2026/11/07

Nola ikusi eta sinkronizatu ni.eus atariko egutegiak Androiderako Fossify egutegian

 Ni.eus euskara hutsean funtzionatzen duen zerbitzu hornitzaile bat da. Besteak beste posta elektronikoa, Nextcloud bidezko hodeia, kontaktuak eta egutegia eskaintzen du. Informazio gehiago nahi baduzu kontsultatu ni.eus webgunea.


 Dagoeneko kontua baduzu eta webguneko egutegia erabiltzen baduzu jakizu ordenagailuko Thunderbird edo Cinnamon calendar aplikazioetan zein Androideko edo Iphoneko edozein egutegi aplikazioan erabiltzen ahal duzula zuzenean CalDAV protokoloari esker.

Mezu honetan ikusiko dugu Ni.eus kontu baten egutegiak nola ikusi eta sinkronizatu Android-ean Fossify Calendar aplikazioaren bidez.

Egutegiak esan dut, zeren eta kontu batekin Ni.eus atarian hainbat egutegi eduki daitezke, pertsonalak zein beste norbaitekin edo talde batekin partekatuak.


 Egutegia(k) ikusteko panelean markatutako ikonoa sakatuko dugu. Egutegiaren ezkerraldean egutegiak kudeatzeko panela begi bistan ez baduzu klikatu ezkerreko panelaren ikonoa. 

Nire kasuan bi egutegi ditut, bata hitzorduetarako eta beste bat urtebetetzeetarako. Biak nire kontuari lotuak. Une honetan komeni da egutegi bakoitzari kolore bat ematea. Kontuan izan hemen ematen diozun kolorea izango dela telefono edo tabletan ikusiko duzuna.

Esan bezala aplikazioekin sinkronizatzeko CalDav protokoloa erabiltzen du eta Androiden sinkronizazio hori egiteko, egutegiaren aplikazioaz gain, sinkronizatzaile bat behar dugu: DAVx5. Instalatuta ez baduzu F-Droid bidez instala dezakezu.  

Behin DAVx5 aplikazioa irekita azpiko ezkerreko irudian + klikatu kontu bat gehitzeko eta eskuinean irekiko den pantailan ikusten de oinarri URLa (https://hodeia.ni.eus/remote.php/dav) idatzi eta ondoren zure ni.eus-en zure kontua eta pasahitza.


 Ondoren Fossify Calendar egutegia instalatu F-Droid biltegitik esate baterako. Aplikazio honek aukera ematen du egutegi lokala erabiltzea, telefonoan gordeko dena, baina nire ustez horren ordez ni.eus atarikoak aktibatzea komeni da. Horretarako aplikazioaren Ezarpenak ireki, jaitsi CalDAV ataleraino eta klikatu "Kudeatu sinkronizatutako egutegiak". Bertan agertuko zaizkizu besteak beste DAVx5 aplikazioaren bidez sinkronizatzen dituzunak. Markatu ikusi nahi dituzunak eta kito.


 

 

2026/09/09

Kobo Glo gailua hobetzen

 Liburu elektronikoak irakurtzeko Kobo Glo bat gailu bat izan dut eta sei urte ondoren ukipen-pantaila zoratu zaio eta baztertu behar izan dut. Ez da denbora luze baina berdina erostea erabaki dut Aliexpressen 60 euro inguru daude eta merkeago defektu txikirekin (normalean pantailako pixel bat edo bi hondatuta).


 Ordena hau segitu dut:

  1. Piztu eta ezarpenak zehaztu. Tamalez Kobok oraindik ez du euskara eskaintzen, modelo honetan behintzat.  Wifia konektatu dut sistema eguneratu ahal izateko, nahiz eta ondoren itzali bateria aurrezteko.
  2. Irakurketa hobetzeko web-orri bat eskaintzen du: 27 modu irakurtzeko esperientzia hobetzeko. Merezi du. Horretan oinarrituta nik bi aldaketa egin dizkiot gailuari:
  • Letra motak gehitu. Oso argi azaltzen ditu urratsak. Nire kasuan San Serif letrak nahiago ditut eta Open Sans eta Roboto gehitu ditut.
  • NickelClock gehigarria jarri eta konfiguratu dut irudian ikus daitekeen moduan orriaren oinean ezkerreko aldean ordua eta eskuinekoan bateriaren karga ikusteko.

Azken bi aldaketa hauek egiteko irakurgailua ordenagailura konektatu behar da.

Aztertu dut Calibrerekin wifiz konektatzea eta ez dut lortu. Ez zait axola, izan ere kable bidez erraz kargatzen dira.   

 

2026/08/10

Nola ikusi 2026/8/12ko eklipsea Stellarium aplikazioarekin

 Ideia bat egin nahi baduzu asteazkeneko eklipsea toki zehatz batean nola ikusiko den hona hemen proposamen bat: Stellarium aplikazioa.


 Stellarium aplikazioa ortzia eta astroak ikusteko software libreko aplikazioa da eta euskaraz mintzo da.

Ezagutzen ez baduzu hemen duzu urrats erraz batzuk toki zehatz batean eklipsea nola ikusiko den behatzeko:

1- Stellarium  instalatu Linux, Windows edo Mac-en.

2 - Aplikazioa ireki

3 - Behatzeko tokia hautatu. Ezkerreko panelean kokalekua klikatu eta zerrendan gertuko hiri bat hautatu.

 


4 - Eguzkia hautatu. Ortzia denboran zehar eguzkian zentratuta ikusteko ezkerreko panelean

 5 - Lurra eta atmosfera kendu. Beheko panelean lurra kendu - izan ere sartzeko ordua gertu egongo denez mendi edo zuhaitzen bat ezkuta dezake- eta atmosfera ere kendu fenomenoa argiago ikusteko.
 

 6 - Eguzkira hurbildu. Saguaren gurpilarekin edo touchpadarekin zooma egin eguzkira hurbiltzeko.

7 - Ordua egokitu. Erreproduzitzeko botoiekin jolastu 2026/8/12ko 19:30etara joan eta botoien bidez denboraren abiadura doitu fenomenoa ongi ikusteko. Atzera eginez behin eta berriz ikusi ahal izango duzu.


 Hautatu duzun tokiaren arabera -nire kasuan Irun-  hau da gutxi gora behera hau ikusiko duzuna:

 

Mezu hau egiteko software libre eta euskaldunak diren aplikazioak: Stellarium, Ksnip pantaila kaptura eta edizioak egiteko eta Peek pantailako sekuentziak GIF formatuan kapturatzeko.

2026/06/19

Firefox-ek 152 bertsiotik webguneak euskarara itzuli ditzake

 151. bertsioan probatan ibili ondoren 2026/2/19an estreinatu den 152. bertsioan Firefox-ek webguneen hamarka hizkuntzen  itzulpena eskaintzen du eta, itxuraz, oso ondo egiten du.


 Ezarpenetako Hizkuntza > Itzulpenak atalean zehaztu daiteke:

  • Euskaraz ez dauden webguneetan itzulpena automatikoki eskaintzea.
  • Nahi duzun hizkuntzetarako itzulpena automatikoki egitea
  • Zer hizkuntzak ez itzuli inoiz.
  • Zer webgune ez itzuli inoiz.
  • Eta deskargatu daitezke hizkuntza paketeak itzulpenak azkarrago edo lineaz kanpo egiteko. 

 Agian webgunearen hizkuntza ikasten ari zara eta saiatzen zara irakurtzen baina pasarte bat trabatu zaizu. Bada, aukera dago pasarte hori hautatu eta haren itzulpena eskatzeko eskuin klik eginda eta menuan itzulpena hautatuta.

Pasarte baten euskaratzea italieratik abiatuta

 

2026/05/02

Spliit: gastuak partekatzeko laguntzen duen web zerbitzua

 Lagunen artean edo familian ospatzen diren jaia, bidaiak, opariak edo proiektu txikien gastuak erraz eta argi zerrendatu, dokumentatu eta sortzen partaide bakoitzak zorrak kitatzeko saldoak kalkulatzen duen web zerbitzua da Spliit (split it, zatitu ezazu espresiotik).

Erabiltzeko aski da instantzia ofizialera jotzea:

  

https://spliit.app/ 

Nola funtzionatzen du:

  Hasteko, antzeko zerbitzua eskaintzen duten Splitwise edo Tricount zerbitzu pribatiboetan ez bezala, zerbitzu honetan ez da erregistratu behar erabiltzeko. Web orrian sartu, talde bat sortu, partaideak zehaztu eta  gastuak partekatuko dutenen artean mezularitza edo posta elektronikoaren bidez taldearen esteka banatu eta hortik aurrera partaide bakoitzak egiten dituen gastuak sartu eta, bestela ere, gastu guztiak kontsultatu eta zenbat zor duen edo zor dioten kontsulta daiteke.

Ezaugarri nagusiak:

 Norberak sar dezake berak egindako gastua eta, nahi izanez gero faktura edo tiketa erantsi (eskaneatzeko laguntza eskaintzen du). Zehaztu daiteke partaideen artean gastu hori zati berdinetan banatuko den, zeintzuen artean banatu edo ehuneko zein kopuru zehatzetan banatzea. Gastuak, nahi izanez gero, kategorietan sailka daitezke. Era berean, maiztasun periodikoa duten gastuak ere sar daitezke.


 

Partaideek edozein unetan kontsulta dezakete partaide bakoitzak egindako  gastuak eta, partaideen arteko diru-transferentziak optimizatuta, sortzen ari diren bakoitzaren saldoak. 

Nahi beste talde sor daitezke eta web orritik zure taldeen zerrenda ikusi eta sartu. Web aplikazioa euskaraz dago eta gai argi edo ilunean erabili daiteke.


 Aplikazioa kode irekikoa da eta instantzia ofizialak zerbitzua doan ematen du. Zerbitzua  beste instantzia baten bidez zerorrek eman nahi baduzu Github-eko web orritik deskargatu eta erreplika daiteke.

2025/12/19

Xournal++ aplikazioak Laser punteroaren funtzioa gehitu du 1.3.0 bertsioan

 Xournal++ tresna interesgarria da irakasleentzat, bai arbel gisa erabiltzeko, bai PDF dokumentuen gainean nabarmentzeko eta oharrak egiteko. Bigarren erabilera honetan hain zuzen ere  bere azken bertsioak, besteak beste, berritasun interesgarri bat ekarri du: Laser punteroa.

Laser honen bidez arkatzaren (edo nabarmentzailearen) antzeko edizioa egin daiteke baina segundo pare batean desagertzen da. Hori ondo etortzen da elementu bat edo testu zati bat istant batean nabarmendu behar dugunean.

Azpiko animazioan ikus daiteke elementu bat nabarmentzea arkatzarekin eta ondokoa laserrarekin.

Arkatza eta laserra

 Aplikazioa instalatzeko, edo Luberri Linux-ena berritzeko, Github-etik deskargatu eta instalatzen ahal duzu. Web orri horretan kontsultatu daitezke ere gainerako berritasunak.