2019/04/14

BigBlueButton: ikasteko eta bilerak egiteko bideo-konferentzia Moodle plataforman.

BigBlueButton software libreko web-konferentzia sistema da. Web bidez funtzionatzen du.
2007an sortu zuten Canadako Carleton unibertsitatean.
Moodleen plugin moduan integratzen da.


Funtzionalitatea
  • Bi edo hainbat lagunen arteko bilera.
  • Hainbat lagunentzako konferentzia.

Irakaskuntzari begira egina dago eta ohiko bideo-konferentziek ez duten hainbat tresna ditu: arbel zuria eta marrazteko tresnak, aurkezpenak, mahaigainaren partekatzea, bideo-emanaldiak, grabazioa, testu partekatua, txata...



Bilera gela sortu Moodle plataforman

Ohiko bideo-konferentzia sistemetan jendea elkartzeko deitu egin behar zaio edo URL bat bidali jendea bilerara sartzeko. Moodlen, ordea, bilera-gela edo konferentzia-aretoa sortzen ahal dugu eta nahi dugun guztietan erabili. Bilera gela sortzen den ikastaroak markatuko du zein diren irakasle eta ikasleak edota ikastaroan bisitariak sar daitezkeen.
Zeregina prestatzean jartzen ahal diogu eguna eta ordu zehatz bat  edo zehaztu gabe utzi behar den unean erabili ahal izateko. Bestetik, definitzen ahal ditugu erabiltzaileen rolak. Bi rol daude BlueBigButton: ikuslea eta moderatzailea.

Luzeak ez izateko bi bideo-tutoriala prestatu ditut: lehenengoan bilera-gela Moodlen nola sortu ikusten da eta bigarrenean gelaren erabilera.

Nola sortu bilera edo konferentzia gela:





BigBluebutton nola erabili

Bi rol daude BigBuebutton: ikuslea eta moderatzailea

Ikusleak zer egin dezake? Ikuslearen lana izan daiteke pasiboa edo guztiz parte-hartzailea bere jarrera eta moderatzaileak ematen dizkion baimenen arabera posible du:
  • Azalpenak ikusi eta entzun, aplikazioaren leihoak kontrolatuz.
  • Txatean parte hartu: publikoa, irakaslearekin edo beste ikasleekin.
  • Bere egoera adierazi ikonoen bidez, esate baterako eskua altxatu parte hartzea eskatzeko.
  • Ohar partekatuetan idatzi*.
  • Inkestetan bozkatu
  • Moderatzaileak baimena ematen badio:
    • Hitz egin.
    • Web-kamera partekatu
    • Marrazketa tresnak erabili
    • Aurkezpena egin
      • Arbel zurian idatzi eta partekatu
      • Aurkezpenak kargatu eta erakutsi
      • Bere pantaila partekatu: mahaigaina edo aplikazio zehatz bat.
    •  Bilera moderatu.
     
Moderatzaileak zer egin dezake?
Moderatzailea, berez, aurkezlea da, beraz arbel zuria, aurkezpena edo bere pantaila erakutsi dezake. Saio osoa edo parte bat graba dezake.
Ikusle bati erakusle edo moderatzaile rola uzten ahal dio behin behinean.
Eta gainerako ikusleak banaka zein denak batera kontrola ditzake:
  • audio
  • web-kamera
  • Partaideak bileratik egotzi
  • Taldeak antolatu
  • Saioa, bilera grabatu
  • Bilera itxi



Grabatzea.
 Emanaldiak grabatzeko ezarpenetan aktibatu behar duzu grabazioa. Grabazioa emanaldian bertan martxan jarri eta gelditu (aukera dago etenak egiteko). Bukatzean ez da ezer egin behar. Minutu batzuk pasata grabazioa ikusteko aukera agertuko da BigBlueButtona duzun toki berean.


 Hori bai komeni da probatzea serio hasi aurretik konprobatzeko diapositibaz gain mahaigainaren grabazioa, arbelaren oharrak, webkamera...grabatzen ote dituen. OBS Studio bidezko grabazioa izan daiteke B plana.


Bukatu aurretik hiru kontu.
  • Duela gutxi arte BigBlueButton-ek Flash teknologia erabili izan du baina azken hilabeteetan HTML5era migratu dute eta horrek, kalitatea hobetzeaz gain, adierazten du aplikazioa web estandarretara egokitzen dela.
  • Bestetik une honetan 2.0 bertsioa dago martxan eta ia osorik ingelesez ikusten da baina hurrengo bertsioa (2.2) euskaratuta dago, beraz laster web-aplikazio hau euskaraz ikusiko dugu.
  • Badirudi BigBlueButton ez duela funtzionatzen Internet Explorerren eta Edge zaharrean. 
  • Ohar partekatuak hainbat formatutan esportatu daitezke:
Ohar partekatuen esportazioa
2019ko Ekainean erantsita:

Aurreko irudian ikusten denez dagoeneko BigBlueButton euskaraz dago.

Zuen zuzenketak eta ekarpenak ongi-etorriak izango dira.


2 iruzkin:

  1. Kaixo Alex!

    Bideoak ikusita konturatu naiz BigBlueButton-ek Moodle-rako duen pluginean hainbat elementu ingelesez agertzen direla, horiek ere euskaratzera animatzen bazara hemen egin dezakezu:

    https://lang.moodle.org/local/amos/view.php?v=3600&t=1555331999&l=eu&c=bigbluebuttonbn

    Nik ez dut BBB ezagutzen eta beraz ezin dut asko lan horretan asko lagundu, baina proposamena egiten baduzu arduratuko naiz kateak berrikusi eta onartzeaz, bale?

    Ondo izan!

    ErantzunEzabatu
  2. Beti bezala post interesgarria. Denboratxoa beharko dugu hemen dagoen informazioa asimilatzeko.

    Eginbeharrekoen zerrendara ;-)

    ErantzunEzabatu