komunikazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
komunikazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/04/02

Skype euskaraz

Nola instalatu eta euskaraz jarri Skype  Ubuntun, Debian edo Mint-en.

Hona hemen Microsoft-ek interneten bidez bideo eta audio konferentziak egiteko duen VoIP aplikazioa den Skype-ren 4.3 bertsioa nola instalatu Debian, Ubuntu edo Mint distribuzioetan eta ondoren interfazea nola jarri euskaraz.
By Justin in Flickr


Lehenik eta behin Skype instalatuta badugu begiratuko ea bertsio berririk ote dagoen eta, balego deskargatu eta instalatuko dugu.



Skype ez badugu  Linuxerako Skype deskarga-orri ofizialera joan:

http://www.skype.com/en/download-skype/skype-for-linux/

eta Chose your distribution esaten duen tokian aukeratu zurea, Ubuntu eta Minterako Ubuntu 12.04 (multiarch) klikatu, itxaron eta deskargatu.

Instalatzeko, terminalean joan deskargatu duzun karpetara (adibide honetan Deskargak)

cd Deskargak

eta instalatu

sudo dpkg -i skype-ubuntu*.deb; sudo apt-get -f install

64 bit-eko sistema baduzu audio kalitatea hobetzeko instalatu ondoko paketea:

sudo apt-get install libasound2-plugins:i386


Behin instalazioa burututa aplikazioa euskaratuko dugu. Horretarako joan web-orri honetara:

http://sourceforge.net/projects/skypeeuskarazkoitzulpena/files/LINUX-erako%20SKYPE%20ITZULPENA/Skype%204.3/

eta deskargatu skype_00.ts eta skype_00.qm paketeak. Fitxategiok behar den tokira kopiatzeko terminaletik joan deskargatu duzun karpetara (adibide honetan Deskargak karpeta) eta exekutatu kopiatzeko aginduok hurrenez hurren:


sudo cp -a ~/Deskargak/skype_00.ts /usr/share/skype/lang/
sudo cp -a ~/Deskargak/skype_00.qm /usr/share/skype/lang/

Bukatzeko ireki Skype (Aplikazioak > Internet > Skype) eta Ubunturen panelean klika Skype-ren ikonoan eta menuan klikatu Options, irekitzen den menuan Set program language to: eta zerrenda horretan aukeratu:


Apply klika eta itxi Close, menua ireki eta atera aplikaziotik Quit, abiarazi berriro eta kito Benito, lokalizazioa martxan ikusiko dugu. Eskerrik asko horretan jardun zaretenoi.




2013/01/24

Software bilduma berria



Software bilduma ostatu berrira eraman dut. Orain arte web orria offline editatu eta gero fitxategi berriak eta aldatutakoak Filezillarekin igotzen nituen eta orain online ediziora pasa naiz. Ez du enkantu berdina baina aldaketak errazago eta azkarrago egiten dira. Ea nabaritzen den eta sarriago eguneratzen dudan.

Hau da nire software bildumaren URL berria:

https://sites.google.com/site/softwarebilduma/

blogaren eskuineko panelean esteka finkoa dago.

2012/09/30

Anna Vivesen tipografia



Annaren letra imitatzen duen tipografia dohainik deskarga daiteke helburu didaktikorako eta sozializaziorako.
Letra-mota deskargatzeko tokia.
Behin deskargatuta deskonprimitu eta instalatzeko AnnaBeta-Regular 2.ttf fitxategian klik bikoitza egin.

2012/09/02

Right Inbox: Gmail-en posta-bidalketa programatu edota jarraitu

Gmail-en posta mezu bat unean bidali beharrean programa dezakezu beranduago edo nahi duzun egun eta orduan bidaltzeko. Bestetik gehigarri honek aukera ematen dizu bidalitako mezu baten jarraipena egiteko eta jasotzaileak irekitzen badu mezu bat jasoko duzu.

Behin mezu baten bidalketa programatuta Zirriborroen karpetan kokatzen da eta bidali baino lehen damutzen bazara aski duzu karpeta horretatik ezabatzea.

Bestetik aukera ematen du ere mezu bat bidali eta jasotzaileak irekitzen badu horren berri ematen dizu -jasotzailea ohartu gabe-. Horretarako goiko irudiko menuan agertzen den Track laukitxoa aktibatu behar duzu.



Gehigarri hau Firefox, Chromium, Chrome eta Safari nabigatzaileetan dabil.
Doako instalazioak hilabetean 10 mezu programatzeko edo jarraitzeko aukera ematen du, gehiago behar izanez gero ordainpeko bertsioa instala dezakezu.

Informazio gehiago eta instalazioa hemen.



2012/08/23

Nola konektatu portatil edo tableta bat internetera Android smartphone baten bidez


 
Baldin baduzu portatila, netbook-a, tableta edo antzekorik eta inguruan ez baduzu konexio librerik erabil dezakezu Android smarthphone baten internet konexioa; nola? telefonoak wifi sare bat sortuta. Ikus dezagun nola egin daitekeen:

Konexio mota honi tethering esaten zaio eta Androiden ezarpenetatik ezar daiteke: Ajustes > Conexiones inalámbricas > Zona Wifi y modem USB


Zona  Wi-Fi  klikatu behar da smartphona wifia bihurtzeko

Ajustes de Zona Wi-fi  hemen klikatuko dugu jakiteko zein den zure smartphonaren wifiaren izena eta pasahitza. Agertzen den informazioa hau da:



  • red ssid  hemen wifiaren izena agertzen da. Zure ordenagailuan edo tabletan izen hori duen wifi sarea bilatu eta hautatu. Pasahitza eskatuko digu. Begira dezagun zein den.
  • seguridad: wpa2 psk Hau horrela utzi.
Pasahitza ikusteko smartphonaren teklatu birtualean siguiente klika eta gero fin. Automatiko sortzen duen pasahitza ikusi ahal izateko mostrar contraseña klika eta agertzen den pasahitza ordenagailuan edo tabletan idatzi. Segundo gutxitan konexioa ezarriko da.

Horrelako konexioa sarritan egin behar baduzu komeni zaizu gogoratuko duzun pasahitza bat jartzea berak automatiko sortzen duenaren ordez.




OHARRAK
  • Konexioaren abiadura askoz jota smartphonarena izango da.
  • WiFiaren irismena ez dut probatu baina, hala beharrez, txikia izan behar du, beraz bi maxinak elkarren ondoan mantendu.
  • Behin egin beharrekoa bukatu duzunean komeni da konexioa etetea; horretarako smartphoean saka Zona WiFi  desaktibatzeko. Kontuan izan zona wifia sortzeak bateria jaten duela.
  • Badirudi bluetooth bidez ere konekta daitekeela baina ez dut probatu.

2012/04/22

Web orriak egiteko eta ebaluatzeko hainbat irizpide

Ikasleei gai bat gai bat garatzeko eskatzen diegunean gehien bat paper euskarrian pentsatzen dugu. Aukera bezala web euskarria dugu gaur egun informazioa eskuratzeko ohiturei lotuagoa eta ikasleengan kapazitate berriak lantzeko parada ematen duena.
Webguneak egiteko bi era nagusi daude: offline editoreak (Kompozer, Frontpage...) eta online editoreak (Weebly, Google Sites, Moodle...).
Edozein dela egiteko erabiltzen dugun modua web orriak diseinatzeko eta osatzeko garaian ikasleek irizpide batzuk kontuan izan behar dituzte eta irizpideen bilduma hau oinarri moduan erabil daiteke:

BALIAGARRITASUNA
  • Web orriaren helburuak zehatzak eta ondo definituak egon behar dute.
  • Balizko erabiltzaileen helburuak eta beharrak kontuan eduki behar dira.
  • Web orriak argi erakutsi behar du eskaintzen dituen edukiak eta zerbitzuak.
  • URLa egokia, argia eta gogoratzeko erraza behar du. 
  • Edukiak ez dira sobera luzeak izan behar. Dokumentazio osagarria pdf formatuan jar daiteke erabiltzaileak, nahi izanez gero, deskargatzeko eta irakurri edo inprimatzeko.
  • FAQ edo ohiko galderen atala egotea komenigarria izan daiteke.
  • Eragiketa konplexuak badaude (formulario betetzeak esate baterako) laguntza argia eduki behar dute.

ERABILERRAZTASUNA
  • Eduki zabalak badira menua bidez antolatuko dira. Ez da komeni gai ezberdinak web orri berean jartzea.
  • Menua argia, antolatua eta ordenatua izango da.  Antolaketan honako irizpideak erabili daitezke: atazei zuzendua, alfanumerikoa, geografikoa, kronologikoa...Menua ez da luzeegia izan behar; elementu asko baditu era hierarkikoan antolatuko dugu.
  • Edukien eta menuetan erredundantzia ekidin behar da. Edukiak ez dira errepikatu behar atal ezberdinetan eta toki batera iristeko aukera ez dira anitzegiak izan behar.
  • Edukiak zabaltzeko estekak erabiltzen ahal ditugu. Esteken helburua garbia izan behar du (ez erabili egin klik hemen tankerakoak). Edozein modutan kontuan izan kanpora bidaltzen duten estekan klikatuz gero  erabiltzailea agian ez da webgunera bueltatuko.
  • Orri umezurtzak -edukirik ez dutenak- ekidin behar dira.
  • Orriaren edukia zabala bada barne bilatzaile bat edukitzea komeni da.

IDENTIFIKAZIOA
  • Web orria eskaintzen duen enpresa, erakundea edo ikaslea argi ageri behar da orri guztietan.
  • Enpresa, erakunde edo elkarteen kasuan logotipoa edo leloak (slogan) erabilgarriak izan daitezke.
  • Enpresa edo web arduradunaren kontaktua ageri behar da edo berarekin kontaktuan jartzeko modua.

DISEINUA, ESTETIKA, MAKETAZIOA, ITXURA
  • Koloreek, irudiek, letra-motek, estetika zaintzeaz gain, bat egin behar dute orriaren ezaugarriekin, erabiltzaile-motarekin eta eskaintzen dituen zerbitzu motekin.
  • Era berean diseinua eta aipatutako elementuak uniformeak eta koherenteak izan behar dute. Orriak web-gunean integratu behar dira eta orriaren itxurak lagundu behar du web-gunea identifikatzen. Letra estilo pare bat baino gehiago erabiltzea saiestu behar dugu.
  • Interfazea garbia, gehiegizko kargarik ez du eduki behar. Zuriuneek edo marrek orriaren elementuak eta paragrafoak bereizi behar dituzte.
  • Web orriaren edukia handia ez bada orrialdearen luzera ez da pantaila baino luzeagoa izan behar korritzea erabili behar ez izateko. Edukia handia bada berau zatikatu eta hainbat orritan banatzea planteatuko dugu.
  • Efektu tipografikoak (buletak, azpimarrak, letra lodia, lerrokatzeak) erabili behar dira, neurriz, testua erraz irakurtzeko.
  • Kontrastea egon behar du atzeko fondoa eta letraren kolorearen artean. Kolore nekagarriak ekidin behar da. Atzeko plano moduan tono ez berdinak dituen irudi bat erabiltzeak letren kontrastea oztopatzen du.
  • Orria, ahal den neurrian, arina izan behar du, nabigatzaile guztietan ikusi behar da ongi eta pluginen beharra saiestu behar dugu.

HIZKUNTZA
  • Hizkuntza anitzetan ikusteko aukera baloratzeko kontua da.
  • Erabiltzen den hizkuntza erabiltzaile-motari egokitu behar da.
  • Testuak oro har laburrak eta argiak izan behar dute.
  • Paragrafoen egitura zaindu behar da: ideia bat paragrafo bat, paragrafo bat ideia bat.
  • Ortografia errebisatu behar da.

MULTIMEDIA
  • Irudiek, animazioek, bideoek, audioek... informazioa baliagarria eman dezakete. Hala ez balitz bere erabilera birplanteatu beharko genuke, beste gauzen artean orriaren pisua nabarmen handitzen dutelako.
  • Irudien egokitasunaz gain haien bereizmena, handitzeko aukera, epigrafeak baloratu behar dira.
  • Ikonoak eta irudi-metaforak erabiltzen badugu argiak izan behar dute eta alt etiketak -sagua gainean jartzean azalpena agertzea- komeni da.
  • Testuen kasuan bezala elementu multimediak webgunearen egilearenak izan behar dute edo lizentzia librea izan behar dute (ikusi Creative Commons ohikoenak).

INFORMAZIO EGUNERATUA
  • Web orrian azaltzen den informazioa eguneratua egon behar du.
  • Web guneak albisteak, aldaketen eta aktibitateen berri ematea estimatzen da eta erabiltzaileak sarri sartzea lortzen da.
  • Albisteetara harpidetu edo sindikatzeko aukera (RSS, Atom, Facebook, Twitter...) interesgarriak izan daitezke.
 
EBALUATU ETA GERO EZABATU 
Ariketa moduan egindako web orriak, salbuespenak salbuespen, ez dugu sarean jarriko edo, jartzen badugu, ebaluatu ondoren ezabatuko ditugu. Sitesen kasuan pribatu moduan ezar daiteke eta irakaslearekin partekatu. Weeblyren kasuan automatikoki gordetzen da argitaratu beharrik gabe.
Irizpideak egokiak iruditzen bazaizkizu eta web-guneak kalifikatu behar baduzu agian kalifikazio-txantiloia baliagarria izango zaizu.


2012/01/30

Zuzentzaile ortografikoa Firefox eta Thunderbirden

Jende askok zuzentzaile ortografikoa testu prozesadorearekin lotzen du baina gaur egun idazten den gehiena nabigatzailean eta posta bezeroan idazten da.
Nabigatzailea web orriak ikusteko ezezik idazteko aplikazioa ere bada eta: web-postetan mezuak bidali, blogetan idatzi, txiokatu, formularioak bete, wikietan parte hartu, Google-Docs, sare sozialak eta abar. Eta idazten dugun toki guztietan hanka sartzen dugu -nik behintzat-.
Garai batean Firefox eta Thunderbirden zuzentzaile ortografikoa erabili ahal izateko gehigarrietan Xuxen instalatu behar zen. Gaur egun ez da deus instalatu behar erabili ahal izateko.
Ikus dezagun nola funtzionatzen duen eta nola aktibatzen den.
Idazten dugunean akatsa egiten badugu zuzentzaileak detektatu eta gorriz azpimarratzen du eta azpimarratutako hitzean eskuin klik egiten badugu zuzenketak proposatzen dizkigu (1).


Horretarako, eskuin klik egitean zabaltzen den alboko menuan, Zuzendu ortografia markatuta eduki behar dugu (2) eta haren azpiko Hizkuntzetan mezuaren hizkuntza egokia jarri behar dugu, kasu honetan euskara (3). Mezua gazteleran edo beste erdara batean badago zerrenda horretan hizkuntza aldatuko dugu.
Google Docs-en ez dabil.

Thunderbird posta bezeroan zuzentzaile ortografikoa ere badabil inolako gehigarririk instalatu gabe.



Zuzentzaileak akatsak detektatzea nahi badugu menuan egin behar dugu: Editatu > Hobespenak > Mezu prestatzea eta bertan zuzenketa markatu eta erabili behar dugun hizkuntza zehaztuko dugu.




2012/01/08

Aktak egiteko hainbat baliabide




Bileren aktak egitea eta zabaltzea lan nekosoa baina sarritan beharrezkoa da. Lan hori errazteko baliabide batzuk aurkeztuko ditut: pare bat formatuari dagozkio eta hirugarren bat hizkuntzari.

Formaturako pare bat ideia:

Lehenengoa aktak egiteko blog bat sortzea da. Blogak eskaintzen digu aukera informazioa gordetzeko eta informazio hori edozein tokitik kontsultatzeko aukera. Blogaren egitura ondo egokitzen da akten kontsultetarako: azken akta ageriko da bloga zabaltzean eta haren atzetik aurrekoak. Albo batean aurkibide kronologikoa jar dezakegu eta hitzen bidezko bilaketa-leihoa.
Ez dut gomendatuko plataforma zehatzik baina oso kontuan hartu beharreko puntua da nolako zabalkundea eman nahi diogu aktei. Aukera bat da guztiz publikoa egitea, bilatzaileek informazioa topatzeko aukera ematea eta erakundearen web orrian estekatzea bloga.
Beste muturreko aukera litzateke bloga pribatua egitea eta soilik batzordearen partaideei ematea akta kontzultatzeko haien helbide elektronikoa zehaztuta. Bi aukera horien artekoak hainbat badira, hala nola publikoa izatea baina bilatzaileen arakatzeetatik kanpo eta web orrian estekatu beharrean intranetean jartzea lotura. Edozein kasutan akta bakoitzak mezu bat eta mezuaren izena bileraren data izatea komeni da. Baloratu daiteken posibilitate bat da deialdia bera sartzea -eta bilerarako dokumentazioa estekatzea- eta bilera eta gero deialdiaren mezua ezabatzea.

Bigarren aukera, tradizionalagoa, paperetik hurbilagoa, testu prozesadorea erabiltzea eta sare-lokalean gordetzea, horretarako dokumentu eredua edo akta-txantiloia jaitsi, zure beharretara egokitu eta erabiltzen ahal duzu. Dokumentu txantiloia forma bateko dokumentuak sortzeko erabiltzen da. Txantiloia hemendik jaits dezakezu. LibreOffice eta OpenOfficerako ott formatua du eta bertan klikatzean forma bereko dokumentu arrunta edo odt sortzen du. Dokumentu eredua aldatu nahi baduzu ott formatuarekin gorde behar duzu. Behin akta bukatua berau zabaltzeko pdf formatura esportatzea komeni da (Fitxategia > Esportatu pdf gisa) edozein ekipotik irekitzen den eta editagarria ez den formatura alegia. Ondoren pdf-dokumentua postaz bidaliko dugu edo eskuragai jarri sareko edo hodeiko karpeta batean.
Txantiloiaren edukia euskadi.net-etik hartu dut.

Idazketarako hainbat gomendio:

Edorta España Ocio, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko itzultzaileak IVAPeko Administrazioa euskaraz aldizkariko 73. alean idatzi zuen Aktak idazteko hizkuntza-baliabideak - Esaldiak eskuinera luzatzeko trikimailuak izeneko artikuluan akten idazketa erraztu eta irakurketa ulergarriagoa egiteko oso aholku interesgarriak ematen ditu. Hona hemen artikulua pdf formatuan.

2011/11/14

Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak


Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordearen eskutik eta EIMA programaren barruan Jose Ramon Etxebarria koordinatu duen taldeak Zientzia eta Teknika alorretako "unibertsitatera iritsi arteko irakaskuntzako testugintzan ageri diren zenbait arazo espezifikori buruzko aholku-gomendioak biltzen dituen liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Gomendio hauek irakasleentzat ez ezik alor hauen inguruan idazten edo lan egiten duen ororentzat dira interesgarri. Batetik atal orokorrak jorratzen ditu, hala nola sinboloak, zenbakiak eta laburdurak, eta beste aldetik zenbait alor zehatzen arazoak: fisika, matematika, kimika, biologia eta informatika.

Kontsulta liburua da dudarik gabe baina erraz asko eman daiteke aren gaineko begirada orokorra. Paperezko liburua salgai dago eta  pdf formatuan hemendik jaitsi daiteke.

Informatikari dagokionean gomendioen artean bik nabarmenduko ditut -betetzen ez nituelako jakina-. Lehenengoa neurrien gainekoa: kilo edo mila adierazten duen k hain zuzen minuskulaz idazten dela, kb, kB -kilobit eta kilobyte- eta haren gainekoak -mega, giga, tera eta abar- maiuskulaz. Bigarrena ingelesen antzera ahoskatzen ohi dugun hainbat izenen gainekoa, hala nola Google eta Apple; izan ere "l"-z ahoskatzeko ohitura dugu baina idazterakoan irizpide fonetikoaren ordez ortotipografikoa aplikatu behar  da eta deklinatzean Google-k, Google-ren, Apple-k, Apple-rentzat... idatzi behar da.
Esamoldeen aldetik neurtu aditzaren erabilerari gomendioak nabarmenduko nituzke: "Leirek irudia neurtu du eta 800 pixel zabal da "tankerakoak egokiak dira eta ez "irudiak 800 pixel neurtzen ditu" modukoak.

Eskerrik asko parte hartu duten guztiei, batez ere, nabaritzen ez den arren, irakasle izan ditudan Jose Ramon Etxebarria eta Juankar Hernandez-i.

2011/07/23

Box.net nola enkapsulatu zure dokumentuak web edo blog batean

Box.net fitxategiak interneten -lainoan- gordetzeko doako zerbitzua da.

Fitxategiak gordetzeko erregistratu behar da. 5 GBeko edukiera du. Bertan karpetak eta azpikarpetak sor ditzakegu. Bertan gordetako fitxategiak hainbatekin partekatu edo publiko ere egin ditzakegu. Fitxategien gehienezko tamaina 25 MBekoa da eta hilabeteko banda zabalera 10 GBekoa. Baldintza horiek hobe daitezke ordainpeko Premium aukera kontratatuz gero.

Hemen ikusten da nola lor daiteken fitxategi baten kaptsula.


Publiko moduan jarritako fitxategiei estekak zein kapsulak jartzen badiegu web edo blog batean hauek ikusi eta jaitsi ahal dira erregistratu beharrik gabe.

Aspalditik erabiltzen nuen Box.net fitxategiak partekatzeko baina orain arte ez naiz konturatu kapsulak -embeded- egin zitekeenik. Dokumentu bat kapsulatzea ematen du aukera web baten barruan ikusi ahal izateko. Box.net orritik pdf eta Libreoffice-n odf fitxategiak kaptsula daitezke.
Kontua da moskeatuta nengoela Scrib.com zerbitzuarekin zeren eta propaganda pila bat jartzen dute dokumentuaren inguruan eta orrien artean, dokumentua jaisteko erregistratu behar da eta erregistratzeko Facebooken kontua ireki behar da. Jo ta pasa.

Scribd.com ostatuko fitxategi bat jaisteko Facebook-en alta eman behar da.
Hau dela eta erabaki dut Scribd-i agur esatea, hor ditudan dokumentuak ateratzea eta blog honetan jartzea Box.net eskaintzen duen zerbitzuari esker. Datozen egunetan sarrera moduan agertuko dira Scribden nituen dokumentu batzuk.

2011/06/30

Nola bertsio berritu Thunderbird 5era Ubuntun

Thunderbird Mozillaren posta bezeroa da eta bere anaia den Firefox nabigatzailea bezala bertsio berritze sistema aldatu du: biek laburtu dituzte bertsioen bizitza. Ez dakit horrekin bere burua berritzen behartu nahi duten, berritze itxura ote den, sistema batzuen sei hilabeteko bertsio berritzera egokitu nahi ote duten edo bestelakoa den taktika honen arrazoia.

Thunderbirden kasuan 3.1 bertsiotik 5 bertsiora egin du salto 4tik pasa gabe Firefoxekin bertsio zenbakia partekatzeko asmoz.

Harira. Bertsio berri honek funtsezko aldaketari ez du, eta hauek dira aldaketa nabarmenenak:
Mozillaren Gecko 5 motorea erabiliko du hemendik aurrera.
Kontuak sortzeko morroia aldatu dute kontuen ezarpenak markatzeko prozesua errazteko.
Mezuen fitxen ordena aldatzeko aukera sartu dute.
Postari erantsitako fitxategien tamainak ikusiko dira.
Gehigarrien kudeatzaileak Firefoxenaren itxura hartu du.



Instalatzeko aginduak kopiatu eta terminalean itsatsi eta exekutatu behar duzu. Thunderbirden bertsio berritzea orain egin nahi baduzu Mozillaren APPa edo bertsio egonkorren biltegia erantsi behar duzu: 

sudo add-apt-repository ppa:mozillateam/thunderbird-stable

Ondoren software biltegiak eguneratu, 

sudo apt-get update

bertsio berriak instalatu, 

sudo apt-get upgrade



Ondoren gehigarriak eguneratu behar dugu. Gehigarrien programadoreak zoratuta omen dabiltza bertsio berritze erritmo zoro honekin zeren eta etengabe egokitu behar dituzte. Nik Lightning eta Zindus erabiltzen ditut, lehenengoa egutegi-agenda eta bigarrena Gmailekin kontaktuak eta karpetak sinkronizatzeko. Lehenengoa automatikoki eguneratzen da eta bigarrena, Zindus, eguneratzeko hemendik deskargatu behar da, ondoren Thunderbirden egin behar da: Tresnak > Gehigarriak eta bilaketa leihoaren ezkerrean agertzen den giltzaren aukeretan hauta "Instalatu gehigarria fitxategitik..." deskargen karpeta arakatu eta hautatu Zindusen fitxategia.

Ez baduzu posta bezerorik erabiltzen eta merezi ote duen dudatan bazaude nire gomendioa da instalatzea normalean posta irakurri eta idazten duzun ekipoan, batez ere posta kontu bat baino gehiago erabiltzen baduzu; postaren gestioa azkartzen da, postak batera ekartzen ditu eta kontaktuak kontu guztietarako erabiltzen dira. Ubuntuk Evolution posta-bezeroa instalatzen du baina Thunderbird frogatu nahi baduzu instala dezakezu terminalean itsatsita:

sudo apt-get install thunderbird

2011/05/23

Ubuntu: nola jarri Gmail hobetsitako posta moduan.

Ordenagailuan posta-bezerorik (Evolution, Thunderbird...) erabili beharrean web-posta erabili nahi baduzu eta Gmail kontua sisteman integratu nahi baduzu Gnome Gmail aplikazioa behar duzu.

Instalazioa: http://gnome-gmail.sourceforge.net/ web orrira joan eta .deb bertsioan klika ezazu eta instalatu.

Aplikazioa instalatu ondoren hobetsi dezakezu Gmail posta-bidalketarako honako hau eginten: Sistema > Hobespenak > Hobetsitako aplikazioak > Posta irakurlea eta Gmail hauta ezazu.


Zer egiten du?
Edozein aplikazioan zaudela, Nautilus, Firefox, Libreoffice... lotura edo dokumentua bidaltzea agintzen duzunean automatikoki irekitzen da Gmail lotura edo dokumentua erantsita duela.

Errendimenduari begira interesgarria dudarik gabe.

2011/04/22

Dena kontatzen duen telefonoa

Iturria: Wikipedia Commons

Segapotoek, alegia telefono mugikorrek, gutxi gora behera zazpi segundoro geolokalizazio seinale bat bidaltzen diote enpresari eta honek erregistratu egiten du. Horretaz gain enpresak erregistratzen ditu deiak, sms-ak, internet konexioak, tuitak eta abar. Informazio guzti horrekin bezeroaren lokalizazioa eta aktibitatearen ideia zehatz bat du.

Horretaz jakitun, Malte Spitz hiritar alemaniarrak epaile bati eskatu zion bere telefonia hornitzailea zen Deutsche Telekom enpresak hari buruz zeukan informazio guztia emateko. Hainbat hilabete pasata epaileak eskaera onartu zuen eta telefonia enpresak bezeroari informazioa eman zion.

Zeit on line webguneko Lorenz Matzat-ek eta Michael Kreil-ek Malte Spitzen mugikorrak bidalitako datuetan oinarrituta infograma bat garatu dute. Bertan mapa eta grafiko baten bidez ikus dezakegu Deutsche Telekom konpainiak Malteren sei hilabete inguruko bizimoduaren gainean zenbat informazioa zeukan.

Azpiko irudian klikatuta Zeit on line webgunera joan zaitezke eta grafikotik desplazatuz jakingo duzu zehatz mehatz Malte Spitz non egon zen eta zer komunikazioak izan zituen.

Sei hilabete Malte Spitzen bizitan.
Hau ikusita ondo ulertzen da Richard Stallman-ek segapotoen gainean duen mesfidantza.

2011/04/11

Gmail: nola artxibatu mezuak

Gmailera mezuak sarrera-ontzira edo karpetara iristen dira. Irakurri eta gero zenbait jendek mezuak sarrera-ontzian bertan uzten ditu baina hori ez zait batere praktikoa iruditzen.
Nire gomendioa da irakurri ondoren, baliorik ez badu, ezabatzea. Ezabatuz gero Zaborrontzia izeneko karpetara joaten da eta bertan egongo da 30 egunez. Epe horretan berreskura daiteke.

Etiketak kudeatzeko pantaila
 
Balioa badu gorde dezakegu. Gordetzeko bi aukera ditugu: sailkatzea ala ez. Sailkapena etiketen bidez egiten da. Etiketak kudeatzeko bi tokitik egin daiete:
Ezkerreko panelean Zaborrontziaren azpian gehiago klikatu eta Kudeatu etiketak (1) atalean klika, bestela goiko aldeko Ezarpenak atalean sartu eta Etiketak atalean klikatu. Bertan gaudela bi etiketa mota agertzen dira marra batez bereizita: goian berak sortutakoak (sarrera, izardunak, txatak...) eta behean guk sortutakoak. Mezuak sailkatuta gorde nahi badugu atal honetan sortu behar ditugu etiketa edo karpetak (2). Sortzen ditugun karpetak, sarrera-ontzian gaudenean, ezkerrean agertzen dira karpeta nagusien azpian. Mezu bat guk sortutako karpeta edo etiketa batean gordetzeko bi era daude: mezua arrastatu eta etiketan jaregin edo mezua hautatu eta  goiko edo beheko menuko Mugitu hona klikatu eta etiketa hautatu.

Beste aukera bat etiketa edo karpeta propioak sortu gabe gordetzea da. Horretarako mezua irakurri ondoren Artxibatu klikatuko dugu edo sarrera-ontzian gaudela gorde nahi ditugun mezuak klikatu eta Artxibatu egingo dugu. Hori egiten badugu gogoan eduki behar dugu mezu horiek  Mezu guztiak izeneko karpeta (3) batean gordetzen dira eta karpeta hori ezkutuan dago.  Horrela artxibatutako mezu bat berriz ikusteko Mezu guztiak delako karpeta hori agerian jarriko dugu: lehen esan bezala Etiketak kudeatu atalera joan eta Mezu guztiak sistemaren etiketan erakutsi klikatuko dugu. Beste aukera bat da mezuen bilatzailea erabiltzea (4).

Etiketen bidez artxibatutako mezuak ez ditu sistemak ezabatzen, ez eta guk etiketa ezabatzen badugu ere.

2011/01/17

Internet DJ Consola, audio proiektuetarako softwarea



Linuxerako aplikazio honek audio grabazio bat egiten laguntzen du, erreprodukzio zerrendak antolatzen eta hainbat tresnak eskaintzen.

Audio projektu hauek izan daitezke:
  • Irrati saioak podcast bidez.
  • Irrati saioak stream bidez.
  • Ipuin eta kontakizunak.
  • Antzerkirako audioa.
  • Ikuskizunak, disko festak.
  • eta abar.
Funtzean audio zerrenda bat edo bi prestatuko ditugu eta gero, tartean edo gainean, mikrofonoz kontakizun, elkarrizketak eta abar grabatuko ditugu.

Audio-proiektuetarako Audacity erabiltzen da gehien bat. Audacity nolabait esateko postgrabazio lanak errazten ditu, hau da egindako grabazioak eta musikak editatzea. DJ Console, ordea, grabazio biziak egiteko tresna da: musikak eta audio efektuak zerrendetan  prestatu eta gidoi baten laguntzaz irrati, antzerki saioa edo kontakizuna grabatzen laguntzen du. Edo bestela musika soileko sekuentzia bat ikuskizun baterako.

Ikus dezagun, gainetik bada ere zer itxura duen eta bere tresna nagusiak:

Leiho eta kontrol nagusiak hauek dira:

Klik egin gainean beste fitxa batean irudi handia ikusteko.
Bertan ikusten da bi erreprodukzio zerrenda presta dezakegula eta biak batera erabili gaineko kontrolen bidez. Zerrendetan audioak txertatzeko gaineko kontroletan eskuinekoa erabiliko dugu, edota zerrendaren leihoaren gainean eskuin klik egiten. Audioaz gain, eskuin klikaz, kontrolak -fade edo urtzeak, iragarkiak... erantsi eta itemak edita ditzakegu. Zerrendak gorde ditzakegu m3u formatuan.

Sartutako hainbat audio, hala nola sintoniak eta audio efektuak -zaratak, txaloak...- Jingles atalera eransten baditugu grabazioaren edozein unean txerta ditzakegu, Jingles botoia sakatuta horrelako leihoa irekiko da:


Beheko aldean, hobespenen ezkerraldean, Output botoian sakatuta grabatzeko kontrolak ageriko zaizkigu. Grabazioa galerarik gabeko .flac formatuan egiten da. Gogoan izan behar dugu grabazioa martxan jarri eta bukatzean gelditu. Grabatu ondoren mp3 edo ogg formatu arinagoetara bihur dezakegu.



Irratiko zuzeneko saioetan telefonoari sarrera ematen ahal zaio- Skype telefonoa-. Mikrofonoa mututzeko botoia ere badago.

Ezkerraldeko kontrolak audio eta stream emisio kontrolak dira. Mikrofono bat baino gehiago erabili nahi badugu soinu txartela profesionala beharko dugu edo nahaste kontsola bat.

Programak aukera ematen du irratia zuzenean emititzeko stream bidez (hainbat internet-zerbitzarik aukera hori ematen dute prezio txiki baten truke) baina errazago eta eskoletarako praktikoagoa da saioa grabatzea eta gero podcast motako blog baten bidez saioaren grabazioa eskaintzea.

Laburbilduz audio muntaiak egiteko Audacity baino praktikoagoa iruditzen zaidan tresna.

Instalatzeko, Ubuntun, software biltegira joan eta Internet DJ Console bilatu eta instalatu, edo terminalean agindu hau itsatsi:

sudo apt-get install idjc

Aplikazio hau Linuxen gainean soilik dabil. Windowserako antzeko zerbait nahi baduzu dohan PodProducer duzu.

Beste software multimedia kontsulta dezakezu Antigua-Luberri BHIko bilduman.

2010/12/26

Libertine eta Biolinum kb bi letra mota interesgarri

Libertine Open Fonts Project proiektuak bi letra mota multzo interesgarri eta libre eskaintzen digu:

Batetik Libertine letra tipoa, seriff motakoa, alegia letretan errematea duena, hain ezaguna den Times New Roman letraren antzekoa. Letra hau oso interesgarria iruditzen zait matematika eta oro har zientzia arloko testuentzat, izan ere ikur matematikoz ondo hornitua dago. Begira horietako batzuk:


Bestetik Biolinum keyboard. Sans seriff edo errematerik gabeko letra mota honek duen berezitasuna da letrek teklaren itxura hartzen dutela eta tekla bereziak ere barnean direla.



Interesgarria iruditzen zait testuetan laster teklak eta oro har teklatuko eragiketak adierazteko.

Bi letra multzo hauek Linux, Mac zein Windowsen erabili daitezke. Horretarako bertatik

Ondoren deskonprimatu behar da. .tgz formatuan dago, beraz, Windows zein Macen 7zip edo Izarc moduko deskonpresore on -eta libre- bat behar da. Ondoren Fonts karpetan sartu, bertan bi letra mota hauen hainbat aldaera ditugu: arrunta (Re), Bold edo lodia (Bd), etzana edo italikoa (it)... eta LinBiolinumen kasuan keyboard (Kb), denetan Truetype (ttf) eta aurreratuagoa den Opentype (otf) formatuan. Instalatzeko:

Windowsen c:\windowss\fonts karpetara kopiatu.
Linuxen fitxategian klikatu letra-tipoen ikustaileak ireki dezan eta bertan ematen du aukera instalatzeko.
Mac-en, sentitzen dut, Gurutze, ez dakit.

Gaur (11/1/22) ikusi dut Libreofficek instalatuta ekarriko dituela.

2010/10/07

Nola konfiguratu POP kontu bat Thunderbird posta bezeroan

Thunderbirdek, Mozillaren posta bezeroak, kontuen konfigurazio automatikoa darabil 3. bertsioan. Honek dezente errazten du kontuen konfigurazioa zerbitzaria  modernoa bada eta IMAP protokoloa erabiltzen badu -Gmail, Hotmail eta halakoak- baina, badirudi, POP protokolo zaharra darabilten zerbitzariekin ez duela asmatzen; are gehiago eskuzko konfigurazioa egin behar da eta lehen baino konplikatuagoa da.

Ikus dezagun bada nola konfiguratu POP zerbitzariko kontu bat.

  • Lehenik eta behin kontu berria ezarri nahi dugula esan behar diogu. Thunderbird estreinako aldiz martxan jartzen dugunean automatikoki abiatuko da ataza hau eta aurretik beste konturen bat ezarrita bagenuen Editatu > Posta eta berri-taldeen ezarpenak... egin beharko dugu. Lehen urratzean gure izen-abizen propioak, posta-helbidea eta haren pasahitza eskatzen digu.


  • Datuok ematean IMAP konfigurazioa automatikoki hasten da bilatzen. Bilaketa hau, bukatu baino lehen, gelditu egin behar dugu: GELDITU.


  • Aurrekoa bezalako leiho bat agertuko zaigu baina kontuaren zerbitzari-motan IMAP jartzen duena. Bada alda ezazu POP zerbitzarira aurreko leihoan ikusten den bezala, ondoren "Sartu kontuan" zanpatu eta, datuak zuzenak badira, ezarpen berriak onartuko ditu: kontuaren ezker aldeko borobiltxoak argituko dira azpiko irudian ikus daitekeen moduan.


Hortik aurrera kontua prest dago posta jaso eta bidaltzeko.

Zalantzaren bat baduzu idatzi komentarioa edo posta mezua bidali irudietako kontura.

2010/08/21

Gmail-ek ahotsa eta bideo plugina egin du Linuxentzat

Windows eta Mac baino bi urte beranduago Google-k Gmaileko txatean ahotsa eta bideoa erabiltzeko modua egin du Debian eta Ubunturako.



Gmailen erabiltzailea bazara eta instalatu nahi baduzu .deb pakete batean dator nabigatzailearen plugina.


Instalatu ondoren nabigatzailea berrabiarazi eta pluginak martxan izango dituzu.


Hemendik aurrera zure kontaktua bideo-kamera badu honelako ikono batez markatuko dizu: 

Instalazio programak ez du abisua ematen baina errepositorio berri bat sartzen du:

2010/08/09

Kontaktuak inportatu Gmailera Thunderbirdetik eta alderantziz

Posta kudeatzeko Thunderbird eta Gmail erabiltzen baduzu interesatuko zaizu kontaktuak edo helbide-liburuak partekatzea bien artean. Bi aukera aurkeztuko dizkizut Zindus gehigarria eta esportazioa-inportazioa.

Ziur aski interesgarriena zuretzat bi zerbitzuen kontaktuen sinkronizazioa da, alegia kontaktu bat gehitzen baduzu Thunderbirden automatikoki hori Gmaileko kontaktuetan agertzea da eta alderantziz. Hori da hain zuzen ere Zindusen lana. Zindus Thunderbirden gehigarria edo hedapena da. Instalatzeko Thunderbirden egin Tresnak>Gehigarriak>Eskuratu gehigarriak eta zindus idatzi. Behin instalatuta zure Gmaileko kontua eman eta kito.



Agian bilatzen duzuna da soilik une honetan dituzun kontaktuak batetik bestera pasatzea eta kito. Kasu honetan esportazioa-inportazioa egin behar duzu.

  • Gmailetik Thunderbirdera egiteko errazena Thunderbirdentzako Google Contacs gehigarria instalatzea da.
  • Beste kasuan, alegia Thunderbirdetik Gmailera pasatzeko horrela jokatuko dugu:Thunderbirden klikatu Helbide-liburuan eta egin Tresnak>Esportatu jarri izen bat fitxategiari ad. kontaktuak eta formatuan LDIFen ordez erabil ezazu "komaz banandua"; horrek sortuko du .csv formatuko fitxategi bat. Fitxategi hau ezin dugu zuzenean inportatu Gmailen zeren eta Gmail euskaraz badago ere .csv fitxategi honen eremuak euskaraz ditu eta Gmailen inportazioa ingelesa soilik ulertzen du; beraz kontaktuak.csv fitxategia hau editatu behar dugu Gedit, Notepad edo bestelako testu editorearekin eta kontaktuen aurreko paragrafoaren ordez, eremuen ordena zehazten duen paragrafoaren ordez beste hau jarriko dugu:
first name,last name,display name,nickname,email address,alt email address, work phone,home phone,fax,pager,mobile,address1,address2,city,stat e,zip,country,work address1,work address2,work city,work state, work zip,,,,organization,,,,,,,,,,notes

Gmailen kontaktuak ireki eta goian eskuinean inportatu klikatu, arakatu eta hauta kontaktuak.csv.

2010/07/12

Ubuntu: abiatzean Empathy konektatzea automatikoki

Empathy Ubuntun txateatzeko instalatuta datorren aplikazioa da. Ekipoa abiatzean erabiltzailea deskonektatuta dago eta propio konektatu behar duzu txateatzeko edo besteek ikusteko eskuragarri zaudela.
Hemen ikusiko dugu nola egin ekipoa piztean automatikoki Empathyn martxan jartzeko.

Egin Sistema > Hobespenak > Abioko aplikazioak eta bertan gehitu sarrera hau:


Ekipoa pizten duzun hurrengoan panelean punpoilo berde bat agertuko da jakinaraziz konektatuta edo eskuragarri zaudela. Egoera aldatu nahi baduzu punpoilo berdean klikatu eta egoeraren pertsiana zabaldu eta egoera berria adierazi.