2011/06/24

Nola instalatu Firefox 5 Ubuntun.

Gaur jarri dute Firefox 5 bertsio egonkorren biltegian, beraz instalatu nahi baduzu aski duzu Firefoxen PPA instalatzea era honetan: ireki terminal bat (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala, edo Ctrl+Alt+t) eta exekutatu, hurrenez hurren, agindu hauek:

sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/firefox-stable
sudo apt-get update
sudo apt-get upgrade
sudo apt-get install firefox-locale-eu 

Lehenengo aginduak Firefoxen bertsio egonkorren biltegia instalatzen du; Firefox 4 instalatzeko jarri bazenuen nahiko izango duzu azken bi aginduak exekutatzea, alegia sistema eguneratzen dutenak.
Behin instalatuta saiatuko da gehigarriak eguneratzen eta baliteke baten bat bateragarria ez izatea. Niri Fast Dial-ekin gertatu zait. Seguru egun gutxi batzuk barru ateratzen dutela bertsio bateragarria.

Itxuraren aldetik ez dago aldaketa nabarmenik. Aldaketak barrukoak dira eta horien berri jakin nahi baduzu librezaleak.org orrian topa ditzakezu.

2011/06/23

Arista Transcoder bideo bihurtzailea



Linuxen ez dut topatu Windowserako Format Factory bezain osoa den
bideo-formatu bihurtzailea baina Arista Transcoder oso interesgarria
iruditu zait. Bideo bat formatuz aldatu nahi baduzu -tamaina txikitzeko,
erreproduzitzeko arazo gutxiago izateko...- Arista aplikazio sinplea da, azkarra,
eta, aukera gutxi ematen baditu ere, oso formatu interesgarriak ditu, hala nola Mp4-H.264, Matroska-Theora, Flv eta, batez ere, WebM bideo-konpresio formatua.

Ubuntun instalatzeko software-biltegitik egin daiteke. Ubunturen azken bertsioa ez baduzu edo Software biltegirik ez baduzu eta azken bertsioa instalatu nahi baduzu PPA biltegia zehaztuta instala dezakezu; horretarako terminala ireki eta hurrenez hurren hiru agindu hauek exekuta itzazu:
sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/arista
sudo apt-get update
sudo apt-get install arista


Hauta daiteke fitxategi bat konbertitzeko ala disko edo karpeta batean dauden fitxategi guztiak. Jatorrizko fitxategiak mantentzen ditu.


 Konbertsioa irauten duen bitartean bideoaren erreprodukzio txikia ikus daiteke.

Ubunturen software-biltegitik instala daiteke eta Soinu eta bideo atalean kokatzen da.

Azpitituluen fitxategia badugu, bideo fitxategiaren izen bera badu eta bideo fitxategiaren karpeta berean badago Aristak azpitituluak itsasten ditu bideoan. Aukera hau interesgarria da kontuan izanik Subtitulator, azpitituluak bideoan itsasteko aplikazioa, soilik AVI fitxategiekin funtzionatzen duela.

The Borrower Arriette filma azpitituluak itsatsita duela
Duzun filma DivX kodeka ez badu eta DVD erreproduzigailu batean ikusi nahi baduzu aukerarik egokiena, nire ustez, DVD player PAL DVD da aukerarik egokiena.


2011/06/21

Ubuntu: nola sortu fitxategi eta karpeten estekak



Ez da modu bakarra baina bai errazena. Estekatu nahi duzun fitxategi edo karpetaren gainean jarri, klika saguaren gurpilean -edo erdiko botoian- eta herrestan eraman mahaigainera edo esteka utzi nahi duzun karpetan, askatzean menu txiki batek emango dizu aukera eramateko, kopiatzeko edo estekatzeko; hirugarrena hautatu eta kito.



Hiru ohar.
Estekak sortzeko modu hau erraza izateaz gain funtzionatzen duen bakarra da estekatu beharreko fitxategia edo karpeta ekipotik kanpo sarean konpartitutako karpeta batean dagoenean.
Esteka hauei Linuxen sinbolikoak edo bigunak esaten zaie. Esteka ezabatzen baduzu jatorrizkoa ez du kalterik hartzen. Jatorrizkoa ezabatuz gero esteka zurtz geratzen da.
Erabiltzaile bat baino gehiago badago ekipoan estekak erabili daitezke karpetak konpartitzeko. Kasu horretan karpetaren jabeak haren propietateetan baimenak alda ditzake beste erabiltzaileei eskubide gehiago emateko.

2011/06/16

Luistxo Fernandez software libre eta enpresaz

Luistxo Fernandez CodeSyntax enpresako partaideak elkarrizketa batean jardun du software libre eta enpresaz, beti bezain argigarri eta etxeko. Bereziki interesgarria iruditu zait software librearen erabilerak nola indartu dezake enpresaren erantzukizun soziala. Aspaldi ez nuen termino hori entzuten, ez behintzat Aurrezki Kutxaren kutsurik gabe.



Elkarrizketa Zortzigarren Lurraldea proiekturako egin dute  eta blogean edukien kontzeptu mapa eta guzti ikus daiteke.

2011/06/14

Nola eman baja zenbait sare sozialetan

by Luc Legay
Dela esperientziak ez zaituelako gogobete, funtsik ez diozulako topatu, ez duzulako zure datuak konpainia erraldoien eskuetan utzi nahi edo dena delakoagatik Facebook, Twitter, MySpace edo Tuenti-tik baja eman nahi baduzu hona hemen esteka batzuk lagunduko dizutenak, ez baitute erraz jartzen:

Facebook. Baja hartzeko esteka honetara jo dezakezu eta ematen dituen jarraibideak segi. Lanak egin ondoren hamalau egunez baja behin behinekoa izango da eta epe horretan atzera egin dezakezu.

Twitter. Esteka honetatik ezabatzen da "eliminar la cuenta" sakatuta. Baja une horretan hartzen da eta ezin dira ez kontua ez datuak berreskuratu.

MySpace.  Baja hartzeko esketa honetan klika eta "cancelar la cuenta" egin.

Tuenti. Behin behineko baja har daiteke kontuaren ezarpenetatik edo behin betikoa esteka honetan abiatuta -arrazoi bat eman behar da-.

Informazio iturria: Consumer

2011/06/12

Lur entziklopediako edukiak Wikipediara

EAEko Hizkuntza Politikak bere jarrera argitu du. Iazko azaroan esan zuen 200.000 euro zituela euskarazko entziklopedia bat sortzeko edo Wikipediarekin hitzarmen bat egiteko.




Badirudi azkenean 169.000 euroko partida bat -zer gertatu da gainerako 31.000ekin?- jarriko duela lehiaketa publiko baten bidez bere jabetzakoak diren Lur Entziklopediako edukiak egokituta Wikipediara sartzeko.

Azaroko egoera Sustatun
Albistea Euskadi+Innovan