak:

  • BHko ikasleei EAEn esleitutako ordenagailuetan instalazioa Windowsen "enrolatu" aurretik egin behar da.
  • LIveUSBa prestatu: ISOa deskargatu eta Live USBak egiteko aplikazio baten bidez USBa prestatu. Ez da zertan Rufus erabili behar. Prestatzen den USBa UEFI kategoria du.
  • Instalazioa zuzenean hasiko dugu:
    • Live-USBa sartu.
    • Piztu eta F2 sakatu BIOSean sartzeko. (BIOSean sartu beharrean Windowsen hasten bada begiratu (1) oharra).
    • Memuan > Boot > USBa hirugarren posizioan egongo da. F6 bidez lehenengora ekarri eta F10 sakatu, gorde eta abiatzeko.
    • Instalazioan kable zein wifi bidez konektatzea komeni da. Aukeretan instalazio arrunta -multimediak instalatuta ditu dagoeneko- eta  Windowsekin batera hautatu eta aurrera. Norberaren etxeko ordenagailuan hemen bukatzen da prozesua.
    • Ikastetxeen kasuan, bukatzean administratzaile moduan sartu eta -domeinuan sartu gabe(3)- sistemaren konfigurazioan, sortu erabiltzailea ikasleari. Pasahitza sartzen den lehenengo aldian berak jarriko du (gutxienez 8 karaktere, zenbakia, maiuskula, minuskula eta karaktere grafikoa).
  • Instalazioa bukatu ondoren, BHko ordenagailuen kasuan enrolatze prozesua egin daiteke arazorik gabe.
  • Ikastetxeko gainerako ekipoetan domeinuan sartzeko prozedura birritan egin behar da -lehenengoan berrabiarazita-.

 Oharrak:

(1) F2 sakatuta BIOSa ireki beharrean Windowsen sartzen hasten bada (hori gertatzen da itzalita beharrean hibernatzen uzten dituzten ekipoetan) utzi Windowsen sartzen (ez bortxatu itzaltzea botoia sakatuta). Eskatuko du hizkuntza, teklatua eta wifia. Wifia eman ondoren minutu gutxi batzuk irauten duen prozesu batean sartzen da eta esaten du berrabiarazi behar dela. Adi!, egiaztatu USBa sartuta duzula eta berrabiarazten hasten denean F2 sakatu eta BIOSean sartuta Menu > Boot eta USB lehenengo posiziora eraman eta gorde.

Istripu batean bigarrenez sartuko bazen Windowsen agian ez luke emango Windowsekin instalatzeko aukera. Kasu horretan Hiren's Boot USB batekin arrankatu beharko genuke Windowsen NTFS partizioa txikiagotzeko eta gero sortutako hutsunean instalatuko genuke Linuxa.

(2) Berrinstalazioak: Proposatutako instalazio motak (Windowsekin batera) ez du /home partiziorik sortzen baina, bertsio berria edo bestelako Linux bat nahi duzulako, beste instalazio bat egin nahi baduzu hautatu Nire aukera mota, aukeratu ext4 partizioa eta bertan markatu sistema erabiltzeko, EZ FORMATEATU eta /home mantentzen du. Aski da administratzaileaz gaineko erabiltzaileak sortzea.

(3) Ikastetxeren batek ISO irudia pertsonalizatu nahi badu Cubic bidez egin dezake. Desinstalazioak eta instalazioak erraz egiten dira, pertsonalizazioak ez hainbeste. Domeinuan sartuko diren ordenagailuei begira Pam_mount.conf.xml ordeztu daiteke ikastetxekoa /etc/security/ karpetara kopiatuta. Beste aukera bat da Luberri arrunta erabili eta bukatzean ikastetxeko pam_mount.conf.xml aipatutako karpetara kopiatzea.

(3) Ikastetxeko ordenagailuetan erabiltzailea sortu ordez komeni da domeinuan sartzea.


2021/09/04

Linuxen Ricoh inprimagailuen erabiltzailearen identifikazioa nola sahiestu

 Irungo Lekaenea eskolan Linuxerako migrazioa egitean inprimagailuekin izan dugun arazo teknikoaren konponketa deskribatuko dut beste kasu batean erabili ahal izateko.

 

openclipart

Eskola honek hiru inprimagailu ditu Ricoh markakoak:

  • Ricoh IM C3000
  • Ricoh MP C3003
  • Ricoh Aficio MP c2050

 Lehenengo ordenagailua migratzean ezarpenetatik  instalatu genituen hiru inprimagailuak marka eta modeloa aukeratuta. Gerora hornitzaileak esan zigun Ricoh Aficio MP c2050rena ez zuela funtzionatzen eta instalatzeko PPD bidez kontrolatzaile hau deskargatuta: https://www.openprinting.org/download/PPD/Ricoh/PXL/Ricoh-Aficio_MP_C2050_PXL.ppd

Probatzean, ordea, ordenagailuak bidaltzen zuen baina ez inprimagailuek ez zuten inprimatzen erabiltzailearen identifikazio sistema aktibatuta zutelako. Hornitzaileari kontsulta eginda proposatu zuen inprimagailuen PPD fitxategiak (/etc/cups/ppd/ karpentan) editatzea erabiltzaile eta gakoen zerrenda eranzteko.  Erabiltzaile eta gakoen zerrenda ikusi daiteke inprimagailuaren ezarpenetan, interneteko nabigatzailean http://xxx.xxx.xxx.xxx non ixen ordez inprimagailuaren IPa sartu behar den.

Ikusita horrek zer mantenu lana suposatzen zuen, batez ere erabiltzaileen zerrenda eguneratzeko, eskolak erabaki zuen Windowserako identifikazio sistema mantentzea eta Linuxen saihestea.  Horretarako editatu genituen banaka inprimagailuen PPD fitxategiak eta erabiltzaileen identifikazioa zehazten den tokian:

*OpenUI *UserCode/User Code (up to 8 digits): PickOne
*FoomaticRIPOption UserCode: string CmdLine A
*FoomaticRIPOptionMaxLength UserCode:8
*FoomaticRIPOptionAllowedChars UserCode: "0-9"
*OrderDependency: 104 AnySetup *UserCode
*FoomaticRIPOptionPrototype UserCode: "/usrcode(%s)def\n"
*DefaultUserCode: None
*UserCode None/None: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1001/1001: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1002/1002: "/usrcode()def\n"
*UserCode 1003/1003: "/usrcode()def\n"
*CloseUI: *UserCode

aukera bat zen erabiltzaile bakoitzaren izena eta gakoa zehaztea formatu honekin:

*UserCode urlia/urlia. "/usrcode(0000)def\n"    non 0000ren ordez urlia erabiltzailearen gakoa jarriko genuen (izenak eta gakoak inprimagailuaren ezarpenetan begiratzen ahal dira). 

Baina identifikazioa saihesteko egin genuena izan zen lerro honetan:

*UserCode None/None: "/usrcode()def\n"

edozein erabiltzailearen gakoa sartu horrela utziz:


*UserCode None/None: "/usrcode(0000)def\n"  non 0000ren ordez erabiltzaile baten gakoa jarri genuen.

Probatu eta ongi inprimatzen zuela ikusita hiru inprimagailuen PPD fitxategi editatuta USB memora batera kopiatu eta handik instalatu ditugu irakasleen ordenagailuetan. Horretarako instalazioa egitean PPD instalazioa aukeratuta.

 

Zerrendatik aukeratu beharrean hemen zehazten zaio PPD fitxategi baten bidez egingo dugula instalazioa.


2021/06/11

Nola instalatu Luberri Eskola 2.0ko Toshiba Satellite Pro eramangarri txikietan

Eskola 2.0ko Toshiba Satellite Pro mini-eramangarrietan Luberri sistema instalatzeko sekuentzia hau izan daiteke:

  1.  Sartu Luberriren USB eta piztu. Komeni da Luberriren irudia Systemback edo Rufus-en bidez egina izatea zeren eta batzuk UEFI izan dezakete.
  2. Abio ordena aldatzeko pizteko unean F2 tekla sakatuko dugu (Fn gabe) eta BIOSean sartuko gara.
  3. BIOSean gaudela ezkerreko panelean Advanced > Change boot order                                                                       

  4. USB goraino eraman Up sakatuta


    eta onartu aldaketa (Save and Exit)

 

  

4. Systemback-en menuan bigarren aukera hartu: instalatu. Datuen fitxa bete eta partizioen esleipen taulan aprobetxatuko dugu Ubuntu zaharraren partizioak: 4GB ingurukoari Linux-SWAP esleitu eta onartu eta ext4 partizio handiari sistema (/) esleituko diogu eta aurrera (Next).

 

Oharra:

Probatu dudan ikastetxean hauetako ordenagailu batzuetan CAUk W10 instalatu zieten. Horrelakoetan saiatu naiz Luberri W10ekin batera instalatzen eta ezin. Azkenean W10 kendu eta Luberri jarri dut. Horretarako BIOSean USB arrankea jarri dut baina ez dit utzi saguarekin eta teklen bidez egin behar izan dut. UEFI moduan abiatzen da automatikoki. Partizioen esleipen pantailan ordenagailuko partizio guztiak ezabatu ditut (Delete) eta hauek sortu ditut: 100MBkoa, 4000MBkoa eta gainerako espazio guztia hirugarrenean. Ondoren lehenengoari boot-efi, bigarrenari linux-swap eta hirugarrenari sistema (/) esleitu diet. Gruba EFI partizioan jarriko du. Next, aurrera!

 

2021/04/16

Nola instalatu Promethean arbelen softwarea Luberri 20.04n

 Luberri 20.04 (zein Ubuntu 20.04 edo deribatua) duen ordenagailua


Promethean arbel interaktibo bati konektatuta baldin baduzu hauek dira eman behar diren pausuak arbelaren kontrolatzaileak, tresnak eta ActiveInspire aplikazioa instalatzeko:

1- Joan google drive honetara: https://drive.google.com/drive/folders/1rImDYEevRXhjVXD9ORMN67u32OVXmG_q?usp=sharing

eta deskargatu bertako fitxategiak ordenagailuko karpeta batera (hainbat ordenagailutan egin behar baduzu agian komeni zaizu USB batera deskargatzea eta hortik pasatzea ordenagailuetara).

2- Deskarga egin duzun karpetan terminala ireki,(eskuin klik eta Ireki terminalean) eta installActivBoard.sh fitxategiari exekutatzeko baimena emango diogu: 

chmod +x installActivBoard.sh

eta, ondoren, scripta exekutatuko dugu:

sudo ./installActivBoard.sh

3- Behin instalazioa bukatzen duenean berrabiarazi ordenagailua. Arbelaren interaktibitatea funtzionatuko du. Ondo kalibratuta ez badago panelean agertzen zaizun Promethean ikonoan klikatu eta kalibratu.

4- Arbelean idazteko eta PDF editatzeko Xournal++ erabili dezakezu. Horren ordez Promethean-en  ActivInspire erabili ahal izateko, lehenengo aldia administratzaile gisa zaudela terminal batean exekutatu:

sudo activinspire

Lehengo abiatze honetan arbelaren serie zenbakia erregistratuko du. Hortik aurrera edozein erabiltzailek erabili ahal izango du menutik abiatuta.


Oharrak:

  • Instalazio hau ez da ofiziala, Didier Severin izeneko erabiltzaileak prestatu du.
  • Egin dudan proban dena joan da ongi salbuespen pare batekin: batetik zerbait hautatu ondoren laster-menua agertzeko (eskuin-klikaren parekoa) sakatuta mantendu behar omen da baina niri ez dit funtzionatu. LibreOfficeko menuak bai baina azpimenuek ez dute arbelarekin funtzionatzen (uste dut aurreko bertsioekin ere gertatzen zela).
  • Erabiltzaileentzat interesgarria izan daiteke Xounal++ eta Onboard teklatu birtuala aplikazioak panelera gehitzea azkarrago abiatzeko.
  • Probatu ondoren zerbait komentatu nahi baduzu idatzi bertan iruzkin bat edo mezu bat bidali luberri abildua framalistes.org helbidera.