2019/12/05

Moodle: urratsak errubrika bat ezartzeko jarduera batean



Errubrikak Moodleek kalifikatzeko duen metodo aurreratu bat da. Errubrika jarduera baten kalifikazio-irizpideak jasotzen dituen taula bat da. Irizpide bakoitzerako hainbat maila deskriptibo eskaintzen ditu. Irizpide eta maila bakoitzari zenbakizko kalifikazio bat esleitzen zaio. Irakasleak kalifikatzen duenean hautatzen du bidalitako lana zein mailan kokatu. Errubrikak berak kalkulatzen du azken kalifikazioa gelaxka bakoitzari emandako ponderazioaren  arabera.

Urratsak:

1- Zeregina definitzean, kalifikazioaren atalean, kalifikazio-metodoan errubrika aukeratuko dugu.

Momentuz ez dugu gehiago zehaztuko baina zeregina definitzen bukatzean egingo dugu "Gorde eta erakutsi".


2- Zereginaren barruan gaudela (ez bazaude klikatu zereginean), ezkerreko goiko izkinako ezarpenetan (engranajean) klikatu eta aukeratu:

  • "Kalifikazio aurreratua", baldin eta zuk edo beste irakasleren batek lehendik sortutako errubrika bat erabili nahi baduzu, dagoen bezala edo moldatua.
  • "Zehaztu errubrika", baldin eta errubrika berri bat sortu nahi baduzu.

3- Egindako bat moldatzeko edo berria egiteko zehaztuko dugu lehenengo kalifikazio irizpidea eta definituko dugu mailak ondoko zutabeetan. Gelaxka bakoitzean mailaren deskripzioa gehituko dugu eta maila horren kalifikazio partziala. Behin irizpide bat bukatzean beste irizpide bat gehituko dugu eta bere gelaxkak beteko, horrela bukatu arte.
Beheko aldean errubrikaren aukerak baieztatu eta "Gorde" egingo.

 Pentsatzen baduzu sortutako errubrika hori beste jarduera baterako erabili ahal izango duzula zu edo zure ikastetxeko lankide batek, orduan gorde txantiloi gisa.

Errubrika txantiloi gisa gordetzeko botoia


4- Errubrika prest dago erabiltzeko. Ikasleak zeregina egin baino lehen ikusiko du errubrika eta horrela jakingo du zein diren kalifikazio irizpideak eta zer egin behar duen kalifikazio ona izateko eta irakasleak kalifikatzeko unean aski izango du klikatzea matrizean dagozkien mailak eta kalifikazioa automatikoki kalkulatuko da. Azkenik ikasleak kalifikazioa ikusiko du eta ikusi ahal izango du haren desglosea.

Errubrika ikasleak zeregina egin aurretik




2019/11/29

Linux: erabileraren erregistroa

Nola jakin nork erabili duen ordenagailu bat eta zein ordutan?

Erabili daiteke last komandoa. Komando honek emango digu azken hilabetean nork ireki duen saioa, zein egun eta ordutan eta noiz itxi saioa edo ordenagailua itzali eta, ondorioz, zenbat denbora erabili den.

Kontuan izan Linux multierabiltzaile sistema dela, beraz, gerta daiteke une berean erabiltzaile bat baino gehiago egotea martxan.


2019/11/24

Framemo ideia-jasak eta kanban-ak egiteko online aplikazioa


Framemo.org orrian sartuta arduradunak, usu irakasleak, izen propioa duen panel bat sortzen du, panel horrek izen hori duen URL-a du. URL edo web helbide hori partaide (ikasle) bakoitzak bere nabigatzailean jartzen du eta panel horretan parte har dezake.

Panel hauetan egin daiteke:
  • Sortu online panelak (erregistratu gabe);
  • Partekatu URLaren bidez (web helbidea);
  • Lankidetzan lan egin denbora errealean (erregistratu gabe);
  • Oharrak gehitu, editatu, mugitu, gainean jarri eta ezabatu (4 kolore erabilgarri daude);
  • Zutabeak gehitu, izendatu eta ezabatu (panelaren eskuin aldean dauden + - ikurren bidez eta izenean klik bikoitza eginez).
  • Oharretan koloretako gometsak edo eranskailuak gehitu edo kentzea;
  • Idazten duenak bere burua identifikatu dezake. 
  • Oharretan estekak sar daitezke.
  Erabilera: panel hauek hainbat funtzionalitate izan dezakete, haien artean:

  • Ideia-jasa edo brainstorming-a: partaideek bere burutazioak, iragazkirik gabe, panelean idazten dituzte. Koloreak erabili daitezke partaideak, edo partaide taldeak, identifikatzeko, ekarpenak sailkatzeko (ad. abantailak-desabantailak, indargune-ahulgune-aukerak-arriskuak...).


  • Kanban sinpleak. Eskema bat non proiektu baten atazak identifikatu eta partaideen artean banatzen dira (oharren koloreak edo gometsen bidez). Panelen bidez banatzen da euren egoera: egiteko, egiten, eginak, horrela proiektuaren egoera kontrolatzen da. Framemo motz geratzen bazaizu kanban-ak egiteko baduzu zerbitzu osatuago, eta konplexuago, bat: framaboard.org


  • AMIA analisirako (Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahuleziak)


Esportazioa
Ekarpenak testu formatuan
Idatzitako ideiak edo ekarpenak gorde daitezke beste formatu batera esportatuta goiko paneleko bigarren ikonoan. Esportatzean ekarpenak azpi-panelen arabera eta, identifikatuz gero, egileen arabera sailkatzen dira. Formatuak dira:
    • txt edo formaturik gabeko testua. Paneleko oharrak sailkatzen ditu.
    • csv edo kalkulu-orria formatua
    • json formatua, framemo berri batera inportatu daitekeena.





Oharrak 
  • Beste online aplikazio interesgarriak topatzen ahal dituzu Framasoft.org orriko Services libres atalean,
  • Framemo  Ali Asariak sortutako Scrumblr zerbitzarietarako software libreko aplikazioan oinarritzen da.

2019/11/18

Moodle osaketaren jarraipena


Osaketaren jarraipena Moodleek duen tresna interesgarria da. Aktibatuz gero ikasleak ikastaroko bai baliabideetan bai jardueretan, bakoitzaren eskuin aldean, kontrol lauki bat ikusiko du. Kontrol lauki hori markatuta egoteak esan nahi du baliabidea irakurri dela edo jarduera egina dagoela.

Baliabideen kasuan (irakurgaiak, estekak, bideoak...) marka ikasleak eskuz egiten du (irakasleak ez du ikusten) eta jardueretan bidalketa egitean, galdetegia erantzundakoan... automatikoki markatzen da.

Ikastaro baten bi baliabide eta bi jarduera eskuinean osaketaren jarraipena egiteko kontrol laukiak dituztela.

Autokontroleko tresna da, ikasleak jakiteko zein baliabide eta ariketa osatu duen. Ez du balio ebaluaziorako edo kalifikaziorako. Irakasleak ez ditu ikasleen markak ikusten. Bigarren funtzio bat motibazioa da:  material guztiak kontsultatzeko eta jarduerak guztiak egiteko grina pizten du ikasle askorengan.

AKTIBAZIOA

  1. Osaketaren jarraipena egiteko zure ikastetxeko Moodle gunean aktibatuta egon behar du. EAEko ikastetxe publikoetan hori ez dago Moodle kudeatzailearen esku. CAUri (cauf09@hezkuntza.net) eskatu behar zaio aktibatzea (Aginte-panela > Gunearen kudeaketa > Funtzio aurreratuak > Osaketaren jarraipena gaitu -enablecompletion-). Eska daiteke, era berean, era lehenetsian ikastaroetan aktibatuta agertzea ala ez (Berezko osaketaren jarraipena -completiondefault-: erabili berezko jarduera edo ez adierazi jardueraren osaketa).
  2. Ikastaroaren ezarpenetan
  3. Behin hori aktibatuta irakasle bakoitzak bere ikastaroen ezarpenetan osaketaren jarraipen aktibatu edo desaktibatu dezake:
  4. Bukatzeko, ikastaroaren barrenean, baliabide eta jarduera batzuk izan dezakete jarraipena eta beste batzuk ez, eta , dutenek, izan daiteke ikasleak eskuz jarrita edo automatikoa baldintza batzuk betetzean.
    Jardueraren ezarpenetan


2019/11/13

Slimbook Battery eramangarrian bateria aurrezteko aplikazioa Linxerako

Slimbook eramangarrien fabrikatzaileak edozein eramangarrian bateriaren kontsumoa aurrezteko erabili daitekeen aplikazioa kaleratu du: Slimbook Battery. Aplikazio honek besteak beste TLP aplikazioa integratzen du baina TLP terminaletik kudeatzen da eta Slimbook Batteryk erabiltzeko erraza den interfaze grafikoa eskaintzen du.

Behin instalatuta gehigarrietan agertuko zaigu, exekutatu eta  sistemaren erretiluan agertuko da:

Ikusten denez, hiru modu eskaintzen ditu: energia aurreztekoa, tartekoa eta errendimendu guztizkoa. Egoeraren arabera aukeratuko dugu interesatzen zaiguna, esate baterako, konexio elektrikorik ez badugu komeni da jartzea Energy Saving, hartara besteak beste pantailaren distira %33ra jaitsiko du, internetera kablez konektatuta badago wifia eta bluetooth-a itzaliko ditu... Moduaren arabera panelean erakutsiko ditu kolore bat: berdea aurrezteko moduan, urdina tartekoan eta laranja errendimendu handikoan. Beti ere, distira eta bestelako parametroak eskuz alda daitezke.

Advanced mode sakatuta aplikazioaren ezarpenetan sartzen ahal gara eta bertatik, esate baterako agintzen ahal diogu aplikazioa ordenagailuarekin batera arrankatzea (autostart application).


Bestetik ezarpenetan zehaztu dezakegu modu bakoitzaren parametroak. Azpiko irudietan ikus daitezke energia aurrezteko moduaren parametroak:


Aplikazioa instalatzeko terminalean azpiko aginduak itsatsiko ditugu, hurrenkera honetan:
sudo add-apt-repository ppa:slimbook/slimbook
sudo apt install slimbookbattery

Probatu ondoren desinstalatu nahi baduzu hauek dira aginduak:
sudo apt remove --auto-remove slimbookbattery
sudo add-apt-repository --remove ppa:slimbook/slimbook




2019/11/04

Nola instalatu GCompris 0.97 Ubuntu 18.04 bertsioan

Ubuntu 18.04 bertsioan berez instalatzen de GCompris bertsioa 0.91 eta ez dago euskaraz.
Euskaraz dagoen 0.97 bertsioa instalatzeko, ahal dela administratzailea den erabiltzaile batekin, urratsak hauek dira:

Lehenik eta behin aurreko bertsio bat instalatuta baduzu komeni da erabat desinstalatzea. Horretarako administratzailea den erabiltzailearekin terminalean (Ctrl+Alt+t):

sudo apt purge gcompris
 
Deskargatu :    GCompris 0.97-Linux 64bit.sh


Deskargatu duzun karpetara joan. Fitxategi horri exekutatzeko baimena emateko karpeta horren zona libre batean eskuin klik egin eta hautatu ireki terminalean eta ondoko agindua itsatsi:

chmod u+x gcompris-qt-0.97-Linux64.sh

eta exekuta ezazu:

./gcompris-qt-0.97-Linux64.sh

Lizentziaren irakurketa saltatzeko q sakatu.
Bi galderei baietz (y) erantzun eta /home/zure-erabiltzailea/deskargak/gcompris-qt-0.97-Linux karpeta sortu eta bertan instalatuko du. GCompris martxan jartzeko karpeta horren barneko bin karpeta joan eta gcompris-qt.sh fitxategia exekutatu. Karpeta horretan

./gcompris-qt.sh

GCompris aplikazioa ordenagailuko erabiltzaile guztientzat erabilgarri egoteko delako karpeta /opt/ karpetara kopiatuko dugu. Dagoen karpetan terminaletik:

sudo cp -r  gcompris-qt-0.97-Linux /opt/
sudo rm -r gcompris-qt-0.97-Linux

Eta denontzako abiarazlea sortzeko:
Gorde irudi hau izen honekin: gcompris-logo.png

eta kopiatu honen bidez:

sudo cp gcompris-logo.png /opt/gcompris-qt-0.97-Linux

Orain sortuko dugu gcompris.desktop fitxategia

sudo gedit /usr/share/applications/gcompris.desktop

eta hutsa dagoen dokumentuan ondoko testua kopiatu eta itsatsi:

[Desktop Entry]
Name=GCompris
Comment=hezkuntza jokoak
Exec=bash /opt/gcompris-qt-0.97-Linux/bin/gcompris-qt.sh %F
Icon=/opt/gcompris-qt-0.97-Linux/gcompris-logo.png
Type=Application
Categories=Education

eta gorde. Kito. Aplikazioetan, Hezkuntza atalean GCompris agertuko da.



Aplikazioa osorik dago euskaraz. Hurrengo bertsiorako hainbat zuzenketa egina egongo dira.

Instalazio zinez konplikatua. Badirudi KDEk Ubuntu bertsio berriagoetarako prestatu duela bertsio hau baina 0.91 euskaraz ez dagoenez bide korapilatsu hau egin behar da 18.04n instalatzeko.