urrutiko hezkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
urrutiko hezkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/09/28

Xournal++: interfaze interesgarriak

Xournal++ erabilgarritasun handia duen aplikazio librea da:

  • ikasgelan, arbel digitalerako edo monitorerako, arbelaren funtzioa egiten du.
  • bulegoan pdf dokumentuen gainean editatzeko
  • tele-ikaskuntzan, bideo-tutoriala eta bideokonferentzietan arbelaren funtzioa betetzeko.

Funtzio horiek hobeto betetzeko interfazearen aukerak ezagutzea eta kontrolatzea merezi du. Ezarpenen bidez bere funtzionalitatea handitzeko hainbat parametro proposatzen dizut, jakinda ezarpena kontuak pertsonalak direla. Hauek dira, lehenetsitako interfazea, ondoko irudian agertzen dena, 

 

Xournal++en ohiko interfazea

Hobetzeko proposamenak. 

1- Ezarpenetan: Editatu > Hobespenak

Ikusi atalean: batetik gai iluna erabiltzen baduzu -Luberri 20.04n gertatzen den bezala- tresna batzuk beltzak beltzaren gainean gaizki ikusten dira. Kasu horretan markatu gai iluna eta trena horiek zuriak beltzaren gainean ikusiko dira. Ados sakatu eta aplikazioa itxi eta berriro irekitzean inplementatuko dira.

Bestetik, hainbatetan, ez dago argi kurtsore-punteroa non dagoen. Kurtsore handia -big pen icon- jartzea komeni da.

Lanerako bi ikuspegi erabiliko ditugu gehien bat: pantaila osoa ikuspegia arbel zuri eta pdf-en edizioan, eta aurkezpen modua forma etzaneko pdf aurkezpenetarako. Bietan, nire ustez, menu barra eta ezkerreko alboko panela soberan daude.



2- Menu nagusiko Ikusi atalean tresnak hobeto ikusteko ezkerrean eta bi barretan jarri ditut:

Ikusi > Tresna barrak > Right hand note taking


Era horretan azpiko irudian ikusten den bezala geratzen da interfazea eta bertan markatu dut non dauden pantaila osoa ikuspegia eta aurkezpen ikuspegia.

Irudi honetan ikusten da batetik tresnen aukerak nola ikusten diren hobeto Right hand not taking moduan, bestetik gai ilunean formak nola ikusten diren hobeto zuria beltzaren gaienean eta, azkenik, lanerako nola desagertu diren menua eta orrien miniatura erakusten dituen ezkerreko alboko panela.


2020/08/09

EAEko Moodle plataforma 3.6 bertsiotik 3.8 bertsiora pasa da

 EAEko Moodle plataforma uztailaren zehar bere gune guztiak bertsio berri batera pasatu ditu: 3.6 bertsiotik 3.8 bertsiora.


Hona hemen bertsio berritze honek ekarri dituen hainbat berrikuntza:

  • Funtzionalitate berriak foroetan.
    • Orain erantzun pribatuak egin daitezke (foroko gainerako partaideek ez dituzte ikusten). Batzuetan, irudian ikusten den bezala funtzionalitate berriak ez daude oraindik euskaratuta. Luze gabe euskaraz egongo dira*.

    • Irakasleak markatu dezake hari bat garrantzi bereziarekin edo blokea dezake ekarpen gehiagorik ez egiteko. Pin funtzioak hariari orratz markatzailea jartzen dio eta lehenengo postura igotzen du. Lock funtzioak haria ixten du.

  • Funtzionalitate berriak mezularitzan:
    • Irakasleak ezaba ditzake mezu ezegokiak.
    • Edozeinek mututu dezake partaide bat (galarazi diezaioke berari mezuak bidaltzea).
  • Zuzenketetan PDF eta irudiak orain, behar izanez gero, biratu daitezke.
 
 
  • Irakasleak orain jaso dezake aktibitaterik gabeko ikasleen gaineko txostenak postaz. 

 


  • Testu bidezko bidalketetan ikasleek orain irudiak, audioak edo bideoak txertatzen ahal dituzte.
  •  Atom editorean errazagoa da orain H5P edukiak txertatzea (aldez aurretik norberak edo beste batek eginda eta kopiatuta). Honen gainean laster mezu idatziko dut blog honetan.
 
 
Kontsultatu nahi baduzu zehaztasun handiagoz lotura hauetan topatu dezakezu, ingelesez, Moodle 3.7ren berrikuntzak eskema edo bideoen bidez eta Moodle 3.8renak eskema edo bideoren bidez.

2019/09/02

Moodle 3.4.3tik 3.6.4ra, berritasun nagusiak

EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoei eskaintzen dien Moodle plataformako guneak, azken urteko oporraldi guztietan bezala, bertsio berritu dituzte.
Oraingoan pasa den ikasturtean erabili izan dugun 3.4.3 bertsiotik 3.6.4 bertsiora pasa dituzte uztaila eta abuztu bitartean.

Hona hemen hobekuntza nabarmenenak:


  • Behin saioa hasita Boost-eko ezkerreko panelean aginte panela agertzen da. Bertan erabiltzailea matrikulatuta dagoen ikastaroak soilik agertzen dira. Oso praktikoa ikasle zein irakasleentzat. Panel honetan bi hobekuntza inplementatu dituzte:
    • Ikastaro bakoitzari irudi miniatura bat esleitzen ahal zaio. Irudia jartzeko administratzaileak edo irakasleak egin dezake ikastaro bakoitzaren ezarpenak editatuta, ikastaroaren deskribapenaren azpian dago atal bat ikastaroaren laburpeneko fitxategiak izenekoa. Bertara igo edo jaregingo dugu irudia. Irudia nahiko panoramikoa da 340x130 pixelekoa, aplikazioak txikitu eta egokituko du.

 
    • horretaz gain erabiltzaileak erabaki dezake bere ikastaro guztiak ikustea edo batzuk: 
       

Hau da aginte panelak irudiekin hartzen duen itxura: 
  • ikonoak menuetan

  • Atto editorean zuzenean grabatu daitezke soinuak eta bideoak

  • hobekuntzak moodle app-an
  • Galdera bankuko galderei etiketak jartzen ahal zaie eta haien bidez galderak iragazi.
  • mezularitza interfaze berria. Bertan erregistratzen dira bidalitako eta jasotako mezu guztiak.  
  • Nextcloud integrazioa (CAUri adierazi behar zaio zein den ikastetxeko Nextcloud)
  • Arrastatu eta jaregin galderak editatzea orain errazagoa da.
 
Hobekuntzei buruz informazio osatuagoa -baina ingelesez- bi orri hauetan:

Beste alde batetik Hezkuntza Sailak Boost gaia edo itxuran erabiltzen zen estiloen CSSan hobekuntzak egin ditu edukiak hobeto ikusteko. Nire ustez momentu ona zure ikastetxeko gunea Moodleen itxura ofizial berrira pasatzeko. Hori egiteko cauf09@hezkuntza.net kontuan eskatu behar da.

Bukatzeko H5P pluginaren azken bertsioan jarduera berri bat dago: letra-zopa (Find the words). Bilatu behar diren izenak emanda letra-zopa sortzen du. Aukeran dago alboan izenak ikustea ala ez.
 

2019/06/10

BigBlueButton euskaraz

Moodle ikaskuntzarako plataformaren bideo-konferentzia sistema den BigBlueButton dagoeneko euskaraz dago.



EAEko ikastetxe publikoen Moodlen erabilgarri dago. Zuk erabiltzen duzun Moodle plataforman ez badago eskatu administratzaileari plugina instalatzeko.

BigBlueButton aplikazioari buruzko informazio gehiago eta bideo-tutoriala aurreko mezu honetan.

Une honetan interfaze grafiko %100ean dago euskaraz baina zuzenketak proposatzeko zein egiteko edota datozen bertsioen lokalizazioan lagundu nahi baduzu jo librezale.org taldera.

2018/09/05

EAEko eskola publikoetako Moodle 3.1.6 bertsiotik 3.4.3 bertsiora pasa da.

Udako oporrak probestuz EAEko ikastetxe publikoetako Moodle bertsio berritu dute, 3.4.3 bertsiora hain zuzen ere.



Moodle oso produktu heldua da eta, horregatik, bertsio batetik bertarako aldaketak nahiko puntualak izaten ohi dira.Hona hemen Moodlen dokumentazio gunetik hartuta bertsio-berritze honetako berritasunak eta aldaketa nabarmenenak:


Moodle 3.2 overview:https://www.youtube.com/watch?v=vVpPxCPoWMA

  • Boost interfaze berria (ezkerreko panel ezkutagarria -parte-hartzaileak, nabigazioa... Eskuineko gurpil horzduna (ikastaroaren ezarpenak, edizioa... Goian mezuak, jakinarazpenak eta profila.
  • Gaitasunen eskemak esportatu eta inportatu daitezke.
Moodle 3.3 overview: https://www.youtube.com/watch?v=zKD91RTMwK0
  • Google eta Microsoft Officerekin integrazioa
  • Bidalketen formatu murrizpena, hau da zehatz daitezke bidalketak zein edo zeintzuk formatutan onartuko diren.
  • Editorean emotikonoak erabiltzeko aukera.
  • Arrastatu eta jaregin multimedia fitxategiak edizio orrira.
  • Zuzentzeko interfazean oharrak egiteko aukera hobetu da.
  • Ikastaroen osatze-maila era grafikoan ikusteko aukera.
  • Zuzentzeko tresnak ohar tolesgarrietan.
Moodle 3.4 overview. https://www.youtube.com/watch?v=wlrFHJS8aZY
  • Hobekuntza egutegian: hitzorduak arrastatu eta jareginez mugitzea.
  • Parte-hartzaileen zerrenda ordenatzea errazagoa, parte-hartzaileen egoera garbiagoa.
  • Aktibitate bat bukatzean hurrengora edo beste batera pasatzeko erraztasuna.
  • Ikasleek osatutako aktibitateen txostena.
  • Moodle Mobile-n baliabideak deskargatzeko aukera konexiorik gabeko tokietan ikusi ahal izateko.
Esteketan lotutako bideoak ikustea merezi du berrikuntzak hobeto ikusteko.


2016/08/02

Moodle 3.1 eta gaitasunen edo konpetentzien tratamendua


Moodle-n LTS edo sustengu luzeko bertsioa den 3.1 beste berritasunen artean gaitasunak kudeatzeko sistema bat eskaintzen duen lehenengo bertsioa da

Gaur egun, hezkuntza sistemen helburuak ikasleek gaitasunen eskuratze-gisa definitzen dira, diziplinei lotutako gaitasunak batzuk eta zeharkakoak edo arlo guztiak bustitzen dituztenak besteak. Hori dela eta, Moodlek ahalegin bat egin du gaitasunen gestioa integratzeko edo, hobe esanda, hezkuntza gaitasunen arabera kudeatzeko (CBE  Competenci Based Education edo gaitasunetan oinarritutako hezkuntza).

Ikus dezagun, gainetik bada ere, Moodle-k nola integratu dituen gaitasunak:


1- Ikastetxeko gaitasunen edo konpetentzien markoa

Ikastetxeak bere gaitasunen markoa edo eskema (framework) definitu dezake. Praktikoagoa da marko egoki bat bilatzea eta, nahi izanez gero, egokitzea. Marko hauetan era eskematikoan agertzen dira gaitasunak, azpi-gaitasunak eta, nahi izanez gero, bere adierazleak. Sortutako edo inportatutako markoak ikastetxeko  ikastaro guztietarako balio du. Ikastaro bakoitzean zehaztuko dira marko horretako zeintzuk gaitasun landuko diren.


  • Gaitasunen markoaren definizioa Gunearen kudeaketan egiten da. Editatzeko guneko administratzaile bezala hasi behar da saioa:


Azpi-konpetentzia baten definizioa (5. maila)


  • Zerotik definitzea baino praktikoago da beste norbaitek egindako marko bat inportatzea eta, nahi izanez gero, moldatzea. Nik artikulu hau idatzi eta gero marko bat prestatu nuen Heziberri metodologian oinarritua. Hemendik deskargatu daiteke eta Gunearen Administrazioa > Gaitasunak > Inportatu konpetentzia-markoa.



2- Ikastaroan landuko diren gaitasunen hautapena

Hurrengo fase batean, irakasleak ikastaroak sortzen edo editatzen duenean, zehaztu dezake ikastaro horretan ikastetxeko konpetentzia-markotik zeintzuk gaitasun ebaluatuko diren. Hori irakaslearen lana da eta, ikastaroan gaudela, ezkerreko menuan egiten da.

Ikastaroko gaitasun baten hautapena

Ikastaroa diseinatu ahala eskema honetan ageriko dira hautatutako gaitasun bakoitzak zein zereginen bidez lantzen den.



3- Zereginean landuko diren gaitasunen hautapena

Hurrengo pausua da zehaztea zeregin bakoitzean zein gaitasun, azpi-gaitasun edo adierazle lantzen diren. Lan hori irakasleak egiten du zereginak definitzean.

Jarduera zehatz batean ebaluatuko diren gaitasunen hautaketa


Gaitasunak hautatu ondoren zehaztu behar da ikasleak zeregina bukatzean gaitasuna frogatutzat geratzen den edo irakasleak egiaztatu behar ote duen:



4- Ikasleek landutako gaitasunen ebaluazioa edota kontsulta

Bai irakasleak bai ikasleak landutako gaitasunen erregistroa kontsulta dezake:

Irakasleak kontsulta ditzake ikaslez ikasle hauek jorratutako gaitasunak eta, hirugarren puntuan ikusi bezala, automatikoki osatzen ez bada berak erabakiko du ikaslea ordurako gai den edo oraindik ez.
Kontsulta egiteko irakasleak  Engranaje nagusia > Gehiago..) Txostenak > Gaitasunen analisia hautatuko du:




 eta ikaslez ikasle ebaluatu (ebaluazio automatikoa hautatu ez bada) edota kontsulta ditzake. Hautatzen ahal da ikaslea eta, nahi izanez gero, jarduera.


Kontsulta:


Informazioa ikusteaz gain, ebaluazio automatikoa erabaki ez badugu, gaitasuna kalifikatzeko (1) aukera dugu: gai (Competent) edo oraindik ezgai (Not yer competent)
Horretaz gain ebidentziaren gaineko iruzkina idazten ahal dugu (2).



Ikasleak ere bere kalifikazioak kontsulta ditzakeen era berean kontsulta ditzake zein gaitasunak jorratu edo erakutsi dituen.  


Ikasle batek bere gaitasunen ebaluazioa kontsultatzen


Oharrak:
  • Informazio gehiago gaitasunei buruz Moodle Docs-en.
  • Irakasleaz gain tutoreak ere (rol hori erabiltzen badugu) ikaslearen gaitasunak ikus ditzake ere.


2016/06/03

Moodleren erabilera irakasleentzako sarbide mugatuko orria moduan (intranet, irakaslegunea)

(2016/12/20an eguneratua)

Ez dago dudarik Moodleren erabilerarik interesgarriena pedagogikoa dela, ikasleekikoa alegia. Baina ez dugu baztertu behar eskolaren kudeaketan bete dezakeen papera. Hortaz arituko naiz mezu honetan.

Ikastetxe asko hainbat kudeaketa-lan eskolaren esparru fisikotik harago eraman nahi dute. Zuzendaritza eta irakasleen arteko komunikazioa digitalizatu eta hainbat dokumentazio eta zerbitzu irakasleek nonahi eta noiznahi erabili ahal izateko saretik Internetera mugitzen ari dira, baina sarbide mugatuko orritara (gaizki izendatutako intranetera) zeren eta komunikazio eta zerbitzu horiek ez dira edozeini zabaldu behar.

Sarbide mugatuko orriak hainbat eratan egin daitezke: Liferay (Jaurlaritzak ikastetxe publikoei eskainia), Google Sites, kudeaketa enpresek eskaintzen dutenak... eta Moodle.



Matrikula

Irakasleentzako zerbitzurako orri bat muntatzen ahal dugu ikastaro bat sortuz -nik Irakasleen gunea deitu diot- non irakasle arruntak ikasle rolean matrikulatuko ditugu eta zuzendaritza taldea irakasle rolean.

Behin matrikula eginda taldeak sortuko ditugu. Taldeak gehien bat komunikaziorako erabiliko dira beraz zein talderi zuzendu behar zaizkio mezuak horrenbeste talde eratuko ditugu (zikloak, eraikinak, tutoreak, mintegiak, errekreoko-zaintzak...). Ondoren, taldeei partaideak esleituko diegu. Bi eratara egin daiteke: taldeak elikatuz edo matrikula-zerrendatik beheko irudian ikus daitekeenez:
Partaide baten talde-partaidetzaren kudeaketa erabiltzaileen zerrendatik.

Gogoan izan sistema honek mantenu lan bat eskatzen duela: irakasle berriei alta eman eta taldeak esleitu behar zaizkie eta uzten dutenei baja.


Zerbitzuak

Hainbat zerbitzu eskain dezake, gehien bat komunikazio eta irakaskuntzaren kudeaketarekin lotura; horietariko asko EAEko IKT heldutasun ereduak eskatzen dituenak.

a - komunikazioa.


Ezker paneleko Partaideak atalean klikatuta edozein irakaslek irakasleen zerrenda ikusi eta nahi duenei mezu digitala bidal diezaieke.

Berriak tresnaren bidez zuzendaritzak bileren deia, oharrak eta ekitaldien informazioa zabal diezaioke klaustrokideei. Jakinarazpenak kide guztiei edo talde zehatz batera bidali daiteke.

Foroen bidez bai zuzendaritzak bai edozein irakaslek proposamenak edo galderak zabal ditzake. Foroko mezuak ere talde zehatz batera zuzendu daitezke.


b - egutegia.

Moodleren egutegiak lau egutegi biltzen ditu:
  • gune edo ikastetxearena (Moodle kudeatzaileak sartzen ditu bertan ikasturtearen hasiera eta bukaera datak, jaiak eta opor egunak besteak beste).
  • ikastarokoa: kasu honetan irakasleei soilik dagozkien ekintzak.
  • taldekoa: sortutako talderen bati dagozkionak.
  • pertsonala: bertan nork bereak diren gertakizunak jartzen dira.

Ikastaro honetan zuzendaritzak ikastaroko ekitaldi moduan sartuko ditu ikastetxeko irakasleriari dagozkion ekitaldien datak: klaustro, batzorde pedagogiko, prestakuntza saioak...

Irakasle bakoitzak bere egutegian guneko ekitaldiak, matrikulatuta dagoen ikastaroen ekitaldiak eta ekitaldi pertsonalak ikusten ditu kolorez bereizita.

Moodleren egutegia esporta daiteke, esate baterako, Google Calendar-era eta hortik Thunderbird-era edo bestelako egutegietara (azalpena mezu honetan).


c- dokumentuak

Ezkerreko panelean eransten ahal dira HTML blokeak testu, irudi, estekak eta abar libreki gehitzeko.

Bloke horietako batean nonahi ikusteko moduko dokumentuak (hala nola heldutasun ereduak eskatzen dituenak) esteka ditzakegu, hala nola urteko plana, programazioak, protokoloak...

Esteka horiek egiteko HTML blokean dokumentuaren izena idatzi, hautatu eta esteka klikatu, estekaren URL koadroaren eskuineko ikonoan klikatu eta bertan arakatu eta igo dagokion dokumentua.
Dokumentu asko estekatu behar baditugu jar dezakegu lotura Google Driven edo Alfrescon  konpartitutako karpeta bati (EAEko ikastetxe publikoek eskuragarri dute edukiera handiko Alfresco gune bat).


d- zerbitzuei estekak

Komeni da ikastaro honetan biltzea esteken bidez irakasleek behar izaten dituzten zerbitzu gehienak. Nik adibidezko gune honetan zerbitzu hauek estekatu ditut:

  • notak eta faltak hezkuntzako aplikazioa
  • Matxuren partea (Google Form-en bidez egin daiteke).
  • Matxuren segimendua (matxuren Google Form-ek sortzen duen kalkulu orria)


e- erreserbak eta zaintzak (booking system)

Erreserbak

Moodlek fitxaketa handia egin du: software libreko zerbitzari-bezero motako Meeting Room Booking System (MRBS) aplikazioa. Software libreko bi zerbitzuen sinbiosi ederra.
Erreserba sistema hau gehituko dugu booking system blokearen bidez.








Bloke hau EAEko eskola publikoen Moodlen aktibatuta dago. Besteetan plugin baten bidez instala daiteke.
 
Moodle gunearen kudeatzaileak gestionatzen du ikastetxean erreserba daitezkeen baliabide motak (gelak, gailuak...) eta kategoria bakoitzean zer elementu dauden. Erreserbarako saioen ordutegia moldatu nahi baduzu EAEko ikastetxe publikoetan CAUra eskatu behar zaio (aukerak: 1.saioa, 9:00 orduka, ordu erdika...).

Erne!! Erreserba sistema irakasleek soilik ikusten dute. Ikastaro honetan irakasleek ikasle rola izanik erreserba sistema ikusi ahal izateko guneko kudeatzaileak ikastetxeko irakasleei MRBS Editor rol globala esleitu behar dizkie (Guneko kudeaketa> Erabiltzaileak> Baimenak> Rol globalak esleitu eta bertan MRBS Editor rola eman ikastetxeko irakasleei). Rol globalen artean MRBS Editor rol globala ikusteko baimena EAEko ikastetxe publikoek CAUri eskatu behar diote.

Irakasleak gela edo baliabide bat erreserbatzeko zerbitzuan klikatu baliabide multzoa hautatu eta egutegi moduan ikusten dute erreserba sistema (eguna, astea edo hilabete ikuspegian). Baliabidea eta unea hautatu eta fitxa bat betez erreserba egiten dute (errepikatzen diren erreserbak ere egin daitezke, ikasturte osokoak barne).

Erreserba sistema. Hilabete ikuspegia.
Zaintzak

Baliabideen erreserbarako erabiltzeaz gain zaintza sistema moduan ere erabil daiteke. Horretarako Zaintzak izeneko baliabide mota sortuko du kudeatzaileak eta bertan talde bakoitza izango da elementu bat. Zaintzak utzi behar dituen irakasleak etxetik marka ditzake utziko dituen zaintzak eta deskribapenetan zehatz ditzake ikasleen egin behar dituzten lanak.



Egunean zehar zaintzako irakasleek kontsultatuko dute zer zaintzak dauden eta bakoitzean ikasleek zer lanak egin behar dituzten.


Norbaitek (atezainak?) ardura hartu behar du azken unean edo bidean gertatutako gora-beherek sortutako zaintzak sartzen.


d- deialdiak 

Ikastaroaren erdiko panela erreserbatu dezakegu zuzendaritzak bilera eta ekitaldien deialdiak egiteko: klaustro, batzorde pedagogiko, prestakuntza saioak, hitzaldiak...

Deialdi bakoitzak "gai" bat har dezake eta gai horretan bildu daitezke gai-proposamenak, deialdia bera gai-ordenarekin, deialdirako behar diren dokumentuak eta akta. Gaiak beheko aldean sortzen dira eta komeni da goraino igotzea blog baten antzera funtzionatzeko, alegia berrienak goian ordena kronologikoan.

Deialdien prozedura hau izan daiteke: Deialdia orria formatuarekin egin daiteke eta bertan bileraren tokia, ordua eta gai-ordena zehaztu daitezke, ondoren haren edukia kopiatu eta goiko Berriak eta jakinarazpenak erabiliz zabalduko dugu irakasleen artean eta egutegian ekitaldia sortuko dugu eta  ekitaldiaren deskripzioan gai-ordena itsatsiko dugu. Deialdiaren gai-ordenaren aurretik jartzen ahal dugu proposamenak biltzeko wiki bat edota jarrerak jasotzeko inkesta bat. Deialdiarekin batera bilerarako behar diren dokumentuak gehituko ditugu. Bileran bertan edo ondoren haren akta gehituko dugu orria formatuan.



Irakasleen gune posible bat deskribatu dut hemen baina sistema bera erabili daiteke beste kolektiborentzat, hala nola gurasoentzat edo eskola kontseiluko partaideentzat.

Nahi baduzu bisitari gisa sar zaitezke probarako prestatu dudan ikastaro honetan.

(MoodleMoot Euskadi 2016 jardunaldian aurkeztua P3 petxakutxa)

2016/03/09

MoodleCloud Moodle probatzeko


Moodle, ikasteko ingurune birtuala, software libreko zerbitzu bat da. Ikastetxeak bere web zerbitzarian instala dezake, enpresa bati zerbitzua kontratatu edo, eskola publikoen kasuan, administrazioek eskaintzen dutena erabili dezakete.
Aukera hauei orain beste bat gehitu zaie: Moodle berak eskaintzen du eskala txikian eta doan Moodle gune bat edukitzeko aukera.

Norentzat?
  • Moodle zalea bazara baina zure ikastetxeak eskaintzen ez badizu.
  • Irakasle izateko ikasten ari bazara.
  • Lanik gabeko irakaslea bazara.
  • Klase partikularretarako nahi baduzu.
  • Zure ikastetxeak Moodle eskaintzen badizu baina Moodle-en azken bertsioa (une honetan 3.0) probatu nahi baduzu.
Ezaugarri nagusiak:
  • Erregistro bakoitzeko gune bat sortzen du.
  • Gunean nahi haina ikastaro sor daitezke.
  • Guneak askoz jota 50 erabiltzaile izango ditu (irakasle eta ikasleen artean).
  • Diskoan 200 MBeko biltegiratzea.
  • Soilik Moodle estandarraren pluginak eta gaiak daude erabilgarri.
  • Azken bertsioaren lanabes berriak erabili daitezke, hala nola BigBlueButton bideo konferentziak egiteko eta "arrastatu eta jaregin" galdera mota berriak.
  • Euskaraz erabili daiteke.
Nola eskura daiteke?
Urrats gutxi eta errazak: https://moodlecloud.com orrian eskaera egin behar da. Erregistratzean telefono mugikorra ere eskatzen dute balidatzeko eskaera. Behin gunea lortuta haren ezaugarri nagusiak ezar ditzakezu, tartean hizkuntza:



2015/11/24

Nola inportatu Thunderbird Lightning egutegira Moodleren egutegia

Aurreko mezuan komentatu nuen Moodleren egutegia erabiltzea interesgarria izan daitekeela ikasteko plataforman aritzen direnentzat. Komentatu nuen ere Moodleren egutegia esportatu daitekeela Google Calendar-era, Thunderbird-era eta Ical protokoloa erabiltzen duen edozein egutegira.

Gaurkoan erakutsiko dut nola inportatu Thunderbird-eren egutegira, Lightning-era alegia, Moodleren egutegia.

Urratsak:
  • Ireki zure Moodle gunea eta sartu erabiltzailea eta pasahitza.
  • Eskuin aldean agertzen da zure egutegia. Hilabetearen izenean klikatu.
 
  • Egutegia erdiko zonan agertzen da eta azpiko Esportatu egutegia botoia klikatuko dugu.










  • Irekitzen den leihoan: 1 ekitaldi guztiak edo ikastaroena aukeratuko dugu 2 pertsonalizatutako tartean urte beteko tartea aukeratuko dugu eta 3 Egutegiaren URLa lortu (diferentzia hau eta esportatzearen artean seguruena da URLarena tarteka eguneratuko dela). 
  • Agertzen den URLa kopiatu.
  • Thunderbird-en egutegira joan eta ezkerraldean, egutegien zerrendaren azpian, eskuin klik egin eta Egutegi berria > Sarean > iCalendar (ICS) > Kokapenean aurretik kopiatutako URLa itsatsi eta Hurrengoa klikatu. 
  • Egutegiaren izena jarri (Moodle), kolore bat hautatu eta kito.

Kontuan izan esportazio bat dela eta ez sinkronizazio bat. Beraz Thunderbird-en Moodleren ekitaldiak edo gertaerak ikusiko dituzu baina ezin editatu edo berriak erantsi.


2015/11/21

Moodleren egutegia: irakasle eta ikaslearen agenda.

Moodlen blokeek joko interesgarria eman dezakete ikastetxeetan, besteak beste egutegiaren blokea.

Hona hemen haren ezaugarri batzuk:
Moodlek lau egutegi mota bereizten ditu:
  • gunekoa (ikastetxekoa), 
  • ikastarokoa, 
  • taldekoa
  • pertsonala.

Guneko kudeatzaileak ikastetxeko ekitaldi orokorrak sar ditzake, hala nola, ikasturteko hasiera eta bukaera egunak, oporrak eta jai-egunak, euskaren-eguna... Mintegiak edo irakasleak materiako ekitaldiak, hala nola ebaluazio eguna, materiako eskolaz kanpoko ekintzak... eta taldeko ekitaldiak (soilik talde bati dagokion kasuan). Kontuan izan behar dugu zereginak, azterketak eta data bati lotutako elementuak automatiko agertuko direla agendan. Era berean, irakasleak ikastaroko egutegi pertsonalean jar ditzake gelako plangintza, hala nola, unitate didaktikoaren hasiera eta ikasleen interesekoak ez diren elementuak.

Egutegi honen abantaila handi bat da irakaslearen agenda izateaz gain ikaslearen agenda ere badela. Ikasleak bere agendan kudeatzaileak eta irakasleak jarritako ekitaldiak ikusten ditu, bai eta jardueren entrega datak. Hortaz aparte ikasleak bere ekitaldi pertsonalak sar ditzake.



Agenda bezala hilabeteko, asteko eta eguneko ikuspegia izan arren, kontsultatzeko ez da sobera praktikoa baina behin programatutako ekintzak sartuta egutegia esporta daiteke Googel Calendar-era harekin sinkronizatuz eta bertatik Thunderbid-eren egutegira, Gnome-egutegira. Google Calendar-ekin sinkronizatuz gero Android mugikorrean ere kontsulta daiteke.

Ikus dezagun nola sinkronizatu Moodle egutegia Google Calendar-ekin:  Moodle egutegiaren gaineko hilabetean klikatu eta egutegia zabalduko da, beheko partean agertuko da esportatzeko botoia (ezkerreko irudian, klika handiagotzeko) eta ondoren, behin zehaztuta ekitaldi guztiak (1) denbora-tartea -ikasturte osoa- (2) egutegia ics formatuko fitxategira esportatu (3)...




...eta gure Google Calendar (https://calendar.google.com) joan, ezarpenetan sartu eta Moodle izeneko egutegia sortu, ondoren bertara inportatu Moodlen sortu dugun ics fitxategia.




Kontuan izan ikasturte batetik bestera pasa dezakegula egutegia ikastaroko materialarekin batera. Hori bat, ikastaro berrian datak egokitu beharko ditugu.

Gure ikastaroko egutegian era automatikoan agertuko dira ikasleei jartzen diegun zereginen epemuga eta azterketak. Unitate didaktikoen hasiera-bukaerak eta bestelako gertaerak gure egutegi pertsonalean sartuta IKT heldutasuna ereduaren zertifikazioaren goi mailarako eskatzen den koaderno digitalaren parte inportante bat osa dezakezu agenda honen bidez.