2011/09/27

LibreOfficerako sinonimoen tresna



UZEIk plugin bat sortu du LibreOffice 3 eta OpenOffice 3n sinonimoak kontsultatu eta erabiltzeko.

Linuxerako bi bertsio daude deskargatzeko 32 bitekoa eta 64 bitekoa. Deskargatu ondoren fitxategien kokalekura joan  eta klik bikoitza egin, aukerak agertzean LibreOffice edo OpenOfficekin irekitzeko esan; gehigarriaren instalazioa onartu eta bukatzean aplikazioa itxi eta ireki berriro. Oneiric-en aurrekoetan arazorik ez baina Ubuntu 11.10 eta 12.04 bertsioetan ez dut lortu instalatzea.

Albistean sakondu nahi baduzu Sustatura jo. Windowserako bertsioa edo Word-ena nahi baduzu hemendik deskarga dezakezu.

Oharra
LibreOffice 4 bertsioan ez dabil.

2011/09/24

Zenbat pixel? Zer kolorekoak? Screen Ruler eta Gcolor2

Kaptura Byzazn aplikazioarekin egina.


Linuxen bi tresna txiki aurkeztu nahi dizut.

Screen Ruler

Nola neurtu pantailako objetu baten luze-zabalera pixeletan.Aplikazio honek leiho, zutabe, ikono, irudi edo ordenagailuko pantaila beraren  neurria hartzen lagunduko dizun erregela da. Eskuineko izkinan hobespenak aldatzeko botoia duzu; bertan klika eginez erregela zutitu edo etzan, eta neurria pixeletatik, zentimetro, hazbete, pika, puntu edo ehunekora pasatzeko aukera duzu.

Instalatzeko Ubunturen software-biltegitik egin dezakezu edo terminalean hau exekutatuz:

sudo apt-get install screenruler

Gcolor2

Aplikazio honen bidez pantailako edozein pixelaren koloreari buruzko informazioa ematen dizu, besteak beste kolorearen osagaiak RGB -gorri, berde, urdin- sisteman eta kolorearen izena (sistema hamaseitarrekoa). Irudi bat editatzen ari bazara eta pantailako edozein pixelaren kolorea erabili nahi baduzu egin klik aukeragailuan -picker- eta hauta ezazu gogoko pixela, kopia ezazu kolorearen izena -color name- eta itsatsi koloreztatzeko tresnan. Programa batzuk badute (Gimp, Pinta..) beste batzuk ordea ez (Inkscape, Libreoffice Draw...).

Instalatzeko Ubunturen software-biltegitik egin dezakezu edo terminalean hau exekutatuz:


sudo apt-get install gcolor2


Eskerrak garatzaileei: Ian  Mcintosh eta Justin Spadea.

2011/09/22

Nola aldatu audio baten erreprodukzio abiadura VLC aplikazioan



VLC software libreko multimedia erreproduzigailu ezaguna da. Asko erabiltzen da bideo eta DVDak erreproduzitzeko, batez ere formatu eta codec guztiak menpean hartzen dituelako.

Audioak erreproduzitzeko interesgarria da ere; izan ere, play list edo erreprodukzio zerrenda gestionatzeaz gain erreprodukzioa kontrolatzeko hainbat tresna ere eskaintzen ditu. Gaur ikusiko dugu nola alda daitekeen erreprodukzio-abiadura.

Zertarako azkartu edo moteldu erreprodukzioa? Demagun instrumentu bat jotzen duzula eta diskoarekin batera jo nahi duzula baina oraindik ez duzula pieza menperatzen eta ihes egiten dizu; edo atzerriko hizkuntza ikasteko audioa aditzen ari zara baina zure burmuinaren prozesamendu abiadura indigenen hizketa abiadura baino txikiagoa dela.

VLC erreprodukzio abiadura kontrolatzeko aukera ematen dizu. Lehenik eta fitxategian eskuin klik egin, "ireki honekin" klikatu eta VLC media player hautatu. Erreproduzitzen hasita moteltzeko -edo azkartzeko- hiru modu daude:


a-  + eta -  tekla zapalduta azkartu eta motelduko da erreprodukzioa proportzio hauetan :  ...0.33, 0.50, 0.67, 1, 1.50, 2.00... (1 erreprodukzio abiadura arrunta dela).

b- Menuan Irakurketa atalean dugu abiadura azkartu eta moteltzeko aukera. Azkarrago eta azkarrago aurreko puntuan aipatutako jauziak egiten ditu, "zehatza" esaten duena 0,10 puntuko aldaketak egiten ditu, txikiagoak alegia.

c- Egoera barraren eskuinean, bolumenaren ezkerrean agertzen den zenbakia erreprodukzio abiadura erakusten du. Bertan klik eginez gero abiadura aldatzeko barratxo bat agertzen da. Egoera barra ikusgai jartzeko menuan Ikuspegia > Egoera barra.



VLC instalatu behar baduzu jakizu hiru sistema nagusietarako bertsioak dituela. Ubuntun Software-biltegitik instala daiteke. Euskarako bertsioa badago ere uste dut oraindik ez dagoela biltegi ofizialean; Ubuntun euskara daiteke honela.

2011/09/19

LibreOficce-k gehigarri eta txantiloien biltegia sortu du

Gehigarriak (edo hedapenak) aplikazioen kapazitatea zabaltzen duten programatxoak dira. Ohituak ginen gehigarrien bidez nabigatzailea tuneatzen; Thunderbird ere gehigarri interesgarriak eskaintzen ditu. Orain LibreOffice gehigarriak era zentralizatu batean eskaintzeko orria sortu du: Extensions Center.
Bestetik txantiloi-biltegia ere sortu dute: Template Center. Txantiloiak osatzeko idazki egitura aurrefabrikatuak dira.

Bien egitura eta bilaketa tresnak txukunak eta ondo egituratuak ematen dute, baina horixe da, oraingoz, dena zeren eta euren edukia oraindik urria da (9 gehigarri eta 33 txantiloi).

Gehigarrien artean batek tilin egin dit: Gallery of dangers sings, galerian arrisku seinaletika oso bat txertatzen duena. Instalatzeko hemendik jaitsi, gorde eta gero LibreOfficen egin Tresnak > Hedapenak > Gehitu... bilatu eta ireki jaitsitako fitxategia eta gero erabiltzeko... begira azpiko animazioari.


Oso interesgarria iruditu zait, batez ere lantokietako arrisku-prebentzioan ardura dutenentzat.

2011/09/15

Frantziako gobernuak gardentasuna eta formatu libreen erabilera sustatuko omen du



Frantziako Aurrekontu, Kontu Publiko eta Estatuko Erreformaren ministro eta gobernuko bozeramaleak datu publikoen zabaltzeaz eta data.gouv.fr atariaren sortzeaz dokumentu bat aurkeztu du.

Dokumentu horren arabera interneten erabilerak bultzatu du datu publikoen zabaltzea, datu hauek libreki eta dohainik berrerabili ahal izateko. Zabaltze horrek zerbitzuaren kalitatea handitzeaz gain erabiltzaileek instituzioetan duten konfiantza indartzen du. Horretaz gain zabaltze horrek onura ekonomikoak ekarriko omen du berrikuntza eta enplegua sustatuko baitu.

Dokumentu honen bidez gobernuak administrazio osoa gonbidatzen du datu publikoak zabaltzen data.gouv.fr plataformaren bidez, horretarako formatu libre eta irekiak erabiltzen.


Jatorrizko informazioa:  http://www.gouvernement.fr/gouvernement/la-mise-a-disposition-des-donnees-publiques

Aurkezpenak.net zure aurkezpenak igotzeko tokia

Mikoleta euskara elkarteak eta Bitarlan zerbitzu enpresak Aurkezpenak.net webgunea plazaratu dute. Web-zerbitzu hau Slideshare.com-ekin lotua dago eta aurkezpenak igotzeko eta zabaltzeko aukera ematen du. Odp, ppt, pdf... formatuko aurkezpenak igotzeko erregistratu behar da, aurkezpenak ikusi eta deskargatzeko ez.


  1. Ikusi
  2. Postaz bidali, estekatu...
  3. Pantaila osoan ikusi
  4. Kaptsulatu zure web orria edo blogean.
  5. Erregistratu eta saioa hasi (aurkezpenak igotzeko).
  6. Aurkezpenak atalka.
  7. Aurkezpenaz etiketen arabera.

Oso itxura oneko zerbitzua euskarazko aurkezpenak ipintzeko eta bilatzeko.