kontzeptu mapa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kontzeptu mapa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/08/18

Cryptpad.fr orain diagramak sortzea eskaintzen du Draw.io integratuta

 Cryptpad dokumentuak online elkarlanean editatzeko plataforma libre eta zifratua da. Testu dokumentuak, kalkulu orriak, kanban, aurkezpenak, formularioak, arbela... partekatu daitezke hainbaten artean osatzeko. Google Docs-en alternatiba libre eta euskalduna da.

Cryptpad Github-etik deskargatu eta instalatu daiteke zerbitzari propio batean, baina modurik errazena erabiltzeko da doan 50 megabyteko biltegiratzea eskaintzen duten Cryptpad.fr zerbitzaria erabiltzea da. Erabili daiteke erregistratu gabe baina dokumentuak hodei edo drive txiki batean gorde ahal izateko merezi du erregistratzeak.

Albistea da uda honetan estreinatu duen 5.4.0 bertsioak diagramak editatzeko aukera ematen duela. Aukera handiko diagramak gainera, izan ere, Draw.io lineako aplikazio librea integratu du. Gainera, Cryptpad-en aukera guztiak euskaraz zeuden eta Draw.io ere bai bere aldetik %100ean euskaraz zegoelako.


Hau da CryptPad.fr-ren diagrama baten itxura:


Ezker aldean ikus daiteke ni naizela diagramaren editorea, baina URLa partekatuta edozeinek edita lezake era kolaboratiboan.

Probatu nahi baduzu, sartu Cryptpad.fr webgunean, nahi baduzu erregistratu, aukeratu diagrama dokumentua eta, nahi baduzu gonbidatu norbait URLa pasata elkarlanean diagrama editatzeko.


2023/07/26

Freeplane: adimen-mapak egiteko aplikazio libre eta euskalduna

 GNU/Linux-en nahi baino aplikazio gutxiago dago eskemak eta adimen-mapak egiteko aplikazioen artean, eta gehienak hanka motz: Freemind zahartua, Xmind pagoko bertsioa eskatzen du edozein gauzatarako, Minder garatu aurretik abandonatua, Edrawmind, Mindmester eta Mindomo pribatiboak. Panorama honetan Freeplane da, nire ustez, dagoen aukerarik interesgarriena.

Freeplane aukera asko eskaintzen ditu:

  • Nodoei ikonoak, irudiak, estekak edo testu aberatseko oharrak (buletak, taulak...) erantsi.
  • Mapa batzuk eduki daitezke irekita fitxa desberdinetan.
  • Nodoen diseinuak, estiloak, ertzak, atzeko planoak, letra motak... eskuineko paneletik erraz edita daitezke.
  • Formatu askotara esporta daiteke -ur markarik gabe-. Bereziki interesgarria htlm klikagarria. 
  • Taldekatzeko hodeiak egin daiteke eta lotura testuekin. Horiek kontzeptu mapak egiteko baliatu daitezke.
  • Latex formatuko formulak onartzen ditu.
  • Zereginak, egutegia, aurkezpenak, iragazkiak eta beste eginbide asko (gehiegi agian).

Bere ezaugarrien artean hauek nabarmendu daitezke:

  • %100ean euskaraz dago.
  • Javan idatzita dago, beraz, Linux, MacOS eta Windowsen dabil.
  • Guztiz pertsonalizagarria: itxurak, pluginak...

 

Instalazioa

 Plataforma nagusiko bertsioak ditu eta Sourceforge-tik deskargatu daitezke instalatzeko.

Aipatu behar da Debian, Ubuntu, Minten kasuan, bereziki inportantea dela Sourceforge-tik deskargatutako bertsioa instalatzea, izan ere, sudo apt install freeplane komandoa erabilita 1.07 bertsio zaharra instalatzen da eta Sourceforgetik 1.11 bertsioa instalatzen da, eta alde ederra dago interfaze eta erabilgarritasunari dagokionez. Besteak beste, nodo berri bat sortzeko Tab eta Sartu erabiltzen dira, hurrenez hurren, hurrengo maila edo maila berean egiteko.


Aplikazioaren webgunea: https://docs.freeplane.org/

Beste aplikazio interesgarriak GNU/Linux


2020/03/20

Heimer, kontzeptu-mapak egiteko aplikazioa

Kontzeptu mapa edo mapa mentala gai baten inguruko termino nagusiak lotzen dituen diagrama da. Diagrama hauetan kutxatiletan daude kontzeptuak eta haien arteko erlazioa gezien bidez irudikatzen dira. Gezi hauetan erlazioaren testua jar daiteke. Hierarkia ez da izaten oso zorrotza baina normalean kontzeptu nagusia erdian kokatzen da eta adarren bidez zabaltzen dira gainerako kontzeptuak.



Heimer aplikazioa librea da, C++ eta Qt bidez egina, eta Linux eta Windowserako bertsioak ditu. Aplikazioaren web orria Githuben dago.

Bere ezaugarri nagusiak dira arintasuna eta erabiltzeko erraztasuna. Ez dauka formatu aukera handirik, ezin dira irudiak edo estekak txertatu... baina ez dira beharrezkoak izaten kontzeptu mapetan. Aukera gehiago ditu CmapTools aplikazioak baina astunagoa eta erabiltzeko konplexuagoa da.

Sortutako mapak gordetzeaz gain png formatura esportatu daitezke, atzeko plano koloreduna edo gardenarekin eta nahi dugun tamainakoa.

Hau izan daiteke mezu honen kontzeptu mapa:



Instalatzeko web orriaren Releases orrira joango gara, behar dugun instalazio fitxategia deskargatu: exe Windows-erako eta deb Ubuntu eta deribatuetarako eta klik bikoitza eginda instalatuko da aplikazioa.

Kontzeptu mapak diseinatzea ez da gauza erraza, kontzeptuak hautatu, haien arteko harreman analizatu eta era argian antolatzeak entrenamendua eskatzen duen ataza da. Zirriborrotik abiatuta Heimer aplikazioaren bidez txukun jartzea, ordea, oso erraza da.

Testu batetik abiatuta horrelako eskema egiteak asko laguntzen du testuaren edukia analizatzen eta ezagutza bihurtzen.