Rallly.co -bai, hiru l-rekin- Doodle webguneak eskaintzen duen zerbitzu bera eskaintzen du, alegia hainbat pertsonen artean elkarretaratze batentzako data edota ordu egokia planifikatzea baina argiago eta euskaraz.
Nola funtzionatzen du:
Elkarretaratze bat:
demagun bilera, kedada, afaria, edonolako juntadizoa antolatu nahi duzula eta jendeari noiz komeni zaion jakin nahi duzula. Frantsesez RSVP (répondez s'il vous plaît) esaten omen zaio. Webgunean sartu, gertaerari izena jarri, egun edota ordu posibleak jarri eta web-orriaren esteka jendeari bidali postaz, Telegram bidez edo nahi duzun bezala. Jendea sartu, identifikatu eta markatuko du posible edo gogoko dituenak. Webgunean joango dira agertzen jendearen aukerak. Komeni data topea jartzea. Horren arabera erabaki daiteke elkarretaratzea noiz egin.
Txandak hartu:
demagun talde batek lan batean txandak bete behar dituela, esate baterako txosna batean. Guk larunbateko baratzeko saskiak egiteko txandak egiteko erabiltzen dugu. Kasu honetan antolatzaileak bete behar diren txanden egunak edota orduak zehaztu eta azalpenak eman daitezke, hala nola txandetan zenbat jende behar den eta abar; web-orriaren esteka bidali jendeari eta izena adierazita bere gogoko txandak hartuko dituzte.
Zerbitzua software librez eskaintzen da (GNU AFFERO GPL3). Horri ezker euskaraz dago eta erabiltzeko ez da erregistratu behar. Funtzionalitate aurreratuak nahi izanez gero Pro bertsioa du. Enpresa edo elkarteren batek asko erabili nahi badu, datuen pribatutasuna bereziki zaindu eta web zerbitzaria badu deskargatu eta Docker bidez instalatu dezake.
Beste web-zerbitzu interesgarriak
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina