2012/04/22

Web orriak egiteko eta ebaluatzeko hainbat irizpide

Ikasleei gai bat gai bat garatzeko eskatzen diegunean gehien bat paper euskarrian pentsatzen dugu. Aukera bezala web euskarria dugu gaur egun informazioa eskuratzeko ohiturei lotuagoa eta ikasleengan kapazitate berriak lantzeko parada ematen duena.
Webguneak egiteko bi era nagusi daude: offline editoreak (Kompozer, Frontpage...) eta online editoreak (Weebly, Google Sites, Moodle...).
Edozein dela egiteko erabiltzen dugun modua web orriak diseinatzeko eta osatzeko garaian ikasleek irizpide batzuk kontuan izan behar dituzte eta irizpideen bilduma hau oinarri moduan erabil daiteke:

BALIAGARRITASUNA
  • Web orriaren helburuak zehatzak eta ondo definituak egon behar dute.
  • Balizko erabiltzaileen helburuak eta beharrak kontuan eduki behar dira.
  • Web orriak argi erakutsi behar du eskaintzen dituen edukiak eta zerbitzuak.
  • URLa egokia, argia eta gogoratzeko erraza behar du. 
  • Edukiak ez dira sobera luzeak izan behar. Dokumentazio osagarria pdf formatuan jar daiteke erabiltzaileak, nahi izanez gero, deskargatzeko eta irakurri edo inprimatzeko.
  • FAQ edo ohiko galderen atala egotea komenigarria izan daiteke.
  • Eragiketa konplexuak badaude (formulario betetzeak esate baterako) laguntza argia eduki behar dute.

ERABILERRAZTASUNA
  • Eduki zabalak badira menua bidez antolatuko dira. Ez da komeni gai ezberdinak web orri berean jartzea.
  • Menua argia, antolatua eta ordenatua izango da.  Antolaketan honako irizpideak erabili daitezke: atazei zuzendua, alfanumerikoa, geografikoa, kronologikoa...Menua ez da luzeegia izan behar; elementu asko baditu era hierarkikoan antolatuko dugu.
  • Edukien eta menuetan erredundantzia ekidin behar da. Edukiak ez dira errepikatu behar atal ezberdinetan eta toki batera iristeko aukera ez dira anitzegiak izan behar.
  • Edukiak zabaltzeko estekak erabiltzen ahal ditugu. Esteken helburua garbia izan behar du (ez erabili egin klik hemen tankerakoak). Edozein modutan kontuan izan kanpora bidaltzen duten estekan klikatuz gero  erabiltzailea agian ez da webgunera bueltatuko.
  • Orri umezurtzak -edukirik ez dutenak- ekidin behar dira.
  • Orriaren edukia zabala bada barne bilatzaile bat edukitzea komeni da.

IDENTIFIKAZIOA
  • Web orria eskaintzen duen enpresa, erakundea edo ikaslea argi ageri behar da orri guztietan.
  • Enpresa, erakunde edo elkarteen kasuan logotipoa edo leloak (slogan) erabilgarriak izan daitezke.
  • Enpresa edo web arduradunaren kontaktua ageri behar da edo berarekin kontaktuan jartzeko modua.

DISEINUA, ESTETIKA, MAKETAZIOA, ITXURA
  • Koloreek, irudiek, letra-motek, estetika zaintzeaz gain, bat egin behar dute orriaren ezaugarriekin, erabiltzaile-motarekin eta eskaintzen dituen zerbitzu motekin.
  • Era berean diseinua eta aipatutako elementuak uniformeak eta koherenteak izan behar dute. Orriak web-gunean integratu behar dira eta orriaren itxurak lagundu behar du web-gunea identifikatzen. Letra estilo pare bat baino gehiago erabiltzea saiestu behar dugu.
  • Interfazea garbia, gehiegizko kargarik ez du eduki behar. Zuriuneek edo marrek orriaren elementuak eta paragrafoak bereizi behar dituzte.
  • Web orriaren edukia handia ez bada orrialdearen luzera ez da pantaila baino luzeagoa izan behar korritzea erabili behar ez izateko. Edukia handia bada berau zatikatu eta hainbat orritan banatzea planteatuko dugu.
  • Efektu tipografikoak (buletak, azpimarrak, letra lodia, lerrokatzeak) erabili behar dira, neurriz, testua erraz irakurtzeko.
  • Kontrastea egon behar du atzeko fondoa eta letraren kolorearen artean. Kolore nekagarriak ekidin behar da. Atzeko plano moduan tono ez berdinak dituen irudi bat erabiltzeak letren kontrastea oztopatzen du.
  • Orria, ahal den neurrian, arina izan behar du, nabigatzaile guztietan ikusi behar da ongi eta pluginen beharra saiestu behar dugu.

HIZKUNTZA
  • Hizkuntza anitzetan ikusteko aukera baloratzeko kontua da.
  • Erabiltzen den hizkuntza erabiltzaile-motari egokitu behar da.
  • Testuak oro har laburrak eta argiak izan behar dute.
  • Paragrafoen egitura zaindu behar da: ideia bat paragrafo bat, paragrafo bat ideia bat.
  • Ortografia errebisatu behar da.

MULTIMEDIA
  • Irudiek, animazioek, bideoek, audioek... informazioa baliagarria eman dezakete. Hala ez balitz bere erabilera birplanteatu beharko genuke, beste gauzen artean orriaren pisua nabarmen handitzen dutelako.
  • Irudien egokitasunaz gain haien bereizmena, handitzeko aukera, epigrafeak baloratu behar dira.
  • Ikonoak eta irudi-metaforak erabiltzen badugu argiak izan behar dute eta alt etiketak -sagua gainean jartzean azalpena agertzea- komeni da.
  • Testuen kasuan bezala elementu multimediak webgunearen egilearenak izan behar dute edo lizentzia librea izan behar dute (ikusi Creative Commons ohikoenak).

INFORMAZIO EGUNERATUA
  • Web orrian azaltzen den informazioa eguneratua egon behar du.
  • Web guneak albisteak, aldaketen eta aktibitateen berri ematea estimatzen da eta erabiltzaileak sarri sartzea lortzen da.
  • Albisteetara harpidetu edo sindikatzeko aukera (RSS, Atom, Facebook, Twitter...) interesgarriak izan daitezke.
 
EBALUATU ETA GERO EZABATU 
Ariketa moduan egindako web orriak, salbuespenak salbuespen, ez dugu sarean jarriko edo, jartzen badugu, ebaluatu ondoren ezabatuko ditugu. Sitesen kasuan pribatu moduan ezar daiteke eta irakaslearekin partekatu. Weeblyren kasuan automatikoki gordetzen da argitaratu beharrik gabe.
Irizpideak egokiak iruditzen bazaizkizu eta web-guneak kalifikatu behar baduzu agian kalifikazio-txantiloia baliagarria izango zaizu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina