BigBlueButton etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
BigBlueButton etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/22

BigBlueButton-en aurrerapenak

 Bideo-konferentziak egiteko aplikazio libreen artean Jitsi eta BigBlueButton dira ezagunenak. Lehenengoa sinple eta arina, bigarrena eskolak emateko funtzionalitatez hobeto hornitua.

BigBlueButton mezu hau idazteko unean 2.5-alpha bertsioan badago ere martxan ikus daitezkeen aurrerapenak 2.4 bertsioarenak dira. Horien artean hauek nabarmendu daitezke:

  • Azpitaldeen gelei sortu ahala ematen ahal zaie izena.
  • Kudeatzaileak martxan dauden azpitaldeen gelen iraupena luzatu dezake.
  • Pantaila partekatzean murriztu da ispilu-efektua.

 

  • ikusleentzat partekatutako kanpoko bideoen ikuspegia hobetu da.
  • Grabaketaren txat publikoak inkesten emaitzak eta partekatutako bideoen estekak biltzen ditu.
  • Txat publikoan moderatzailearen mezuak nabarmenduak ikusten dira.
  • Erabiltzaileren bat irteten denean alerta bat ikusten da.
  • Kudeatzaileak bere ezarpenetan zehaztu dezake ikasleen pantailaren diseinua.

 

  •  Erabiltzaileek euren web-kameren atzeko planoa lausotu dezakete edo atzeko plano birtual bat ezar dezakete.

Atzeko plano lausotu daiteke edo birtual bat ezarri.
  • Saio hasita ere edozein unean aldatzen ahal dira mikrofonoak (kaskoena, web kamerarena...) edo bozgorailuak.


 

Informazio gehiago ingelesez azken bertsioei buruz:

2.4 

2.5 

2020/03/15

Moodle. ikasleekin komunikatzeko hainbat aukera


Isolatze garai honetan Moodle plataformak irakasle-ikasle eta ikasleen arteko komunikazio aukeren abaniko zabala eskaintzen du. Momentu hona da horien errepaso bat egiteko.

Lehenik eta behin nahi dut azpimarratu puntu bat Moodle plataforman alta emateko ez da behar posta elektroniko konturik. Hau bereziki interesgarria da Lehen Hezkuntzako eskoletarako. Altak ematean, banaka zein CSV bidez, posta kontu bat eman behar da baina ez du zertan erreala izan behar, ikasle156@ezdago.ez  moduko kontuak erabili daitezke. Horrelako kasuetan  komeni da foroan harpidetzak desgaitzea eta zereginetan ikasleei bidali beharreko jakinarazpenak, posta bidalketak ez sortzeko.



Ikasle guztiek jasoko dituzte mezuak, irakaslearenak zein kideenak, goiko panelean eta benetako posta dutenek postaz ere.


Komunikazio tresna nagusiak:

  • Jakinarazpenak (Berrien foroa):  Hauen bidez irakasleek maila osoko ikasleei edo ikasle talde bati bidaliko diote informazioa.
  • Foro arruntak: Ikastaro osorako edo gai zehatz
    baterako. Ikasleek mezuak jasotzeaz gain erantzun dezakete edo zalantzak edo iradokizunak egin ditzakete. Ikasleek elkarri laguntzeko aukera polita da (irakaslearen begiradapean).
  • Bideo-konferentziak BigBlueButton bidez. Ohiko bideo eta audio transmisioaz gain arbela, dokumentu partekatua, pdf aurkezpenak, pantaila partekatzeak eta bestelako tresnak ditu.
  • Egutegia: Ikastaroko eskuineko panelean egutegiak komunikatuko dio
    ikasleari zein eta zer ordutan diren eguneko bideo-konferentziak, zereginak bidaltzeko epemugak...
  • Mezuak: Paneletik edo partaideen zerrendatik irakasleek ikasle zehatz bati edo batzuei mezuak bidaltzen ahal dizkiete. Ikasleek ere irakasleei edo kideei idaztea dute.
  • Inkestak: tresna hau Google Form-en parekoa da. Beraren bidez ikasleen informazioa jaso dezakegu.
  • Blogak: ikastaro bakoitzean irakasleak eta ikasleek blog partikular bana dute. Tresna egokia izan daiteke ikasle bakoitzak kontatzeko egunez egun zer aurrerapenak egin dituen proiektuan.
  • Irakasleak, blokeen bidez, erakutsi dezake zein partaide dauden konektatuta eta, nahi izanez gero, txat bat aktibatu dezake. Txatak normalean ez dira erabiltzen ume eta gaztetxoen ikastaroetan baina egoera berezi honetan, batez ere txikienentzat, lagunekin solastatzeko aukera polita izan daiteke (eta bide batez komunikazio idatziaren lehengo urratsak).
  • Hausnarketak, kontsultak, iruzkinak... eta beste tresna batzuk daude partaideen arteko komunikazioa osatzeko.
Idatziz, ahoz zein bideoz erreminta asko ditu plataformak. Gure esku dago era egokian erabiltzea.

Ez dut bukatu nahi aipatu gabe irakasleak arreta berezia jarri behar duela Internet edota ordenagailua, tableta... ez duten ikasleengan eta, edukita ere, konektatzen ez direnengan. Moodleeren txostenek zehazki esango digute ikasleek konektatu diren, zer ordutan, zer egin duten...

Lehenengo taldeari bestelako komunikazioa eta materialen trukaketa eskainiko diegu eta bigarren taldekoak konektatzeko gurasoen laguntza eskatu beharko dugu.

2019/06/10

BigBlueButton euskaraz

Moodle ikaskuntzarako plataformaren bideo-konferentzia sistema den BigBlueButton dagoeneko euskaraz dago.



EAEko ikastetxe publikoen Moodlen erabilgarri dago. Zuk erabiltzen duzun Moodle plataforman ez badago eskatu administratzaileari plugina instalatzeko.

BigBlueButton aplikazioari buruzko informazio gehiago eta bideo-tutoriala aurreko mezu honetan.

Une honetan interfaze grafiko %100ean dago euskaraz baina zuzenketak proposatzeko zein egiteko edota datozen bertsioen lokalizazioan lagundu nahi baduzu jo librezale.org taldera.

2019/04/14

BigBlueButton: ikasteko eta bilerak egiteko bideo-konferentzia Moodle plataforman.

BigBlueButton (BBB) software libreko web-konferentzia sistema da. Web bidez funtzionatzen du eta euskaraz badaki (nabigatzailea euskaraz konfiguratuta baduzu horrela agertuko zaizu).


2007an sortu zuten Kanadako Carleton unibertsitatean eta bi lagunen arteko bideo-konferentzietan erabili badaiteke ere bere funtzionalitateek bereziki interesgarria egin dute bileretarako eta klase zein aurkezpen publikoetarako.




BigBluebutton-en funtzionalitateak

Hiru rol daude BBBn: moderatzailea, aurkezlea eta ikuslea. 

Moderatzailea saioa sortzen duen erabiltzailea da -usu irakaslea-. Saioa sortzean moderatzaileak aurkezle rola du baina -tarte baterako- aurkezle rol hori beste parte hartzaile bati -adibidez ikasle bati- uzten ahal dio.

Moderatzaileak zer egin dezake?
Moderatzaile gisa:

  • partaideak onartu (banaka, denak batera edo pasahitzaren bidez).
  • denak zein banaka isilarazi
  • partaide bat, behar izanez gero, bileratik egotzi.
  • partaideen zerrenda deskargatu.
  • partaide bati moderatzaile rola eman.
  • testu partekatua hainbat formatutan deskargatu.
  • azpitituluak jarri.
  • banatze azpitaldeak sortu.
  • bilera bukatu 
  • saioa grabatu, osorik edo parte bat.

Moderatzaileak, berez, aurkezle rola du eta aurkezle gisa:

  • Arbel zurian idatzi eta partekatu
  • Aurkezpenak edo bestelako pdf dokumentuak kargatu, erakutsi, haien gainean marraztu edo idatzi eta beste partaideekin dokumentua partekatu.
  • Bere pantaila partekatu: mahaigain osoa edo aplikazio zehatz bat.
  • Unean bertan erantzuteko inkestak diseinatu eta aktibatu.

Ikusleak zer egin dezake? Ikuslearen lana izan daiteke pasiboa edo guztiz parte-hartzailea bere jarrera eta moderatzaileak ematen dizkion baimenen arabera posible du:

  • Azalpenak ikusi eta entzun, aplikazioaren leihoak kontrolatuz. Hau da erabiltzaile bakoitzak kontrolatzen du zein leiho eta zein tamainan ikusi.
  • Txatean parte hartu: publikoa zein pribatua irakaslearekin edo beste ikasleekin.
  • Bere egoera adierazi ikonoen bidez, esate baterako eskua altxatu parte hartzea eskatzeko.
  • Ohar partekatuetan idatzi.
  • Inkestetan bozkatu.
  • Moderatzaileak aurkezle rola ematen badio aurkezlearen funtzio guztiak erabiltzen ahal ditu. 
 Konferentzia baten kasuan moderatzaileak konferentzia emaileari aurkezle rola eman diezaioke hizlariari eta moderazio lanaz arduratu: partaideak onartu, txatari zein partaideen ikonoei arreta eman, mikrofono irekiak isilarazi, dokumentu partekatuan akta egin, azpitituluak jarri, partaideen zerrenda deskargatu, grabazioa martxan jarri eta kontrolatu...
 



Moodle URL moduan gehitu daiteke ikastaro batean baina plugin moduan integratzen ahal da. Kasu horretan komeni da berariazko zerbitzari bat jartzea edo kontratatzea zeren eta pluginak probako zerbitzu mugatua eskaintzen du. Moodlen plugin bidez integratuz gero ikusleak -ikasleak- ez dira identifikatu behar zeren eta Moodlek identifikatzen ditu.

Nola sortu bilera-gela bat Moodle plataforman

Ohiko bideo-konferentzia sistemetan jendea elkartzeko deitu egin behar zaio edo URL bat bidali jendea bilerara sartzeko. Moodlen, ordea, BigBlueButton plugina instalatuta baduzu -EAEko Hezkuntza Saileko Moodlen tamalez ez dago- bilera-gela sortzen ahal dugu eta nahi dugun guztietan erabili. Bilera gela sortzen den ikastaroak markatuko du zein diren irakasle eta ikasleak edota ikastaroan bisitariak sar daitezkeen.


Zeregina prestatzean jartzen ahal diogu eguna eta ordu zehatz bat  edo zehaztu gabe utzi behar den unean erabili ahal izateko. Bestetik, definitzen ahal ditugu erabiltzaileen rolak.

Nola sortu bilera edo konferentzia gela Moodlen:



 Emanaldiak grabatzeko ezarpenetan aktibatu behar duzu grabazioa. Grabazioa emanaldian bertan martxan jarri eta gelditu (aukera dago etenak egiteko). Bukatzean ez da ezer egin behar. Minutu batzuk pasata grabazioa ikusteko aukera agertuko da BigBlueButton duzun toki berean.


 Hori bai komeni da probatzea serio hasi aurretik konprobatzeko diapositibaz gain mahaigainaren grabazioa, arbelaren oharrak, webkamera...grabatzen ote dituen. OBS Studio, Vokoscreen-NG edo bestelako pantailaren bideo-grabazioa egiten duen aplikazioa izan daiteke B plana.

BigBlueButton zerbitzariak

EAEko ikastetxe publiko batean lan egiten baduzu edo BigBlueButton plugina ez duen beste Moodle batean aritzen bazara zure erakundetik kanpoko zerbitzari batean dagoen BBB erabiltzen ahal duzu. Partaide asko batera erabili behar badute komeni da pagoko zerbitzu bat kontratatzea baina doako hainbat zerbitzari daude oro har nahiko ondo funtzionatzen dutenak. Librezale taldeak komunikazio eta elkarlanerako tresnak izeneko orrian hauek aipatzen ditu: demo.bigbluebutton.org, bbb.jitsi.rocks, bbb.nzoss.nz, edu.cisti.org, meet.nixnet.services, senfcall.de, demo.meet.coop, bbb-1.wsweet.cloud, bbb-2.wsweet.cloud, bbb-3.wsweet.cloud.
Zerbitzu hauek erabiltzeko erregistratu egin behar da, batzuetan iraupena edo parte-hartzaile kopurua mugatua dute edota saioak ezin dira grabatu.
Horrelako zerbitzuek erregistratzen denari gela bat edo gehiago esleitzen diote. Moodle erabiltzen baduzu aski duzu gela horri URL bidez eskaintzea.