2011/12/17

Atzo Scratch Txopirekin


Atzo Donostian ospatu ziren Slun11 jardunaldietan Pablo Garaizarrek Scratch tailerra eman zuen, ondo eman ere.

Byzanz bidez egindako atzipena

Scratch inguru multimedia batean programatzeko aplikazioa da. Ume eta gaztetxoentzat pentsatuta dago baina helduak jolasteko -eta programazioa ikasteko- primerakoa da. Lengoaiez programatu beharrean puzzle moduan estekatzen diren fitxen bidez programatzen da. Hainbat fitxa mota dago: mugimendu, itxura, soinua, arkatza, kontrola, sentsoreak, eragiketak eta aldagaiak. 

Goiko arrainaren gidoia


Eszenak eta jolasak programa daitezke, bai eta tramankuluak mugitu Lego Wedo, Arduino edo PicoBoarden bidez.

Scratch Linux, Mac eta Windowsen dabil. Instalatzeko bere web orrira joan behar da, aplikazioa jaitsi eta instalatu. Bertan informazio gehiago eta bideo-tutorialak topa ditzakegu.

2011/12/16

Gaur Blender WiliRoarekin

Gaur Donostian ospatu diren Slun11 -Software librea unibertsitatean- jardunaldietan Guillermo Roak... esatera nihoan Blender irakatsi digula baina, tira, ordu t'erdian Blenderren burua sartzen irakatsi digu. Gaurko saiorako animazio eder bat prestatu du non Blenderren hainbat funtzionalitate ikusten den.


Blender - SLUN11 from WillyRoa on Vimeo.

Bideo hau eta Blenderrez egindako irudi eta animazio gehiago Willy Roaren blogean: bad3di.blogspot.com

2011/12/14

Linux: Out of Range pantaila

Linux duten ekipoen abioa Grub pantailarekin hasten da -instalatutako sistemen artean aukeratzeko erabiltzen dena-; bada zenbait ekipotan Grub pantaila ez da ikusten, haren ordez pantaila beltza agertzen da honako errore mezuarekin: Out of Range. Behin Linuxen sartzen denean arazoa desagertzen da baina arazoa da Grub ikusten ez badugu ezin dugula beste sisteman edo aukerak baliatu.

Kontua da, nik ezagutu ditudan kasuetan bederen, delako Grub pantaila hori 600x480 pixelen bereizmena duela eta hainbat txartel grafikok ezin dute pantaila handietan bereizmen hori erakutsi. Hortik errore mezua.

Egoera horretan bazaude hona nola konpon daiteken:

Lehenik eta behin Grub Customizer instalatuko dugu, terminalean hiru agindu hauek itsatsiz eta exekutatuz:

sudo add-apt-repository ppa:danielrichter2007/grub-customizer
sudo apt-get update
sudo apt-get install grub-customizer

Programa abiaraziko dugu Sistema > Administrazioa > Grub Customizer.
Hirugarren fitxan, alegia Itxuraren ezarpenak izenekoan bereizmen pertsonalizatua erabiliko dugu eta 640x480 ren ordez bereizmen altuago bat jarriko dugu hala nola 800x600 edo 1024x780.



Gorde. Aplikazioa itxi. Berrabiarazi. Eta egizu irribarre.

2011/12/10

2012 egutegia

2011 azkenetan dago eta 2012an pentsatzen hasi behar dugu.
Hemen duzu 2012ko egutegi zuria kalkulu orria formatuan. Egutegi hau egokia da, besteak beste, inprimatu eta oharrak idazteko; inprimatu aurretik jaiak, urtebetetzeak eta egun bereziak marka ditzakezu.


Lehenengo orrian urte osoko ikuspegia dago:


eta azpian agertzen diren fitxetan urteko 12 hilabeteak:


Fitxategia ods formatuan dago. Irekitzeko LibreOffice edo OpenOffice behar duzu.

2011/12/08

Mahaigaineko inkestaren emaitza

Lehenik eta behin eskerrik asko inkesta bete duzuen hamaika lagunei. Hamaika ez hizkuntz figura moduan baizik eta 11.
Hemen duzue ematza:

Laginak ez du ematen konklusio handirik ateratzeko. Argi ikusten dudan gauza bakarra da jendeak Linux eskaintzen duen askatasunaz baliatzen dela eta kolore guztietako interfazeak eta mahaigainak erabiltzen direla; susmoa dut Canonicalek
Unity atera zuenetik inoiz baino gehiago.

Zer iruditzen zaizu?

2011/12/04

Nola instalatu LibreOffice-ren gaztelerako hiztegia LinuxenibreOfficen



Gehigarrien gaia oraindik berde samar dago LibreOfficen eta ez toki ofizialean oso material gutxi dago. Esate baterako gaztelerako (gaztelania espainol) hiztegirik ez dut bertan topatu.

Bilatzailean kontsulta egin ondoren funtzionatzen dute bi aukera topatu ditut:

Lehenengoa aplikatzeko ekipoko administratzailea izan behar duzu. Hala bada terminal bat ireki eta honako hau itsatsi:

sudo apt-get install myspell-es
Bigarrena. Administratzailea ez bazara beste aukera hau erabil dezakezu:
  1. Gaztelerako gehigarria jaitsi: http://extensions.services.openoffice.org/en/project/Spanish
  2. LibreOfficen egin Tresnak > Hedapenen kudeatzailea > Gehitu eta Deskargak karpetara joan es_ES.oxt hautatzeko.
  3. Itxi eta ireki LibreOffice. Kito.
OHARRAK
  • Bata zein beste erabiliz gero baliteke ekipoa berrabiarazi behar izatea zuzentzailea martxan jartzeko.
  • LibreOfficen euskara lehenetsita izango duzu, beraz, testua -edo testu zati bat- espainolez badago berau hautatu behar duzu eta status barran -beheko barran- euskara jartzen duen tokian klikatu eta Gaztelania edo Gehiago... klikatu eta Gaztelania hautatu beharko duzu espainol zuzentzailea ibil dadin.
  • Gaztelera zuzentzailea status barran

  • LibreOffice 4 bertsioan, 2013ko irailan bederen, soilik lehenengo metodoak balio du.

2011/12/03

Torrent bila



Entzuna nuen Google-k torrent terminoaren bidez egindako bilaketak zentsuratu behar zituela Pirate Bay eta antzeko tokiak bilaketa zerrendatik kenduta eta gaur bilaketa bat egitean harrituta geratu naiz Google-n ez baita torrentak jaisteko toki bakar bat ere ageri. Bing-ekin saiatu eta gauza bera. Bilatzaileen zerrenda, ordea, luzea da eta http://es.altavista.com/ bilatzaileak ez du zentsurarik aplikatzen.

Gustukoak badituzu bertsio originalak euskarazko azpititulurekin hona konbinazio on bat.
  1. Azpitituluak.com orrian bilatu gustuko pelikula, azpitituluak jaitsi eta deskonprimitu.
  2. Begiratu azpititulu horiek filmaren zein bertsioarekin diren bateragarriak, bertsioa kopiatu eta http://es.altavista.com/ bilatzailean torrent hitza idatzi eta ondoren itsatsi kopiatutako bertsioaren izena.
  3. Torrent zerbitzari egoki bat ireki eta download torrent egin. Ubuntun filma jaisteko Transmission aplikazioa proposatzen du, onartu. Beste Linux edo beste sistema baduzu aplikazio egokia hautatu beharko duzu.
  4. Behin filma jaitsita bi aukera daude, azpitituluen fitxategiari, srt luzapena duenari, filmaren izen bera jarri -srt luzapena mantenduta- eta horrela erreproduzigailuak -VLC, Totem... edo DVD erreproduzigailuak-  filma euskarazko azpititulurekin erreproduzituko du. Beste aukera bat da azpitituluak itsastea filmari eta horretarako Linuxen Arista Transcoder oso egokia da.

Altavista bilatzailea Firefoxen bilaketa motorretan gehitu nahi baduzu bertatik egin dezakezu.

2011/11/30

Linuxen mahaigaineko interfazeen afera

Azken hilabeteetan Linuxen munduan agertu diren mahaigaineko interfaze berriek eztabaida bizia sortu dute erabiltzaileen artean. Blog honen irakurleen artean ere odola bor-bor jarri zaigu gaia aipatzean. Ez dadila odolik isuri. Inkesta honen bidez ikusiko dugu zein den gogokoena. Marka ezazu zure gogokoena eta ondoren klika Submit botoian.
Bozka egiteko epea gaur hasi eta gaur zortzi -abenduaren 7an- bukatuko da.


2011/11/29

Gnome 2.x eta KDE mahaigaineko gogokoenak

MuyLinux-ek egindako inkestaren emaitza
MuyLinux blogak egindako inkesta baten berri eman du. 2500 irakurlek erantzun diote "zein da zure Linux mahaigaineko gogokoena?" galderari eta emaitzek argi eta garbi hitz egiten dute Gnome 2.x eta KDE mahaiganekoen alde eta nabarmena da Unity-ren emaitza kaskarra. Ubuntu kudeatzen duen Canonical enpresari oso denbora gutxi geratzen zaio erabiltzaileen eskaerei erantzuteko LTS izango den hurrengo bertsioan.
Blog horretan bertan distroen artean Ubunturen arraskasta jaisten ari dela kontatu digute pasa den astean.

2011/11/23

Frantziako gobernuak beste pausu bat eman du sofware librea administrazioan sartzen



Frantziako gobernuak administrazioak erabiliko duen software librearen mantenuaz arduratzeko  esleipen publikoa argiratu du. Kontratuak hiru urteko iraupena izango du eta bi miloi euro inguruko diru kopurua suposatzen du.
Kontratuak 22 ministerio eta erakundetan aplikatuko da eta barnean hartzen du Linuxen distribuzioak (Debian eta CentOS), bulego-aplikazioak (OpenOffice) eta eta abar, denetara hamar arloko softwarea.

Ez da Frantziako gobernuak ematen duen lehenengo urratsa norabide horretan,  2004an 1500 zerbitzari migratu baitzituen Windows-etik Linux Mandrakera, Gendarmeriak 1912rako 70.000 ekipo Linuxen izango ditu eta Asanblea Nazionalean ere 1200 lanpostu Ubuntun ari dira.


Iturria: LeMondeInformatique

2011/11/15

Google Reader-en espazioa nola kudeatu

Google Reader espazio zuriak txikituta eta titulua-barra kendu ondoren


Duela aste batzuk Google-k Greader-en itxura berritu zuen. Greader edo Google Reader RSS, jario edo harpidetzak irakurtzeko web orria da. Aldaketa horretan espazio zuriak handiek pantaila jaten dute, batez ere notbook eta tabletetan. Ikus dezagun nola konpondu arazo hori Firefoxen:

Google Reader Absolutely Customizable script-a bat instalatu behar da. Delako script-a instalatu ahal izateko aldez aurretik GreaseMonkey gehigarria instalatu behar dugu. Firefox berrabiaraziko dugu. Ondoren aipatu script-aren orrira joan eta install botoia klikatuko dugu. Berriro ere berrabiaraziko dugu Firefox eta GReader-en espazio zuriak dagoeneko ez dira ageriko.
Informazio area maximizatzeko ezkerreko zutabean Subscription-en eskuinean dagoen ikonoa klikatuko dugu eta zerrendaren bukaerako Customize-n klikatuko dugu. Ageriko zaigun leihoan hainbat atal ezkutatzeko aukera ematen du eta gu Logo eand Search bar markatuko dugu. Nik bide batez ezkerreko albo panela pixka bat zabaltzeko probestu dut -175-etik 200 pixelera-.



Horrekin askoz toki gehiago izango dugu informazioa irakurtzeko. Aipatutako scripta Chrmoium-Chromen ere funtzionatzen omen du -zuzenean, Grease Monkey gabe-.

EGUNERATZEA 2011/11/21ean
Gaur jakin dut Google-k jarri berri duela aukera espazio zuriak txikitzeko Google Reader-en ezarpenetan. Horretarako GReader-en ezkerraldeko goiko partean agertzen den gurpil horzdunean klik eginez sartuko gara ezarpenetan eta bertan Confortable modutik Compact modura pasako gara. Dena den logoa eta bilaketa barra kentzeko eta alboko panelaren zabalera kontrolatzeko segitu behar dugu egiten goiko mezuan azaltzen den moduan.

2011/11/14

Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak


Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordearen eskutik eta EIMA programaren barruan Jose Ramon Etxebarria koordinatu duen taldeak Zientzia eta Teknika alorretako "unibertsitatera iritsi arteko irakaskuntzako testugintzan ageri diren zenbait arazo espezifikori buruzko aholku-gomendioak biltzen dituen liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Gomendio hauek irakasleentzat ez ezik alor hauen inguruan idazten edo lan egiten duen ororentzat dira interesgarri. Batetik atal orokorrak jorratzen ditu, hala nola sinboloak, zenbakiak eta laburdurak, eta beste aldetik zenbait alor zehatzen arazoak: fisika, matematika, kimika, biologia eta informatika.

Kontsulta liburua da dudarik gabe baina erraz asko eman daiteke aren gaineko begirada orokorra. Paperezko liburua salgai dago eta  pdf formatuan hemendik jaitsi daiteke.

Informatikari dagokionean gomendioen artean bik nabarmenduko ditut -betetzen ez nituelako jakina-. Lehenengoa neurrien gainekoa: kilo edo mila adierazten duen k hain zuzen minuskulaz idazten dela, kb, kB -kilobit eta kilobyte- eta haren gainekoak -mega, giga, tera eta abar- maiuskulaz. Bigarrena ingelesen antzera ahoskatzen ohi dugun hainbat izenen gainekoa, hala nola Google eta Apple; izan ere "l"-z ahoskatzeko ohitura dugu baina idazterakoan irizpide fonetikoaren ordez ortotipografikoa aplikatu behar  da eta deklinatzean Google-k, Google-ren, Apple-k, Apple-rentzat... idatzi behar da.
Esamoldeen aldetik neurtu aditzaren erabilerari gomendioak nabarmenduko nituzke: "Leirek irudia neurtu du eta 800 pixel zabal da "tankerakoak egokiak dira eta ez "irudiak 800 pixel neurtzen ditu" modukoak.

Eskerrik asko parte hartu duten guztiei, batez ere, nabaritzen ez den arren, irakasle izan ditudan Jose Ramon Etxebarria eta Juankar Hernandez-i.