bloga etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
bloga etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012/02/21

Bideotik animaziora

Linuxen bada era erraz bat bideotik gif animatura pasatzeko. Zertarako? batez ere web orri batean edo aurkezpen batean bideo edo bideo zati bat irudi animatu bezala ikusi ahal izateko etengabeko sekuentzian eta flash player edo bestelako erreproduzigailurik gabe.

Bideo batetik abiatuta sortutako gif animatua


Nola egiten da?
Lehenik eta behin terminaletik kontrolatzen den Mplayer aplikazioa behar dugu. Ubuntu software biltegitik instalatuko dugu edo terminaletik:
sudo apt-get install mplayer
Behin instalatuta konbertsioari ekingo diogu agindu honen bidez (kopiatu eta termalean itsatsi saguaren gurpilean klikatuta):
mplayer BIDEOA -ss HASIERA -endpos BUKAERA -vo gif89a:fps=FOTOGRAMAK:output=IRTEERA -vf scale=ZABALERA:ALTUERA -nosound
Non:
BIDEOA konbertitu nahi dugun bideo fitxategia da.
HASIERA zein segundotik konbertitu nahi dugu:  mm:ss
BUKAERA zein segundo arte konbertitu nahi dugu  mm:ss
FOTOGRAMAK animazioak segundoko izango dituen irudiak. Gif animatuetan lau aski izan daiteke.
IRTEERA helburu-fitxategiaren izena. Deus jartzen ez baduzu zure karpeta nagusian out.giff izenarekin agertuko da.
ZABALERA eta ALTUERA animazioaren neurriak pixeletan.


Terminala erabili gabe posible da python-en egindako GUI edo komandoarentzako interfaze grafikoa jaitsi eta modu grafikoan egitea prozesua.



 Video2gif izena du eta klik eginez deskarga dezakezu euskaraz edo ingelesez. Nahi duzun karpetan gorde, bi klik egin erauzi edo deskonprimitzeko eta klik bikoitza eginez martxan jarriko da. Aplikazioa ixteak adierazten du prozesua bukatu dela. Emaitza jatorrizko bideoa dagoen karpetan agertuko da. Komeni da izena aldatu .gif luzapena jartzeko, izan ere emaitza gif animatu bat da eta Windowsen ikusi ahal izateko gif luzapena eduki behar du.

Onartzen dituen bideo-formatoak: asf, avi, bfi, caf, flv, mkv, webm, mpeg, mpg, ogg, ogv eta mp4.

Oharra
Interfaze grafikoan neurriak jartzea ez du merezi ez baitu aldatzen, bai ordea terminaleko aginduarekin.


Informazio-iturria: el atareado



2012/01/12

Komentarioei erantzun



Hemendik aurrera blog honetan, eta Blogger-en gainerako blogetan, komentarioei erantzun ahal izango zaio. Erantzunak, pentsatzen dut, komentarioaren azpian eta koskarekin agertuko dira.

2012/01/08

Aktak egiteko hainbat baliabide




Bileren aktak egitea eta zabaltzea lan nekosoa baina sarritan beharrezkoa da. Lan hori errazteko baliabide batzuk aurkeztuko ditut: pare bat formatuari dagozkio eta hirugarren bat hizkuntzari.

Formaturako pare bat ideia:

Lehenengoa aktak egiteko blog bat sortzea da. Blogak eskaintzen digu aukera informazioa gordetzeko eta informazio hori edozein tokitik kontsultatzeko aukera. Blogaren egitura ondo egokitzen da akten kontsultetarako: azken akta ageriko da bloga zabaltzean eta haren atzetik aurrekoak. Albo batean aurkibide kronologikoa jar dezakegu eta hitzen bidezko bilaketa-leihoa.
Ez dut gomendatuko plataforma zehatzik baina oso kontuan hartu beharreko puntua da nolako zabalkundea eman nahi diogu aktei. Aukera bat da guztiz publikoa egitea, bilatzaileek informazioa topatzeko aukera ematea eta erakundearen web orrian estekatzea bloga.
Beste muturreko aukera litzateke bloga pribatua egitea eta soilik batzordearen partaideei ematea akta kontzultatzeko haien helbide elektronikoa zehaztuta. Bi aukera horien artekoak hainbat badira, hala nola publikoa izatea baina bilatzaileen arakatzeetatik kanpo eta web orrian estekatu beharrean intranetean jartzea lotura. Edozein kasutan akta bakoitzak mezu bat eta mezuaren izena bileraren data izatea komeni da. Baloratu daiteken posibilitate bat da deialdia bera sartzea -eta bilerarako dokumentazioa estekatzea- eta bilera eta gero deialdiaren mezua ezabatzea.

Bigarren aukera, tradizionalagoa, paperetik hurbilagoa, testu prozesadorea erabiltzea eta sare-lokalean gordetzea, horretarako dokumentu eredua edo akta-txantiloia jaitsi, zure beharretara egokitu eta erabiltzen ahal duzu. Dokumentu txantiloia forma bateko dokumentuak sortzeko erabiltzen da. Txantiloia hemendik jaits dezakezu. LibreOffice eta OpenOfficerako ott formatua du eta bertan klikatzean forma bereko dokumentu arrunta edo odt sortzen du. Dokumentu eredua aldatu nahi baduzu ott formatuarekin gorde behar duzu. Behin akta bukatua berau zabaltzeko pdf formatura esportatzea komeni da (Fitxategia > Esportatu pdf gisa) edozein ekipotik irekitzen den eta editagarria ez den formatura alegia. Ondoren pdf-dokumentua postaz bidaliko dugu edo eskuragai jarri sareko edo hodeiko karpeta batean.
Txantiloiaren edukia euskadi.net-etik hartu dut.

Idazketarako hainbat gomendio:

Edorta EspaƱa Ocio, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko itzultzaileak IVAPeko Administrazioa euskaraz aldizkariko 73. alean idatzi zuen Aktak idazteko hizkuntza-baliabideak - Esaldiak eskuinera luzatzeko trikimailuak izeneko artikuluan akten idazketa erraztu eta irakurketa ulergarriagoa egiteko oso aholku interesgarriak ematen ditu. Hona hemen artikulua pdf formatuan.

2011/09/24

Zenbat pixel? Zer kolorekoak? Screen Ruler eta Gcolor2

Kaptura Byzazn aplikazioarekin egina.


Linuxen bi tresna txiki aurkeztu nahi dizut.

Screen Ruler

Nola neurtu pantailako objetu baten luze-zabalera pixeletan.Aplikazio honek leiho, zutabe, ikono, irudi edo ordenagailuko pantaila beraren  neurria hartzen lagunduko dizun erregela da. Eskuineko izkinan hobespenak aldatzeko botoia duzu; bertan klika eginez erregela zutitu edo etzan, eta neurria pixeletatik, zentimetro, hazbete, pika, puntu edo ehunekora pasatzeko aukera duzu.

Instalatzeko Ubunturen software-biltegitik egin dezakezu edo terminalean hau exekutatuz:

sudo apt-get install screenruler

Gcolor2

Aplikazio honen bidez pantailako edozein pixelaren koloreari buruzko informazioa ematen dizu, besteak beste kolorearen osagaiak RGB -gorri, berde, urdin- sisteman eta kolorearen izena (sistema hamaseitarrekoa). Irudi bat editatzen ari bazara eta pantailako edozein pixelaren kolorea erabili nahi baduzu egin klik aukeragailuan -picker- eta hauta ezazu gogoko pixela, kopia ezazu kolorearen izena -color name- eta itsatsi koloreztatzeko tresnan. Programa batzuk badute (Gimp, Pinta..) beste batzuk ordea ez (Inkscape, Libreoffice Draw...).

Instalatzeko Ubunturen software-biltegitik egin dezakezu edo terminalean hau exekutatuz:


sudo apt-get install gcolor2


Eskerrak garatzaileei: Ian  Mcintosh eta Justin Spadea.

2011/09/15

Aurkezpenak.net zure aurkezpenak igotzeko tokia

Mikoleta euskara elkarteak eta Bitarlan zerbitzu enpresak Aurkezpenak.net webgunea plazaratu dute. Web-zerbitzu hau Slideshare.com-ekin lotua dago eta aurkezpenak igotzeko eta zabaltzeko aukera ematen du. Odp, ppt, pdf... formatuko aurkezpenak igotzeko erregistratu behar da, aurkezpenak ikusi eta deskargatzeko ez.


  1. Ikusi
  2. Postaz bidali, estekatu...
  3. Pantaila osoan ikusi
  4. Kaptsulatu zure web orria edo blogean.
  5. Erregistratu eta saioa hasi (aurkezpenak igotzeko).
  6. Aurkezpenak atalka.
  7. Aurkezpenaz etiketen arabera.

Oso itxura oneko zerbitzua euskarazko aurkezpenak ipintzeko eta bilatzeko.

2011/07/23

Box.net nola enkapsulatu zure dokumentuak web edo blog batean

Box.net fitxategiak interneten -lainoan- gordetzeko doako zerbitzua da.

Fitxategiak gordetzeko erregistratu behar da. 5 GBeko edukiera du. Bertan karpetak eta azpikarpetak sor ditzakegu. Bertan gordetako fitxategiak hainbatekin partekatu edo publiko ere egin ditzakegu. Fitxategien gehienezko tamaina 25 MBekoa da eta hilabeteko banda zabalera 10 GBekoa. Baldintza horiek hobe daitezke ordainpeko Premium aukera kontratatuz gero.

Hemen ikusten da nola lor daiteken fitxategi baten kaptsula.


Publiko moduan jarritako fitxategiei estekak zein kapsulak jartzen badiegu web edo blog batean hauek ikusi eta jaitsi ahal dira erregistratu beharrik gabe.

Aspalditik erabiltzen nuen Box.net fitxategiak partekatzeko baina orain arte ez naiz konturatu kapsulak -embeded- egin zitekeenik. Dokumentu bat kapsulatzea ematen du aukera web baten barruan ikusi ahal izateko. Box.net orritik pdf eta Libreoffice-n odf fitxategiak kaptsula daitezke.
Kontua da moskeatuta nengoela Scrib.com zerbitzuarekin zeren eta propaganda pila bat jartzen dute dokumentuaren inguruan eta orrien artean, dokumentua jaisteko erregistratu behar da eta erregistratzeko Facebooken kontua ireki behar da. Jo ta pasa.

Scribd.com ostatuko fitxategi bat jaisteko Facebook-en alta eman behar da.
Hau dela eta erabaki dut Scribd-i agur esatea, hor ditudan dokumentuak ateratzea eta blog honetan jartzea Box.net eskaintzen duen zerbitzuari esker. Datozen egunetan sarrera moduan agertuko dira Scribden nituen dokumentu batzuk.

2011/07/08

Luberri beste hizkuntzetan

Sustatun irakurri dut Googlek web orriak itzultzeko gadgeta  jarri duela eskuragai web editoreentzako.  Kutxatxo bat sortzen du eta bertan aukera daiteke zein hizkuntzara itzuli web orria edo bloga.


Eskuin zutabean jarri dut. Egia esateko itzulpenak hain dira "bitxiak" laguntzarako baino barre egiteko balio dutela -eta hori zerbitzua betatik alphara pasa dutela-. Tira, besterik ez bada testuak gehituta itzulpenen kalitatea hobetu dezaten.

2011/07/04

Nola aldatu favicona Blogger blog batean

Favicon esaten zaio web orri baten fitxaren erlaitzean, izenaren ezkerrean, agertzen den ikono txikiari. Aldatu ezean Bloggerrekin egindako blogetan agertzen den favicona fondo laranjaren gaineko B bat da.





Blogger blog baten editorea bazara aukera duzu favicona aldatzeko. Lehenik eta behin faviconaren irudia sortu edo bestela irudi bat aukeratu behar duzu (aukera zabala duzu openclipart.org, Creative Commons). Ondoren tamaina eta formatua emateko gutxienez bi aukera daude:

  • Aukera bat Gimpen editatzea da. Irudiari forma karratua eman, 32x32 pixeleko tamainara eraman eta gorde ico formatuarekin.
  • Beste aukera bat da Genfavicon.com orria erabiltzea. Arakatuz hautatu nahi duzun irudia eta igo, irudia doitu eta ico formatuarekin jaitsi.

Irudia ico formatuan dugula gure Blogger blogera joan, saioa hasi eta  dugu Bloggerren eta Desingn atal edo fitxara joan, bertan Favicon  Edit klika, arakatuz hautatu sortutako ico fitxategia eta gorde diseinua.

Nabigadorean zure bloga ireki eta, dena ondo joan bada, zure favicona agertuko da fitxan.

Plataforma bat erabili beharrean web orria editore batez osatzen baduzu eta gero
internetera igotzen baduzu favicona eta titulua aldatzeko kontsultatzen ahal duzu beste mezu hau

2011/05/31

Nola bilatu informazioa blog honetan

Aitorpen bat egin behar dut. Bloga sortu nuenean -Windows garaian- gehien bat erabilpen partikularrerako egin nuen. Bloga erabili aurretik gogoan izateko gauzak: trukoak, konponketak, nondik jaitsi ez dakit zer... testu dokumentuetan gordetzen nituen eta USB memorian gordetzen nituen. Bistan da sistema kaskarra zela, behar nuena topatzeko lanak eta USBrik gabe jai. Horretarako sortu nuen bloga: gogoan izateko gauzak eta apuntetxoak sarean, era antolatuan eta bilatzeko erraza den moduan edukitzeko.

Ondorioz neu naiz blog honen bezerorik fidelena. Sarri erabiltzen dut gogoratzeko nola instalatzen den Google Earth, Ubuntu abiatzean nola aktibatzea automatikoki teklatu numerikoa edo Libreofficen nola egin behar da dokumentu batean orri horizontalak eta bertikalak konbinatzeko. Zentzu horretan gaurkoan komentatu nahi dudana nola bilatu daiteke eduki bat blog honetan. Etiketak aparte utzita bi eratan:

Blogerrek, alegia blogak berak, ezkerraldean duen bilaketarako leihoa.

Bilaketa adimentsua Bloger-en bilaketa leihoan.
Firefoxen bilaketa motorean -Google Search atalean- edukia baino lehen luberri jarrita, ondoko adibidean ikus daitekeenez:

Bilaketa adimentsua Firefoxen bilaketa-motorean. Edukiaren aurretik luberri jarrita.

Gaur egun, partekatzearen garrantziaz jabetuta  -Linux garaiak- , zuek lagunontzat ere idazten dut tankera honetako mezuak.

2011/04/16

Blog mezu batean nola txertatu testu lehio bat

Blog batean edo bestelako web batean testu leiho bat txertatu nahi baduzu html editorean honako hau txertatuz egin dezakezu:


non
txikiago = < eta
handiago = >

rows atalean lerro kopurua jarriko dugu
cols atalaean leihoaren zabalera karakteretan neurturik

Etiketa honen aukera gehiago ezagutu nahi baduzu w3schools.com orrian dituzu.

2011/04/01

Blogean Linux nagusi martxoan

Hilabete bukaeretan bisitatxoa egiten ohi dut blogaren estatistikei eta oraingoan sorpresa polit bat hartu dut. Pasa den martxoan blog honetan lehenengo aldiz gehiago izan dira Linux ekipoetatik egindako bisitak Windows-etatik baino.

Hona iazko martxoko datuak:

eta aurtengo martxokoak:


Ongi etorriak zarete Windows-en erabiltzaileok (Mac-zaleak eta unknown-zaleak ere bai). Ohartu zarete datorren martxorako gehienok Linux erabiliko duzuela? Sistema librea zuen zain dago.

2010/12/18

Imagelabel: irudiei testu kutxa eransteko Nautiluserako scripta

Imagelabel Nautilusen, hau da Gnomeren arakatzailean dabilen scritp bat da. Hari esker arakatzailean gaudela irudi fitxategiei esker klik egin eta zabaltzen den menuan, Script-ak atalean klikatuta imagelabel agertuko da eta hari klik eginez testu kutxarako aukerak ageriko dira.
  • Kutxa koloreduna -horia- edo ez -grisa-.
  • Testuaren letraren tamaina.
  • Testua bera.

Frogak egin ditzakegu gustura gelditu arte, orduan testua idazten den tokian "save" idatzi eta gordeko dugu.

 Hona hemen bi argazki labeldun


Instalatzeko fitxategi hau

ondoren deskonprimatu eta fitxategia zure karpetako .gnome2/nautilus-scripts karpetara eraman (izenaren aurretik puntua duten karpetak ezkutukoak dira eta berauek ikusteko arakatzailean Ctrl+h egin behar duzu).

Script hau oso ondo moldatzen da irudiak biratzeko eta tamaina aldatzeko aplikazioarekin.

Informazio iturria

2010/11/28

Ubuntu: Irudien tamaina edota orientazioa Nautilusean aldatu.

 
Argazki edo bestelako irudiei tamaina eta orientazioa aldatzeko era asko daude, tartean noizbait komentatu dudan Phatch aplikazioa, oso egokia irudi asko eta tratamendu bat baino gehiago egiteko.

Gaur komentatuko dudana, Nautilus-image-converter, potentziagatik baino abiadura eta erabiltzeko erraztasunagatik nabarmendu nahi dut. Berez Nautilusen, Ubuntuk erabiltzen duen Gnomeren, fitxategien arakatzailearen plugin edo gehigarri bat da. Bi funtzio besterik ez ditu: irudien tamaina eta orientazioa aldatzea eta arakatzailean bertan irudiaren miniaturari eskuin klik egin eta bi aukera berri horiek agertuko zaizkigu.

Instalazioa.
Bi aukera: Ubunturen software-biltegian Nautilus-image-converter bilatu eta instalatzeko agindu edo terminal bat ireki eta honako hau exekutatu:
sudo apt-get install nautilus-image-converter
Appleta martxan jar dadin Nautilus berrabiaraziko dugu:
killall nautilus

Nola erabili.
Nautilus arakatzailea ireki -panel nagusian Lekuak sakatuta- eta irudiak dituzun karpeta batera joan; irudi baten tamaina ikusi nahi baduzu eskuin klik egin eta bukaerako Propietateak klikatu eta Irudia fitxan bere tamaina pixeletan agertuko zaizu. Tamaina hori aldatzeko miniaturan eskuin klik egin berriz eta agertzen den menu horretan Resize Images... estreinatuko dugu.

Irudia redimentsionatzeko aukerak agertzen dira goiko leihoan: zerrendako tamina estandartetako bat, eskalatu %tan -proposatzen duen 50ak erdira ekarriko du irudia- edo guk nahi duzun zabalera eta altuera finka dezakegu. Aldaketa nola gorde erabaki behar dugu: proposatzen digu jatorrizko irudia mantentzea eta beste bat sortzea jatorrizkoaren izenari .resized erantsita. Resazi in place hautatuko bagenu jatorrizkoaren ordez gordeko luke.

Ezarpen bera erabili behar badugu hainbat irudien tamaina moldaketan horien denak hauta -ctrl tekla zapalduta- eta ezarpenak emanda denak batera aldatuko ditu.

Irudiaren orientazioa aldatzeko Reseze Images... ordez Rotate Images... aukertuko dugu.

2010/09/02

Irudiak atzeko planorik gabe Bloggerren

Bloga Blogger plataforman baduzu eta atzeko planorik ez duten irudiak atzeko planoarekin agertzen bazaizkizu kontua da behin irudia igota aldatu duzula irudiaren tamaina. Kasu hauetan Bloggerrek irudia aldatzen du eta atzeko planoa eransten dio zure gif edo png irudiari. Beraz, atzeko planorik gabe mantendu nahi baduzu egin behar duzuna da irudia igo aurretik blogean eduki behar duen tamaina eman gero tamaina aldatu behar ez izateko.

2010/08/25

Byzanz, Linuxerako pantaila kapturak GIF animatuetan

Bideo-tutorial txikiak egiteko tresna interesgarria da Byzanz. Muga handiak baditu ere: GIF animatuek ez dute audiorik eta nahiko astunak egiten ditu, baina erraza da, blogean erreproduzitzeko gailurik ez du behar eta azkar - irudi moduan- txertatzen da blogean.
Ubuntun PPA bidez instala daiteke terminalean hurrenez hurren hauek itsatsi eta exekutatuta:


sudo add-apt-repository ppa:fossfreedom/byzanz

sudo apt-get update
sudo apt-get install byzanz

Behin instalatuta ez da azaltzen Aplikazioetan, appleta bezala eransten da panelean Desktop Recorder izenarekin beheko GIFean ikus dezakezunez:

Bloggerrek bakarrik tamaina handian erreproduzitzen du



Ondo funtzionatzeko aurretik desaktibatu behar duzu hobespenetan efektu bisualak -grabazioa bukatzean berriz aktiba ditzakezu-.
Pantaila osoa, leiho bat edo area zehatz bat grabatu daiteke baina fitxategiak har dezakeen pisuagatik ez dut gomendatzen pantaila osoa eta grabazio luzetarako.

Gif animatuak web orrietan irudi moduan txertatzen dira.

2010/05/29

Hainbat ikur, marka edo karaktere grafikoen izenak

Zalantzaren bat argitu ondoren zerrendatxo batean gehien erabiltzen ditudanak bildu ditut.

( )  parentesiak
[ ]  makoak, kortxeteak
{ } giltzak
@   a bildua
#   traola
/    barra, frakzio-barra (zabalera)
\     alderantziko barra (txokora)
-   marratxoa
_   beheko marra
   paragrafo zeinua
§  sekzio zeinua
<  txikiagoa
>  handiagoa
!  harridura marka
?  galdera marka
$  dolarra
&  eta ikurra, ampersand
%  ehunekoa
"  kakotxak, komatxoak
'  apostrofea
Ć©  e tiletaduna
ĆØ  e azentu kamutsa
Ć«  e dieresiduna
ĆŖ  e azentu zirkunflexua
*  izartxoa
Ƨ  c kakoduna
~  tileta
...  eten puntuak
|  barra bertikala
¦  barra bertikal etena



Irudi formatuan


2010/05/17

Mezu bat komentatzean web bat estekatu

Blog baten mezu bati komentario bat egin  eta bertan web orri bat estekatu nahi baduzu htlm etiketa bat erabiltzen ahal duzu:





2010/04/28

Agur Bloglines

Bloglines blogen mezu berrien biltzailea da, jario irakurlea. RSS edo Atom sistemaren bidez blog edo orri dinamiko batean harpidetuz gero berak mezu berriak biltzen ditu eta eskaintzen dizkizu blogetik blogera ibili gabe.
Bloglines, betiereko beta zerbitzua

Jario biltzaileen artean aitzindari da Bloglines baina azkenaldi honetan makal xamar dabil. Blogetan komentatzen da utzita dagoela, hainbat jario ez zituen eguneratzen eta azken egunetan bere zerbitzaria behin baino gehiagotan geldirik edo zintzilik egon da.

Horregatik, penaz baina aldatzea erabaki dut Google ahalguztidunen besoetara.
Aldatzeko Bloglineseko harpidetzak esportatu...
eta Google Readerren inportatu.
Lehenengo bista kolpean Googlen irakurgailuak hobexeagoa da: mezuak gurpilarekin gainditzean hartzen ditu irakurritzat eta aukera gehiago ditu mezuak bistaratzeko: berriak edo denak, zerrenda moduan edo edukiak eta abar.
Tira, puska baterako hemen geratuko naiz.

2010/01/01

RecordMyDesktop pantailaren bideo-kapturak

Linuxen bideo-kapturak egiteko programa da recordMyDesktop.
Beste batzuk badira, hala nola Istambul edo Xvidcap.
Instalatzeko Ubuntu badugu Aplikazioak > Ubuntu Software-biltegian bilatu eta kito, bestela terminal bat ireki eta honako hau itsatsi:
sudo apt-get install recordmydesktop gtk-recordmydesktop

Behin instalatuta Aplikazaioak > Soinua eta Bideoa atalean azaltzen da.

Labur azalduko dut nola egin pantailaren bideo-kaptura bat.


Lehenik eta behin audioa grabatu nahi dugun hala ez eta honen eta bideoaren kalitatea ezarriko dugu (kalitate handiak fitxategiaren tamaina handia suposatzen du).
Grabatu aurretik bideo fitxategiaren kokapena eta izena zehaztuko dugu "Gorde honela" botoia klikatuta.
Hiru aukera dugu grabatzeko:
  • pantaila osoa; ez da ezer berezirik egin behar.
  • lehio bat; "Select window" klikatu eta hautatu grabatzeko leihoa.
  • area bat. Aukera hau erabiltzeko paneleko zirkulu gorrian eskuin klik egin eta "Select Area On Screen" sakatu eta gurutze formako punteroarekin zehaztu lehioaren kokalekua eta tamaina.

Grabazioa hasteko programaren lehian "Grabatu" botoia sakatu edo paneleko zirkulu gorrian eta grabazioa gelditzeko paneleko zirkulu gorriaren ordez grabatzean azaltzen den karratu grisean klikatu.
Grabatu ondoren hainbat denbora emango du bideoa trinkotzen.


Aukera aurreratuak.
Aplikazioaren leihoaren "Advanced" sakatuta hainbat aukera zabaltzen dira. Sarean kontsulta egina ezarpen hauek gomendatzen dituzte:


Performance atalean gomendatuak.







Sound atalean gomendatuak.











Misc ataleko ezarpen gomendatuak.
Kasu honetan Follow mouse guztiz aukerako da. Saguari jarraitu opzioak aukera ematen du grabatzeko pantaila zati bat eta zati hori finkoa izan beharrean grabatzen du saguaren punteroari jarraiki. Honek  ematen du zehaztasun handiagoa ezen pantaila osoa ikusgai denean zenbaitetan gaitza da antzematea zer gertatzen ari den. Pantaila osoa grabatu behar badugu aukera hau desaktibatzea komeni da.

2009/07/09

Pod Producer irratigintzarako tresna erreza.


Aita, aita, bihar irrasaioa egingo du eskolan, goizeko 9etan, dialeko FM XXX frekuentzian. Entzungo al duzu? Grabatuko al didazu?
Seme-alabak duzuenoi, ez al zaizue inoiz gertatu?

Eskola-institutuetan irratigintza oso tresna eraginkorra suertatzen da. Atal asko lantzen baitu: elkarlana, planifikazioa, dokumentazioa, ahozko komunikazioa, eskola-etxea lotura. Baina ikastetxe askok digitalizazioaren urratsa oraindik ez dute eman. Agian, oraingoan.

Irratiaren digitalizazioa.
  • Nola digitalizatu irratia? Errez. Ordenagailu bati mikrofono bat lotu, audio-grabaziorako gaur aurkezten dudan aplikazioarekin, edo antzeko batekin, audio fitxategia sortu eta podcast baten bidez edo blog arrunt baten bidez internetera igo.
  • Zertarako digitalizazioa? Besteak beste: guraso, lagun eta irritiegileek nahi duten tokian eta unean nahi haina aldiz entzun ahal izateko (adibidez mp3n kargatuko autobusean entzuteko), ikasleek gaitasun digitalak gara ditzaten eta, azkenik, gastuak eta trastuak gutxitzeko.

Pod Producer edo Audacity
Audio produkzioan ez al da Audacity nagusi? Zer dela eta beste bat?
Zalantzarik ez dago audio produkzioan, software libre eta doakoan Audacity editorea jaun eta jabe dela, batez ere tresna asko eta onak dituelako eta gainera euskaraz dagoelako. Baina soinu editorearekin lan egiteko modua zuzeneko irratigintzatik urrun xamar geratzen da, izan ere editorean audiok eskuratu eta grabatu ondoren kokatu, doitu, efektuekin jantzi, bolumenak zuzendu... kalitatearen aldetik produktu hobea izan daiteke baina freskotasuna eta metodu aldetik...

PodProducer, ordea, ez da editorea, beraz, grabatutakoa hor geratzen da, zuzenketarako aukerarik gabe (artaziak salbu). Horrek ere bere alde ona du ordea. Prestatu, egin eta kitto, hasi eta buka Benito.
Ediziorik ez izateak, irrasaioa ondo planifikaztzea eskatzen du: entzungo den musika, aurretik egindako elkarrizketak, soinu efektuak eta abar aurrez kargatu behar dira; albisteak, txisteak eta zuzenean irakurri-grabatu beharreko bestelako dokumentazioa prestatu eta antolatu behar da.
Gainearakoa: bapatekotasuna, lotsagabezia eta freskura.

Funtzionamendua
Hemendik jaitsi (Windowserako bakarrik), instalatu (gazteleraz baino hobe ingelesez) eta eskuliburu txikia inprimatuta froga batzuk egin (aplikazioa erraza da baina trebetasunaz erabili behar da eta, horretarako, praktikatu behar da).

PodProducer Gida txikia

Antzeko programa bat dago freewarean, WildVoice Studio. Honek du abantaila audio-klipak dituela (barreak, txaloak...) baina nik nahiago dut halakoak Soungle.com orrian bilatu (ingeleseko hitzarekin), karpeta batean gorde, behar direnean aurretik beheko zerrendan kokatu eta unea iristen denean klikatu.

Hona euskaltubera igo eta enbotatze-kodea kopiatu eta blogean kapsulatua. Hiru txerrikumeak, 6 urteko Endikak egina: atzeko musika goiko zerrendan eta audio-klipak (otsoa, txerriak, putza, erorketak, garrasia) beheko zerrendan .