2011/06/28

Unity dela eta Ubuntuk distroen lidergoa galdu du



Distrowatch orriaren arabera Ubuntuk galdu du azken urteetan Linuxen banaketen artean izan duen lidergoa eta postu hori hartu duena Ubuntun oinarritzen den LinuxMint distribuzioa da.

Argi dago kolpearen arrazoia Unity interfazea dela. Unityrekin Canonical enpresak smartphonen itxura eta jokabidea bilatu erabiltzaile berriak irabaztearren baina badirudi Linux erabiltzaile esperientziadun askok ez dutela ongi hartu aldaketa eta beste banaketara jo dutela.

2011/06/25

Ubuntu: fitxategiak ezabatu memoria txarteletik, USB memoriatik edo kanpoko disko batetik

USB memoria batetik, txarteletik, USB disko batetik edo sareko unitate batetik fitxategi bat ezabatzen dugunean ez da desagertzen eta ez du tokia askatzen, aitzitik .trashxxxx izeneko zakarrontzi-karpetara joaten da -non xxxx ezabaketa egin duen erabiltzaile-zenbakia den-. Zakarrontzira joateak bere onurak ditu, besteak beste ezabatutako fitxategiak berreskuratu ahal izatea; baina zakarrontzi hauek ezkutukoak dira, ez dira ikusten, eta gerta daiteke ustez hutsik dagoen memoria-txartela kargatu argazki kameran eta argazki gutxi batzuk eginda "txartela beteta" mezua agertzea edo pendrivean ustez sartu behar zen informazioa aski tokirik ez izatea.

Soluzioa; bat baino gehiago:

  • Gailua -dela txartela, pendrive, usb-diskoa, atera baino lehen arakatzailean desmuntzateko esaten badugu leiho bat aterako da zakarrontzia hustea nahi ote dugun. Baietz esaten badugu tokia libratzen da.
  • Beste aukera bat tarteka zakarrontzi hauek ezabatzea da. Horretarako gailua ireki eta ezkutuk fitxategi eta karpetak ikustea eskatu (Ikusi > Erakutsi ezkutuko fitxategiak) edo Ctrl+h egin. Behin agerian agertzen direla delako .trash horiek, hauta eta ezaba itzazu.

  • Bururatzen zaidan hirugarren aukera Nautilus arakatzailean benetako ezabaketa gaitzea da. Horretarako arakatzailea irekita dugula menuan egingo dugu Editatu > Hobespenak > Portaera eta atal honen beheko partean dagoen "Sartu zakarrontzia saltatuko duen "Ezabatu" komandoa" aktibatu. Hori eginez gero edozein fitxategi edo karpetan eskuin klik egitean "zakarrontzira bota"ren azpian "ezabatu" agertuko da. Bigarren aukera honez erabat ezabatzen du, zakarrontzitik pasa gabe. Antzeko emaitza du objektua hautatu ondoren Shift+Supr egiteak.





Irudiak Open Clip Art Librarytik hartuak.

2011/06/24

Nola instalatu Firefox 5 Ubuntun.

Gaur jarri dute Firefox 5 bertsio egonkorren biltegian, beraz instalatu nahi baduzu aski duzu Firefoxen PPA instalatzea era honetan: ireki terminal bat (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala, edo Ctrl+Alt+t) eta exekutatu, hurrenez hurren, agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/firefox-stable
sudo apt-get update
sudo apt-get upgrade
sudo apt-get install firefox-locale-eu 

Lehenengo aginduak Firefoxen bertsio egonkorren biltegia instalatzen du; Firefox 4 instalatzeko jarri bazenuen nahiko izango duzu azken bi aginduak exekutatzea, alegia sistema eguneratzen dutenak.
Behin instalatuta saiatuko da gehigarriak eguneratzen eta baliteke baten bat bateragarria ez izatea. Niri Fast Dial-ekin gertatu zait. Seguru egun gutxi batzuk barru ateratzen dutela bertsio bateragarria.

Itxuraren aldetik ez dago aldaketa nabarmenik. Aldaketak barrukoak dira eta horien berri jakin nahi baduzu librezaleak.org orrian topa ditzakezu.

2011/06/23

Arista Transcoder bideo bihurtzailea



Linuxen ez dut topatu Windowserako Format Factory bezain osoa den
bideo-formatu bihurtzailea baina Arista Transcoder oso interesgarria
iruditu zait. Bideo bat formatuz aldatu nahi baduzu -tamaina txikitzeko,
erreproduzitzeko arazo gutxiago izateko...- Arista aplikazio sinplea da, azkarra,
eta, aukera gutxi ematen baditu ere, oso formatu interesgarriak ditu, hala nola Mp4-H.264, Matroska-Theora, Flv eta, batez ere, WebM bideo-konpresio formatua.

Ubuntun instalatzeko software-biltegitik egin daiteke. Ubunturen azken bertsioa ez baduzu edo Software biltegirik ez baduzu eta azken bertsioa instalatu nahi baduzu PPA biltegia zehaztuta instala dezakezu; horretarako terminala ireki eta hurrenez hurren hiru agindu hauek exekuta itzazu:
sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/arista
sudo apt-get update
sudo apt-get install arista


Hauta daiteke fitxategi bat konbertitzeko ala disko edo karpeta batean dauden fitxategi guztiak. Jatorrizko fitxategiak mantentzen ditu.


 Konbertsioa irauten duen bitartean bideoaren erreprodukzio txikia ikus daiteke.

Ubunturen software-biltegitik instala daiteke eta Soinu eta bideo atalean kokatzen da.

Azpitituluen fitxategia badugu, bideo fitxategiaren izen bera badu eta bideo fitxategiaren karpeta berean badago Aristak azpitituluak itsasten ditu bideoan. Aukera hau interesgarria da kontuan izanik Subtitulator, azpitituluak bideoan itsasteko aplikazioa, soilik AVI fitxategiekin funtzionatzen duela.

The Borrower Arriette filma azpitituluak itsatsita duela
Duzun filma DivX kodeka ez badu eta DVD erreproduzigailu batean ikusi nahi baduzu aukerarik egokiena, nire ustez, DVD player PAL DVD da aukerarik egokiena.


2011/06/21

Ubuntu: nola sortu fitxategi eta karpeten estekak



Ez da modu bakarra baina bai errazena. Estekatu nahi duzun fitxategi edo karpetaren gainean jarri, klika saguaren gurpilean -edo erdiko botoian- eta herrestan eraman mahaigainera edo esteka utzi nahi duzun karpetan, askatzean menu txiki batek emango dizu aukera eramateko, kopiatzeko edo estekatzeko; hirugarrena hautatu eta kito.



Hiru ohar.
Estekak sortzeko modu hau erraza izateaz gain funtzionatzen duen bakarra da estekatu beharreko fitxategia edo karpeta ekipotik kanpo sarean konpartitutako karpeta batean dagoenean.
Esteka hauei Linuxen sinbolikoak edo bigunak esaten zaie. Esteka ezabatzen baduzu jatorrizkoa ez du kalterik hartzen. Jatorrizkoa ezabatuz gero esteka zurtz geratzen da.
Erabiltzaile bat baino gehiago badago ekipoan estekak erabili daitezke karpetak konpartitzeko. Kasu horretan karpetaren jabeak haren propietateetan baimenak alda ditzake beste erabiltzaileei eskubide gehiago emateko.

2011/06/16

Luistxo Fernandez software libre eta enpresaz

Luistxo Fernandez CodeSyntax enpresako partaideak elkarrizketa batean jardun du software libre eta enpresaz, beti bezain argigarri eta etxeko. Bereziki interesgarria iruditu zait software librearen erabilerak nola indartu dezake enpresaren erantzukizun soziala. Aspaldi ez nuen termino hori entzuten, ez behintzat Aurrezki Kutxaren kutsurik gabe.



Elkarrizketa Zortzigarren Lurraldea proiekturako egin dute  eta blogean edukien kontzeptu mapa eta guzti ikus daiteke.