2021/01/13

Nola gaitu gonbidatua saioa Linux Mint banaketan

Erabiltzaile gonbidatua oso praktikoa da liburutegi, gaztetxe... eta identifikatu gabeko ikasleak erabiltzen dituzten ikastetxeetarako.


Distribuzio nagusiek segurtasun arrazoiak direla medio ezkutatu badute ere hona hemen Linux Minten (Cinnamon eta Mate behintzat) nola aktibatu daiteke. Terminalean itsasi eta exekutatu hurrenez hurren hauek:


sudo apt-get install apparmor-utils
sudo aa-complain /usr/lib/lightdm/lightdm-guest-session

Hori eginda gonbidatu (guest) erabiltzaileak ematen zuen arazoa konpontzen da. Orain aktibatu behar da. Horretarako kontuan izan behar dugu saio-hasierako pantaila (lightdm pantaila) Linux Minten ezarpenetatik konfiguratu daitekeela. Sistemaren ezarpenak > Administrazioa > Saio-hasieraren leihoa  > Erabiltzaileak > Onartu gonbidatu saioak  aktibatu.

Ordenagailua berrabiarazi behar da gonbidatu saioa hasteko. Gonbidatu saioan hastean agertzen da mezu bat gogoan izateko ez gordetzeko informazioa diskoan zeren eta aldiro sortzen du gonbidatu desberdin bat.


2021/01/09

Linux Mint SSL:certiificate_verify_failed errorea paneleko edo mahaigaineko applet-ak deskargatzean

Linux Minten paneleko applet-ak zein mahaigaineko desklet-ak eta gehigarriak deskargatzean cacheko errore hau agertzen bada "SSL:certificate_verify_failed" ematen badu 

 


konponbidea zertifikazioak eguneratzea da. Horretarako terminalean:

apt install --reinstall ca-certificates

Ondoren applet-ak deskargatzeko pantailan freskatzeko botoia sakatu:




2020/12/25

Bilbo eta itsasadarra herenegun eta atzo

 H5P teknologiak eskaintzen dituen elementuetatik Image juxtaposition aukeratuta Bilbo eta bere itsasadarraren argazki bilduma baten hainbat irudi baliatu ditut bi uneko argazkiak konparatzeko. 

Bilduma Bilboko Portuko Agintaritzarako José Luis Remérezek eginak edo bilduak dira. Irudi zaharrak 1880 eta 1950 artekoak dira eta berriak 2000 ingurukoak. 

Alderaketan diferentzia ugari atzematen dira: natura, eraikuntza eta azpiegiturak, jendea... Ikasleekin aukera ederra ikusteko Bilbo eta, neurri batean, itsasadarreko herriek industria herriak izatetik zerbitzu herriak izatera nola pasa diren eta komertzio zein industria nola desplazatu den itsasadarretik betetako Abra aldera. Azken mendeko bilakaera aztertzeko material baliotsua.

Bloger-en segurtasun politika berri baten ondorioz irudiak ezin dira kudeatu blogean, hori dela eta, animazioak sortu ditut.  Irudiak tamaina handiagoa eta alderaketa kontrolatu ahal izateko Moodleko gune honetan egin dezakezu (irudien goiko eskuineko ikurra sakatuta irudiek pantaila osoa hartzen dute eta tamaina arruntera bueltatzeko Esc tekla sakatu).

Erripako kaia 1931




Areatzako kaia 1928

2020/12/21

Gaur Jupiterrek Saturno estali du

 Gaur ortzian Jupiter eta Saturno batera ikusi dira, izan ere, Jupiterrek Saturno estali du.

Stellarium aplikazioaren bidez hurbilduz zehaztasunak ikusi izan daitezke.



2020/12/07

Gabonetako egutegia, H5P jarduera berria

 H5P jarduera berria gehitu du bere bilduman: Advent Calendar edo Gabonetako egutegia. Moodlen jada erabiltzeko moduan dago.

Jarduera honetan eguberri aurreko egunak agertzen dira eta egun bakoitza klikatzean irudi bat agertzen da eta hari lotutako testu, audio. esteka, irudi edo bideo bat abiatuko da. Ideia polita izan daiteke egun bakoitzean ikasle baten irudia jarri eta berak sortutako testu bat edo audio grabazioa jarri -kontakizuna, abestia, desira...-.


Atzeko planoan irudi bat jar daiteke, egun gehiago gehitu daitezke eta elur efektua. 

Berez, Gabonetarako pentsatuta badago ere beste egoeretan ere erabili daiteke: oporrak, korrika...


2020/12/05

Pavel Durov: Gutxiago kontsumitu. Sortu gehiago. Dibertigarriagoa da.

Atzo Pavel Durov Telegram sarearen sortzaile eta garatzaileak hazkundearari eta desazkundeari buruzko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen: Consume Less. Create More. It’s More Fun. 

Wikimedia

 

Hona hemen haren itzulpena (automatikoa eta gainetik zuzenduta):

 

Gutxiago kontsumitu. Sortu gehiago. Dibertigarriagoa da.

Pavel Durov, 2020ko abenduaren 04a


Korporazio handiek marketina erabiltzen dute gure arazo guztiei irtenbidea beraien gauza gehiago erostean datzala pentsarazteko.


Benetako irtenbidea guztiz kontrakoa izan ohi da: gutxiago kontsumitzean datza, ez gehiago. Gehienetan, gure arazoak gehiegizko kontsumoak eragiten ditu.


Adibidez, gehiegizko pisua baduzu, gimnasiorako harpidetzak edo janari osagarriak jasotzeko iragarkiak bonbardatuko zaituzte. Pisua galtzeko gakoa gutxiago jatea da, ez zapata berriak eta proteina hautsa.


Edo, buruko minekin eta estresarekin borrokatzen baduzu, buruko mina pilulak eta antidepresiboak saltzen saiatuko dira. Baina estresa benetan murrizteko, lo egiten eta gehiago ibiltzen hasi beharko zenuke entretenimendu produktuak kontsumitu beharrean eta sare sozialetan gauez arakatu beharrean. Pilulak ez dira inoiz konponbide iraunkor izateko diseinatu: denborarekin indarra galtzen dute eta, aldi berean, pilula gehiago beharko dituzten bigarren mailako efektuak eragiten dituzte. Kontsumoaren amaierako bidaiari ekin ondoren, miserableak eta korporazioak zoriontsu izan daitezen diseinatutako tranpa batean sartuko zara.


Eboluzioaren bidez, Ama Naturak baliabideen defizitak modu eraginkorrean aurre egiteko ekipatu gaitu, baina ez gaitu sekula prestatu bizitzarako orain dugun ugaritasun erlatiboan. Gaur egun, jende gehiago hiltzen da gizentasunagatik goseak baino, eta jende gehiagok sufritzen du informazio gainkargak eragindako antsietatea albiste faltak baino.


Giza DNA, gure hardwarea, zaharkituta dago. Duela 10.000-20.000 urte inguru eboluzionatzeari utzi zion oraindik ehiztari-biltzaile komunitate txikietan bizi ginenean. Orduan, ziztada goxo eta informazio bakoitza oso baliotsua zen. Orain hiri handietan bizi gara, tona azukre merkez inguratuta, baina gure DNAk ez daki hori. Gure gorputzak oraindik ere gehiegizko gantza pilatzen du inoiz etortzen ez diren negu gose gogorrak prestatzeko. Gure adimena inoiz gauzatzen ez diren mehatxuak kontatzen dizkiguten albiste kezkagarri guztietara atxikitzen da.


Paradoxa biologiko hori okerragotu egiten du gure sistema ekonomikoak, BPGaren hazkundea eta enpresen mozkinak maximizatzen dituena. Gobernuek eta korporazioek jendea kontsumoa handitzera animatzen dute. Ez da kasualitatea AEB, XX. mendean hazkunde ekonomikoan nabarmendu zen herrialdea, munduko herrialde garatuen gizentasun maila handiena izatea ere.


Merkatuak bultzatutako gizartea eraginkorregia bihurtu zen bere onerako. Sistema hau gizakientzat kaltegarria izateaz gain, epe luzean jasanezina da. Enpresa goseak ez bezala, gure planetako baliabideak finituak dira. Espezie gisa, oso eraginkorrak bihurtu ginen behar ez ditugun gauzak egiten eta saltzen, baina planeta da faktura ordaintzen duena. Gure gorputzak oraindik ere espero du duela 10.000-20.000 urte bizi ginen ingurune bikainean bizitzea, baso berdez eta laku garbiz betea. Hazkunde ekonomikoaren etengabeko bilaketan gure habitata suntsitzen jarraitzen dugunez, kutsadurak eragindako gaixotasunen kopuruak gora egiten jarraitzen du.


Zorte handia izan nuen aberastu nintzenean. 22 urte nituenerako, milioi bat dolar nuen nire bankuko kontuan, 25 , 28 , ehunka milioi. Baina horrek ez nau inoiz zoriontsu egin.


Nire benetako zortea nahiko goiz konturatu nintzen lanbide aberasgarriena gauzak sortzea dela, ez kontsumitzea. Beraz, yateak, hegazkinak eta ondasun higiezin garestiak erosi beharrean, gehien gustatu zitzaidanari erreparatu nion: gizateriari onura ekarriko dioten plataforma sozialak sortu (zorionez). Nire fondo pertsonal gehienak Telegram-en gastatu ditut jendeak perfekzioa lortzeko ahalegintzen den doako zerbitzuaz gozatzeko.


Besteei gauzak sortzeko gaitasuna iruditzen zait baliotsuena... eta nirea berreskuratzea. Uste dut aberastu egin nintzela maite dudana egiteko... dirua ez delako inoiz helburu garrantzitsua izan niretzat.


Ikaslea nintzenean, jolasak eta webguneak eraikitzea gustatzen zitzaidan. Orduan, frikientzako lanbidetzat hartzen zen. Etorkizun handiko ikasleei zuzenbidea praktikatzea edo negozio kasuak ebaztea espero zen. Baina inoiz ez zitzaidan axola besteek nola definitzen zuten arrakasta. Niretzat arrakasta gustatu zitzaidan gauzak sortzen denbora pasatzeko gaitasunean zegoen.


Ez naiz damutzen jende aberatsak bere burua inguratzea nahi duen gauza garestia ez erosteaz. Dudan damu bakarra gauzak sortzeko denbora gehiago ez izatea da.


Giza sormenerako aukerak amaigabeak diren garaian bizi gara. Robotak asmatu, geneak editatu, mundu birtualak diseinatu ... Hainbeste inguru ezezagun zirraragarri esploratu daitezke. Espero dut jende gehiagok besteentzako gauzak sortzearen gozamena ezagutzea. Espero dut egunen batean, gu, espezie gisa, amaierarik gabeko kontsumoaren bide autosuntsitzailetik urruntzea guretzat eta ingurukoentzat mundu hobea sortzeko bidaia betetzera.

 


2020/11/30

Eskolan bideo bikoizketak egiteko laguntza

 Eskolan bikoizketak egitea ahozko komunikazioa eta gaitasun digitala lantzeko modu dibertigarria izan daiteke. 2020ko Durangoko Azokarako Yeray Varelak tailer interesgarria prestatu du.

Bikoizketak egiten ikasi nahi?

 


 Mezu honen helburua tailer hori praktikan jartzeko aholku praktiko batuk ematea da.

Lehenengo urratsa: erabaki zer sekuentzia bikoiztuko duzun. Hainbat aukera dago: 

  • dokumental bat edo haren zatia: erraza ez baitu sinkronizazio konplikaturik eskatzen.
  • animazioa, marrazki bizidunak: sinkronizazio gehiago eskatzen du.
  • filma: sinkronizazio eta ahoskera aldetik konplikagoa.

Sekuentzia hautatzean gogoan izan behar duzu zenbat pertsonai agertzen diren sekuentzian, izan ere, grabazio bakar batean egin baduzu ahots beste bikoizlari egon behar dute. Bestela, pertsona batek ahots bat baino gehiago egin dezake baina, kasu horretan, agian grabazio bat baino gehiago egin behar duzu eta gero gainjarri. Irakaslea bazara beste gauza bat kontuan eduki behar dena da jardueraren helburua, horren arabera bilatuko dugu sentimenduak edo bestelako komunikazio baliabideak lantzeko balio duten sekuentziak.

Behin sekuentzia hautatuta, haren transkripzioa egin eta euskaratu beharko duzu. Zentzu horretan, lagungarria izan daiteke azpitituluak.eus web orriko filma aukeratzea zeren eta, azpitituluak deskargatuta, lan hori egina edukiko duzu. Web horretan film mota desberdina daude, horien artean klasiko mordo bat.


 Diskoan sortu karpeta bat proiektuaren izenarekin deskargatu eta sortuko dituzun fitxategiak txukun gordetzeko.

Deskargatu filma eta euskarazko azpitituluak (.srt) eta gorde proiektuaren karpetan.

Behin filma eta haren euskarazko azpitituluak dituzula, interesatzen zaizun sekuentzia edo bideo-klipa erauzi behar duzu. Horretarako bideo-editore bat behar duzu, esate baterako, libre, errazak eta euskaldurnak OpenShot-qt edo Kdenlive. Mezu hau dokumentatzeko OpenShot-qt erabili dut.

Kargatu filma bideo-editorera. 

Bilatu sekuentzia interesgarri bat eta hasiera eta bukaera moztu. Apuntatu paper batean hasierako eta bukaerako denbora gero haren azpitituluak bilatzeko. Ebaki sekuentzia.


Kendu aurreko eta ondorengo zatiak.

 

Sekuentzia denbora-lerroaren hasierara eraman eta gorde izen honekin: "hautatutako sekuentzia jatorrizko bertsioa".

Bereizi bideo eta audioa. Horretarako klipean eskuin klik egin eta bereizi audioa kanal bakarrean.

Audioa bigarren pistara eraman eta gorde.


Orain audio hori fitxategi batera esportatuko behar duzu bertatik jatorrizko ahotsak kentzeko. Horretarako ezabatu bideoa audioa bakarrik uzteko eta gorde honela "sekuentziaren audioa". Esportatu audioa ogg-vorbis formatuan. Horretarako:

  • Esportatu edo errendatu bideoa sakatu (tresna-barrako botoi gorria) .
  • Helburua Ogg (vorbis)
  • Aurreratua fitxan: audioa bakarrik.




Audio horretatik jatorrizko ahotsak kendu behar dituzu. Horretarako ireki https://vocalremover.org/es/ web orria, kargatu esportatutako ogg audioa eta Eliminar voces hautatu. Webak bereiziko ditu batetik soinuak ahotsik gabe (Música) eta bestetik ahotsak (Voces). Zuri lehenengoa bakarrik interesatzen zaigu baina, bada ez bada, biak gorde egoki izendatuta proiektuaren karpetan.


Hurrengo urratsa bikoizketarako testua prestatzea da. Azpitituluen fitxategia (.srt) baduzu, bera ireki, hautatu sekuentziaren azpitituluak (gogoratu sekuentzia moztean apuntatu zenituela denborak), kopiatu eta testu prozesadore batean itsatsi. Pertsonai bakoitzaren testua kolore batez koloreztatu, txukun jarri, gorde eta kolorez inprimatu pertsonai beste kopia eginez.

 

Arkatzaren unea: gidoi horren gainean, noski, egokitzapenak egin daitezke naturaltasuna, sinesgarritasuna, adierazgarritasuna... hobetzeko, edota, denborara egokitzeko.

Grabazioa da datorren pausoa.

Grabazioa egiteko audio editore bat behar duzu, esate baterako libre,erraz eta euskalduna: Audacity. Bertan ahotsik gabeko audioa inportatu eta, pista berri batean, grabazioa egingo duzu. Pertsonak batek bi aldi berean hitz egiten duten bi pertsonai bikoizten baditu bi grabazio egin beharko dituzu. 


 Grabazioa egiteko bi pantaila erabiltzen ahal dituzu (bideo eta audio-editorea) edo, pantaila bakarra baduzu, bi leihoak pantailaren alde banatan azpiko irudian ikus daitekeenez. Saiatu behar zara  bideo erreprodukzioa eta grabazioa atzerapenik txikienarekin abiatzen.

 

Egindako grabazioa bideoarekin batera erreproduzitu eta, behar izanez gero, doikuntzak egin beharko dituzu: alde batera edo bestera mugitu, bolumena igo edo jaitsi (efektua > anplifikatu)  eta, behin grabazioari balekoa iristen diozunean, mp3 edo ogg formatura esportatu. Ondoren, fitxategi hori bideo-editorera inportatu eta audiorik gabeko kliparen parean jarri. Ondo ezkontzen badira bideoa esportatu mp4 edo webm formatura.

Voila!!


2020/11/19

Nola instalatu Luberri Eskola 2.0ko TTL mini-eramangarrietan

(2021/11/ 21ean eguneratuta)

EAEko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan Hezkuntza Sailak Eskola 2.0ko 2009ko ASUS Eee PC zuri berdeak ("matxinsaltoak") erretiratu eta 5. mailarako TTL markako notebook edo eramangarri txikiak hornitu ditu.

2020koek etiketa zuria dute:

Ordenagailuaren ezaugarriak

Prozesadorea:  Intel Celeron N4120 Gemini Lake (lau nukleo 1,1Gh)

RAM: 8 GB  

Biltegia: 240 GBeko SSD diskoa

Wifia: RTL8411







240 GBeko diskoa horrela dator partizionatua: sistema eta datuak partizio bana Windows eta Linuxerako, bakoitzak 111,5GBkoa.

Zergatik instalatu Luberri datorren Ubunturen ordez? Bi arrazoi nagusi daude 

  • Luberrik domeinuan integratzeko aukera ematen du. Horri esker ezagutzen ditu ir, ik eta ad domeinuko erabiltzaileak eta nork bere, IKASLEAK, IRAKASLEAK, ADMINISTRAZIOA edota OROKORRA karpeta partekatuak erabil ditzake.
  • Luberrik testu, irudi, audio, bideoa lantzeko eta hezkuntzarako propioak diren hainbat aplikazio ditu instalatuta (ikusi bere aplikazio nagusiak). Horri esker edozein zereginetarako erabili daiteke programarik instalatu gabe.

Luberri instalatzeko distribuzioa deskargatu eta instalazio USB bat prestatu behar da UEFIrekin bateragarria jarraibideetan deskribatzen den moduan.

Modelo honetan USBtik abiatzeko F2 sakatu > Boot Manager (abioaren kudeaketa) eta bertan EFI Boot Devices zerrendan erabiltzen ari garen USBaren markan klik egin dut.


Systembacken menuan bigarren aukera egingo dugu: installer

Administratzailearen datuak eta ordenagailuaren izena zehaztu ondoren partizioen esleipen leihoa agertuko zaigu, bertan:

a.- 100MBeko Linuxerako boot-efi partizio bat sortu gehitu behar dugu. Horretarako 118GB ext4 partizioa ezabatuko dugu eta espazio horretan sortuko dugu 100MB partizio bat eta gainerako espazioan beste bat ext4 formatukoa.

b.- Sortutako bi partizio horiei esleituko diegu:

  • 100MBekoari  boot-efi esleitu (gezi zuzen berdea klikatua onartuko dugu).
  • 118GBekoari "/" esleitu eta onartu.

Bi esleipen hauek eginda Next sakatu eta instalazioa burutuko da.



Lehenengo inpresioa da errendimendu interesgarria duela. Celeron 4120 prozesadorea eta SSD diskoa oso errendimendu interesgarria ematen du kontsumo gutxirekin (6 bat ordu markatzen du bateriak). Luberrik 55 segundo behar izan ditu arrankatzeko eta 1GB RAM jaten du abiatu berria.


Wifia, bluetooth eta touchpada ondo funtzionatzen dute eta funtzioen teklak (soinua igo eta jaitsi, distira igo eta jaitsi eta abar ondo funtzionatzen dute.


Ez dakit, aurrekoen antzera, hamar urte iraungo duten martxan baina orain erabiltzeko oso katxarro interesgarriak dira. On dagizuela.


2021ekoek etiketa beltza dute:

Ezaugarri antzekoak dituzte eta hainbat diferentzia: BIOS desberdina eta ext4 partiziorik ez dute.

Hauetan Luberri instalatzeko Luberriren USBa sartuko dugu, piztu eta Supr tekla sakatuko dugu BIOSean sartzeko.

Behin BIOSean gaudela menuko Boot fitxara joan eta zerrendako beheko partean hautatuko dugu UEFI eta USBaren marka duen elementua.

Behin USB bidez abiatzen denean Live moduan sartuko gara, Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Gparted eta  Windowsen partizioa handia txikiagotuko dugu (erdiarekin nahiko izango da). Sortutako hutsunean sortuko dugu:

  • 100MBeko Fat32 partizio bat
  • Gainerakoan beste bat geratzen den espazio osoarekin eta Ext4 formatua.

Aplikatu aldaketok.

Ondoren Linux instalatuko dugu: Sistemaren tresnak > Systemback > System Install.

Administratzaileren eta ordenagailuaren datuak sartu ondoren partizioetan instalatu beharrekoa zehaztuko dugu:

  • 100MBekoan Boot-efi
  • Ext 4 partizioan /, alegia Linux

 Instalazioa bukatzen denean esango diogu berrabiarazteko ordenagailua eta, garrantzitsua, berrabiaraztean Supr tekla sakatuko dugu BIOSean sartzeko. Menuko Boot fitxan joango gara HDren UEFIen ordena aldatzera: lehenengoa agertzen da Windows eta bigarrena Ubuntu. Lehenengoan sakatu eta Ubuntu hautatu. Gorde eta utzi abiarazten.

Kitto.

2020/11/12

Biderketak lantzen faktorizazioaren bidez

 Phet simulazioak oro har zientziak eta bereziki fisika eta kimika lantzeko webgune oso interesgarria da. Bertan berrehundik gora aktibitate daude euskaraz ondo katalogatuta. 

 Aktibitateen bidez ikasleek hainbat fenomeno eta eragiketa esperimentatu eta praktikatu dezakete. Garai batean flash formatuan zeuden baina gaur egun guztiz gehienak HTML5 formatuan (nabigatzailean bertan aritzeko) edo Java formatuan (deskargatzeko) daude.

Orokorrean maila DBHtik gorakoa da, dena den ariketa askok maila desberdinetan lantzeko aukera ematen dute.

 Atentzioa eman dit, esate baterako, biderketak eta zatiketak lantzeko faktorizazioaren bidez lantzeko ariketa.

Modu digitalean egiten diren ariketa eta produktu askok ez dute gauza handirik ekartzen, berdin edo antzeko egin daitezke analogikoan baina Phet simulazioek aukera ematen dute esperimentatzeko laborategirik gabe, kosturik gabe, arriskurik gabe.


2020/10/22

Atkinston Hyperlegible: ikusteko zailtasunak dituztenengan pentsatutako letra mota

Ez dira gutxi ikasleen artean ikusteko zailtasunak dituztenak eta, zer esanik ez, guraso eta irakasleen artean. Zenbait letra mota estetikan zentratzen dira eta, batzuetan, esate baterako, l eta 1 ez dira erraz bereizten. 


Irakurgarritasuna du helburu Braile Institutuaren aterkipean Applied Design Works-ek diseinatu duen Atkinston Hyperlegible letra-motak, karaktereen arteko nahasteak ekidinez. Zailtasunak ditugunok eskertzen dugu, eta ez dutenek zenbait dokumentutan testuak argiago bereiziko dituzte.

Letra mota hau 27 hizkuntzekin bateragarria da eta doan deskargatu daiteke esteka honetan: 

Atkinson Hiperlegibleren deskarga

Instalazioa

Deskargatu ondoren zip formatuko fitxategia erauziko dugu eta karpeta hau izango dugu:

GNU/Linux, Mac eta Windowsen instalatu daiteke. Lau aldaki ditu: erregularra, lodia, etzana eta lodi-etzana, eta hainbat formatutan. Ubuntu eta deribatuetan otf edota ttf formatua dutenak instalatu daitezke. Oinarrizko instalazioa aldaki erregularrarena da baina aukera gehiago izateko laurak instalatu daitezke. Aipatu formatuetan klik bikoitza egin eta horrelako leiho bat irekiko da. Instalatu botoia sakatu.


2020/10/19

Moodle: "etxekoak" taldea

Ikasturte honetan eritasunak eta konfinamenduak direla eta, ohikoa bihurtzen ari da hainbat ikasle etxean edukitzea. Horiekin Moodlen komunikazioa errazteko modu bat izan daiteke talde propio bat sortzea.


 Ikastaro bateko etxeratuekin taldea sortuta aukera izango dugu taldeari:

  • mezuak  bidaltzeko
  • baliabide edo jarduera espezifikoak eskaini eta eskatzeko.

Taldea ikasle bat edo batzuk osa dezakete.

Nola sortu taldea:

Irakasle moduan saioa hasita, ezkerreko menu tolesgarrian:

Partaideak > Engranajea > Taldeak > Sortu taldea eta, ondoren, banan bana, gehitu ikaslea(k) taldeari. 

Nola talde honek altak eta bajak maiz izango dituen, Partaideak taulako Taldeak
zutabean egin dezakegu azkarrago egunez eguneko kudeaketa.

 

 

 

 

 

 

 

Zertarako erabili dezakegu taldea?

  • Mezu orokorrak bidaltzeko etxekoei. Mezu horiek foroaren bidez bidaliko
    Ahots eta bideo mezuak

    ditugu "etxekoak" taldea aukeratuta (horretarako foroaren ezarpenetan, moduluaren ezarpen komunetan, ezarrita eduki behar duzu "taldeek elkar ezin ikusi" parametroa). Taldea aukeratuta mezua etxekoei soilik iritsiko zaie. Kontuan izanik mezua idazteko HTLM editorea erabiliko dugula (Atto editorea bada hainbat hobe), mezua testuz osatzen ahal dugu baina beste aukera oso interesgarria da audio edo bideo mezuak bidaltzea. Mezu hauek bi minutuko muga dute. Bi minutu nahikoa ez bada audio edo bideo bat baino gehiago jar dezakegu edo aparte grabatu eta fitxategi bezala erantsi.






  • Baliabide edo jarduera espezifikoak jarri etxekoei, gainekoek Moodleko ikastaroan ikusi gabe. Baliabide edo jardueraren ezarpenetan Mugatu eskuragarritasuna irudian ikusten den bezala:

 Etxekoak taldekoek soilik ikusiko dute. Irakasleak horrela ikusiko du:


2020/10/17

UEMA: hizkuntza paisaia kartelez aberazten

UEMA erakundeak, Udal Euskaldunen Mankomunitateak, merkataritzaren, ostalaritzaren eta, oro har, zerbitzuen sektorearen hizkuntza paisaia kartelen bidez aberasteko zerbitzuari bultzada emateko ekimena abiatu du.


Ekimena aurkezteko bideo hau eta web orrian jarri duten kartelen erakusketa prestatu dute:

uema.eus/kartelak/

Merkatarientzat ez ezik eskoletarako ere material interesgarria bada, ikasleekin esate baterako janarien hiztegia lantzeko janarien inguruko kartelen bidez.

Bide batez janarien diaporama edo diapositiba pase horrek aukera ematen digu bururatzeko H5Pren slider jarduera interaktiboak, Moodleen  zer aukerak eskaintzen dituen.

Eskerrik asko UEMAri kanpainagatik eta prestatutako materialagatik.

 

 

Oharra irakasleentzat:

Gelan bideoa astiro ikusteko youtubek engranajea sakatuta bideoaren erreprodukzio abiadura kontrolatzeko aukera ematen dizu. Bestela deskarga dezakezu eta VLC ikustailearen bidez ere kontrola dezakezu erreprodukzio abiadura.




2020/09/28

Xournal++: interfaze interesgarriak

Xournal++ erabilgarritasun handia duen aplikazio librea da:

  • ikasgelan, arbel digitalerako edo monitorerako, arbelaren funtzioa egiten du.
  • bulegoan pdf dokumentuen gainean editatzeko
  • tele-ikaskuntzan, bideo-tutoriala eta bideokonferentzietan arbelaren funtzioa betetzeko.

Funtzio horiek hobeto betetzeko interfazearen aukerak ezagutzea eta kontrolatzea merezi du. Ezarpenen bidez bere funtzionalitatea handitzeko hainbat parametro proposatzen dizut, jakinda ezarpena kontuak pertsonalak direla. Hauek dira, lehenetsitako interfazea, ondoko irudian agertzen dena, 

 

Xournal++en ohiko interfazea

Hobetzeko proposamenak. 

1- Ezarpenetan: Editatu > Hobespenak

Ikusi atalean: batetik gai iluna erabiltzen baduzu -Luberri 20.04n gertatzen den bezala- tresna batzuk beltzak beltzaren gainean gaizki ikusten dira. Kasu horretan markatu gai iluna eta trena horiek zuriak beltzaren gainean ikusiko dira. Ados sakatu eta aplikazioa itxi eta berriro irekitzean inplementatuko dira.

Bestetik, hainbatetan, ez dago argi kurtsore-punteroa non dagoen. Kurtsore handia -big pen icon- jartzea komeni da.

Lanerako bi ikuspegi erabiliko ditugu gehien bat: pantaila osoa ikuspegia arbel zuri eta pdf-en edizioan, eta aurkezpen modua forma etzaneko pdf aurkezpenetarako. Bietan, nire ustez, menu barra eta ezkerreko alboko panela soberan daude.



2- Menu nagusiko Ikusi atalean tresnak hobeto ikusteko ezkerrean eta bi barretan jarri ditut:

Ikusi > Tresna barrak > Right hand note taking


Era horretan azpiko irudian ikusten den bezala geratzen da interfazea eta bertan markatu dut non dauden pantaila osoa ikuspegia eta aurkezpen ikuspegia.

Irudi honetan ikusten da batetik tresnen aukerak nola ikusten diren hobeto Right hand not taking moduan, bestetik gai ilunean formak nola ikusten diren hobeto zuria beltzaren gaienean eta, azkenik, lanerako nola desagertu diren menua eta orrien miniatura erakusten dituen ezkerreko alboko panela.


2020/09/18

Luberri_20.04.00 deskargatzeko prest.

Luberri, hezkuntzarako prestatutako GNU/Linux distribuzioa, Ubunturen erritmoari segika bi urtean behin bertsio berritze nagusi bat izaten du.

Bertsio berritze hau aldaketaz zamatuta dator. Handiena da mahaigainekoa Gnome klasikoaren itxura zuen Gnome Flashback utzi eta Linux Mint Cinnamon mahaigaina erabiltzen duela. Dena den saiatu naiz aurreko itxura mantentzen aldaketa bortitza izan ez dadin.

Bideo honetan ikus daitezke ezaugarri nagusiak, gehien bat luberri_18.04rekin alderatuta.



Aldaketa nagusiak:

  • Mahaigaina: Linux Mint 20 Ulyana
    • Gaia: Mint-Y-Dark
    • RAM kontsumoa aplikazioak ireki aurretik: 800MB inguru.
  • Aplikazioak: 
    •  Berriak: Matematikarako KBruch, KGeography, eskemak egiteko  Tux Paint...
    • Ordezkapenak: Xmind-en ordez Minder, Gedit-en ordez Xed, Nautilusen ordez Nemo, Gtumb-en ordez Pix, Flameshot-en ordez Ksnip, KolourPaint-en ordez Drawing, Curlew-ren ordez Handbrake...
    • MasterPDFeditor kenduta aplikazio guztiak software librekoak dira eta euskaraz daude.
    • Joan direnak: Chromium ez da kabitu.

Deskargatzeko tokia eta instalazio jarraibideak orri honetan:

Luberri instalazioa

  

Norbaitek Luberri instalatu ondoren Chromium gehitu nahi badu terminalean honako agindu hau exekutatu behar du:

    sudo apt update 

    sudo apt install chromium

 

Bestetik, Luberri_20.04.00 instalatzen baduzu Luberri_18.04 edo 16.04ren ondoren  /home partizioa formateatu gabe, ordenagailu horretan ibilitako erabiltzaileei mahaigainak Linux Mint arruntaren itxura hartuko die eta Luberriren itxura hartzeko egin behar dute:

- Ezarpenetan: Gaiaren elementu guztiak Mint-Y-Dark

- Panela gora eraman eta editatu: Menu appleta kendu eta Mint Menu jarri; Nemo eta Firefox panelera, Windows appleta, erlojua erdira, Last files appleta eta User appleta (konfiguratu izena agertzeko).  


Etxean instalatuz gero, instalatu ondoren komeni da bi aplikazio desinstalatzea zeren eta etxean ez dira erabilgarri eta saio hasierak moteltzen dituzte. Terminalean agindu hau exekutatu:

    sudo apt remove pbis-open libpam-mount

Gogoan izan zalantzak, iruzkinak eta iradokizunetarako posta-zerrenda bat dagoela: https://framalistes.org/sympa/info/luberri. Bertara idazteko zuzendu mezua luberri@framalistes.org

2020/08/26

Nola instalatu Systemback 1.9.4 Debian 10, Ubuntu 20.04 eta Linux Mint 20an

Systemback GNU/Linuxen sistemaren babeskopiak eta instala daitekezkeen irudiak egiteko aplikazioa da. Une honetan Franco Codini arduratzen da haren mantenuz.

Debian 10 eta Ubuntu 20.04n instalatzeko segitu hurrengo urratsak:

Deskargatu Sourceforce-tik

Ireki artxibo-kudeatzailea konpresorearekin dagoen karpetatik:

tar xvf systemback-install_pack-1.9.4.tar.gz

Sartu erauzitako systemback-install_pack-1.9.4 karpetan eta eman instal.sh fitxategiari exekutatzeko baimena

chmod +x install.sh

eta exekuta ezazu

sudo ./install.sh
 

Instalazioan Ubuntu Mate-n eta Linux Mint-en aukeratu bigarren aukera, Ubuntu 20.04. Bi distribuzio horietan USBarekin abiatzean "(initramfs) /cow format specified as aufs and no support found” edo "(initramfs) /cow format specified as 'overlay' and no support found" erroreak ez gertatzeko urrats hauek gehitu behar dira:

sudo apt-get install unionfs-fuse

sudo apt-get install live-boot
sudo apt-get remove casper

eta berrabiarazi:


sudo reboot


2020/08/12

VokoscreenNG bideo-tutorialak egiteko aplikazioa orain euskaraz

Lineako eskolak emateko hezkuntza-plataformak, bideo-konferentziak eta bideo-tutorialak egiteko aplikazioak oinarrizko elementuak dira.

 Bideo-tutorialak zein zuzeneko transmisioak egiteko OBS Studio da aukera osatuenak eskaintzen duen aplikazioa. Berarekin batera beste izar bat dago: VokoscreenNG, aurrekoa baino aukera gutxiago eskaintzen baditu ere nahikoa izaten da, oso sinplea da erabiltzen eta kalitate handia eta tamaina txikia duten bideoak sortzen ditu.

Albistea da VokoscreenNG aplikazioa -lehen Vokoscreen izena zuena- orain itxura berritu duela (QT eta Gtreamer erabiltzen du) eta euskaraz dagoela.

Bideo-tutorial honetan ikusten ahal da bere itxura eta nola konfigura daitekeen:


 

Instalazioa

Aplikazioa Linux zein Windows-en funtzionatzen du. Windows bertsioa hemendik deskargatzen ahal duzu. 

Ubuntu, Linux Mint edo deribaturen bat erabiltzen baduzu aplikazioa instalatzeko ireki terminala (Ctrl+Alt+T) eta, hurrenez hurren, exekutatu agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:ubuntuhandbook1/apps

sudo apt update

sudo apt install vokoscreen-ng

 

Oharra:

Bideo-tutorialak egiteko edozein aplikazioarekin produzitzen hasi aurretik probatu behar dira ezarpenak, besteak beste audioren bolumena eta abar. Egin proba txiki batzuk eta, dena zure gustura dagoenean, hasi produzitzen.

Proiektuaren webgunea.

Beste aplikazio interesgarriak Linuxerako.