2021/05/24

Promethean arbelak Luberri 20.04, Ubuntu 20.04 eta antzekoetan

 Urte bete pasa da Ubuntu 20.04-k argia ikusi zuela eta Promethean arbel interaktiboak saltzen dituen enpresak oraindik ez du kontrolatzailerik plazaratu baina bere foroan Didier Severin izeneko erabiltzaile batek kontrolatzailea, arbela kalibratzeko tresna eta bertan idazteko Activinspire aplikazioak instalatzeko programa prestatu eta eskaini du.

Aplikazioen menua

Instalazio scripta probatu dut eta ongi dabil. Hona hemen bada Promethean arbelak Ubuntu 20.04n eta haren deribatuetan, tartean Luberri 20.04n, instalatzeko jarraibideak:

  1. Didierren Drivetik fitxategiak deskargatu behar ditugu. Denak batera deskargatzeko hautatu guztiak Ctrl+A eginez eta haien gainean eskuin klik egin eta Deskargatu. Tarte baten ondoren Zip fitxategia prest dagoenean gorde ordenagailuan (edo USB batean hainbat ordenagailutan erabili behar baduzu).
  2. Deskargatutako Drive-Download....zip fitxategia erauzi (deskonprimitu) propio sortutako karpeta batean.
  3. Karpeta horretara joan eta installActivBoard.sh fitxategia exekutagarria bihurtuko dugu. Horretarako haren gainean eskuin klik egin eta Propietateak > Baimenak eta bertan Baimendu fitxategia programa bezala exekutatzea markatu.
  4. Karpeta horretan bertan eskuin klik egin eta Ireki terminalean klikatu. Eta terminal horretan, administratzaile saioan gaudela, instalazio scripta exekutatuko dugu.

    sudo bash installActivBoard.sh

  5. Instalazioa bukatzean ordenagailua berrabiarazi behar dugu.
  6. Behin berrabiarazita arbela probatuko dugu kalibrazioa behar ote duen. Goiko paneleko sistemaren erretiluan ActiveBoard-en ikonoa dugu eta eskuin klik eginez kalibratu > 9 puntuko kalibrazioa erabili ahal izango dugu.
Geogebran arbelean marrazten

Oharrak:

  • Komeni da arbela erabiltzen duen irakasle bakoitzak arbela ikusteko ezarpenak bere nahierara egokitzea Sistemaren ezarpenak > Pantailak. Aukera dago monitore eta arbela osagarri ibiltzea edo biak berdina erakustea (islatu pantailak). Kontuan izan arbelak 4:3 aspektu-erlazioa duela.
  • Pantailan idazteko ActiveInspire aplikazioa erabiltzen ahal dugu edo Xournal++. Azken hau erabili ahal izateko idazteko modua konfiguratu behar da. Horretarako Xournall++en gaudela Editatu > Hobespenak > Ukipen Pantaila eta bertan Gailua hautatu eta aktibatu Enable touch drawing
  • Promethean-en kontrolatzaileak eta aplikazioak ez daude Luberri barnean. Promethean arbela erabiltzen duten ordenagailuetan erabili behar da taktila izan dadin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina