Ksnip etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Ksnip etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/08/10

Nola ikusi 2026/8/12ko eklipsea Stellarium aplikazioarekin

 Ideia bat egin nahi baduzu asteazkeneko eklipsea toki zehatz batean nola ikusiko den hona hemen proposamen bat: Stellarium aplikazioa.


 Stellarium aplikazioa ortzia eta astroak ikusteko software libreko aplikazioa da eta euskaraz mintzo da.

Ezagutzen ez baduzu hemen duzu urrats erraz batzuk toki zehatz batean eklipsea nola ikusiko den behatzeko:

1- Stellarium  instalatu Linux, Windows edo Mac-en.

2 - Aplikazioa ireki

3 - Behatzeko tokia hautatu. Ezkerreko panelean kokalekua klikatu eta zerrendan gertuko hiri bat hautatu.

 


4 - Eguzkia hautatu. Ortzia denboran zehar eguzkian zentratuta ikusteko ezkerreko panelean

 5 - Lurra eta atmosfera kendu. Beheko panelean lurra kendu - izan ere sartzeko ordua gertu egongo denez mendi edo zuhaitzen bat ezkuta dezake- eta atmosfera ere kendu fenomenoa argiago ikusteko.
 

 6 - Eguzkira hurbildu. Saguaren gurpilarekin edo touchpadarekin zooma egin eguzkira hurbiltzeko.

7 - Ordua egokitu. Erreproduzitzeko botoiekin jolastu 2026/8/12ko 19:30etara joan eta botoien bidez denboraren abiadura doitu fenomenoa ongi ikusteko. Atzera eginez behin eta berriz ikusi ahal izango duzu.


 Hautatu duzun tokiaren arabera -nire kasuan Irun-  hau da gutxi gora behera hau ikusiko duzuna:

 

Mezu hau egiteko software libre eta euskaldunak diren aplikazioak: Stellarium, Ksnip pantaila kaptura eta edizioak egiteko eta Peek pantailako sekuentziak GIF formatuan kapturatzeko.

2020/06/23

Ksnip 1.7.1 euskaraz

Aurreko mezu batean deskribatu nuen Ksnip, Linux, Windows eta Macoserako pantaila atzitzaile librea. Gaur 1.7.1 bertsio berria aurkeztu nahi dizuet, izan ere euskaraz dator eta hainbat berritasun interesgarri gehitu dizkiote.



Azken bertsioen berritasunen artean aipagarrienak hauek dira:
  • Hartutako pantaila-argazkiak fitxetan erakusten ditu. 
  • Argazkiak automatikoki gordetzeko aukera.
  • Edozein irudi arrastatu eta jaregin daiteke ohargilera. Fitxa berri batera gehitzen du eta bertatik editatu daiteke. Berrikuntza garrantzitsua zeren eta edozein irudia editatzeko aukera ematen du.
  • Ohargilean eranskailuak gehitu daitezke (emotikonoak, ongi eta gaizki ikonoak, eranskailu pertsonalizatuak ere gehitu daitezke).
  • Ohargilean zenbaki gezidunak gehitu dituzte.
  • Orain argazkia gordetzean irudia handitzen du  oharrak sar daitezen. Orain arte argazkitik kanpoko oharrak ez ziren gordetzen.
  • Eranskailuak erabiltzen ahal dira. Aplikazioak baditu hainbat eta gehitu daitezke.
 
Eranskailuak


Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko (2021/10/10ean eguneratuta):


sudo add-apt-repository ppa:nemonein/ksnip
sudo apt update
sudo apt install ksnip 

2020/02/16

Ksnip pantaila kapturatzailea eta editorea

HotShot eta Shutter proiektuak gelditu ondoren Flameshot aplikazioa aukeratu nuen pantaila argazkiak egin eta berauek editatzeko, baina orain lehenengoen funtzionalitateak eta arintasun handiz betetzen duen aplikazio baten berri izan dut: Ksnip.


Software librea da eta GNU/Linux, Windows eta MacOSen eskuragarri dago.
Ikus dezagun bere funtzionalitate nagusiak:

Aukerak:
  • Pantaila osoa, leihoa edo laukizuzena.
  • Atzeratzeko aukera.
  • Objektuak itzalarekin
  • Behin zona aukeratuta moztu daiteke edo eskala aldatu.
  • Kaptura egin gabe ere, edozein irudi edo argazkia igo daiteke editatzeko.
  • Aurrez zehaztu daiteke gordetzeko karpeta eta izen-formatu automatikoa. Nik PNGren ordez JPG jarri dut fitxategien tamaina txikia izan dadin.
Tresnak
  • Hautapen tresna. Objektuak edozein unean mugitu, birdimentsionatu edo ezabatu daitezke.
  • Arkatza, 30 kolore eta nahi duzun lodiera aukeran.
  • Zenbaki automatikoak (nahi den zenbakitik hasita).
  • Nabarmentzeko tresna.
  • Testua (nahi den kolore, tamaina eta markoarekin)
  • Gezia, norabide bakarrekoa (A) edo bikoitza (D)
  • Difuminatu edo lausotzeko tresna.
  • Formak: (R) laukizuzena (E) elipse-zirkulua
  • Ur-marka jar daiteke.
Deskarga eta instalazioa

Deskarga orrian Windows, Mac eta hainbat Linuxerako aukera daude.

Ubuntu eta deribatuetan PPA bidez instala daiteke agindu hauek terminalean exekutatuta (2021/10/10ean eguneratuta):

sudo add-apt-repository ppa:nemonein/ksnip
sudo apt update
sudo apt install ksnip 

Oharra: Ubuntu 21.04tik aurrera ez da PPArik behar, aski da hirugarren agindua.