hodeia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
hodeia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/23

Nola sinkronizatu ikasle.eus edo irakasle.eus Luberri edo beste Linuxetan

EAEko Hezkuntza Sailaren  ikasle.eus eta irakasle.eus kontuak Microsoft-O365 kontuak izateaz gain Google kontuak ere badira.

Luberri sisteman eta oro har Linux Mint eta Ubunturen gaineko beste sistemetan aukera dago hodeiko kontuekin sinkronizatzeko sistemaren ezarpenetan. Ikasle.eus eta irakasle.eus kontuen kasuan Microsoftek ez ditu errekonozitzen:

Microsoftek ez du irakasle.eus kontuak onartzen

Baina Google-k bai.


Nola aktibatu sinkronizazioa:

Sistemaren ezarpenetara joan...

eta  Hobespenak multzoan bilatu Lineako kontuak


Klikatu eta Gehitu kontua > Google
Idatzi zure ikasle.eus, irakasle.eus edo bestelako Google kontua eta pasahitza. Ezagutzen duenean sinkronizatu daitezkeen zerbitzuen zerrenda agertuko da (ikusi mezu honen bigarren irudia) eta zerbitzuren bat interesatzen ez bazaizu desaktibatu. Leiho horretan ez da ezer onartu behar, aski da leihoa ixtea.

Nola erabili sinkronizazioa

 Nemo, Nautilus edo erabiltzen duzun fitxategien arakatzaileko ezkerreko panelean Sarea atalean zure kontuaren izena duen unitate bat agertuko zaizu muntatuta.

 

Unitate horretan gordetzen duzuna zuzenean kargatuko da zure kontuko Google Drivera. Erne! ez da gordeko ordenagailuan lokal moduan, beraz interneteko konexiorik gabe ezingo duzu erabili. Sinkronizazioa ez da osoa Nextcloud Desktopekin gertatzen den bezala baizik eta mugikorreko Drivearen antzera hodeian dauden karpeta eta fitxategien zerrenda ikusten da baina soilik klikatzean deskargatzen da eta asoziatua duen aplikazioak irekitzen du. Horrela gordetako fitxategiak eta karpetak beste ordenagailu edo mugikor batetik drive.google.com gunean ikusi eta deskargatzen ahal dituzu.

Beste aukera bat da aplikazioetatik zuzenean Drivetik irekitzea (deskargatzea) edo bertara gordetzea (alegia Drivera kargatzea). Azpiko irudian ikus daiteke nola ireki daitekeen Driven gordetako dokumentu bat:


 Antzera egin dezakegu beste edozein aplikazioarekin bai irekitzeko bai gordetzeko, kontuan izaten ireki eta gorde egitean Drivetik deskargatu eta kargatu egingo dugula eta ordenagailuan ez dela fitxategi lokalik gordeko.

Posta eta egutegia. Thunderbird eta bere egutegia (Lightning) erabiltzen badugu arazorik gabe konfiguratzen ahal dugu posta kontua ikasle-irakasle.eus helbidetik jaso eta bidaltzeko eta egutegia sinkronizatzeko:


Balorazioa

irakasleek zein ikasleek Fitxategiak, posta, kontaktuak, egutegiak non nahi eta noiz nahi eskuragarri behar baditugu badira moduak egiteko seguru, pribatutasuna zainduz eta software librearen bidez, hala nola Nextcloud (ikastetxekoa zein pribatua -https://disroot.org kasu-), Moodle... eta ez hain seguru eta pribatutasuna zainduz enpresen software pribatiboaren bidez (Mega, Google...). Aipatuta bi horiek aukera interesgarria izan daitezke tresna irekiak eskura ez daukagunean.

 


2022/01/10

CryptPad elkarlanerako suitea euskaraz

CryptPad 4.13.0 bertsiotik euskaraz dago. 


Cryptpad elkarlanerako sortutako dokumentuen ediziorako suite bat da, Google Docs edo Office365en tankerakoa. Hauekiko diferentzia da CryptPad-ek software libreko online aplikazioak erabiltzen dituela.

Cryptpad-ek duen beste ezaugarri garrantzitsu bat da muturretik muturrerako zifratzea erabiltzen duela eta horri esker bai saretik bidaltzen dugun informazioa bai urrutiko zerbitzarietan gordetzen duguna zifratuta dagoela. Beraz, erabat konfidentziala da.

Jatorrizko CryptPad cryptpad.fr da eta zerbitzua izena emanda edo gabe erabili daiteke. Edozein kasutan ez digute informazio pertsonalik eskatuko. Cryptpad.fr, Frantziako eta Europako Batasunaren administrazioen laguntza du.

Izena eman gabe erabiltzen baduzu dokumentuak zerbitzaritik ezabatzen dira aktibitaterik gabe 90 egun egon ondoren. Edozein kasutan, tarte horretan zehar zure ordenagailura deskargatzen ahal duzu. 

Izena ematen baduzu cryptpad.fr zerbitzariak 1GBko hodei bat eskaintzen dizu -pandemia dela eta beste abisu bat jaso arte-. Sortzen dituzun dokumentuak eta ordenagailutik kargatzen dituzunak bertan gorde dezakezu denbora mugarik gabe eta gailu desberdinetatik atzitu ditzakezu. Espazio gehiago behar baduzu zure hodeian hileko 5 eta 15€ arteko planak dituzte. Cryptpad.fr webgunean kontsulatu daitezke modalitateak.

Cryptpad software libreko paketea denez beste enpresa eta elkarteek ere euren zerbitzarietan instalatu eta eskaintzen dute, besteak beste Disroot.org elkarteak (https://cryptpad.disroot.org/) -une honetan 4.12 bertsioa dute-.

Aplikazioak

Cryptpad suiteak enkriptatutako komunikazioa eta biltegiratzea eskaintzen du baina beste batzuen software librea ere erabiltzen du. Elkarlanerako eskaintzen dituen aplikazioak hauek dira:

  • Testu aberastuko prozesadorea (Etherpad-en aldean irudiak eta taulak ditu)
  • Kalkulu orria. OnlyOffice-rena erabiltzen du -oraindik euskaratu gabe-.
  • Kanban taulak (Trello estiloan)
  • Kode editorea
  • Inkestak egiteko inprimakia
  • Arbela
  • Markdown diapositibak

eta izena ematen dutenentzat

  • CriptDrive hodeia sortutako dokumentuak zein igotakoak gordetzeko. 

 


Dokumentu guztiek dute elkarlanerako edizioa. Eskuin aldean ikusten dira parte-hartzaileen izenak eta txata du. Parte hartzaile bakoitzak gehitutako testua kolore batez identifikatzen da. 

Testu aberastua: ezkerrean fitxategi-aukerak eta eskuinean erabiltzaileen zerrenda.


Dokumentuei iraungitze data jartzen ahal zaie (izena emana baduzu dokumentuaren kopia bat geratuko da zure Drivean).

Dokumentuak partekatzen ahal dira esteka bidez ikusteko edota editatzeko. Dokumentuari jar dakioke pasahitz bat kontrolatzeko nor ikusi edo editatzen duen. Partekatze zerrenda sortzen baduzu bakarrik zerrendakoek erabili ahal izango dute. 

CryptDrive-n karpetak eta karpeta partekatuak sor daitezke.

Cryptpad.fr webgunean (edo dagoeneko 4.13 bertsioa inplementatuta duen beste instantzia batean) izena emana baduzu baina interfazea erdaraz agertzen bazaizu goiko ezker aldean agertzen den zure profilaren izenean klik egin eta  Ezarpenak (Settings) aukeratu...


... eta Hizkuntza (Language) atalean Euskara aukeratu. Automatikoki interfazea euskaraz agertuko zaizu.



2019/06/25

Ubunturen online kontuak kanpoko unitatea sor dezake

Ubuntu 18.04k hobekuntza ekarri dio lineako kontuei.
Haren bidez lotzen ahal dugu gure saioa hainbat konturekin besteak beste horien hodeiak, kontaktuak, egutegiak... sinkronizatzeko.

Ikastetxeetan hori bereziki interesgarria da aukera ematen dielako ikasle eta irakasleei gauzak zuzenean gordetzeko hodeian eta hodeitik zuzenean deskargatzeko.

Nola ezartzen da lineako kontu bat:

  1. Sistemaren ezarpenak > Lineako kontuak
  2. Hornitzailea aukeratu
  3. Kontua eta pasahitzarekin identifikatu

Irudian ikus daiteke giltza baten ikonoarekin nire saioa dagoeneko lineako kontu bat daukala Windows Active Directoryn Luberri izanik ikastetxeko domeinuan sartuta dagoelako.
Behin lotura eginda (bat baino gehiago egin daiteke), emandako baimenak murrizten ahal ditugu:

Hodeia (kasu honetan Drive) erabili nahi badugu Dokumentuak eta Fitxategiak aktibo izan behar ditugu. Baimen hauek edozein unetan alda daitezke edo lineako kontua osoa kendu.
Nola sinkronizatu hodeiarekin:

Lineako kontua eginda haren kanpoko unitateak ikusten ahal ditugu: domeinuko pertsonala, IRAKASLEAK, IKASLEAK... eta beste kontuen hodeiak: Drive, Nextcloud, OneDrive...

Irudian ikus daiteke nire posta kontuari lotutako Drive


Kontuak izateko gauzak:
  • Kanpoko unitate hori ikusteko Internetera konektatuta egon behar da. Ez du lokalean ezer gordetzen. Beraz, argi ibili, internetik gabe dokumenturik ez dugu.
  • Irekitzen dugunean fitxategiak eta karpetak ikusi arren ez daude ordenagailuan beraz klikatzen dugunean deskargatu eta ireki egiten dira. Mugikorreko sinkronizazioen antzera. Naiz eta hodeia oso kargatuta izan arren ordenagailuaren diskoa ez du betetzen (ireki eta beste karpeta batean gordetzen ez badugu).
  • Dokumentu edo karpeta bat(zuk) unitate honetan kopiatzean (edo eramatean) zuzenean kargatzen dira hodeira.
  • Sortutako dokumentuak zuzenean gorde daitezke hodeian. 
Zuzenean hodeian gordetzen

  • Etxean Windows edo Linux baina lineako kontua konfiguratuta ez daukana fitxategi eta karpeta hauek Interneteko hodeian ikusi eta deskargatzea dauka.
Benetako sinkronizazioarekiko aldea:
Benetako sinkronizazioan (Nextcloud bezeroa, Megasync...) karpeta lokal bat sortzen da eta karpeta hori hodeiarekin sinkronizatzen da.
Alde du Internetik gabe ere dokumentuak erabili daitezkeela (Internetera konektatzean sinkronizatzen dira), eta gauzak bi tokitan edukitzea babeskopìa funtzioa betetzen du.
Kontra du informazio hori diskoan tokia betetzen duela eta ordenagailuen arteko sinkronizazio arazoak sor daitezkeela.

Konklusioa:
Ikasleentzat  lineako kontua aukerarik interesgarriena (erraza eta praktikoa), irakasleen kasuan norberak ikusi behar du zein sinkronizazio mota interesatzen zaion.
Beste kontu bat da zein hodeia erabili, noren ordenagailuan utziko ditugu gure datuak. USB memoriak dira beste aukera.


2017/08/07

Nextcloud bezeroa nola sinkronizatu

Owncloud eta haren fork edo aldaera den Nextcloud hodeiko biltegiratze-zerbitzua eskaintzeko aplikazio libreak dira. Zerbitzari batean instalatuta pertsona, enpresa edo elkartek batek hainbat bezeroentzako biltegiratzea eskain dezake.

Enpresa edo elkarteentzat interesantea izan daiteke instalatzea baina hodeiko biltegiratzea behar duen partikularrentzat interesanteagoa izan daiteke enpresa batzuk eskaintzen duten hodien bezeroa egitea, izan ere nahiko merke eta biltegiratze tamaina txikia bada doan eskaintzen dute.

Zergatik erabili hauek eta ez Drive, OneDrive edo antzekorik? Aplikazio libreek, oro har, pribatutasun gehiago eskaintzen dutelako, zer esanik ez zerbitzaria gurea bada.

Nola erabili  Nextcloud bezeroa? 

Zure hodei propioa erabili dezakezu edo hornitzaile batena. Hona hornitzaile batzuk eta euren ezaugarriak eta prezioak...
Owncloud hornitzaileak (providers)
Nextcloud hornitzaileak (providers)

Behin erabakita zein probatu nahi duzun erregistratu behar zara.
Hodei hori web bidez erabili dezakezu bertara fitxategiak kargatuz edo bertatik deskargatuz. Ez ohiko gailuetan hori izango da hodeia erabiltzeko modua baina ohikoetan -etxekoan, lanekoan...- guztiz komenigarria da sinkronizazio bezero bat erabiltzea.

Sinkronizazioa

Bere hartan oso erabilgarriak badira ere oso interesgarria izan daiteke batzuentzat edukitzea sinkronizatuta ekipo baten edo batzuen karpeta bat eta hodeia. Hartara fitxategi bat edo karpeta bat gordetzen edo eransten duzunean delako karpeta horretara zure hodeiarekin sinkronizatuko da Internet konexioa duzunean. Eta beste ekipoetan sinkronizatuko da hauek konektatzen direnean.

Sinkronizazioa egin daiteke ordenagailuetan eta smartphonetan.

Ordenagailuen kasuan bi aukera daude:

a- Bezero bidezko sinkronizazioa: Owncloud edo Nextcloud bezeroaren sinkronizatzailea (desktop client sync) aplikazioa instalatu daiteke. Aipatutako bi aplikazioek Linux, Windows eta Mac bertsioak dituzte.

Ubuntun Nextcloud bezeroaren sinkronizatzailea instalatzeko terminalean agindu hau exekutatu behar dugu:
sudo apt install nextcloud-desktop 


Behin instalatuta Gehigarrietatik abiatzen ahal dugu. Lehenengo aldia eskatuko digu zerbitzaria eta hau zehazten dugunean (http://zerbitzaria) web orria irekiko da eta bertan erabiltzaile izena, pasahitza eta sinkronizatu beharreko karpeta (berak Nextcloud izeneko karpeta proposatzen du baina izan daiteke beste bat). Hornitzaile bat baino gehiago erabiltzeko aukera ere badago (adibidez bat pertsonala eta bestea lanekoa).

Ezarpenetan komeni da agintzea aplikazioa irekitzea saioa irekitzean.


Horrela automatikoki sinkronizatuko du zehaztutako karpeta eta sistemaren erretiluan ikonoaren bidez kontrolatuko dugu sinkronizazioak eta orokorrean aplikazioa.


Aplikazio honen bidez karpeta lokala (sinkronizatuta ditugun ordenagailu guztietan) eta hodeikoa eduki bera izango dute. Interneteko konexioa dugunean aplikatuko da sinkronizazioa eta interneteko konexioa ez dugunean fitxategiak karpeta lokaletik erabili ahal izango dugu (konektatzean sinkronizatuko dira).

b- Beste aukera bat da sasi-sinkronizazioa, mugikorretan erabiltzen den sistema. Nola egin sasi-sinkronizazio hau? Ubuntu eta deribatuetan Lineako kontuen bidez. Ezarpenetan dagoen Lineako kontuak atalean Ordenagailuak irakurtzen du hodeiko fitxategien zerrenda eta karpeta lokal batean ikusiko dugu baina fitxategia soilik klikatzen dugunean deskargatuko da. Fitxategi bat karpeta honetan sartzen dugunean hodeira kargatuko da konexioa izanez gero.




Mugikorretarako bai Owncloud bai Nextcloud sinkronizazio aplikazioak dituzte Android zein IOSerako. Kasu hauetan fitxategiak eta karpetak ez dira zuzenean sinkronizatzen, aplikazioak zerbitzariko karpetak eta fitxategiak erakutsiko digu eta soilik hautatzen direnak deskargatzen dira.
Androidetan aplikazioa aplikazio libreen bilgunea den F-Droid bidez edo Play Store bidez deskarga daiteke.

Gogoan izan smarphonetan deskargatutako Libreoffice edo Microsoft Officeko dokumentuak ikusteko eta editatzeko Collabora aplikazioa oso komenigarria dela.