2016/04/04

2016-2017 ikasturteko egutegia

Datorren ikasturteko plangintzak egin behar badituzu agian ondo etorriko zaizu 2016-2017 ikasturteko egutegia LibreOfficeko kalkulu orrian egiteko oinarria.


Lehenengo orrian ikasturte osoa ikus daiteke:


eta hurrengoetan hilabetez hilabete zuen aurreikuspenen zain.
 
Argitaratzeko, behin moldatu ondoren, pdf formatura pasa dezakezu edo pantaila argazkiak eginda png formatura.

2016/03/31

Euskalbarren hiztegiak agerian jartzen

Firefoxen menua helbide-barraren eskuin aldera murriztea ideia ona izan zen, erabili behar dituzun aukera guztiak pertsonalizatu daitezke menu horretan. Guztiak? Ez. Euskalbarraren Hiztegiak elementua menu barrarekin batera katakonbetara joaten da. Gaur, ordea, deskubritu dut menua agerira atera daitekeela behin behinean Alt tekla sakatuta.


Eta menuarekin batera Euskalbarraren Hiztegiak-en aukera guztiak:


Menuan, Tresnak eta Laguntzaren artean Hiztegiak elementua agertzen ez bada Euskalbarren ezarpenetan markatu behar duzu Hiztegiak erakusteko.


Euskalbar gehigarria ezagutzen ez baduzu berandu zabiltza hemen klikatzen.

2016/03/23

Irakurle digitala

Aholaben ahots sintesian oinarriturik Elhuyar-ek testuak irakurtzen dituen bi plugin garatu ditu Berritzegune Nagusiarentzat: bat Firefoxentzat eta bestea LibreOffice Writer-entzat. Biak erabili daitezke Linux, Mac zein Windows sistema duten ordenagailuetan -mugikor eta tabletetan ez-. Irisgarritasunari begira urrats handi bat, dudarik gabe.

Hauen helburua da ordenagailuan azaltzen eta prozesatzen diren ahalik eta testu gehienak irakurtzea.



Zer dira:

Firefox nabigatzailearentzat eta LibreOffice Writer testu prozesadorearentzat gehigarri edo hedapen bana dira.  Hain zuzen testua esaldiz esaldi hartu Elhuyarren zerbitzari batera bidali eta horrek, ahots sintesiaren  bidez sortutako audio fitxategia jaso eta erreproduzitzen dute. Horrela izanik, internetera konektatuta egon behar gara irakurleak bere lana egin dezan. Ahots sintesiaren teknologia TTS edo Text To Speech izenez ezagutzen da.

Norentzat:

Irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, hala nola itsuak, gutxi ikusten dutenak, dislexikoak, gidariak...

Zer irakurtzen dute:

Firefoxen gehigarriak irakurtzen ditu, besteak beste:
  • web orriak, htlm formatuko dokumentuak alegia.
  • pdf dokumentuak (haren bidez irekita, noski)
LibreOffice Writer-en gehigarriak irakurtzen ditu, odt, doc, docx, rtf... eta beste hainbat testu formatu.

Liburu elektronikoak irakurtzeko hainbat aukera daude: bat da epub (edo dena delako) formatua duen fitxategia deskonprimatzea eta barruko html-ak Firefoxen bidez irakurtzea; beste aukera bat da  https://cloudconvert.com moduko web baten bidez epub fitxategia txt edo pdf formatura bihurtzea.
    Firefox eta LibreOffice software libreko aplikazioak dira, doakoak, eta Linux, Windows eta Mac OSen funtzionatzen dutenez hiru sistemetan erabil daiteke.

    Nola deskargatzen dira:

    Formulario honen bidez konpromisorik gabe eskatu eta postaz bidaliko dizkizute doan.


    Nola instalatzen dira:

    Bi fitxategi dira, bata xpi formatua duena Firefoxekin irekitzeko eta bestea, oxt formatua duena, LibreOfficerekin (niri 4. bertsioarekin ez dit funtzionatu, 5.rekin, ordea, bai). Zuzenean instalatzen ez badira begiratu web honetako pdf dokumentuan edo bideo-tutorialetan Joxik azaltzen dituen instalazio alternatiboak.

    Firefoxen kontuan eduki behar dugu Irakurle digitala barra bat dela eta instalatu ondoren Firefoxi agindu behar diogula barra hori erakusteko. Horretarako helbide barraren ezker muturrean dagoen menura sartu (1) eta -ikusi beheko irudia- Pertsonalizatu sakatuko dugu (2), ondoren ikusteko barrak (3) eta EusTTS aukeratuko dugu (4).




    Nola erabiltzen dira:

    Hona hemen adibide bat LibreOfficen:





    Azpiko irudian Firefoxen duen itxura:




    Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu dutenei, bereziki Antigua-Luberri institutuko Maite Montero irakasleari ideia izan eta, temati, lortzeko bidea jarri duelako eta Elhuyarreko Igor Leturiari bere lana eta laguntzagatik.

    Elhuyar-eko Saroi Jauregik Info7 irratian irakurle digitalaren berri eman du (entzun).
    Beste gehigarri interesgarriak Firefoxentzat.
    Beste gehigarri interesgarriak LibreOfficerentzat.

    2016/03/22

    Nola sortu argazki diaporama bat LibreOfficen erraz eta arin

    Argazkiz edo irudiz diaporama edo aurkezpen bat sortu nahi baduzu hona hemen modu erraz eta arin bat egiteko:

    Hasi baino lehen komeni da erabiliko ditugun irudiak karpeta batera kopiatzea banan bana hautatu behar ez izateko.

    LibreOffice Impress ireki eta egin Txertatu > Irudiak > Argazki albuma

    Irekiko den leihoan hautatuko dugu argazkien karpeta. Argazkien zerrendatik aukera dugu kentzeko interesatzen ez zaizkigunak eta gainerakoak Gora edo Behera eginez ordenatzea. Inportantea da mantentzea aspektu-erlazioa argazkiak ez deformatzeko. Aukera dago ere diapositibetan argazkiak binaka edo launaka jartzeko.


    Argazki sekuentziekin alderatua Impressek aukera ematen du irudietan testua txertatzeko, dela tokien izenak, jendearenak... Hori egiteko beheko barrako marrazketa-tresnetan testua aukeratu eta diapositiban idatziko dugu. Eskuineko alboko zutabean edizio tresnak ditugu letra tipoa, tamaina, kolorea eta abar aldatzeko.

    Testu-kutxa tokiz aldatu eta biratu dezakegu: testu kutxan gainean klik eginez esku bat agertuko da eta arrastatzen ahal dugu kutxa nahi dugun tokira. Testu-kutxan berriro klik egiten baduzu nodo urdinak jarriko dira kutxa tamainaz aldatzeko eta, berriro klik eginez gero, nodo gorriak jarriko dira kutxa biratu ahal izateko.


    2016/03/20

    Elhuyar elkarteak hainbat jolas didaktiko deskargatzeko jarri ditu doan

    Deskatalogatutako materiala da baina oraindik ondo dabilena.
    Hona hemen deskargatzeko orria:

    https://www.elhuyar.eus/eu/shop/495 


    Kontuan izateko hainbat gauza:
    CDtako materiala rar formatuan konprimitua deskargatzen da. Eskoletan konpartitutako karpeta batera deskarga daiteke -IKASLEAK- eta bertan deskonprimitu (Linuxek berak bilatuko du horretarako behar duen plugina).

    Zerrendako lehenengoak, Nire gorputza barrutik jolasak, giza gorputzaren hezurrak eta sistemen organoak, euren ezaugarriak eta funtzionalitateak lantzen ditu. Swf fitxategiz egina dago. Horiek martxan jartzeko JUEGO1,2,3,4 karpetetako fitxategiak Chromium edo Firefoxen bidez ireki ditzakegua -Firefoxen bidez irekitzeko kontuan izan aurreko mezua-.

    Beste jolas guztiak Windowserako exe-ak dira eta, beraz, Linuxen aritzeko Wine aplikazioa erabili behar da.

    2016/03/18

    Nola erreproduzitu swf formatuko fitxategiak Firefoxen

    Swf (Shockwave Flash) formatuko fitxategiak Adobe Flash aplikazioaz egindako animazioak dira. Badira propio horiek erreproduzitzeko aplikazioak baina deus instalatu gabe Firefoxek (bai eta Chromiunek ere) horiek erreproduzitzeko pluginak dituzte.

    Firefoxen kasuan baina, bada errore txiki bat erreprodukzioa galarazten duena. Hona hemen nola konpon daiteke:
    Administratzaile moduan editatu behar da fitxategi bat:

    sudo gedit /usr/share/mime/packages/freedesktop.org.xml

    Fitxategi honen ordez (bilatzeko Ctrl+F)
     <mime-type type="application/vnd.adobe.flash.movie">
    hau:
     <mime-type type="application/x-shockwave-flash">
    itsatsi. Fitxategia gorde eta itxi, ondoren, hau exekutatu:

    sudo update-mime-database /usr/share/mime

    Hau eginda, swf formatua duen fitxategian eskuin klik egin eta "ireki honekin" sakatu eta Firefox hautatu eta nabigatzaileak irekiko du.

    Agian interesatuko zaizu swf fitxategiak asoziatzea Firefoxekin. Horretarako swf fitxategi batean eskuin klik egin eta alboko menuaren beheko partean agertzen de propietateak elementuan klikatu eta: (1) "ireki honekin" fitxa ireki, (2) Firefox aukeratu eta  (3) ezarri lehenetsi gisa.

    Swf-ak irekitzeko Firefox lehenestsi


    Html5-ek estandar librea flash animazioak baztertzen ari bada ere oraindik badira gauza interesgarriak swf formatu horretan... adi hurrengo mezura!