2022/07/28

Nola sortu estekak mahaigainean

 Mahaigaina garbiaren zalea naiz baina aitortu behar dut, denbora faltagatik edo, web orriren bat edo dokumenturen bat aztertzea geroko utzi nahi badugu ordenagailuko mahaigainean estekatzea interesgarria izan daitekeela.

Ikus dezagun nola egin daiteke hori Linux Mint-en eta, suposatzen dut, beste mahai inguruetan ere bai:

Interneteko web orri baten esteka mahaigainean usteko ...

modu bat izan daiteke, nabigatzailea pantailaren ezker aldera doitu (Super*+→) eta nabigatzailearen URL barran giltzarrapoa sakatu eta mahaigainean jaregin. Horrela sortuko du Estekatu hona: web orriaren izena duen esteka bat.

*Windows tekla ere esaten zaio

 

Dokumentu bat mahaigainean estekatzeko...

estekatu diot eta ez gorde. Ez naiz ari irakurri eta ezabatzeko dokumentu batez ari bere tokian gorde baina irakurtzeko dagoela adierazteko mahaigainean estekatzeko. Mint-en fitxategi-arakatzailea den Nemo aplikazioan dokumentuak estekatzeko aukera ezkutuan dago -gutxi erabiltzen denaren seinale- eta hura agerian jartzeko Nemo arakatzailearen hobespenetan sartu behar dugu: Editatu > Hobespenak > Laster-markak eta fitxa horretan Sortu esteka aktibatu:

Aktibatuta dauden elementuak dokumentu batean eskuin klik egitean irekitzen den laster-menuan ageriko dira. Hartara, dagokion tokian gordeta dagoen dokumentu bat mahaigainean estekatzeko, behin aurreko lana egina, egin behar duguna da dokumentuan eskuin klik egin, ondoren Sortu esteka, sortu duen esteka ebaki eta mahaigainean itsatsi.

Gezia duten ikonoek esteka adierazten dute. Behin irakurrita, esteka ezabatzen ahal dugu dokumentua galdu gabe.


2022/07/12

Moodle 4.0 probagai Moodlecloud.com web orrian

 Aurtengo apiriletik 4.0 da Moodlen bertsio egonkorra eta EAEko Hezkuntza Sailak -tamalez- datorren 22/23 ikasturtean inplementatuko ez duela eman arren, probatu nahi baduzu Moodlecloud.com doako 45 eguneko probaldia eskaintzen dizu.

4.0 bertsio honek interfazean aldaketa handiak ekarri ditu, erabilgarritasuna nabarmen hobetuta. Ikusi berritasun nagusiak.

Orain, esate baterako menuaz gain blokeak ere tolesgarriak dira.


 

 Aipagarria, besteak beste, BigBlueButton plugin izatetik barne osagaia izatera pasa dela eta bera garatzen duen enpresak oinarrizko zerbitzua eskaintzen duela. Atentzioa eman dit, esate baterako, bilera-gela bat diseinatzean zer aukerak ematen dituen:



2022/06/15

2022-23 ikasturterako egutegia

 Lineako egutegiak gero eta gehiago erabiltzen badira ere LibreOffice Calcen egindako egutegi honek aukera ematen dizu digitalki oharrak idazteko eta, inprimatuz gero, arkatz bidez osatzeko. Ikastetxeko egutegi ofiziala editatu daiteke eta gero pantaila-kaptura eginda irudia web orrian edo dena delakoan jarri.

Deskarga

Egutegi honek lehenengo orrian ikasturte osoko ikuspegia eskaintzen du.



Eta hurrengoetan hilabetez hilabetekoa.


 

EAEko jaiegun ofizialak jarri ditut baina erraz aldatu daitezke.


2022/06/09

Datuetatik jakindurira

 Handik eta hemendik kontsultatu ondoren eskematxo hau prestatu dut:

Zer hobetu duenez Canva.com bidez editatzeko hemen dago (erregistratu behar da, euskaraz jar daiteke).

Irakasleen lan bat da laguntzea ikasleei prozedurak ikasten informazio baliagarria bilatu, bahetu, balidatu, aztertu, ulertu, erlazionatu, eskematizatu, sintetizatu, sailkatu... hau da, ezagutza bihurtzen eta, ondoren, behar den unean eta moduan aplikatzen. 

Bide horretan lagungarri izan daitezke hainbat tresna digital: online hiztegiak, pdf oharrak, eskemak egiteko aplikazioak... zein analogikoak eta, noski, komunikazioa berdinen artean, irakaslearekin, adituekin...


2022/06/01

Firefox 101 bertsioak bideokonferentzietan mikrofonoa hautatzeko aukera gehitu du

 Firefox mezu honen datan 101 bertsioa kaleratu du eta bideo-konferentzietan aurrerapena egin du, besteak beste, hemendik aurrera nabigatzailearen bidez egiten diren bideokonferentzietan zein mikro erabili hautatzeko aukera dago.

in Wikimedia Commons

 Sarritan web kamerek eta eramangarriek mikrofono integratuta dute baina erabiltzaileak, kalitatea hobetzearren, mikroa duten entzungailuak edo haririk gabeko mikroa erabili nahi ditu. 

Orain arte Firefoxek mikrofono bakarra hautematen zuen eta ez zegoen aldatzeko aukera baina bertsio berrian mikrofonoa hautatzeko aukera gehitu du.

Ona hemen nola agertzen den aukera hori hainbat bideokonferentzietan:

  • Bigbluebutton

 

  • Jitsi Meet

 

  • Google Meet

 

  • Teams


2022/05/15

2022/5/16ko ilargi-eklipsearen simulazioa

 2022ko maiatzaren 16an 4:25etan ilargi-eklipsea ikusi ahal izango da Euskal Herritik. 

Hona hemen software libreko Stellarium aplikazioak irudikatu eta Peek aplikazioaren bidez gif animatua bihurtutako sekuentzia.

Animazioan prozesua bizkortuta dago.Lurraren itzalak 4:30etan hasiko da ilargia estaltzen eta 5:30etan estaliko du guztiz. Ilargia itzalean eta gorriz tindatua egongo da. 6:50etan itzala pasa eta ilargia argitzen hasiko da, 7:50etan erabat oso, bete eta argi ikusi arte, nahiz ordurako eguzkia esna egongo den eta agian ez dugu azpiko animazioan bezain argi ikusiko.



Simulazioa argigarria izan arren errealitatea kitzikagarriagoa da. Iratzargailua jarri, aulki tolesgarria hartu eta argi kutsadura gutxiko toki bat bilatu ikuskizuna gozatzeko.