2010/10/04

Nola sortu matrizak OpenOfficeko formula editorean

OpenOfficeko testu prozesadorean formula bat idazteko Txertatu > Objektua > Formula egin eta bi leiho agertzen zaizkigu: hautatze-leihoa eta komando- leihoa. Formulak lantzean behin idazten badugu hautatze leihoa erabiltzea komeni da -motela baina intuitiboa da eta-, baina sarri idatzi behar badugu merezi du gehien erabiltzen diren komandoak ikasita komando-lerroa erabiltzea.

Matrizeak egiteko hautatze leihoan bi errenkada eta bi zutabekoak egin daitezke: Parentesiak > Kortxeteak eta barrenean Formatuak > Matrize-pilak. Matrizea handitzeko komando-lerrora joko dugu eta traola bat  (#) txertatuko dugu zutabean eransteko eta bi traola (##) errenkada eransteko.




Dokumentazio zabalagoa Math txuletan.



2010/10/03

MuseScore partituren editore libre eta interesgarria


Partituren editore bat bilatzen aritu naiz GNU/Linuxerako. Egia esan asko dago eta bakarra frogatu dut: MuseScore; eta gustatu.

Hona hemen ezaugarri batzuk:
  • nahi haina pentagrama eta lau ahots pentagramako.
  • notak erraz sartzen dira saguz, teklatuz edo midiz.
  • edizio tresnak: kopiatu, itsatsi, zuzendu...
  • partituren inprimaketa kalitate handikoa.
  • musicxml eta midi formatuen inportazioa eta esportazioa.
  • pdf, ps eta irudi moduko esportazioa: png, svg
  • audio esportazioa: wav, flac, ogg.
  • erreprodukzioan tenpoa edo abiadura kontrolatu daiteke panel baten bidez minutuko pultsuak zehaztuta.


Bere web orrian bideotutorialak eta eskuliburua dago.
Linux, Mac eta Windows bertsioak daude. Ubuntun software-biltegitik instala daiteke edo, beti azken bertsioa disfrutatu nahi baduzu, terminalean agindu hauek exekutatu hurrenez hurren:

sudo add-apt-repository ppa:mscore-ubuntu/mscore-stable
sudo apt update
sudo apt install musescore


2010/09/28

Xmarks lastermarken sinkronizadoreak itxi behar du




Laneko ekipoan laster-marka baten bila hasi eta konturatzea ekipo horretan ez baizik eta etxekoan egin genuela sarri gertatzen zen laster-marken sinkronizadoreak agertu aurretik. Laneko, etxeko eta batek dakit nongo erabiltzen ditugun ekipo guztietan laster-marka berak edukitzea gauza handia da. Eskerrak eman behar diegu Xmarks -lehen Foxmarks- gehigarriaren garatzaileei beraiek izan baitziren aitzindariak laster-marken sinkronizazioan.

Atzo, ordea, zerbitzua hiru hilabete barru itxiko dutelaren berri eman dute. Aitortzen dute ez dutela asmatu doako zerbitzuari etekin ekonomikoa ateratzen. Interneten dagoen arazo handi bat da zerbitzuak kobratu ez -ezin- eta ekonomikoki itotzea. Badirudi zerbitzu interesgarri hauen bideragarritasun bakarra enpresa handi batek -Google askotan- erostea dela.

Xmarks-en duen puntu interesgarriena da hainbat nabigadoretan dabilela: Firefox, Chrome, IE, Safari. Nik ez dut ezagutzen ezaugarri hori betetzen duen beste sinkronizadorerik. Beraiek, alternatiba bezala, sistema bakoitzarentzat bat proposatzen dute. Aspaldi honetan Firefox Sync erabiltzen dut eta kontent, laster-markak ezik pasahitzak, hobespenak, historia eta fitxak sinkroniza ditzake; baina bakarri Firefoxen dabil.

Firefoxentzat, Sync-ez gain, hainbat gehigarri interesgarriak hemen.

2010/09/25

Nola arrankatu Samsung N150 USB memoria batetik

Gaur Samsung N150 netbook batean GNU/Linux instalatzeko USB memoria bat prestatu dut (bootable egin); horretarako Sistema > Administrazioa > Startup Disk Creator erabiliaz. USBa sartu, ekipoa piztu eta, tururu, Windowsa abiatu da. BIOSean sartu (abioan F2) eta ez dut topatu USBtik abiatzeko modua. Bilatu eta soluzioa topatu dut eta hona ekarri dut.

Urratsak

  • BIOSean sartu abioan F2 sakatuta eta geziekin Boot atalera joan. Bertan geziekin gora hauta Boot Device Priority eta Return saka.


  • USB HDD aukeraren gainean jarri eta F6 teklaz gora lehenengo posiziora eraman. USBa sartuta ez badago N/A ageriko da lehenengo argazkian bezala eta dagoeneko USBa sartuta baduzu N/Aren partez haren marka ageriko zaizu bigarrenean ikus dezakezunez. Batera zein bestera igual du.


  • Prest. F10 saka aldaketak gorde, itxi eta abiatzeko eta katxarroa prest GNU/Linuxen instalazioa hasteko.

2010/09/23

Zer aldea dago ekipoa eseki eta hibernatu artean

http://web2linux.blogspot.com/2008/09/most-wicked-images-of-tux-linux-penguin.html

Itzaltzeko menuan pantaila blokatu eta saioa amaitzeko aukerekin batera eseki eta hibernatzeko aukerak ageri dira, baina zer da eta zertarako eseki eta hibernatu?

Ekipoa eseki egiten badugu RAM memoria ez beste osagai guztiak gelditu egiten dira; itxuraz ekipoa itzalita dago baina ez da horrela, pizgailua sakatzean -horrela ateratzen baita esekitze egoeratik- ekipoa ez da pizten - ez txekeo, ez grub- esnatu egiten da eta irekitako aplikazioak, fitxak eta dokumentuak ikusiko ditugu. Esekitzearen helburua energia aurreztea da, batez ere bateria portatiletan; aktibitaterik gabeko uneetan ekipoa esekita bateriaren kargaren iraupena luzatzen da. Portatiletan normalean esekitzea programatuta dago. Eskuz eseki behar badugu komenida, egin aurretik, dokumentuak gordetzea.


Bestetik ekipoa hibernatzen jartzen badugu itzali egiten da erabat baina aurretik RAM memoriaren edukia disko gogorrean gordetzen da. Ordenagailua piztean -orain bai, txekeo, grub...- hibernatzeko unean irekita zeuden aplikazioak, fitxak eta dokumentuak ageriko dira. Zertarako hibernatu? demagun jo eta ke ari zarela Firefoxen hamazazpi fitxa irekita, openofficen lau dokumentu, ez dakit zer internetetik jaisten eta Behiontzeren musika entzuten eta, bat batean: afaltzera!!!, ekipoa instantean itzali behar duzu baina afalostean ataza guztiekin segitu nahi du; ba hiberna ezazu makina.

Gogoan izan aipatutako bi ekintzetan ordenagailuaren pizgailua eragin behar dela, ez dela nahikoa teklatua eta sagua sakatu eta astintzea. Bestetik, bietan erabiltzailearen pasahitza eskatuko digu.

Aldaerak egon daitezke sistema, distribuzio edo oinarrizko plakaren arabera.

Sagar egunak

Otarrea, zakua eta kizkia Urnietako Montefrio baserrian.