2020/02/12

Openshot: tresna berria erreprodukzio-burua erdiratzeko

OpenShot-ek, software libreko bideo editore ezagunak, 2.5 bertsioa estreinatu du. Gehien bat errendimendu hobekuntzak ekarri ditu, besteak beste hardware bidezko azelerazio grafikoa mp4-ren kodetze-dekodetzetan hainbat txartel grafikorekin.

Interfazeari begira tresnatxo interesgarri bat gehitu dio tresna barrari, irudian markatutakoa hain zuzen:

 

Tresna horren bidez denbora lerroa mugitu egiten du erreprodukzio-burua interfazearen erdian gera dadin.

Animazio honetan ikus daiteke tresna horren ondorioz nola erreproduzkio-burua, lan-areatik kanpo zegoena, lan-arearekiko erdiratzen den horretarako denbora-lerroa mugituta.


2020/02/02

Moodle: kalifika nazazu blokea

Nola jakin Moodleko irakasle gisa zeintzuk jarduera ditugun zuzendu, kalifikatu edota ebaluatzeko?

Modu bat da zeregina edo zuzendu beharreko bestelako jardueraren ezarpenak zehaztean Jakinarazpenak atalean markatzea kalifikatzaileari bidalketen berri ematea.

Horrela eginda irakasleak ikasleen bidalketen berri izango du postan.




Sistemak funtzionatzen du baina posta irekitzea estresagarria egiten bazaizu jakinarazpenak kentzen ahal dituzu eta zure aginte panelean Kalifika nazazu blokea gehitu dezakezu. Zuzentzeko asmoa duzunean zure aginte panelera jo eta bloke horrek adieraziko dizu zure ikastaro bakoitzean zenbat eta zeintzuk bidalketa dituzun zuzentzeko.


Bloke hori instalatzeko zure aginte panelera joan:
menua zabaldu eta haren beheko aldean Gehitu blokea eta zerrendako Kalifika nazazu hautatu.


Goiko irudiko laburpena erakutsiko dizu bidalketak ikastaroz sailkatuta. Zehaztasun gehiago nahi baduzu sakatu Zabaldu guztia eta bidalketa kopuruaz gain bidali duen ikaslea eta bidalketaren data eta ordua agertuko da.


Estekan klikatuta jarduerara eramango zaitu (ez zuzenean ikaslearen bidalketara).


2020/01/17

HERE WeGo smartphonarekin euskaraz nabigatzeko


Google Maps eta Osmand probatu ondoren HERE WeGo probatu dut Androiden eta esperientzia ona izan da, batez ere,

  • Euskaraz eta oso natural hitz egiten du. Interfazea, ordea, ez dago euskaraz, ingelesez agertuko zaizu gailua euskaraz baduzu baina oso intuitiboa da.
  • Konexiorik gabe nabigatzeko mapak deskargatu daitezke doan.
  • Aplikazioa doakoa da (ez libre).
  • Ez du iragarkirik.
  • Beharrezkoak baino baimen gehiagorik ez du eskatzen.
  • Helmugak gordetzen ditu.
  • Helmugak erraz bilatzen ditu.
  • Oinez, kotxez, bizikletaz edo garraio publikoz aukeratzeko ematen du.
  • Legezko abiadura gainditzean abisua ematen du (konfigura daiteke). Abiadura gainditzeak detektatzen dute kamerak agertzen dira.
  • Mapa eta nabigazio ikuspegiak aukeran.
  • Trafikoaren informazioa (konexioarekin).
  • Gutxi okupatzen du (190MB) -maparik gabe-.

Nokiak garatu zuen eta orain Audik, BMWek eta Daimlier-ek kudeatzen dute. Android eta IOS bertsioak ditu.
Google Maps-ek eta Osmand-ek baino aukera edo informazio gutxiago eskaintzen ditu baina nabigatzeko oso erraz eta arin jartzen da martxan.
Desgooglezatzeko bidean oso erreminta interesgarria.

Hemen hainbat pantaila argazki:

Mapa eta ortofoto ikuspegiak ditu:

Menua, ezarpenak (hemen ikusten da Download maps mapak deskargatzeko botoia), ezarpen orokorrak eta ahots ezarpenak. Azken hau erabiliko dugu zehazteko ahotsa euskaraz nahi dugula (irudian euskara instalatuta dago, instalatzeko choice voices -aukeratu ahotsak- klikatu behar da).


Dena prest dagoela zehaztuko diogu nora joan nahi dugun tokia idatziz, aukeratuko dugu bidaiatzeko modua: oinez, bizikletaz, garraio publikoz edo ibilgailu pribatuaz. Biderik azkarrena eta alternatibak eskainiko dizkigu eta hautatu ondoren START -abiatu- sakatuko dugu eta nabigazioa hasiko da.


Autoz nabigatzean abiadura, gehienezko abiadura, iristeko ordu estimatua eta -online nabigatzen badugu- trafikoaren egoera ikusiko dugu. Eskuineko irudietan aukerako busak eta bus geltokiko bidea.


Androiden instalazioa PlayStoretik egin dezakegu edo apk fitxategia deskargatuta.

Behin proba eginda momentuz geratzen naiz Here WeGo-rekin nabigatzeko eta OSMANDekin tokiko informazioa eta interesguneak ikusteko.


2019/12/21

Animator Maker animazio errazak egiteko tresna

Animator Maker animazioak egiteko Linuxerako aplikazio berria da. Bere ezaugarririk nabarmenena da erraztasuna. Izan ere, ez da iristen Synfig Studio-ren mailara irudi bektorialak onartzen baditu ere irudi horiek osorik mugitzen direlako eta ez haien nodoak, eta ez du atzeko plano gardena onartzen. Bi muga horiek ditu baina lan sinpleak egiteko oso erraza eta intuitiboa da.


Funtzionamendua:

1- Agertokia edo eszena definitzea: forma, tamaina, atzeko planoaren kolorea eta segundoko fotogramak. Ez du atzeko plano gardenik onartzen.


2- Elementuak sartu eszenan. Elementuak izan daitezke:
  • testua
  • laukizuzena
  • elipsea
  • irudia (jpg, png...)
  • irudi bektoriala (svg) 
3- Animazioa
   a- Hautatu animatu behar duzun elementua.
   b- Hautatu animazioaren hasiera unea.
   c- Hautatu animatu behar dituzun elementuaren parametroak parametroaren erronboa klikatuta.
  • kokalekua
  • tamaina
  • eskala
  • zizailamendua
  • biraketa
  • kolorea
  • opakutasuna
   d- Aktibatu gako-fotograma eta animazio automatikoa.

   e- Elementu horren animazioaren bukaera unea zehaztu denbora lerroan klik eginez.
   f-  Bukaera uneko parametro berriak eman zenbakiak aldatuz edo, kokapena eta tamainaren kasuan, elementua desplazatuz.

4- Animazioaren mugimendua. Behin animazioa diseinatuta mantendu daiteke mugimendu lineala edo aldatu hainbat funtzioen arabera:

   
5- Animazioa gorde eta esportatu. Esportatu daiteke bideo moduan (mpg, mp4, avi)  edo gif animatua. Gif animatua arinago egin daiteke Peek erabilita.



Instalazioa:

Deskargatu instalazio fitxategia: AnimationMaker-Linux-1.8.4.1.Setup
Dagoen karpetan exekutatu. Terminalean ./AnimationMaker-Linux-1.8.4.1.Setup
Instalazio programak eskatuko dizu instalatzeko karpeta.
Abiatzeko karpeta horretan sartu eta terminalean exekutatu ./AppRun



Proiektuaren web-orria: https://artanidos.github.io/AnimationMaker/


2019/12/12

Luberri 18.04.7_64bit prest deskargatzeko

Luberri sistemaren bertsio berria dugu 18.04.7. Deskargatzeko eskuin paneleko Luberri instalatu estekan klikatu. Irekiko den orrian deskargaz gain bertsio berriaren nobedadeak eta instalazioa nola egiten den ere kontsulta dezakezu.


2019/12/07

GCompris 0.97 bertsioa kaleratu du

GCompris software libreko hezkuntzarako jolas multzoak 0.97 bertsioa kaleratu du eta berritasun interesgarriak ditu:

  • Garrantzitsuena orain jarduera guztiak euskaraz daudela, batez ere nabarmentzeko hizkuntza alorreko "Zure hiztegia aberastu" jolasa.

  • Jarduera berriak, tartean "Programatzeko labirintoa"
  • Abiadura ezarpen berria hainbat jardueratan
  • Irudi berriak Koloreak, Kolore aurreratuak eta Punteria jokoetan.
  • Jarduerak antolatzeko azpi-kategoriak.

Ubuntu 18.04 bertsioan instalatzeko jarraibideak mezu honetan.

Androiderako 0.97 jolas guztiak dituen apk fitxategia bertsioa F-droid-en orritik deskargatu eta instalatu dezakezu. Bertsio honek Android 5.1 eskatzen du gutxienez. EAEko eskoletako Multiclass monitoreek, tamalez, Android zaharragoa dute 5.0.1 hain zuzen ere, eta 0.97 ezin da instalatu. 0.96 da monitore hauetan funtzionatzen duen azken bertsioa. Bertsio hau ere deskargatu daiteke F-droid-etik.

Windows bertsioa eros daiteke bere dendan.

Oharra:
Gcomprisen euskaratzean akats batzuk daude baina kontrolatuta daude eta desagertzeko bidean.

Durangoko azokan Burutek eta Hezkuntzan Ere Librezale

Bihar, igandea, Durangoko Azokako Kabi@ aretoan 11:00etatik aurrera burujabetza teknologikoaz zer ikasi eta eztabaidatu egongo da.



 Girotzeko Hezkuntzan Ere Librezalek prestatutako bideoa.


2019/12/05

Moodle: urratsak errubrika bat ezartzeko jarduera batean



Errubrikak Moodleek kalifikatzeko duen metodo aurreratu bat da. Errubrika jarduera baten kalifikazio-irizpideak jasotzen dituen taula bat da. Irizpide bakoitzerako hainbat maila deskriptibo eskaintzen ditu. Irizpide eta maila bakoitzari zenbakizko kalifikazio bat esleitzen zaio. Irakasleak kalifikatzen duenean hautatzen du bidalitako lana zein mailan kokatu. Errubrikak berak kalkulatzen du azken kalifikazioa gelaxka bakoitzari emandako ponderazioaren  arabera.

Urratsak:

1- Zeregina definitzean, kalifikazioaren atalean, kalifikazio-metodoan errubrika aukeratuko dugu.

Momentuz ez dugu gehiago zehaztuko baina zeregina definitzen bukatzean egingo dugu "Gorde eta erakutsi".


2- Zereginaren barruan gaudela (ez bazaude klikatu zereginean), ezkerreko goiko izkinako ezarpenetan (engranajean) klikatu eta aukeratu:

  • "Kalifikazio aurreratua", baldin eta zuk edo beste irakasleren batek lehendik sortutako errubrika bat erabili nahi baduzu, dagoen bezala edo moldatua.
  • "Zehaztu errubrika", baldin eta errubrika berri bat sortu nahi baduzu.

3- Egindako bat moldatzeko edo berria egiteko zehaztuko dugu lehenengo kalifikazio irizpidea eta definituko dugu mailak ondoko zutabeetan. Gelaxka bakoitzean mailaren deskripzioa gehituko dugu eta maila horren kalifikazio partziala. Behin irizpide bat bukatzean beste irizpide bat gehituko dugu eta bere gelaxkak beteko, horrela bukatu arte.
Beheko aldean errubrikaren aukerak baieztatu eta "Gorde" egingo.

 Pentsatzen baduzu sortutako errubrika hori beste jarduera baterako erabili ahal izango duzula zu edo zure ikastetxeko lankide batek, orduan gorde txantiloi gisa.

Errubrika txantiloi gisa gordetzeko botoia


4- Errubrika prest dago erabiltzeko. Ikasleak zeregina egin baino lehen ikusiko du errubrika eta horrela jakingo du zein diren kalifikazio irizpideak eta zer egin behar duen kalifikazio ona izateko eta irakasleak kalifikatzeko unean aski izango du klikatzea matrizean dagozkien mailak eta kalifikazioa automatikoki kalkulatuko da. Azkenik ikasleak kalifikazioa ikusiko du eta ikusi ahal izango du haren desglosea.

Errubrika ikasleak zeregina egin aurretik




2019/11/29

Linux: erabileraren erregistroa

Nola jakin nork erabili duen ordenagailu bat eta zein ordutan?

Erabili daiteke last komandoa. Komando honek emango digu azken hilabetean nork ireki duen saioa, zein egun eta ordutan eta noiz itxi saioa edo ordenagailua itzali eta, ondorioz, zenbat denbora erabili den.

Kontuan izan Linux multierabiltzaile sistema dela, beraz, gerta daiteke une berean erabiltzaile bat baino gehiago egotea martxan.


2019/11/24

Framemo ideia-jasak eta kanban-ak egiteko online aplikazioa


Framemo.org orrian sartuta arduradunak, usu irakasleak, izen propioa duen panel bat sortzen du, panel horrek izen hori duen URL-a du. URL edo web helbide hori partaide (ikasle) bakoitzak bere nabigatzailean jartzen du eta panel horretan parte har dezake.

Panel hauetan egin daiteke:
  • Sortu online panelak (erregistratu gabe);
  • Partekatu URLaren bidez (web helbidea);
  • Lankidetzan lan egin denbora errealean (erregistratu gabe);
  • Oharrak gehitu, editatu, mugitu, gainean jarri eta ezabatu (4 kolore erabilgarri daude);
  • Zutabeak gehitu, izendatu eta ezabatu (panelaren eskuin aldean dauden + - ikurren bidez eta izenean klik bikoitza eginez).
  • Oharretan koloretako gometsak edo eranskailuak gehitu edo kentzea;
  • Idazten duenak bere burua identifikatu dezake. 
  • Oharretan estekak sar daitezke.
  Erabilera: panel hauek hainbat funtzionalitate izan dezakete, haien artean:

  • Ideia-jasa edo brainstorming-a: partaideek bere burutazioak, iragazkirik gabe, panelean idazten dituzte. Koloreak erabili daitezke partaideak, edo partaide taldeak, identifikatzeko, ekarpenak sailkatzeko (ad. abantailak-desabantailak, indargune-ahulgune-aukerak-arriskuak...).


  • Kanban sinpleak. Eskema bat non proiektu baten atazak identifikatu eta partaideen artean banatzen dira (oharren koloreak edo gometsen bidez). Panelen bidez banatzen da euren egoera: egiteko, egiten, eginak, horrela proiektuaren egoera kontrolatzen da. Framemo motz geratzen bazaizu kanban-ak egiteko baduzu zerbitzu osatuago, eta konplexuago, bat: framaboard.org


  • AMIA analisirako (Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahuleziak)


Esportazioa
Ekarpenak testu formatuan
Idatzitako ideiak edo ekarpenak gorde daitezke beste formatu batera esportatuta goiko paneleko bigarren ikonoan. Esportatzean ekarpenak azpi-panelen arabera eta, identifikatuz gero, egileen arabera sailkatzen dira. Formatuak dira:
    • txt edo formaturik gabeko testua. Paneleko oharrak sailkatzen ditu.
    • csv edo kalkulu-orria formatua
    • json formatua, framemo berri batera inportatu daitekeena.





Oharrak 
  • Beste online aplikazio interesgarriak topatzen ahal dituzu Framasoft.org orriko Services libres atalean,
  • Framemo  Ali Asariak sortutako Scrumblr zerbitzarietarako software libreko aplikazioan oinarritzen da.

2019/11/18

Moodle osaketaren jarraipena


Osaketaren jarraipena Moodleek duen tresna interesgarria da. Aktibatuz gero ikasleak ikastaroko bai baliabideetan bai jardueretan, bakoitzaren eskuin aldean, kontrol lauki bat ikusiko du. Kontrol lauki hori markatuta egoteak esan nahi du baliabidea irakurri dela edo jarduera egina dagoela.

Baliabideen kasuan (irakurgaiak, estekak, bideoak...) marka ikasleak eskuz egiten du (irakasleak ez du ikusten) eta jardueretan bidalketa egitean, galdetegia erantzundakoan... automatikoki markatzen da.

Ikastaro baten bi baliabide eta bi jarduera eskuinean osaketaren jarraipena egiteko kontrol laukiak dituztela.

Autokontroleko tresna da, ikasleak jakiteko zein baliabide eta ariketa osatu duen. Ez du balio ebaluaziorako edo kalifikaziorako. Irakasleak ez ditu ikasleen markak ikusten. Bigarren funtzio bat motibazioa da:  material guztiak kontsultatzeko eta jarduerak guztiak egiteko grina pizten du ikasle askorengan.

AKTIBAZIOA

  1. Osaketaren jarraipena egiteko zure ikastetxeko Moodle gunean aktibatuta egon behar du. EAEko ikastetxe publikoetan hori ez dago Moodle kudeatzailearen esku. CAUri (cauf09@hezkuntza.net) eskatu behar zaio aktibatzea (Aginte-panela > Gunearen kudeaketa > Funtzio aurreratuak > Osaketaren jarraipena gaitu -enablecompletion-). Eska daiteke, era berean, era lehenetsian ikastaroetan aktibatuta agertzea ala ez (Berezko osaketaren jarraipena -completiondefault-: erabili berezko jarduera edo ez adierazi jardueraren osaketa).
  2. Ikastaroaren ezarpenetan
  3. Behin hori aktibatuta irakasle bakoitzak bere ikastaroen ezarpenetan osaketaren jarraipen aktibatu edo desaktibatu dezake:
  4. Bukatzeko, ikastaroaren barrenean, baliabide eta jarduera batzuk izan dezakete jarraipena eta beste batzuk ez, eta , dutenek, izan daiteke ikasleak eskuz jarrita edo automatikoa baldintza batzuk betetzean.
    Jardueraren ezarpenetan


2019/11/13

Slimbook Battery eramangarrian bateria aurrezteko aplikazioa Linxerako

Slimbook eramangarrien fabrikatzaileak edozein eramangarrian bateriaren kontsumoa aurrezteko erabili daitekeen aplikazioa kaleratu du: Slimbook Battery. Aplikazio honek besteak beste TLP aplikazioa integratzen du baina TLP terminaletik kudeatzen da eta Slimbook Batteryk erabiltzeko erraza den interfaze grafikoa eskaintzen du.

Behin instalatuta gehigarrietan agertuko zaigu, exekutatu eta  sistemaren erretiluan agertuko da:

Ikusten denez, hiru modu eskaintzen ditu: energia aurreztekoa, tartekoa eta errendimendu guztizkoa. Egoeraren arabera aukeratuko dugu interesatzen zaiguna, esate baterako, konexio elektrikorik ez badugu komeni da jartzea Energy Saving, hartara besteak beste pantailaren distira %33ra jaitsiko du, internetera kablez konektatuta badago wifia eta bluetooth-a itzaliko ditu... Moduaren arabera panelean erakutsiko ditu kolore bat: berdea aurrezteko moduan, urdina tartekoan eta laranja errendimendu handikoan. Beti ere, distira eta bestelako parametroak eskuz alda daitezke.

Advanced mode sakatuta aplikazioaren ezarpenetan sartzen ahal gara eta bertatik, esate baterako agintzen ahal diogu aplikazioa ordenagailuarekin batera arrankatzea (autostart application).


Bestetik ezarpenetan zehaztu dezakegu modu bakoitzaren parametroak. Azpiko irudietan ikus daitezke energia aurrezteko moduaren parametroak:


Aplikazioa instalatzeko terminalean azpiko aginduak itsatsiko ditugu, hurrenkera honetan:
sudo add-apt-repository ppa:slimbook/slimbook
sudo apt install slimbookbattery

Probatu ondoren desinstalatu nahi baduzu hauek dira aginduak:
sudo apt remove --auto-remove slimbookbattery
sudo add-apt-repository --remove ppa:slimbook/slimbook