2025/12/13

Nola prestatu aurkezpenak Logseq aplikazioan

 Aspaldi honetan boladan dago aurkezpenak sinple -ez eskasak- eta formaz garbi eta minimalistak egitea.

Logseq aplikazioa bi baldintza horiek betetzea errazten du eta, bide batez, edukia ondo gordeta geratzen da eta berrerabiltzeko eta moldatzeko prest. 

Logseq erabiltzen baduzu eta aurkezpen bat egin eta erabili nahi baduzu hau da nire bide proposamena:

Edizioa: 

  1.  Logseq ireki eta zure gogoko koadernoan (graph) orri berri bat ireki.
  2. Lehenengo paragrafo edo blokean "/" idatzi eta aukeratu goibururako maila bat (h1, h2...)
  3. Hurrengo diapositibara pasatzeko sakatu Sartu. Beste lerro bat gehitu nahi baduzu sakatu Mayus+Sartu.

Testuaren formatua mugatua da baina markdown formatuaren bidez editatu dezakezu *etzana* edo **lodia**. 

Zerrenda buletadunak egin daitezke asterisko bat jarrita elementu bakoitzaren hasieran edo formatu honekin:

<ul>
<li>sagarrak</li>
<li>laranjak</li>
<li>madariak</li>
</ul>

edo zenbakidunak

<ol>
<li>garbitu</li>
<li>kendu xaboia</li>
<li>errepikatu</li>
</ol> 

Edizioan gehitzen ahal duzu irudiak. Horretarako lerro berria gehitu eta bertara arrastatu irudia arakatzailetik. Irudiaren beheko eskuineko kontrolaz alda dezakezu tamaina.  

Interneteko estekak jartzeko markdown formatua erabiltzen ahal dugu, adibidez: [https://www.berria.eus] (Berria).

Diapositiba berria egitean (Sartu) Tab sakatuta azpi-blokeak egiten ahal ditugu.

 Aurkezpena ikusteko: 

Goiko paneleko ... (hiru puntu ikurra) sakatu eta "View as slides" aukeratu. Eskuinean panel bat irekiko da aurkezpenarekin. Diapositiba batetik bestera teklatuko geziak erabiltzen ahal dituzu edo aurkezpenaren kontrola. Diapositiba eskuinetik agertuko dira eta azpi-blokeak erabili baditugu behetik gora. Pantaila osoan ikusteko F sakatu behar da.

 


 Aurkezpenak egitea ez da inolaz ere PKM edo Ezagutza Pertsonalaren Kudeaketarako kode irekiko Logseq aplikazio honen funtzio nagusia baina hori ere bada.

 

 

2025/11/28

Collabora Office orain ordenagailurako bertsioa eta euskaraz.

 Collabora Online-k, LibreOffice bulegotika paketearen online bertsioak, orain bere mahaigaineko bertsioa estreinatu du Linux, Windows eta Mac-erako Collabora Office du izena eta euskaraz egiten du polito. Bere garaian OnlyOfficek-ek egin zuen jauzi bera.


  Zein alde dago LibreOffice eta CollaboraOffice-ren artean? bada, interfazea, egileen esanetan "modernoa, garbia eta produktiboa".

Collabora ezkerrean eta LibreOffice eskuinean

Irudian ikusten den moduan Collaborak Ribbon itxura du, alegia tresnak azpimenu gisa. LibreOfficen irudian interfaze klasikoa agertzen da baina Ribbon ere aukeran du.


 Bulegotika pakete honek testu prozesadorea, kalkulu orria eta aurkezpenetarako aplikazioak ditu. Ez du, momentuz bederen, irudien editorea, datu-basea, makroen editorea edo matematika plugina, nahiz eta formula sinpleak txertatu daitezkeen.

Bere formatu lehenetsia odt da baina ireki ditzake microsoftenak eta esporta daiteke horretara zein pdf, epub edota htlm.

Motorean web teknologiak erabiltzen ditu: JavaScript, CSS, Canvas eta WebGL. Horri esker online bertsioaren antza mantentzen du eta Java erabiltzen ez duenez programa txikiagoa da eta errazago mantentzen da.

Eta, zergatik erabili desktop bertsioa online erabili badaiteke? batetik azkarrago ireki eta ibiltzen da, interneten dependentziarik ez du, pribatutasuna hobeto babesten da eta sistemaren inprimaketa, pdf irakurketa, pantaila osoko bista eta sistemaren abantaila guztiak erabiltzen ahal direlako.

Online bertsioaren herentziaz interfaze gehiena dago euskaraz -itzulpena %70 inguruan dago- baina momentu honetan zuzenketa ortografikoa bakarrik dabil ingelesez.

Instalatzeko flatpak bertsioa dago. Linuxerako hemendik deskarga daiteke  

 sudo flatpak install collaboraoffice-v25.04.7.2_final.flatpak (beste bertsioa bada aldatu behar duzu).


2025/11/27

Nola konpondu "Fritzing caught an exception from simulationButton in event 3: bad_function_call"

 Elektronikako zirkuituak diseinatzeko eta probatzeko Frintzing aplikazio librearekin zirkuituak probatzek unean "Fritzing caught an exception from simulationButton in event 3: bad_function_call" errorea agertu zait Fritzing 1.0.1 bertsioan. Zirkuitua gordetzeko aukera ematen du eta, ondoren, aplikazioa ixten da.

Bertsio hori da Luberri 25.2 eta Linux Mint 22 sistemetan software biltegitik instalatzen dena.

Antza denez, bertsioaren errorea da eta hurrengo bertsioetan errore  hori konponduta dago. Beraz, nik egin dudana izan da bertsio hori desinstalatu (aplikazioen panelean bere ikonoan eskuin klik eta desinstalatu) eta hau idazteko orduan berriena den 1.0.6 bertsioa instalatu. Hori bai, bertsio hori Linuxerako bakarri dago AppImage formatuan. Instalatzeko, hemendik deskargatu dut (nik horrelakoak AppImage izeneko karpeta batean deskargatzen ditut), ondoren exekutatzeko baimena eman: fitxategian eskuin klik > propietateak > baimenak > baimendu fitxategia programa bezala exekutatzen. Probatu.

Ondo badabil aplikazioetan abiatze bizkorra sortuko diogu: paneleko Aplikazioak eskuin klik > konfiguratu >  behean Ireki menuaren editorea > nahi duzun aplikazioen kategorian Elementu berria > Izena: Fritzing, Komandoa: arakatu eta hautatu fritzin...AppImage deskargatu berri duzun fitxategia, Ikonoa: aplikazioetan bilatu Fritzing > Onartu.

 
 

2025/09/15

Zer egin Luberri instalatu ondoren

 Gaur, Luberri 25.1 instalatu ondoren, erabiltzeko prestatu behar dut, eta urratsak deskribatuko ditut. Ordena ez da betebeharrekoa eta, ez eta urrats guztiak betetzea ere.

Urratsak bitan sailkatuko ditut: lehenengo hiruak exekutatzeko administratzailea izan behar duzu, gainerakoak erabiltzaile arrunt gisa ere burutu ditzakezu.

1. Eguneratzea

Sistema eta aplikazioak eguneratzeko terminala ireki (Ctrl+Alt+T) eta agindu hauek exekutatuko ditugu:

sudo apt update (software biltegietan bertsio berriak begiratzeko)

sudo apt upgrade (daudenak instalatzeko)

2. Beste erabiltzaileei alta eman. 

 Oinarrizkoa da erabiltzaile bakoitzak bere kontua izatea, hartara pertsonalizatu ahal izango ditu bere kontuak (posta, Telegram, Nextcloud...), aplikazioak bere gustura konfiguratu eta dokumentuen pribatutasuna eta segurtasuna mantentzeko.

 Ordenagailua elkarte edo erakunde baten sarean badago haren domeinuan integratzeko aukera egon daiteke, hartara erabiltzaileei ez zaie alta eman behar, domeinuan identifikatuko ditu. EAEko ikastetxe publikoen kasuan Luberrik badu script bat integrazioa egiten laguntzeko (Aplikazioak > Sistemaren konfigurazioa > Domeinuan sartu).

Etxerako, edo domeinurik gabeko elkarte baterako bada, eskuz sortuko ditugu erabiltzaileak (goiko paneleko eskuinean dagoen zure izena klikatu > Sistemaren ezarpenak >  Administrazioa > Erabiltzaileak eta taldeak). Erabiltzaileak sortzean bereiziko ditugu administratzaileak diren edo erabiltzaile arruntak. Administratzaileak sistema kudeatu, eguneratu, aplikazioak instalatu, erabiltzaileak sortu eta maila horretako beste eskumenak ditu. Erabiltzaile berriei pasahitza jartzen ahal diegu (egokia adin txikikoen kasuan) edo gabe utzita haiei eskatuko die.

3. Telegram-desktop instalatu. 

Luberrin ez dugu Telegram-desktop instalatu, izan ere preparatuta dago ikasleek erabiltzeko eta Telegram erabiltzeko gutxieneko adina 14 (Es) -15 (Fr) da eta ikastetxeetan ez da oso erabilgarria. Hori esanda, gutxieneko adina baduzu Telegram-desktop komunikazio tresna baliotsua da, neurri batean, bere bat-batekotasuna eta erraztasunagatik zenbait kasutan posta-elektronikoa ordeztu du. 
Instalatzeko bi era daude: Flatpak erabili gabe edo erabilita. Bigarrena errazagoa da: Aplikazioak > Sistemaren-konfigurazioa > Software-kudeatzailea > Telegram bilatu eta instalatu.
Behin instalatuta mugikorrarekin eskaneatu beharko duzu zure kontua erregistratzeko.
 
 

Ataza orokorrak eginda, orain ordenagailua nor bere gustura eta zerbitzura hurbiltzeko lanari ekingo diogu: 

4. Mahaigainekoaren pertsonalizazioa.

 Lehen esan bezala, erabiltzaileak bereizteak bide ematen du, besteak beste, mahaigainekoa eta aplikazioak pertsonalizatzeko.

Mahaigainekoa, edo harrerako pantaila,  zein interfaze orokorra pertsonalizatzeko Luberrik aukera aunitz ematen ditu. Gutxi batzuk aipatuko ditut:

  • Mahaigaineko irudia aldatzeko arakatzailean (Lekuak) gogoko irudi bat bilatu, eskuin klik egin eta  Ezarri atzeko plano gisa...
  • Panel nagusia behera mugitu nahi baduzu (Windowsen bezala) panelean bertan eskuin klik: Aldatu lekuz eta beheko aldean klikatu.
  • Panelaren erdiko aplikazioak. Dock gisa funtzionatzen du, hau da, gehien erabiltzen duzun aplikazioak erakusten ditu -irekita daudenekin batera-. Pertsonalizatzeko kentzen ahal duzu gutxi erabiltzen duzunak: eskuin klik > Askatu paneletik eta gogokoak jarri. Horretarako ireki aplikazioa eta bere ikonoan eskuin klik egin > Finkatu panelean.  Nire panelean Firefox, Thunderbird, Zim Wiki, Search, Ksnip eta Telegram.
  • Gai argia nahiago? Luberri gai ilun batez konfiguratuta dago (hori ikusteko aski da arakatzailea irekin eta ikusiko duzu atzeko plano beltzean testu zuriak) Gai ilunek gozoagoak dira erretinekin, batez ere gauez. Argia nahiago baduzu panel nagusiko eskuinean dagoen zure izena klikatu > Sistemaren ezarpenak > Itxura > Gaia eta bertan Mint-Y_Dark-en ordez argi bat hautatu. Edozein kasutan...
  • Gaueko koloreak egokitu. Luberrik aukera ematen du gaueko orduetan era automatikoan distira jaitsi eta kolore zuri-urdinen ordez melatonina sortzea galarazten ez duten tonu gorriztak hartzea (Sistemaren ezarpenak > Hobespenak > Gaueko argia. Aktibatu eta aukeratu gaueko tonua eta ordutegia.
  • Sistemaren letra tamaina egokitu. Adin batetik gora presbiziak bere lana egin du eta letra txikiak ikusgaitzak bihurtu zaizkit. Berdin gertatzen bazaizu: Sistemaren ezarpenak >  Itxura > Letra-tipoen hautapena: bertan nik 15 jarri dut kasu guztietan.

5. Aplikazioen pertsonalizazioa: Firefox 

 Edozein aplikazioa erabiltzen dugun lehenengo aldian Hobespenak, konfigurazioa alegia, errepasatzea komeni da gure gustu eta beharretara egokitzeko. Interneteko nabigatzailean, Firefox kasu honetan, hori funtsezkoa da. 

  • Identifikatu. Firefox-i esan nor zaren, hartara, besteak beste, pasahitzak eta laster-markak sinkronizatu ahal izango duzu erabiltzen ohi dituzun ordenagailuko Firefoxetan. Nola? Firefox ireki eta helbidearen paneleko eskuinean agertzen den sandwich-menu ikonoa klikatu > Sinkronizatu zure gailu guztiak > Hasi saioa. Aurretik beste gailuren batean identifikatu bazara, sartu erabiltzailea eta pasahitza; orain arte erabili ez baduzu eman erabiltzaile kontua eta pasahitza. Behin kontua identifikatuta, zure izenean klikatu eta Sinkronizazio ezarpenak zehaztu. Nik hauek ditut sinkronizatuta: 
    • Laster-marken tresna barra. Barra hau helbidearen barraren azpian ager daiteke eta niretzat funtsezkoa da nabigaziorako zuzen joateko ohiko helbideetara. Barra hori ez dago lehenetsita, beraz, erabili nahi baduzu aktibatu behar duzu: Menu > Tresna gehiago > Pertsonalizatu tresna barra, fitxaren beheko aldean Tresna barrak > Laster-marken tresna-barra > Erakutsi beti markatu eta beheko panelean Egina klikatu. Laster-marken tresna-barra erabiltzen duzun lehenengo aldia bada, dauden elementuetan eskuin-klik eta ezabatu eta erabiltzen ohi dituzun helbideak poliki-poliki gehitu helbidearen ezkerrean agertzen den giltzarrapoa barrara arrastatuta. Izena luzea badu edita dezakezu laburtzeko. Laster-marka asko baduzu karpetak sortzen ahal dituzu multzokatzeko.
    • Pasahitzak gogoratzea onartzen duzunean Firefoxeko menutik ikusi eta editatzen ahal dituzu.
     
  • Bilatzailea ezarri.  Finantziazio kontuengatik Firefoxek Googlen bilatzailea lehenesten du. Ez dut zalantzan jarriko bilaketen kalitatea. Argi dudana da erabiltzailearen datuak zurrupatzen dituela. Nik erabiltzen dudana SearXNG metabilatzailea da -hau da, hainbat bilatzaile erabiltzen ditu-. haren konfigurazioan euskarazko bilaketak lehenesten ahal dira eta erabiltzen dituen bilatzaileen artean Google mantentzen baduzu bilaketen kalitatea bermatzen duzu Googlek zure datuak zurrupatu gabe eta babestutako emaitzak edo iragakiak ez dira agertzen. SearXNG hornitzaile edo instantzien artean nahi duzuna aukeratu, helbidean eskuin klik eginda gehitu zure gogoko bilatzaileetara, eta Firefoxen Ezarpenak > Bilaketa > Bilaketa-motor lehenetsian SearXNG aukeratu.

     
  • Gehigarriak (edo hedapenak) nabigatzailearen funtzioak osatzen dituzten gehigarriak dira. Ez du komeni asko instalatzea nabigatzailea ez moteltzeko. Horregatik, nik soilik lau instalatzen ditut:
    • Adblock Plus: propagandaren blokeatzailea. 
    • Dark Reader: web orri gehienek atzeko plano zuria letra beltzak dituzte. Gehigarri honek atzeko plano beltzean letra zuriak jartzen die irakurketan begiek ez sufritzeko.  Bietan salbuespenak ezar daitezke.
    • Euskalbar: euskara-euskara eta erdara-euskara hiztegiak. 
    • Lehen hitza euskaraz: webgune eleaniztunetan euskara lehenesten du.  

6. Thunderbird konfiguratu.

 Posta elektronikoa erabiltzeko bi era nagusi daude: webmail (posta hornitzailearen web-orria) edo postarako aplikazio edo bezero bat. Kontu bakarra izanez gero webmaila nahikoa izan daiteke baina kontu bat baino gehiago badugu posta bezeroa ezinbestekoa da mezu guztiak ekartzeko eta kontaktuak kontuen artean partekatzeko besteak beste. Daudenen artean Thunderbird nabarmentzen da ondo dabilelako eta oso egutegi praktikoa duelako.

Thunderbird ordenagailu batean aurreneko aldiz irekitzen dugunean gure kontuen berri eman behar diogu. Normalean topatuko du eta zure mezuak ekarriko ditu.

Behin lehenengo kontua erregistratuta hurrengoekin hasiko gara: Kontu ezarpenak > Gehitu kontua.

Eskerreko barran agertzen dira Helbide-liburua eta Egutegia. Lehenengoaren kasuan beste thunderbird batetik edo webmailetik kontaktuak esportatu eta bertara inportatzen ahal ditugu. Egutegiaren kasuan praktikoagoa da sareko gure egutegia ezarri (Disroot, Google...) lokal bat erabiltzea baino. Sarekoa ezartzeko:  ezkerrean behean Egutegi berria > Sarekoa ... 

 

7. Nextcloud

 Nextcloud Europako hodei bat da, software librekoa. Haren bidez zenbait fitxategi zerbitzari batera igo dezakegu edozein gailutik nabigatzailearen bidez deskargatu ahal izateko. 

Luberrik Nextcloud Desktop aplikazioa du instalatuta. Aplikazio honen bidez sinkronizatu daiteke hodeia eta karpeta lokal bat. Edozein fitxategi karpeta horretan sartuta automatikoki sortzen du kopia bat hodeian, hartara karpeta hori sinkronizatuta eduki daiteke hainbat ordenagailutan. Mugikorrerako aplikazio baten bidez fitxategiak jaitsi edo igo daitezke.

Bada jende eta erakundeak bere zerbitzaria muntatzen dutenak, beste batzuk zerbitzu hori kontratatzen dute. Zure ikastetxe edo erakundeak Nextcloud eskaintzen badizu edo zerbitzua kontratatu baduzu (hornitzaile batzuk doako GB batzuk eskaintzen dituzte) zure saioan erregistratu behar duzu. Horretarako Aplikazioak > Gehigarriak > Nextcloud...   


 Hiru aukera agertzen dira: zure zerbitzarian saioa hasi, doako hornitzaile batean erregistratu edo zure zerbitzari lokal propioaren helbidea eman.

 

Behin saioa hasita sinkronizatuko den karpeta proposatuko digu (Nextcloud) eta hodeian dugun fitxategi guztiak edo batzuk sinkronizatzeko aukera emango digu. Konektatuko dugu: sortuko du karpeta eta hodeian duguna ekarriko du.

 

8. Zim oharrak.

Produktibitateari begira inportantea da ohar koaderno on bat edukitzea, hala nola Zim Wiki. Koaderno bat sortuko dugu edo dugun batekin sinkronizatuko dugu. Gure oharrak erabili ohi dugun ordenagailuetan sinkronizatuta edukitzeko, koadernoa Nextcloud karpetan egon behar du. Aplikazioak > Bulegoa > Zim Wiki...


 Eskatzen digu koadernoaren izena eta gordeko dugun karpeta. Sinkronizatu nahi badugu karpeta Nextcloud karpeta barruan sortuko dugu.

 

Zazpi urrats hauekin funtsezko aplikazioak konfiguratuta, eta behar den kasuetan, sinkronizatuta edukiko dugu. 

Pertsonalizazio hauek egiteko, lehen aipatu bezala, garrantzitsua da ordenagailua erregularki erabiliko duten pertsonek bere erabiltzaile propioa edukitzea, eta ez etxe askotan ohikoa den bezala denak erabiltzaile berarekin funtzionatzea. Etxean inportantea bada lantegi eta elkarteetan zeresanik ez.

Denbora bat ematen du baina aldea handia da. 

2025/02/21

Nola ikusi Linux ordenagailuko filmak, audioak, argazkiak eta beste Smart TV batean

Telebista adimentsuetan (Smart TV)  aukera dago sare lokal berean partekatutako fitxategiak ikusteko. Telebista wifira konektatuta behar du baina ordenagailuak wifi bidez zein kablez konektatu daitezke.

Bi metodo daude sare lokalean karpetak partekatzeko: Samba (SMB) eta NFS.

Argazkiak eta musika atzitzeko telebistan VLC aplikazio ezaguna erabiliko dugu,  argazkiak eta PDF fitxategietarako X-plore.


Modu horretan aski dugu ikusi nahi ditugun bideoak eta filmak karpeta batean kokatu eta entzun nahi musika eta ikusi nahi ditugun argazkien karpetak partekatu, kable edo USB memoriarik erabili gabe.

Ikus dezagun nola:

ORDENAGAILUETAN

Esan bezala, Samba edo NFS aplikazioak erabiltzen ahal ditugu fitxategiak partekatzeko, biek funtzionatzen dute:

SAMBAren bidez

1. Samba aplikazioa instalatuta eduki behar dugu. Konprobatu:

sudo apt update

sudo apt install samba

2. print$ izeneko karpeta sortu behar dugu multimediak partekatzeko:

mkdir ~/print$ 

3. Sambaren konfigurazioa editatu behar dugu:

 sudo xed /etc/samba/smb.conf

Xed-en ordez nano edo beste testu editorea erabili dezakezu. Behin fitxategia irekita joan bukaerara eta itsatsi testu hau:

[print$]
path = /home/[zure_erabiltzailea]/print$
writable = yes
browsable = yes
create mask = 0777
directory mask = 0777
public = yes

 Non [zure-erabiltzailea]-ren ordez zure erabiltzaile izena jarri behar duzun. Gorde eta irten.

4. Berrabiarazi Samba:

sudo systemctl restart smbd

5. Samba erabiltzailea konfiguratu:

sudo smbpasswd -a [zure_erabiltzailea]

Sartu zure pasahitza.

6. Su-hezi edo firewall bat erabiltzen baduzu, esate baterako UFW, Samba baimendu:

 sudo ufw allow samba

 

NFS bidez

1. Karpetak partekatzeko NFS zerbitzua erabiltzeko nfs kernel server instalatu behar dugu:  

sudo apt install nfs-kernel-server

2. Ondoren zehaztuko dugu zein karpeta(k) partekatu, adibide gisa /home/erabiltzailea/Argazkiak karpeta erabiliko dugu. Karpeta partekatzeko /etc/exports fitxategia editatu behar dugu:  

sudo xed /etc/exports (xed aplikazioaren ordez nano edo bestelako testu planoko editorea erabili daiteke). 

Behin fitxategia irekita beheko aldera joko dugu eta bertan idatziko dugu karpetaren bide-izena, partekatutako karpeta irekiko duen gailuaren ip-a -edo * sare osoko gailuekin partekatzeko- eta partekatze baimenak:  

/home/erabiltzailea/Argazkiak/*(rw,all_squash,insecure)

Horrela egingo dugu partekatu nahi dugun beste karpetekin (Argazkiak ordez bere izena jarrita. Ondoren gorde eta itxi egingo dugu.

 

Behin modu batera edo bestera karpetak partekatuta 


TELEBISTA ADIMENTSUAN (smart TVn):

 

A.  FILMAK, BIDEOAK ETA MUSIKARAKO VLC aplikazioa instalatuko dugu:

1. Egiaztatu telebistak wifia konektatuta duela.

2. VLC instalatzeko goiko menuan:  Aplikazioak > Bilatu > VLC

3. Abiarazi VLC. Ezarpenetan hizkuntza euskara jar dezakezu.

4. Ezkerreko panelean fitxategi motak agertzen dira eta eskuinekoan tokiak. Eskuinera joan. Bideo pistak, audioak, erreprodukzio zerrendak, historiala, unitateak... agertzen dira. 

Jaitsi unitateetara. Bertan sare lokala aukeratu.

Hor Samba edo NFS bidez partekatu dugun sare lokaleko ordenagailua agertzen da. Hautatu filmak edo musika  partekatzen duena: Print$, Argakiak, Musika, Filmak edo dena delakoa

Ordenagailuko erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatuko dizu. Eman eta esan gogoratzeko.

Aukeratu nahi duzuna bideo zein audioa, erreproduzitzeko. Filmak euskarazko audioa edo azpitituluak baditu (azpitituluak.eus webgunetik partekatutako karpetara deskargatu eta filmaren izena jarri .srt luzapena mantenduta) urrutiko agintean SUBT sakatu eta aukeratu ahal izango dugu audioa zein azpitituluak.

 

B. ARGAZKIAK, MUSIKA, PDF fitxategiak ikusteko.

1. X-plore aplikazioa instalatuko dugu telebistan.

2. X-plore aplikazioa ireki eta ezkerreko panelean Almacenamiento interno compartido aukeratu eta eskuineko panelean LAN > Añadir servidor > Escanear servidor

Bilatu eta topatuko du partekatzen duen ordenagailua eta partekatzen dituen karpetak:


Hortik aurrera sartu eta argazkiak, musika, PDF eta bideoak ikusi ahal izango duzu.


2025/02/20

Firefox motela Linuxen. Nola konpondu

 Badira aste batzuk Linuxen Firefox abiatzean lehenengo web orriak minutu baten inguru behar izaten zutela abiatzeko. Behin horiek kargatuta ohiko abiaduran funtzionatzen zuen.


 Sarean bilaka arituta hainbat soluzio proposamen irakurri ditut eta honekin asmatu dut: Firefox berrinstalatzea.

Horretarako kontsola ireki (Ctrl+Alt+T) eta agindu hau eman:

sudo reinstall firefox

 Eta arazoa konpondu da. Antza cachearekin lotutako arazoa da. Ez dut azalpen argirik ikusi baina arazoa konpontzen da. Pentsatzen dut tarteka egin beharko dela.

2025/02/18

Eguneraketa baten ondoren pantaila beltza

 2025eko lehen asteetako eguneraketa baten ondorioz Luberri Linux sistema duten hainbat ekipo erabiltzailea eta pasahitza sartu ondoren pantaila erabat beltza geratzen da. Seguru aski eguneraketa ez delako ondo burutu.

 

Nola konpondu


Sakatu Ctrl + Alt + F1 (edo F2) terminala zabaltzeko. 
Administratzailearen saioan bazaude hurrenez hurren hiru agindu hauek exekutatu

sudo apt update
sudo apt upgrade
sudo apt autoremove
 
eta kitto.
 
Administratzailearen saioa ez bada terminalean idatzi: 
su administratzailearen-izena
pasahitza eskatuko dizu eta, ondoren, aurreko aginduak exekutatu. 


Eskerrik asko Mikel Francori

 

2025/01/16

PhET simulazio interaktiboak HTLM5 formatuan

 Sorpresa atsegina izan da ikustea Colorado Boulderreko Unibertsitateko baliabide irekiko proiektuak orain bere simulazio interaktiboak egiteko flash multimedia sistema zaharra utzi eta HTLM5 sistemara pasa dituela bere simulazio gehienak -baten bat Javan segitzen du-. Horri esker zientzia eta matematika simulazioak, erabilgarriagoak izateaz gain, era errazagoan erabili eta euskaratu daitezke.

 Simulazioek arlo hauetako hainbat gai jorratzen dituzte:

  • Fisika (mugimendua, soinua eta uhinak, lana, energia eta indarra, beroa eta tenperatura, fenomeno kuantikoak, argia eta erradiazioa, elektrizitatea, magnetismoa eta zirkuituak.
  • Kimika
  • Biologia
  • Lurra eta espazioa
  • Matematika

Badira jarduerak Lehen Hezkuntzan hasi eta Unibertsitate maila artera eta erraz iragazi daitezke, gaiaz gain mailaz ere eta diseinu unibertsalaren erabileraren arabera ere.

PhET simulazioak erabiltzeko modurik errazena bere web orriaren bidez da:

https://phet.colorado.edu/eu/ 

Simulazioetatik 160 baino gehiago euskaraz daude eta zure interesekoren bat ez badago aukera dago erraz euskaratzeko.

 Benetako laborategiaren osagarri interesgarria da, are gehiago kontuan izanda esperimentu batzuk arriskutsuak edo gauzatu ezinak izan daitezkeela.

Balioa eransten duten baliabide digitalen adibide bikaina.

 

2024/12/31

BMAX Y13PRO Y14 13,3 hazbeteko eramangarrian Luberri probatzen

 Urteak dira Linux sistema eragilean gailu eta osagai gehienek arazorik gabe -eta kontrolatzailerik instalatu gabe- funtzionatzen dutela. Hala ere, ordenagailua erostean arazorik gabe instalatu ahal izango den sistema eta bere gailuaren osagai guztiak -wifia, soinua, bluetooth-a, touchpad edo ukipen-panela- ondo funtzionatuko duten kontrolatzailerik instalatu gabe.

Horregatik dokumentatu nahi dut nire esperientzia gailu honekin: 

BMAX Y13PRO Y14  13,3 


 Ezaugarri nagusiak:

  • Tamaina 13,3 hazbete (307.5mm*208mm*15mm)
  • Pantailaren bereizmena FHD 1920 x 1080. 10 puntuko ukipen-pantaila 360ºkoa
  • Teklatu qwerty AEB eta pegatina beltza espainiarrak.
  • Prozesadorea Intel Celeron N100. 4 nukleo (1.8GHz, turbo 3.4GHz)
  • 16 GB RAM DDR5
  •  SSD diskoa 512 GB
  • Txartel grafikoa Intel UHD 
  • Gorputz metalikoa
  • Atakak 2 USB-C, audio,  mikro SD txartela-irakurgailua, azpiko aldean M.2 erretena disko bat gehitzeko.
  • Prezio orientagarria: 248€

 

Oharrak eta iruzkinak

  • Luberri Linux sistema instalatuta osagai guztiak: soinua, wifia, pantaila, bluetooth-a, ukipen panela zein pantaila behar bezala funtzionatzen dute.
  • Teklatu metal kolorekoa izanik teklatu espainiarreko pegatina beltzen ordez errotulagailuz markatu diot ñ eta gainerakoak. Salgai daude itxura metalikoko pegatinak baina argiztapena neurri batean galtzen da.
  • Teklen azpiko argiztapena Fn+F2 sakatuta jartzen da martxan eta bi potentzia ditu.
  • Ukipen-panela edo touchpada esku bakarraz erabiltzekoa da, ez dauka ezker eta eskuineko botoia, bakarra baizik. 
    • Klik bikoitzarekin elementua hautatu,  panela sakatuta zona hautatu, 
    • bi hatzetako klikarekin elementua edo hautapenaren menua zabaldu eta sakatuta mugitu. 
    • Klik hirukoitza paragrafoa hautatu. 
    • Bi hatzak desplazatuta pantaila korritu eta irudietan eskuin-ezker handiagotu-txikiagotu
    • Atximurtze mugimenduak zooma egiten du eta zenbaitetan biraketa ere badabil. 
    • Ezarpenetan ukipen-panelaren abiadura azkartu dut.
  • Ukipen-pantailaren keinuak probatu behar dira aplikazio bakoitzean. Komeni da goiko panela handitzea aplikazioen zerrenda hatzez errazago hautatzeko.
  • Xournal++ aplikazio egokia da eskuzko
    oharrak eta eskemak egiteko. Pantaila konfiguratu behar da idatzi eta marraztu ahal izateko. Editatu»Hobespenak»Ukipen-pantaila» Gaitu ukimenaren bidez marraztea.
  • Pantailako teklatu gisa Onboard erabili daiteke
  • Pantailaren biraketa: denda eta tabletarako sistemaren azpilaren Pantaila izeneko trepetaren bidez egin daiteke. 

 

Azpiko bideoan ikus daiteke pantailaren biraketaren inguruko azalpen batzuk:

 

 


2024/12/28

Nola konfiguratu grub kontsolatik

 Grub bootloader edo abio kargatzaile erabiliena da Linux ingurunetan. Haren bidez konfigura daiteke abio duala duten ordenagailuetan, alegia sistema eragile bat baino gehiago duten ordenagailuetan, zein sistemarekin abiatu, zein den sistema lehenetsia eta zenbat denbora pasa behar den lehenetsitako sistema abiatu arte ez badugu Sartu tekla sakatzen.

Parametro horiek konfigura daitezke bitara: aplikazio baten bidez, hala nola Grub-Customizer, edo kontsolaren bidez. Bata zein bestea kontuz erabili behar dira, ezagutzen ez ditugun parametroak aldatu gabe.

Debian, Ubuntun oinarritutako Linux distribuzioetan kontsola bidez konfiguratzeko 


1.  GRUB konfigurazio-fitxategia editatu

  1. Fitxategia editatu: Editatu GRUBen konfigurazio-fitxategia nahi duzun editorearekin (adibidez, nano, xed...).

    sudo nano /etc/default/grub
    
  2. Parametro nagusiak aldatu:

    • GRUB_TIMEOUT: GRUB menuak abioan zenbat segundo itxaron behar duen.
      GRUB_TIMEOUT=10
      
    • GRUB_DEFAULT: Zein sistema aukeratuko den lehenetsitako gisa (zenbakiz adierazten da, lehen sistema 0 izanik).
      GRUB_DEFAULT=0
      
    • GRUB_CMDLINE_LINUX: Kernelari gehitu nahi dizkiozun parametroak.
      GRUB_CMDLINE_LINUX="quiet splash"
      
  3. Aldaketak gorde eta irten.


2. GRUB konfigurazioa eguneratu

Editatutako aldaketak aplikatzeko, komando hau exekutatu:

sudo update-grub

Honek berriro sortuko du /boot/grub/grub.cfg fitxategia.


3. Sistema berrabiarazi

Aldaketak ikusteko, berrabiarazi sistema:

sudo reboot


2024/12/19

OSS Documents Scanner, dokumentuak eskaneatzeko aplikazioa

 Mugikorraren bidez dokumentuak eskaneatzea oso eragiketa interesgarria da: fakturak eta bestelako agiriak gordetzeko edota letra oso txikia duten etiketak irakurri ahal izateko.

Horretarako oso zabalduta dagoen aplikazioa CamScanner da baina orain badugu OSS Dokuments Scaner, arinagoa, azkarragoa, sinpleagoa, librea, propagandarik gabe eta euskaraz.

Ezaugarriak:

  • Egin daiteke dokumentuaren argazkia edo lehendik egindako argazki bat inportatu.
  • Automatikoki detektatzen ditu dokumentuaren ertzak (eskuz ere egin daiteke).
  • Dokumentu bat hainbat orri baditu argazkiak multzoka egin daitezke eta orri guztiak dokumentu bakarrean gordeko ditu.
  • Dokumentua irudi gisa gorde daiteke edo PDF formatura esportatu, eta partekatu norbaitekin edo nor bere buruarekin ordenagailura pasatzeko.
  • Argazki efektuak ditu. Dokumentuetan manten daiteke jatorrizko kolorea edo zuri-beltzera pasatzea argiago irakurtzeko.
  • Dokumentutik OCR bidez testua erauz dezakegu. Horretarako euskararenaz gain beste hiztegi batzuk deskarga daitezke. Testu hori erabili dezakegu dokumentu bat editatzeko.
  • Eskaneatutako dokumentuak liburutegi batean erakusten ditu.

 

Instalazioa:

Oraindik ez dago F-droid errepositorioan baina Androiderako bertsioa IzzyOnDroid webgunetik apk fitxategia deskargatu dezakegu eta klikatuta instalatu. Androiderako eta IOSerako instalatzaileak Github-etik ere deskarga daitezke.

 

Euskaraz hitz egiten duten beste aplikazioak kontsulta dezakezu Librezaleren AndroidEuskaraz web orritik.


2024/11/14

2024-25 ikasturteko egutegia

 Berandu bada ere  hona hemen 2024-2025 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orriaren formatuan:



Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke itxura honekin:


 eta hurrengoetan hilabetez hilabetekoak zuen aurreikuspenen zain horrelako tankeran:


 

2024/11/11

Lokjo.com Organic Maps aplikazioaren osagarri interesgarria

 Organic Maps aplikazioaren gainean hainbat mezu idatzi ditut, tartean Umap webguneaz, nola markatu interesguneak ordenagailuan eta Organic Maps-era esportatu. Bada gaur beste osagarri bat ekarriko dut, Lokjo.com webgunea zeinak Organic Mapsek duen hutsune bat: mapatik ortoargazkira eta alderantziz.

Orto-argazkia eta mapa

  Lokjo.com OpenStreetMaps jatorriko mapa arin eskaintzen du eta beste oinarrizko tresnak ditu:

  • bilaketa
  • bideak markatu, autoz, bizikletaz, oinez...
  • komertzio eta interesgune moten kokapena
  • ...
     

Mugikorrean Organic Maps aplikazioaren ondoan abiarazle bat jar dakioke HTTP Shortcuts aplikazio librea (+ Browser Shorcut) edo antzeko baten bidez.

 



2024/10/01

24ko urria-azaroan digitalizazio ikastaroak

Oiartzo aldeko  Talaios kooperatibak, Torrekua elkarteak eta Don Bosco ikastetxeak zortzina orduko zortzi doako ikastaro presentzial eskaintzen dituzte lantzeko konpetentzia digitala eremu profesionalean.

Taula honetan gaiak, egunak, ordutegiak eta bestelako informazioa:



Informazio gehiago eta emateko 943510450 telefonoa edota esteka honetan.

2024/09/02

Luberri_24 sistema eragilearen bertsio berria prest deskargatzeko

 

Luberri 24 berritasunak

Ikasturtearen hasierarekin batera Luberrik bertsio berria aurkezten du: Luberri 24.

Luberri 24

Ezaugarri orokorrak

Bertsio hau LTS bertsioa da, alegia mantenu luzekoa, bost urtekoa hain zuzen. Beraz, bertsio honek 2029 arte sistemaren eta aplikazioen eguneraketak izango ditu eta aplikazio berriak instalatu ahal izango dira.

Azken bertsioen antzera, Linux Mint Cinnamonen gainean eraikita dago (LM 22 Wilma) eta hau Ubuntu 24.04ren gainean.

Aurrekoak bezala hezkuntzari begira egina dago: helburua da, behin ikastetxean instalatuta, aplikazio gehiago instalatu behar ez izatea. Horretaz gain, aplikazio gehienek ez dute Internet behar erabili ahal izateko, hartara ikastetxeen wifia ez da betetzen eta etxean Internet ez duten ikasleek lan gehienak egiten ahal dute.

Aplikazio guztiz gehienak euskaraz daude. Izan ere, Luberrik dituen aplikazioetako asko propio euskaratu ditugu.

Luberriren aplikazioek Apt sistemaren bidez instalatuta daude, Flatpack, Snap eta Appimage sistemak saihestuta, hartara sistema leku gutxi betetzen du, memoria gutxi behar du, arin funtzionatzen du eta eguneraketak erraz eta azkar egiten ahal dira. Edozein modutan, beste instalazio modu hauek erabili daitezke Luberrin.

Berritasunak

  • Izena da lehenengo berritasuna: Luberri 24. Aurreko bertsioen izenen numerazioa urteak eta hilabeteak osatzen zituzten, Ubunturen bertsioari erreferentzia eginez. Luberriren kasuan hilabeteak ez du esanahi berezirik, horregatik hemendik aurrera LTS bertsioen numerazioek urtea izango dute erreferentzia bakarra. LTS bertsioak bi urtean behin ateratzen ditugunez, hurrengoa Luberri 26 izango da. Tartean 24 bertsioak eguneraketak izango ditu, gutxi gora behera urtean bitan: 24.1, 24.2 eta abar.
  • Aplikazioei dagokienez Veyon da nobedade nagusia. Veyon ikastetxean funtzionatzen duen gelako kontrolerako tresna da. Irakasleak ikasleen ordenagailuen pantailak ikusi, berea edo ikasle batena erakutsi, ikasleena blokeatu, itzali eta abar. Ikastetxerako konfigura daiteke irakasleek euren taldeak ikus ditzaten. Mezu honen ondoren argitaratuko dugu beste bat azalduz nola konfiguratu daiteke ikastetxeko sareko erabiltzaileak eta taldeak erabiliz. Une honetako bertsioa ingelesez ikusten da baina hurrengoa euskaraz egongo da. Etxerako desinstalatu daiteke (sudo apt purge veyon).Veyon pantaila-argazkia
  • Beste berritasun bat Web-aplikazioak dira. Web-aplikazioak Interneteko laster-markak dira. Firefoxekin irekitzen dira baina Firefoxen barrak ikusi gabe aplikazio arrunten itxura hartzen dute. Orain arte, konexio eskasak direla eta, ez ditugu erabili baina, ikusita konexioa geroz eta hobeak direla, erabaki dugu instalatutako aplikazioen bidez lortu ezin diren funtzio batzuk Internet bidez erabiltzea. Estreinako aplikazioak hauek dira: Berria Ikasgela, Molview molekulen editorea -Kalziumena ez duelako funtzionatzen- eta Zigotebody anatomiarako.
  • MolView
  • TurboWarp instalatu dugu Scratch 3 lineatik kanpo erabili ahal izateko Scratch Desktopen ordez, bere izenak adierazten duenez, azkarrago dabilelako.
  • eXelearning gehien bat irakasleek unitate didaktikoak editatzeko (edukiak eta jarduerak). Moodlekin bateragarria da.
  • Linux Mint 22rekin kernel berria dago (6.8) eta aplikazio gehienak eguneratu dira. Berritasun gisa, Luberri 24ren eguneraketek Kernel berriagoak erabiliko dituzte (orain arte LTS bertsioek bere kernela mantentzen zuten).
  • Chromium Luberritik kanpo geratu da, besteak beste, euskaraz ez dagoelako. Gogoan izan

Deskargatu ISO irudia eta USB batean instalatu haren bidez probatzeko eta, dena badabil eta gustuko baduzu, instalatzeko.

2024/08/10

Calibre nola ikusi ondo menua edo tresna barra

 Hau da instalatu berria Calibre -liburu digitalak kudeatzeko aplikazioak- duen itxura:


Itxura horrek arazo bat dauka: menuan hamaika elementu ikusten dira eta, berez, hamalau dira. Hau da, hiru elementu ezkutuan geratzen dira eskuin aldean ikonoen azpiko testuaren luzeragatik.

Nola konpondu? 

  1. Hobespenetara jo behar dugu baina, hain zuzen, hobespenak pantailatik kanpo geratzen dira. Ikusi ahal izateko trukotxo bat erabili behar dugu: Alt tekla + eskuin klika sakatuta leihoa herrestan eraman ezkerrera pantailaren muga gaindituta (hori da Alt teklaren zeregina) harik eta ezkutuan dauden menuko hiru elementuak agerian geratu arte. 
  2. Orain agerian dugula, sakatu Hobespenak > Interfazea > Begiratu eta ukitu atalean Use two lines for the text under the icons (need restart) aktibatu. Horrek menuko ikonoen azpiko testuak bi lerrotan banatzen ditu, hartara menuko ikono guztiak ikusiko ditugu. Aplikatu eta berrabiarazi Calibre.

    Berrabiarazita maximizatuko dugu leihoa eta menuko elementu guztiak ikusiko ditugu.

2024/07/26

UMAP: nola sortu mapa bat ordenagailuan eta mugikorrean ikusi

Hiri edo leku bat bisitatu nahi baduzu etxean zaudela mapa batean interes-guneak eta bideak markatzen ahal dituzu. 

Horretarako webgunea interesgarria da UMAPOpenstreetmap-en zerbitzu bat da eta laster agertuko da guztiz euskaraz. Etxeko ordenagailuaren erosotasunean bidaia prestatu eta, bertan zaudela mapa eta bere datuak ikusten ahal dituzu eta Organic Mapsen bidez, esate baterako, nabigatu.

1- Mapa sortu

  • UMAP webgunera joan
  • Erregistratu. Ez da ezinbestekoa baina komeni da mapen zerrenda izan eta editatu ahal izateko.
  • Mapa sortzeko esan eta goian ezkerrean (untitled mapa dion tokian edo a-n) izena eman mapari. Ezkerreko panela ikusteko aukerak erakusten ditu eta eskuinekoak editatzekoak.
  • Interesatzen zaigun gune osoa pantailan dugunean erdigunea eta zoom maila zehaztuko dugu (e), aukeratzen ahal dugu argien iruditzen zaigun mapa mota -mendirako, hirirako...- (d) eta markatu behar dugun interes-guneak sailkatzen ahal ditugu geruza desberdinak definitzen (c) kultura, aisia eta markagailuentzat kolore eta ikurrak hautatu.
  • Mapa batzuen artean egiteko (f) definitzen ahal dira editoreak. Baita beste batek egindako mapa baten datuak inportatu eta gero guretzat osatu.
  • Behin maparen ezaugarriak zehaztuta, puntuak (g), bideak (h) edo poligonoak (i) kokatuko ditugu. Kokatzean izena, markatzailearen forma, kolore, ikurra, oharrak -URL-ak itsasten ahal dira-
  • Tarteka, eta batez ere bukaeran goiko panelean gordetzeko esan (save)

 2- Mapa erakutsi eta mugikorrean ikusi.

  • Lagun bati gure mapa erakusteko partekatzeko ikurra sakatu eta URL, luzea edo laburra, kopiatu eta bidali (ad. Telegram bidez). Laguna editorea izendatu badugu mapa osatu ahal izango du.Gure buruari bidaltzen badiogu mugikorrean esteka klikatuta mapa ikusiko dugu eta paneleko gurutzea klikatuta esango digu non gauden -zonan bagaude eta kokapena aktibatuta-. 
  • Markatzaileak eta bideak Organic Maps-en
    Maparen datuak deskargatzeko aukerak
    Partekatzeko botoian klikatuta beste aukera interesgarria dugu: maparen datuak deskargatu. Nik proba egin dut mugikorrean bertan GPX formatuan deskargatu eta Organik Maps-en ireki (kategoria!). Organik maps-eko gogokoetan datu guztiak biltzen ditu karpeta batean.

 

 Adibidea: Soriako iparraldea

Maparen esteka ordenagailuan edo mugikorrean ikusteko: http://u.osmfr.org/m/1097881/

 

See full screen

3. Maparen datuak deskargatu mugikorreko aplikazio batean ikusteko

Maparen ezkerraldeko menuan partekatzeko ikonoan sartu eta bost formatutan deskargatzeko aukera dago: geojson, gpx, kml, csv eta umap. Mapa deskargatzen denean geruza guztietako elementu guztiak (puntuak, bideak eta poligonoak).

  • Organic Maps-en edo Oruxmaps-en ikusi nahi badugu gpx formatuan esportatu, mugikorrera bidali -Telegram bidez esate baterako-, bertan klikatu eta OruxMaps-ekin ireki.
  • Organic Maps-en beste aukera bat dago: karpeta baten gpx, kml eta kmz guztiak ireki nahi badituzu markatzaileen ikurra sakatu eta zerrendaren bukaeran, urdinez agertzen den Laster-markak eta ibilbideak inportatu sakatu, ondoren joan fitxategiak dauden karpetara eta Hautatu.

2024/07/13

Nola kontsultatu Euskal Herriko taberna eta ostatu euskaldunen gida mugikorrean Organic Maps-en bidez

 Edu Zabala Garagartzak(1) iaz ezagutzera eman zuen Google Mymaps-en eginda Euskal Herriko taberna eta ostatu euskaldunen mapa.

Mapa horretatik (menua > Deskargatu KML eginda) edo azpiko estekatik markatzaileak mugikorrean deskargatu: 

Euskal Herriko taberna, ostatu euskaldunen gida.kml

 eta OrganicMaps(2) aplikazioaren bidez ireki dezakezu eta zauden tokiko inguruko ostatu euskaldunak ikusi.

Ziburu eta Donibane Lohitzuneko ostatu euskaldunak 

 

 

Maitenia taberna Ziburun

Mapan sakatuta markatzaile berriak gehitzen ahal dituzu edo ezabatu.

 


Beheko izarra klikatuta agertzen dira markatzaileen karpetak, tartean tabernena. Ikono zurian klikatuta markagailuak ezkutatzen dira. Karpeta berrizendatu daiteke eta esporta daiteke kmz edo gpx formatuan.

Oharrak:

(1) Zerrendan ostatuak gehitzeko edo ezabatzeko zein bestelako proposamenak egiteko eduzabala02@gmail.com Eduri idazten ahal diozu.

(2) Oraindik instalatuta ez badaukazu Android sisteman aplikazio libreak instaltzeko F-droid aplikazioaren bidez instala dezakezu, edo bestelako instalazioak eta iPhonerako ere esteka honetan.

(3) Ordenagailuan kontsultatzeko esteka hau erabili dezakezu: labur.eus/EuskalTabernak

(4) Beste mezuak Organic Maps-i buruz

(5) Google MyMaps-en mapak badituzu kmz formatuan esportatzen ahal dituzu banaka Organic Maps-era.


 

2024/06/27

Nextcloud: arazoa pasahitza aldatzean

 Nextcloud Desktop bezeroarekin arazo bat izan dut eta komentatuko dut zein eta nola konpondu.

Nire Nextcloud hornitzaileak mezu bat bidali dit esanez pasahitza iraungitzekotan zegoela eta komeni zela aldatzea. Aldatu dut eta hortik aurrera Nextcloud Desktop sinkronizazioetan huts egiten hasi da enkriptatzeko gakoa ez zelako baliozkoa.


Arazoa konpontzeko saioa hasteko pasahitz berria ezarri behar izan dut enkriptatze gako gisa. Nola:

1- Sistemaren azpilean Nextcloud Desktop ikonoan (gorriztatuta eta X batekin) eskuin klik egin eta itxi aplikazioa.

2- Nextcloud-eko webguneko Fitxategiak ataleko tresna-barraren ezkerreko muturrean dagoen erabiltzailearen ikonoan klik egin. Bertako menuan Ezarpenak hautatu.

Ezarpenetan gaudela, ezkerreko menuan klik egin Segurtasuna elementuan eta goitik behera korritu Oinarrizko zifratze-modulua ataleraino. Bertan, azpiko irudian ez bezala, Nextcloud-en sartzeko pasahitz zaharra eta pasahitz berria zehazteko koadroa agertuko da. Bete eta onartzeko esan. 

Eguneratzen... agertuko da. Laga minutu pare bat eta ireki Nextcloud Desktop. Ikonoa berde OK jarriko da.

Nonbait arazoaren arrazoia da Nextcloud-en sartzeko pasahitza erabiltzen duela edukiak enkriptatzeko eta desenkriptatzeko baina enkriptatze giltza edo pasahitza ez duela automatikoki eguneratzen saioa hasteko pasahitza aldatzean.



2024/06/21

Organic Maps aplikazioaren bideratzaileak orain kale eta errepideen izenak ahoskatzen ditu

Organic Maps aplikazioak 2024/6/19ko bertsiotik aurrera bere nabigatzailean kale eta errepideen izenak iragartzen ditu.

 

 Lehengoan komentatu nuen nola ezar daitekeen mugikorraren TTSa besteak beste Organic Mapsen nabigatzaileak euskaraz hitz egin dezan. Azken bertsioaren aukeretan ezar daiteke nabigatzeko argibideetan kale eta errepideen izenak iragartzea, hartara nabigatzaileak hartu behar duzun kale edo bidearen izena adieraziko du.


Gustukoa ez baduzu desaktiba daiteke.

Organic Maps instalatzeko eta eguneratzeko F-Droid aplikaziotik edo bere webgunetik egin dezakezu.