2023/05/16

Organic Maps kale, mendi eta errepidetako mapak euskaraz eta libre mugikorrean

 Organic Maps mugikorrean edo tabletan (Android, iOS...) OpenStreetMaps-en (OSM-en) mapak ikusteko eta erabiltzeko aplikazio libre eta euskaldun interesgarria da.

Ezaugarri orokorrak:

  • Interneteko konexiorik gabe funtzionatzen du. Mapak deskargatzen dira OSMtik doan eta mugarik gabe. Mapek ez dute askorik pisatzen eta, ezarpenetan zehaztuta, SD txartelean gorde daitezke. Arinak bai baina datuz ondo hornituak: interesguneetan klikatu, beheko barra goratu eta interesgunearen informazioa agertzen da: webgunea, telefonoa, ordutegiak eta Wikipedia informazioa ingelesez. Hau dena konexiorik gabe eta segituan.
  • Bilaketak ere konexiorik gabe egiten ditu, kale edo terminoaren bidez zein kategoriaren bidez: jatetxe, janari-denda, gasolindegia... 
  • Tokia zehaztuta handik edo horra joateko ibilbidea kalkulatzen du ibilgailuz, oinez zein bizikletaz, eta bidearen maldaren profila erakusten du. Tarteko hiru puntu edo geldiune zehaztu daitezke. Garraio publikoa oraindik ez du eskaintzen. Ahots argibideak ingelesez ematen ditu (euskarazko TTS erabiltzen ez dut asmatu). Metroen lineak erakusten ahal ditu geruza baten bidez.
  • Mendian oso ondo dabil. Oinez egiteko mendiko zidorrak proposatzen ditu (OSMri esker) eta mapari sestra kurbak erakusteko agintzen ahal zaio. Hori bai etengabe birkalkulatzen du bidea, beraz, ibilbide zehatz bat egin nahi badugu hobe Wikiloc edo antzeko gunetik deskargatu eta ireki KML edo GPX formatuan. Leku-markak sortu eta esportatu daitezke, arrastoak momentuz soilik iOSen.
  • Oso arina izanik ere, eraikinen 3Dtan eta perspektiban ikusten dira. Arina izanik oso bateria kontsumo txikia du.
  • Software librekoa da eta, horregatik, euskaraz funtzionatzen du.
  • Eta horregatik ere zaintzen du erabiltzailearen pribatutasuna. Ez da erregistratu behar, ez du daturik zurrupatzen eta ez du publizitaterik.
     

Hainbat pantaila argazki:

Toki bat sakatuta eskaintzen dituen aukerak

 
Ibilbideak kalkulatzeko aukerak. Tarteko puntuak ere markatu daitezke.




Ezarpenak: egokiak eta ondo azalduta

Mendiko ibilbideak kargatu daitezke. Sestra marrek malden informazioa ematen dute.

Metroaren ibilbideak eta geltokiak geruza gisa ikus daitezke.

Kategorien bidezko bilaketek turismo, iturriak eta bestelako interesguneak erakusten dituzte.

Instalazioa


Behin instalatuta munduko eta zauden komunitateko mapa deskargatzea proposatuko dizu. Baldin eta SD txartela baduzu, maparik deskargatu aurretik ezarpenetan mapak SD txartelean gordetzeko esatea komeni da. Toki bat bilatzeko edo harako bidea erakusteko bertako barrutiko mapa deskargatu behar duzu. Komeni da wifia edo konexio ona duzun toki batean egitea. Behin mapak deskargatuta funtzionatzeko ez du konexiorik behar.

Erabilpen oharrak:

  • Pantailaren beheko aldeko hiru botoiak zuriak ditu eta ez dira ondo ikusten baina egon badaude.
  • Euskarazko testuetan akatsik antzemanez gero mezu honen iruzkinetan jartzen ahal duzu abisua eta saiatuko naiz zuzentzen.

 

Konklusioa:

Aplikazio pribatiboen aldean (Organic Maps MapsMe-ren fork edo aldaera bat da) oso arina da eta ez du aztarnaririk ez publizitaterik. Osorik euskaraz dago.

Mapen aplikazio libre nagusia den OsmAnd-en aldean Organic Maps arinagoa da, interfazea atseginagoa du eta, funtzionalitate gutxiago izanik, nagusiak baditu eta errazagoa da erabiltzen.

Autoan erabiltzeko nik Waze pribatiboa segituko dut erabiltzen, besteak beste euskaraz ematen dituelako ahots argibideak. 


Aplikazioaren webgunea (euskaraz)

https://organicmaps.app/eu/ 

 

Ikusi Librezalen Androiderako euskaraz dauden beste hainbat aplikazio.

 

2 iruzkin:

  1. Niri funtzionatzen dit euskarazko TTSak Organic Maps-en. Baina beharbada izango da AhoTTS instalatuta dudalako sisteman?

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ba instalatu dut AhoTTS baina nire Organic segitzen du ingelesez egiten.

      Ezabatu