2014/08/03

Linux ikastaroa online ingelesez

EdX plataformak Linux Fundazioak diseinatatako ikastaroa eskaintzen du. Ikastaroa irekia, online eta taldekoa da, MOOC (massive open online course) bat alegia.  Honek esan nahi du ez duela tutoretza pertsonalizaturik eskaintzen.



Ikastaroa ingelesez dago, testuz, bideoz, test eta ariketaz osatuta dago eta edukiak zabalak badira ere maila ez da sakona (sarrerak esaten du aski dela ordenagailue eta aplikazio arruntekin familiarizatua egotea). Sarrerak esaten du 40-60 ordu inguru behar direla ikastaroa burutzeko*.


Matrikulatzeko EdX-en web orri honetara joan eta kontuan izan ikastaroa doakoa dela Simply Audit modalitatean. Badirudi erregistratuz gero eta ohore kode bat onartuta nolabaiteko egiaztagiria eskura daitekeela baina egiaztagiri 'berifikatu' bat lortzeko ordaindu behar da.

Zure ingelez maila ona ez bada  eta Firefox erabiltzen baduzu agian komeni zaizu Quick Translator edo antzeko tresna bat erabiltzea eta kontuan izatea bideoen azpiko barrako Cc botoia sakatuta alboan laburpen idatzi bat agertzen dela.


* MOOC eredu horri freemium deritzo: "oinarrizko ikastaroa doanekoa izan arren, balio erantsiko gauzak erabiltzen dira ikastaroan dirua irabazteko: liburuak, kontsultak egiteko aukerak, ariketen zu zenketa edo bukaerako agiriak". Gorka Palazio, Teketen, in "MOOCen sasoia, etengabeko formakuntza librearen aroa" Administrazioa euskaraz IVAPeko aldizkariaren 85. alean.

2014/08/01

OCR online: Free Online OCR eta Google Drive

OCR (Optical Character Recognition) karaktereen ezagutza optikoa teknologia irudi eta PDF fitxategietatik testua ezagutu eta eskaintzen duten aplikazioak eta zerbitzuak dira. Haien bidez fotokopia edo liburu orri bat eskaneatuta edo testua hautatzeko aukerarik ematen ez duen PDF dokumentu batetik, esate baterako, testua ateratzeko aukera ematen dute.

Badira aplikazioak hori egiteko baina Linux-en behintzat ez dira oso onak eta beste sistemetan onak direnak, jeneralean, oso garestiak dira.

Deus instalatu gabe beste aukera bat da OCR eskaintzen duten web orrietara jotzea. Hona hemen ondo funtzionatzen duten bi:

Free Online OCR: http://www.onlineocr.net/


Erregistratu gabe, pdf, jpg, bmp, tiff edo gif formatuko irudia igo, hizkuntza eta irteera formatua aukeratu, captcha idatzi, sakatu konbertitzeko eta ondoren testua kopiatu eta nahi duzun tokian itsatsi. Hizkuntzen artean euskara eskaintzen du (basque) eta oso ondo ezagutzen du testua, nahiz eta zutabeetan edo taula batean egon edo irudien artean. Dokumentua orri bat baino gehiago badu erregistratu behar da denak errekonozitzeko.
Interfazea ingelesez dago baina oso sinple eta intuitiboa da.

Google Drive: https://drive.google.com

Eguneratua 2016/4/4

Google-n kontua eduki behar da. Drivera pdf edo irudi bat kargatu ondoren fitxategian eskuin klik egin eta aukeren artea "Irekin honekin" > Google Docs hautatu eta OCR aplikatuta testua azalduko zaigu. Oso errekonozimendu ona egiten du, baldin eta irudia ona bada, noski.


Dokumentuaren aukeren artean Google Docs-en bidez irekitzen


Bestelako web-zerbitzuak blogaren eskuin aldeko estekan.

2014/07/30

Tupi (II) Eszenak, atzeko planoa, tween mugimendu zuzena

Goiko animazioan oinarrituta Tupi erabiltzeko oinarrizko kontzeptu eta prozedura batzuk azalduko ditut, hain zuzen: eszenak, atzeko planoak eta geldirik dauden beste elementuak eta mugimendu zuzenaren tween edo bitarteko fotogramak.

Eszenak

Eszena toki eta denbora batean gertatzen den ekintza da berez eta plano bat edo batzuz osatzen da (oinarrizko kontzeptuak patxio.wordpress.com orrian). Tupiren kasuan nik esango nuke eszena atzeko plano bera (finkoa edo mugikorra) eta mugitzen den elementu bat edo batzuk duen planoa edo enkoadre bat dela. Animazioak hainbat eszena izan dezake. Eszena berriak sortzeko Tupiren menuan egingo dugu Windows > Scenes Manager.



Atzeko planoa

Atzeko planoa zuria edo bestelako kolore batekoa izan daiteke. Horrela bada aski dugu proiektuaren datuak definitzen dugunean (izena, tamaina, minutuko fotogramak...) background atalean kolore bat hautatzea.

Goiko animazio honetan atzeko planoak irudiak ditu eta finkoa da. Horrelakoa egiteko animazioa horrekin hasiko dugu eta mugitzen diren elementuak beste geruza (layer) batzuetan jarriko ditugu. Lehenengo geruza izanik era lehenetsian beste elementuak goiko geruzetan egongo direnez haren gainean ikusiko dira. Objektu edo pertsonai bat eszenan mugitzen ez bada atzeko planoan jarriko dugu, baina une batean mugitzen bada hobe beste geruza batean jartzea.

Atzeko planoa lehenengo geruzaren lehenengo fotograman (frame) egingo dugu eta hurrengo fotogrametan ager dadin kopiatu egingo dugu bukatu ondoren fotogramaren gainean eskuin klik egin eta Copy TL fordward -kopiatu aurrera- klikatu eta hautatu fotograma kopurua. Maximoa 5 da baina azken fotograman kokatu eta berriz egiten badugu aurreko 6 fotogramak 5 aldiz kopituko ditu (30 fotograma). 
Zenbat fotograma egin?  Egin kontua segundu bakoitzeko 10-30 fotograma izango direla.

Atzeko planoa aldatzeko eszena berria sortzea komeni da. Proiektua esportatzean kateatuko dituzu eszenak.



Mugimendu zuzeneko tween-a

Atzeko planoa marrazteko lanabezaz egin dut, zerua laukizuzenaz, lurra eta zuhaitza  tintaz -ink- hain zuzen.
Furgoneta ordea ez dut marraztu, inportatu dut. Aukera hori interesgarria da objektua edo pertsonaia barne mugimendurik egiten ez duenean.

Clipart motako irudiak inportatzeko ezagutzen dudan tokirik hoberena Openclipart.org da. Irudi libreak dira -CC lizentziadunak-, barietate handia, kalitate oso ona eta normalean atzeko planorik ez dutenak. Bilaketa lehiatila du eta bertan komeni da ingelesezko terminoa jartzea. Irudiak svg formatu bektoriala edo png bit-mapa formatuan deskarga daitezke. Svg formatuak abantaila du handitzean kalitaterik ez duela galtzen baina, tween-en bidez mugitzen ez badugu, fotograma bakoitzean dimentsionatu behar dugu. Png formatuan kalitatea gal daiteke handitzean baina deskargatzen dugun tamaina du era lehenetsian.

Behin irudia inportatuta, geruza berria sortuko dugu berarentzat eta klik bikoitzan eginik eszenatokira sartuko da. Tamaina egokitu, abiapuntura eraman eta tween edo fotograman artekoa -between- hautatuko dugu, posiziokoa hain zuzen.

Mugimenzu lineala nahi badugu, adibidean bezala aski dugu tween-a gehitu, hautatu mugitu behar den objektua, ezaugarrietan -settings- klikatu eta eszenatokian klikatuko dugu mugimenduaren helmuga, gorde tween-a eta sortuko ditu fotogramak (tamalez, botoiak agertu arren ez dut ikusi haukera zehazteko zenbat fotograma sortu behar dituen edo kopurua aldatzeko).

2014/07/29

Tupi (I) 2D animazioak: nola instalatu

Tupi bi dimentsioko animazioak egiteko aplikazio librea da. Linux eta Mac sistemetan funtzionatzen du.

Tupik sortutako bideotik abiatuta Qgifer-en bidez sortutako gif animatua


KToon aplikazioaren fork edo garapen alternatiboa da.

Flash edo Synfig Studio-ren aldean Tupi-k ez dauka denbora lerrorik, fotogramen edizioan oinarritzen baita, hori bai, tween tresnaren bidez bi fotogramen arteko fotogramak sortzen ditu automatikoki mugimendu, tamaina, kolore edo errotazioa sortuz.

Sortutako animazioa bideo (webm, ogv, avi, mov, mpeg...), swf edo png, jpeg fotograma zerrenda gisa esportatu daiteke.





Instalatzeko:

Tupi proiektuaren web orrira (http://www.maefloresta.com),  Downloads atalera joan eta zure sistemari dagokion atalean klikatu. Ubunturen kasuan zure bertsioari dagokiona aukeratu, deskargatu eta fitxategian klik bikoitza eginda instalatuko da eta Aplikazioak > Grafikoak atalean agertuko da.

Oharra:
Datozen egunetan oinarrizko funtzionamendua deskribatzen duten bideotutorial batzuk argitaratzeko asmoa daukat.

2014/07/27

Irratia internet bidez Great Little Radio Player

Great Little Radio Player mundu osoko irratiak entzuteko aplikazio arin eta libre bat da. Berez 300 inguru irrati dakar, mundu zabalekoak, gehienak musikalak, estilo aldetik aukera oso zabala: dance, folk, etno, rock...



Irratiak generoz eta herrialdez ordena daitezke. Horretaz gain gogokoen taldea edita daiteke beti eskura izateko.

Aurreko irudian interfazea ageri bada ere aplikazioa abiatzean interfazea ez da ikusten (ezarpenetan alda daiteke), panelean agertzen da eta klikatuz gero gogokoen zerrenda, interfaze osoa eta ixteko aukerak ageri dira.



Instalazioa:

Aplikazioaren webgunera joan:  https://sites.google.com/site/glrpgreatlittleradioplayer/home

Download klikatu eta zure Linux banaketa eta sistemaren bitei dagokien fitxategia deskargatu eta klik bikoitza eginez exekutatu.



Nola gehitu irrati bat:

Aukera zabala bada ere oso puntu interesgarria da nahi dugun irratia gehitzen ahal dugula, beti ere irrati hori streaming bidez emititzen badu, hau da interneten entzun badaiteke.

Ikus dezagun nola gehitu irrati bat, esate baterako Txingudiko Antxeta Irratia.

1- Irratiaren webgunera joan, internet bidez entzuteko estekan eskuin klik egin eta fitxategia gordeko dugu. Kasu honetan m3u formatuko fitxategia.


2- Editatu deskargatutako fitxategia, haren gainean eskuin klik eta Gedit aplikazioarekin ireki.  Streaming-aren web helbidea kopiatu.


3- Great Little Radio Player-en menuan aukeratu Stations > Add a new station
Bertan irratiaren izena jarri ondoren aurreko pausuan kopiatutako helbidea Address atalean itxatxiko dugu. Ondoren osa dezakegu generoa eta herria. Markatu Favoriye eta onartzeko Add klikatu.

Hiru urrats hauekin Antxeta Irratia Gogokoen taldean agertuko da. Horrela egin dezakezu nahi duzun irrati guztiekin.

2014/07/26

Nola ikusi swf fitxategi bat Linuxen Firefoxekin

swf fitxategiak erreproduzitzeko Firefox-ek Shockwive plugina  -baita Flash Plugin deituta-  behar du. Plugina instalatuta duzula egiaztatzeko Firefoxen menuan klikatu Gehigarriak > Pluginak eta ez baduzu instalatu jarraipide hauen bidez.



Kontua da badirudi Firefox-en azken bertsioek (31.a behintzat) akats bat dutela mime-type esleipenean. Mime-type edo Internet media type da posta bezeroek erantsitako fitxategiekin eta nabigatzaileek htlm formatua ez duten fitxategiak irekitzeko zer aplikazioa erabili behar duten adierazten duen identifikatzaile estandarra.

Konponbidea:

Editatu freedesktop-org-xml fitxategia terminalean hau itsatsita:


 sudo gedit /usr/share/mime/packages/freedesktop.org.xml

eta fitxategi horretan ordeztu
<mime-type type="application/vnd.adobe.flash.movie">

honekin:
<mime-type type="application/x-shockwave-flash"> 

gorde fitxategia eta kito, jadanik ikusi ahal izango duzu





2014/07/23

Erresuma Batuko gobernuak formatu irekiak erabiliko ditu

 
Francis Maudek, Kabineteko bulegoko ministroak eman zuen atzo berria gutxi gora behera hitz hauekin:

Erresuma Batuko gobernuaren organo guztiek formatu irekiak erabiliko dituzte aurrerantzean hiritarrek eta gobernurako lan egiten duten pertsonek bere beharretara hoberen egokitzen diren aplikazioak erabil ditzaten.

Formatu irekiak erabiltzean:
  • hiritarrek, enpresek zein bolondresek ez dute software espezializatua erabili behar gobernuko dokumentuak irekitzeko eta beraiekin lan egiteko.
  • gobernuan lan egiten duten pertsonek formatu bereko fitxategiekin lan egin eta partekatu ahal izango dute.
  • gobernuko erakundeek aplikazio egokienak eta kostu aldetik eraginkorrenak hautatu ahal izango dituzte.

Erabilera arrunterako hautatutako estandarrak hauek dira:
  • PDF eta HTML gobernuko dokumentuak ikusteko
  • Open Document Format (ODF) gobernuan fitxategiekin lan egiteko eta partekatzeko.
Noiz sartuko zaie hemengoei britanikoen sena?

Informazioaren iturria: https://www.gov.uk/government/news/open-document-formats-selected-to-meet-user-needs

2014/07/22

Suitzako Genevako eskolak software librerako migrazioa bukatzen ari dira

Suitzako Geneva kantoneko lehen hezkuntzako 170 eskoletan GNU/Linuxerako migrazioa burutu dute eta datorren ikasturtean bigarren hezkuntzako ikastetxeetan egingo dute.



Gelibredu proiektua Ubuntu 12.04 bertsioan oinarritu da eta hiru erabiltzaile mota bereizi ditu: administratzaile-irakaslea, 1. zikloko ikaslea (4-8) eta bigarren ziklokoa (8-12).

 Proiekturako web hau: http://icp.ge.ch/sem/gelibredu  prestatu dute eta bertan, frantsesez, azaltzatzen dute proiektuaren helburuak eta urratsak, hamar arrazoi hezkuntzan software librea erabiltzeko, proiektuaren dokumentu ofizialak, sistema librea eta formatu irekien azalpena, elkarlanerako proiektuak eta eduki libreen gaineko informazioa.

Proiektua oso ondo dokumentatuta dago. Abidibide moduan ikus daitezke:


Eredu falta ez dago Europan.

2014/07/17

Nola egin eta jaso gonbidapen edo hitzordu bat Thunderbird Lightning egutegian

Lightning Mozilla Thunderbird posta bezeroaren egutegi gehigarria da (hemen ikus daiteke nola instalatu eta Gcalendar eta openmailbox.org-eko ownCloud-ekin nola sinkronizatu egutegiak).

Lightning-etik bidali daitezke gonbidapenak postaz eta jasotakoak gure egutegira inportatu. Ikus dezagun nola:

Gonbidapen edo hitzordu bat postaz bidaltzeko:

1- Egutegira joan eta bertan gertaera sortu eta zehaztu (bilera bada gaiordena, aurretik egin beharreko atazak eta abar), era berean gonbidapenarekin dokumentuak eransten ahal ditugu menuko 'Erantsi' elementuaren bidez .





2- Gertaeraren menua 'Gonbidatu partaideak' sakatu eta agertzen den zerrenda gonbidatuak erantsi. Ikono-etiketen bidez zehaz dezakezu gonbidapenaren etiketak eta gonbidatzen ahal ditugu pertsonak zein taldeak, bata zein bestea Thunderbird-en kontaktuetatik hartuko ditu. Ados.


3- Gertaera gorde eta itxi. Gonbidapenak badaude postaz bidaltzea proposatuko digu aplikazioak. Markatu Outlook-eko bateragarritasuna eta baieztu. Mezua automatiko bidaliko da.



Jasotako gonbidapena egutegira inportatu:

Horrelako gonbidapen bat bidaltzen badizute mezuaren goiko aldean mezuak gertaera bat daukalaren oharra agertuko da. Egutegira gehitzeko klikatu.


Egutegi bat baino gehiago baduzu aukeratu beharko duzu zein egutegira gehitu eta ondoren zure egutegira inportatuko da:



2014/07/08

Kolourpaint, Ubuntun Painten antzekoen den aplikazioa

Margotu eta koloreztatzeko badira aplikazio hobeak, hala nola Gimp, Pinta, Krita, txikientzako Tuxpaint, baina hainbat Windowsero ohi faltan dute Paint Linuxera pasatzen direnean. No problem. Paint aplikazioaren imitazio batzu daude Linux/GNUn -GNUpaint, GnomePaint...- baina diferentziaz Windowsekoarekin antza handiena duena eta hoberen dabilena KolourPaint da.



Marrazteko tresnak eta haien jokaera Windowsen antzekoak dira.

KolourPaint  software-zentrotik instala dezakezu edo terminalean honako hau itsatsita:

sudo apt-get install kolourpaint4

Kontuan izan KDE paketekoa dela eta pakete horretako beste aplikaziorik ez baduzu mega dezente deskargatu behar dituela.

2014/07/06

Picaxe: nola instalatu Programing Editor Ubuntun

Mezu honetan ikusiko dugu Picaxe markako txartelak programatzeko Programing Editor aplikazioa nola instala daiteke Ubuntu eta deribatuetan.






1- Programak ez du Linuxerako bertsioa, beraz Wine beharko dugu, Windows-en simuladorea. Ez baduzu instalatua honako hau itsatsi behar duzu terminalean:

sudo apt-get install wine

2- Picaxe-ren Programing editor deskargatu behar duzu. Horretarako Picaxe-ren orriaren deskargetara joan eta bas805.exe deskargatu.

3- Picaxe-ren instalazioa. Deskargatutako fitxategian eskuin klik egin eta ireki Wine-rekin.

4- Ibili ahal izateko mfc40.dll libreria deskargatu eta /home/zure_karpeta_nagusia/.wine/drive_c/windows/system32 karpetan itsatsi
(.wine karpeta ezkutuan dago, ikusi ahal izateko Ctrl+h egin behar dugu fitxategi arakatzailean).

Berrabiarazi ekipoa eta probatu.

Oharra
Mezu hau agertuko balitz: wav32.ocx or one or its dependencies is missing  erregistratuko dugu fitxagia terminalean hau exekutatuta:

wine regsvr32  "C:\windows\system32\wave32.ocx"  

2014/07/04

Ubuntu 14.04: nola sortu abiarazle bat Abioko aplikazioen hobespenentzat Gnome klasikoan

'Abioko aplikazioen hobespenak' erabiltzailearen saioa hastean automatiko ireki behar diren aplikazioak zehazteko aukera ematen duen aplikazio txikia da.



Bere ohiko kokalekua Gnomeren menu klasikoan hau da:  Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Hobespenak, baina Ubuntu 14.04 bertsioan ez da agertzen. Ikus dezagun nola jarri.
Azpian duen aplikazioa gnome-session-properties da. Aski da aplikazio hori terminalean idatzi abiarazteko baina behar duen tokian abiarazle bat jartzeko honela egingo dugu:
Paneleko ezkerrean dagoen Aplikazioak elementuaren gainean eskuin klik egin eta agertuko den 'Editatu menuak' elementuan klik egin, zabaltzen den lehioko ezkerreko panelean zabaldu 'Sistemaren tresnak' eta hautatu 'Hobespenak', eskuineko panelean hautatu 'Elementu berria', izenean jarri 'Abioko aplikazioen hobespenak' eta komandoan gnome-session-properties.

gnome-session-properties aplikazioarentzat abiarazlea sortzen

2014/07/03

Java sustengorik gabe geratu da Windows XP

Oracle enpresak ohar baten bidez esan du ez diola sustengo gehiagorik emango Java 7ri Windows XP-n eta Java 8 ezingo dela XP-n instalatu.

Beste arrazoi bat Linux/GNUra pasatzeko.

Oracleren oharra

2014/07/02

Ubuntu, nola instalatu FET ikastetxeko ordutegiak generatzeko

FET (Free Education Timetables) ordutegiak generatzeko aplikazio libre bat da. Bere web orrian ikus daitezke bere ezaugarriak eta mugak.



FET  instalatzeko:

1- FET aplikazioaren deskarga orrira joan: http://lalescu.ro/liviu/fet/download.html eta bertan klikatu deskargatzeko azken bertsioa (mezua idazteko unean 5.23.1). Aukera emango digu irekitzeko fitxategi kudeatzailearekin edo gordetzeko; irekitzeko esango diogu deskonprima dezan, horretarako Erauzi klikatu eta esan non erauzi behar duen karpeta (demagun Dokumentuak karpetan).



2- Behin deskargatuta eta deskonprimatuta aplikazioa konpilatu behar dugu. Horretarako QT-ren programa bat instalatu behar dugu terminalean hau itsatsita:

sudo apt-get install qt5-qmake

3- Ondoren terminalean sartuko gara deskonprimitu berri dugun fet-5.23.1 karpetan (adibidez Dokumentuak karpetan deskonprimitu badugu):

cd Dokumentuak/fet-5.23.1

4- Eta konpilatuko dugu hurrenez hurren bi komando hauek exekutatuta

sudo qmake
sudo make

Lehenengoa segituan aplikatzen da baina bigarrenak minutu dezente behar ditu.

5- Aplikazioa abiatzeko fet-5.23.1 karpetako fet izeneko fitxategian eskuin klik egin eta 'Ireki'.
Aplikazioetan abiarazle bat eduki nahi baduzu paneleko Aplikazioetan eskuin klik egin eta 'Editatu menuak', Bulegoa taldea hautatu eta 'Elementu berria' klikatu, fitxako izenean FET idatzi eta komandoan arakatu fet-5.23.1 karpetako fet fitxategia.



Oharra:
Instalazio modu horrek zerbaitegatik huts egingo balu ordezko bezala instala dezakezu FET Ubunturen biltegitik. Azkarragoa da baina instalatzen duen bertsioa -mezua idazteko unean bederen- 5.18.0-1 da.


lehenik eta behin egiaztatuko dugu Universe biltegia aktibatuta dugula. Horretarako Sistemaren ezarpenak > Softwarea eta eguneratzeak


Desaktibatuta bazegoen eta aktibatu badugu freskatu behar dugu iturriak, terminalean:

sudo apt-get update

eta FET instalatzeko:

sudo apt-get install fet

Abiarazlerik ez du sortzen, beraz abiatzeko Unity-ren Dash-ean edo, bestela, terminalean idatzi:

fet

2014/06/29

Viking, nola ikusi mapa sateliteko irudiaren gainean

Viking GPS informazioa ikusi eta editatzen duen software libreko aplikazioa da.

Informazioa, ibilbide zein mapak, geruzatan ikusten da.  Ibilbidea ikusi edo sortzean mapa baten gainean edo sateliteko irudiaren gainean egin ohi da baina posible da mapa eta satelite irudiak batera ikusi. Horretarako ibilbidea goiko geruzan egon behar du, mapa haren azpian eta erdi gardena eta beheko geruzan satelite-irudia.



Ibilbide bat mapa eta sateliteko irudiaren gainean egiteko orden hau jarraituko dugu:
  1. Maparen geruza jarriko dugu: Geruzak > Map geruza berria > OpenStreetMap Cicle hautatuko dugu eta geruzaren gardentasuna kontrolatzen duen alfa parametroari 100 balioa emango diogu, gutxi gora behera.
  2. Sateliteko irudiaren geruza jarriko dugu: Geruzak > Map geruza berria > Bing Bird's eye map hautatuko dugu eta azpian jarriko da.
  3. Azkenik ibilbiderako geruza ipiniko dugu: Geruzak > TrackWaypoint geruza berria eta beste bien gainean jarriko da.
  4. Punteroarekin azken geruza hau hautatuko dugu (arrasto-puntua) eta tresna-barran gurutze gorri baten ikonoa duen Sortu ibilbidea aukeratu eta puntuak markatzen hasiko gara.
Edozein gauzagatik geruzen ordena ez bada goitik behera: ibilbidea, mapa eta irudia, ezkerreko paneleko azpiko aldeko geziekin alda dezakegu ordena.

Viking aplikazioari buruz informazio gehiago mezu honetan.

Oharra
Ea topatzen duzun irudian azkaindarrek garo zelaian idatzitako AHTren aurkako mezua

Fritzing, zirkuitu-txartelen diseinu librea

Fritzing zirkuitu-txartel elektronikoak diseinatzeko software libreko aplikazioa da. Elektronika ikasteko tresna oso baliagarria, izan ere, era intuitibo batez batez txartelaren elementuak aplikazioaren biblioteketatik arrastratu, bere ezaugarriak definitu,lotu eta PCB (Printed Circuit Board)  edo zirkuitu-txartela diseinatu, dokumentatu eta ekoizpenerako prestatzeko aukera ematen du.



Fritzing proiektuak harware libreko Processing eta Arduino proiektuekin lotura estua du.

Proiektuak aplikazioaz gain komunitaterako webgune bat (http://fritzing.org) eskaintzen du non dokumentazioa eta tutorialez gain zure proiektuak partekatzeko eta besteenak deskargatzeko aukera ematen du.

Hona hemen aplikazioa ilustratzen duen bideo bat:


Ubuntu eta deribatuetan instalatzeko terminalean exekutatu honako agundu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:ehbello/fritzing
sudo apt-get update
sudo apt-get install fritzing

Windows eta Mac-erako bertsioak hemendik deskarga daitezke.


Fritzing softwarea IDL (Interaction Desing Lab) laborategiak eta Postdamgo Fachhochscule unibertsitateak garatu dute.

2014/06/25

Ubuntu: nola mapeatu ikastetxeko karpetak zure etxeko ekipoan

Bada jendea, hainbat arrazoiengatik, etxeko portatila ikastetxera -edo bestelako lantokira- eramaten duena. Horietako bat bazara eta Ubuntu erabiltzen baduzu etxeko ekipoan honela mapea ditzakezu ikastetxeko karpetak, sartzeko eskubidea dituzunak, jakina.

Lekuak > Konektatu zerbitzariarekin


Ubuntu 12.04 bertsioan konektatzeko leihoa irekiko da, bertan Window-ek partekatua hautau eta azpiko leihoa irekiko da. Bertan zerbitzariko IPa, Domeinuaren izena (EAEko eskoletan h maiuskula eta ikastetxeko zenbakia), zure ikastetxeko erabiltzailea eta pasahitza. Markatu gogoratzeko pasahitza eta kito.


Ubuntu 14.04 bertsioan konexioa egiteko azpiko leihoa irekiko da eta bertan idatzi smb://<zerbitzariaren IPa>

eta azpikoa bezalako leihoa irekiko da. Bertan zure ikastetxeko erabiltzailea, domeinuaren izena (h maiuskulaz), pasahitza jarri -eskolakoa- eta konektatu.


Behin konexioa eginda Ubuntu bertsio guztietan berdin agertuko da mapeatutako karpeta Lekuetan zein Nautilusean.


Urrats berberak segi ditzakezu karpeta pertsonala, ikasleak, orokorra... mapeatzeko.

Kontuan izan mapeatze hauek bakarrik funtzionatuko dutela ikastetxean kablez zein wifiz konektatuta zaudenean, ikastetxetik kanpo konexioa ez da egingo.

2014/06/24

Ubuntu: Samsung netbook-en Fn teklak eta dizdiraren kontrola

Samsung N serietako hainbat netbook edo miniportatiletan Fn tekla sakatuta funtzio teklen kontrola eta geziak sakatuta dizdiraren kontrola ez du funtzionatzen.


in ourtechweb.com

Arazo hori konpontzeko terminalean honako hauek exekutatu hurrenez hurren:


sudo add-apt-repository ppa:voria/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install samsung-tools

Berrabiarazi eta probatu.

2014/06/22

Nola ikusi erabiltzailearen izena panelean Ubuntu 14.04 bertsioan




Ubuntu 14.04 bertsioak erabiltzailearen izena kendu du paneletik.
Erabiltzailearen izena panelean ikusteko ireki terminala eta agindu hau itsatsi eta exekutatu:

gsettings set com.canonical.indicator.session show-real-name-on-panel true

eta, gustukoa ez baduzu, kentzeko:

gsettings set com.canonical.indicator.session show-real-name-on-panel false

2014/06/18

Nola jarri Gnome klasikoa edo Fallback Ubuntu 14.04 bertsioan.

Ubuntu instalatzean agertzen zaigun mahaigain ingurunea Canonical-ek lehenesten duen Unity da. Unity-ren oinarria Gnome klasikoaren aldean ezker aldeko abiarazle barra eta bere Dash dira. Horiek ordezten dute Gnome klasikoaren paneleko menua eta lekuak batetik eta irekitako leihoak kontrolatzeko beheko panela.

Hainbat erabiltzaile oso gogoko duten arren nire ustez Unity-k bi akats larri ditu: batetik ez da oso intuitiboa eta bestetik oso astuna da, ekipo potente samar behar da Unity arin mugitzeko.

Gnomeren mahaigain ingurune klasikoaren antzeko zerbait nahiago baduzu hainbat aukera daude, horien artean Linux Mint banaketa instalatzea bere Cinnamon edo Mate inguruneekin edo Ubuntun bertan Gnome klasikoa jartzea. Ikus dezagun nola egin bigarren aukera.

Lehenik eta behin Gnome klasikoa instalatzeko terminala ireki (Ctrl+Alt+t) eta bertan agindu hau itsatsi eta exekutatu:
sudo apt-get install gnome-session-flashback

Behin instalatuta amaitu saioa eta saioa irekitzeko pantailan, erabiltzaile-izenaren ezkerrean Ubunturen ikurra sakatu eta honen antzeko zerbait agertuko zaizu:
Lehenengo bi aukerak Gnome klasikoarenak dira:
Lehenengoa Compiz erabiltzen du leihoen gestore moduan. Compiz-ek efektu grafiko politak eskaintzen ditu ccsm aplikazioaren bidez (hemen batzuk) baina Unity baino arinagoa izan arren nik ez nuke erabiliko ekipo zaharretan edo netbook-etan. Metacity leihoen gestorea erabiltzen duen Gnome da, alde handiz, Ubunturik arinena.

Ekipo berean erabiltzaile bakoitzak bere mahaigaineko ingurunea erabil dezake eta batetik bestera aldatzea erraza da.

Gnome Flashback Unity-rekiko duen beste abantaila bat da panelak pertsonaliza daitezkeela elementuak sartuz, kenduz edo tokiz aldatuz, hori bai, nahi gabeko aldaketak saihesteko paneletan aldaketak egin ahal izateko Super+Alt+Eskuin klik egin behar dugu haren gainean.

Ezkerrean panelaren ezaugarriak eta eskuinean elementu bat mugitzeko edo kentzeko aukera.


2014/06/09

Kontzeptu mapak VUErekin IKASLEAK karpetatik

Kontzeptu-mapak egiteko aukera ematen duten aplikazioen artean beste mezu batean komentatu nuen VUE aplikazioak nabarmentzeko bi ezaugarri interesgarri ditu:

+ Kontzeptuen arteko lotura edo harremana editatzeko aukera ematen du.


+ Programaziorako fluxu-diagramak egiteko oso egokia da.
Eta gaur aipatu nahi dudan beste ezaugarri bat: aplikazioak ez du instalaziorik behar eta, beraz, aukera ematen du ikastetxeko sarean jartzeko eta bertatik exekutatzeko edozein ordenagailuan. Erregistratu eta sartu ondoren VUE.jar deskargatu  (pazientzia) eta fitxategia sarean koka dezakegu, IKASLEAK karpetan esate baterako.

Ikasleek aplikazioa erabili ahal izateko fitxategia dagoen tokira joan, eskuin klik egin > Irekin honekin > Java aukeratu -berdin du OpenJGK edo Oracle Java-.



2014/06/06

Ubuntu 14.04: nola sortu banaketa propioa

Ubuntu 14.04 instalatu eta moldatu ondoren (aplikazioak instalatu eta desintalatu, software-iturriak ezarri, lightdm aldatu...) posible duzu aldaera horretan oinarrituta banaketa edo distribuzio bat sortu beste ekipotan instalatzeko.

Hona hemen banaketa sortzeko bi aplikazio:

Remastersys.

Distribuzio propioa sortzeko aplikazio honen proiektua abandonatuta dago 2013tik eta jatorrizkoa ez dabil Ubuntu 14.04 baina Franco F.-k dependentziak egokitu eta Ubuntu 14.04 bertsioan eta haren deribatuetan dabilen bertsio prestatu du.

Instalazioa
Deskargatu Remastersys Ubuntu 14.04rako (bestela hemendik)
Behin deskargatuta deskonprimatu zure karpeta nagusian
Ondoren instalatu terminalean agindu hauek itsatsita:
cd home/plus/remastersys
sudo dpkg -i *.deb
sudo apt-get install -f

ISO irudia sortu:
Egiaztatu interneteko konexioa duzula eta terminalean exekutatu:
sudo remastersys dist
Minutu batzuk behar ditu.
EAEko ikastetxe publiko batean egiten baduzu internetera konektatuta egin behar duzu, alegia Juniperren sartuta -ikastetxean Juniper baduzu jakina-.

Irudiarekin instalazio USB sortu:
ISO irudia /home/remastersys/remastersys karpetan dago eta custom.iso izena du (aldatzen ahal duzu iso luzapena mantenduta).
Instalaziorako live-USBa sortzeko Aplikazioak > Administrazioa > Abio-disko-sortzailea aplikazioa erabil dezakezu ISO irudiaren tamainaren araberako USB bat erabilita. Ezabatu diskoa, hautatu aipatutako ISO fitxategia eta markatu "Itzaltzean galdu, zuk beste nonbait gorde ezean".


Bigarren era zure ekipoaren sisteman oinarrituta zabal daitekeen banaketa bat sortzeko hau da:


Systemback


Remastersys-ekin alderatuta aplikazio honek banaketak sortzea gain beste hainbat funtzio betetzen ditu, hala nola  errestaurazio puntuak eta seguritate kopiak sortzea... eta aukera anitzak dituenez bere erabilera Remastersys-arena baino konplexuagoa da.
Aprender con libertad blogean zehazki azalduta dago aplikazioa nola instalatu ondoren nola egin irudia bat eta  irudi hori beste ekipo batean instalatu.
Remastersys-en tankerako banaketa "garbi" bat egiteko  Excluir atalean markatu behar dugu Excluir archivos ocultos de usuario y directorios de puntos de restauración eta Elementos disponibles lehiatilatik Excluir elementos atalera eraman denak.

2014/05/30

luberri_lh-asus_120441 Lehen Hezkuntzako ikasleen Asus ekipoentzako banaketa

Luberri_lh-asus_120441.iso Eskola 2.0ko programa barruan Lehen Hezkuntzako ikastetxeek dituzten Asus notebook ekipoentzako diseinatutako Linux distribuzioa da.





Ubuntu 12.04.4 bertsioan oinarritutako distribuzio honen deskarga, ezaugarriak, instalazio oharrak, instalazio ondorengo ezarpenak eta abar blog honen eskuineko panelean dagoen Luberri banaketa elementuan klikatua agertuko zaizu.

2014/05/29

Kode-eskola Udalab Donostian

EHU-ko Kode_Eskolak zortzi eta hamasei urte bitarteko ume eta gaztetxoentzat Udako Programazio Eskola antolatu du ekainaren 23tik uztailaren 30 arteko goizetan euskaraz edo ingelesez. Antolatzialeek azaltzen dutenez, Udaleku dibertigarri honetan programazioaren hasteapena lantzen, bideo-jokoak sortzen eta istorioak animatzen ikasiko dute.
Egutegia malgua da, astekako izen-ematea eskaintzen du.


Informazio gehiago eta izen-ematea kode-eskola.com orrian.

Ubuntu 14.04 nola kendu teklatuaren adierazlea paneletik

Ubuntu 14.04ko paneleko adierazleetan teklatuarena sartu dute ekipo berean hainbat hizkuntzetako teklatuak erabiltzen duenak ekipoari adierazteko zein hizkuntzetakoa erabili behar duen.
Ohiko erabiltzailearentzat soberan dago eta kotxeko matrikularen Espainako marka ekartzen dit gogora.
Erraz ken daiteke paneletik. Ikus dezagun nola:

Panelean itzaltzeko ikonoa klikatu > Sistemaren ezarpenak > Testu sarrera >
Erakutsi uneko sarrerako iturburua menu-barran desaktibatu...

eta kito Benito.