2010/09/23

Zer aldea dago ekipoa eseki eta hibernatu artean

http://web2linux.blogspot.com/2008/09/most-wicked-images-of-tux-linux-penguin.html

Itzaltzeko menuan pantaila blokatu eta saioa amaitzeko aukerekin batera eseki eta hibernatzeko aukerak ageri dira, baina zer da eta zertarako eseki eta hibernatu?

Ekipoa eseki egiten badugu RAM memoria ez beste osagai guztiak gelditu egiten dira; itxuraz ekipoa itzalita dago baina ez da horrela, pizgailua sakatzean -horrela ateratzen baita esekitze egoeratik- ekipoa ez da pizten - ez txekeo, ez grub- esnatu egiten da eta irekitako aplikazioak, fitxak eta dokumentuak ikusiko ditugu. Esekitzearen helburua energia aurreztea da, batez ere bateria portatiletan; aktibitaterik gabeko uneetan ekipoa esekita bateriaren kargaren iraupena luzatzen da. Portatiletan normalean esekitzea programatuta dago. Eskuz eseki behar badugu komenida, egin aurretik, dokumentuak gordetzea.


Bestetik ekipoa hibernatzen jartzen badugu itzali egiten da erabat baina aurretik RAM memoriaren edukia disko gogorrean gordetzen da. Ordenagailua piztean -orain bai, txekeo, grub...- hibernatzeko unean irekita zeuden aplikazioak, fitxak eta dokumentuak ageriko dira. Zertarako hibernatu? demagun jo eta ke ari zarela Firefoxen hamazazpi fitxa irekita, openofficen lau dokumentu, ez dakit zer internetetik jaisten eta Behiontzeren musika entzuten eta, bat batean: afaltzera!!!, ekipoa instantean itzali behar duzu baina afalostean ataza guztiekin segitu nahi du; ba hiberna ezazu makina.

Gogoan izan aipatutako bi ekintzetan ordenagailuaren pizgailua eragin behar dela, ez dela nahikoa teklatua eta sagua sakatu eta astintzea. Bestetik, bietan erabiltzailearen pasahitza eskatuko digu.

Aldaerak egon daitezke sistema, distribuzio edo oinarrizko plakaren arabera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina