Zim Wiki etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Zim Wiki etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/08/10

Zim: nola gehitu idea-mapak, organigramak eta bestelako eskemak

 Zim wiki formatua erabiltzen duen oharrak hartzeko aplikazioa da. Aurreko mezu batean azaldu nuen oinarrizko funtzionamendua.

Oinarrizko funtzionalitateak pluginen bidez aberastu daitezke. Kontua ez da dituen plugin guztiak instalatzea baizik eta interesatzen zaizkigunak.

Gaur komentatuko dudan plugina "Txertatu grafikoa" da. Haren bidez Zim orri batean diagrama bat txerta dezakegu.

Funtzionalitatea

Modu grafiko batez, prozesuak, idea-mapak, organigramak eta abar irudikatzea.

Instalazioa:

  1. Aldez aurretik instalatuko dugu markatzen duen dependentzia:  GraphViz. Hori instalatzeko Debian, Ubuntu eta deribatuetan terminalean (Ctr+Alt+T) hau itsatsi:
    sudo apt install graphviz
  2. Zim-en: Menua > Editat > Hobespenak > Pluginak > Txertatu grafikoa
 
 
Erabilera
Diagrama txertatzeko Zim-en Txertatu > Diagrama egingo dugu. 
 
Aplikazioak diagramaren definizioa eskatzen du. Diagrama hauek, formatu berezi bat dutenez, komeni da Zim-en Diagrama izeneko orri bat txertatzea txantiloi moduko bat edo batzuk edukitzeko.

Hemen jarriko dut diagrama pare baten deskripzioa eta emaitza. Horiek kopiatzen ahal dituzu Diagrama orrira eta txantiloi moduan erabili zure diagramak egiteko.

Txantiloia: Ikastetxeko organigrama:
 
digraph Ikastetxeko organigram {
graph [bgcolor=black];edge [color=white];
node [color=lightblue2, style=filled];
  "Organo gorena" -> Zuzendaria
  Zuzendaria ->  "Ikasketa burua", Idazkaria,  Orientatzailea
  "Ikasketa burua" -> "Batzorde pedagogikoa"
  Idazkaria -> bulegariak
Orientatzailea -> tutoreak
  }


Diagrama honetan oinarritu eta alda dezakezu parametroak eta elementuak

Beste txantiloi bat. Kasu honetan begizta bat.

digraph Prozesua {
node [color=orange, style=filled];
  Plangintza -> Exekuzioa -> Ebaluazioa -> Plangintza


2020/05/07

Nola egokitu Zim Wikiaren koloreak gai ilunetan ondo ikusteko

Aurreko mezuan komentatu nuen bezala Zim Wikiren koloreak ez dira egokienak gai ilunekin ikusteko (Yaru-dark, Mint-dark...), atzeko planoa grisa izanik esteken urdin iluna nekeza eta nabarmentzearen horiak ikusezina bihurtzen du testu zuria.

Konponbidea

A.A- Ordenagailu horretako Zim erabiltzaile guztiek gai ilunak erabiltzen badituzte, ireki terminala eta

sudo gedit /usr/share/zim/style.conf

eta pasa B puntura.

A.B- Ordenagailu horretan Zim erabiltzaile bat edo gehiago gai argiak erabiltzen badituzte, kopiatu Zim Wikiaren konfigurazio parametroen fitxategia zure konfigurazio partikularretara, terminalean:

cp /usr/share/zim/style.conf ~/.config/zim/

eta editatu

gedit ~/.config/zim/style.conf

B- Egin aldaketa hauek:

  • Azpimarra edo nabarmenduaren kolorea horitik marroira pasatzeko bilatu testu hau:

[Tag mark]
#underline = single
background = yellow

eta yellow-ren ordez brown kolorea jarri.

  • Esteketarako urdin ilunaren ordez ilun argia jartzeko bilatu testu hau:

[Tag link]
foreground = blue

eta blue-ren ordez #91c7eb kolorea jarri.



Gorde fitxategia eta Zim Wikia irekitzean ikusiko duzu estekak urdin argian eta nabarmenduak atzeko kolore marroiarekin.




2018/09/14

Esteka motak ZIM wikian

ZIM wiki oharrak, apunteak, dokumentazioa... biltzeko aplikazio erraz eta praktikoa da. Ezagutzen ez baduzu oinarrizko informazioa duzu mezu honetan.

Erabiltzailea bazara interesatuko zaizu kontrolatzea estekak nola egiten diren, izan ZIM erabili daiteke web eta dokumentuen aurkibide moduan eta barne estekak ere interesgarriak dira.

Hiru dira ohiko estekak:

  • Web orri batera
Kopiatu orriaren URLa, hautatu testua, klikatu tresna barrako esteka tresnan eta itsatsi estekaren testu-koadroan:


  • Dokumentu edo fitxategi batera
Hautatu  testua, klikatu esteka tresna, Browse botoia sakatu eta arakatuz joan lotu nahi duzun fitxategia:

  • Zim-eko beste orri batera
Esteka hautatu eta ":" idaztean proposatuko ditu lehen mailako orriak. Azpi-orri bati lotu nahi badiogu berriro sakatu  ":" eta orri horren azpi-orriak eskainiko dizu.

2017/10/08

Nola ikusi zure Zim koadernoa Android-en

Oharrak hartzeko Zim wiki aplikazioaren erabiltzailea bazara (bestela begiratu mezu hau) eta zure koadernoa ikusi nahi baduzu -ez editatu- Android telefono edo tabletan begira nola egin daitekeen.

Abiapuntua da fitxategi sinkronizatzaile bat instalatzea ordenagailuan eta Androidean, hala nola Nextcloud, eta kontu bat izan hornitzaile batekin.
Koadernoa sinkronizatutako karpetan izatea komeni da, hartara koadernoa sinkronizatuta ikusiko dugu baina formaturik gabeko txt-ean.

Web formatuarekin ikusi nahi baduzu koadernoa html formatura esportatu behar duzu:
Fitxategia > Esportatu > Koaderno osoa > Esportatu orri guztiak fitxategi bakar batean eta arakatu -Browse-  sinkronizatutako karpeta eta izena jarri Zim.html > Ados

Zim.html fitxategi hori mugikorrera pasa behar duzu postaz, telegramez, sinkronizatutako hodeiaz...

Hurrengo pausua izango da html formatuko fitxategi horri laster-marka bat egitea telefono edo tabletaren mahaigainean. Horretarako instala dezakezu abiarazleak sortzeko aplikazio bat, hala nola: Shortcut Creator. Abiatu eta aukeren artean File & Folder aukeratu eta arakatu Zim.html fitxategia eta zehaztu nabigatzaile batez ireki behar dela.




Eta Zim.html laster-marka mahaigainean agertuko da.



Bertan klikatuta fitxategia ikusteko hautatu Html ikustailea. Pantailan agertuko zaizkizu ezker aldean eta kolore urdinez koadernoaren orriak eta edozein orritan klikatuta orri horren edukia ikusiko duzu html formatu ederrean.



Ohar bat:
  • Nahiz eta koadernoa sinkronizatuta izan Zim.html fitxategia eguneratzeko esportatu behar dugu berriro.

2017/06/14

Eguneratzeak: Zim Wiki 0.67-rc2 eta Peek 1.0.3

Gaurko  software-eguneratzeen artean bi berritasun txiki interesgarriak:

Zim Wiki-k  0.67 bertsioaren rc2 atera du, gehien bat hainbat errore zuzentzen duena eta, horien artean, estekaren zuzenketa; izan ere, aurreko bertsioan testua hautatu eta fitxategi batekin estekatzeko Browser edo arakatzailea ez zebilen eta orain zuzendu dute.


Gaurko bigarren nobedade Peek-ek ekarri du, hain zuzen aurreko GIF animatua egiteko erabili dudan aplikazioa. Peek aplikazioak 1.0.3 bertsioak atera du eta berrikuntzarik nabarmenena grabatu behar den leihatilaren tamaina eta forma errazago aldatzea. Orain arte bezala beheko panelean Peek-ean eskuin klik egin eta Aldatu tamaina egingo dugu...

...baina orain leihatilaren kontrola askoz hobea da:



Eguneratze hauek disfrutatzeko Zim eta Peek instalatuta eduki behar dituzu eta sistema eta aplikazioak eguneratu behar dituzu. Horretarako irekin terminal bat (Krtl+Alt+T) eta exekuta itzazu hurrenez hurren bi aginduok:


sudo apt-get update
sudo apt-get upgrade




2017/04/30

Zim wiki orain euskaraz

Zim wikia oharrak hartzeko eta zereginak kudeatzeko aplikazio librea 0.66 bertsiora eguneratzearekin batera euskaraz instalatzen da.
 

Bertsio-berritze honen beste berrikuntza aipagarriak:


* Added translations for: Amharic, Arabic, Basque, and Portuguese
 
 
Bertsioaren berrikuntza eta errore-konponketen zerrenda hemen.

Zim wikia erabiltzen baduzu  euskaratzeko egin behar duzuna da softwarea eguneratzea (PPA bidez instalatu bazenuen) edo aplikazioaren azken bertsioa instalatzea.

Zim wikiaren Windows bertsioa, une honetan 0.69 da baina -agian ofizial ez izanagatik- ez dago euskaraz.

Zim wikiaren gaineko informazio gehiago blogaren mezu honetan.

2016/11/17

Zim wikia oharrak hartu eta egitekoak kudeatzeko aplikazio librea

Aspalditik nenbilen laneko egitekoak antolatzeko eta ikusteko aplikazio baten bila eta prezio berean testu editore txol interesgarria topatu dut.

Zim testu editore sinplea bat da eta egitura hierarkikoa duten orriak biltzen ditu. Orriak karpeta batean gordetzen dira era automatikoan txt formatuan.

Funtzionalitatea:
  • Oharrak hartu, bileren aktak, ideiak jaso, klaseko apunteak, web-orrien eta fitxategien estekak bildu...
  • Egitekoen kudeaketa: lehentasunak, burututako zereginak...
  • Fitxak: liburuen, pertsonen, elkarteen datuak...

Formatu aldetik orriak pantaila osoa hartzen du -ez dago papererako diseinatua- eta testuari oinarrizko formatua ematen ahal zaio:  estiloak, letra lodia, etzana, marratua, nabarmendua, buletak, numerazioa, kontrol laukien zerrendak...
Horretaz gain formulak, taulak eta estekak erabili daitezke. Formatu hauek marka edo markup bidez gordetzen dira txt fitxategian.

Zim orria hainbat formaturekin
Formatuko markak teklatuaren bidez ere egin daitezke wiki formatuan: * ikurra buleta bihurtzen da, "1." idatzik gero zerrenda zenbakiduna hasten da eta "a." bidez zerrenda alfabetikoa, makoak edo kortxeteak [] kontrol laukia.

Abantailak:
Karpeta oso oso arina da.
Aplikazioa irekitzean orri guztiak irekitzen dira. Dokumentu mordo bat erabili beharrean Zim bidez hainbat dokumentu irekitzen di-da batean.
Zim utzitako orrian irekitzen da.

Desabantailak.
Ez dauka Android edo IOSerako bertsiorik. Aurrerago azaltzen dut nola erabili daitekeen mugikorrean.

Instalazioa:
Aplikazioak Linux-erako diseinatua badago Windowserako bertsioa badu ere -begiratu oharretan-.
Ubuntun PPA bidezko instalazioa egin daiteke. Horretarako terminalean exekutatu hurrenez hurren agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:jaap.karssenberg/zim
sudo apt update
sudo apt install zim

Behin instalazioa egina aplikazioa aurrenekoz abiatzen dugun unean eskatuko digu koadernoaren izena eta kokalekua. Koadernoa hainbat ordenagailutan sinkronizatu nahi badugu sinkronizatuta dugun karpeta batean kokatzea komeni da. Edozein modutan komeni da karpeta bat sortzea koadernoa kokatzeko.

Pluginak
Zimek dituen aukerak pluginen bidez zabaldu daitezke. Pluginak instalatzeko menuan Edit > Preferences > Plugins fitxa, eta bertan desmarkatu markatuta daudenak eta honako hauek markatzea proposatzen dizut:
  • Print to browser: Zimek ez du inprimatzen baina nabigatzaileak bai.
  • Table editor: taulak erabili nahi baduzu.
  • Task List: egitekoen zerrenda egiteko. Ezinbestekoa.

Egitekoen kudeaketa 
Egitekoak kontrol laukien bidez markatzen dira eta haien lehentasuna esaldiaren bukaerako harridura ikurren bidez markatzen da. Zenbat eta harridura ikur gehiago lehentasuna handiagoa.
Egitekoen ikonoa klikatuta orrietatik barreiatuta dauden egitekoak zerrendatzen dira lehentasunaren arabera.

Behin egiteko ataza burutzen denean ataza ezaba daiteke bere orritik edo, ataza bete denaren konstantzia utzi nahi badugu, kontrol laukia marka dezakegu -egina zein ukatua moduan- eta egitekoen zerrendatik desagertuko da.

Koadernoaren sinkronizazioa
Zim orriak hainbat ordenagailutan sinkronizatuta eduki nahi baduzu instalatuta eduki behar duzu hodeia biltegiratzeko bezero bat, hala nola Owncloud, Nextcloud, Drop Box, Mega...  eta Zimen karpeta nagusia sinkronizatutako karpetan gorde behar duzu. Bigarren ekipoa eta gainontzekoak instalatzean, koadernoaren izena eta kokalekua galdetzen duen unean, aski dugu Brouse-ri sakatuta konpartitutako karpetako koadernoaren kokalekua zehaztea eta jatorrizko koadernoa irekiko du; hartara ordenagailu guztietan sinkronizatuko da koadernoa.

Txantiloiak
Datu base txiki bat egin nahi baduzu aukera duzu orri batean fitxa baten diseinua egiteko eta orri hori koadernotik eraman .local/share/zim/templates/wiki karpetara -Linuxen- eta hortik aurrera txantiloi moduan erabili ahal izango duzu.

Ikasleen datuak biltzeko txantiloi baten adibidea

Koadernoa hainbat ekipotan sinkronizatuta badugu txantiloia ekipo bakoitzean
kokatu beharko dugu erabili izatekotan.

0.66 bertsiotik aurrera euskaraz

Mugikor edo tabletan erabiltzeko
Zim wikik ez dauka app-rik. Dena den ordenagailuan egindako oharrak Android-en kontsultatzea nahiko erraza da Zim wikia sinkronizatuta badugu. Android-en Nextcloud app-a instalatutu dut, irekitzean eskatzen du hodeiaren zerbitzariaren https helbidea (ez du zertan Nextcloud izan behar, Drop Box, Owncloud, Mega, Drive... izan daiteke) eta bertako pasahitza.Une horretan agertuko dira gure hodeiaren karpetak. Puntu horretan Zim-en karpeta hautatu eta menua sinkronizatzeko aginduko dugu. Hori eginda Zim-en txt orriak ikusiko ditugu.

Bi era probatu ditut:

  • Mezu honetan ikusten den irakurtzeko soilik den modu argi interesgarri bat.

  • Ikusteaz gain sortu edo editatu nahiko bagenu kontua pittin bat konplikatzen da. Testu soileko fitxategiak editatzeko app bat instalatu beharko dugu, hala nola Jota Text Editor, haren bidez txt orriak editatzen ahal ditugu eta ondoren gorde eta sinkronizatu egingo ditugu.










Oharrak
  • Zim wikia, noski, Luberri_sisteman dago.
  • Zim wikia Windows instalatzeko badago modu ez ofizial erraz bat web-orri honetatik 0.69.1 bertsioaren .exe fitxategia deskargatu eta instalatzea. Ez dago euskaraz.
  • Frank Donnely mezu honetan kontatzen du nola erabiltzen du Zim Wiki aipu eta laburpen akademikoetarako BibTex formatuan.
  • Zim wikia proiektuaren webgunea.