2014/12/03

Nola aktibatu Firefox nabigatzailearen Hello bideo-konferentzia

Eguneratzea: Firefox 50ean Hello-k agur esan du erabilpen txikia dela eta.

Firefox 34 berritasun garrantzitsu bat ekarri du: Hello bideo-konferentzia.



Kalitate handiko bideo edo audio konferentziak lor daitezke parte hartzaileek bestelako aplikaziorik, plugin edo gehigarririk gabe. Are gehiago deia ezartzen duenak Firefox-etik egin behar du baina bigarrenak ez du ez eta Firefox behar: Chrome-Chromium eta Operarekin egin daiteke.

Nola ezarri:

Helbide barraren ezkerrean dagoen menua zabaldu eta klika Pertsonalizatu eta tresnen artean agertzen den Hello eraman menura edo helbide-barrara.


Zerbitzua beta fasean dago eta ez jende guztiari jarri (nire inguruko inori nik dakidala) baina eskuz aktiba daiteke:
  1. helbide barran idatzi "about:config"
  2. onartu kontuz ibiliko zarela
  3. bilaketa eremuan idatzi "loop"
  4. bukaera aldera agertzen den loop.throttled false egoerara pasa lerroan bi klik eginez.
  5. berrabiarazi Firefox eta orain bai edukiko duzu Hello ikonoa Tresna eta eginbide gehigarrietan.
Nola erabili:

Norbaitekin hitz egin nahi duzunean Hello-ren ikonoa klikatu eta segundu pare batean https helbide bat agertuko da.
Klikatu Email botoian posta-bezeroa (Thunderbird edo) konfiguratuta baduzu edo Copy web bidezko posta erabiltzen baduzu. Era batera edo bestera bidali lagunari https helbidea.
Lagunak mezua ireki eta bidalitako helbidean klikatzen duenean bideo-konferentzia martxan hasiko da.

Konexioa kaskarra bada eta komunikazioa ez bada kalitatekoa itxi dezakezu bideoa eta audioa mantendu.

Deiak jasotzeko unea ez bada egokia adierazten ahal diezu zure kontaktua dutenei:



Kontaktuak gehitu:

Zerbitzua gustukoa baduzu eta kontaktuen zerrenda eduki nahi baduzu klika Hello eta erregistratu zaitez (sign in) posta kontu bat eskatuko dizu zure kontaktuak gordetzeko eta hortik aurrera kontaktuak gehitzen ahal dituzu...

... eta deitzen ahal diezu kontaktuei zuzenean (uste dut oraindik ez dabilela).


Balorazioa:
Orokorrean oso interesgarria batez ere ez delako ezer instalatu behar eta edozein ordenagailu-tableta-smartphone-tik erabiltzen ahal dugu ezer ikutu gabe.


2014/11/18

Nola konpondu Oracle Java certificate has been revoked

Zerifikazio arazoak direla medio javan egindako hainbat script ez dute funtzionatzen, esate baterako une honetan Manuel Sada-k Geogebran prestatutakoak.

Zertifikazio falta dela eta trabatutako ariketak ikusi ahal izateko Javaren jokabidea aldatu behar da ezarpenetan. Nola egin dezakegu?

Linuxen: Aplikazioak > Sistemaren tresnak > Hobespenak > Oracle Java 7 Plugin Control Panel > Advanced  > Perform certificate revocation checks on

eta desaktibatu markatzen "Do not check" eta onartu.

Kontuan izan behar duzu horrek segurtasuna jaisten duela baina tokia fidatzekoa bada, erabili behar baduzu eta gainera Linuxen bazaude arriskua onargarria izan daiteke.

2014/11/16

Talkwalker Alerts, zerbaiten gora beheren berri izateko

Enpresa, talde, pertsona, aplikazio edo zerbaiten berrien atezuan egon behar badugu Talkwalker Alerts gugatik egiten ahal du zaintza lana. Zaindu behar dugunaren izena eman eta harek bilduko du web-orri, blog, foro eta antzekoetan haren aipamenik egiten oten den eta posta kontura edo jario irakurtzailera bidaliko digu markatzen diogun maiztasunarekin.


Nola egiten da?

Lehenik eta behin alta eman behar dugu zerbitzuan. Dohako da eta web honetan egin daiteke:


Sakatu CREATE eta datuak eman.

Ondoren alerta edo alertak sortuko ditugu. Alerta sortzean, noski, zeren gainean egon behar du zehaztu behar dugu. Horretaz gain ezarriko dugu non bilatu behar duen, zein hizkuntzen orrietan, zenbatero eman behar digu horren berri, bilaketaren zorroztasuna eta zein kontura bidali behar digun bilaketaren emaitza.


Nahi haina terminoren bilaketak ezar daitezke eta bilaketaren ezaugarriak MANAGE atalean gelditu edo edita daitezke.

Ez da aplikazio egokia neurotikoentzat baina astean behin informea bidaltzea agintzen badiogu arakatze neketsuak kentzen laguntzen ahal digu.

2014/11/02

Nola kendu irudi bati atzeko kolorea

Irudi baten gainean beste bat jartzeko edo web edo blog batean txertatzeko  orriaren fondoa errespetatuz interesatzen ahal zaigu txertatu nahi dugun irudiari atzeko kolorea kentzea, alegia atzeko planoa gardena bihurtzea.

Bi era ikusiko dugu: bata offline Gimp aplikazioaren bidez eta bigarrena online 


GIMP irudien editorearen bidez 

Ondoko bideoan ikus dezakezu lehenengo kasua nola egin. Bigarren kasuan, alegia irudiari atzeko kolorea kentzean web batean txertatzeko, inportatea da irudia PNG formatuan gordetzeko zeren eta gardentasuna edo alfa kanala mantentzen duen formatua da.




Irudi gardena nahi badugu Gimp-en sortuko dutu fitxategi berri bat gure irudiaren tamainakoa. Sortzeko unean zabalduko dugu Aukera aurreratuak eta markatuko dugu Bete honekin  > Gardentasuna. Hortik aurrera bidean bezala jokatuko dugu. Inportantea da Geruza atalean markatzea Gardentasuna > Gehitu Alfa kanala.

LunaPic online editorearen bidez

Sartu web orri honetan http://www196.lunapic.com/editor/ eta irudia URL bidez adierazi edo kargatu zure ordenagailuko irudia Browse botoia sakatuta.
Behin irudia editorean irekitzen denean edozein kolore gardena egiteko klikatuko dugu Edit > Transparent Backgrownd eta klikatu kolorean. 



Kolore-margena alda daiteke more transparency handituz edo txikituz. Behar den kolore guztiekin egin daiteke. Bukatzean irudia gordetzeko: File > Save Image


Kostaldeko irudia openclipart.org orritik hartu dut (coast terminoa bilatuta eta Osoriok egina) eta zikloaren eskema Xmind aplikazioaren bidez egin dut.

2014/10/23

Estekak Thunderbirden mezuak idaztean

Thunderbird posta-bezeroan testu bat idaztean web baten helbidea idatzi edo itsasten denean lotura edo esteka ez da une horretan egiten baina bai mezua bidaltzen duzun unean.

Hona hemen edizio baten adibidea:

Eta hemen mezu hori jasota. Bertan ikusten da nola URL helbidea era automatikoan estekatu dela web orriarekin.


Beste aukera bat da hitz bat edo testu zati bat hautatu eta menuan Txertatu > Lotura egin.

2014/10/20

Ubuntuk 10 urte bete ditu

2004ko urriaren 20an Canonical-ek, Ubuntu garatzen duen enpresak, Ubuntu 4.10 Warty Warthog jaio zen Debian banaketaren fork bezala. Ubuntu da eragin handiena izan duen Linux banaketa, gehien bat, bere leloak adierazten duen bezala -Ubuntu for human beings-, lortu duelako adituentzat zen sistema eragile bat jende arruntera urbiltzea bere erabiltzeko erraztasunagatik.

 

Mark Shuttleworth informatikari eta enpresari hego afrikarrak zuzentzen duen Canonical enpresak 600dik gora langile ditu, gehienak Londresen.

Ubunturen banaketen izenak bi zati ditu: lehenengoak zenbakiz adierazten du agerpen urtea eta hilabetea eta bigarrena alfabetoaren hurrenkerako letra batez hasten den animali baten izena eta adjektibo bat. Ostegun honetan agertuko da 14.10 bertsioa, Utopic Unicorn. Dena den zabalduenak diren bertsioak bi urtean behin argitaratzen direnak dira; LTS -Long Time Support- esaten zaie bost urteko sustengoa dutelako; horrela apirilean agertu zen Ubuntu 14.04 Trusty Tahr LTS bertsioak 2019 urte arte jasoko ditu eguneratzeak.

Ubuntuk hainbat mahaigaineko ditu (Unity, Gnome, Gnome klasikoa...) eta zenbait leiho gestoreen aldaerak (Kubuntu, Lubuntu, Xubuntu...). Era berean, haren gainean oinarritzen dira ehundik gora banaketa; ezagunenak Linux Mint eta Elementary OS.

Zorionak Ubunturi eta bete dezala beste urte asko.


2014/10/19

Firefox: nola inprimatu hautapena

Badirudi Firefoxen 29. bertsiotik aurrera inprimatzeko menutik hautapena inprimatzeko aukera kendu zutela. Batek daki zergatik!

Edozein modutan bada trikimailu bat hautapena inprimatzeko. Hau da: inprimatu nahi dugun pasartea hautatu eta sakatu

Ctrl + p

Hori eginda hautapena inprimatzeko aukera ematen du.

2014/10/16

Thunderbird hiru zutabetan

Pantaila handia eta panoramikoa baldin baduzu agian gustukoa izango duzu Thunderbird Mozillaren posta-bezeroan mezuen laburpena eta mezuak era lehenetsia den horizontalean ikusi beharrean bertikalean, zutabetan alegia, ikustea. Horrek aukera ematen du pantailaren tamaina eta mezuaren luzera gora behera jasotako mezuen laburpena eta hautatutako mezua pantaila berean ikustea fitxak erabili beharrik gabe.

Hona hemen zer itxura duen diseinu bertikala:

Ezkerretik eskuinera: posta kontuen karpetak, mezuen zerrenda eta irekitako mezua.

Diseinu hau probatu nahi baduzu klikatu behar duzu eskuinean dagoen menua zabaltzeko ikonoan (1) > Hobespenak (2) > Diseinua (3) > Bistaratze bertikala (4)


Probatu eta gustukoa ez baduzu aski duzu Bistaratze horizontala markatu betiko moduan lagatzeko.

Android 5 euskaraz?

Mugikorra edo talbleta erosteko asmoa baduzu aste batzuk itxarotea komeni zaizu, izan ere Google-k aurkeztu duen Android bertsio berria, Android 5 Lollipop euskaraz etorriko da.


Googlek aurkeztu du Android berria eta bere Nexus modeloak datozen asteetan eskuragarria izango dute bertsio berritzea. Beste hornitzaileek ere zehazten ari dira zer modelo eta noiz bertsio berritu ahal izango dira.

Aldaketa anitz omen dakar Lollipop bertsio berria baina dudarik gabe garrantzitsuena da euskaraz etorriko dela.


Eguneratzeta
Urrtea pasa dira eta oraindik zain euskaraz jartzeko
Hona hemen euskara eskaintzen duten marka eta modeloak.

2014/10/10

Nola egin kalkuluak testu baten taulan

Kalkulu konplexuak edo datu askotakoak egiteko kalkulu orria erabiltzen badugu ere sarritan gertatzen da testu baten taulan batuketak, batezbestekoak edo antzeko kalkuluak egin behar izatea.

Ikus dezagun nola egin daitezke kalkuluok LibreOffice Writer aplikazioan. Taula baten barrenean gaudenean automatiko agertzen da taularen tresna barra eta bertan, eskuinean, batuketak egiteko ikurra. Batuketaz gain beste eragiketak egiteko ohitura badugu aukera dago (Tresnak > Pertsonalizatu > Tresna barrak > Taula) funtzioen ikurra txertatzeko.


Batukaria edo beste funtzioren bat txertatzeko modua sounurik gabeko bideo honetan ikus dezakegu:



2014/10/06

Munduko herrialdeen grafikoak Google Drive-en bidez

Google Drive-ren kalkulu orriak badu munduko herrialdeak eta kontinenteak erakusten duen grafiko mota bat eta oso interesgarria da herrialdeak eta euren datuak era grafiko batez ikusteko.

Ikus dezagun nola egiten diren grafikook eta, bide batez, lanabesak eskaintzen duen hainbat aukera:

1- Erakutsi herrialde baten kokapena munduan edo bere kontinentean.


GDrive-n kalkulu orri berri bat sortu, eta idatzi erakutsi nahi duzun herrialdearen izena ingelesez.
Egin Txertatu > Diagrama eta hautatu munduko maparen irudia duen geodiagrama.
Berak erakusten du herrialdea munduko mapan, zuk alda dezakezu kontinentera eta kolorea ere hauta dezakezu.



Emaitza horrelako zerbait izango da:

Baten beharrean herrialde batzuk erakutsi nahi badugu prozedura bera erabiliko dugu baina herrialdeak zerrenda batean jarrita.


2- Hainbat herrialde erakutsi eta bi edo hiru koloretan.

Herrialdeen zerrendaren eskuinean 1,2 edo 3 idatziko dugu zenbaki bera jarrita kolore bera erakutsi behar duten herrialdeetan.
Lehen bezala Txertatu > Diagrama > Esleitu > Munduko mapa

3
eta ondoren, Pertsonalizatu izeneko fitxan, zehaztu zein mapa eta 1,2 eta 3 kategorien koloreak.


Ariketa hauek egiteko lagungarria izan daiteke munduko herrialdeak euskaraz eta ingelesez duen fitxategia.


3- Sailkatu herrialdeak aldagai baten balioen arabera.

Mundu mailako aldagai edo indikadore datu base interesgarri bat du Munduko Bankua bere web-orrian (http://data.worldbank.org/indicator). Bertan, besteak beste nekazaritza, biztanleria, klima aldaketaren faktoreak, ekonomia, hezkuntza, energia, ingurugiroa, finantzak, osasuna, azpiegiturak, gizarte garapena eta lanari buruzko datuak daude.


Eskaintzen duen taula kopiatu (Ctrl+C), Google Drive ireki, sortu kalkulu orri bat, datuak itsatsi, soberan dauden zutabeak eta daturik ez duten errenkadak ezabatu eta txertatu > diagrama > diagramak > esleitu > geo-diagrama. Behin mapa sortzen duenean eskalaren koloreak aukeratzen ahal dugu.




Behin grafiko edo diagrama sortu ondoren kalkulu orrian txertatu egingo dugu, handia ikusteko grafikoaren eskuineko kontrolean Eraman nire orrira klikatuko dugu eta grafiko kalkulu orri oso bat hartuko dugu. Une honetan pantaila kaptura egingo dugu irudi formatura esportatzeko.



Kaptura egiteko HotShots edo editatzeko aukera duen beste edozein kapturatzailea erabiltzen badugu aukera izango dugu irudiaren gainean errotulazioak egiteko: izenak, geziak, urratsak...



Oharrak:
  • Mapa honetan estaturik ez duten hainbat herrialde agertzen badira ere (Hong Kong, Macau, Gibraltar...) beste batzuk oraindik ez, besteak beste Euskal Herria eta Katalunia.

2014-2015 ikasturteko egutegi txantiloia

Urteroko tradizioa jarraituz baina inoiz baino beranduago dekargatzeko moduan jarri dut 2014-2015 ikasturteko egutegi-txantiloia ots formatuan, hau da formatu librean OpenOffice edo LibreOfficerekin irekitzeko. Deskargatzeko klikatu egutegian.