OpenOffice etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
OpenOffice etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/12/21

LibreOfficerako gehigarriak



Hona hemen zenbait gehigarri edo hedapen interesgarri LibreOfficerako eta OpenOfficerako.

XuxenIV zuzentzaile ortografikoa 
LibreOffice 4 eta OpenOffice 4

Hobelex zuzentzaile lexikoa
 LibreOffice

UZEI sinonimoak
LibreOffice eta OpenOffice Windows
LibreOffice eta OpenOffice Linux 32 bit
LibreOffice eta OpenOffice Linux 64 bit

Elhuyar hiztegiak Euskara-Gaztelania, Euskara-Frantsesa, Euskara-Ingelesa
LibreOffice 4 eta OpenOffice 4

Epub formatura bihurtzeko
Writer2epub

Testuaren irakurle digitala
EusTTS

Gaztelera hiztegia-zuzentzaile ortografikoa
es.ANY.oxt

Gehigarri hauek oxt luzapena dute. Behin deskargatuta eskuin klik egin gainean eta aukerat Ireki LibreOfficerekin edo LibreOfficeko edozein aplikazioan sartuta egin Tresnak > Hedapenen kudeatzailea > Gehitu


Gehigarriak diren aldetik instalatzeko ez da administratzailea izan behar eta erabiltzaile bakoitzak instalatu behar ditu.

Bestelako gehigarriak.

2014/12/06

Lerro jauziak ezabatu LibreOffice Writer-en

Testua pdf dokumentu batetik kopiatu eta LibreOffice Writer testu prozesadorean itsasten baduzu lerro guztien bukaeran lerro jauzia agertuko zaigu, azpiko irudian ikusten den moduan.

Kolore urdinez ikusten dira lerro jauziak.
Soberan dauden lerro jauziak kentzeko, puntu eta apartekoak mantenduta, horrela egin dezakegu:

1-  Egiaztatu Tresnak > Autozuzenketaren aukerak > Aukerak fitxan "Konbinatu lerro bakarreko paragrafoa, luzera hau baino handiagoa bada: %50" opzioa markatuta dagoela. Ehunekoa alda daiteke baina probatu 50arekin.


2-  Hauta ezazu testu osoa:  Ctrl + A
3- Egin Formatua > Autozuzenketa > Aplikatu.


Kito. Puntu eta apartekoak ez beste lerro jauziak desagertu dira.


2011/09/27

LibreOfficerako sinonimoen tresna



UZEIk plugin bat sortu du LibreOffice 3 eta OpenOffice 3n sinonimoak kontsultatu eta erabiltzeko.

Linuxerako bi bertsio daude deskargatzeko 32 bitekoa eta 64 bitekoa. Deskargatu ondoren fitxategien kokalekura joan  eta klik bikoitza egin, aukerak agertzean LibreOffice edo OpenOfficekin irekitzeko esan; gehigarriaren instalazioa onartu eta bukatzean aplikazioa itxi eta ireki berriro. Oneiric-en aurrekoetan arazorik ez baina Ubuntu 11.10 eta 12.04 bertsioetan ez dut lortu instalatzea.

Albistean sakondu nahi baduzu Sustatura jo. Windowserako bertsioa edo Word-ena nahi baduzu hemendik deskarga dezakezu.

Oharra
LibreOffice 4 bertsioan ez dabil.

2011/09/15

Frantziako gobernuak gardentasuna eta formatu libreen erabilera sustatuko omen du



Frantziako Aurrekontu, Kontu Publiko eta Estatuko Erreformaren ministro eta gobernuko bozeramaleak datu publikoen zabaltzeaz eta data.gouv.fr atariaren sortzeaz dokumentu bat aurkeztu du.

Dokumentu horren arabera interneten erabilerak bultzatu du datu publikoen zabaltzea, datu hauek libreki eta dohainik berrerabili ahal izateko. Zabaltze horrek zerbitzuaren kalitatea handitzeaz gain erabiltzaileek instituzioetan duten konfiantza indartzen du. Horretaz gain zabaltze horrek onura ekonomikoak ekarriko omen du berrikuntza eta enplegua sustatuko baitu.

Dokumentu honen bidez gobernuak administrazio osoa gonbidatzen du datu publikoak zabaltzen data.gouv.fr plataformaren bidez, horretarako formatu libre eta irekiak erabiltzen.


Jatorrizko informazioa:  http://www.gouvernement.fr/gouvernement/la-mise-a-disposition-des-donnees-publiques

2011/09/03

Nola irakurri eta berrerabili Microsoft Access aplikazioarekin egindako MDB datu base baten datuak Linux sisteman

Lehenik eta behin azaltzea ez dudala modurik ikusi inportatzeko Accessen .mdb base bat LibreOffice edo OpenOfficera Linuxen. Windowsen bertsioek inportazioa, mugekin bada ere, egin dezakete baina Linuxen ez. Beraz, aritu naiz bilatzen .mdb fitxategi baten taulen datuak, datu-baseak eskaintzen dituen hainbat aukera galduta bada ere, nola berrerabili.

1. urratsa: mdb fitxategiaren datuak ikusi eta testu formatuan esportatu.
Horretarako MDB Viewer aplikazioa erabiliko dugu. Ubuntun instalatzeko software-biltegitik egin dezakezu. Behin instalatuta .mdb fitxategia irekiko dugu. Datu basea osatzen dute elementuak ikusi ahal izango ditugu: taulak, kontsultak, formularioak, txostenak, makroak eta moduluak.

Behin irekita data-basearen taulak ikusiko ditugu.
Taula bat hautatuta ezkerreko botoiekin posible dugu ikusi haren eremuen ezaugarriak eta datuak baina, erne, datuok berrerabiltzeko testu moduan esportatu behar ditugu eta azpiko taulako ezaugarriak galduko dituzte.

Taulen esportazioari ekingo diogu. Taula bakoitzeko fitxategi bat sortuko du. Karpeta eta izena zehaztu behar dugu. Izenean .txt luzapena jartzea komeni da.

 

2. urratsa: Libreofficekin sortutako taulak inportatu.



LibreOffice abiatuko dugu (instalatuta ez badago Ubuntun software-biltegitik eskura dezakezu). Araka ezazu esportatu dituzun .txt fitxategien karpeta, ireki eta datu-baseari izen bat jarri. Une batean datu base erregistratzea eskainiko digu eta baietz esango diogu. Karpeta horretan dauden .txt fitxategiak datu-basearen taulak bihurtuko ditu, hori bai, taulen arteko harremanik ez dago, taula horien eremu guztiak character edo testu eremuak dira eta ezin dira erregistro gehiago erantsi. Muga horien barnean datu-basea erabili daiteke kontsultak, formularioak eta txostenak egiteko.

Muga horiek ikusita aukera bat da interesatzen zaizkigun taulekin kalkulu orriak egitea. Orri horiek, datu-pilotoa dutela datu-base bera baino erabilgarriagoak izan daitezke. Taulatik abiatuta kalkulu-orria datu-pilotodunak egiteko horrela joak dezakegu:
  1. kalkulu orri berri bat ireki.
  2. Datuak > Datu-pilotua > Hasi > LibreOfficen erregistratutako datu-iturburua > Datu-base atalean sortu berri duzun datu-basea hauta; Datu-iturburuan kalkulu orria bihurtu nahi duzun taula aukeratu eta Mota atalean Orria hauta. Hurrengo leihoan kalkulu orrirako interesatzen zaizkizun eremuak ezkerreko zutabera eraman interesatzen zaizun ordenan. Ados


Sortzen den kalkulu orria datu-pilotuak ditu, alegia, errenkadetan iragazkiak aplikatzen ahal ditugu.

Datu-pilotuaren bidez datuak iragazten ahal ditugu. Adibidean herri herri edo auzo batzuetakoak iragazten ahal ditugu, jangelara doazenak eta abar.


2011/08/19

Nola irakurri dokumentu luzeak portatil batean



Dokumentu luzeak ordenagailu batean irakurtzea nekagarria da, batez ere netbook edo  portatil txikia bada. Konponbide bat izan daiteke ordenagailuan dokumentuak e-bookerako formatu batean irakurtzea, hala nola epub. Zein da diferentzia nagusia? odt edo pdf paperaren forma zurruna dute, letra handiago ikusteko zoom egin behar dugu eta lerroa pantailatik kanpo ateratzen da batez ere pantaila txikietan. E-booketarako formatuan lerroak ez dira finkoak beraz letra handitzean lerroak pantailara egokitzen dira. Bestetik portatil txikietan pdf formatuko irakurtzaileek pantaila 90º biratzeko aukera ematen dute baina nabigazioa konplikatzen da. E-book irakurgailuak, FBReader kasu, letra handitu, testua biratu, orriak pasa, koloreak aldatu eta, oro har, irakurketa errazten dituzten tresnak dituzte.
Beste abantaila bat da testua leihora egokitzen dela eta hori oso ondo etortzen da aplikazio baten manuala eta aplikazio bera aldibereko bi leihoetan ikusteko.

Ezkerreko leihoan Blender, eskuinekoan Blenderri buruzko manual FBReaderrenL bertan ikus daiteke nola testua leihora egokitzen den.


Odt edo pdf dokumentu bat horrelako aplikazio batekin irakurtzeko zein urrats eman dezakegu?
Lehenik eta behin dokumentua bere formatutik odt, pdf... epub formatura pasako dugu.
Formatua odt bada posible dugu Libreoffice-Openofficerako writer2epub gehigarria erabil dezakegu. Edozein modutan Calibre aplikazioa instala dezakegu: plataforma guztietarako bertsioak ditu, bai eta portablea ere eta formatu konbertsioaz gain beste hainbat tresna eskaintzen ditu. Ubuntun software biltegitik instala dezakegu edo terminalean hau itsatsita:

Martxan jarriko dugu Aplikazioak > Bulegoa > Calibre. Konbertsioa egiteko:
  1. Dokumentua ireki (onartzen dituen sarrerako formatuak ODT eta PDFz gain: BZ, CBR, CBC, CHM, EPUB, FB2, HTML, HTMLZ, LIT, LRF, MOBI,  PRC, PDB, PML, RB, RTF, SNB, TCR, TXT, TXTZ)
  2. Convert individually (bakarra bada edo banaka egin nahi badugu).


Guk sortutako dokumentua bada aurkibide txukun bat edukitzeko atalen tituluei 1. izenburua, 2. izenburua estiloekin markatuko ditugu eta Calibrek aurkibide txukuna egin dezan Estruktura Detekzioa atalean azpiko irudian laranjaz markatutakoa ezabatu beharko dugu.

Gainerako zehaztasunak begiratu ondoren OK egingo dugu epub formatura konbertitzeko (beste irteerako formatuak: FB2, LIT, LRF, MOBI, HTMLZ, PDB, PML, RB, PDF, RTF, SNB, TCR, TXT, ZIP).

Calibrek berak badu aplikazio bat epub formatuko dokumentuak irakurtzeko baina egokiagoa iruditu zait FBReader aplikazioa. Windowserako bertsioa ere badu. Ubuntun software biltegitik instala dezakegu edo terminalean hau itsatsita:



Instalatu ondoren Aplikazioak > Bulegoa atalean azalduko da E-book reader izenarekin. Aldez aurretik epub formatura konbertitu dugun fitxategia (edo deskargatu dugun beste edozein) netbook batean eroso irakurtzeko aurrena (1) dokumentua irekiko dugu (2) ezkerretara 90º biratuko dugu eta (3) fondo beltza eta letra zuriak jarriko ditugu.

Fondo beltza Colours fitxan:


eta letra zuria:
Styles fitxan letra-tipoa eta tamaina alda ditzakezu. Margins fitxan margenak txikitu ditzakezu.

Laster teklak
Pantaila osoa Enter,
Orria pasatzeko AvPag
Aurkibidea ikusteko C
Beste laster teklak eta ezarpenetarako laguntza orri honetan.


2011/07/26

Math formula editorerako txuleta

LibreOffice-OpenOffice formulak editatzeko tresna interesgarria dute, Math. Erabiltzeko testu prozesadorean Txertatu > Objektua > Formula egin eta formula editorea irekiko da; marko batean agertuko formula, behean edizio zona dugu eta Elementuak izeneko tresna-kutxa irekitzen da.



Tresna kutxa hori oso praktikoa da formulak noizbehinka idazten dugunontzako baina formulak sarri idazten dutenenei merezi zaie eragile eta funtzioen izenak eta sintaxia ikastea formulak zuzenean editorean idazteko. Ez da saila baina ohitu arte komenigarria izan daiteke laguntza eskura izatea. Horretarako prestatu dut txuleta hau:

2010/12/26

Libertine eta Biolinum kb bi letra mota interesgarri

Libertine Open Fonts Project proiektuak bi letra mota multzo interesgarri eta libre eskaintzen digu:

Batetik Libertine letra tipoa, seriff motakoa, alegia letretan errematea duena, hain ezaguna den Times New Roman letraren antzekoa. Letra hau oso interesgarria iruditzen zait matematika eta oro har zientzia arloko testuentzat, izan ere ikur matematikoz ondo hornitua dago. Begira horietako batzuk:


Bestetik Biolinum keyboard. Sans seriff edo errematerik gabeko letra mota honek duen berezitasuna da letrek teklaren itxura hartzen dutela eta tekla bereziak ere barnean direla.



Interesgarria iruditzen zait testuetan laster teklak eta oro har teklatuko eragiketak adierazteko.

Bi letra multzo hauek Linux, Mac zein Windowsen erabili daitezke. Horretarako bertatik

Ondoren deskonprimatu behar da. .tgz formatuan dago, beraz, Windows zein Macen 7zip edo Izarc moduko deskonpresore on -eta libre- bat behar da. Ondoren Fonts karpetan sartu, bertan bi letra mota hauen hainbat aldaera ditugu: arrunta (Re), Bold edo lodia (Bd), etzana edo italikoa (it)... eta LinBiolinumen kasuan keyboard (Kb), denetan Truetype (ttf) eta aurreratuagoa den Opentype (otf) formatuan. Instalatzeko:

Windowsen c:\windowss\fonts karpetara kopiatu.
Linuxen fitxategian klikatu letra-tipoen ikustaileak ireki dezan eta bertan ematen du aukera instalatzeko.
Mac-en, sentitzen dut, Gurutze, ez dakit.

Gaur (11/1/22) ikusi dut Libreofficek instalatuta ekarriko dituela.

2010/07/03

Linux: OpenOffice dokumentuen miniaturak ikusi

Programa txiki bat instalatuta posible da OpenOffice.org paketeko aplikazioez egindako dokumentuen miniaturak ikusi Nautilusen. Testu prozesadorez, kalkulu orriaz eta marrazki bektorialen miniaturak ikusten ahal dira. Aurreneko aldia denbora pixka ematen du miniaturak sortzen, hurrengoetan ez.

Instalatzeko, terminal batean (Aplikazioak > Gehigarriak > Terminala) egin:

sudo -v

sudo add-apt-repository ppa:flimm/ooo-thumbnailer

sudo apt-get update

sudo apt-get install ooo-thumbnailer

Martxan hasteko ekipoa berrabiarazi behar da.



Desinstalatu nahi baduzu Synaptic-era joan, bilatu eta desinstalatu.

2010/05/23

PDF tresnak Linuxen

PDF formatura esportatu.
  • OpenOffice paketeak (testu prozesadore, kalkulu orria, aurkezpen editorea...) zuzenean esporta dezake PDFra.
  • Aplikazio askok (Firefox, Xmind, Gimp...) PDF formatuko fitxategira inprimatzeko aukera ematen dute.
PDF fortatuko fitxategira inprimatzen.

  • Aukera hau ematen ez duten aplikazioetarako inprimagailu birtual bat sor dezakegu (ikus).
PDF formatutik importatu.

OpenOfficek hedapen edo gehigarri baten bidez egin dezake, jaitsi Sun PDF Import Extension eta instalatu OpenOfficen (Tresnak > Hedapen kudeatzailea > Gehitu)

PDF tresnak.

Badira aplikazio batzuk PDFak moldatzeko, haien artean PDF Chain, Ubuntun software-biltegitik instala daiteke eta haren bidez PDF fitxategi bat moztu (split) dezakegu orritan esate baterako edo PDF dokumentu batzuk bakar batean batu (merge) ditzakegu, bat beste baten atzeko plano bezala jarri eta abar. Kasu guztietan sortutako dokumentua babesteko aukera ematen digu.

PDF Chain aplikazioaren interfazea

2010/05/22

OpenOffice base apunteak html5 formatua estrenatu duen Scribd.com ostatuan

Izenburu korapilatsua bi mezu batean emateagatik.

Ikasturtea bukatzen ari da eta ikas materialak hainbat aldaketa egin ondoren argitara ateratzeko unea da. OpenOffice baseri buruzko apunte batzuk igota nituen aspaldi Scribd.com dokumentu-ostatura. Horiek kendu eta apunteen bertsio berria igo dut.
Apunte horien bukaeran hainbat ariketa jarri ditut eta ariketa horiek egin ahal izateko behar diren datu-baseak ere eskuragai jarri ditut -Dropbox ostatuan-.

Esan bezala apunteak Scribd.com ostatuan jarri ditut eta konturatu naiz dokumentuak lehen baino askoz hobe ikusten direla. Pixka bat begiratuta ikusi dut arrazoia dela Scribd.com Flash utzi eta html5 formatura pasa dela.
Orain arte Flash erreproduktorea erabiltzen zuten dokumentu konplexuak gaizki ikusten zirelako html formatuan (letra-tipo gutxi, irudi bektorialak ezin eskalatu...); baina html formatuaren 5 bertsioak ekarri dituen aurrerapenekin (font-face, canvas...) dokumentuak oso ondo ikusten dira zuzenean eta Scribd.com Adobe enpresaren Flash uztarri pribatibotik askatu da. Zer hobetu da dokumentuak ikustean?
  • Flashek ezartzen zuen markoa desagertu da. Dokumentuak zabalago, argiago ikusten dira.
  • Nabigadorearen tresnak erabili daitezke dokumentu barrenean: testua bilatu, zooma, testua eta irudiak hautatu eta kopiatu...
  • Google-k eta gainerako bilatzaileek dokumentuen testuak eta irudiak indexatuko dituzte.
  • Pluginik ez da instalatu behar.

Honi buruzko informazioa Scribd.com-en.

2010/03/04

Ubuntu: nola instalatu OpenOffice-base

OpenOffice-base,bulegoko aplikazioetan datu-baseen gestorea, gutxi erabiltzen omen da eta astuna da. Badirudi hori dela eta Ubuntuk ez duela instalatzen.

Aplikazoaren ikuspegi orokorra


Behar izanez gero, nola egingo dugu instalatzeko?
  1. Jo Synapticera: Sistema > Administrazioa > Synaptic paquete kudeatzailea (sartu pasahitza).
  2. Bilaketa bizkorrean idatzi:  openoffice.org-base
  3. Bilaketaren emaitzetan izen bereko kontrolean eskuin klik egin eta "instalatzeko markatu" hautatu.
  4. Javako hiru menpekotasunak agertzen dira: markatu.
  5. Tresna barran "aplikatu" klikatu. Konfirmatu aplikazioa.


Prest dago. Aplikazioak > Bulegoa atalean sartu eta bertan izango dugu.




Erabiltzeko laguntza behar baduzu Scribd.com ostatuan baduzu apunteak euskaraz.

2009/12/22

2010 egutegia

Aurtengoarenak ia egin du eta hurrengo urtean ditugu jarriak begiak.
Aurrezki kutxarena gustukoa ez eta zeurea egin nahi baduzu hona 2010 egutegia OpenOffice formatuan.
Are gehiago edozein urterako balio dezake OpenOffice Calc aplikazioan egindako fitxategi hau:

Lehen orrian urtea eta itxura zehazteko kontrolaz gain urte osoko egutegia dago.


Beste orrietan, azpiko aldean zenbakiz izendatuak, hilabetez hilabete daude urteko hamabiak.


Forma alda dezakezu, jaiegunak eta oporrak markatu, hitzorduak idatzi, urteak betetzen dituztenen argazkitxoak txertatu... hau da zure erara molda dezakezu. Nahi izanez gero inprima ditzakezu.
Gorde txantiloia, izan ere, datozen urteetarako balioko dizu.
Fitxategia irekitzeko OpenOffice behar duzu, software libreko bulegorako aplikazio-pakete nagusia.
Oraindik ez duzula OpenOffice? Ba, bada garaia. Hemendik edo hemendik jaitsi dezakezu debalde.

2009/11/24

Zenbait aholku OpenOfficen indize alfabetikoak egiteko

Testu luzeen tratamenduan, batez ere txosten, tutorial edo saiakera modukoetan tresna garrantzitsua da indize alfabetikoa. Indize hau idazlanaren bukaeran jartzen ohi da eta gaiaren termino nagusien zerrenda alfabetikoa da; bertan termino bakoitza zein orrialdetan agertzen den ageri da.

OpenOfficeren testu prozesadorean indize alfabetiko bat egiteko lehenik eta behin indizean agertzea nahi dugun terminoei sarrera eman behar diegu. Horretarako terminoaren lema -deklinatu gabeko forma- hautatu eta Txertatu > Indizeak eta taulak > Sarrera egingo dugu. Terminoa agertzen den orri guztiak zerrenda daitezen antzeko testu guztiei aplikatzea komeni da, eta hasierako letra maiuskulaz edo minuskulaz dagoen bereizi gabe.


Termino guztiei sarrera eman ondoren, testuaren bukaeran, indizea txertatuko dugu: Txertatu > Indize eta taulak > Indize eta taulak... > Mota: indize alfabetikoa hautatu eta, terminoak agertzen diren orri guztiak ikusteko "konbinatu sarrera berak p edo pp-rekin" aukera desmarkatu behar dugu.

2009/11/11

Irudiak txertatu ala itsatsi?

Dokumentu batean irudi bat jarri nahi badugu bi aukera nagusi ditugu:
  • irudia gorde -gordeta ez balego- , Editatu > Txertatu > Fitxategitik eta arakatzailearekin hautatu, edo
  • irudia kopiatu eta dokumentuan itsatsi.
Bigarren aukera, sarri, azkarragoa eta errazagoa bada ere lehenengoa seguruagoa da eta pisu gutxiago eransten dio dokumentuari. Sarean bilatuta ez dut apenas informaziorik ikusi gaiari buruz baina badirudi arinago izatearen arrazoia dela, txertatuz gero, irudiaren bereizmena 72dpi-ra murrizten dela.
Esperimentu txikia egin dut: 588,4KBko irudi bat jarri dut testu prozesadorearen orri zuri batean itsatsia eta txertatua; itsastean dokumentuaren pisua askoz handiagoa da (1,9MB) txertatzean baino (630,8KB). Kalitatea, itxuraz bederen, berdintsua da. Kontuan izateko, batez ere, irudi asko duten testu, aurkezpen eta abarretan.

2009/11/07

Nola kopiatu Calc-eko datuak Writerreko taula batera

Ohiko eragiketa bat da kalkulu-orritik zenbait datu kopiatzea testu batean taula moduan itsasteko. Bada, OpenOfficen itsatsi arrunta edo Ctrl+V egiten badugu ez da itsasten taula moduan metadatu moduan baizik, hau da kalkulu orri zati bezala, editatzeko aukerarik gabe. Taula bezala itsasteko egin behar dugu: Edizioa > Itsatsi berezia eta agertzen zaizkigun aukeren artean bi hauetako bat hautatu:



  • DDE esteka: aukera hau erabiliko dugu baldin eta nahi badugu testu prozesadoreko taula berritzea jatorrizko kalkulu-orria aldatzen denean. Testua irekitzean galdetzen digu ia esteka eguneratu nahi dugun.
  • Formatudun testua (RTF) aukera erabiliko dugu eguneratzerik interesatzen ez zaigunean.

2009/09/17

Nola jarri irudi bat atzeko plano bezala OpenOffice Impress diapositiva batean

Demagun aurkezpen batean irudi batek diapositiba osoa hartu behar duela eta haren gainean geziak, testua edo holakorik jarri behar dugula; oso tipikoa, esate baterako mapekin edo arte lanekin. Txertatu>Irudia>Fitxategitik egingo bagenu arazoak izango genituzke gainerako objektuak hautatzeko. Horregatik erosoagoa da irudi hori atzeko plano bezala jartzea.

Nola egiten da?

  1. Kokatu diapositiba zurian.
  2. Egin eskuineko klik edozein tokitan eta laster-menua agertuko da.
  3. Hautatu Diapositiba>Ezarri diapositibaren atzeko planoko irudia.
  4. Arakatzailean irudia hautatu
  5. Galdetuko dizu irudi hori diapositiba horretako atzeko planoa izango den edo diapositiba guztietakoa. Jeneralean horretakoa izango da.


OpenOffice Drawing aplikazioan antzeko efektua lortzeko, alegia irudi baten gainean eskema, testuak... ipintzean irudi bera ez hautatzeko honela egin daiteke: fitxategi berri bat irekitzen dugunen geruza aktiboa Diseinua izenekoa da, lan eremuaren ezker beheko aldean agertzen da erreferentzia.
  1. Txertatu lan-eremuan irudia(k)(mapa, argazkia...) eta Diseinu erreferentzian eskuin klik egin eta Aldatu geruza > Blokeatuta aktibatu, hartara geruza horretako elementuak ezin dira hautatu eta editatu, eta ezin dira elementu gehiago sartu.
  2. Diseinu erreferentzian berriz ere eskuin klik egin eta oraingoan Txertatu geruza. Geruza berriari nahi duzun izena jarri eta bertan txertatuko dugu laukizuzenak, geziak, testuak eta abar era erosoago batean.

Aukera bat da geruza batzuk sortzea eta, geruzak ezkutatu eta agerraraz daitekeenez, atzeko mapa edo irudi bakarraren gainean bilakaera baten faseak hainbat geruzatan ikus daitezke.

2009/07/15

Nola alternatu orri bertikalak eta horizontalak LibreOffice Writer-en

Eskolan Word-zaleei erronka egiten diet ia zer dezake Word-ek Writer-ek ezin dezakeena eta aitortu behar dut orrialdeen orientazioaren istorio honekin arantza bat, bakarra, baneukala ondo sartua.
Baina foroetan begira eta begira ikasi dut nola egiten den. Dokumentu berean orientazio ezberdineko orriak badaude honela jokatu behar dugu: demagun lehen orria bertikala dela eta, eskema edo irudi berezi bat jarri nahi dugulako, bigarrena horizontala nahi dugula, bada lehen orriaren bukaeran egingo dugu Txertatu > Eskuzko jauzia eta, irudian ikusten den bezala, Estilo leihoan zerrenda korrituko dugu Horizontala agertu arte, hautatu eta kito.

Demagun 3. orria berriz ere bertikala dela, bada prozedura bera segituko dugu baina Horizontala hautatu beharrean Lehenetsia hautatuko dugu.

2009/06/04

Nola txertatu audio bat OpenOffice Impress aurkezpen baten zehar

Impress batean audioak -musika, ahozko grabazioak...- txertatzeko eskuin menuko Diapositiba-trantsizioa ataletik egingo dugu.
Delako audioa diapositiba zehatz batean entzun behar bada eta berau aldatzean audioa isildu behar bada horrela egingo dugu:
  • Kokatu audioa hasi behar duen diapositiba horretan eta eskuin aldeko Diapositiba-trantsizioa atalean Soinua > Beste soinu bat > arakatzailean fitxategia hautatu (wav, mp3, ogg...) eta ez aktibatu azpiko Jarraitu hurrengoan.
Aitzitik, audio hori hurrengo diapositibetan ere entzutea nahi baduzu (fondoko musika, hitzaldia...) orduan aktiba ezazu Jarraitu hurrengoan atzeko diapositibetan.

Diapositiba tarte batean entzutea nahi baduzu, tarteko azken diapositibaren trantsizioan "gelditu aurreko soinua" hauta ezazu.


Aurkezpena eta audioa komeni du karpeta berean egotea eta aurkezpena eraman behar badugu, esate baterako USB memoria batera, karpeta eramango dugu audioa ez baita txertatzen aurkezpenean, estekatu egiten da. Postaz bidaltzeko aipatutako karpeta konprimitu eta erantsiko diogu mezuari.

2009/05/21

OpenOffice.org 3.1 euskaraz jaisteko prest

Dagoeneko jaisteko prest dago OpenOffice.org 3.1 bertsio berria euskalgnu.org web orritik. Windows, Linux eta Solaris sistemetarako (laster MacOs).



Instalatzeko jaitsitako fitxategian klikatu eta deskonprimituko da. Ondoren instala zure sisteman ohikoa den eran instalazio abiatu eta morroiak lagunduko dizu erraz instalazioa burutzen. Gogoan izan Xuxen IV zuzentzaile ortografikoaren gehigarria hemendik jaitsi dezakezula (aurreko bertsioan instalatuta ez bazenuen). Jaitsi ondoren klikatu eta bera bakarrik instalatuko da.

Bertsioaren zenbait berrikuntza:
Aplikazio guztietan:
  • Anti-aliasing sistemaren bidez grafikoen ertzak leunagoak ikusten dira.
  • Grafikoak mugitzeko klikatu eta errestan eramatean aurreikuspen bat erakusten du.
  • Hautapenak argiagoak: gardenak direnez jatorrizko koloreak hobeto antzematen dira.
Kalkulu orrian:
  • Hobekuntzak datuen adierazpen grafikoetan. Batez ere balio negatiboetan.
  • Aukera gehiago datuak ordenatzean.
  • Orrialdearen aurrebistan inprimaketa-area orrira egokitzeko laguntzailea:


Testu prozesadorean:
  • Elkarlanetan oharrei erantzuteko aukera eta beste kolaboratzaileek egindako ekarpenak onartzeko edo ukatzeko aukera gehitu dute.
  • Goimarratzea erantsi dute. Azpimarratzearen antzekoa baina karaktereen gainetik.