2010/07/16

Linux: nola itzali ekipoa ordu zehatz batean


Linuxen ba dira hiru komando ekipoa itzaltzeko: halt, poweroff eta shutdown. Hirutan aukera gehien ematen duena shutdown da.

Oraintxe bertan itzaltzeko:
$ sudo shutdown -h now
Hainbat denbora barru. Denbora beti minututan. Esaterako 5 minutu barru:
$ sudo shutdown -h +5
Ordu zehatz batean itzaltzeko. Ordua hh:mm 24 orduko formatuan. Esaterako gaueko hamaika t'erdietan:
$ sudo shutdown -h 23:30

Azken bi horietako batean itzaltzeko unea iritsi aurretik damutuko bagina agindua ezeztatzeko  Ctrl+c egin behar dugu.

Gure asmoa bada ordenagailua zerbait egin eta gero itzaltzea ekintzaren aginduaren segidan jarriko dugu itzaltzeko agindua puntu eta komaz bereizita.  Esaterako sistema eguneratu eta gero itzal dadin:
$ sudo apt-get update;sudo apt-get upgrade;sudo shutdown -h now 

2010/07/15

Euskalbar barran zein hiztegi ageri behar diren nola aukeratu

Euskalbar Firefox internet nabigatzailearen gehigarri bat da zeinak eskura jartzen dizkigu hainbat hiztegi, sinonimo, datu base terminologiko, corpus, lokuzio eta abar. Ezagutu ez eta frogatu nahi baduzu klik eginez eskura ditzakezu Firefox eta Euskalbar.


Hainbeste dira eskaintzen dituen baliabideak ezen ez dira jada barran kabitzen. Aukeratu nahi baduzu, hiztegiak aparte, zein baliabide agertzea nahi duzun barran egin ezazu eskuin klik euskalbarraren eskuin aldean eta baliabideen zerrenda agertuko da; marka ezazu ikusi nahi dituzunak eta desmarka ezazu ikusi nahi ez dituzunak.

Eta, nola erabili barraren leku faltagatik kanpoan utzi ditugunak?
Bi modu gutxienez badaude:
  • Baldin eta kontsultatu nahi dugun hitza web orri batean badago kontsultatu nahi duzun hitzaren lema hautatuko dugu eta eskuin klik egitean agertzen zaizkigun aukeren artean euskalbar hautatuta haren posibilitate guztiak azalduko zaizkigu.
  • Bigarren metodoa:  Barrako Aukerak atalean klik egin > Hobespenak, eta Orokorra fitxan Erakutsi hiztegien menua markatzen baduzu hortik aurrera Firefoxen menuan Hiztegiak atala agerguko da eta bertan  Euskalbarraren aukera guztiak.

2010/07/12

Ubuntu: abiatzean Empathy konektatzea automatikoki

Empathy Ubuntun txateatzeko instalatuta datorren aplikazioa da. Ekipoa abiatzean erabiltzailea deskonektatuta dago eta propio konektatu behar duzu txateatzeko edo besteek ikusteko eskuragarri zaudela.
Hemen ikusiko dugu nola egin ekipoa piztean automatikoki Empathyn martxan jartzeko.

Egin Sistema > Hobespenak > Abioko aplikazioak eta bertan gehitu sarrera hau:


Ekipoa pizten duzun hurrengoan panelean punpoilo berde bat agertuko da jakinaraziz konektatuta edo eskuragarri zaudela. Egoera aldatu nahi baduzu punpoilo berdean klikatu eta egoeraren pertsiana zabaldu eta egoera berria adierazi.

2010/07/03

Linux: OpenOffice dokumentuen miniaturak ikusi

Programa txiki bat instalatuta posible da OpenOffice.org paketeko aplikazioez egindako dokumentuen miniaturak ikusi Nautilusen. Testu prozesadorez, kalkulu orriaz eta marrazki bektorialen miniaturak ikusten ahal dira. Aurreneko aldia denbora pixka ematen du miniaturak sortzen, hurrengoetan ez.

Instalatzeko, terminal batean (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala) egin:

sudo -v

sudo add-apt-repository ppa:flimm/ooo-thumbnailer

sudo apt-get update

sudo apt-get install ooo-thumbnailer

Martxan hasteko ekipoa berrabiarazi behar da.



Desinstalatu nahi baduzu Synaptic-era joan, bilatu eta desinstalatu.

2010/07/01

Nola gehitu hiztegiak Libreoffice aplikazio paketean

(2020/1/19an eguneratua)

Libreoffice euskaraz instalatua baduzu dagoeneko euskara hiztegia (Xuxen) eta ingelesekoa dagoeneko martxan dituzu (testu prozesadoretan hiztegia zuzentzaile ortografikoari esaten zaio).
 
Nola jakin zeintzuk hiztegi dauden instalatuta? Testu prozesadorearen egoera barraren -beheko barraren- erdialdean Euskara jartzen duen tokian klikatu eta Gehiago erakusteko esan; irekiko den leihoaren erdia aldean Hizkuntza atala agertzen da eta horko zerrendan ontzat emana edo onartua ikurra duen hizkuntzek dute instalatua hiztegia.

 

Eta, nola instala daitezke hiztegi berriak?  Zuzentzaile mordo bat dago doan eskuragarri LibreOfficeko hedapenen web orrian. Bestela LibreOfficen bertan egin dezakezu: Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Eskuratu lineako hedapen gehiago eta web orri horretan instalatu nahi duzun hizkuntzaren izena idatzi -bere hizkuntzan-, español, français... izenean klikatu

Gazteleraren kasuan  hautatu spanish dictionaries eta bere orrian klikatu es.ANY.oxt fitxategian eta esan irekitzeko LibreOfficerekin. Erabiltzeko berrabiarazi beharko duzu LibreOffice.



Nola erabili hiztegiok? Testu bat euskaraz ez dagoen hizkuntza batean idazten badugu eta zuzentzaile ortografikoa martxan egotea nahi badugu testu osoa  (Ctrl+A) edo hizkuntza horretan dagoen testu zatia hauta eta mezuaren hasieran aipatu dudan egoera barran dagoen Euskararen gainean klikatu eta beste hizkuntza hauta.

2010/06/30

Ubuntu: Fitxategiak ekipoan bilatzen



Ez dago dudarik, fitxategiak topatzeko metodorik eraginkorrena berauek karpetatan egoki antolatzea da. Baina metodikoenari ere galtzen zaizkio fitxategiak lantzean behin.

Nola topatu fitxategi bat Ubuntun? Ezagupen teknikorik ez duen erabiltzaile arruntaren eskarmentutik lau aplikazio komentatuko ditut.

Batetik ditugu aldez aurretik informazioa indexatzen (aztertzen eta ordenatzen) ez duten aplikazioak, Ubunturen kasuan bi dira eta sistemarekin batera instalatzen dira:
  • Nautilus arakatzailearen bilaketa tresna. Edozein karpetan gaudela lupa baten ikonoarekin agertzen da. Hitz gutxitan argazkilariaren zaldia baino motelagoa da. 
  • Aplikazioak > Gehigarriak > Bilatu fitxategiak Gnome-search-tool aplikazioa martxan jartzen du eta find, locate eta grep komandoak erabiltzen ditu. Azkarra da eta fitxategiak bilatzeko izanaz gain, haren barneko testu zatiak, tamaina, datak eta abar erabili daitezke.

Bestetik erabili aurretik gure ekipoaren edukia indexatzen duten aplikazioak daude, hauek fitxategien izenak eta beraien barneko testuak aztertu eta terminoen indizeak sortzen dituzte. Horri ezker bilaketak aurrekoak baino askoz azkarrago egiten dituzte. Kategoria honetan Ubuntun gehien erabiltzen direnak Google Desktop eta Beagle dira. Biak instalatu behar dira Google Desktop deb fitxategia jaitsi eta exekutatuta eta Beagle Software-biltegitik. Instalatu ondoren ezarpenak markatu behar dira, batez ere zeintzuk karpeta, posta bezero, RSS eta abar indexatzea nahi ditugun. Biak frogatu ditut eta bakoitzetik hau nabarmen dezaket:
  • Google Desktop goiko panelean agertzen da eta Beagle baino azkarrago dabil baina indexatzeko 30 ordu behar izan ditu; bestetik lehen zortzi elementuak zerrenda batean baina gainerakoak web nabigatzailetik begiratu behar dira. Indexatzen ahal dituen elementuen artean Gmail dago. 
  • Beagle Aplikazioak > Gehigarriak > Bilatu izenarekin agertzen da, lehen aipatutako Bilatu fitxategiak-en ondoan. Ez nahastu. Honek 20.000 inguru fitxategi ordu batean indexatu ditu; Google Desktop baina pixka bat motelagoa da baina emaitzak garbiago eskaintzen ditu, kategorietan antolatuta eta klikatzeko moduan; gainera software librea da. Google-rena bilaketako testua terminoaren edozein partean bilatzen du, Beagle ordea termino hutsa bezala, beraz, honekin  atzetik edo aurretik * komodina erabiltzea planteatu behar dugu.

Labur bilduz, Nautilusena baztertzeko modukoa da. Bilaketak sarri egiten ez badugu -batez ere barneko testuetako bilaketak- gehigarrietako Bilatu Fitxategiak nahiko izan daiteke eta agian panelera eramatea komeni zaizu. Azkenik bilaketak sarri, eta gainera fitxategi barneko testuan bilatu nahi baduzu, indexatzen duten aplikazioetako bat instalatzea komeni zaizu.