2024/05/21

Nola entzun liburuak edo bestelako dokumentuak mugikorrean edo tabletan

 Badira hainbat kasu noiz dokumentu bat entzuteak praktikoa izan daiteken:

  • autobusean. Batez ere zorabiatzen garenontzat.
  • autoan gidatzen goazela.
  • paseoan -soilik ezinbestekoa bada, mesedez-.
  • ...

Eta, zer esanik ez, irakurtzeko zailtasun dituzten pertsonentzat: itsuak edo ikusteko zailtasunak dituzten pertsonak, dislexikoak eta abar. Zentzu honetan hezkuntza baliabideetan IDU aplikatzeko modu bat izan daiteke.

Horrelako kasuetan interesgarria da dokumentuak ikusteko Librera Reader Androidentzako aplikazio librea. Aplikazio hau gai da testu dokumentu arruntak irekitzeko: pdf, epub eta beste liburu elektronikoak, odt, docx...

Librera Reader F-droidetik edo beste dendetatik instala edo deskarga daiteke.

Aplikazio honek irakurtzeko funtzionalitate asko izateaz gain aukera ematen du dokumentuak entzuteko.

Testuak entzuteko baina, TTS (Test To Speach) edo testuak ahoskatzeko aplikazioa instalatuta edukitzeak eskatzen du. AhoTTS aplikazio librea instalatuta eta ondoren azalduko dudan bezala mugikorrean konfiguratuta testuak ahoskatzeko aukera izango dugu.


 AhoTTS Google Playtik instala daiteke eta, instalatu ondoren,  Android ezarpenetan > Ezarpen osagarriak > Hizkuntza eta idazketa > Testua-Hizketara outputa > Motor hobetsia"ren gainean -erne- bertan eta ez ezkerreko engranajean AhoTTS aukeratu.


Hor, AhoTTS aukeratu

(baliteke funtzionatzeko mugikorra berrabiarazi behar izatea)


Bi aplikazioak instalatuta -eta Androiden TTSa konfiguratuta- aski dugu nahi dugun liburu, pdf, dokumentuan klikatu, Librera Readerrekin ireki eta pantailan klikatu aukerak ikusteko eta beheko aldean dokumentua entzuteko ikonoa klikatu.


Entzuteko aukerak konfiguratu dezakegu eta hasteko botoia klikatuko dugu.


Bideo txiki honetan ikus daiteke -behin aplikazioak instalatu eta konfiguratuta- nola aktibatu daitekeen dokumentu baten ahoskatzea:

Oharrak:



2024/05/18

Lumi aplikazioaren web orria orain euskaraz

 Lumi H5P jarduerak Moodle, Wordpress eta bestelako plataformatik kanpo sortzeko  aplikazioaren webgunea hemendik aurrera euskaraz dago:


https://lumi.education/eu/#

 



2024/04/21

Nola ezarri Comaps edo Organic Maps-en ahots argibideak euskaraz

 Comaps eta Organic Maps-ek, Google Maps-en lehiakide libreek (informazio gehiago eta toki ofiziala), euskaraz du interfazea baina ingelesez hitz egiten dute eta ez nekien nabigazioan ahozko jarraibideak nola jarri euskaraz. 

Izan ere, haien ezarpenetan aukera dago nabigazioaren ahots argibideen hizkuntza aldatzeko...

 


 baina euskara ez da agertzen aukerako hizkuntzen artean Googleren n hizketa-hautematea eta sintesiak ez duelako euskararen TTS librerik.

Badago, ordea, soluzio erraz bat (eskerrik asko Iñigo Gebarari). Hona hemen urratsak:

1- Aholabek garatutako  AhoTTS aplikazioa mugikorrean apk fitxategia Aptoide-tik deskargatu eta instalatu edo Play Store-tik .


 2- Ahots argibidetan zaudela, sakatu "Sistemaren ahots-sintesiaren ezarpenak"...

... eta Android ezarpenetako Testua-Hizketara Ezarpenak pantailan egin klik "Motor hobetsia"ren gainean, erne, bertan eta ez ezkerreko engranajean.


Hor, AhoTTS aukeratu


3- Badirudi martxan jartzeko komeni dela aplikazioa berrabiaraztea. Egiaztatzeko dabilela eta zein den bere ahotsa eta abiadura, Organic Maps-en hizkuntza aukeretan euskara eta gaztelania Espainiakoa eta Mexikokoa agertuko dira eta euskara hautatuta probatzen ahal duzu.

Hemendik aurrera autoan, bizikletan, oinez... zoazela Organic Maps-en nabigazioa erabilita ahots argibideak euskaraz entzungo dituzu. Nik probatu dut autoan eta oinez -mugikorra sakelan eta belarriko entzungailuekin argibideak entzuten- eta oso ondo funtzionatzen du.


Oharrak:

  • Sistemaren ahots-sintesiaren ezarpenetan alda daitezke tonua eta hizketa tasa edo abiadura. Abiadura ez moteldu zeren eta autoz gidatzean argibideak azkar samar eman behar ditu.
  • Iphonean ez dut probatu baina ematen dit prozesua berdintsua izan behar duela.
  • AhoTTS aplikazioa instalatu behar da euskarak oraindik TTS librerik ez duelako. Ez dut gaia kontrolatzen, beraz, isil nadin, baina meloi hori noizbait ireki beharko zen.


2024/02/27

Gcompris aplikazioak 4.0 bertsio berria atera du

 KDE proiektuko jolas didaktikoen bildumak 4.0 bertsioa eskuragarri jarri du bere webgunean.

Edozein plataforman instalatu daiteke, ordenagailu zein smartphonea, eta Luberri sisteman, noski, instalatuta dago. Hori bai, 4.0 bertsioa Luberriren hurrengo bertsioan egongo da.

Hemen kontsultatu daitezke 4.0 bertsioan sartu dituzten zortzi aktibitate berriak, horien artean bereziki interesgarriak zatikiak lantzeko aktibitate bi.

Aukera probestuz, bideo-tutorial bat prestatu dut. Ezinezkoa da begirada bat ematea Gcomprisek biltzen dituen 190 aktibitateei. Bideo honetan aurkezpen orokor bat egin dut eta erabiltzeko hainbat aholku jaso ditut.


2024/02/16

Nola jakin terminaletik ordenagailuko diskoak mekanikoak (HDD) edo solidoak diren (SSD)

 Diso solidoak (SSD) mekanikoak baino azkarragoak, pisuz arinagoak, kontsumo gutxiago eta isilak dira. Aldatzea kasu askotan erraza da eta gaur egun haien prezioa nahiko baxua da.


 Baina, nola jakin ordenagailu baten diskoa mekanikoa edo solidoa ordenagailua ireki gabe? 

Terminala erabiliz oso erraz jakin daiteke. Ordenagailuak dituen diskoak sda, sdb, sdc... izendatzen dira eta jakin dezakegu mekanikoa den ala ez biratzen ote diren galdetuta.

cat /sys/block/sda/queue/rotational

Erantzuna 1 bada, alegia biratzen bada mekanikoa da (HDD) eta 0 bada ez du errotaziorik beraz solidoa da (SSD).

Disko bat baino gehiago baduzu sda-ren ordez sdb, sdc... idatzi. Nire kasuan bi ditut sda mekanikoa eta sdb solidoa.



2024/01/21

Korrika 23 ibaiez ibai

 23. Korrika Irunen hasi martxoaren 14ean eta Baionara 24ean iritsiko da. Haren ibilbidea aukera ematen du hainbat herritatik pasatzen diren ibaiak errepasatzeko eta H5P ariketa modalitate berria bat, Jolasaren mapa edo Game Map, probatzeko.

Erabiltzeko deskarga dezakezu htlm fitxategia (Korrika 23 ibaiez ibai.htlm) eta nabigatzailean kargatu edo, Moodle erabiltzeko aukera baduzu h5p fitxategia (Korrika 23 ibaiez ibai.h5p) deskarga dezakezu eta zure Moodlen txertatu. Azken hau aldatzeko aukera ere badago Moodlen edo Lumi-ren bidez.

Jolasteko klik egin behar da borobiltxo laranjan (ez dut asmatu Irunen hasten) eta, asmatu ondoren, aurrera egin.


2024/01/05

Rallly.co bilerak, juntadizoak, txandak planifikatzeko webgune libre eta euskalduna

 Rallly.co -bai, hiru l-rekin- Doodle webguneak eskaintzen duen zerbitzu bera eskaintzen du, alegia hainbat pertsonen artean elkarretaratze batentzako data edota ordu egokia planifikatzea baina argiago eta euskaraz.

Nola funtzionatzen du:

Elkarretaratze bat: 

demagun bilera, kedada, afaria, edonolako juntadizoa antolatu nahi duzula eta jendeari noiz komeni zaion jakin nahi duzula. Frantsesez RSVP (répondez s'il vous plaît) esaten omen zaio. Webgunean sartu, gertaerari izena jarri, egun edota ordu posibleak jarri eta web-orriaren esteka jendeari bidali postaz, Telegram bidez edo nahi duzun bezala. Jendea sartu, identifikatu eta markatuko du posible edo gogoko dituenak. Webgunean joango dira agertzen jendearen aukerak. Komeni data topea jartzea. Horren arabera erabaki daiteke elkarretaratzea noiz egin.

Txandak hartu: 

demagun talde batek lan batean txandak bete behar dituela, esate baterako txosna batean. Guk larunbateko baratzeko saskiak egiteko txandak egiteko erabiltzen dugu. Kasu honetan antolatzaileak bete behar diren txanden egunak edota orduak zehaztu eta azalpenak eman daitezke, hala nola txandetan zenbat jende behar den eta abar; web-orriaren esteka bidali jendeari eta izena adierazita bere gogoko txandak hartuko dituzte.



Zerbitzua software librez eskaintzen da (GNU AFFERO GPL3). Horri ezker euskaraz dago eta erabiltzeko ez da erregistratu behar. Funtzionalitate aurreratuak nahi izanez gero Pro bertsioa du. Enpresa edo elkarteren batek asko erabili nahi badu, datuen pribatutasuna bereziki zaindu eta web zerbitzaria badu deskargatu eta Docker bidez instalatu dezake.


Beste web-zerbitzu interesgarriak


2023/12/28

Editor, Android aplikazioa orain euskaraz

 Editor Adroiderako testu lauko editore sinplea da. Aplikazio autonomoa da eta erabili daiteke beste aplikazioekin konbinatuta edo arakatzaileetan .txt edo bestelako fitxategiak ireki eta editatzeko.

Fitxategi bat irekitzean ikusteko moduan agertzen da eta arkatza klikatuta edizio modua aktibatzen da.

Menuaren bidez itxura, letra-tipoa, tamaina eta abar kudeatu daitezke.

Aplikazioaren menuaren pantaila-argazkia

Aplikazio hau software librekoa da, 1.92 bertsiotik euskaraz dago eta F-Droid bidez edo Github-etik .apk formatuan deskargatuta instala daiteke.

Nire kasuan Editor aplikazioa erabiltzen dut ordenagailuan Zim Wiki-ren bidez sortu eta Nextcloud-en gordetzen ditudan oharrak mugikorrean editatzeko.


2023/12/26

Organic Maps-ek mendiko bideak nabarmentzen ditu orain

 Organic Maps Interneteko konexiorik gabe funtzionatzen duen Google Maps-en lehiakideak abenduak 20ko bertsioan mendian oinez zein bizikletaz ibiltzeko hobekuntza nabarmen bat gehitu du: Mendi ibilaldiak.

Maparen ohiko ikusgarritasunari funtzionalitatea handitzeko Organic Maps-ek geruzak erabiltzen ditu. Momentuz hiru ditu: metroa, sestra-kurbak eta orain mendi ibilbideak.

Geruzak ikusteko trepeta pantailaren ezkerreko goiko aldean dago:


 Ohiko ikuspegia:

Sestra kurbaduna:


Mendi ibilbideak nabarmenduta:

Etxean nabarmentzea gehiegizkoa irudi dezake baina mendian, batez ere eguzkia badago, eskertzen da.

Geruzak, noski, bateragarriak dira. 

Organic Maps F-droid bidez instalatuta baduzu eguneratzeko F-droid aplikazioaren beheko barrako Egunerat botoian sakatu eta aplikazioak egunean daudela esan arren atzamarrarekin behera egin eta eguneraketak bilatuko ditu, ondoren eguneraketak instalatu.

Behin eguneratuta mapak ere eguneratzeko aukera izango duzu: Ezarpenak > Mapak deskargatu (hobe wifiarekin).


2023/12/20

Nola instalatu Linux eskoletako Onlife eramagarri txikietan

 Pandemia dela eta Next Generation Europako fondoak erabiliz Espainiako gobernuak hainbat Onlife markako 13 hazbeteko eramangarriak banatu zituen estatuko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta eskolak behartu zituen "evento" gogoratzeko plaka bat jartzen toki ikusgarrian.

Educa izeneko programaren publizitatea ordenagailuaren azpiko aldean.

Linux-en instalazioa galarazteko BIOSa pasahitzaz babestu zuen Madrilgo gobernuak. Bada, hau da BIOSa aldatu gabe Luberri edo bestelako Linux bat instalatzeko modua

Luberri 22.04 Onlife ordenagailu batean
 

Badira bi modu luzea eta laburra. Hemen luzea:

  • Piztu ordenagailua eta utzi Windowsekin abiatzen.
  • Mahaigaineko ezkerreko panelean Ezarpenen ikonoa klikatu
  • Windowsen konfigurazioaren leihoa irekiko da eta bertan "Actualizaciones y seguridad" klikatu. Agertuko den ezkerreko panelean "Recuperación" aukeratu eta paneleko "Inicio avanzado" sakatu.
  • "Elegir una opción" dioen menua agertuko zaigu.
  • Sartu Luberriren instalazioko USBa.
  • Sakatu "Usar un dispositibo". Ordenagailua abiatuko da instalazioaren USBtik.



     

     Eta instalazio asko egin nahi baduzu eskertuko duzu modu laburra:

    •  Sartu Luberriren instalazioaren USBa
    • Windowsen zaudela Shift edo Mayuskula tekla zanpatuta sakatu Piztu/Itzaliko botoia.
    • Mantendu Shift sakatuta eta botoiaren gainean agertzen den menu txikian sakatu Reinicio eta "Elegir una opcion" menuan "Usar un dispositibo" sakatu.

Oharra

Irakasle batek ohartarazi du prozedura hori segituz Usar un dispositibo sakatzean Luberriren USBa ez dela agertzen, beste bat hautatu eta utzi Windowsa berrabiarazten eta prozedura errepikatuta Usar un dispositibo  bigarren aldiz saiatuta bai, orduan Luberriren USBa agertzen da. Hautatu eta berrabiaraztean Luberri arrankatzen du eta instalatu daiteke.

2023/12/15

OpenBoard pantaila eta monitore interaktiboetarako arbela 1.7.0 bertsioa euskaraz atera du.

 OpenBoard arbel digital eta monitore interaktiboetan arbela lanak egiteko eta pantaila arruntetan marrak eta oharrak egiteko aukera ematen duen aplikazioak 1.7.0 bertsioa atera du eta euskaraz dago.

Aplikazio interesagarri hau krisialdia pasa du bere garapenean baina badirudi pilak jarri dituztela eta konponketa mordo bat egin dute. Tartean euskara hizkuntza berriro onartu dute.


 

Luberritik kendu genuen garapen arazo horiengatik eta antzeko funtzionalitatea duen Xournal++ jarri genuen. Agian hurrengo bertsioan tokia egongo da OpenBoard berriro sartzeko.

Berritasunen informazio zehatza eta Linux, Mac eta Windows bertsioak deskargatu daitezke bere Github orritik.



2023/12/09

Gaitasunen lanketa

 LuberriLinux.eus webguneak bere menuan "Gaitasunen lanketa" atala ireki du.

Bertan ikasleek jorratu beharreko gaitasun nagusi batzuk (irakurketa, idazketa, zientziak, geografia, musika, marrazketa, komunikazio audiobisuala) Luberrik eskaintzen dituen aplikazioak aurkezten dira. Horiekin batera irakasleentzako oinarrizko atazak lantzeko beste aplikazio batzuk. Hemen lotura:

"Gaitasunen lanketa"

Hau da edukien eskema:




2023/11/20

QuickWeather: Androiderako eguraldi aplikazio libre, arina eta euskalduna.

 Androidetan uneko eguraldia eta iragarpenak erakusteko aplikazio asko dago. Niri QuickWeather gustatzen zait arina, garbia, libre eta orain, 2.5.7 bertsiotik aurrera euskalduna delako.


Ezaugarri nagusiak:

  • Pantaila osoko radarra
  • Uneko eguraldia, Tenperatura, Prezipitazioak, Haizearen abiadura, Hezetasuna, Presioa, Ihintz-puntua
  • Tenperatura eta Prezipitazioen grafikoa
  • Eguraldiaren alerta jakinarazpenak
  • Orduko Tenperatura eta Prezipitazioa (48 ordu)
  • 3 orduko tenperatura eta prezipitazioa (5 egun)
  • Kokapen bat baino gehiago ezar daitezke
        

 

Aplikazioaren ikuspegi orokorra non ikus daiteke uneko egoera, grafikoan tenperatura eta prezipitazioaren grafikoa, hodeitzaren radarra eta iragarpenak.

Ezarpenetako pantailetan kokapenak, itxura eta parametroak zehaztu daitezke.







Instalatu daiteke Fdroid-etik edo Google Play-tik.



Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.

2023/11/18

Librera: mota guztietako dokumentuak irakurtzeko aplikazioa Androiden

 PDF, EPUB, ODT, DOC, MOBI, DjVu, FB2, TXT, RTF, AZW, AZW3, HTML, CBZ, CBR eta formatu gehiago dira Librera aplikazioak irakurtzen dituenak. 

Hori da bere ezaugarri nagusia: aplikazio bakarra edozein dokumentu irekitzeko.

Beste ezaugarriak:

  • Azkar irekitzen ditu dokumentuak.
  • Pantaila behin sakatuta laguntza panelak ezkutatzen dira (eta ageri).
  • Ikuspegi argia eta iluna.
  • Dokumentuak bilatu eta Liburutegian erakusten ditu (Liburutegiaren ezarpenetan zehazten ahal zaio zeintzuk karpetetan eta zer formatu bilatu).
  • Dena konfiguratu daiteke.
  • Libre eta euskalduna (8.9.58 bertsiotik)
 

Aplikazioaren webgunea: https://librera.mobi/es

Aplikazioa Androiderako da eta deskargatu daiteke Fdroid edo Google Play-tik

Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.


2023/11/04

Organic Maps: interesguneen informazioa

 Organic Maps OpenStreetMaps-eko informazioa erabiltzen duen geo-nabigatzaile librea da eta euskaraz hitz egiten du.


 Aurrekoan bere ezaugarri nagusiak aipatu nituen.

Gaur ezaugarri bat zabaltzeko idazten dut. Libre eta euskalduna izan eta ondo funtzionatzeaz gain duen indargune garrantzitsu bat da ez duela konexiorik behar funtzionatzeko. Informazioa deskargatzen diren mapetatik hartzen du. Mapa horiek etxeko wifian deskargatzea komeni da (SDan gorde daitezke) edo behintzat konexioa dagoen toki batean. Hori eginda konexiorik gabe funtzionatzen du eta inportantea da bi faktoreengatik:

  • Estaldurarik gabeko tokietan arazorik gabe funtzionatzen du.
  • Behar duen informazioa deskargatuta duenez oso azkar dabil eta ez du kontsumitzen.

Mapak deskargatzean informazio grafikoa deskargatzeaz gain POI edo interesgune, komertzio eta gainerako puntuen informazioa ere deskargatzen du: webgunea, posta elektronikoa, telefonoa, irekiera eta itxiera ordutegia... eta ingelesezko Wikipedian informazioa badu sarrera ere eskaintzen du eta "gehiago" sakatuta informazio osoa. Wikipediako informazioa ingelesez, euskarakoa lortu daiteke estekan sakatuta baina konexioa erabili behar du.

Bi bideotxo hauetan ikusten ahal da nola agertzen da informazioa beheko panela goratuz gero. Lehen  bideoan interesgunea Txillidaleku da, nonbait ingelesezko Wikipedian ez du artikulurik, baina ordutegiak eta bestelako informazio praktikoa ematen du.

 

 Bigarren bideoan Hondarribiko aireportuko informazioa ikusten da. Kasu honetan ingelesezko Wikipedian badu artikulua eta  informazioan ikus daiteke artikuluaren sarrera eta, azpian duen "gehiago" estekan klikatuta, artikulu osoa.



2023/11/02

Luberri_22.04.3 bertsioa prest dago

 Luberri Linux bertsio berria du. Luberri_22.04.3 mantenuko bertsioa da: berritasun askorik ez du baina sistema eta aplikazio gehienek bertsio berriak dituzte.

Deskargatu nahi baduzu blog honetako eskuineko paneleko Luberri instalatu atalean edo LuberriLinux.eus webguneko deskargen orrian sartu. 

Bertsio honen berritasun nabarmenenak hemen ikusten ahal dituzu.

2023/11/01

Luberri Linux Telegram taldea

 Luberri inguruko foroa orain arte luberri@framalistes.org posta zerrendaren inguruan garatu da non ehundik gora partaidek berriak jaso eta zalantzak eta iradokizunak plazaratu dituzte. Posta zerrendak ondo funtzionatu du, eskerrik asko Framasoft taldeari, baina funtzio horiek betetzeko aspaldi honetan txat aplikazioak eraginkorragoak bihurtu dira.

Hori dela eta jende gehiagorengana iristeko eta, batez ere, jende gehiagoren ekarpenak jasotzeko posta zerrenda gelditu eta Telegramen talde bat sortu dugu: 

LuberriLinux taldea

Taldea mugikorrerako edo ordenagailuko aplikazioetatik erabili daiteke, bai eta web orritik ere.

Luberri Linuxen berritasun, deialdi, asmoen berri jaso nahi baduzu eta, batez ere, haren inguruko laguntza eskatu, zure esperientzia zabaldu, iradokizunak egin nahi baduzu sartu taldean eta parte hartu.

2023/10/13

Orain RadioDroid euskaraz

 RadioDroid munduko ehunka irrati-igorle Internet bidez entzuteko Androiderako aplikazio librea da.

Mugikorrean irratia entzuteko bi era daude: transistore modua zeinean kable bidezko entzungailua lotu behar dugu antena gisa erabiltzeko eta irrati uhinen bidez jasotzen da eta mugitzean gorabeherak edota frekuentzia aldaketak izaten ditu eta Internet bidezko irratia zeinean Internet konexioa badugu munduko beste puntako irrati-igorle bat entzuten ahal dugu antenarik gabe eta uhin gorabeherarik gabe.

Irratia entzuten ahal dugu mugikorrean bertan edo bluethooth bidez entzungailu batean edo autoko erreproduzigailuan.

Aplikazioak irrati-igorleak erakusten digu iragazita arrakastaren arabera, etiketa edo generoaren arabera, estatuaren arabera edo hizkuntzaren arabera.

15 irrati euskaraz Internet bidez

Euskaraz Internet bidez entzun daitezkeen igorleak hauek dira: Punk irratia, Euskadi irratia, Onda vasca, Onda vasca Gipuzkoa, Naiz irratia, Euskalerria irratia, EITB euskal kantak, Zintzilik irratia, Radio Siberia, Etzanda irratia, Gaztea irratia, Irulegiko irratia, Bizkaia irratia, Arraio irratia...

Irrati-igorlea hautatuta entzun daiteke eta gorde daiteke gogokoetan:

 

Nire gogoko batzuk

Tamalez banderatxoa estatuaren arabera jartzen dute eta ez hizkuntzaren arabera.

Ezarpenetan hainbat parametro konfigura daitezke, esate baterako lotarako tenporizadorea.

Instalatzeko:

F-Droid-etik edo Google Play-tik


Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.


2023/10/01

Organic Maps-ek 2023/9/20 bertsioa kaleratu du

Artikulu hau da Organic Maps-en berria euskarara ekarria:


 "Hainbat funtzio berri eskuragarri daude iraileko eguneraketan. Distantzia erraz neur dezakezu eta lerro zuzenak eraiki ditzakezu beste ibilbide batzuk eraikitzen ari zaren moduan, eta are errazagoa, kolpe bakar batekin! Helikopteroaren bideratzea deitu genion baina gero Erregela izenera aldatzea erabaki genuen nahasketa saihesteko.
Android-en beste eginbide berri bat atzeko ahotsaren jarraibideak dira. Orain Organic Maps-ek zurekin hitz egin dezake poltsikotik 🙂

• OSM maparen datu berriak irailaren 20koak
• Ibilbide mota berria "Erregela" (helikopteroaren bideratzea) gehitu da distantzia zuzenak azkar neurtzeko, mila esker Sergiy @strump-i (https://github.com/strump) bizia emateagatik!
• Ezarri hamartar eta taldekatze bereizleak sistemaren lokalaren arabera, Gonzalo @gpesquero-ri esker (https://github.com/gpesquero)
• Ibilbideen planifikazio moduan zoom gogaikarria kendu da
• Aparkalekuen sarrerak bila daitezke orain
• Kaleen parekatzea eta emaitzen garrantzia hobetu da (esker Viktar @vng (https://github.com/vng) bilaketa-hobekuntza guztiengatik!)
• Janariak eta etxeko tresnak bilatzea
• Editorean kobazuloak gehi daitezke
• Arabiera, poloniera eta gaztelaniazko itzulpenak hobetu dira

Android
• Atzeko planoko ahotsa eta jarraibideak, Roman @rtsisyk-i esker (https://github.com/rtsisyk)
• "Itxaron..." elkarrizketa-koadroa konpondu da Android 13 abiaraztean SD txartelean deskargatutako mapa askorekin (eskerrik asko berriro Viktar!)
• Distantzia finkoa ibilbidearen aurrebista panelean (eskerrik asko Sergiy-ri berriro!)
• Kokapen-botoiaren gezi urdinaren ikonoa konpondu da Android 5 eta 6 gailuetan, Michał @RicoElectrico-ri esker (https://github.com/RicoElectrico)
• Ahots-proba ezarpenen menuan (berriz ere, eskerrik asko Gonzalori!)
• Backurl APIaren parametroa konpondu da
• Ez ezazu musika pausatu pantaila biratzen denean (kredituak berriro Romanentzat!)
• Inportatutako GPX pisten kolore ikusezinaren akatsa konpondu da

iOS
• Ireki/Itxita konponduta, batzuetan kolore grisean agertzen da

Ferenc @Ferenc- (https://github.com/Ferenc-) Linux hobekuntzak egin zituen:
• Gehitu kokapen-laguntza GeoClue2 bidez
• Erabili OpenGL ES 3.0 mahaigaineko OpenGLren ordez

Maparen estiloa gehienbat Konstantin @pastk (https://github.com/pastk), David @dvdmrtnz (https://github.com/dvdmrtnz), Harry @RedAuburn (https://github.com/RedAuburn) egin zuten. , eta @map-per (https://github.com/map-per):
• Ikono berriak edo eguneratuak fabrika, upategia, liburutegia, liburutegia, putetxe, bizikletak konpontzeko geltokia, bizikleten alokairua, bizikleten aparkalekua, sauna, loteria, bookmaker, masajea, joskintza, liburuak, lurpeko aparkalekua, ezinduentzako aparkalekua, atea, gorotz poltsen salmenta. , handizkako denda, kanpoko eserlekuak, artisautza, artezteko errota, catering, HVAC, giltza mozteko eta sarrailagilea. Zerrenda luzea da, ezta?
• Ibilgailuen ikuskapena, bainu publikoa, striptease kluba, jokoa, bizikleta-hesia, ibilguak (hustubidea, lubakia, lubanarroa, hondakin-urak), akuarioa, bilgune, helduentzako jolas-zentroa, jolas-aretoa, mormoien elizak, bisitarien zentroa, meategi industriala, objektu historikoak. (kanoia, aingura, harria, hegazkina, tankea, meategia, naufragioa, lokomotora). Are zerrenda luzeagoa!
• Zubiak eta tunelak errendatzea gehitu da bidegorrietarako, oinezkoentzako, bideetarako, bideetarako, bidegorrietarako, eskaileretarako.
• Errendatu hesi=luga, ibilgu=luga ez bezala
• Ibai izenen (eta garrantzi txikiagoko beste lerro batzuen) lehentasunak murriztea nabigazio moduan
• Errepideen izenak eta errepideen ezkutuaren lehentasunak sintonizatuta
• Aparkalekuetako eraikinetarako ikono finkoak bistaratzen dira
• Aparkaleku txikien eta pribatuen ikonoen ikusgarritasuna murriztu da, lurpeko aparkalekuetarako eremua betetzea kendu
• Sute-hartenen ikusgarritasuna murriztu da
• Erakutsi etxe-zenbakiak ikonoen eta POI nagusien azpitituluen gainean, eta ez bistaratu etxe-zenbakiak uneko zoom-mailarako txikiegiak diren eraikinetan.
• Ez erakutsi izar-ikonoak karratuetarako
• Etxe-zenbakien letra-tipoa eta marrazkiaren lehentasuna finkatu
• Autobideko, oinezkoentzako, bidegorriko eta bidegorriko lerroak gehitu dira zoom zehatzetarako (z18-) nabigazio moduan.
• Oinezkoen tunelak ez dira ikusgai nabigazio moduan

Beti eskertzen ditugu laguntzen gaituzten guztiei (https://organicmaps.app/support-us/) eta dohaintzan ematen (https://organicmaps.app/donate/). Mapa organikoak ez lirateke posible izango gure erabiltzaileak eta gure laguntzaileak gabe."

Androiderako F-Droidetik deskargatu eta instalatu edo eguneratu dezakezu.

2023/08/18

Cryptpad.fr orain diagramak sortzea eskaintzen du Draw.io integratuta

 Cryptpad dokumentuak online elkarlanean editatzeko plataforma libre eta zifratua da. Testu dokumentuak, kalkulu orriak, kanban, aurkezpenak, formularioak, arbela... partekatu daitezke hainbaten artean osatzeko. Google Docs-en alternatiba libre eta euskalduna da.

Cryptpad Github-etik deskargatu eta instalatu daiteke zerbitzari propio batean, baina modurik errazena erabiltzeko da doan 50 megabyteko biltegiratzea eskaintzen duten Cryptpad.fr zerbitzaria erabiltzea da. Erabili daiteke erregistratu gabe baina dokumentuak hodei edo drive txiki batean gorde ahal izateko merezi du erregistratzeak.

Albistea da uda honetan estreinatu duen 5.4.0 bertsioak diagramak editatzeko aukera ematen duela. Aukera handiko diagramak gainera, izan ere, Draw.io lineako aplikazio librea integratu du. Gainera, Cryptpad-en aukera guztiak euskaraz zeuden eta Draw.io ere bai bere aldetik %100ean euskaraz zegoelako.


Hau da CryptPad.fr-ren diagrama baten itxura:


Ezker aldean ikus daiteke ni naizela diagramaren editorea, baina URLa partekatuta edozeinek edita lezake era kolaboratiboan.

Probatu nahi baduzu, sartu Cryptpad.fr webgunean, nahi baduzu erregistratu, aukeratu diagrama dokumentua eta, nahi baduzu gonbidatu norbait URLa pasata elkarlanean diagrama editatzeko.


2023/08/16

PDF Arranger aplikazioa 1.10.0-1 bertsiotik aurrera euskaraz dago.

Uztailan argitaratu dute PDF Arranger aplikazioaren 1.10.0-1bertsioa eta berritasun azpimarragarria dakar: euskaraz dago. 


 PDF Arranger python-gtk lengoaian garatutako aplikazio arin bat da, erabiltzaileari PDF dokumentuak batu edo zatitu eta orriak biratu, moztu eta berrantolatzen laguntzen diona, interfaze grafiko interaktibo eta intuitiboa erabiliz. 

Aplikazioa Linux eta Windowsen funtzionatzen du, baina 1.10.0-1 bertsioa oraindik ezegonkor fasean dago eta linuxerako deb eta tar.xz eta Windows-erako dsc formatuan dago eskuragarri web honetan: 

https://launchpad.net/ubuntu/+source/pdfarranger

Debian, Ubuntu, Linux Minten... instalatzeko deskargatutako fitxategian klik bikoitza egin edo deskarga egin duzun karpetan terminala ireki eta:

sudo gdebi pdfarranger_1.10.0-1_all.deb

Aurreko mezu batean azaldu nuen nola sortu daitezke inprimatzeko paperezko liburuxkak aplikazio honen bidez.

 


2023/07/26

Freeplane: adimen-mapak egiteko aplikazio libre eta euskalduna

 GNU/Linux-en nahi baino aplikazio gutxiago dago eskemak eta adimen-mapak egiteko aplikazioen artean, eta gehienak hanka motz: Freemind zahartua, Xmind pagoko bertsioa eskatzen du edozein gauzatarako, Minder garatu aurretik abandonatua, Edrawmind, Mindmester eta Mindomo pribatiboak. Panorama honetan Freeplane da, nire ustez, dagoen aukerarik interesgarriena.

Freeplane aukera asko eskaintzen ditu:

  • Nodoei ikonoak, irudiak, estekak edo testu aberatseko oharrak (buletak, taulak...) erantsi.
  • Mapa batzuk eduki daitezke irekita fitxa desberdinetan.
  • Nodoen diseinuak, estiloak, ertzak, atzeko planoak, letra motak... eskuineko paneletik erraz edita daitezke.
  • Formatu askotara esporta daiteke -ur markarik gabe-. Bereziki interesgarria htlm klikagarria. 
  • Taldekatzeko hodeiak egin daiteke eta lotura testuekin. Horiek kontzeptu mapak egiteko baliatu daitezke.
  • Latex formatuko formulak onartzen ditu.
  • Zereginak, egutegia, aurkezpenak, iragazkiak eta beste eginbide asko (gehiegi agian).

Bere ezaugarrien artean hauek nabarmendu daitezke:

  • %100ean euskaraz dago.
  • Javan idatzita dago, beraz, Linux, MacOS eta Windowsen dabil.
  • Guztiz pertsonalizagarria: itxurak, pluginak...

 

Instalazioa

 Plataforma nagusiko bertsioak ditu eta Sourceforge-tik deskargatu daitezke instalatzeko.

Aipatu behar da Debian, Ubuntu, Minten kasuan, bereziki inportantea dela Sourceforge-tik deskargatutako bertsioa instalatzea, izan ere, sudo apt install freeplane komandoa erabilita 1.07 bertsio zaharra instalatzen da eta Sourceforgetik 1.11 bertsioa instalatzen da, eta alde ederra dago interfaze eta erabilgarritasunari dagokionez. Besteak beste, nodo berri bat sortzeko Tab eta Sartu erabiltzen dira, hurrenez hurren, hurrengo maila edo maila berean egiteko.


Aplikazioaren webgunea: https://docs.freeplane.org/

Beste aplikazio interesgarriak GNU/Linux


2023/07/02

Bidankozeko Mariano Mendigatxa Resurrección Mª Azkueri gutunak (1902-1916) epub formatuan

 Vidangoz.com webgunetik ekarria:

Mariano Saturnino Mendigatxa Ornat (1832-1918)

Mariano Mendigatxa Louis-Lucien Bonaparte printzearen laguntzailea izan zen Erronkariko Uskararen ikerketan. Bidankozen jaioa eta nekazaria ogibidez, hizkuntzarekiko berezko trebezia zuen. Herriko eskolarena bestelako formakuntzarik ez izan arren, oso ongi hitz egiten zuen uskaraz eta idazteko eta bere ama-hizkuntzera itzulpenak egiteko erraztasuna zuen. Horrela egin zuen “Salmo quincuagésimo“rekin eta “Orreaga” baladarekin. Azken hau Arturo Kanpionentzat itzuli zuen eta 1878an Euskara Aldizkarian argitaratu zen ( 74. eta 75. orrialdeak).

25 urte zituenean Bonaparte ezagutu zuen, euskararen lurraldera honek egin zuen 3. bidaian Bidankozera iritsi zenean. 1867am, printzeak gerora bere laguntzaile izango zirenei deitu zien Donibane Lohitzunera. Hara joan zen Mendigatxa mando baten gainean. Bonaparte hil ondoren, bidankoztarrak Resurreccion Maria Azkue ikerlariarekin jarri zen harremanetan, eta berarekin lanean ibili ze 1902tik 1916ra, garai horretan hainbat eskutitza helaraziz, non beste kontuen artean, hainbat ipuin, esaera-zahar eta abesti aurki ditzakegu, balio kalkulaezineko lekukotasunak izanik. Eskutitzetan Bidankozeko bizimodu, istorio, legenda eta ohituren berri ematen du.

Erronkarierazko bere eskutitzak “Fontes Linguae Vasconum” aldizkariko 43. zenbakian, Jose Estornes Lasak itzulita 1984an argitaratu ziren, eta aurretik “Euskara” aldizkarian Alfonso Irigoyenek en 1957an eta Faustino de Zeriok 1961ean.

 Fontes Linguae Vasconum-en loturan gutunak PDF formatuan daude. Liburu digitalean hobeto irakurri ahal izateko EPUB formatura bihurtu ditut. Deskargatzeko:

Mariano Mendigatxa Azkueri gutunak 1902-1916.epub

2023/06/19

2023-2024 ikasturteko egutegia

 Datorren ikasturtearen plangintza egiteko lagungarri izan daitekeelakoan hona hemen 2023-2024 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orriaren formatuan:



Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke itxura honekin:
 


eta hurrengoetan hilabetez hilabetekoak zuen aurreikuspenen zain horrelako tankeran:


 

2023/06/08

Organic Maps aplikazioak orain GPX arrastoak onartzen ditu.

 Organic Maps Google Maps eta MapsMe-ren ordezko libre eta euskaldunak 2023ko ekainak 6ko eguneraketan GPX, arrastoak, bide-puntu eta interesguneak inportatzeko formatua onartzen du. Orain arte KML, KMZ soilik onartzen zituen.

GPX datuak inportatzeko  Internetetik deskargatzen badituzu Organic Maps-ekin irekitzeko aukera agertuko zaizu. Berdin GPX fitxategi batean mugikorrean klik egitean.


Argitalpen honetan beste aldaketa nabarmen batzuk:

• OpenStreetMap datu berriak 2023ko ekainaren 2tik aurrera
• GPX inportazio euskarria
• Laster-marken zerrendak desagertzen zirela konpondu zen karaktere okerrak laster-marken izenean edo deskribapenean gordetzen zirenean
• Autoen eta bizikletaren bideratzea hobetu

Android:
• OSM aldaketak kargatzea eragozten zuen akatsa konpondu da bateriarekin
• MRGS eta UTM koordenatuen laguntza (sakatu koordenatuak aldatzeko)
• Orain iparrorratzak giroskopiorik gabeko gailuetan funtzionatzen du
• Saihestu klikak nabigazio moduaren goiburuaren eta bideratze menuaren bidez
• Galdutako Wikipediako deskribapenak konpondu dira
• TTS (Text-To-Speech) ahotsaren abiadura murriztu da
• KML, KMZ eta GPX inportazio jakinarazpenak funtzionatzen ez duten jakinarazpenak konpondu ditu

iOS:
• Lan egiten ez duten portugesa (Brasil) eta gaztelania (Mexiko) ahots bidezko jarraibideen hizkuntzak konpondu dira
• KML, KMZ eta GPX inportazioen hutsegiteen konponketa
• Fitxategi beraren errepikatutako inportazioak konpondu dira

Estiloak:
• Funikularraren ikono finkoa
• Basamortuko kolorea aldatu da modu ilunean
• Gehitu da Fish Pass
• Parcel Locker ikono berria
• Iparraldeko Municheko metro geltokirako ikono finkoa

Itzulpenak:
• Ordutegi hautatzeko itzulpenak
Euskara, bielorrusiera, britainiarra, ingelesa eta ukrainerako itzulpenak zuzendu ditu

Aplikazioa instalatu edo eguneratu nahi baduzu hemen duzu Androiderako

ekaineko bertsioa

 

2023/06/03

luberri_22.04.2 bertsio berria prest dago

 

Luberri Linux hezkuntzarako distribuzioak bertsio berria kaleratu du: 22.01.2 eta zuzenketa eta hobekuntza batzuk egiteaz gain sistema eta aplikazioen eguneraketak ditu.

Aldaketa nagusien berri ikus dezakezu bertsioen berrikuntzen orrian.

Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri instalazioan klikatu edo LuberriLinux.eus-en deskarga orrian.