2022/01/10

CryptPad elkarlanerako suitea euskaraz

CryptPad 4.13.0 bertsiotik euskaraz dago. 


Cryptpad elkarlanerako sortutako dokumentuen ediziorako suite bat da, Google Docs edo Office365en tankerakoa. Hauekiko diferentzia da CryptPad-ek software libreko online aplikazioak erabiltzen dituela.

Cryptpad-ek duen beste ezaugarri garrantzitsu bat da muturretik muturrerako zifratzea erabiltzen duela eta horri esker bai saretik bidaltzen dugun informazioa bai urrutiko zerbitzarietan gordetzen duguna zifratuta dagoela. Beraz, erabat konfidentziala da.

Jatorrizko CryptPad cryptpad.fr da eta zerbitzua izena emanda edo gabe erabili daiteke. Edozein kasutan ez digute informazio pertsonalik eskatuko. Cryptpad.fr, Frantziako eta Europako Batasunaren administrazioen laguntza du.

Izena eman gabe erabiltzen baduzu dokumentuak zerbitzaritik ezabatzen dira aktibitaterik gabe 90 egun egon ondoren. Edozein kasutan, tarte horretan zehar zure ordenagailura deskargatzen ahal duzu. 

Izena ematen baduzu cryptpad.fr zerbitzariak 1GBko hodei bat eskaintzen dizu -pandemia dela eta beste abisu bat jaso arte-. Sortzen dituzun dokumentuak eta ordenagailutik kargatzen dituzunak bertan gorde dezakezu denbora mugarik gabe eta gailu desberdinetatik atzitu ditzakezu. Espazio gehiago behar baduzu zure hodeian hileko 5 eta 15€ arteko planak dituzte. Cryptpad.fr webgunean kontsulatu daitezke modalitateak.

Cryptpad software libreko paketea denez beste enpresa eta elkarteek ere euren zerbitzarietan instalatu eta eskaintzen dute, besteak beste Disroot.org elkarteak (https://cryptpad.disroot.org/) -une honetan 4.12 bertsioa dute-.

Aplikazioak

Cryptpad suiteak enkriptatutako komunikazioa eta biltegiratzea eskaintzen du baina beste batzuen software librea ere erabiltzen du. Elkarlanerako eskaintzen dituen aplikazioak hauek dira:

  • Testu aberastuko prozesadorea (Etherpad-en aldean irudiak eta taulak ditu)
  • Kalkulu orria. OnlyOffice-rena erabiltzen du -oraindik euskaratu gabe-.
  • Kanban taulak (Trello estiloan)
  • Kode editorea
  • Inkestak egiteko inprimakia
  • Arbela
  • Markdown diapositibak

eta izena ematen dutenentzat

  • CriptDrive hodeia sortutako dokumentuak zein igotakoak gordetzeko. 

 


Dokumentu guztiek dute elkarlanerako edizioa. Eskuin aldean ikusten dira parte-hartzaileen izenak eta txata du. Parte hartzaile bakoitzak gehitutako testua kolore batez identifikatzen da. 

Testu aberastua: ezkerrean fitxategi-aukerak eta eskuinean erabiltzaileen zerrenda.


Dokumentuei iraungitze data jartzen ahal zaie (izena emana baduzu dokumentuaren kopia bat geratuko da zure Drivean).

Dokumentuak partekatzen ahal dira esteka bidez ikusteko edota editatzeko. Dokumentuari jar dakioke pasahitz bat kontrolatzeko nor ikusi edo editatzen duen. Partekatze zerrenda sortzen baduzu bakarrik zerrendakoek erabili ahal izango dute. 

CryptDrive-n karpetak eta karpeta partekatuak sor daitezke.

Cryptpad.fr webgunean (edo dagoeneko 4.13 bertsioa inplementatuta duen beste instantzia batean) izena emana baduzu baina interfazea erdaraz agertzen bazaizu goiko ezker aldean agertzen den zure profilaren izenean klik egin eta  Ezarpenak (Settings) aukeratu...


... eta Hizkuntza (Language) atalean Euskara aukeratu. Automatikoki interfazea euskaraz agertuko zaizu.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina