2019/11/04

Nola instalatu GCompris 0.97 Ubuntu 18.04 bertsioan

Ubuntu 18.04 bertsioan berez instalatzen de GCompris bertsioa 0.91 eta ez dago euskaraz.
Euskaraz dagoen 0.97 bertsioa instalatzeko, ahal dela administratzailea den erabiltzaile batekin, urratsak hauek dira:

Lehenik eta behin aurreko bertsio bat instalatuta baduzu komeni da erabat desinstalatzea. Horretarako administratzailea den erabiltzailearekin terminalean (Ctrl+Alt+t):

sudo apt purge gcompris
 
Deskargatu :    GCompris 0.97-Linux 64bit.sh


Deskargatu duzun karpetara joan. Fitxategi horri exekutatzeko baimena emateko karpeta horren zona libre batean eskuin klik egin eta hautatu ireki terminalean eta ondoko agindua itsatsi:

chmod u+x gcompris-qt-0.97-Linux64.sh

eta exekuta ezazu:

./gcompris-qt-0.97-Linux64.sh

Lizentziaren irakurketa saltatzeko q sakatu.
Bi galderei baietz (y) erantzun eta /home/zure-erabiltzailea/deskargak/gcompris-qt-0.97-Linux karpeta sortu eta bertan instalatuko du. GCompris martxan jartzeko karpeta horren barneko bin karpeta joan eta gcompris-qt.sh fitxategia exekutatu. Karpeta horretan

./gcompris-qt.sh

GCompris aplikazioa ordenagailuko erabiltzaile guztientzat erabilgarri egoteko delako karpeta /opt/ karpetara kopiatuko dugu. Dagoen karpetan terminaletik:

sudo cp -r  gcompris-qt-0.97-Linux /opt/
sudo rm -r gcompris-qt-0.97-Linux

Eta denontzako abiarazlea sortzeko:
Gorde irudi hau izen honekin: gcompris-logo.png

eta kopiatu honen bidez:

sudo cp gcompris-logo.png /opt/gcompris-qt-0.97-Linux

Orain sortuko dugu gcompris.desktop fitxategia

sudo gedit /usr/share/applications/gcompris.desktop

eta hutsa dagoen dokumentuan ondoko testua kopiatu eta itsatsi:

[Desktop Entry]
Name=GCompris
Comment=hezkuntza jokoak
Exec=bash /opt/gcompris-qt-0.97-Linux/bin/gcompris-qt.sh %F
Icon=/opt/gcompris-qt-0.97-Linux/gcompris-logo.png
Type=Application
Categories=Education

eta gorde. Kito. Aplikazioetan, Hezkuntza atalean GCompris agertuko da.



Aplikazioa osorik dago euskaraz. Hurrengo bertsiorako hainbat zuzenketa egina egongo dira.

Instalazio zinez konplikatua. Badirudi KDEk Ubuntu bertsio berriagoetarako prestatu duela bertsio hau baina 0.91 euskaraz ez dagoenez bide korapilatsu hau egin behar da 18.04n instalatzeko.



2019/10/21

Nola konektatu Luberri bat Multiclass monitore interaktiboan

(2020/2/4ean eguneratua)
 

Luberri duen ordenagailu bat Multiclass monitore interaktibo batean konektatzeko behar dugu:
  • VGA + audio edo HDMI kable bat
  • B motako USB kable bat (inprimagailu lokalak konektatzeko erabiltzen direnetako bat).
VGA eta HDMI sarrera bakoitzak bere bikotea den USB touch sarrera bat du. Kutxakoak parekatuta daude. Aldatuz gero probatu behar dugu zein den parekatzea.
Ubuntu 14.04rako kontrolatzaile bat instalatu behar da baina 16.04tik aurrera   ez da kontrolatzailerik instalatu behar. Badirudi Linuxen kernelean integratu dutela.

Oharrak:
  • Open Sankore arbel aplikazioan ukimena ez du funtzionatzen, bai ordea bere ondorengoa den OpenBoard-en.
  • Luberriren ohiko interfazea den Gnome Flashback-Metacityn menuak bai baina hainbat azpimenuk ez dio erantzuten ukimenari. Hori dela eta gomendatzen dut monitore hauetan Ubunturen ohiko interfazea den Gnome Shell erabiltzea. Interfaze honetan monitoreak hobe erantzuten du. Horretarako saioa hasteko pantailan izenaren ondoan dagoen Gnomeren ikurrean saguarekin (pantaila horretan touchpad-ak ez dabil ongi) klika eta aukeran dauden hiru interfazeen artean Ubuntu aukeratzea. Erabiltzaile guztiek hori egin behar ez izateko administratzaileak Lightdm-ren ezarpenak alda dezake terminalean hau idatzi:
sudo gedit /usr/share/lightdm/lightdm.conf.d/50-ubuntu.conf
Eta irekitzen den fitxategian user-session=gnome-flashback-metacity jartzen duen tokian user-session=ubuntu jarri eta gorde.
  • Ubuntu Shell interfazeari Luberri klasikoaren itxura eman nahi badiozu mezu honen jarraibideak segi. Instalazioak behin bakarrik egin behar dira baina erabiltzaile bakoitzak bere ezarpenak moldatu behar ditu.
Oharra: edozein interfazean dela LibreOfficeren menuak bai baina azpimenuek ez diote ukimenari erantzuten (Promethean arbeletan gauza bera gertatzen da).

Irungo Berritzegunean egindako instalazioa:


Jarri dugun ordenagailua Hidetec bat txartel grafika duena HDMIz konektatuta zeren eta HPak VGA bidez ez zuen ematen monitoreak duen 1920x1080 bereizmena.









Konektatzeko kable bat eraman dugu eta konektatu dugu bai ordenagailua bai monitorea kablez. Horretarako 1000Mbps-ko Tp-link switch bat jarri dugu.


Bukatzeko ukimen pantaila izan arren idazteko pantailako teklatua ez da erosoa eta, bestela ere, atzamarrez erabiltzeak, niri bederen pantailaren gertutasunagatik, zorabio pixka bat ematen dit. Horregatik haririk gabeko teklatua eta sagua jarri diot baztertuta genuen atril batean.


2019/10/17

Nola sortu abio USB bat sblive irudi batetik Systemback aplikazioaren bidez

Zer diferentzia dago iso irudia eta sblive irudien artean?

  • iso irudiak: hainbat aplikazio erabili daitezke iso batetik abio USB sortzeko. Horien artean Windowserako Rufus erabilita sortzen den USBa EFI duten ordenagailuetarako ere balio dute.
  • slive irudia: nahi eta ez Systemback aplikazioa erabili behar da abio aplikazioa egiteko, baina horrela sortutako USBa EFI zein legacy ordenagailuetarako balio du.

Orain ikusiko dugu nola sortu abio disko bat sblive irudi batetik abiatuta.

sblive irudiak dira Systemback sortzen dituenak, beraz zuk sortu baduzu irudia ez duzu deskargatu behar. Sblive irudia Luberri Sistematik deskargatu baduzu fitxategia /home karpetara eramango dugu, horretarako deskargaren karpetatik ondokoa exekutatu terminal batean, kontuan izanik fitxategiaren izena egokitu beharko duzula:

sudo mv luberri_18.4.5_64bit.sblive /home

Ondoren Systemback aplikazioa abiatu (Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Administrazioa > Systemback) eta menuan Live system create hautatu.
Sartu USBa eta gezi berde borobila klikatu freskatzeko informazioa.
Ondoren, hauta ezazu instalatu nahi duzun sblive irudia eta USBa (biak urdinduko dira) eta sakatu Write to target.



Minutu batzuen ondoren prest edukiko duzu USBa.

USB hori edozein BIOSerako balio dezake (EFI zein Legacy). Mezu honetan deskribatzen da nola instalatu Luberri EFI moduan dagoen Acer Travelmate batean.

Nola instalatu Luberri sistema EFI duen ordenagailu batean (Acer Travelmate P259)

Jarraibide hauek bereziki Jaurlaritzak irakasleen erabilpenerako banatu dituen Acer Travelmate P259en BIOSean oinarritzen dira. Beste BIOSetarako agian egokitu beharko dira.

Urratsez-urrats

1. Deskargatu Luberri sistemaren iso irudia (blog honen ezkerreko paneleko Luberri instalazioa) eta prestatu EFI motako BIOSerako bateragarri den instalaziorako USBa. Horretarako Windowseko Rufus doako aplikazioa erabiltzen ahal duzu (berak proposatzen du EFI eta BIOSerako bateragarria den instalazioa).

2- Instalazioa egin ahal izateko BIOSera sartu behar gara (arrankatzean  F2) Security > Ezarri pasahitza BIOSari (nire gomendioa da adminpremialocal-ek duena) eta desgaitu (unable) Secure boot. F10 gorde eta berrabiarazteko. BIOSean ez bada sartzen kontsultatu bukaerako oharra.
    
3- Sartu USBa (batzuetan detektatzen du USB 3n eta beste batzuetan USB 2n), piztu eta F12 sakatu (beste ordenagailuetan arrankeko ordena edo boot menu izan daiteke F11, F10, F8 edo BIOSetik jartzen da) eta zerrendan Luberri duen USBa hautatu.

4. Systemback-ren menuan Boot Live System aukeratu partizioak prestatzeko instalazioarekin hasi aurretik.



5. Erabiltzailea: adminpremialocal  Pasahitza: luberri
    Aplikazioak > Sistemaren tresnak >  Administrazioa > Gparted
eta bertan txikiagotu Datos NTFS partizioa liberatzeko 100GB behintzat, eta bertan sortu:
  • 100MBeko fat32 partizioa
  • 4GBeko linux-swap
  • 25GB ext4
  • gainerakoa ext4


Tresna barran Aplikatu klikatu onartzeko. Behin aldaketak eginda itxi Gparted eta:



 

6- Instalazioa hasteko, berrabiarazi gabe: Aplikazioak > Sistemaren konfigurazioa > Systemback (luberri edo behar den pasahitza jarri) > System install
a- Administratzailearen izena, pasahitza eta ordenagailuaren izena (letraren bat aldatu Windowseko bera ez izateko).

 



b- 4 partizioak esleitu (kontuz! ezkerrerantzako  gezia klikatu behar da bakoitzean onartzeko):



eta NEXT sakatuta instalazioa gauzatuko da. Instalazioa bukatzean berrabiarazi ordenagailua. Acer agertu bezain pronto USBa atera eta F2 klikatu BIOSa agertzeko

7-  Instalazioa bukatzean ordenagailua berrabiarazi eta, piztean BIOSean sartu (F2), lehen jarritako pasahitza idatzi eta Security fitxara joan eta aktibatu (enable) Secure boot.

8- Security fitxan bertan Select an UEFI file as trusted for executing:> Lehenengo HD 00 hautatu eta sartu > EFI  > Ubuntu hautatu eta sartu > grubx64.efi hautatu eta sartu > Boot description eskatzen du eta Luberri idatzi, sartu.



9- Boot fitxan arrankeko ordenan aukeratu zerrendako azkenekoa den EFI File Boot 0: luberri eta F6 teklaren bidez gora eraman. 

 


10- Fitxa horretan bertan Secure Boot > disable (ezgaitu)

11-  Security fitxara pasa eta pasahitza kentzeko Set Supervisor Password klikatu. Sartu oraingo pasahitza eta, deus idatzi gabe, sartu, sartu pasahitza hutsa uzteko. F10 gordetzeko eta abiarazteko.


Dena ondo badoa, Grub agertuko da eta sartuko da Luberrin. 

 

Bukaerako oharra: Ordenagailu batzuetan Windows edota BIOSeko abio bizkorra edo fast boot aktibatuta dute. Horrek eragiten du Windowsen sartzea BIOSetik pasa gabe. Fast boot desaktibatzeko utzi Windowsen sartzen eta energia-ren ezarpenetan: "aukeratu itzali eta piztu botoiek zer egiten duten" > "Aldatu une honetan erabilgarri ez dauden ezarpenak"  > Desaktibatu abio bizkorra.

Hori eginda ere ez badizu uzten BIOSean sartzen eta berriro joaten bada Windowsera, egin  SHIFT+Berrabiarazi eta agertzen den menuan aukeratu Arrankatzea USB bidez.

2019/10/16

Gcompris Android-erako



KDE proiektuak hartu du bere gain GCompris joko hezigarrien bilduma. Linux, Windows, Mac, Android... bertsioak bere web-orritik deskarga daitezke baina Androiden kasuan bertakoa oso mugatua dago eta pagokoa iradokitzen du. Bertsio osoa Fdroid orritik deskargatu daiteke (orriaren bukaeran Download APK). Apk fitxategi hori mugikorra, tableta edo monitore interaktiboan dagoela bi klik egin eta instalatu.
Joko batzuk oraindik ez daude euskaraz baina laster egongo direla espero dut.

2019/10/05

Luberri_18.04.4_64bit.iso prest dago.

Hiru hilabete pasa dira azken bertsiotik eta eguneraketa asko egon dira tarte honetan. Horietaz gain hainbat cache ezabatuta lortu dut irudiaren tamaina txikiago egitea eta horri esker FreeCAD aplikazioa sartu da berriro Luberrin.

Harekin batera Foliate epub eta gainerako e-liburuen irakurgailua. Irakurgailu honek oharrak, nabarmentzeak, hiztegiko kontsultak, bilaketak... eta abar egiteko aukera ematen du. Tresna baliotsua batez ere literaturako irakasleentzat, izan ere, literaturako klasikoak doan eta erraz eskuratu daitezke epub formatuan eta IKASLEAK karpetan jarrita -edo bestela- ikasleentzat eskuragarri jar daitezke.

Ordenagailuak domeinuan sartzeko eragiketa errazteko script txiki bat prestatu dut  (Sistemaren tresnak > Administrazioa > Domeinuan sartu) garai bateko domainjoin-gui-ren lana egiten duena.

Aspaldi honetan EAEko Hezkuntzak bidalitako eramangarriak zenbait irakaslek etxera eraman eta ezin zuten etxeko wifira konektatu. Hori konpontzeko arau bat sartu dut. Horri esker ir... erabiltzaileek wifiak atzitzeko baimena dute.

Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri sistema lotura klikatu eta bertsioa aukeratu.

2019/09/26

Moodle Egunkaria jarduera

Moodleek ikasleak egiteko hainbat jarduera ditu berez: zeregina, galdetegia eta abar, eta beste batzuk instalatu daitezke pluginen bidez. Horietako bat Egunkaria jarduera da. Haren bidez ikasleak eguneko lana komenta dezake: zer egin duen, zer zalantzak edo zailtasunak izan dituen, zer gustatu zaion... 

Irakasleak ikasleen sarrerak ikusgai ditu:
Bertan sartuta ikasleen sarrerak ikusi, iruzkindu eta, nahi izanez gero, kalifika ditzake:
Jarduera interesgarria izan daiteke ebaluazioaren ikuspuntutik, batez ere proiektuen bidez funtzionatzen duten materietan. Ikaslearen bloga honen funtzio berdintsua izan dezake baina ikaslearentzat bloga ezkutuan geratzen da eta ez du errez betetzearen beharra ikusten, egunkaria, ordea, agerian dago eta irakasleak behartzen ahal du betetzen.

EAEko eskola publikoetan erabili ahal izateko ikastetxeko Moodle arduradunari esan behar zaio CAUri (cauf09[a bildua]hezkuntza.net) eskatzeko Journal plugina instalatzeko.

2019/09/02

Moodle 3.4.3tik 3.6.4ra, berritasun nagusiak

EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoei eskaintzen dien Moodle plataformako guneak, azken urteko oporraldi guztietan bezala, bertsio berritu dituzte.
Oraingoan pasa den ikasturtean erabili izan dugun 3.4.3 bertsiotik 3.6.4 bertsiora pasa dituzte uztaila eta abuztu bitartean.

Hona hemen hobekuntza nabarmenenak:


  • Behin saioa hasita Boost-eko ezkerreko panelean aginte panela agertzen da. Bertan erabiltzailea matrikulatuta dagoen ikastaroak soilik agertzen dira. Oso praktikoa ikasle zein irakasleentzat. Panel honetan bi hobekuntza inplementatu dituzte:
    • Ikastaro bakoitzari irudi miniatura bat esleitzen ahal zaio. Irudia jartzeko administratzaileak edo irakasleak egin dezake ikastaro bakoitzaren ezarpenak editatuta, ikastaroaren deskribapenaren azpian dago atal bat ikastaroaren laburpeneko fitxategiak izenekoa. Bertara igo edo jaregingo dugu irudia. Irudia nahiko panoramikoa da 340x130 pixelekoa, aplikazioak txikitu eta egokituko du.

 
    • horretaz gain erabiltzaileak erabaki dezake bere ikastaro guztiak ikustea edo batzuk: 
       

Hau da aginte panelak irudiekin hartzen duen itxura: 
  • ikonoak menuetan

  • Atto editorean zuzenean grabatu daitezke soinuak eta bideoak

  • hobekuntzak moodle app-an
  • Galdera bankuko galderei etiketak jartzen ahal zaie eta haien bidez galderak iragazi.
  • mezularitza interfaze berria. Bertan erregistratzen dira bidalitako eta jasotako mezu guztiak.  
  • Nextcloud integrazioa (CAUri adierazi behar zaio zein den ikastetxeko Nextcloud)
  • Arrastatu eta jaregin galderak editatzea orain errazagoa da.
 
Hobekuntzei buruz informazio osatuagoa -baina ingelesez- bi orri hauetan:

Beste alde batetik Hezkuntza Sailak Boost gaia edo itxuran erabiltzen zen estiloen CSSan hobekuntzak egin ditu edukiak hobeto ikusteko. Nire ustez momentu ona zure ikastetxeko gunea Moodleen itxura ofizial berrira pasatzeko. Hori egiteko cauf09@hezkuntza.net kontuan eskatu behar da.

Bukatzeko H5P pluginaren azken bertsioan jarduera berri bat dago: letra-zopa (Find the words). Bilatu behar diren izenak emanda letra-zopa sortzen du. Aukeran dago alboan izenak ikustea ala ez.
 

2019/08/30

Thunderbird 68, berritasun batzuk.

Zenbait urtez 60 bertsioan ibili ondoren Mozillak bultzada berri bat eman dio Thunberbird posta bezeroari eta 68 bertsioa atera berri du.
Bertsio hau esperimentala da eta 68.1 atera arte ez Thunderbird ez da bertsio honetara eguneratuko, baina probatu nahi izanez gero thunderbird.net orritik deskarga daiteke.

Berritasun batzuk:
  • Menu nagusia zutabe batera ekarri dute eta Firefoxenaren itxura eman diote.


  •  Hobespenak fitxa horizontaletan agertu beharrean zutabe bertikala eta fitxa horizontalak konbinatzen ditu.

  • Gai ilunean hobekuntzak egin dituzte. 

Berritasunen inguruan informazio gehiago topatu dezakezu Thunderbirden orrian (ingelesez).
Eta dena euskaraz Ander Elortondo eta Librezaleri esker.

2019/07/08

Promethean arbelako kontrolatzaileak Ubuntu 18.04rako


Ekaina aldean Promethean enpresak arbelen Ubuntu 18.04rako  kontrolatzaileak, ActivDriver, eskuragarri jarri ditu. Bere web orrian bi modu deskribatzen ditu instalatzeko: terminalaren bidez eta Synaptic-en bidez. Nik terminalaren (Ctrl+Alt+T) bidezkoa  euskaratu dut:

Administratzaile bezala:
Editatu sources.list fitxategia:
sudo gedit /etc/apt/sources.list
Gedit-en ordez Xed, Nano edo bestelako testu editorea erabiltzen ahal duzu. Dokumentuaren bukaeran gehitu bere PPAren lerroa:
deb http://activsoftware.co.uk/linux/repos/driver/ubuntu bionic oss non-oss
Deskargatu autentifikazio gakoa:
cd Deskargak && wget http://activsoftware.co.uk/linux/repos/driver/PrometheanLtd.asc
Gehitu autentifikazio gakoa:
sudo apt-key add PrometheanLtd.asc
Eguneratu errepositorioak:
sudo apt update
Instalatu ActivDriver paketea:
sudo apt install activtools
Eskatzen badizu menpekotasunak instalatzeko erantzun baietz (B).

Berrabiarazi ordenagailua eta -azpiko oharrak kontuan hartuta- arbela aktiboa egongo da eta sistemaren erretiluan ActivDriveren ikonoa agertuko da

eta bertan ikusi ahal izango dugu kontrolatzailearen bertsioa, detektatutako arbela eta egin ahal izango duzu 9 puntuko kalibrazioa.

Oharrak:
  • Zerbitzu teknikoaren arabera Promethean-ek GNU/Linuxerako prestatu du kontrolatzailea Ubuntu 18.04rako eta, zehazki, bere lehenetsitako mahaigaina den Gnome Shell-erako. Horrek esan nahi du Ubunturen beste "koloreetan" agian ez duela ongi funtzionatuko. Hain zuzen ere, Luberrik erabiltzen duen Gnome Flashback-en azpi-menuek ez dute funtzionatzen. Beraz, nire gomendioa da arbeletan Ubuntu arruntaren mahaigaina erabiltzea. Horretarako, Luberrin, erabiltzailea sartzeko unean, gurpil horzdunean klik egin eta Gnome-Flasbak Metacityren ordez Ubuntu hautatu.
 
  • Arbelean marrazteko eta lanabes osagarriak erabiltzeko Prometheanen Activ Inspire instalatzen ahal duzu, edo arbela guztietan funtzionatzen duen software libreko Openboard (Luberrin instalatuta dago, bestela hemen dituzu instalatzeko jarraibideak) edo Xournal++. Azpiko animazioan ikusi nola finkatu atrakalekua edo dock-ean.

  • LibreOfficeko azpi-menuek ez dute funtzionatzen ez eta Ubunturen mahaigain arruntean (zerbitzu teknikoaren esanetan LibreOfficeren bug bat). 




2019/07/01

Luberri_18.04.3_64bit.iso bertsio berria deskargatzeko prest.

Berritasun garrantzitsua dakarren bertsioa da luberri_18.04.3_64bit.iso izan ere zerbitzariko karpetak muntatzean zegoen bug edo errore bat konpondu dut. Horrela izanik zerbitzarian partekatutako karpetak ikustea interesatzen bazaizu hemendik aurrera bertsio hau erabiltzea komeni zaizu. 18.04ko aurreko bi bertsioak instalatu badituzu arazoa Bertsioen berrikuntzak orrian azaltzen da nola konpondu berria instalatu gabe.

Bertsio berria deskargatzeko eskuineko paneleko Luberri sistema estekan klikatu eta lehen postuan agertzen da.

2019/06/26

2019-2020 ikasturteko egutegia

Aurten berandu nabil. Tira, hobe berandu deus ez baino.

Datorren ikasturtearen plangintza egiteko lagungarri izan daitekeelakoan hona hemen 2019-2020 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orriaren formatuan:


Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke itxura honekin:

eta hurrengoetan hilabetez hilabetekoak zuen aurreikuspenen zain horrelako tankeran: