multimedia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
multimedia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/04/14

Nola inprimatu hainbat argazki orri batean Gthumb erabilita

Gthumb GNU/Linuxen argazkiak, irudiak eta bideoak ikusteko eta lehenengoen edizio txikiak egiteko aplikazio interesgarria da. Edizio berezietarako Gimp egokiagoa da baina argazkien ohiko edizioa egiteko (berrenkoadratu, begi gorriak kendu, biratu, koloreak zuzendu...) oso egokia.

Gaurkoan azalduko dut nola inprimatu hainbat irudi edo argazki orri batean.

Lehenik eta behin Gthumb ireki eta inprimatu behar ditugun  irudiak dauden karpetara joango gara. Bertan Ctrl tekla zanpatua inprimatu behar ditugun irudiak hautatuko ditugu.


Ondoren eskuin klik egin eta inprimatzeko aginduko dugu.


nprimagailuaren aukeretan,  Prestatu orrialdea fitxan, paperaren orientazioa hautatuko dugu (bertikala edo horizontala) eta Irudiak atalean zehaztuko dugu irudiak zenbat errenkada (Rows) eta zutabetan (Columns) inprimatu nahi ditugun.


Aukera dugu orriari titulu edo oina jarri eta argazkien epigrafe bezala izena, data edo beste datu batzuk jartzea. Kito.




Gthumb ez da instalatzen Ubunturekin batera baina aukera dago Software-zentro-tik instalatzeko edo terminalean hau itsatsita:



2013/03/30

Korrika 18ren mezua

Andoaindik abiatu eta bi mila kilometro baino gehiago eskuz esku ibili ondoren Baionara iristean lekuko barneko mezuak -Amets Arzalluz-ek idatzia- argia ikusi du.



Animazioa ffDiaporama aplikazioaz egina da.

2013/01/27

Nola ikusi eta konbertitu webp formatoa duten irudiak Ubuntun

Webp Google-ek garatu eta 2010ean aurkeztu zuen irudi formatua da. Google-n asmoa formatu ireki hau irudien  formatu estandar bihurtzea zen, gaur egun lortu ez duena.

Webp (web picture) formatu hau librea da eta VP8 formatuan oinarritzen da. VP8 webm (web movie) formatua duten bideoek erabiltzen dute. Mezu honetan komentatu nuen bezala konpresio handia egiten duen codec-a da.

Egiten duen konpresioa kolore erreala erabiltzen du eta, jpeg formatuaren antzera, kalitate galera txikia sortzen du eta lortzen duen konpresio ratioa jpeg-ena baino askoz handiagoa da (ofizialki %25-35 handiagoa). Hona hemen argazki bera hiru formatutan:



Horretaz gain webp formatuak gardentasuna edo alfa kanala onartzen du, jpeg formatuak egiten ez duena. Animazioa ere onartzen omen du.

Web-orrietan erabiltzeko oso formatu interesgarria den arren (web orri baten pisuaren erdia baino gehiago irudiak izaten dira) Firefoxek ez du formatu natiboa onartzen -: irudiak ikusten dira baina gorde nahi badugu jpeg formatuan eskaintzen ditu. Soilik Chrome-Chromium eta Opera onartzen dute formatua.

Horretaz gain Gnome-ren ohiko irudi-ikustaileek ezin dute oraindik irudi hauek erreproduzitu. Zein aplikazio erabil dezakegu irudi hauek ikusteko eta formatu honetara edo honetatik bihurtzeko? Gthumb, argazkiekin gehienetan egiten diren edizio txikiak egiteko erabiltzen den aplikazio interesgarria. Web-orririk edo blogarik editatzen baduzu eta orriak arindu nahi badituzu edo webp irudirik izan eta ezin baduzu ikusi hona hemen nola instala daiteke Gthumb-en 3.1.2 bertsioa (une honetan bertsiorik berriena eta webp onartzen duen lehenengoa): terminalean urrenez urren agindu hauek exekuta itzazu:



Behin instalatuta bihurtu nahi duzun irudian eskuin klik egin eta ireki honekin > Gthumb irudi ikustailea egin. Behi ireki duenean tresna barrako Tresnak klikatu eta Bihurtu formatua hauta:


Bestetik irudiak ikusteko asoziatuko ditugu Gthumb-era. Horretarako webp formatua duen irudi baten gainean eskuin klik egin eta Propietateak ataleko Ireki honekin fitxa ireki, Gthumb hauta eta Ezarri lehenetsi gisa.

2013/01/24

Software bilduma berria



Software bilduma ostatu berrira eraman dut. Orain arte web orria offline editatu eta gero fitxategi berriak eta aldatutakoak Filezillarekin igotzen nituen eta orain online ediziora pasa naiz. Ez du enkantu berdina baina aldaketak errazago eta azkarrago egiten dira. Ea nabaritzen den eta sarriago eguneratzen dudan.

Hau da nire software bildumaren URL berria:

https://sites.google.com/site/softwarebilduma/

blogaren eskuineko panelean esteka finkoa dago.

2012/12/09

Nola zizelkatu irudi bat Gimp-en bidez



Irudi, logotipo edo testu bat atzeko plano batean nola zizelka daitekeen azaltzen duen bideo-tutoriala prestatu dut. Horretarako atzeko plano bat behar da (nik zur irudi hau erabili dut) eta irudi beltza atzeko plano garden baten gainean png formatuan.

Gimp irudi editorearen Klixe zizala (stencil carve, esculpido stencil, patron de gravure) iragazkia erabili dut.

Zizelkatze-lana erliebe emanda egin daiteke edo irudia zurari kenduta. Hona bideoa:




Bideo-kaptura egiteko RecordMyDesktop aplikazioa erabili dut.

2012/10/02

OpenShot 1.4.3 bertsio berria


OpenShot 1.4.3 Released! from Jonathan Thomas on Vimeo.


OpenShot Linuxen gainean dabilen nire gogoko bideo editorea bertsio berria atera du. Akatsak zuzentzeaz gain hainbat aldaketa jarri dizkio garatzaileak, hala nola trantsizioen doiketa automatikoa, titulu animatu berriak, trantsizio eta efektu berriak eta "holo" izeneko gai edo tema beltz ederra.

Aldaketen gaineko informazio gehiago OpenShoten web orrian.
Bertsio berria  PPA bidez Ubuntun instalatzeko exekutatu hauek terminalean:
sudo add-apt-repository ppa:openshot.developers/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install openshot openshot-doc
Fedoran instalatzeko edo instalazio programa jaisteko begiratu hemen.

Gai edo tema beltza jartzeko egin Editatu > Hobespenak > Orokorra > Gai lehenetsia: holo

2012/09/09

Nola sortu kredituak OpenShot bideo editorean

OpenShot Linuxerako software libreko bideo editore interesgarria da.  Oso erraza da erabiltzen baina ez du bideo bukaerako kredituak egiteko morroi edo asistenterik. Beraz kredituak jarri nahi baduzu testua irudi batean sortu behar duzu Gimp edo Inkscape erabiliz besteak beste eta gero irudi horri behetik gorako animazioa jarri behar diozu. Hona hemen operazio horiek bideo batez azalduta (ez dauka audiorik, ondo ikusteko maximiza ezazu -beheko ezker izkinan full screen-):


2012/08/24

Fitxategiak bidali ordenagailua eta android artean wifi bidez

Musika, argazkiak, dokumentuak ordenagailutik smartphonera edo alderantziz WiFi bidaltzeko hainbat modu daude ssh, ftp, web bidez...
Nik azken hau probatu dut eta erraza eta praktikoa iruditu zait. Bestetik edozein sistema eragilean funtzionatzen du. Ikus dezagun nola egin:

Android Smartphonean websharing aplikazioa App Storetik deskargatu, instalatuko eta irekiko dugu.

Lehenengo aldia eskatuko digu pasahitza bat jartzea (owner account password). Gogoan izango dugun bat idatziko dugu.

Atzera egin eta eskuineko pantaila ikusiko dugu. Bertan, beheko panelean gezi berdea duen Start sakatuko dugu eta zerbitzua martxan jarriko da. Smartphona laga -piztua- eta ordenagailura joan.

Ordenagailuan nabegadorea (Firefox, Chromium...) abiatuko dugu eta helbidearen leihoan smartphonaren pantailaren erdian agertzen den helbidea idatziko dugu: http:/192. eta abar (helbidearen laster-marka egin dezakegu).





Pasahitza eskatuko digu.







Smartphonaren fitxategi sistema erakutsiko digu.



Gehien erabiliko ditugun karpetak izango dira:
Home/DCIM/Camera non argazkiak eta bideoak gordetzen dituen.







Bertatik fitxategiak ordenagailura deskargatzeko hautatu, eskuin klik egin eta Download Selected Items klika eta ordenagailuko zein karpetan gorde nahi dugun zehaztuko diogu.


Home/media/music karpeta. Karpeta honetako abestiak Música aplikazioan agertuko dira. Bertara gehien bat musika igongo dugu; horretarako karpetako zona zurian eskuin klik egingo dugu eta menuan Upload files to devices klikatu eta arakatuz zehaztuko diogu zeintzuk fitxagi igo nahi ditugun.

Horretaz gain Dokumentuak izeneko karpeta sor dezakegu pdf, epub edo bestelako dokumentuak igotzeko. Horretaz gain ezabatzeko, berrizendatzeko eta antolatzeko aukera ere badago.

Lana bukatua smartphonera jo eta Websharing-eko pantailaren beheko panelean X Stop sakatuko dugu zerbitzua gelditzeko.

Alternatibak: USB kablea, bestelako wifi konexioak, hodeiko zerbitzuak hala nola Dropbox edo Ubuntu One.

2012/06/26

Argazkiz egindako bideoak

Argazkien bidez bideoak egiteko hainbat aukera dago hala nola Videoporama, PhotoFilmStrip edo OpenShot bideo editorea. Lehenengoa konplexu samarra, bigarrenean audioa jarriz gero honek markatzen du muntaiaren luzera eta hirugarrenean argazkiak animatu daitezke baina zehaztasunik gabe.

Zelan egin ondo eta sinple?
Irudien muntaia PhotoFilmStrip aplikazioarekin. Animazioaren hasiera eta bukaera zehazten.

Nire proposamena da PhotoFilmStrip erabiltzea irudien muntaketa egiteko animazioaren kontrola handia eta erraza delako; horrekin bideoa egin eta   sortutako bideoa eta gogoko musika OpenShotera kargatu,  editatu musika eta tituluak jartzeko eta bigarren bideoa sortu.


Ubuntun PhotoFilmStrip instalatzeko hemendik jaitsi Debian bertsioa, fitxategian klika eta Software Cenerren bidez instalatu.
OpenShot instalatzeko terminal batean hau itsatsi eta exekutatu:
sudo apt-get install openshot

2012/05/09

Hugin, panoramikak egiteko aplikazioa

(eguneratua 2014/7/7an)
Hainbat argazki elkartuta panoramika bat sortzeko aplikazioa da Hugin.

Artikutza

Prozesua argazkiak ateratzean hasten da; ahal dela tripode, makil edo bestelako euskarria erabiltzea komeni da, mailari eutsi behar diogu eta argazkiak elkarren artean muntatu behar dira puska bat. Kamerak panoramikak egiteko modua badu zalantzarik gabe erabiliko dutu; muntatzen lagunduko digu eta panoramika osatuko duten argazkiak karpeta berezi batean gordeko ditu.



Ordenagailuan deskargatu ondoren lotzeari ekingo diogu. Hainbat programa dago horretarako; software librean Hugin nabarmentzen da.

Ubuntun instalatzeko software-zentrotik egin dezakezu. Beta bertsioa instalatu nahi baduzu terminalean hau itsatsi:

sudo add-apt-repository ppa:hugin/next
sudo apt-get update
sudo apt-get install hugin



Aplikazioa abiarazi eta morroi batek hiru egin beharreko hiru urratsetan lagunduko digu: argazkiak kargatzen; lerrokatzen eta lotzen eta, azkenik panoramikoa sortzen.

Huginen morroia
Interfazearen irudia ingelesez ikusten baduzu ere azken bertsioa euskaraz dago.
Bigarren urratzean, lerrokatzean alegia, argazkiak euskarririk gabe egin baditugu edo ez badugu nahiko atalik muntatu gerta daiteke asistenteak ezin automatikoki lotzea eta guk egin beharko genuke lan hori argazkien arteko kointzidentzia puntuak markatuz.
Bukatzeko sortzen duen irudia .tiff formatukoa da; konpresiorik gabeko formatua bera. Arindu nahi badugu .jpg formatura bihurtzea dugu.

Beste aplikazioak Linuxen

2012/04/29

TuxGuitar gitarra ikasteko eta editatzeko aplikazioa



TuxGuitar partituren eta tablaturen editore bat da. Aplikazioa librea da eta Linux, Windows eta Mac OSen gainean funtzionatzen du. Oso praktikoa da gitarra ikasteko, izan ere melodia entzutearekin batera partitura, tablatura eta gitarraren mastilean hatzak non kokatu behar diren erakusten duen eskema ere ikusten da.
Tablaturak gitarrarako partitura modukoak dira non hatzen kokapena ikusten den (tablaturak nola irakurri).

TuxGuitarren pantaila bat non partitura, tablatura eta mastilaren eskema agertzen diren

 Bere fitxategi formatua .tg da baina .ptb, .gp3, .pg4 eta .gp5 formatuak onartzen ditu. Midi fitxategiak inporta dezake  eta  midi, pdf eta ascii formatuetan esporta dezake.

Ubuntun instalatzeko software-biltegia erabili daiteke edo terminal batean honako hau itsatsi dezakezu:
sudo apt-get install -y tuxguitar
 Behin instalatuta soinu eta bideo atalean topatuko duzu. Partitura ez baduzu entzuten Timidity sintetizadorea instalatu behar duzu. Terminalean:
sudo apt-get install timidity

ondoren TuxGuitar ireki eta menuan egin Tresnak >  Preferencias > Doinua > Puerto MIDI eta Midi Through Port-0-ren ordez Timidity Port-0 markatu eta baiezta ezazu.

 DesdeLinux blogean gitarrako partiturak eta tablaturak lortzeko web bilduma  interesgarria egin dute.


TuxGuitar proiektuaren orri ofiziala







2012/02/21

Bideotik animaziora

Linuxen bada era erraz bat bideotik gif animatura pasatzeko. Zertarako? batez ere web orri batean edo aurkezpen batean bideo edo bideo zati bat irudi animatu bezala ikusi ahal izateko etengabeko sekuentzian eta flash player edo bestelako erreproduzigailurik gabe.

Bideo batetik abiatuta sortutako gif animatua


Nola egiten da?
Lehenik eta behin terminaletik kontrolatzen den Mplayer aplikazioa behar dugu. Ubuntu software biltegitik instalatuko dugu edo terminaletik:
sudo apt-get install mplayer
Behin instalatuta konbertsioari ekingo diogu agindu honen bidez (kopiatu eta termalean itsatsi saguaren gurpilean klikatuta):
mplayer BIDEOA -ss HASIERA -endpos BUKAERA -vo gif89a:fps=FOTOGRAMAK:output=IRTEERA -vf scale=ZABALERA:ALTUERA -nosound
Non:
BIDEOA konbertitu nahi dugun bideo fitxategia da.
HASIERA zein segundotik konbertitu nahi dugu:  mm:ss
BUKAERA zein segundo arte konbertitu nahi dugu  mm:ss
FOTOGRAMAK animazioak segundoko izango dituen irudiak. Gif animatuetan lau aski izan daiteke.
IRTEERA helburu-fitxategiaren izena. Deus jartzen ez baduzu zure karpeta nagusian out.giff izenarekin agertuko da.
ZABALERA eta ALTUERA animazioaren neurriak pixeletan.


Terminala erabili gabe posible da python-en egindako GUI edo komandoarentzako interfaze grafikoa jaitsi eta modu grafikoan egitea prozesua.



 Video2gif izena du eta klik eginez deskarga dezakezu euskaraz edo ingelesez. Nahi duzun karpetan gorde, bi klik egin erauzi edo deskonprimitzeko eta klik bikoitza eginez martxan jarriko da. Aplikazioa ixteak adierazten du prozesua bukatu dela. Emaitza jatorrizko bideoa dagoen karpetan agertuko da. Komeni da izena aldatu .gif luzapena jartzeko, izan ere emaitza gif animatu bat da eta Windowsen ikusi ahal izateko gif luzapena eduki behar du.

Onartzen dituen bideo-formatoak: asf, avi, bfi, caf, flv, mkv, webm, mpeg, mpg, ogg, ogv eta mp4.

Oharra
Interfaze grafikoan neurriak jartzea ez du merezi ez baitu aldatzen, bai ordea terminaleko aginduarekin.


Informazio-iturria: el atareado



2012/02/14

Gnome Subtitles azpitituluak lantzeko aplikazioa

Azpitituluak hizkuntza lantzeko lanabes baliotsuak dira. Transkripzioek  ahozkotik idatzirako bidean eta alderantzizko bidaian lagunduko digute. Azpitituluek formala ez den hizkuntzaren itzulpenen erronka planteatuko digute.

Linux inguruan Gnome Subtitles aplikazio erabilgarria eta erraza da. Instalatzeko Ubuntun software biltegira joko dugu edo terminal batean honako hau aginduko dugu:
sudo apt-get install gnome-subtitles

Hiru dira azpitituluekin egiten ohi diren ekintzak:

A) Bideo bati azpitituluak ipini.

Behin programa irekita kargatuko dugu bideoa: Video > Open (1), tresna barrako plus berdea sakatuko dugu lehenengo azpititulua sartzeko, bideo erreproduktorean geldituko dugu bideoa azpititulua sartu nahi dugun unean (2) eta bertan markatuko dugu azpitiuluaren hasiera -From- (3) seinaleko ikonoa klikatuz. Beheko edizio kutxan idatziko dugu azpititulua (4). Bideoa erreproduzitzen segituko dugu eta geldituko dugu azpititulua desagerarazi nahi dugun unean eta (5) seinaleko ikonoan klikatuko dugu. Horrela egingo ditugu banan bana azpititulu guztiak eta ondoren fitxategia gordeko dugu proposatzen digun srt formatuarekin. Bideoa azpitituluekin ikusteko Film-erreproduzitzailean behin bideoa irekita egingo dugu Ikusi > Azpitituluak > Hautatu testuaren azpitituluak eta srt fitxategia non dagoen esango diogu.



B)  Azpitituluen itzulpena.

Beste lan interesgarria film baten azpitituluak euskaratzea izan daiteke. Horretarako filma eta jatorrizko hizkuntzaren azpitituluak jaitsiko ditugu.
Ondoren Gnome Subtitles ireki eta jatorrizko azpitituluak kargatuko ditugu eta File > Translation > Open egingo dugu. Orain testu bakoitzaren eskuin aldean bere euskarazko ordaina idatziko dugu.


Itzulpena literala baino argia eta laburra izan behar du.


C) Azpitituluen sinkronizazioa.

Bada hirugarren lan bat Gnome Subtitles aplikazioari eskatuko dioguna. Filma bat eta haren azpitituluak jaitsi eta desfasea badago haien artean aplikazioa erabil dezakegu bi fitxategiak sinkronizatzeko. Horretarako bideoa eta azpitituluak kargatuko ditugu eta Timings > Sinkronize klikatuko dugu (1).


Bilatuko dugu sinkronizatzeko sekuentzia bat eta sinkronizazio leihoan Gehitu egingo dugu (2). Azpititulua hautatuko dugu, bideo-erreproduzitzailea azpititulua hasi beharko zen unean kokatu eta hasierako ikonoan (3) klikatuko dugu. Bigarren sekuentzia batekin gauza bera egingo dugu eta ondoren sinkronizazioa egiteko aginduko diogu. Ondoren fitxategia gorde egingo dugu.

2012/01/18

VUE kontzeptu mapak egiteko aplikazioa






Gai baten eskema egiteko bi izaten dira eskema ohikoenak iherarkikoa (zuhaitza, giltzen bidezkoa...) eta buru-mapa edo kontzeptu mapa.

Lehengo kategorian bi nabarmenduko ditut: Freemind eta Xmind. Lehenengoa erraza eta euskaraz dabilena, bigarrena estetikoa eta moldakorra.

Bigarren kategorian loturen lerroak libreagoak dira eta erdian testua sartzen da. Kategoria honetan Cmap Tools ezagutzen nuen: euskaraz dago, eskemak bere datu basean gorde daiteke eta berteenak eskuratu. Interesgarria baina motel xamarra eta konplikatua instalatzeko.
Alor honetan ezagutu berri dut VUE (Visual Understanding Enviroment) Java gaineko aplikazio bat oso erraza erabiltzen eta oinarrizko aukera guztiak dituena. Estetikaren aldetik ez du saririk irabazteko modukoa baina ikasleek inolako arazorik gabe menperatu dezakete -ingelesez egon arren- zeren ikonoen bidez egiten dira ataza gehienak. Irudiak, estekak, testu kutxak... Formatu propioa du (.vue) eta esportatu daiteke web orri formatuan (html), pdf formatuan eta irudi formatuan (jpeg, png, svg) -azken hau eskalagarria-.



Software librea da. Instalatzeko VUEren web orrira joan behar da, erregistratu eta VUE.jar fitxategia deskargatu zure sistemari dagokiona.
Erabili ahal izateko Oracle Java instalatuta eduki behar duzu (ez baduzu hemen duzu instalatzeko jarraipideak) eta Vue.jar fitxategia exekutagarria bihurtu: eskuin klik egin > Propietateak > Baimenak fitxan markatu baimena exekutatzeko programa bezala. Exekutatzeko bi klik egin gainean.

Ubuntun abiarazle bat sortu nahi baduzu Aplikazioak atalean, bertan eskuin klik egin > Editatu menuak eta nahi duzun kategorian Elementu berria klika, izena jarri eta komandoaren altueran arakatu eta bilatu Vue.jar fitxategia. Onartu eta eskemak egiteko prest.

Ikastetxeetarako aukera interesgarri bat da jartzea vue.jar fitxategia IKASLEAK karpetan, hartara bertan klikatuta aplikazioa martxan jartzen da ordenagailuetan instalatu beharrik gabe.


Beste software interesgarria Linuxen
Software katalogoa

2011/12/25

Musique musika erreproduktore elegantea




Beste batzuen aldean -Rythmbox, Amarok, Banshee... - soila da Musique, ez du irratirekin konektatzen, ez du podcastak hartzen... Zure ordenagailuan dagoen musika erreproduzitzen du soilik baina oso interfaze elegante, erraza, arina eta praktikoa du.

Kontrako aldean erreprodukzio zerrendak ezin dira gorde, musika karpeta bakarra onartzen du eta ez dago euskaraz.

Linuxen instalatzeko biltegia erantsi eta biltegi zerrenda eguneratu behar da:

sudo add-apt-repository ppa:nilarimogard/webupd8 && sudo apt-get update

Eta, ondoren, instalazioa egin:

sudo apt-get install musique

Aplikazioa Soinua eta bideoa atalean ageri da. Martxan jartzen duzun aurreneko aldian galdetuko dizu zein karpetan duzun musika. Adierazi ondoren, konexioa baduzu, last.fm-ren datu basera joko du karatula eta irudien bila.
Hiru kategoria agertzen dira: artistak, albumak eta karpetak. Bilatzeko leiho bat ere baduzu eskuin aldean. Entzun nahi dituzun abestiak eskuin aldeko erreprodukzio zerrendara eraman eta play sakatu.

Gustukoa ez baduzu desintala dezakezu.
sudo apt-get remove musique 
sudo ppa-purge ppa:nilarimogard/webupd8

2011/12/17

Atzo Scratch Txopirekin


Atzo Donostian ospatu ziren Slun11 jardunaldietan Pablo Garaizarrek Scratch tailerra eman zuen, ondo eman ere.

Byzanz bidez egindako atzipena

Scratch inguru multimedia batean programatzeko aplikazioa da. Ume eta gaztetxoentzat pentsatuta dago baina helduak jolasteko -eta programazioa ikasteko- primerakoa da. Lengoaiez programatu beharrean puzzle moduan estekatzen diren fitxen bidez programatzen da. Hainbat fitxa mota dago: mugimendu, itxura, soinua, arkatza, kontrola, sentsoreak, eragiketak eta aldagaiak. 

Goiko arrainaren gidoia


Eszenak eta jolasak programa daitezke, bai eta tramankuluak mugitu Lego Wedo, Arduino edo PicoBoarden bidez.

Scratch Linux, Mac eta Windowsen dabil. Instalatzeko bere web orrira joan behar da, aplikazioa jaitsi eta instalatu. Bertan informazio gehiago eta bideo-tutorialak topa ditzakegu.

2011/12/16

Gaur Blender WiliRoarekin

Gaur Donostian ospatu diren Slun11 -Software librea unibertsitatean- jardunaldietan Guillermo Roak... esatera nihoan Blender irakatsi digula baina, tira, ordu t'erdian Blenderren burua sartzen irakatsi digu. Gaurko saiorako animazio eder bat prestatu du non Blenderren hainbat funtzionalitate ikusten den.


Blender - SLUN11 from WillyRoa on Vimeo.

Bideo hau eta Blenderrez egindako irudi eta animazio gehiago Willy Roaren blogean: bad3di.blogspot.com

2011/12/03

Torrent bila



Entzuna nuen Google-k torrent terminoaren bidez egindako bilaketak zentsuratu behar zituela Pirate Bay eta antzeko tokiak bilaketa zerrendatik kenduta eta gaur bilaketa bat egitean harrituta geratu naiz Google-n ez baita torrentak jaisteko toki bakar bat ere ageri. Bing-ekin saiatu eta gauza bera. Bilatzaileen zerrenda, ordea, luzea da eta http://es.altavista.com/ bilatzaileak ez du zentsurarik aplikatzen.

Gustukoak badituzu bertsio originalak euskarazko azpititulurekin hona konbinazio on bat.
  1. Azpitituluak.com orrian bilatu gustuko pelikula, azpitituluak jaitsi eta deskonprimitu.
  2. Begiratu azpititulu horiek filmaren zein bertsioarekin diren bateragarriak, bertsioa kopiatu eta http://es.altavista.com/ bilatzailean torrent hitza idatzi eta ondoren itsatsi kopiatutako bertsioaren izena.
  3. Torrent zerbitzari egoki bat ireki eta download torrent egin. Ubuntun filma jaisteko Transmission aplikazioa proposatzen du, onartu. Beste Linux edo beste sistema baduzu aplikazio egokia hautatu beharko duzu.
  4. Behin filma jaitsita bi aukera daude, azpitituluen fitxategiari, srt luzapena duenari, filmaren izen bera jarri -srt luzapena mantenduta- eta horrela erreproduzigailuak -VLC, Totem... edo DVD erreproduzigailuak-  filma euskarazko azpititulurekin erreproduzituko du. Beste aukera bat da azpitituluak itsastea filmari eta horretarako Linuxen Arista Transcoder oso egokia da.

Altavista bilatzailea Firefoxen bilaketa motorretan gehitu nahi baduzu bertatik egin dezakezu.

2011/10/08

Bideoa ia hogei aldiz txikiagoa

Bideoak konpartitzeko posta elektronikoa erabiltzen dut. Ez dut gustuko etxeko bideoak hodeira igotzea (Youtube, Vimeo...). Kontua da bideoak oso astunak direla postaz bidaltzeko. Bideoak konprimitzeko beste batean aipatu nuen Arista Transcoder aplikazioa erabiltzen dut Ubuntun. Gaur berriro ekarri dut blogera komentatzeko nola egin daiteke ohiko konpresioa baino handiagoa kalitateak kalte larririk hartu gabe.
Aristak eskaintzen dituen formatuen artean WebM formatuak oso emaitza onak ematen ditu. 0.9.7* bertsiotik aurrera konpresio moten ezarpenak aldatzeko aukera dago kalitate eta pisuarekin jolastuz. Aldaketa horiek egiteko klikatuko dugu Create Conversion eta konbertitu nahi dugun diskoa, fitxategia edo karpeta eta konbertsioaren norakoa zehaztu ondoren hautatuko dugu konbertsio mota, gure kasuan WebM, eta eskuineko irudian ikusten den i botoian klikatuta konbertsioaren ezarpenak agertzen dira.  WebM formatuako konpresioak Aristaren ezarpenetan kalitate maila 6 du eta horrekin irudietan galerarik ez da atzematen eta konpresioaren emaitza bost bat aldiz txikiagoa da gutxi gora behera.
Ezarpenak aldatzen baditugu eta kalitatea demagun 4ra jeitsita (quality=6 ren ordez 4 jarri) konpresioak ia 20 aldiz txikitzen du bideoaren tamaina kalitate-galera txiki xamarrarekin.

Ondoko adibidean ikus daiteke argazki-kameraz ateratako minutu bateko bideoak 56 MB pisua du eta WebM formatura kalitatea pixka bat galtzen 3.1 MBetan geratzen da; posta elektronikoz bidaltzeko tamaina prudentea alegia.

Jatorrizko bideoa eta konprimitutako bertsioen pisua.
 
Konpresioa egin eta gero posible dugu lehenetsitako kalitatea 4ean utzi edo 6ra bueltatu.

 * Aristaren bertsioa ikusteko klika Laguntza > Honi buruz eta 0.9.7 baino zaharrago baduzu azken bertsioa instala dezakezu ppa biltegia zehaztuta. Horretarako terminala ireki eta hurrenez hurren hiru agindu hauek exekuta itzazu:

sudo add-apt-repository ppa:webupd8team/arista
sudo apt-get update
sudo apt-get install arista

Oharra: mezu hau 2012/1/5ean berritu dut.

2011/09/28

Audio Recorder: grabatu mikrofonotik edo soinu txartelatik Ubuntun


(Eguneratua  2019/4/30ean)

Ubunturekin batera instalatzen zen Soinu-grabatzailea (gnome-sound-recorder) aspaldi honetan ez du funtzionatzen. Izan ere, Ubuntu 16.04tik kendu dute.

Bestetik aplikazio horrekin mikrofonoaren soinua bakarrik  graba zitekeen, baina nola grabatu pelikula baten audio zati bat, bideo konferentzia bat, entzuten ari garen irrati emisio bat edo edozein audio?

Lehengo batean arazo honi irtenbide bat bilatu nion eta mezu honetan azaldu nuen. Gaurkoan ordea, errazago eta erabilgarriagoa den soluzio bat topatu diot: Audio Recorder aplikazioa.


Ezaugarriak:

nire ustez interesgarriena da aukera ematen duela hautatzeko grabazio iturria, eta bertan mikrofono eta bertan Internal Audio Analog Stereo, alegia soinu txartelaren soinua. Horretaz gain mikrofonoa, webcam, Rhythmbox, Skype...
Automatikoki has daiteke grabatzen ordu zehatz batean edo soinua hastean eta gelditu hainbat denbora pasata edo isiltasuna egiten denean.
Onartzen dituen formatuak: ogg, flac, mp3, mp2, spx eta wav.
Automatikoki gordetzen du karpeta nagusiko Audio karpetan. Gordetzeko tokia alda daiteke Addicional settings atalean.

Ubuntun instalatzeko bere PPA edo biltegi propioa aktibatu behar dugu. Terminal batean hurrenez hurren exekuta ezazu:

sudo add-apt-repository ppa:audio-recorder/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install audio-recorder

Aipatu formatu guztiak erabili ahal izateko komeni da egiaztatzea plugin hauek instalatuta dituzula (terminalean itsatsita):