2011/09/28

Audio Recorder: grabatu mikrofonotik edo soinu txartelatik Ubuntun


(Eguneratua  2019/4/30ean)

Ubunturekin batera instalatzen zen Soinu-grabatzailea (gnome-sound-recorder) aspaldi honetan ez du funtzionatzen. Izan ere, Ubuntu 16.04tik kendu dute.

Bestetik aplikazio horrekin mikrofonoaren soinua bakarrik  graba zitekeen, baina nola grabatu pelikula baten audio zati bat, bideo konferentzia bat, entzuten ari garen irrati emisio bat edo edozein audio?

Lehengo batean arazo honi irtenbide bat bilatu nion eta mezu honetan azaldu nuen. Gaurkoan ordea, errazago eta erabilgarriagoa den soluzio bat topatu diot: Audio Recorder aplikazioa.


Ezaugarriak:

nire ustez interesgarriena da aukera ematen duela hautatzeko grabazio iturria, eta bertan mikrofono eta bertan Internal Audio Analog Stereo, alegia soinu txartelaren soinua. Horretaz gain mikrofonoa, webcam, Rhythmbox, Skype...
Automatikoki has daiteke grabatzen ordu zehatz batean edo soinua hastean eta gelditu hainbat denbora pasata edo isiltasuna egiten denean.
Onartzen dituen formatuak: ogg, flac, mp3, mp2, spx eta wav.
Automatikoki gordetzen du karpeta nagusiko Audio karpetan. Gordetzeko tokia alda daiteke Addicional settings atalean.

Ubuntun instalatzeko bere PPA edo biltegi propioa aktibatu behar dugu. Terminal batean hurrenez hurren exekuta ezazu:

sudo add-apt-repository ppa:audio-recorder/ppa
sudo apt-get update
sudo apt-get install audio-recorder

Aipatu formatu guztiak erabili ahal izateko komeni da egiaztatzea plugin hauek instalatuta dituzula (terminalean itsatsita):





2011/09/27

LibreOfficerako sinonimoen tresna



UZEIk plugin bat sortu du LibreOffice 3 eta OpenOffice 3n sinonimoak kontsultatu eta erabiltzeko.

Linuxerako bi bertsio daude deskargatzeko 32 bitekoa eta 64 bitekoa. Deskargatu ondoren fitxategien kokalekura joan  eta klik bikoitza egin, aukerak agertzean LibreOffice edo OpenOfficekin irekitzeko esan; gehigarriaren instalazioa onartu eta bukatzean aplikazioa itxi eta ireki berriro. Oneiric-en aurrekoetan arazorik ez baina Ubuntu 11.10 eta 12.04 bertsioetan ez dut lortu instalatzea.

Albistean sakondu nahi baduzu Sustatura jo. Windowserako bertsioa edo Word-ena nahi baduzu hemendik deskarga dezakezu.

Oharra
LibreOffice 4 bertsioan ez dabil.

2011/09/24

Zenbat pixel? Zer kolorekoak? Screen Ruler eta Gcolor2

Kaptura Byzazn aplikazioarekin egina.


Linuxen bi tresna txiki aurkeztu nahi dizut.

Screen Ruler

Nola neurtu pantailako objetu baten luze-zabalera pixeletan.Aplikazio honek leiho, zutabe, ikono, irudi edo ordenagailuko pantaila beraren  neurria hartzen lagunduko dizun erregela da. Eskuineko izkinan hobespenak aldatzeko botoia duzu; bertan klika eginez erregela zutitu edo etzan, eta neurria pixeletatik, zentimetro, hazbete, pika, puntu edo ehunekora pasatzeko aukera duzu.

Instalatzeko Ubunturen software-biltegitik egin dezakezu edo terminalean hau exekutatuz:

sudo apt-get install screenruler

Gcolor2

Aplikazio honen bidez pantailako edozein pixelaren koloreari buruzko informazioa ematen dizu, besteak beste kolorearen osagaiak RGB -gorri, berde, urdin- sisteman eta kolorearen izena (sistema hamaseitarrekoa). Irudi bat editatzen ari bazara eta pantailako edozein pixelaren kolorea erabili nahi baduzu egin klik aukeragailuan -picker- eta hauta ezazu gogoko pixela, kopia ezazu kolorearen izena -color name- eta itsatsi koloreztatzeko tresnan. Programa batzuk badute (Gimp, Pinta..) beste batzuk ordea ez (Inkscape, Libreoffice Draw...).

Instalatzeko Ubunturen software-biltegitik egin dezakezu edo terminalean hau exekutatuz:


sudo apt-get install gcolor2


Eskerrak garatzaileei: Ian  Mcintosh eta Justin Spadea.

2011/09/22

Nola aldatu audio baten erreprodukzio abiadura VLC aplikazioan



VLC software libreko multimedia erreproduzigailu ezaguna da. Asko erabiltzen da bideo eta DVDak erreproduzitzeko, batez ere formatu eta codec guztiak menpean hartzen dituelako.

Audioak erreproduzitzeko interesgarria da ere; izan ere, play list edo erreprodukzio zerrenda gestionatzeaz gain erreprodukzioa kontrolatzeko hainbat tresna ere eskaintzen ditu. Gaur ikusiko dugu nola alda daitekeen erreprodukzio-abiadura.

Zertarako azkartu edo moteldu erreprodukzioa? Demagun instrumentu bat jotzen duzula eta diskoarekin batera jo nahi duzula baina oraindik ez duzula pieza menperatzen eta ihes egiten dizu; edo atzerriko hizkuntza ikasteko audioa aditzen ari zara baina zure burmuinaren prozesamendu abiadura indigenen hizketa abiadura baino txikiagoa dela.

VLC erreprodukzio abiadura kontrolatzeko aukera ematen dizu. Lehenik eta fitxategian eskuin klik egin, "ireki honekin" klikatu eta VLC media player hautatu. Erreproduzitzen hasita moteltzeko -edo azkartzeko- hiru modu daude:


a-  + eta -  tekla zapalduta azkartu eta motelduko da erreprodukzioa proportzio hauetan :  ...0.33, 0.50, 0.67, 1, 1.50, 2.00... (1 erreprodukzio abiadura arrunta dela).

b- Menuan Irakurketa atalean dugu abiadura azkartu eta moteltzeko aukera. Azkarrago eta azkarrago aurreko puntuan aipatutako jauziak egiten ditu, "zehatza" esaten duena 0,10 puntuko aldaketak egiten ditu, txikiagoak alegia.

c- Egoera barraren eskuinean, bolumenaren ezkerrean agertzen den zenbakia erreprodukzio abiadura erakusten du. Bertan klik eginez gero abiadura aldatzeko barratxo bat agertzen da. Egoera barra ikusgai jartzeko menuan Ikuspegia > Egoera barra.



VLC instalatu behar baduzu jakizu hiru sistema nagusietarako bertsioak dituela. Ubuntun Software-biltegitik instala daiteke. Euskarako bertsioa badago ere uste dut oraindik ez dagoela biltegi ofizialean; Ubuntun euskara daiteke honela.

2011/09/19

LibreOficce-k gehigarri eta txantiloien biltegia sortu du

Gehigarriak (edo hedapenak) aplikazioen kapazitatea zabaltzen duten programatxoak dira. Ohituak ginen gehigarrien bidez nabigatzailea tuneatzen; Thunderbird ere gehigarri interesgarriak eskaintzen ditu. Orain LibreOffice gehigarriak era zentralizatu batean eskaintzeko orria sortu du: Extensions Center.
Bestetik txantiloi-biltegia ere sortu dute: Template Center. Txantiloiak osatzeko idazki egitura aurrefabrikatuak dira.

Bien egitura eta bilaketa tresnak txukunak eta ondo egituratuak ematen dute, baina horixe da, oraingoz, dena zeren eta euren edukia oraindik urria da (9 gehigarri eta 33 txantiloi).

Gehigarrien artean batek tilin egin dit: Gallery of dangers sings, galerian arrisku seinaletika oso bat txertatzen duena. Instalatzeko hemendik jaitsi, gorde eta gero LibreOfficen egin Tresnak > Hedapenak > Gehitu... bilatu eta ireki jaitsitako fitxategia eta gero erabiltzeko... begira azpiko animazioari.


Oso interesgarria iruditu zait, batez ere lantokietako arrisku-prebentzioan ardura dutenentzat.

2011/09/15

Frantziako gobernuak gardentasuna eta formatu libreen erabilera sustatuko omen du



Frantziako Aurrekontu, Kontu Publiko eta Estatuko Erreformaren ministro eta gobernuko bozeramaleak datu publikoen zabaltzeaz eta data.gouv.fr atariaren sortzeaz dokumentu bat aurkeztu du.

Dokumentu horren arabera interneten erabilerak bultzatu du datu publikoen zabaltzea, datu hauek libreki eta dohainik berrerabili ahal izateko. Zabaltze horrek zerbitzuaren kalitatea handitzeaz gain erabiltzaileek instituzioetan duten konfiantza indartzen du. Horretaz gain zabaltze horrek onura ekonomikoak ekarriko omen du berrikuntza eta enplegua sustatuko baitu.

Dokumentu honen bidez gobernuak administrazio osoa gonbidatzen du datu publikoak zabaltzen data.gouv.fr plataformaren bidez, horretarako formatu libre eta irekiak erabiltzen.


Jatorrizko informazioa:  http://www.gouvernement.fr/gouvernement/la-mise-a-disposition-des-donnees-publiques

Aurkezpenak.net zure aurkezpenak igotzeko tokia

Mikoleta euskara elkarteak eta Bitarlan zerbitzu enpresak Aurkezpenak.net webgunea plazaratu dute. Web-zerbitzu hau Slideshare.com-ekin lotua dago eta aurkezpenak igotzeko eta zabaltzeko aukera ematen du. Odp, ppt, pdf... formatuko aurkezpenak igotzeko erregistratu behar da, aurkezpenak ikusi eta deskargatzeko ez.


  1. Ikusi
  2. Postaz bidali, estekatu...
  3. Pantaila osoan ikusi
  4. Kaptsulatu zure web orria edo blogean.
  5. Erregistratu eta saioa hasi (aurkezpenak igotzeko).
  6. Aurkezpenak atalka.
  7. Aurkezpenaz etiketen arabera.

Oso itxura oneko zerbitzua euskarazko aurkezpenak ipintzeko eta bilatzeko.

2011/09/14

Nola ikusi bideoak Gthumb aplikazioan

Gthumb irudiak ikusteko eta haien gainean edizio txikiak egiteko aplikazioa da. Ubuntuk lehenesten duen irudi-gestorea Shotwell da orain, lehen F-Spot.


Nire gogokoa Gthumb da besteak beste ez zaituelako behartzen irudiak katalogatzen eta irudiaz gain bideoak ere ikus daitezkeelako eta nik argazkien artean bideotxoak tartekatzen ditut sarritan. Frogatu nahi baduzu Ubuntun software-biltegitik instala dezakezu. Irudien ikustaile moduan lehenesteko irudi fitxategietan (jpeg, png, gif...) egin ireki honekin eta Gthumb markatu.

Kontua da bideoak ikusteko VLC instalatu nuenean Ubunturen film-erreproduzitzaile lehenetsia -Totem- desinstalatu nuela eta ordutik Gthumb-ek ez zituen bideoak erakusten. Gthumb-ekin bideoak ikusi ahal izateko hiru gauza behar dira:
- Totem instalatua.
- Bideoak erreproduzitzeko scripta aktibatuta. Gthumb-en Editatu > Hobespenak > Hedapenak

- Beheko aldeko erakutsi dialogoan Pertsonalizatu jarri eta irekitzen den koadroan markatu behar da fitxategi denak edo, gutxienez, Multimedia fitxategiak.

Horrela argazkien artean dauden bideoak ikusi ahal izango dituzu.


2011/09/09

Gora Jaizkibel

Jaizkibel konpainiak beste behin egin dio aurre tradizionalismo matxistak jarritako oztopoei aldarrikatuz emakumeek, lanean eta ikasketetan bezala, jaietan parte hartzeko gizonen haina eskubide izan behar dutela.

Gora zuek!

2011/09/03

Nola irakurri eta berrerabili Microsoft Access aplikazioarekin egindako MDB datu base baten datuak Linux sisteman

Lehenik eta behin azaltzea ez dudala modurik ikusi inportatzeko Accessen .mdb base bat LibreOffice edo OpenOfficera Linuxen. Windowsen bertsioek inportazioa, mugekin bada ere, egin dezakete baina Linuxen ez. Beraz, aritu naiz bilatzen .mdb fitxategi baten taulen datuak, datu-baseak eskaintzen dituen hainbat aukera galduta bada ere, nola berrerabili.

1. urratsa: mdb fitxategiaren datuak ikusi eta testu formatuan esportatu.
Horretarako MDB Viewer aplikazioa erabiliko dugu. Ubuntun instalatzeko software-biltegitik egin dezakezu. Behin instalatuta .mdb fitxategia irekiko dugu. Datu basea osatzen dute elementuak ikusi ahal izango ditugu: taulak, kontsultak, formularioak, txostenak, makroak eta moduluak.

Behin irekita data-basearen taulak ikusiko ditugu.
Taula bat hautatuta ezkerreko botoiekin posible dugu ikusi haren eremuen ezaugarriak eta datuak baina, erne, datuok berrerabiltzeko testu moduan esportatu behar ditugu eta azpiko taulako ezaugarriak galduko dituzte.

Taulen esportazioari ekingo diogu. Taula bakoitzeko fitxategi bat sortuko du. Karpeta eta izena zehaztu behar dugu. Izenean .txt luzapena jartzea komeni da.

 

2. urratsa: Libreofficekin sortutako taulak inportatu.



LibreOffice abiatuko dugu (instalatuta ez badago Ubuntun software-biltegitik eskura dezakezu). Araka ezazu esportatu dituzun .txt fitxategien karpeta, ireki eta datu-baseari izen bat jarri. Une batean datu base erregistratzea eskainiko digu eta baietz esango diogu. Karpeta horretan dauden .txt fitxategiak datu-basearen taulak bihurtuko ditu, hori bai, taulen arteko harremanik ez dago, taula horien eremu guztiak character edo testu eremuak dira eta ezin dira erregistro gehiago erantsi. Muga horien barnean datu-basea erabili daiteke kontsultak, formularioak eta txostenak egiteko.

Muga horiek ikusita aukera bat da interesatzen zaizkigun taulekin kalkulu orriak egitea. Orri horiek, datu-pilotoa dutela datu-base bera baino erabilgarriagoak izan daitezke. Taulatik abiatuta kalkulu-orria datu-pilotodunak egiteko horrela joak dezakegu:
  1. kalkulu orri berri bat ireki.
  2. Datuak > Datu-pilotua > Hasi > LibreOfficen erregistratutako datu-iturburua > Datu-base atalean sortu berri duzun datu-basea hauta; Datu-iturburuan kalkulu orria bihurtu nahi duzun taula aukeratu eta Mota atalean Orria hauta. Hurrengo leihoan kalkulu orrirako interesatzen zaizkizun eremuak ezkerreko zutabera eraman interesatzen zaizun ordenan. Ados


Sortzen den kalkulu orria datu-pilotuak ditu, alegia, errenkadetan iragazkiak aplikatzen ahal ditugu.

Datu-pilotuaren bidez datuak iragazten ahal ditugu. Adibidean herri herri edo auzo batzuetakoak iragazten ahal ditugu, jangelara doazenak eta abar.