libreoffice kontsultarekin bat datozen mezuak dataren arabera daude ikusgai. Ordenatu egokitasunaren arabera Erakutsi mezu guztiak
libreoffice kontsultarekin bat datozen mezuak dataren arabera daude ikusgai. Ordenatu egokitasunaren arabera Erakutsi mezu guztiak

2025/11/28

Collabora Office orain ordenagailurako bertsioa eta euskaraz.

 Collabora Online-k, LibreOffice bulegotika paketearen online bertsioak, orain bere mahaigaineko bertsioa estreinatu du Linux, Windows eta Mac-erako Collabora Office du izena eta euskaraz egiten du polito. Bere garaian OnlyOfficek-ek egin zuen jauzi bera.


  Zein alde dago LibreOffice eta CollaboraOffice-ren artean? bada, interfazea, egileen esanetan "modernoa, garbia eta produktiboa".

Collabora ezkerrean eta LibreOffice eskuinean

Irudian ikusten den moduan Collaborak Ribbon itxura du, alegia tresnak azpimenu gisa. LibreOfficen irudian interfaze klasikoa agertzen da baina Ribbon ere aukeran du.


 Bulegotika pakete honek testu prozesadorea, kalkulu orria eta aurkezpenetarako aplikazioak ditu. Ez du, momentuz bederen, irudien editorea, datu-basea, makroen editorea edo matematika plugina, nahiz eta formula sinpleak txertatu daitezkeen.

Bere formatu lehenetsia odt da baina ireki ditzake microsoftenak eta esporta daiteke horretara zein pdf, epub edota htlm.

Motorean web teknologiak erabiltzen ditu: JavaScript, CSS, Canvas eta WebGL. Horri esker online bertsioaren antza mantentzen du eta Java erabiltzen ez duenez programa txikiagoa da eta errazago mantentzen da.

Eta, zergatik erabili desktop bertsioa online erabili badaiteke? batetik azkarrago ireki eta ibiltzen da, interneten dependentziarik ez du, pribatutasuna hobeto babesten da eta sistemaren inprimaketa, pdf irakurketa, pantaila osoko bista eta sistemaren abantaila guztiak erabiltzen ahal direlako.

Online bertsioaren herentziaz interfaze gehiena dago euskaraz -itzulpena %70 inguruan dago- baina momentu honetan zuzenketa ortografikoa bakarrik dabil ingelesez.

Instalatzeko flatpak bertsioa dago. Linuxerako hemendik deskarga daiteke  

 sudo flatpak install collaboraoffice-v25.04.7.2_final.flatpak (beste bertsioa bada aldatu behar duzu).


2023/01/17

LibreOffice: Bilatu komandoak HUD tresna berria

 LibreOffice bulegorako paketea funtzio eta aukera asko, asko, asko eskaintzen ditu. Horren ondorioz, haren menuak oso luze zabalak dira eta, sarritan, erabili beharreko funtzioak edo aukerak topatzeak denbora luze eskatzen du eta nekagarria gerta daiteke. 


Horretaz jabetuta LibreOfficek 7.2 bertsiotik aitzina tresna berri bat eskaintzen du: Bilatu komandoak HUD

Zer arraio da HUD delako hori? Bada ingelesezko Head Up Display terminoaren siglak dira eta "burua tente ikusten den pantaila" bezala itzul genezake. Terminoa aeronautika eta autoetan erabiltzen da gehienbat eta burua biratu gabe aurrez aurre unean behar den informazioa eskaintzen duen pantaila gardenari egiten dio erreferentzia.

Auto baten HUD.

   Eta LibreOfficen zer da Bilatu komandoak HUD? 

Bada, behar izanez gero testu zatia hautatuta, tekla baten konbinazio hau sakatuta:

Shift + Esc

aplikazioak pop-up leiho bat irekiko du eta funtzioa edo aukeraren izena tekleatu ahala haren komando agertuko da HUD pantailatxoan. Esate baterako hitz batean azpimarra bikoitza jarri nahi badugu baina ez badugu gogoan menuetan zehazki non dagoen Shift + Esc sakatuta honelako aukera eskainiko digu:


 Animazioan ikusten denez idatzi ahala aukerak eskaintzen hasten da. Behar dena agertzean klikatu eta kito. Bide batez ikusten ahal dugu menuaren zein tokitan dagoen.

Konklusioa 

 Produktibitatearen aldetik asmakizun interesgarria iruditzen zait. Baina bakarra ikusten diot: ez dakit beste hizkuntzetan termino guztiak topatzen dituen baina euskaraz menuetan sakon dauden asko ez ditu topatzen. Edozein modutan deus ez da instalatu behar, beraz, probatzeko moduko tresna.

 

2022/06/15

2022-23 ikasturterako egutegia

 Lineako egutegiak gero eta gehiago erabiltzen badira ere LibreOffice Calcen egindako egutegi honek aukera ematen dizu digitalki oharrak idazteko eta, inprimatuz gero, arkatz bidez osatzeko. Ikastetxeko egutegi ofiziala editatu daiteke eta gero pantaila-kaptura eginda irudia web orrian edo dena delakoan jarri.

Deskarga

Egutegi honek lehenengo orrian ikasturte osoko ikuspegia eskaintzen du.



Eta hurrengoetan hilabetez hilabetekoa.


 

EAEko jaiegun ofizialak jarri ditut baina erraz aldatu daitezke.


2021/05/21

Luberri_20.04.3 prest dago

 Euskara eta hezkuntza bereziki zaintzen dituen Luberri erremasterizazioaren bertsio berri bat atera da labetik: luberri_20.04.3

Hona hemen bertsio honen berritasunik nabarmenenak:

  • Aplikazio berriak
    • Subtitle Editor azpitituluen editorea
    • Avogadro molekulen ikustaile eta editorea
  •  Euskara ikasi dituzten aplikazioak
    • Minder buru mapen editorea.
    • Celluloid erreproduzigailua.
    • Kgeography-ren hizkuntza paketea eguneratuta.
  • Tuxpaint pantaila osoan exekutatuko da.
  • Eguneraketa bereziak: Libreoffice 7
  • Eguneraketak: sistema eta aplikazioak 2021/5/21era eguneratu dira. 

 

Deskarga, instalazio jarraibideak eta abar blog honen eskuineko paneleko "Luberri instalazioa" atalean. 

Luberriren posta-zerrendan harpidetu eta Luberriren gaineko informazioa jasoko duzu eta zure ekarpenak eta zalantzak jasoko ditugu.

2020/07/31

Nola gorde, era seguruan, zure Firefox-eko pasahitzak fitxategi batean.

Firefoxen sinkronizazio tresnak aukera ematen du zure pasahitzak gorde eta sinkronizatzeko. Sinkronizazio kontu bat baduzu eta ezarpenetan Saio-hasierak eta pasahitzak aktibatzen baduzu...


sinkronizatutako Firefox-ek pasahitzak iradokiko dizkizu eta kontsulta ere egin dezakezu menua:






Mugikorrean ere Firefox sinkronizatuta baduzu pasahitzak iradokiko dizkizu eta kontsulta ditzakezu: Menua > Trenak > Saio-hasierak. Kasu honetan, nola mugikorra galtzen ahal dugun, komeni da babestea pasahitz nagusi baten bidez: Menua > Ezarpenak > Pribatutasuna > Saio-hasierak



Mugikorrerako beste aukera bat da Firefox Lockwise aplikazioa instalatzea, hartara Firefox ireki gabe kontsultatu ahal izango dituzu pasahitzak. Instalazioa Android eta IOSerako.



Baina, harira. Sinkronizatutako pasahitz horiek galtzeko arriskua badago eta, edonola, fitxategi batean gorde nahi badituzu Firefoxek atera berri duen 79. bertsioan aukera ematen du pasahitzak CSV fitxategi batera deskargatzeko.


Batzuk kritikatu dute berritasuna esanez arriskutsua dela pasahitzak gure saioan sartuta dagoen edozeinek ireki ahal izatea. Fitxategi hori babesteko modu bat izan daiteke LibreOffice Calc bidez irekitzea eta, bertan, pasahitz nagusi baten bidez gordetzea.


Behin ods formatuan pasahitz nagusi batez babestuta, CSV formatukoa ezabatu dezakegu. Fitxategi hori Nextcloud, Mega edo erabiltzen dugun hodeian gorde dezakegu, web bidez, edozein ordenagailutik kontsulta egin ahal izateko.

2020/03/06

Collabora Office mugikorrerako

Collabora (bi l-rekin) enpresa britainarrak LibreOffice bulegoko pakete librea linean jartzeko lan handia egin duenak orain Android eta IOSerako app edo aplikazioa garatu du.



Orain arte mugikorrean LibreOffice-ren bidez egindako testuak (odt), kalkulu orriak (ods), aurkezpenak (odp) eta irudiak (odg) ikusteko LibreOffice Viewer aplikazioa erabili behar zen, motela eta editatzeko aukerarik ematen ez zuena.
Orain Collaborari esker azkarrago ireki, hobeto ikusi eta editatzeko aukera dugu.

Hauek dira ikusi eta editatu daitezkeen dokumentu motak:
  • Open Document Format (.odt, .odp, .ods, .ots, .ott, .otp). odg irudiak ikus daitezke baina ezin editatu.
  • Microsoft Office 2007/2010/2013/2016/2019 (.docx, .pptx, .xlsx, .dotx, .xltx, .ppsx)
  • Microsoft Office 97/2000/XP/2003 (.doc, .ppt, .xls, .dot, .xlt, .pps)

Dokumentu guzti horiek ondo ikusteaz gain editatu ere egin daitezke. Mugikorrean editatzea erraza ez bada ere Collaborak lan handia egin du. Testu prozesadorean, esate baterako, irudiak, taulak eta iruzkinak txertatu daitezke. Kalkulu orrian grafikoak sortu daitezke.

Google Docs edo lineako Officeren aldean Collaborak pribatutasuna zaintzen du eta gailuan gordetzeko aukera ematen du eta, nahi izanez gero, ondoren, dokumentua gure gogoko hodeira kargatu daiteke. Izan ere Collabora app mugikorrerako Nextcloud sinkronizazio bezeroaren osagarri bikaina da.



Dokumentuak zerotik hasteko aukera ematen du:






PDF eta beste formatutara esportatu.


Eta aplikazioa euskaraz ez badago ere oso ikonikoa da, ez dago arazorik ingelesez ulertu gabe ere erabiltzeko eta badirudi zuzentzaile ortografikoa euskaraz ere funtzionatuko duela.








Aplikazioa deskargatzeko aukera dago Androiden eta IOSen

2020/02/18

Luberri_18.04.8_64bit.iso bertsioa prest deskargatzeko

Hezkuntzarako bereziki bideratutako Luberri sistemak bertsio berria kaleratu du: 18.04.8 hain zuzen ere.

Deskarga, instalazio jarraibideak eta bertsioaren berritasunak alboko paneleko Luberri instalatu estekan daude.

Labur, Ubuntun oinarritutako sistema honek zeukan bi aplikazio pribatiboak: Master PDF Editor eta Google Earth bertsio berrian kanpoan geratu dira. Lehenengoaren tokia, pdf fitxategietan oharrak eta bestelako edizioak egiteko Okular aplikazioak hartu du (oharrak eta berriztapenak Okularren) eta bigarrenak online bidez erabili daiteke Firefox-en bertan helbide honetan: https://www.google.com/earth/.

Beste ordezkapen bat ere egon da: pantaila kapturak egiteko Flameshot aplikazioak utzi gaitu eta Ksnip programak hartu du bere tokia, izan ere, arinagoa eta edizio aukera zabalagoak ditu (informazio gehiago).



Horretaz gain marrazketarekin lotutako beste bi aplikazio berri ditu Luberrik, biak libre eta euskaldun: txikientzako Tuxpaint eta bigarren hezkuntzarako LibreCAD. Azken hau 2Dko marrazketa teknikorako, 3Drako FreeCad-ek segitzen du.




Horretaz gain aipatu daiteke LibreOffice-k 6.0.3 bertsiotik 6.3.4 bertsiora jauzi eginda beste formatuekiko bateragarritasuna hobetu du. Bai kernela zein aplikazio askok bertsio berritu dira.

Bukatzeko Eskola 2.0ko 32 biteko ordenagailu zaharrek (zuri-berde eta beltza-berdeak) ere bertsio berria dute: luberri_16.04.11_32bit.iso.

2019/01/26

LibreOffice 6: esportatu EPUB formatura

Aspalditik posible zen LibreOfficeren bidez pdf formatura esportatzea baina formatu hori liburu irakurgailuan irakurtzeko ez da oso egokia, besteak beste, orria ez delako egokitzen pantailara.

LibreOfficeren 6. bertsioak aurrerapen interesgarri bat ekarri du. Testuak epub formatura esportatzea. Haren bidez guk sortutako zein interneteko edo beste iturritako testua LibreOfficera itsatsi eta epub formatura pasatuta liburu digitala edo e-booka bihurtzen ahal dugu. Ondoren liburu irakurgailura pasa eta hor nahi dugun letra tamainan irakurriko dugu.

Adibidez ikusiko dugu Koldo Izagirrek prestatu eta atzo aurkeztu zuen ipuina.eus web orri berrian eskaintzen dituen edozein ipuina nola pasa liburu irakurgailura:

  1. testua duen web orrira joan eta testua kopiatu
  2. LibreOffice Writter ireki eta bertan kopiatutako testua itsatsi
  3. Fitxategia > Esportatu honela > Esportatu EPUB gisa
  4. liburu irakurgailua USBan konektatu eta epub fitxategia liburura kopiatu 

Internetetik LibreOfficera eta EPUB esportatuta liburu irakurgailura

OHARRA:
Esportatzeko sistema honek ez omen ditu irudirik onartzen. Irudiak dituen testua esportatzeko LibreOfficeren Writter2ePub gehigarria instalatu behar da.

2018/12/02

Wikipedia, PDF edizioa LibreOffice Draw-ren bidez eta Moodle zuzenketa

Hezkuntzan euskarazko Wikipedia (idazteko unean 308.693 artikulu) eta Lehen Hezkuntzarako egokitzapena den Txikipedia (idazteko unean 1430 artikulu) informazio iturri garrantzitsuak dira.

Wikipediatik Txikipediara eta alderantziz
Wikipediaren irakurketak abantaila handi bat du: hiperestekak. Haiei esker irakurketa linealaren ordez artikuluetatik nabigatzen ahal dugu uneko interesa edo beharraren arabera. Eta irakurketa lineala egiten badugu, klik egin gabe kurtsorea hiperesteka gainean jartzeak aukera ematen digu terminoen kontsulta txikia egiten hiztegia erabili beharrik gabe.


Wikipedia-Txikipediaren beste baliabide interesgarria PDF deskarga da.

Ulermenezko irakurketarako hiztegia -aurreko puntuan ikusi bezala- oinarrizko lanabesa da baina web orria motz geratzen da beste lanabes batzuk praktikatzeko, hala nola testuaren nabarmentzea eta testu ondoko oharrak. Horretarako PDF formatua oso funtzionala da zeren eta jatorrizko testua eta itxura gordeta haren gainean editatzea aukera ematen duten aplikazioak daude, besteak beste, Master PDF Editor, Foxit Reader eta LibreOffice Draw.

Neurri batean PDF dokumentuek fotokopiaren tokia hartzen ari dira. Fotokopietan lanketa nabarmentzeko trena, arkatza, boligrafoa, ohar itsaskor edota izkinen tolestearen bidez egiten dugu.

Aipatutako hiru aplikazioek testua lantzeko zerrendatutako tresnen parekoak  dituzte: nabarmentzeak, arkatza, formak, oharrak, laster markak... eta paperean ez ditugun beste batzuk, hala nola bilaketa tresna (Ctrl+F), irudiak txertatzea -tanpoia-...

Aipatutako editoreetan lehenengo biak, Master PDF Editor eta Foxit Reader ordenagailuko hiru sistema nagusietarako bertsioa dute eta egokiak dira testu luzeetarako baina ez daude euskaraz eta Moodleren zuzentzailean ez dira oso ondo ikusten (nabarmendutako testua ez da ikusten). LibreOffice Draw marrazketa tresna izan arren PDFak irekitzen ditu eta editagarri  bihurtzen ditu; euskaraz dago eta Moodleren zuzentzailean oso ondo ikusten da. PDF dokumentu luzeak irekitzea kosta egiten zaio ordea.

LibreOffice Draw bidez editatutako PDF dokumentu baten zuzenketa Moodlen. Ikus daiteke nola nabarmendutako testua ondo ikusten da zuzenketa tresnan.





Ulermenezko irakurketa lantzeko erabili daitezkeen beste hainbat tresna daude: laburpena, glosarioa, eskemak, kontzeptu mapak...


2018/02/11

Kontrol laukiak jarri LibreOffice Writer testu prozesadorean

Kontrol laukiak erabiltzen ohi dira markatzeko baldintza bat betetzen ote den.



Ondoko bideo tutorialean ikus dezakezu nola jarri kontrol laukiak LibreOffice Writer testu batean.



Erabilera

 Jarritako kontrol-laukiak erabili ahal izateko inprimaki barra agerrarazi behar dugu (Ikusi > Tresna barrak > Inprimaki-diseinua) eta barra honetako 10. ikonoa (Diseinu modua) aktibatu behar dugu.




Era berean kontuan izan dezakegu inprimaki kontrol hauek erabili daitezkeela eremu editagarriak dituzten PDF dokumentuak sortzeko.

2018/02/04

Nola egin taulak blogean Libreoffice Writeren bidez

Blogger-ek, Wordpress-ek eta beste blog plataformek badituzte bere moduak taulak egiteko baina lan handia ematen du eta zaila da gogoratzeko.
Bada beste modu bat taula txukunak sartzeko blogetan:

1- LibreOffice Writer-en prestatu zure taula. Kontuan ohiko taulak ez daukala atzeko plano zuria gardena baizik.

Taulak LibreOffice Writer-en

2- Egin Fitxategia > Aurrebista web nabigatzailean



3- Nabigatzailean taula kopiatu eta itsatsi blogean.

Ona hemen emaitza:

IZENA ABIZENAK MATEMATIKA ZIENTZIAK
Juan Tierves Andin
ongi
oso ongi
Inesa Andia Martinez
oso ongi
ongi


IZEN ABIZENAK MATEMATIKA ZIENTZIAK
Juan Tierves Andin
ongi
oso ongi
Inesa Andia Martinez
oso ongi
ongi


Oharra:
Sites zaharrean eta beste hainbat web ediziorako plataformatan ere funtzionatzen du.

2017/11/02

LibreOffice online Firefox gehigarria

Edozein dela arrazoia erabiltzen duzun gailuan LibreOffice ezin baduzu instalatu aplikazioa gehigarri baten bidez Firefoxen erabiltzeko aukera dago.



Hainbat ezaugarri:
  • Testu prozesadorea, kalkulu orria eta aurkezpenak egiteko aplikazioak ditu. 
  • Ez da erregistratu behar. Ez dauka biltegirik.
  • Ez ditu funtzio aurreratuak baina oinarrizko guztiak bai.
  • Firefox euskaraz baduzu Libreoffice online ere euskaraz agertzen da (ez guztiz).
  • Sor daitezke dokumentuak baina ezin dira dokumentuak kargatu eta editatu.
  • Odt, pdf, doc eta docx formatuetan deskargatu daiteke.
  • Chromium-ek badu gehigarri bera baina ezin da euskaraz jarri.
  • Berez ez dakit barruan Libreoffice duen (editore bera da Word online gehigarriak erebiltzen du) baina itxura guztia du eta odt, odx eta odp formatuak darabiltza eta software libreko lizentzia du.
  • Androiden instalatu dut baina ez dut modurik ikusi abiatzeko (ikonoa ez dit sortu)

Probatu ondoren iruditzen bazaizu epe motzean ez duzula erabili behar komeni da desinstalatzea, izan ere gehigarriek Firefox moteltzen dute.

2017/10/30

Nola ikusi, editatu eta pdf bihurtu LibreOffice-n gaizki ikusten diren diren M.Office-ko dokumentuak

Sarritan gertatzen zaigu LibreOffice-ren zaleei Word edo Power Point bidez egindako hainbat dokumentu gaizki ikustea. Arazo hori bereziki larria da Linuxen ibilita Microsoft Office erabiltzeko aukera ez dugunean.

Officeko dokumentu batzuk gaizki ikusten dira erabilitako letra-motak ez daudelako LibreOfficen edo, formatu pribatiboa izanik, LibreOffice-k ez duelako asmatzen efektu batzuk erreproduzitzen.

Ikus dezagun nola konpondu daiteke, neurri batean bederen, arazo hori: irtenbidea izan daiteke erregistratzea Outlook.com atarian. Hori eginda Microsoften posta bat izango dugu, doako 5GBeko OneDrive bat eta aukera onlineko Word, Power Point, Excell... erabiltzeko.

Arazoa ematen digun dokumentua OneDrivera igo eta erreproduzitzeko esanda arazorik gabe ikusiko dira onlineko Word edo Power Pointen. Ikusi ez ezik editatu ere ahal izango dugu eta, behar izanez gero, itxura oneko PDF formatuan ere deskargatzeko aukera izango dugu.

Ondoko bideoan ikusiko dugu power-point bat LibreOfficen nola ikusten den desitxuratua eta, Linuxetik atera gabe, Outlook-OneDrivera kargatuta nola ikusten den egoki eta nola deskarga daitekeen PDF formatuan.

2017/08/07

Nextcloud bezeroa nola sinkronizatu

Owncloud eta haren fork edo aldaera den Nextcloud hodeiko biltegiratze-zerbitzua eskaintzeko aplikazio libreak dira. Zerbitzari batean instalatuta pertsona, enpresa edo elkartek batek hainbat bezeroentzako biltegiratzea eskain dezake.

Enpresa edo elkarteentzat interesantea izan daiteke instalatzea baina hodeiko biltegiratzea behar duen partikularrentzat interesanteagoa izan daiteke enpresa batzuk eskaintzen duten hodien bezeroa egitea, izan ere nahiko merke eta biltegiratze tamaina txikia bada doan eskaintzen dute.

Zergatik erabili hauek eta ez Drive, OneDrive edo antzekorik? Aplikazio libreek, oro har, pribatutasun gehiago eskaintzen dutelako, zer esanik ez zerbitzaria gurea bada.

Nola erabili  Nextcloud bezeroa? 

Zure hodei propioa erabili dezakezu edo hornitzaile batena. Hona hornitzaile batzuk eta euren ezaugarriak eta prezioak...
Owncloud hornitzaileak (providers)
Nextcloud hornitzaileak (providers)

Behin erabakita zein probatu nahi duzun erregistratu behar zara.
Hodei hori web bidez erabili dezakezu bertara fitxategiak kargatuz edo bertatik deskargatuz. Ez ohiko gailuetan hori izango da hodeia erabiltzeko modua baina ohikoetan -etxekoan, lanekoan...- guztiz komenigarria da sinkronizazio bezero bat erabiltzea.

Sinkronizazioa

Bere hartan oso erabilgarriak badira ere oso interesgarria izan daiteke batzuentzat edukitzea sinkronizatuta ekipo baten edo batzuen karpeta bat eta hodeia. Hartara fitxategi bat edo karpeta bat gordetzen edo eransten duzunean delako karpeta horretara zure hodeiarekin sinkronizatuko da Internet konexioa duzunean. Eta beste ekipoetan sinkronizatuko da hauek konektatzen direnean.

Sinkronizazioa egin daiteke ordenagailuetan eta smartphonetan.

Ordenagailuen kasuan bi aukera daude:

a- Bezero bidezko sinkronizazioa: Owncloud edo Nextcloud bezeroaren sinkronizatzailea (desktop client sync) aplikazioa instalatu daiteke. Aipatutako bi aplikazioek Linux, Windows eta Mac bertsioak dituzte.

Ubuntun Nextcloud bezeroaren sinkronizatzailea instalatzeko terminalean agindu hau exekutatu behar dugu:
sudo apt install nextcloud-desktop 


Behin instalatuta Gehigarrietatik abiatzen ahal dugu. Lehenengo aldia eskatuko digu zerbitzaria eta hau zehazten dugunean (http://zerbitzaria) web orria irekiko da eta bertan erabiltzaile izena, pasahitza eta sinkronizatu beharreko karpeta (berak Nextcloud izeneko karpeta proposatzen du baina izan daiteke beste bat). Hornitzaile bat baino gehiago erabiltzeko aukera ere badago (adibidez bat pertsonala eta bestea lanekoa).

Ezarpenetan komeni da agintzea aplikazioa irekitzea saioa irekitzean.


Horrela automatikoki sinkronizatuko du zehaztutako karpeta eta sistemaren erretiluan ikonoaren bidez kontrolatuko dugu sinkronizazioak eta orokorrean aplikazioa.


Aplikazio honen bidez karpeta lokala (sinkronizatuta ditugun ordenagailu guztietan) eta hodeikoa eduki bera izango dute. Interneteko konexioa dugunean aplikatuko da sinkronizazioa eta interneteko konexioa ez dugunean fitxategiak karpeta lokaletik erabili ahal izango dugu (konektatzean sinkronizatuko dira).

b- Beste aukera bat da sasi-sinkronizazioa, mugikorretan erabiltzen den sistema. Nola egin sasi-sinkronizazio hau? Ubuntu eta deribatuetan Lineako kontuen bidez. Ezarpenetan dagoen Lineako kontuak atalean Ordenagailuak irakurtzen du hodeiko fitxategien zerrenda eta karpeta lokal batean ikusiko dugu baina fitxategia soilik klikatzen dugunean deskargatuko da. Fitxategi bat karpeta honetan sartzen dugunean hodeira kargatuko da konexioa izanez gero.




Mugikorretarako bai Owncloud bai Nextcloud sinkronizazio aplikazioak dituzte Android zein IOSerako. Kasu hauetan fitxategiak eta karpetak ez dira zuzenean sinkronizatzen, aplikazioak zerbitzariko karpetak eta fitxategiak erakutsiko digu eta soilik hautatzen direnak deskargatzen dira.
Androidetan aplikazioa aplikazio libreen bilgunea den F-Droid bidez edo Play Store bidez deskarga daiteke.

Gogoan izan smarphonetan deskargatutako Libreoffice edo Microsoft Officeko dokumentuak ikusteko eta editatzeko Collabora aplikazioa oso komenigarria dela.




2017/06/04

Helbide taula baten kokapena Google Maps-en

Google Maps zerbitzuan egin mapa propioak egin daitezke eta, nahi izanez gero, kokatu beharreko elementuen datuak taula baten bidez inporta daiteke.
Nola egiten den ederki azaltzen du Kike Clemente Gazteizko Berritzeguneko IKT aholkulariak bideo-tutorial honetan.



Jarraibide horietan oinarritua Oarso aldeko eta Bidasoa Beherako ikastetxeen mapa prestatu dut titularitate eta ikasketa moten araberako kategoriak dituena. Taula LibreOffice Calc-en egina eta mapara inportatuta.

Besteak beste izenak eta helbideak dituen taula eta sortzen dituen markatzaileak.

Behin mapa sortua web moduan edo, behekoa bezala, web batean kapsulatua  ikus daiteke.

2016/10/06

LibreOffice: nola joan orri zehatz batera

Dokumentu luzeetan nabigatzaileak toki batetik besterako jauziak nabarmen errazten du.

Orri zehatz batera joateko klika dezakegu egora barraren ezker aldean, gauden orria adierazten duen zatian (1) eta nabigatzailea irekiko da, haren goiko aldean (2) orriaren zenbakia idatzita jauzi egingo da horra.


Behin orri horretan gaudela oso tresna interesgarria da nabigatzailean, orrialde zenbakiaren ezker aldean (3), orria aurrera eta atzera egiteko botoiak.

2016/07/06

Nola babestu LibreOffice dokumentu bat pasahitz batez

Hodeian, USB memorian, etxean... informazio delikatua duen LibreOfficeko testu dokumentu, kalkulu-orria, aurkezpen bat baduzu pasahitzez babes dezakezu. Ikusi nola:

Gorde honela egin eta beheko aldean agertzen den gorde pasahitzarekin markatu behar da.

Leihatila bat irekiko da non enkriptaziorako pasahitza eskatzen duen eta haren arriskuaz ohartarazten gaituen.



Idazketaren kontrako pasahitza jartzea eskaintzen du ere baina erabat ahula da, izan ere, dokumentua ikusten da eta gorde honela eginez kopia daiteke.

2016/06/21

Hobelex zuzentzaile lexikoa orain LibreOfficerako

UZEIk duela hilabete batzuk atera zuen Hobelex zuzentzaile lexikoa MS Officerako eta orain software libreko LibreOfficerako bertsioa atera du.

Zer aldea dago Xuxen zuzentzaile ortografikoa eta Hobelex zuzentzaile lexikoa? Bada lehenengoak hitz ezezagunak (okerrak) detektatu, gorriz azpimarratu  eta zuzenak proposatzen dituela eta Hobelex ezezagunak detektatzeaz gain egokiak ez direnak urdinez markatu eta egokia den aukerako beste termino bat proposatzen du.

LibreOfficerako bertsioa hemendik deskarga dezakezu. Gorde, ireki LibreOffice Writer eta menuan klika Tresnak > Hedapenen kudeatzailea... > Gehitu eta arakatu deskargatutako oxt luzapena duen gehigarria.
Bertan zaudela desinstala dezakezu Xuxen zeren eta Hobelex-ek zuzenketa ortografikoa ere egiten du.



Oharrak:
  • Probatu dut eta ematen du zuzenketa lexikoak Writerren egiten dituela, Calc eta Impressen bakarrik ortografikoak.
  • Ubuntu 14.04 eta LibreOffice 5.1.4.2rekin ez dit utzi instalatzen. Ubuntu 16.04 eta LibreOffice 5.1.3.2rekin bai.

2016/04/18

LibreOffice Writer eta irudien aspektu-erlazioa

Duela gutxi arte (zehazki ez dakit zein bertsio arte) LibreOffice Writer edo Impress-en irudi bat txertatu ondoren bere tamaina aldatzeko izkinako nodoan klikatu eta proportzioa mantentzeko Shift edo maiuskula tekla sakatu behar zen nodoa arrastatzen genuen bitartean. Horrela eginda irudia txikitu ala handitu baina aspektu-erlazioa mantentzen zen.

Bada, orain alderantziz jokatzen du: maiuskula sakatu gabe arrastatzen badugu izkinako nodoa aspektu-erlazioa mantentzen da eta irudiaren proportzioak aldatu nahi baditugu maiuskula sakatu beharko dugu. Probatu eta horrela jokatzen ez badu agian LibreOfficeren bertsioa berritu behar duzu.

Irudia handitzen aspektu-erlazioa mantenduta

Aldaketa, nire ustez, onerako da, izan ere hemendik aurrera hitzaldietako aurkezpenetan irudiak deformatu nahi duenak kostata egingo du blog hau segitzen ez badu.

2016/03/23

Irakurle digitala

Aholaben ahots sintesian oinarriturik Elhuyar-ek testuak irakurtzen dituen bi plugin garatu ditu Berritzegune Nagusiarentzat: bat Firefoxentzat eta bestea LibreOffice Writer-entzat. Biak erabili daitezke Linux, Mac zein Windows sistema duten ordenagailuetan -mugikor eta tabletetan ez-. Irisgarritasunari begira urrats handi bat, dudarik gabe.

Hauen helburua da ordenagailuan azaltzen eta prozesatzen diren ahalik eta testu gehienak irakurtzea.



Zer dira:

Firefox nabigatzailearentzat eta LibreOffice Writer testu prozesadorearentzat gehigarri edo hedapen bana dira.  Hain zuzen testua esaldiz esaldi hartu Elhuyarren zerbitzari batera bidali eta horrek, ahots sintesiaren  bidez sortutako audio fitxategia jaso eta erreproduzitzen dute. Horrela izanik, internetera konektatuta egon behar gara irakurleak bere lana egin dezan. Ahots sintesiaren teknologia TTS edo Text To Speech izenez ezagutzen da.

Norentzat:

Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, hala nola itsuak, gutxi ikusten dutenak, dislexikoak, gidariak...

Zer irakurtzen dute:

Firefoxen gehigarriak irakurtzen ditu, besteak beste:
  • web orriak, htlm formatuko dokumentuak alegia.
  • pdf dokumentuak (haren bidez irekita, noski)
LibreOffice Writer-en gehigarriak irakurtzen ditu, odt, doc, docx, rtf... eta beste hainbat testu formatu.

Liburu elektronikoak irakurtzeko hainbat aukera daude: bat da epub (edo dena delako) formatua duen fitxategia deskonprimatzea eta barruko html-ak Firefoxen bidez irakurtzea; beste aukera bat da  https://cloudconvert.com moduko web baten bidez epub fitxategia txt edo pdf formatura bihurtzea.
    Firefox eta LibreOffice software libreko aplikazioak dira, doakoak, eta Linux, Windows eta Mac OSen funtzionatzen dutenez hiru sistemetan erabil daiteke.

    Nola deskargatzen dira:

    Formulario honen bidez konpromisorik gabe eskatu eta postaz bidaliko dizkizute doan.


    Nola instalatzen dira:

    Bi fitxategi dira, bata xpi formatua duena Firefoxekin irekitzeko eta bestea, oxt formatua duena, LibreOfficerekin (niri 4. bertsioarekin ez dit funtzionatu, 5.rekin, ordea, bai). Zuzenean instalatzen ez badira begiratu web honetako pdf dokumentuan edo bideo-tutorialetan Joxik azaltzen dituen instalazio alternatiboak.

    Firefoxen kontuan eduki behar dugu Irakurle digitala barra bat dela eta instalatu ondoren Firefoxi agindu behar diogula barra hori erakusteko. Horretarako helbide barraren ezker muturrean dagoen menura sartu (1) eta -ikusi beheko irudia- Pertsonalizatu sakatuko dugu (2), ondoren ikusteko barrak (3) eta EusTTS aukeratuko dugu (4).




    Nola erabiltzen dira:

    Hona hemen adibide bat LibreOfficen:





    Azpiko irudian Firefoxen duen itxura:




    Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu dutenei, bereziki Antigua-Luberri institutuko Maite Montero irakasleari ideia izan eta, temati, lortzeko bidea jarri duelako eta Elhuyarreko Igor Leturiari bere lana eta laguntzagatik.

    Elhuyar-eko Saroi Jauregik Info7 irratian irakurle digitalaren berri eman du (entzun).
    Beste gehigarri interesgarriak Firefoxentzat.
    Beste gehigarri interesgarriak LibreOfficerentzat.