2011/05/07

Hamar minutu Unityrekin

Bart Natty Narval Ubunturen 11.04 bertsioa instalatu nuen, hobe esan,  bertsio-berritzea egin dut. Bertsio berritzea arazorik gabe joan da baina luze, biltegiaren buxaduragatik-edo lau bat ordu eman zuen fitxategi berriak deskargatzen.



Dudarik gabe aldaketarik nabarmenena Unity da, interfaze grafikoa. Egia esateko mezua  idatzi ez idatzi ibili naiz ez baitzait gustatzen berritasun edo aldaketen aurka egitea.

Kontua da Unityrekin hamar minutu egon naizela. Erabakita neukan lehenengo inpresioa edozein zela aukera bat emango niola baina ez onurarik ez diot ikusi eta bai ordea hainbat eragozpen edo atzera-pausu.

Onura bakarra ikusi diot: pantailatik gehienetan bi barra kentzea lortu du (beheko panela eta aplikazio-barra). Hori kontuan hartzeko da pantaila txikietan, hala nola netbook eta tabletetan baina pantaila ertain handietan, nire ustez, ez du konpentsatzen galtzen dena.

Zer galtzen den? mahaigainak eta aplikazioek denbora gehiago behar dute abiatzeko; itxuraren efektu grafikoak galtzen dira -tartean hain gustuko dudan gelatina efektua-; launcher-etik kanpoko aplikazioak topatzea abentura bat bihurtu da, zer esanik ez administrazioa atazak -ez ditut topatu itzaltzera joan arte-; egoera barra desagertzean ez da ikusten zeintzuk aplikazioak dauden irekita -launcher-a ireki eta betaurrekoak jantzi behar dira-; goiko panelean appletak ezin dira jarri zeren eta ezker eta erdiko aldea aplikazioen menua jartzeko erabiltzen du; menuak ez dira ikusten sagua goiko panelean jarri ezean -libreoffice eta beste aplikazioren bat kenduta-, eta bi leiho irekita baduzu ez dago argi zein aplikazioarena den ikusten den menua; super edo windows-teklak zituen funtzioak (super+tab aplikazioa aldatzeko, super+gurpila luparako, super+m negatibo egiteko...) galdu dira Unityk bereganatu duelako...


Niri bezala Unityk gogobetetzen ez bazaitu logeatzeko pantailan, erabiltzailea hautatu ondoren, azpiko aldean erabiltzaileak hauta dezakezu Gnome klasikoa interfazea eta itxura tradizionalarekin gelditu. Erabiltzaile bat baino gehiago badago bakoitzak erabaki dezake zein interfazea erabili. Gure etxeko txikienak argi dauka Unityrekin gelditzen dela; adin kontua izango al da?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina