OBS studio etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
OBS studio etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/06/03

OBS Studioren audio nahastailea

 Aste honetan Josune Igoak formakuntza bat eman du Irungo Berritzegunean ikastetxeen irratien inguruan eta, beste gauza askoren  artean, irrati digitalen inguruan hitz egin dugu eta OBS Studio transmisio aplikazioaz aritu gara.


 

Zalantza nuen ea OBSren nahaste mahai digitalak mahai analogikoaren lana egin zezakeen.

 


Irratia gogoan, proba egin dut. Sortu dut eszena berri bat soilik audioak dituena:

  •  Audio irteeraren kaptura: ordenagailuko audio erreproduzigailua. Musika, zuzeneko bideokonferentzia, grabatutako elkarrizketak eta abarrerako erabili daitekeena.
  • Hiru mikrofono konektatu ditut: Hama mahaigaineko USB, entzungailuen mikroa jack (kaskoarena) eta Trust web-kamera USBrena.



Probatu dut eta ederki kontrolatzen ahal dira bolumenak.  Hori bai toki berean egonda hiru mikroak hiruek hartzen dute soinua. Beraz, irrati bat muntatzean garrantzitsua iruditzen zait  norabide bakarreko mikrofonoak erabiltzea.

Gogoan izan OBS Studio software librea dela eta euskaraz funtzionatzen duela.

2017/11/09

Kroma efektua OBS aplikazioan

OBS ikastetxeetan geroz eta gehiago erabiltzen den grabazio eta transmisio aplikazioa da. Honen bidez bideo-tutorialak, irrati transmisioak, albistegiak, antzerkiak... eta, oro har, ahozkotasuna eta gorputzaren adierazmenak lantzeko jarduerak egin daitezke.

Aukera asko duen aplikazioa da eta horietako batzuk, erabilera ez oztopatzearren, ezkutu samarrean gordetzen dira, hala nola audio eta bideo iragazki, filtro edo efektuak.

Tartean kroma iragazkia. Kroma (chroma key) iragazkia efektu bisual bat da bi geruzarekin jolasten duena. Lehenengo geruza bideo geruza izaten da eta kolore uniforme baten -gehienetan berde intentsua duen-  atzeko planoan filmatzen da. Kroma iragazkiak atzeko planoan erabilitako kolorea kendu egiten du eta horren ondorioz lehenengo geruzaren atzeko planoa gardena izanik bigarren planoko geruza ikusten da. Bigarren geruza hori irudi finkoa edo bideoa izan daiteke.



Harira. OBS aplikazioan kroma iragazkia nola erabili daitekeen azaltzen duen bideo-tutoriala duzue hau:



Bideo-tutoriala ez luzatzearren ez dut azaldu iragazkiaren aukerak. Irudi honetan ikus daitezke:

Kroma iragazkiaren aukerak


Interesanteena kolorea hautatzeko aukerak dira. Gehienetan saturazio handiko koloreak erabiltzen dira (berdea, urdina edo magenta), berdea usu giza azalaren kolorea egoera arruntetan berdetik gutxi duelako. Custom aukeran pertsonalizatu daiteke kolorearen tonua, batez ere pick up kolore hautatzailearen bidez.
Komeni da Antzekotasuna kontrolarekin jolastea atzeko planoa guztiz desagertu arte eta pasatu gabe aurreko planotik deus ez gardentzeko.

Hona hemen adibide bat nola erabili daiteke OBSeko kroma efektua bideo-tutorial batean: https://www.youtube.com/watch?v=z5cGrUyLGOQ





2017/10/18

Nola erabili daiteke mikroskopio digitala Linux sistemetan

Badira salgai hainbat mikroskopio edo lupa digital x60 eta x1000 bider handitzen dutenak eta 8 ledeko argia eta USB konexioa dutenak. Ez dut markarik eta saltzailerik aipatuko baina 18-30€ artean ibiltzen da bere prezioa -euskarriaren arabera, gehien bat-.


Mikroskopio hauek oso interesgarriak dira ikasgelarako oihalen egitura, intsektuak, orbela, ilea, ur-putzuen fauna...  Web-kamera dute, beraz ez da lagina xaflatu behar, mikroskopioa urbildu fokatze distantzia doitu arte eta gozatu.

USB bidez konektatzen da ordenagailura eta bertatik hartzen du elikadura elektrikoa. Portatil txiki bati lotuta mendian erabiltzen ahal da ederki asko.

Mikroskopio hauek Microsoft-erako kontrolatzaileak eta aplikazioa ekartzen dute baina Linux-en erabiltzen ahal dira web-kamera ikusteko edota grabatzeko aplikazioen bidez, hala nola:

A.- Cheese edo Guvcview: Nik Guvcview probatu dut eta oso ondo. Ikusi argazkiak zein bideo kapturak egin daitezke.

Guvcview-ren tresnak eta kontrolak ezkerrean eta atzitutako irudia eskuinean.


B-  OBS-Studio grabazio eta transmisiorako aplikazioa -informazio gehigarria mezu honetan eta instalazioa web honetan-.

Bideo batez deskribatu dut  nola prestatu eszena bat web-kameran oinarrituta eta nola ikusi ordenagailuan pantaila osoan:



Zure ordenagailua portatila bada web-kamera propioa edukiko du eta bideoak deskribatutako prozesuan ekipoarena baztertu eta mikroskopioaren web-kamera hautatu beharko duzu.

Behin OBS-en ezarrita dugula mikroskopioa egiten ahal dugu pantaila argazki arruntak Imp Pant teklaren bidez edo edizio elementuak Ksnip-en bidez. Argazki segidak eginez gero stop motion moduko bideoa egin dezakegu OpenShot-en bidez.

Neurketak egiteko Screen Ruler erabili dezakegu, beti ere proportzioak kalkulatuta.


C- VLC erreproduzigailuarekin pausu hauek emanez:  Multimedia > Ireki kapturagailua > Kapturatze modua: Video camera
Bideo-gailuaren izena: portatila bada /dev/video0 ekipoaren webcama izango da eta mikroskopioa /dev/video1


Pantaila beltza ateratzen bada menuan Tresnak > efektuak eta iragazkiak > v4l2 kontrolak > Berrezarri lehenetsiak

Pantaila osora erreproduzitzen ahal dugu, grabatu bideoa (Erreproduzitu > Grabatu) eta fotogramen argazkiak egin (Bideoa > Atera argazkia)



Ikasleek -edo seme-alabek- gauzen eta bizidunen izaera aztertzea bultzatu nahi baduzu gailu oso interesgarriak dira.

Hona hemen Berritzegune Nagusiak mikroskopio-lupa digitala LH-en eta DBH-en erabiltzeko prestatutako hainbat jarduera interesgarri:

Bukatzeko bideo honetan ikus dezakegu honelako lupa digital baten bidez etxean edo ikasgelan nola azter dezakegun mendiko putzu baten bizitza.



2016/10/24

OBS Studio orain sistemaren erretiluan

Pantailaren bideo kapturak eta transmisioak egiteko OBS Studio aplikazioa 0.16.2 bertsiora eguneratu da eta, beste berritasunen artean, orain abiatzen dugunean sistemaren erretiluan azalduko da eta bertatik aukera izango dugu, besteak beste, grabazioa edo transmisioa abiatzeko edo gelditzeko.



2016/07/03

OBS Studio software librea bideoen grabazio eta transmisiorako

 Open Broadcaster Software Studio audio eta bideoen grabazio eta transmisioa (streaming) egiteko software libreko aplikazioa da. Linux, Windows eta Mac-erako bertsioak ditu.


Oro har, aplikazioa erraza eta intuitiboa da. Dena den aukera asko ematen dituenez konplexutasun puntu bat du eta postprodukzioa ekidin nahi baduzu hobe duzu aurretik probak egitea.

Funtzionalitateak:
  • Bideo-tutorialen grabazioa.
  • Aurkezpen, hitzaldien eta bestelakoen transmisioa eta grabazioa.
  • Eskolako irratia edo telebista...

Instalazioa:

Aplikazioa plataforma-anitza da. Proiektuaren web orrian azaltzen da nola instalatu sistema bakoitzean.
Ubuntu eta Debian oinarrikoetan terminala ireki eta agindu hau itsatsi:

sudo apt install obs-studio


Ezarpenak:

Hasi baino lehen komeni da Fitxategia>Ezarpenak egin eta bertan begiratzea zein diren aukerak: Orokorretan aplikazioa euskaraz jar dezakegu -hala ireki ez bazaigu-, gai argia edo iluna aukeratu..., Irteeran helburu-karpeta, formatuak, bereizmenak, bit-ratioak zehaztu ditzakezu eta Laster tekletan jar dezakezu grabazioa eta transmisioa tekla konbinazio baten bidez abiatzea (nik Ktrl+G eta Ktrl+T jarri dut hurrenez hurren -argi ibili zeren eta momentuz ez du indikatzailerik-).

Funtzionamendua:

Grabazioa edo transmisioa hasi aurretik eszena(k) diseinatu behar d(it)ugu.

Eszenak

Eszenan zehazten dira ikusiko eta entzungo diren elementuak. Hainbat eszena diseina dezakegu eta grabazio-transmisioan batetik bestera pasa dezakegu.
Eszenetan erabili daitezkeen elementuak hauek dira:
- Bideoak:
  • pantailaren kaptura
  • leiho kaptura 
  • web-kamera
  • beste bideo kapturak
  • bideo fitxategia
- Irudia bat edo irudi segida bat,
- Testua
- Audioak:
  • Jack sarrera
  • mikrofonoa (kanpokoa, ekipokoa, web-kamerarena...)
  • audio irteera
  • audio fitxategia
Adibide honetan ikus dezakegu bi eszenaz sortutako grabazio bat.




Grabazioa eta transmisioa.

Aplikazio honen abantaila handi bat da postprodukzioa ekiditen duela. Ondo prestatuz gero eta bitartean istripurik eta hitztripurik gertatzen ez bada grabazioa bukatu eta editatu gabe kargatu edo erabil dezakegu.

Beste aukera bat, hitzaldi, urrutiko eta zuzeneko klaseak eta telebista saioetarako da zuzenean transmititzea (streaming). Horretarako hainbat aukera daude: aplikazioak zenbait transmisio zerbitzu eskaintzen ditu eta aparte zuk bestelako bat jar dezakezu.


Nik Youtube.com-en kanalak (bideo kudeatzailean) eskaintzen duena probatu dut eta oso ondo dabil. Kanalak transmisio gako bat ematen du eta OBSen jarri behar da, aplikazioak transmisioa ikusteko URL bat ematen du ikusleen artean zabaldu behar dena -web bidez esate baterako-. Arazo bat egon daiteke transmisio horretan erabat librea ez den musika jartzen badugu -nahiz atzeko planoan egon- Youtubek detektatu, abisatu eta transmisioa itxiko baitu.


Behin transmisioa bukatzen denean bideoa grabatuta geratzen da zure kanalean.
https://www.twitch.tv  zerbitzuak ere ondo funtzionatzen du.

Oharrak:
  • Juan Luis Fernández, Jenofonte, blogariak OBSren gainean hainbat bideo-tutorial oso interesgarriak prestatu ditu. Ikusteko bilatzailean jarri "unade25 OBS" 

Beste aplikazio interesgarriak Software-bilduman
Linuxeko hainbat aplikazio interesgarrien katalogoa.