urrutiko hezkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
urrutiko hezkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/07/06

Teaching with Moodle ikastaroa

Moodle-en lehenengo pausuak, edo errepasoa, eman nahi baduzu eta, bide batez, ingelesa pixka bat ikasi, edo errepasatu, Moodle berak eskaintzen duen "Teaching with Moodle", Irakatsi Moodle-en bidez ikastaroa interesatzen zaizu.

MOOC (Masive Open Online Course) honen ezaugarri nagusiak hauek dira:
Hasiera: Abuztuaren 9an.
Iraupena: Lau aste. Hiruzpalau ordu asteko.
Maila: oinarrizkoa
Prezioa: doakoa
Matrikula:  https://learn.moodle.net/

Eskema orokorra.

Lehenengo astean:
  • Ikastaroen ezarpenak.
  • Blokeekin lanean.
  • Dokumentuak eskaintzen.
Bigarren astean:
  • Materialak, irudiak eta multimediak erakutsi.
  • Elkarlanean ikasten.
Hirugarren astean:
  • Ebaluaziorako galdetegiak.
  • Kalifikazio-liburua.
  • Matrikulazioa.
Laugarren astean:
  • Tresna aurreratuak.
  • Ikastaroa gordetzen eta berrerabiltzen.
 Ez dakizula ikastaroaren testuak ulertuko duzula, ba instala ezazu Quick Translator for Firefox eta, txarrenean, ezin baduzu aurrera egin ikastaroarekin uztazu lasai, konpromisorik ez duzu. Hori da MOOC-en ezaugarri interesgarri bat.




2015/04/16

Moodle: zuzenketak bidalitako zereginetan

Moodle plataformak 2.7 bertsioan aldaketa interesgarria dakar. Irakasleak jarritako zeregin batean oharrak eta zuzenketak ikasleak bidalitako zereginean bertan egin ditzake: testua nabarmendu, marratu, azpimarratu, eta koloreak erabilita oharrak ikaslearen testuan bertan sar ditzake.

Horretarako irakasleak markatu behar ditu zein erantzun edo feedback iruzkin motak erabili ahal izango ditu:


Ikaslearen lana jasotzean editorean ikusten du eta aukera du testua nabarmentzeko eta oharrak sartzeko. Komeni da koloreak erabiltzea.


Irakasleak zuzenketok kalifikazio-taulan ikusten ditu:


Eta ikasleak ere bai:


2015/01/25

Moodle: kohorteak erabili edo nola matrikulatu ikasleak taldeka



Ikastetxe batean Moodle plataforma era orokortuan erabiltzen bada irakasleek lan handia dute ikasleak banaka matrikulatzen. Irakasleen matrikulazio lana errazteko eta arintzeko plataformaren administratzaileak sortzen ahal ditu kohorteak.

Kohorteak gune mailako edo kategoria mailako taldeak dira eta aukera ematen diote irakasleari talde osoak matrikulatzea.

Kohorteak sortzea Moodle plataformaren administratzailearen lana da. Normalean ikastetxe batean kohortea ikas-talde baten partaideek osatuko dute. Horrela izango dugu: 1dbhA, 1dbhB, 1dbhC, 2dbhA...
Kohorteetan ikasleei alta emateko, banaka egin badaiteke ere, azkarragoa da CSV fitxategi baten bidez egitea. Mezu honetatik deskarga dezakezu kalkulu orri bat ikasleak kohorteetan antolatuta igotzeko. Hori bai, CSVa igo baino lehen kohorteak sortuak egon behar dira.
Kohortea sortzeko prozedura Moodle Docs dokumentazio-wikian azaltzen da.

Orain ikusiko dugu nola joka dezakegu ikasleak kohorteka matrikulatzeko.
Ikastaro bat sortzean edo pasa den ikasturtekoa berreskuratzean, demagun 1dbh-ko matematika, sortuko ditugu taldeak -gure kasuan A,B eta C-.
Ondoren matrikulazioari ekingo diogu Moodle Docs-en azaltzen den bezala baina kontuan hartuz ikastaroan hiru talde matrikulatuko dugula kohorte banarekin.


Irakaslearen edo administratzailearen rola dugula ikastaroko ezkerreko ezkerreko panelean klikatuko dugu:
Ikastaroaren kudeaketa > Erabiltzaileak > Matrikulazio-metodoak.







Irekiko zaigun taulan gehituko dugu kohorteak matrikulatzeko metodoa horrela:

Eta azkenik irekiko zaigun leihoan aukeratuko dugu matrikulatuko dugun kohortea eta ikastaroaren zein taldetan matrikulatu nahi dugun (horretarako aldez aurretik taldeak sortu behar dira):


Kasu honetan kohortea eta taldea izen bera dute.
Metodo hau errepikatuz irakasle bakoitzak ikasleak taldeka matrikula ditzake bere ikastaroetan.

2014/09/26

Moodle plataformara erabiltzaileak igotzeko modua (csv)

Moodle plataformak erabiltzaileak multzoan alta emateko aukera du taula fitxategi bat igota.

Erabiltzaileen datuak sartzeko kalkulu orri bat sortu behar dugu, edo ondoren azaltzen dena eredu bezala hartu. Haren eremuak honako hauek izan behar dute: username, firstname, lastname, email, password, country, city, course1, type1  eta lang.


Errazena da azpikoa deskargatzea eta bertan datuak itsastea:


Kontuan izatekoak:
username: e-posta erabiltzen ohi da. Erabiltzaileen helbideek domeinu bera badute helbidearen lehenengo partea erabili daiteke.
firstname: izena
lastname: abizenak
email: erabiltzailearen posta elektronikoa. Eremu hau bete beharrekoa da, dena den erabiltzaileak posta elektronikorik ez badu asmatzen ahal diogu bat (ad. urlia@asmatutakodomeinua.org). Opzio hau interesgarria da ikasleei posta elektronikoa eman nahi ez dieten ikastetxeentzat.
password: errez gogoratzeko bat jarri denentzat (segurtasun txikia eta erabilgarritasun handia edo changeme jarri eta behartu erabiltzaileari sartzen den lehengo aldian pasahitza aldatzen (segurtasun handia baina lana ematen du pasahitzak berrezartzen).
country:  EH jarrita Euskal Herria agertuko da.
course1 eta group1: zehaztuz gero erabiltzaileak ikastaro eta talde horretan matrikulatzen dira.
course2, group2: nahi haina ikastaro eta talde markatzen ahal dira.
cohort1: erabiltzaileen kohortea zehazten baduzu -oso gomendagarria ikasleak taldeka matrikulatzeko- kontuan izan aldez aurretik komeni dela kohorteak aldez aurretik sortzea. Kohortearen izena eta ID desberdinak badira hemen IDa jarri behar da.
lang eu jarriz gero erabiltzailearen hizkuntza lehenetsia euskara ezartzen da.

Behin datuak sartuta gordeko dugu kalkulu orria bere formatuarekin (ods, xls...) eta gorde honela egingo dugu. Formatuan csv hautatuko dugu eta, zehaztasunak galdetzen dituenean, eremu bereizlean koma utziko dugu eta testu bereizlean kakotxak kenduko ditugu .



Moodlera sartuko gara kudeatzailea den erabiltzearekin eta menuan Erabiltzaileak atalean Erabiltzaileak igo hautatuko dugu. Arakatuko dugu sortutako csv fitxategia:


eta igotzeko ezarpenak gure beharretara zehaztuko ditugu. (Pantaila kapturakoak ez dira eredu).


Kito. Erabiltzaileak igoko dira eta Moodlek haren gaineko txosten bat erakutsiko digu.

OHARRAK
  • Mezu hau (fitxategia ez) 2019/11/2an eguneratu da.
  • Kohorteen erabilera mezu honetan azaltzen da.
  • Erabiltzaileak igotzeko kasu berezi bat da gurasoena. Gurasoekin komunikatzeko ikastaro bat sor daiteke eta gurasoak taldekatu komunikazioa bideratzeko. Kasu berezi horretarako taula berezi bat prestatu dut mezu honetatik deskarga daitekeena.

2014/08/03

Linux ikastaroa online ingelesez

EdX plataformak Linux Fundazioak diseinatatako ikastaroa eskaintzen du. Ikastaroa irekia, online eta taldekoa da, MOOC (massive open online course) bat alegia.  Honek esan nahi du ez duela tutoretza pertsonalizaturik eskaintzen.



Ikastaroa ingelesez dago, testuz, bideoz, test eta ariketaz osatuta dago eta edukiak zabalak badira ere maila ez da sakona (sarrerak esaten du aski dela ordenagailue eta aplikazio arruntekin familiarizatua egotea). Sarrerak esaten du 40-60 ordu inguru behar direla ikastaroa burutzeko*.


Matrikulatzeko EdX-en web orri honetara joan eta kontuan izan ikastaroa doakoa dela Simply Audit modalitatean. Badirudi erregistratuz gero eta ohore kode bat onartuta nolabaiteko egiaztagiria eskura daitekeela baina egiaztagiri 'berifikatu' bat lortzeko ordaindu behar da.

Zure ingelez maila ona ez bada  eta Firefox erabiltzen baduzu agian komeni zaizu Quick Translator edo antzeko tresna bat erabiltzea eta kontuan izatea bideoen azpiko barrako Cc botoia sakatuta alboan laburpen idatzi bat agertzen dela.


* MOOC eredu horri freemium deritzo: "oinarrizko ikastaroa doanekoa izan arren, balio erantsiko gauzak erabiltzen dira ikastaroan dirua irabazteko: liburuak, kontsultak egiteko aukerak, ariketen zu zenketa edo bukaerako agiriak". Gorka Palazio, Teketen, in "MOOCen sasoia, etengabeko formakuntza librearen aroa" Administrazioa euskaraz IVAPeko aldizkariaren 85. alean.

2014/03/02

Master PDF Editor: editore on bat Linuxerako

Software libreko PDF editore on baten faltan Master PDF Editor aukera ematen du oharrak, nabarmentzeak eta abar egiteko.
 

Hona hemen Master PDF Editor aplikazioaren hainbat ezaugarri:
  • Laster-markak egin.
  • Testua editatu.
  • Testua txertatu, formatudun zein formatu gabea.
  • Irudiak txertatu.
  • Testua nabarmendu (atzeko plano koloreduna testua argitu gabe), gainetik marratu eta azpimarratu.
  • Ohar itsasgarriak.
  • Forma geometrikoak txertatu.
  • Irudiak PDF bihurtu eta PDF dokumentua irudi formatura esportatu.
  • Orriak txertatu, biratu, ezabatu.
  • Dokumentuak fusionatu, moztu.
  • Estekak eta bestelako ekintzak txertatu.
  • ... 
 Garrantzitsua da kontuan izatea txertatutako testua, forma geometrikoa, oharra, nabarmentzeak eta abarren ezaugarriak alda daitezkeela pantailaren eskuin aldean agertzen den Object inspector elementuan klik eginda zabaltzen den ezaugarrien panelean.


Aldiz orrien miniaturak, dokumentuaren egitura, laster-markak eta bilaketa tresna ezkerreko panel hedagarrian:

Bilaketa tresna bikaina ezkerreko panelean.

Editatu ondoren dokumentua gorde eta  PDF irakurgailuetan, hala nola Evince edo Adober Reader-en edizioak, oharrak eta abar ondo ikusten dira.

Aplikazioa QT-en egina dago eta ez da software librea baina Linuxen erabilera ez komertzialerako doakoa da. Windowsen pagokoa da behin probako 30 egun pasata.

Deskarga orriak
  • Linuxerako 5. bertsioa aplikazioaren ur-marka jartzen duena. Hemen
  • Linuxerako 4. bertsioa aplikazioaren ur-marka jartzen ez duena. Hemen
Debian, Ubuntu, Mint... familiarako .deb fitxategia deskargatu behar da. Hautatu behar da 32 edo 64 biteko bertsioa (zure ekipoa zein sistema mota duen ez badakizu begiratu Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Sistemaren monitorea > Sistema.
Behin deskargatuta klik bikoitza egin gainean eta Software-zentroa irekiko da instalazioa egiteko.

2012/09/14

Nola berrerabili Moodle ikastaro bat

Lehengoan mezu baten bidez ikastaro bat berrerabiltzeko ikasleen daturik gabeko seguritate kopia egin eta zaharren gainean berreskuratzea gomendatu nuen baina Jabi Luengok komentario baten bidez metodo argi eta errazagoa iradoki zuen: berrabiaraztea.

Hori kontuan harturik emandako ikastaro bat berriz erabiltzeko bi kasu nagusi bereiz dezakegu:

A- Ikastetxe edo plataforma berean erabiltzeko.  Lehenik eta behin administratzaile moduan edo irakasle gisa seguritate kopia egia komeni da ikasleen datu eta guzti (ikasleen frogak legez bost urtez gorde behar direla uste dut). Ezkerreko panelean Kudeaketa leihatilan dago aukera hori (eskuineko irudian).

Ondoren ikastaroa mantentzeko eta ikasleen lanak, frogak eta kalifikazioak garbitzeko Berrabiarazi egingo dugu. Hori eginda ikastaroa mantentzen da baina ikasleen daturik gabe. Ikasle zaharrak partaideen zerrendan segitzen badute zerrendatik ken ditzakegu.




B- Ikastetxez aldatzen bazara (bazaituzte) zure ikastaroa eraman beharko duzu. Horretarako egin Segurtasun-kopia egin beharko duzu baina ikasleen daturik gabe. Irudian ikusten den bezala desmarkatu behar duzu Erabiltzaileen datuak.
Seguritate kopia egin egitean ezkerreko irudian ikusten den moduan zip formatua duen fitxategi bat sortzen du. Haren gainean klik egin behar dugu eta Gorde fitxategia.
Zip fitxategi hori pasatuko diogu bigarren ikastetxeko Moodle kudeatzaileari bere plataformara inporta dezan.

2012/07/15

Nola jarri zure Jclic-jarduera bat web orrian edo blogean

Jclic Javan oinarritzen den eskolako ariketen sortzaile-ikustaile bat da. Haren bidez sor daitezke hainbat ariketa mota: kontzeptuak edo kontzeptuak eta irudiak lotzeko, puzzlea, bikote-mikoteak, testuak bete, zuzendu edo osatzekoak, letra-sopak, gurutzegramak eta abar. Sortzeaz gain, jakina, beste batzuk sortutakoak erabil daitezke; horretarako ZonaClic eta zehatzago haren jarduera-bilatzailea erabil dezakegu.

Baina demagun jarduera bat sortu eta zure web edo blogean argitaratu nahi duzula. Horretarako Jclic instalatu beharko duzu. Ubuntu edo Debian jatorriko edozein sistemarako deb-instalatzailea ireki behar duzu eta Jclic Author erabil dezakezu jarduera prestatzeko -tutorial asko dago sarean-.

Demagun proiektua bukatu duzula. Berau argitaratzeko web-orria sortu behar duzu. Horretarako Jclic Author aplikazioaren menuan egin behar duzu Tresnak > Sortu web-orria eta bertan berak proposatzen duen index izena mantendu edo alda dezakezu eta pantaila osorako edo neurri zehatz batzuk jartzen ahal dizkiozu. Horrekin web-orria ikus daiteke eta eskolako sarera kopia daiteke -bere karpeta eta ondoko fitxategiekin batera-.

Baina interneten jartzeko, zer egin behar dugu?
Lehenengo aukera da Jclic-era bidaltzea bere datu-basean sar dezaten.
Bigarren aukera gu geuk argitaratzea web edo blog batean. Horretarako web eta proiektua internetera igo behar dugu hodeiko ostatu zerbitzu baten bidez; antza denez honetarako emaitza onak ematen dituen bakarra Dropbox da. Beraz, proiektua -zip- eta web-orria -html- dituen karpeta Droboxen Public karpetara kopiatuko dugu. Ondoren html fitxategian eskuin klik egin eta Dropbox > Copy Public Link egingo dugu.


Ondoren web-orrira joango gara eta iframe hau txertatuko dugu htlm editorean:
<iframe src="https://dl.dropbox.com/etaabar.htm" width=700 height=700 frameborder='0'></iframe>
non https://dl.dropbox.com/etaabar.htm-ren ordez zuk kopiatutako linka itsatsi behar duzu. Zabalera eta altuera -width eta height- pixeletan neurtzen da eta zure blog edo web orriaren neurritara egoki ditzakezu (pantailako neurketak egiteko Screen Ruler tresna interesgarria da).

Hona nire kasuan nola geratu den loreen izenak ikasteko jarduera http://loretan.weebly.com web-orrian.


Badirudi prozedura hauxe bera erabili daitekeela Hot Potatoes-en bidez sortutako jarduerekin.

2012/02/21

Bideotik animaziora

Linuxen bada era erraz bat bideotik gif animatura pasatzeko. Zertarako? batez ere web orri batean edo aurkezpen batean bideo edo bideo zati bat irudi animatu bezala ikusi ahal izateko etengabeko sekuentzian eta flash player edo bestelako erreproduzigailurik gabe.

Bideo batetik abiatuta sortutako gif animatua


Nola egiten da?
Lehenik eta behin terminaletik kontrolatzen den Mplayer aplikazioa behar dugu. Ubuntu software biltegitik instalatuko dugu edo terminaletik:
sudo apt-get install mplayer
Behin instalatuta konbertsioari ekingo diogu agindu honen bidez (kopiatu eta termalean itsatsi saguaren gurpilean klikatuta):
mplayer BIDEOA -ss HASIERA -endpos BUKAERA -vo gif89a:fps=FOTOGRAMAK:output=IRTEERA -vf scale=ZABALERA:ALTUERA -nosound
Non:
BIDEOA konbertitu nahi dugun bideo fitxategia da.
HASIERA zein segundotik konbertitu nahi dugu:  mm:ss
BUKAERA zein segundo arte konbertitu nahi dugu  mm:ss
FOTOGRAMAK animazioak segundoko izango dituen irudiak. Gif animatuetan lau aski izan daiteke.
IRTEERA helburu-fitxategiaren izena. Deus jartzen ez baduzu zure karpeta nagusian out.giff izenarekin agertuko da.
ZABALERA eta ALTUERA animazioaren neurriak pixeletan.


Terminala erabili gabe posible da python-en egindako GUI edo komandoarentzako interfaze grafikoa jaitsi eta modu grafikoan egitea prozesua.



 Video2gif izena du eta klik eginez deskarga dezakezu euskaraz edo ingelesez. Nahi duzun karpetan gorde, bi klik egin erauzi edo deskonprimitzeko eta klik bikoitza eginez martxan jarriko da. Aplikazioa ixteak adierazten du prozesua bukatu dela. Emaitza jatorrizko bideoa dagoen karpetan agertuko da. Komeni da izena aldatu .gif luzapena jartzeko, izan ere emaitza gif animatu bat da eta Windowsen ikusi ahal izateko gif luzapena eduki behar du.

Onartzen dituen bideo-formatoak: asf, avi, bfi, caf, flv, mkv, webm, mpeg, mpg, ogg, ogv eta mp4.

Oharra
Interfaze grafikoan neurriak jartzea ez du merezi ez baitu aldatzen, bai ordea terminaleko aginduarekin.


Informazio-iturria: el atareado



2012/01/11

zygotebody.com gorputza arakatzen






Gogoratzen duzu Google Body? Google-k proiektua bertan bera utzi zuen baina agindu zuen irudien hornitzailea den Zigote-k aurrera segituko zuela proiektuarekin. Zenbait hilabete eta gero martxan dago zygotebody.com.

Bertan gizon baten eta emakume baten irudia ikus daitezke eta azaletik hasi eta barreneko muinerano: azala, giharrak, hezurdura, organoak eta, azkenik, odol, linfa eta nerbio sistemak.

Gorputzak ikusteko WebGL duten nabigatzaileak behar dira, hala nola Firefox eta Chromium-Chrome.

Gorputzatik nabigatzeko saguaren gurpilak hurbildu eta urrundu egiten du, eskuin klika sakatura biraketak eta mugimenduak eta ezkerreko barran gora eta bera eginez biluztuko dugu gorputza edo markatzaileekin zehaztuko dugu zeintzuk sistema nahi ditugu ikusgai. Nerbio, gihar, organo, hezur batean klikatuta bere izena -ingelesez- ageri da eta etiketa jar dezakegu.

Oharra. Goiko animazioa Google Body zaharrarena da, Zygote Bodyn animazioaren eskuin aldean ageri diren tresnak, momentuz behintzat, ez daude. Irudien karga lehen baino motelagoa dela iruditu zait. Dena den anatomia ikasteko balio handikoa tresna da. Eskerrik asko Zygote.





2011/08/19

Nola irakurri dokumentu luzeak portatil batean



Dokumentu luzeak ordenagailu batean irakurtzea nekagarria da, batez ere netbook edo  portatil txikia bada. Konponbide bat izan daiteke ordenagailuan dokumentuak e-bookerako formatu batean irakurtzea, hala nola epub. Zein da diferentzia nagusia? odt edo pdf paperaren forma zurruna dute, letra handiago ikusteko zoom egin behar dugu eta lerroa pantailatik kanpo ateratzen da batez ere pantaila txikietan. E-booketarako formatuan lerroak ez dira finkoak beraz letra handitzean lerroak pantailara egokitzen dira. Bestetik portatil txikietan pdf formatuko irakurtzaileek pantaila 90º biratzeko aukera ematen dute baina nabigazioa konplikatzen da. E-book irakurgailuak, FBReader kasu, letra handitu, testua biratu, orriak pasa, koloreak aldatu eta, oro har, irakurketa errazten dituzten tresnak dituzte.
Beste abantaila bat da testua leihora egokitzen dela eta hori oso ondo etortzen da aplikazio baten manuala eta aplikazio bera aldibereko bi leihoetan ikusteko.

Ezkerreko leihoan Blender, eskuinekoan Blenderri buruzko manual FBReaderrenL bertan ikus daiteke nola testua leihora egokitzen den.


Odt edo pdf dokumentu bat horrelako aplikazio batekin irakurtzeko zein urrats eman dezakegu?
Lehenik eta behin dokumentua bere formatutik odt, pdf... epub formatura pasako dugu.
Formatua odt bada posible dugu Libreoffice-Openofficerako writer2epub gehigarria erabil dezakegu. Edozein modutan Calibre aplikazioa instala dezakegu: plataforma guztietarako bertsioak ditu, bai eta portablea ere eta formatu konbertsioaz gain beste hainbat tresna eskaintzen ditu. Ubuntun software biltegitik instala dezakegu edo terminalean hau itsatsita:

Martxan jarriko dugu Aplikazioak &gt; Bulegoa &gt; Calibre. Konbertsioa egiteko:
  1. Dokumentua ireki (onartzen dituen sarrerako formatuak ODT eta PDFz gain: BZ, CBR, CBC, CHM, EPUB, FB2, HTML, HTMLZ, LIT, LRF, MOBI,  PRC, PDB, PML, RB, RTF, SNB, TCR, TXT, TXTZ)
  2. Convert individually (bakarra bada edo banaka egin nahi badugu).


Guk sortutako dokumentua bada aurkibide txukun bat edukitzeko atalen tituluei 1. izenburua, 2. izenburua estiloekin markatuko ditugu eta Calibrek aurkibide txukuna egin dezan Estruktura Detekzioa atalean azpiko irudian laranjaz markatutakoa ezabatu beharko dugu.

Gainerako zehaztasunak begiratu ondoren OK egingo dugu epub formatura konbertitzeko (beste irteerako formatuak: FB2, LIT, LRF, MOBI, HTMLZ, PDB, PML, RB, PDF, RTF, SNB, TCR, TXT, ZIP).

Calibrek berak badu aplikazio bat epub formatuko dokumentuak irakurtzeko baina egokiagoa iruditu zait FBReader aplikazioa. Windowserako bertsioa ere badu. Ubuntun software biltegitik instala dezakegu edo terminalean hau itsatsita:



Instalatu ondoren Aplikazioak &gt; Bulegoa atalean azalduko da E-book reader izenarekin. Aldez aurretik epub formatura konbertitu dugun fitxategia (edo deskargatu dugun beste edozein) netbook batean eroso irakurtzeko aurrena (1) dokumentua irekiko dugu (2) ezkerretara 90º biratuko dugu eta (3) fondo beltza eta letra zuriak jarriko ditugu.

Fondo beltza Colours fitxan:


eta letra zuria:
Styles fitxan letra-tipoa eta tamaina alda ditzakezu. Margins fitxan margenak txikitu ditzakezu.

Laster teklak
Pantaila osoa Enter,
Orria pasatzeko AvPag
Aurkibidea ikusteko C
Beste laster teklak eta ezarpenetarako laguntza orri honetan.


2010/10/31

Keymon teklatua eta sagua monitorizatzeko gehigarria

key-mon leihatila
 
Key-mon teklatuan pikatzen ditugun teklak eta saguan klikatzen ditugun botoiak eta gurpilaren mugimenduak leihotxo batean erakusten duen aplikazio txikia da. GNU/Linux sisteman dabil.

Gehigarri hau interesgarria iruditzen zait informatika irakasleontzat, esate baterako bideo-tutorialetan erabiltzeko edo klasean pantaila proiektatzen ari garela ikasleek ikusteko zer teklak eta botoiak erabiltzen ditugun.

Ctrl+f konbinazioaren erabilera bilaketa tresna irekitzeko

Frogatu nahi baduzu, hona hemen instalatzeko urratsak:

Programa jaisteko orria hau da. Ubuntu edo beste Debian erabiltzen baduzu .deb paketeak jaitsi eta ondoren klik bikoitza eginez ekin instalatzeari. Saioa berriz irekitzean programa Aplikazioak > Grafikoak atalean agertuko zaizu.


Behin key-mon leihatila irekitzen denean gainean klik egin eta herrestan eraman dezakegu nahi dugun tokira. Bestetik haren gainean eskuin klik eginez gero haren ezarpenak alda ditzakegu edo aplikazioa itxi.
Gif animatuak byzanz-appletarekin eginak daude

 Informatika irakasleontzat, ikasleek egiten duguna proiektorean ikusten badute, interesgarria izan daiteke gure saioan sartzen garen aldiro key-mon automatikoki martxan jartzea. Horretarako egin dezakegu: Sistema>Hobespenak>Abioko aplikazioak>Gehitu eta leihotxoan jarriko dugu nahi dugun izena eta komandoan key-mon. Erne, dena minuskulaz.

2010/08/25

Byzanz, Linuxerako pantaila kapturak GIF animatuetan

Bideo-tutorial txikiak egiteko tresna interesgarria da Byzanz. Muga handiak baditu ere: GIF animatuek ez dute audiorik eta nahiko astunak egiten ditu, baina erraza da, blogean erreproduzitzeko gailurik ez du behar eta azkar - irudi moduan- txertatzen da blogean.
Ubuntun PPA bidez instala daiteke terminalean hurrenez hurren hauek itsatsi eta exekutatuta:


sudo add-apt-repository ppa:fossfreedom/byzanz

sudo apt-get update
sudo apt-get install byzanz

Behin instalatuta ez da azaltzen Aplikazioetan, appleta bezala eransten da panelean Desktop Recorder izenarekin beheko GIFean ikus dezakezunez:

Bloggerrek bakarrik tamaina handian erreproduzitzen du



Ondo funtzionatzeko aurretik desaktibatu behar duzu hobespenetan efektu bisualak -grabazioa bukatzean berriz aktiba ditzakezu-.
Pantaila osoa, leiho bat edo area zehatz bat grabatu daiteke baina fitxategiak har dezakeen pisuagatik ez dut gomendatzen pantaila osoa eta grabazio luzetarako.

Gif animatuak web orrietan irudi moduan txertatzen dira.

2010/01/20

Linux: Nola partekatu karpeta bat

Hiru partekatze-kasu aipatuko ditut:
  • ekipoko beste erabiltzaileekin.
  • sare lokalekoko beste erabiltzaileekin.
  • interneteko beste erabiltzaileekin.

Partekatu ekipoanLinux oso sistema segurua da eta horrek bere prezioa du. Erabiltzaile arruntak (desktop user) ekipoko fitxategiak ikus-entzun ditzake baina soilik bere karpetan du eskubidea sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko. Administratzaileak egin dezake baina root bezala identifikatuta.
Ekipo berean hainbat erabiltzaile badago (gomendagarria aplikazioak eta interfazeak pertsonalizatzeko eta zenbait informazioaren konfidentzialtasuna gordetzeko) ikusiko dugu nola joka daiteke haien artean karpetak partekatzeko. Demagun familiakoen artean Argazkiak karpeta partekatu nahi dudala besteek argazkiak ikusteaz gain gehiago sartu ahal izateko eta daudenak aldatu edo ezabatu ahal izateko (baimenak eman eta ken daitezke). Urratsak:
  1. Karpeta sortu. Une honetan drwxr-xr-x baimenak ditu, alegia nik -jabeak- baimen guztiak ditut eta besteek bakarri ikus dezakete fitxategiak. Baimenak aldatzeko karpetan eskuin klik egin eta Baimenak atalean Besterik alorrean "Sortu eta ezabatu fitxategiak" hautatuko dugu.
  2. Karpeta jadanik balego eta materiala baleuka, material horren gainean eskubide guztiak besteei emateko karpetan gaudela Editatu > Hautatu dena> eskuin klik > Propietateak > Baimenak > Irakurri eta idatzi.
  3. Beste erabiltzaileek karpeta hori erraz ikusteko partekatu nahi dugun karpetan eskuin klik egin eta Sortu esteka klikatuko dugu. Esteka hori beste erabiltzaileen karpeta nagusietan jartzeko terminalean sudo nautilus egingo dugu, gure karpetara joan /home/erabiltzailea, bertatik ebaki (Ctrl+x) eta besteenetan itsatsi (Ctrl+v). Hartara ia ia berea balitzan jokatu ahal izango dute.
Partekatu sareanSare batean bagaude eta gure ekipoko karpeta bat partekatu nahi badugu beste ekipoetako erabiltzaileekin honela joka dezakegu:
  1.  Ubuntu 12.04 bertsioan karpeta edo fitxategi bat partekatzeko aukera ikusteko honako hau instalatu behar da (sudo apt-get install nautilus-share edo sudo apt-get install nemo-share erabiltzen duzun arakatzailearen arabera).
  2. Partekatu nahi dugun karpetan eskuin klik egin eta Partekatze-aukerak markatu. Sambaren Sharing service instalatzeko eskatuko digu. Behin instalatuta aukera dugu karpeta horri konpartitze izen bat jartzeko eta aukera emateko irakurtzeaz gain beste erabiltzaileei baimena emateko fitxategi berriak sartzeko.
  3. Karpetan dauden fitxategien gaineko baimenak kudea dezakegu, hala nola batzuk irakurtzeko soilik, beste batzuk modifikagarriak eta abar. Horretarako fitxategi hauetan eskuin klik egin > Propietateak > Baimenak > Besterenak.
  4. Beste erabiltzaileek gure karpeta ikusteko menu nagusiko Lekuak > Sarea >
    Partekatutako ekipoa > klik bikoitza egin eta partekatutako karpeta edo fitxategia ageriko dira. Nahi izanez gero esteka bat sor daiteke aurreko kasuan bezala atzipena errazteko.


Partekatu internetenHainbat era daude interneten karpetak, hona nire ustez bi modu interesgarri:
  • Dropbox. Erregistratu eta 2GBeko fitxategi-ostatua eskaintzen duen zerbitzua. Bere web-orritik edota sistemaren arakatzailetik (Nautilus, Explorer...) -instalatuz gero web ostatuarekin sinkronizatzen den karpeta lokala sortzen du-   parteka dezakegu fitxategi edo karpeta bat.  Horretarako Dropboxen karpeta lokaleko Public karpetan kokatu partekatu nahi duzun fitxategia edo karpeta, haren gainean eskuin klik egin eta Dropbox atalean Copy public link klikatu eta link hori itsatsi zure web orrian.
 
  • Google Drive, UbuntuOne, Box.com zerbitzuekin antzera jokatuko dugu. Karpeta sortu edo dagoen karpetan eskuin klik egin eta Share > Invite people eta gonbidatu nahi dugunen helbideak jarriko ditugu edo publikoa egin bere partekatzeko esteka kopiatu eta web edo blogean jarrita.

2010/01/17

Guvcview Webcam kontrolatzailea Linuxen

Webcam bat erosi dut eta, beste behin, driverra Windowserako. Puska bat googleatu ondoren ez dut fundamentuzko ezer ikusi. Ubuntu software-biltegian sartu eta frogak egiten hasi naiz: Canorama...poto, Kamoso...kale, Guvcview...bapo!

Irudiaren disdira, kontrastea, saturazioa.... audioaren ratioa, kanalak, formatua eta bideoaren ratioa, erresoluzioa, codec, formatoa... kontrola daitezke. Oso ona.


Komunikatzeko webcama erabiltzen duten programak: aMSN, kopete, ekiga , Skype 2.0 eta Empathy hainbat konturekin:
Guvcview instalatzeko: Ubuntu Karmicen Aplikazioak > Ubuntu Software Biltegia eta bertako bilaketa koadroan izena idatzi. Terminaletik instalatzeko itsatsi honako agundua:

sudo apt install guvcview



2009/01/23

ExeLearning euskaraz

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak exeLearning programa euskarara itzuli du. Froga txiki bat egin dut eta oso inpresio ona egin dit.
Aukera asko baditu ere niri html formatuan edukiak editatzeko oso tresna interesgarria iruditu zait. Ez da Moodleren mailara iristen (ez da zerbitzaria, aktibitateak flojo xamarrak dira, komunikazio tresnarik ez du), baina edukien presentazioa kategorikoa da eta multimediak txertatzea oso erraza ematen du.
Zertarako erabil dezakegu? Papererako prestatuta ditugun materialak eta aurkezpenak html formatuan ipintzeko eta horrela jendeak saretik edo internetetik kontsulta ditzan.

Zinez erreza ematen du eta oso itxurosoa da.
Aplikazioa jaisteko eta euskaraz ipintzeko instrukzioak.
Tutorial interesgarri bat (gazteleraz), bera ExeLearningen bide egina.